2025-12-18
Blog Page 99

Jarrera aldatu eta Gipuzkoako Salgaien Errepide bidezko Garraioaren Hitzarmenaren negoziazioa ahalbidetzea eskatzen diogu GUITRANSi

Gaur egin da Gipuzkoako Errepide bidezko Salgaien Garraioaren Hitzarmenaren negoziazio mahaiaren bilera, Donostiako Lan Harremanen Kontseiluan. Bilera aurretik, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok mobilizazioa egin dugu patronalaren aldetik ez dugulako benetan negoziatzeko inolako asmorik ikusten.

2024 urtea hastearekin batera, Gipuzkoako Salgaien Errepideko Garraioko hitzarmen berri baten negoziazio bideari ekin genion. 2009ko abenduaren 31az geroztik hitzarmenik gabe dagoen sektorea da eta lan-baldintza zeharo desarautuan ari dira 6.000 langiletik gora Gipuzkoa osoan zehar.

Sektoreko Patronalarekin, GUITRANSekin, jarri ginen harremanetan negoziazio mahaiaren eraketa egingo genuela esateko eta deialdia helarazteko, baina enpresen elkarteak ez zuenez negoziatzeko inolako asmorik, ekaina bukaera arte, Patronalaren aurkako salaketa juridiko bat tarteko, ezin izan genion negoziazioari ekin.

Ordutik eta gaur arte lau negoziazio bilera egin ditugu, baina GUITRANSek ez du negoziazio errealerako inolako imintziorik egin. Izan ere, orain arte aurkeztutako proposamenak 2009an adostu zituen baldintzak baino askozaz ere txarragoak dira. Gainera, Gipuzkoako langileen lan-baldintzak estatuan arautzen diren edukietan oinarritu nahi ditu. Euskal lan-esparrua ezerezean utzi nahi du eta horrek berak argi adierazten du negoziatzeko asmorik eza.

Egoera horren aurrean, GUITRANSen jarrera salatu nahi dugu, Gipuzkoako negoziazioan erantzukizuna duen patronal bakarra baita. Ordea, beste Patronal batzuek, beste esparru batean, negoziatzen dutenari heldu dio aldiro.

Beharrezkoa da Gipuzkoako langileei eta, bereziki, Gipuzkoako Salgaien Errepideko Garraioaren sektoreari segurtasun juridikoa eta arau argiak emango dizkien hitzarmen bat berritzea. Gipuzkoan negoziatu eta Gipuzkoako esparrua oinarri izango duen Hitzarmena berritzea, alegia. Argi dugu hemen lan egiten badugu, hemen erabaki behar dugula.

Sektorean lanean ari diren langileek 14 urte daramate egunez egun lan-baldintza prekarioagoetan lanean eta, GUITRANSek adierazi duen axolagabekeria salatzeko ekintza sindikalari ekin diogu.

Kontzentrazioa egin dugu Gipuzkoako Foru Aldundian, euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzea eskatzeko

Elkarretaratzea egin dugu Gipuzkoako Foru Aldundiko LAB eta ELAk bertako aterpetxeetako garbiketa eta jantokiko langileen egonkortze prozesuak duen derrigorrezko 1. Hizkuntza Eskakizuna “diskriminatzailea, gehiegizkoa eta neurriz kanpokoa” dela dioen epaia salatzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiko aterpetxeetako garbikuntza jantokiko langileen egonkortze prozesuak duen derrigorrezko 1. Hizkuntza Eskakizuna “diskriminatzailea, gehiegizkoa eta neurriz kanpokoa” dela dioen epaia argitaratu berri da egunotan.

Honen aurrean, Aldundiko gehiengo sindikala osatzen dugun LAB eta ELAk kontzentrazioa egin dugu eta ausart eta irmo joka dezala eskatu diogu Aldundiari, euskaraz lan eta bizi nahi dutenen aurkako oldarraldiak ez baitu etenik.

Langile eta herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzen ez dituzten mota honetako epaiak onartzen ez dituztelako, mobilizaziorako deia luzatu diegu Aldundiko LAB eta ELAk bertako langile, kargu politiko eta euskal eragileei.

Turismoa eta enpresen irabaziak gora doazen bitartean, Bizkaiko ikuztegietako langileen soldata eta lan-baldintzak behera egiten ari direla salatu dugu

LAB, ELA, CCOO, UGT eta USO sindikatuok Bilboko bi hotelen aurrean mobilizatu gara gaur Bizkaiko ikuztegi eta tindategietako langileentzako hitzarmen duina eskatzeko.

Sindikatuon oharra

Joan den urtean, turisten etorrerek %82 egin zuten gora Bizkaian, igarotako gau kopurua handiagoa da eta hotelen presentzia, handiagoa. Gainera, turismoa dagoeneko ez da soilik udara mugatzen.

Horrek eragin zuzena du ikuztegien eta tindategien lan-bolumenean, hotelen sektoreak zerbitzu horiek azpikontratatzen baititu. Beraz, turismoak mesede egiten die garbitegi handiei, baina aberastasun hori ez da plantilletara iristen.

Bizkaiko ikuztegietako eta tindategietako langileek 2007tik ez dute sektoreko hitzarmenik. Hainbat negoziazio-saio egin ditugu, baina ez dugu emaitzarik eman, patronalaren blokeoa dela eta, sektoreak bizi dituen zailtasun ekonomikoetan oinarritzen baita. Denbora horretan, erosteko ahalmenaren galera izugarria izan da: LGSaren %30 baino gehiago kobratzetik azpitik egotera igaro da, bizitza asko garestitu den garaietan, hain zuzen ere. Lanaldia ez da murriztu, ez da hobekuntzarik izan lizentzietan, ezta kontziliazioan ere, ez da jarduerarako plus egokirik sortu…

CECOBI-ATILAVI patronala premisa argi batekin etorzen da mahaira: soldatak desizoztea beste eskubide batzuei uko egitearen menpe egotea nahi dute. Besteak beste, honako helburu hauek dituzte: antzinatasuna mugatzea, bajak ez osatzea, soldata-igoera negargarriak, tindategietako asteburuko librantzak kentzea, etab.

Guk argi daukagu, jarrera hauen aurrean, kalera irtengo gara!

18 urte daramatzagu hitzarmenik gabe…

Miseriazko soldatei, ez! Bizitza duinen alde borrokan!

Tindategiak eta garbitegiak hitzarmen duin baten alde zutik!

Beste 5 greba egun deitu ditugu Bizkaiko grafikagintzan

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok greba egunak deitu ditugu urriaren 29, 30, 31 eta azaroaren 4 eta 5erako, patronalak negoziazioak blokeatu dituelako eta sektorearentzat hitzarmen duin bat adosteko helburuarekin.

Apirilean, maiatzean eta ekainean sektorean jarraipen handia izan zuten 7 greba egunen ondoren, patronalak proposamen berri bat egin zuen uztailaren 3an. Proposamen horrek hitzarmeneko proposamen atzerakoi asko ezabatzen zituen arren, 4 sindikatuok oso gutxiegitzat jotzen dugu edukiei dagokienez. Abuztua eta gero, negoziazio mahaiaren beste 3 bilera egin dira, eta patronalak bi mugimendu txiki baino ez ditu egin azken bileran, proposamen sindikal berri bati erantzunez. Jarrerak urrun daude alde bien artean.

Negoziazioetan benetako aurrerapenik ez dagoenez, sindikatuok 5 greba egun deitu dituzte urria eta azaroa bitartean. Greba egunak urriaren 29an, 30an eta 31n eta azaroaren 4an eta 5an.

Sektoreko langileek 2011n amaitutako hitzarmen bat berreskuratzea merezi dute, erosteko ahalmena bermatuz soldatari dagokionez, hitzarmena aplikatzeko bermeekin, murrizketarik gabe, eta beste hobekuntza batzuekin. Urriaren 15ean Negoziazio Mahaiaren beste bilera bat dago, eta patronalak beste aukera bat du negoziazioak desblokeatzeko.

Azkenik, sindikatuok dei egiten diegu sektoreko langileei urriko eta azaroko 5 eguneko grebarekin bat egin dezaten.

Guardia Zibilaren inposizio onartezina Iruñean

Guardia Zibilak urriaren 12ko Iruñeko ekitaldiak Larrabide pabiloira eramatea erabaki du, eguraldi txarra iragarrita dagoelako. Nafarroako Gobernuaren bermea duen erabaki horrek azpiegitura horretan aurreikusitako kirol jarduera eta lehiaketa guztiak bertan behera uztea ekarriko du.

LABen ustez, inposaketa hau guztiz onartezina da, eta gainera, argi baino argiago uzten ditu Gobernuaren lehentasunak. Antza denez, trikornio-desfile bat garrantzitsuagoa da ehunka neska-mutilen kirol-jarduerak sustatzea baino. Kirol espiritua eta bizimodu osasuntsua sustatzeaz harro dago Nafarroako Gobernua, baina unea iristean bere hitzak irensteko gai da, erakunde militar baten mesedetan.

Euria berdina da guztiontzat. Konbentzituta gaude salbuespen hau ez luketela baimenduko polizia talde hau ez den beste inongo kolektiborekin. Gera daitezela haien kuarteletan, eta utz diezagutela herritarroi lasai bizitzen eta eguneroko jarduerak ospatzen, desfile barregarrien eta nagusikeria militarraren menpe egon gabe.

Hiru orduko lanuztea eta elkarretaratzea egin dituzte Nafarroako EROM enpresako langileek, etengabeko kaleratzeen eta lan baldintzak okerragotzearen kontra

Enpresa Batzordeak (LAB 3, ELA 2, CCOO 2, UGT 1, Solidari 1) osatu duen oharra irakur dezakezue jarraian.

NAFARROAKO EROM-EKO ENPRESA BATZORDEAREN OHARRA

Joan den irailaren 27an, kaleratzea ala soldata jaistea proposatu ondoren Acciona EnergĂ­a-EROMeko Zuzendaritzak beste lankide bat kaleratu zuen Nafarroan (sei kaleratze izan ziren estatu osoan). Kasu berri honekin, kezka areagotu da plantillan, Acciona EnergĂ­a-EROMeko langileen murrizketa geldiezina dela eta Nafarroan.

Kaleratze berri honekin eta duela gutxi bi lankidek jasandako subrogazioarekin, Nafarroako plantillaren gaineko presioak jarraitzen du, azken lau urteetan % 35 baino gehiago murriztu dena, 2020an 225 langile izatetik gaur egun 140 pasatxo izatera igaro delarik.

EROM Acciona Energian integratzeko prozesua Zuzendaritzak sustatu zuen bere garaian, EROMen egonkortasunaren eta etorkizunaren berme gisa salduz, eta horren ordez 2020ko irailaz geroztik, hamasei subrogazio eta hamalau kaleratze eragin ditu Nafarroan. Kopuru horri lan-baldintzak galtzearen ondorioz enpresa utzi duten berrogei teknikari baino gehiago gehitu behar zaizkio (ordeztu ez diren lanpostu hutsak).

Nafarroako EROMeko enpresa-batzordetik, onartezina dela uste dugu enplegua etengabe suntsitzea, eta Acciona Energiako Zuzendaritzari dinamika negatibo hori gelditzeko eskatzen diogu. Ildo beretik, plantillak kezka handiz ikusten du joan den maiatzean Acciona Energiaren egoitza Madrilera eskualdatu izana. Aldaketa horrekin, Acciona Energiak erkidegoan dituen proiektu berriztagarriei buruzko erabakiak hartzea Nafarroatik urruntzen.

Aski da! Bizi dugun egoera, eta Nafarroako enplegu-suntsiketa salatzeko Nafarroako EROMeko langileek hiru orduko lanuztea egin dute gaur eta elkarretaratzea egin dute Sarrigurenen, Acciona Energiaren egoitzaren aitzinean.

ASKI DA! ENPLEGU-SUNTSIKETARIK EZ NAFARROAN

LAN BALDINTZA DUINEN ALDE!

Nafarroan gutxieneko soldata eta lanaldia arautzea eskatu dugu

1.600 euroko gutxieneko soldata eta 30 orduko lan astea ezartzea eta zerbitzu publikoak indartzea bilatzen duen Langileen alde kanpainaren barnean, LAB sindikatuak 300 delegatu baino gehiago elkartu ditu gaur Burlatako (Nafarroa) kultur etxean eginiko batzarrean. Ondoren, manifestazioan joan dira Iturrondo Nafarroako Enplegu eta Formakuntza Agentzia Integralaren egoitzaraino eta han Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak eskatu du Nafarroan gutxieneko soldata eta lanaldia arautzea eta kritikatu du aldaketa instituzionala eman eta hamar urtera ez dagoela zerbitzu publikoak indartzeko apustu estrategikorik.

Igor Arroyo LABeko koordinatzaileak 1.600 euro gordineko gutxieneko soldata eskatu du Nafarroarentzat, bizitzaren kostua Espainiako Estatuan baino handiagoa baita. “Gutxieneko soldata bat ezartzea posible da, lanbide arteko akordio baten bidez”, adierazi du. “Arazoa da CENek ez duela inolako interesik horretarako. Eta negoziatzera eseri dadin CENi presio egin beharrean, Nafarroako Gobernuak enplegu plan bat iragarri du, langile klasearentzat funtsezkoa den gai hori alboratzen duena”.

Arroyoren ustez, hemendik gutxira aurkeztuko duten Nafarroako enplegu plan berria “edukirik gabeko akordio bat” da, “aldeek bete beharreko neurririk gabea”. “Ez dio batere mesederik egiten langileriari. Nafarroako patronala behartu beharra dago, borroka sindikalaren eta presio instituzionalaren bidez, gutxieneko soldata igo, soldata-arrakala ezabatu, lanaldia murriztu eta baimenak luzatzera”.

Ildo horretan, Arroyok bere hitzari huts egin izana aurpegiratu dio Maria Txibite lehendakariari: “2020an, LABek eta beste sindikatu batzuek deitutako greba orokorraren ondoren, Nafarroarentzat gutxieneko soldata propioa ezartzeko aukera aztertzeko konpromisoa hartu zuen Txibitek. Bada, ez dugu konpromiso horretaz ezer gehiago jakin. Txibitek bere hitza jan du. Eta orain, Euskal Autonomia Erkidegoan gai horri buruz eztabaidatzen ari diren bitartean, Nafarroako Gobernuak beste aldera begiratzen du, arazoa berbera denean: Espainiako Estatuko gutxieneko soldatarekin ez dago hilaren amaierara iristerik Hego Euskal Herrian”.

Era berean, Arroyok lanaldia murriztea eta lizentziak nahiz baimenak zabaltzea eskatu du, enplegua eta zaintza bateratu ahal izateko: “Enpleguan dagoen arrakala eta zaintzan dagoen arrakala, biak ala biak dira ezabatu beharrekoak. Hau da, emakume* langileei gizonen lan-baldintza berberak bermatu behar zaizkie. Eta gizon langileok erantzukizun berberak hartu behar ditugu zaintza lanei dagokienez”.

Azkenik, Arroyok zerbitzu publikoen egoera aipatu du: “2015eko aldaketa instituzionala gertatu zenetik hobekuntza partzial batzuk izan dira, batez ere ekintza sindikalari esker: administrazioan mileurismoa ezabatu da, Osasunbideko osasun langile guztiei aitortu zaie karrera profesionala, azpikontratetan klausula sozialak ezarri dira, Esku-hartze Sozialerako Nafarroako lehen hitzarmena sortu da, zerbitzu jakin batzuk publifikatu dira… Baina, ikusita, hamarkada bat geroago Irakaskuntzako sindikatu guztiak grebara joan direla ratioen hobekuntza eskatuz, Osasunbideko itxaron-zerrendak inoiz baino luzeagoak direla edota etxebizitza eskuratzeko eskubidea urratzen dela, premiazkoa da zerbitzu publikoak garatzeko hausnarketa eta apustu estrategikoa egitea. Osasuna, zaintza, hezkuntza eta etxebizitza dira indartu beharreko lau zutabe nagusiak. Eta lau zutabe horiek finantzatzeko, kapitalaren errenten pribilegio fiskalekin amaitu behar da”.

Kimiketako estatu mailako hitzarmenean CCOO eta FEIQUE patronalak lortutako akordioaren aurrean, euskal hitzarmenen alde borrokatzen jarraituko dugu

LABen Euskal Herrian lan egin eta hemen erabakitzeko markoak defendatu ditugu beti, hemen dagoen errealitate sindikalak lan baldintza hobeak lortzeko aukera ematen digulako.

Tamalez, Euskal Herriko kimiketako sektoreko 22.000 langile inguru, Espainiako Estatu mailako hitzarmenaren pean daude eta gaur jakin dugun bezala, CCOO eta FEIQUE patronalak horrela izaten jarraitzea erabaki dute, sinatu berri duten akordioan agerian geratzen den bezala, horrek suposatzen duen prekaritatearekin. Besteak beste, langileen lan eta bizi baldintzetan hobekuntzarik ez ditu ekarriko, akordio honek eros ahalmena ez duelako bermatzen. Lanaldiari dagokionez, 2026an indarraldia amaitzen denean, 1.744 ordutako lanaldia izango du, Euskal Herrian indarrean ditugun industriako sektore ezberdinetako hitzarmenen batez besteko lanaldia gaindituz. Beste esparru batzuetan negoziatzea ukatzen duen klausulak ere bere horretan jarraituko du.

Hasieran aipatu bezala, Euskal Herrian negoziatu eta erabakitzeak langileontzat lan baldintzak hobeak lortzeko aukera emango liguke eta Euskal Herrian bide hau jorratzen hasiak gara. LABek bide horretan behar diren urratsak ematen jarraitzeko konpromisoa berresten du, Euskal Herriko kimiketako sektoreko langileekin gure eskubideen eta lan baldintzen defentsan.

Emakumeen Mundu Martxaren irakurketa: erailketa matxista Iruñean

Emakumeen Mundu Martxaren irakurketa dakargu hona.

Bart berriro ere berri latz batekin esnatu ginen Euskal Herrian, 20 urteko emakume* bat eraila izan zen atzo goizean Iruñeko Errotxapea auzoan gizon baten eskutik.

2024.urte honetan, indarkeria matxistak Euskal Herrian uzten digun bostgarren erailketa matxista da gaurkoa.

Lehenik eta behin, Euskal Herriko Mugimendu Feministatik gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu senide, lagun eta gertukoei. Ez zaudete bakarrik. Urteak daramatzagu salatzen indarkeria matxista egungo sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta koloniala sostengatzen duen egiturazko arazo politiko eta sozial larria dela.

Indarkeria matxistaren azken ondorio lazgarrienak eta ikusgarrienak erailketak badira ere, indarkeria matxistak milaka aurpegi ditu eta gure bizitzako alor guztietan eragiten digu egunerokotasunean. Emakumeak* emakume* izateagatik soilik erail egiten gaituzte.

Horren aurrean, neurriak ipini eta arazo larri honi dagokion tamainako dimentsio politiko eta soziala eman beharrean, egungo instituzioen pasibotasun eta jendartearen konplizitatearen ondorioz, urtez urte, emakumeon* aurkako erasoak gorantz doaz. Indarkeria matxistari aurre egiteko, lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartua izan dadin eskatzen dugu.

Egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har daitezela exijitzen dugu. Gure bizitzak daude jokoan!

Ez dugu halaber aipatu gabe utzi nahi erabat deuseztatzen ditugula indarkeria matxista gorrotozko diskurtso arrazistak hedatzeko baliatzen dituzten hedabide eta jendarteko jokabideak, arrazakeriak ez gaitu inoiz alboan izango.

Honekin batera, autodefentsa feministarako deia egiten dugu. Bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugu eta badakigu antolakuntza eta autodefentsa izango direla gure tresna eraginkorrenak.

Feministok erantzuteko prest gaude! Martxan jarraituko dugu, elkarrekin borrokan denak aske izan arte! Azkenik, dei egiten dugu gaur eta bihar Santutxuko auzoan eta Euskal Herriko beste hainbat herri eta hiriburuetan egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzeko. Adi mobilizazioei.

Erailketa matxistarik ez, denak libre izan arte!