2026-10-24
Blog Page 989

“Sindikalismoa, mugimendu ekologista eta mugimendu feministaren arteko aliantza ezinbestekoa da”

0

LABeko Industria Federazioko kide Zorion Ortigosa hizlari moduan aritu da Herri Eskola Ekosozialisten lehen saioan. Hain zuzen ere, Euskal Herriko industriaren trantsizio ekosozialaz aritu dira hizlariak, eta, Ortigosak nabarmendutakoaren arabera, Euskal Herriko Eskubide Sozialaren Karta izan daiteke abiapuntua herritarron interesak babestuko dituen alternatiba bat eraikitzeko. "Gehiengo sozial bat artikulatu daiteke alternatiba baten alde", berretsi du.

2016ko irailean Bilbon egindako Nazioarteko III. Topaketa Ekosozialisten ondoren sortu zen Euskal Gune Ekosozialista. Euskal Herrian gogoeta eta eztabaidatzeko espazio bat da. Horren inguruan, aktibistak, ikertzaileak eta bestelako pertsonak biltzen dira, eta egunerokotasunean praktika ekosozialistak erdigunean kokatzea da helburu nagusia.

Herri Eskola Ekosozialista Euskal Gune Ekosozialistak formakuntzarako duen tresna nagusia da. Bestelako eredu bat posible dela pentsatzen duten pertsonei eskainia dagoen proiektu kultural eta hezitzailea da. Bada, Herri Eskola Eskosozialistak bere lehen saioa egin zuen atzo, Bilboko La Bolsan. Hain zuzen ere, Euskal Herriko industriaren trantsizio ekosozialari buruzko solasaldia egin zuten, eta hizlarien artean LABeko Industria federazioko kide Zorion Ortigosa izan zen.

LABeko ordezkariaren hitzetan, "sindikalismoa, mugimendu ekologista eta mugimendu feministaren arteko aliantza ezinbestekoa da ekonomia birpentsatzeko". Ortigosak argi du herritarrok izango garela gure geroa eta eredu ekonomikoa erabakiko dugunak. Hortaz, burujabetza proezua izan daiteke eredu berri baterako bidea, eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta abiapuntua, "hain ezberdinak izan diren mugimendu feminista, ekologista eta sindikalarentzat lurzoru komuna" dena.

Industriari dagokionez, adierazi du industriak funtseskoa izaten jarraitzen duela ekonomian, nahiz eta azken urteetan pisua galdu duen. "Ongizate eta enplegu sortzailea da", zehaztu du. Hori bai, industriak prekarietatearen hautua egin duela salatu du: "Industria 4.0 propagandaren atzean, errealitatea da lan baldintzak okertzen lehiatzeko estrategia dagoela: lan erreformak, negoziazio kolektiboaren ahultzea, kontratazio berrien diskriminazioa, emakumeek gero eta sarbide zailagoa… Lehiatzeko estrategia soldatak murriztea, lan baldintzak okertzea, azpikontratazioa eta langileriaren zatiketa da. Lan harremanen indibidualizazioaren aldeko apustua egiten dute patronalek, geroz eta antidemokratikoagoa izango den enpresa eredua".

Ondorioz, Ortigosak azpimarratu du hazkundeak geroz eta harreman gutxiago duela enpleguaren sorrerarekin. "Industrian aginte makila duten enpresariek ez dute bere kabuz trantsizio ekosozialistarik bultzatuko; soilik irabazi tasak handitzeko aukera izango dutela ziurtatzen bazaie proposatzen diren alternatiben bitartez, eta hori ezinezkoa da", erantsi du LABeko ordezkariak.

 

 

 

Pentsio publikoei buruzko jardunaldi bat antolatu dute ostiralerako

Hitz & Hitz, Manu Robles Arangiz eta Ipar Hegoa fundazioek goiz bat eman nahi dute pentsioen gaiaren inguruan hausnartzen eta alternatibak jorratzen. Hala, jardunaldi bat antolatu dute ostiralerako, Bilboko Batzar Nagusietan, 10:00etatik 13:00etara. LAB eta ELAko ordezkari Bea Martxueta eta Mikel Noval bertan izango dira, "Pentsioen krisiari aurre egin" lelodun solasaldia emateko. Pentsioetan aditu eta EHU-UPVko irakasle Mikel de la Fuentek ere hartuko du hitza, eta 2011 eta 2013ko erreformak, lan prekariodunen gizarte segurantza eta pentsioak eta euskal pentsio-sistema hizpide izango ditu.

Langileen aurka eraso sorta larria gauzatzen ari dira azken urteotan. Murriztu nahi dituzten eskubideen artean zerbitzu eta prestazio publikoak gutxitzeak garrantzi handia du, horrek hezkuntza- edo osasun-esparruetan negozio pribatuak ezartzeko aukera zabalduko baitu.

Pentsio-sistema publikoa ere suntsitzen ari dira; orain arte egin dituzten erreformek ondorio latzak izan dituzte, eta latzagoak ere izan ditzakete, erloju bonbetan bezala, ezarritako hainbat dizposizio oraindik ez dira gauzatu eta.

Hau guztia kontutan izanda, gai hauek duten garrantzia ikusita, jardunaldi bat antolatu dute ostiralerako, "Pentsio publikoak mantendu, gaur eta hemen" leloarekin.
 

 

 

Pine enpresako langileek mobilizazio gehiago iragarri dituzte

0

Pine enpresako langileek elkarretaratze bat egin dute gaur, La Naval ontziolaren aurrean, euren lanpostuen defentsan. Hain zuzen ere, Pineko langileek 24 orduko grebak egingo dituzte maiatzaren 12tik 19ra, eta elkarretaratzeak egingo dituzte egunero lantoki guztietan. Jakin berri dute Ingeteam taldeak Pine marka saldu duela, eta kezkatuta daude enpresaren etorkizunarekin, zalantza asko baitituzte eroslearekiko. Ingeteam enpresari konpromisoak eskatu dizkiote, bermeak izateko etorkizunik gabeko salerosketa bat suertatuz gero.

Pineko enpresa batzordeak grebara deitu zuen joan den ostiralean, eta langileek protestak egin zituzten euren ezinegona kaleratzeko. Mobilizazio gehiago egingo dituzte orain, euren lanpostuen defentsan.
 

 

 

Beste hiru greba egun egingo dituzte Carrefour Oiartzunen

0

Hiru greba egun egin zituzten, apirilean, Carrefour Oiartzunen. Bada, maiatzerako beste hiru greba egun iragarri dituzte, aurreko lan uzteetan nabarmendutako aldarriaren ildoan: "Hemen lan egin, hemen erabaki". Maiatzaren 12, 13 eta 15ean egingo dute greba.
 

 

 

Joseba Vizan ez estraditatzeko eskatu dugu


Pasa den astean, Joseba Vizan euskal errefuxiatu politikoa Brasilen atxilotu eta kartzeleratu zuten asilo eskaria ukatu ostean. Atxiloketa honen aurrean, gaur, maiatzak 9, hainbat eragile bildu gara Brasilgo Kontsulatuaren aurrean, Deustun. Elkarretaratze honen bidez estraditatu ez dezaten exigitu dugu.


 

 

 

Erregistro zibilaren ereduari buruzko eztabaida prozesu bat irekitzeko eskatu dugu

0

Erregistro Zibilaren zerbitzuko langileek Gasteizko Legebiltzarreko Lan eta Justizia Batzordean hartu dute parte, batzordeak berak eskatuta, erregistro zibilaren egoeraren eta geroaren inguruko iritzia eta kezka azaltzeko. LABek herritarrekiko hurbila den zerbitzu publiko bat defendatzen du, egungo egiturarekin, egun dituen bulego guztietako funtzioak bere horretan mantenduz.

Erregistro Zibilaren zerbitzuko langileek Gasteizko Legebiltzarreko Lan eta Justizia Batzordean hartu dute parte, batzordeak berak eskatuta, erregistro zibilaren egoeraren eta geroaren inguruko iritzia eta kezka azaltzeko.

Erregistro zibilean jaiotzetik hil arteko gure datu personal guztiak daude gordeta, bizitzan zehar suerta dakizkigukeen askotariko gertakariak. Gure nagusiek ere erregistro zibilera joan behar dute bizi eta egoera agiria lortzeko, pentsioa edo enpresa osagarria jasotzen jarrai ahal izateko. Aipatu ditugun guztiak oso datu delikatuak dira, eta, interes pribatuen menpe utziz gero, sekulako altxor bilaka daitezke negozioa egiteko.

Honengatik guztiagatik, Gasteizko Legebiltzarreko batzordean parte hartu duten langileek uste dute eztabaida eta gogoeta prozesu bat ireki behar dela erregistro zibilaren ereduari buruz, behar eta nahi dugun eredua zehazteko. Ildo honetan, LABek herritarrekiko hurbila den zerbitzu publiko bat defendatzen du, egungo egiturarekin, egun dituen bulego guztietako funtzioak bere horretan mantenduz. Bestalde, iritzi dugu erregistro zibilean jasota egon behar dutela pertsona bakoitzaren bizitzan eragina izan duten gertakari nagusienak lege pertsonalari dagokionez. Hori guztia Justizia Administrazioko langileek artatuta, datuen zaintza eta babesa bermatu ahal izateko, eta Autonomia Erkidegoak izendatutako arduradunaren zuzendaritzapean.
 

 

 

Europako sindikatuok elkartasuna adierazi diogu Palestinari

0

LAB kide den Palestinarekiko Europako Sindikatuen elkartasun sareak Palestinako preso politikoei babesa adierazi nahi die daramaten gose grebaren harira. Pasa den apirilaren 17an 1.500 preso politiko Palestinarrek gose greba baten hasiera iragarri zuten. Gose greban dauden preso politiko hauek Israelen gehiegikeria, isolamendu, tortura, arduragabekeria medikua, eta nazioarteko zuzenbideak bermatzen dituen eskubideen urraketa salatu nahi dute. Bertzeak bertze epaiketa justu baten aldeko eta bisita edukitzeko eskubidea urratzen ari zaie momentu honetan.

6.300 inguru preso politiko palestinar daude Israelgo kartzeletan Adameer erakundearen arabera (Presoen eskubideen aldeko eta giza eskubideen aldeko erakundea), horietatik 300 inguru haurrak. Gaza eta Cisjordaniako preso politikoak Israelgo kartzeletan preso daude, eta aunitzetan senitartekoen bisita erregularrak ukatzen zaizkie, Amnistia Internacional erakundearen arabera “azken hamarkadetan daramaten politika ez soilik legearen urraketa krudel bat, baizik eta nazioarteko zuzenbidearen urraketa larri bat”.

Europako sindikatu bezala beldurra sentitzen dugu ikusten dugunean nola Europako Estatutak eta Europar Batasunak ez duten beraien betebeharra egiten Palestinak pairatzen duen injustizia egoera garbi hau Israeli aurpegiratzea, eta nola ez duten Israelen giza eskubideen eta nazioarteko zuzenbidearen urraketaren aintzinean deus ere egiten. Europar Batasunak eta multinazionalek etekin ekonomikoak lortzen dituzte errepresioarekin eta Palestinarren atxiloketekin.

Sindikalista eta hiritar kontziente bezala egoera honen aintzinean posizio bat hartu behar dugula uste dugu. Gose greban dauden preso politiko palestinarrei gure elkartasuna adierazten diegu tratu justu eta justizia aldarrikatzen dutenean. Gure sindikatuen barruan HP eta G4S enpresetako kontratuak ez berritzera konprometitzen gara, hauek preso politiko palestinarren egoeraren konplize diren neurrian. Hortaz gain Europar Batasuneko estatuei eta Europako nazioei Israelekiko haien konplizitatearekin bukatzea exijitzen diegu eta giza eskubideen urraketengatik kargu hartu diezaiotela.

 

 

 

Osakidetzaren pribatizazioaren aurka egin dugu protesta

0

Iñigo Urkullu lehendakariaren aurrean mobilizatu gara gaur, Urdulizko ospitaleko larrialdi zerbitzuaren inaugurazioa dela eta. Hain zuzen ere, Osakidetzaren pribatizazioa arbuiatzeaz gain, irekieraren atzerapena salatu dugu LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuetako ordezkariok. Urtebete beranduago inauguratu dute larrialdi zerbitzua.

Pribatizazioaren adibideak nonahi daude Osakidetzan, atzoko inaugurazioaren lekuko izan den Urdulizko ospitalean ere. Urrutira joan gabe, Urdulizko Ospitaleetako sukalde, ikuztegi eta garbikuntza zerbitzuen baldintza-agiria geldiarazteko agindua jaso ondoren ere, Osakidetzak zerbitzu horiek eta beste zentro batzuetakoak pribatizatzeko asmoarekin darrai.

Osakidetzak pribatizazioaren estrategiari eusten dio. Eta sindikatuok egiaztapen bat azpimarratu nahi dugu: osasun-sistemak zenbat eta pribatizatuago egon, orduan eta desberdintasun handiagoa osasun-zerbitzuak eskuratzeko. Guk apustu egiten dugu ekitatearen alde; baina, horretarako, ezinbestekoa da gure osasun publikoa sendotzea.  
 

 

 

CETA itunaren eragin kaltegarriaz ohartarazi dugu berriro

0

Madrilgo Kongresura iritsi da CETAren izenpetzearen inguruko eztabaida. Horren harira, itun honen aurka egiteko jarrera berretsi dugu, ondorio kaltegarriak besterik ez baititu ekarriko. Korporazio handien neurrira egindako legediak bultzatzea du helburu; hauek bertako merkatuan dituzten azken mugak ezabatzea, hain zuzen ere. Hitz batean, CETA bezalako nazioarteko itun ekonomikoek neoliberalismoan sakontzen dute.

Europako Parlamentuaren osoko bilkurak Europar Batasunaren eta Kanadaren arteko Ekonomia eta Merkataritza Akordio Orokorraren testua bozkatu zuen otsailean; hots, CETA ituna, bere ingelesezko laburdurekin ezagutzen den tratatua. Hala, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Bizkaiko eta Nafarroako TTIP/CETA ez plataformekin batera, hainbat mobilizazio antolatu zituen Hego Euskal Herriko hiriburuetan, itunak ekar ditzakeen ondorioaz ohartarazteko.

Madrilgo Kongresura iritsi da orain eztabaida, eta salaketa bere horretan mantentzen dugu, CETAren aurkako plataformak zerrendatutako arrazoiak direla medio.

Legebiltzarkideei gutuna

Autonomia Erkidegoek ez dute eskumenik CETA onartzeko, baina bertan dauden alderdietako batzuk izan dira bai Europar Batasunean, bai Espainiar Parlamentuan, bere negoziazioa eta onarpena bultzatu dutenak. Beraz, orain eskumen ezaren aitzakiapean eskuak garbitu nahi badituzte ere, erantzukizun zuzena daukate. Hori dela eta, legebiltzarkideei azalpenak eskatzeko kanpaina abiatu du CETAren aurkako plataformak: "Ez iezaiezu utzi eskuak garbitzen! Herritar zaren heinean, behartu zure eskubideak babesten! Idatzi CETA babesten duten alderdietako parlamentari guztiei, euren postura aldatzera behartzeko!".