2026-05-02
HomeEkintza PolitikoaEuskal HerriaCETA itunarekin maiteminduta dauden alderdiak agerian utzi dituzte

CETA itunarekin maiteminduta dauden alderdiak agerian utzi dituzte

Europako Parlamentuaren osoko bilkurak Europar Batasunaren eta Kanadaren arteko Ekonomia eta Merkataritza Akordio Orokorraren testua bozkatuko du otsailaren 15ean; hots, CETA ituna, bere ingelesezko laburdurekin ezagutzen den tratatua. Horregatik, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Bizkaiko eta Nafarroako TTIP/CETA ez plataformekin batera, hainbat mobilizazio antolatu ditu gaur Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Mobilizazio hauen helburua merkataritza libreko hitzarmen honen alde bozkatuko duten alderdien jarrera salatzea izan da. Horregatik, elkarretaratzeak herritarren gehiengoarentzat horren kaltegarria den merkataritza libreko hitzarmen honen alde bozkatuko duten alderdien egoitzen aurrean egin dira.

Mobilizazioetako deitzaileek adierazpen hau irakurri dute:

Iritsi da San Valentin eguna, eta PNVko kideok ezin dizugu gure maitasuna aitortu gabe utzi. Zuri, CETA; zuri, negozio borobilari; zuri, kapital-metaketari; zuri, gure bezero sarearen boltsikoak betetzen jarraitzen lagunduko digun Kanada eta Europar Batasunaren arteko Nazioarteko Itun Ekonomikoari. Gure maitasuna aitortzen dizugu beste alderdi batzuekin batera, denok dirugoseak itsuta, aberastasunarekiko maitasun erromantikoaren ezaugarri bereizgarriena. Denok batuta zure aurrean makurtzeko, gure subirautza zure mesedetara jartzeko, ingurugiroa eta gure osasuna, gure eskubide sozial eta laboralak… gure bizitza osoa.

Maitasun honek itsutu egiten gaitu eta. Hainbeste itsutzen gaitu, ezen ez ditugu ikusten, ez digute inporta, itun neoliberal hauen ondorioek: benetako maitasunak edozein mugarekin ahal duelako, sakrifizio oro merezi duelako… batez ere herritarrek ordainduko badute, eta ez Guk.

CETA. Nazioarteko Arbitraia Auzitegien bidez (ISDS), multinazionalei kalte egiten dieten lege eta neurriengatik estatuak auzipetzeko bidea zabalduko duen Europar Batasuna eta Kanadaren arteko Itun hori. Horrela, multinazionalen neurrira egindako legediak bultzatuz, euren negozioei bidea erraztuz, enpresa handiak estatuen subirautzaren gainetik jarriz.

CETA, gure elikaduraren kalitatea amilduko duen Itun hori, orain arte debekatutako tratamenduei ateak zabalduz, kloratutako haragia eta produktu transgenikoak, adibidez.

CETA, multinazionalek ekoizpen kostuen azpitik inportatuko dituzten produktuekin ezin lehiaturik, komertzio txikia eta tokiko nekazariak porrotera eramango dituen Itun hori.

CETA, orain arte euren praktikak ingurugiroarentzat eta osasunarentzat kaltegarriegiak zirelako sartu ezin izan diren enpresei, europar merkatuen ateak parez pare zabalduko dizkien Ituna. Kanadako meatzaritza sektoreko enpresei, adibidez.

CETA, “arreta-printzipioa” bezalako kontrol neurriak galduaraziko dizkigun Itun hori, gure hozkailu eta sendagaiak balizko pozoiez betez.

CETA, zeharka Estatu Batuekin lortutako akordio izango den Kanadarekin sinatutako Itun hori, merkatuen bien loturaren ondorioz, TTIP-erako zubi.

CETA, bihar, otsailak 15aren, PNV, PSOE eta PPk “bai, nahi dut”-aren bidez Europar Parlamentuan onartuko dugun Itun hori. Aurrerago Espainiar Parlamentuan berriro ere betiereko maitasuna zin egingo diogun Merkataritza Itun hori. Diruak, eta eredu neoliberalaren garapenak, (gainerakoen) sakrifizio guztiak merezi ditu eta.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

00:02:45

[ARGAZKI GALERIA]: Birbanaketa politikak eta langileen aldeko neurriak aldarrikatu ditugu Euskal Herri osoan egindako 26 manifestaziotan

Eskualdez eskualde mobilizatu da sindikatua Maiatzaren Lehenean, etxebizitza eskubidearen, kalitatezko zerbitzu publikoen eta soldata nahiz pentsio duinen aldarrikapenak ardatz hartuta.
00:13:27

Garbiñe Aranburu: “Inor atzean ez uztea da faxismoaren eta oldarraldi atzerakoiaren aurrean eman dezakegun erantzunik hoberena”

Langileok eragin da aurtengo leloa. Eragiten ari gara. Gaur berriro Euskal Herri osoan kalean gara, eskualdez eskualde. Aipamen berezia Ipar Euskal Herriko gure kideei. Urteetako lan nekaezinak emaitzak eman ditu, eta intersindikaleko sindikatuekin batera Baionan eta Maulen ere mobilizatu gara.

LABek sinatu du Nafarroako zahar egoitzetako lehen aurreakordioa, sei urteko borroka sindikalaren ostean

LAB sindikatuak Nafarroako zahar egoitzetako hitzarmen kolektiboaren lehen aurreakordioa sinatu du, sei urteko mobilizazio eta antolakuntza sindikala eta gero. Hitzarmenak hobekuntza nabarmenak izango ditu...