2026-07-07
Blog Page 987

Prekarietatea eta kontrol bertikalak EITBko albistegien kalitatearen kontra jotzen dute

0


Informazioaren ekoizpen egokia lortzeko proposamenean profesionaltasuna, talde-lana eta esku-sartzerik eza jasotzen du EITBKo LABek gaur parlamentuan EHBilduk gonbidatuta azaldu duen txostenean. Diagnostikoan azpimarratutako arazoak agenda propioaren falta; erredaktoreen espezializazio falta, beldurra eta prekaritatea; eta gestoreen kudeaketa sistema adiskidezkeriakoa eta bertikala izan dira. Hauek zentsurara eta autozentsurara eramaten dute, bai eta espezializaziorako eta lanbide karrerarako aukerak ukatzera ere. Txosten osoa ikusgai atxikitako dokumentuan.

Parlamentuko talde politikoak bat etorri dira LABek egindako diagnostikoarekin orokorrean, EAJ ezik. EAJ ez da bat etorri agerraldia egiteko EH Bilduk egin duen justifikazioarekin, EITBn zentsura edo kontrola dagoela alegia, eta bere iritziz albistegiak bat datoz EITBren helburuekin. Erredakzio estatutuari aipua eginez, kazetarien lana bermatuta dagoela azaldu du. Halere, argigarriena izan dena PNVren biluzketa ideologikoa izan da, «kazetariek beldurrik izatekotan kontratazioari beldurra izango dela» onartu duenean.

LABeko ordezkariek ondo argitu dute:

• Beldurra eta kontrola hain zuzen, komunikabide gehienetan bezala, kontratazio prekarioan datzala. Kontratu prekario batekin nekez egin diozu aurre zentsurari eta autozentsurari. Langile batek 17 urtetan 1.400 kontratu edukita, kalera joateko beldur izatea lojiko izan daiteke.

• Erredakzio estatutua eta kontseilua ez zirela EAJrekin inoiz adosterik izan, baizik eta hain zuzen alderdi hau boterean egon ez zenean.

• Gestore sistema bidegabeaz gain, legez kanpokoa dela epaitegiek onartu duten bezala. Ardura postuak etxeko langileekin bete behar dira kanpotik inor ekarri gabe, agintzera zein aginduak betetzera.

 

 

Migranteek hartu dute hitza

Xenofobia eta Arrazakeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna da bihar, eta LABek mahai inguru bat antolatu du migranteei buruz; Bartzelonako kaleetan, bizirauteko borrokan ibiltzen diren saltzaile ibiltariei buruz, hain justu. Solasaldiaren aurretik, “El peso de la Manta” dokumentala proiektatu dugu. Mbolo elkarteko eta Kataluniako Sindicato Opular de Vendedores Ambulantes-eko bana ordezkarik hartu dute hitza.

LABen Bilboko egoitzan egindako jardueran, Sidil Moctar izan dugu gogoan. Moctar aipatutako saltzaile hauek pairatzen duten jazarpenaren adibide da: bost urteko kartzela zigorra ezarri diote, Bartzelonako Guàrdia Urbanak kolektibo honen kontra egin ohi dituen sarekada baten ondorioz.

Otoxo Productions ekoiztetxearen dokumentalak migrante hauek bizi duten egoera azaltzen du, baita euren aldarriak zeintzuk diren zehaztu ere: kontzientzia, duintasuna eta elkar ulertzeko prestutasuna. Arrazismo bortitzaren eta poliziaren oldarraldien biktimak dira, eta, urte luzeetako isiltasuna alde batera utzi eta gero, sindikatu bat sortzea erabaki dute. Hain zuzen ere, bertako ordezkari batek hartu du parte mahai inguruan.
 

 

 

Kutxabanken bidegabeko jabetze delitua egin zuten pertsonak zigortuak izan dira

Kutxabank auziko epaiari buruzko lehen balorazio batean, herri akusazioak (LAB, ESK, STEILAS, EHNE Bizkaia, HIRU, Pentsionistak Martxan eta EKA-OCUV) pozik dagoela adierazi nahi du, azkenean, bidegabeko jabetzea egin zutenak zigortuak izan baitira. Bai Fernandez zein Alkorta jaunek, honen antolatzaile bezala bai Cabiecesek, beronen onuradun bezala, 6 hilabeteko eta urtebeteko kartzela zigorrak jaso dituzte eta baita isuna ere, delitu horren egiletzat jo baitituzte.

Gure helburua zen Euskal Kutxak-Kutxabanken pribatizazioaren kontestuan eman ziren mesede tratuak zigorrik gabe ez geratzea eta lanik egin gabe, Cabiecesen kasuan bezala, miloietako iruzurrezko soldatak jaso zituztenak penalki zigortuak izatea.

Epaiaren beste alderdi batzuk patxada gehiagorekin baloratuko ditugu datozen egunotan.
 

 

 

Cortesko lan-eskaintza publikotik “gizona izatea” baldintza baztertu dute

Cortesko alkatea den Maria Concepcion Ausejok (UPN) zuzendu behar izan du udal-brigadarako egin zen lau lanpostuetako deialdia, LABek “30 urte baino gehiago duen gizona izatea” baldintzatzat eskatzen zela salatu ondoren. LABek salatu bazituen ere eskaintzaren oinarriak, matxistak eta legez kanpokoak zirelako, alkateak bereari eutsi zion. Hala ere, azkenean, atzera egin behar izan du, eta deialdia 30 urte baino zaharragoak diren gizonei egin ez ezik (haren hasierako asmoa), edonor aurkez daitekeen deialdi berria egin behar izan du. Corteseko brigadarako egin den lau lanpostutako deialdia pertsona orori hedatu zaio. Izena emateko epe berria martxoaren 27an amaituko da.

LABek oso larritzat jo du hautetsi batek mota honetako ekimenak bultzatu eta babestu izanari, eta egintza horiei ezin dakieke dagozkien erantzukizunetatik libre utz.

LABek antzeman du, honen antzera, diruz lagundutako programen bidez, udal-erakundeek egiten duten aldi baterako kontratazioan irregulartasunak ematen direla, langabetuen, gazteen eta gizarte bazterketa egoeran daudenen enplegua sustatzeko. Horrengatik, eskatzen diogu SNE-Nafar Lansareri ezar dezala udal erakundeek egiten dituzten eskaintzak eta kontratazioak kontrolatzeko eta haien jarraipena egiteko bitarteko bat, haiek arautzen dituen ebazpenetan egokiak izan daitezkeen klausulak sartuz, eta horrela, berma dadin kontratatzeko prozedurek nahiz laneko eta soldata baldintzak legeari egokitzen zaizkiola.
 

 

 

Hezkuntza sistema propioa eraikitzea da gakoa, herritik eta herriarentzako

0

Euskal Herriko txoko anitzetako 250 kide baino gehiago bildu gara asteburuan, Hernaniko Orona-Ideon egindako jardunaldietan. Euskal Herriko hezkuntza komunitatea elkartu egin da bestelako ebaluazio eredu bat behar dugula aldarrikatzeko eta bide horretan oinarriak jartzen hasteko.

Argi geratu da egungo ebaluazio ereduak ez gaituela asetzen. Presioan eta zigorrean eraikitako ebaluazio eredua gainditu, eta hobekuntzan eta autoregulazioan oinarritutako ebaluazio paradigma berri bat eraiki behar dugu.

Eta azken ideia honi jarraiki euskal jendartea eraikuntza klabeetan lanean ari dela ondorioztatzen dugu. Inposatutako erreformei aurre egin bai, baina gure bidea egitea beharrezkoa dela barneratu dugu. Hezkuntza sistema propioa eraikitzea da gakoa, herritik eta herriarentzako.

Amaitzeko eta etorkizunari so, gaur hemen atera diren ideia eta hausnarketei forma eman eta hauek inplementatzeko bideak arakatzen eta diseinatzea dagokigu. Eta horretarako ezinbestean estatugintzan urratsak eman eta egitura propioak sortzera bideratu behar ditugu indarrak.
 

 

 

Greba eguna izango da martxoaren 22an EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan

0

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok grebara deitu dugu Euskal Autonomia Erkidegoan, martxoaren 22rako, unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan. Azken urteotan, Iruñea eta Gasteizko gobernuek ezarritako murrizketek, hezkuntza inbertsio erabat eskasek eta inposaturiko hezkuntza erreforma basatiek behar dugun hezkuntza sistemaren aurka egin dute. Ondorioz, gaur egungo hezkuntza publikoaren egoera larria da. Beraz, egoera aldatu asmoz, mobilizatzea erabaki dute sindikatuek eta martxoaren 22rako greba deitu dute.


 

 

 

Euskal Herrian gatazkaren konponbide prozesuan aurrera egiteko urrats oso garrantzitsu baten aurrean gaude

Le Monde egunkariak, Txetx Etxeberriren eskutik, ETA erakundearen erabatekoa armagabetzearen inguruan eginiko iragarpenaren aurrean LAB sindikatuaren adierazpena.

-Euskal Herrian gatazkaren konponbide prozesuan aurrera egiteko urrats oso garrantzitsua da iragarpena. Konponbide integrala lortu eta gure herria bake bidean jartzeko ezinbesteko pausoa. Txalogarria da helburu horrekin gizarte zibilak bere gain hartu duen erantzukizuna eta protagonismoa. Prozesuari bultzada emateko euskal herritarron konpromisoa eta indarra ezinbestekoak ari dira izaten, erabakigarria den moduan, prozesu era ordenatuan eta bermeekin egiteko nazioarteko egiaztatzaileen lana eta inplikazioa.

-ETA erakundeak, oztopoak oztopo, aldebakarreko armagabetze prozesua aurrera eramateko harturiko erabakiarekin aurrera darrai.Orain baino lehen egindako armagabetze saiakerak burura eramatea lortu ez bada, hori espainiar zein frantziar estatuek erakutsi duten jarrera itxi eta oztopatzaileari zor zaie. Gobernu biei eskatzen diegu errespeta dezatela herri honek konponbidean aurrera egiteko duen borondatea eta erabakia.

-Dei egiten diegu, halaber, Jaurlaritzari, nafar Gobernuari, Hego Euskal Herriko Legebiltzar biei eta Ipar Euskal Herriko Lurralde-Elkargoko ordezkariei, konponbidea, bakea eta elkarbizitza lortzeko dagozkien ardura politiko-instituzionalak beren gain hartuz, armagabetzea laguntzeko eragile aktibo izan daitezen. -Euskal gatazkaren afera ez da armagabetze prozesuarekin amaitzen, nahiz hau urrats oso garrantzitsua izan bidean aurrera egiteko. Hurrengo geltokia, gatazkaren ondorioen koponbidea izango da. Urrats asko ditugu egiteko bake, elkarbizitza eta normalizazio bidean, eta urrats horietariko asko premiazkoak, ehunka euskal preso politikoen egoera kasu. Euskal erakundeen, alderdi politikoen, sindikatuen, eta batez ere gizarte zibilaren aldetik adostasunak eta kopromisoak beharrezkoak dira. LAB sindikatutik bidean aurrera egitea posible izan dadin lanean jarraituko dugu.

Euskal Herria, 2017ko martxoaren 17an
 

 

 

Alternatiba gorpuzten jarraitzeko deia egin du Ainhoa Etxaidek, Eskubide Sozialen Kartaren eskutik

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun eragile eta sindikatuok ekitaldi bat egin dugu gaur Gasteizen, Mendizorrotza pilotalekuan, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu neoliberalak salatzeko. LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek hitza hartu du, eta bestelako aurrekontuak egiteko aukera eta bidea badaudela nabarmendu du, gehiengo sozial eta sindikal bat dagoelako horren alde: "Alternatiba saretzen eta gorpuzten jarrai dezagun, Eskubide Sozialen Kartaren eskutik. Politikak aldatzeko borroka indartu dezagun, programa soziala herriz herri sozializatuz eta bertan jasotzen diren neurrien aldeko dinamikak piztuz". Apirilaren 1erako deitutako manifestaziora joateko deia luzatu du (Bilbo, 17:30ean, Jesusen Bihotzetik abiatuta), gure aldarrikapenekin plazak betetzen jarraitzeko, "Euskal Herriko politika sozialak erabakitzeko benetako parlamentua herria izatea lortu arte".

Etxaidek gogoratu du aurrekontuak ez direla ariketa tekniko bat, gobernuak hartzen duen erabaki nagusia baizik, bere proiektua zein den erakusten duelako. "2014ean, 100tik gora eragileek burujabetza ariketa bat egin eta zer nolako Euskal Herria nahi dugun marraztu genuen; proposamen kolektibo eta adostu bat gaurko errealitateari buelta emateko eta bestelako etorkizun bat eraikitzeko. Jaurlaritzak bi aukera zituen eta berea egin du: Confebasken interesen eta proiektuaren araberako aurrekontuak osatu ditu, Herriaren behar eta eskakizunak jasotzen dituen proiektu sozialaren araberako aurrekontuak egin beharrean", azaldu du.

Aurrekontu hauekin arazo sozialak okertuko direla ohartarazi du: "Hazkunde ekonomikoa ez da herrira iristen, prekarietatean eta politika neoliberaletan oinarritu delako. Aurrekontu hauek bide horretan kokatzen dira, bide horretan urrats berriak emateko prestatu dituzte".

Urrats nagusia babes neurriak murriztea izan dela salatu du; Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta, adibide argiena. "Okerren daudenak zigortuko dituzte. Merkatuari jaten emateko aurrekontuak dira, herritarrak babesteko eta Euskal Herriarentzat egokia den garapen eredu bat ezartzeko aurrekontuak izan beharrean. Merkatuari jaten ematen bazaio, merkatuaren jabeak loditzen dira, hots, patronala, pribatizatutako eta zerbitzuen jabeak, jendartea eredua argaltzen jarraitzen duen bitartean", erantsi du Etxaidek.

Ekitaldiaren ostean, bertaratutakoek manifestazioa egin dute Gasteizko Legebiltzarreraino, “Aldaketa sozialerako, aurrekontu sozial, parte hartzaile eta burujabeen alde” leloarekin. Hain zuzen ere, Legebiltzarrean bertan erregistratu zituzten, joan den asteazkenean, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren aldarrikapenak.

 

 

 

Nafarroako Kirol Kudeaketako langileak kalera irten dira hitzarmenaren defentsan

0


Nafarroako Kirol Kudeaketako langileek elkarretaratze bat egin dute Artikaberriko Kirol Hiriaren sarreraren parean, sektore honetako Nafarroako hitzarmaren defentsan. "Gure lan baldintzak bikainak izatetik urrun daude; soldata oso baxuak eta lanaldi partzialak eguneroko ogia dira guretzako", salatu dute.

Hauxe da LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek kaleratutako oharra, Nafarroako Kirol Kudeaketako langileen izenean:

DAUKAGUN ALTERNATIBA BAKARRA MOBILIZAZIOA DA

Sektore honetan gure lan baldintzak bikainak izatetik urrun daude; soldata oso baxuak eta lanaldi partzialak eguneroko ogia dira guretzako.

Azkenengo urteetan gizarteak pairatu dituen murrizketen ondoriak ere sufritu egin ditugu; enpresek gure soldatak merketzeko arazorik ez zuten izan, jendea kaleratzeko edota lanaldiak murrizteko ere. Enpresa hauek bitartean haien mozkinak jasotzen jarraitzen duten bitartean.

Gure lan baldintzak duinak izatea nahi dugu. Bidezkoa dela uste dugu. Galdutako erosahalmenaren zati bat berreskuratzea eta horrenbeste urte atzeraka joan ondoren pixkat hobetzea da gure helburua. Baina ezinbestekotzat ikusten duguna gure hitzarmena defendatzea da eta gaur egun patronala hau negoziatzera ukatzen da.

Mobilizatzera behartuak gaude elkarrizketak ezinezkoak direlako. Negoziatzera ukatzearen bidetik gure lan baldintzak betirako izoztuak izatea lortzen dute. Haiei interesatzen zaien bakarra euren mozkinak jasotzea da beraz, lan baldintza duinak haientzat oztopoak besteak ez dira.

Mobilizazioei hasiera eman diegu beste bide bat utzi ez digutelako eta hauekin jarraitzea beharrezkoa ikusten dugu gure helburua lortu arte: Hitzarmen duin bat sinatzea.

Hasierako mobilizazio hauek nahikoak ez badira grebara jo beharko dugu.

Kalitatezko zerbitzu publiko bat ezin da baldintza prekarioetan eman, mobilizazio hauetan hori arriskuan baitago.

Hurrengo mobilizazioak:

-Asteartea 21 arratsaldeko 18:00etan Idaki polikiroldegian (Antsoain).

-Osteguna 23 arratsaldeko 18:00etan Orkoieneko polikiroldegian.