2025-12-29
Blog Page 983

Arabako aisiako eta girotze sozio-kulturaleko lehen hitzarmena sinatu dute


Sindikatuek eta patronalak Arabako aisiako eta girotze sozio-kulturaleko lehen hitzarmena sinatu dute. Azaroaren 8an adostu zuten, LAB, ELA, CCOO, ESK eta UGT sindikatuen eta Zeharka patronalaren eskutik. Lehen hitzarmen honen bitartez, sektoreko ia 400 langileren lan baldintzak eta soldatak duinagoak izango dira, eta enpresen arteko aldeak berdintzea lortu dute.

Sindikatuek jakinarazitakoaren arabera, “ezin izan ditugu negoziatu hitzarmenaren artikulu guztiak, guk nahiko genukeen bezala, Estatuko hitzarmenean zenbait gai erreserbatuta daudelako; probaldia, lanbide taldeak, kontratazio motak, diziplina araubidea, lan osasuneko gutxieneko arauak eta mugikortasun geografikoa, besteak beste”

Hala ere, Estatuko hitzarmenaren artikulu asko hobetzea lortu dituzte, hauek bereziki: soldata taula; lanaldiaren mailaz mailako murrizketa (72 ordura arteko laburketa); opor egunak ugaltzea, 31 egunetik 34 egunera (2018an); antzinatasun eta igande eta jai egunetako plusak; gaueko eta prestutasun plusak; aldi baterako baliaezintasunaren aldian lehen egunetik kobratzea; lizentzia ordainduetan hobekuntzak; eta udalekuei buruzko arauak nabarmen hobetzea.

Sindikatuen hitzetan, “hitzarmen hau oso tresna egokia izango da sektorea batera biltzeko, orain dauden desorekak berdintzeko, eta jarduera hau gero eta arautuagoa uzteko”.

Hori bai, herri-erakundeei gogorazi diete zerbitzu hauek azpikontratatuak direla, ehuneko ehunean Administrazio Publikoaren menpekoak direla, “eta horregatik zerbitzua esleitzeko baldintza-orrietan hitzarmen hau aplikatzea galdatu behar zaiela enpresa jasotzaileei, eta, horretarako, behar bezala diruz hornitu behar direla, sektorean gatazkarik sor ez dadin”.

Sindikatuek sektoreko langileak zoriondu dituzte, haiek izan direlako akordioa lortzeko eragile nagusiak. “Haien mobilizaziorik gabe, orain ez genuke akordiorik”, erantsi dute.
 

 

 

Gasteizko udalaren erasoak salatu dituzte gizarte langileek

Hainbat gizarte langilek elkarretaratzea egin dute Gasteizko udaletxearen aurrean, LAB, ELA, CCOO, ESK eta UGT sindikatuek deituta. Hain zuzen ere, Arabako hiriburuko udalaren erasoak salatu dituzte, azpikontratatutako langileak prekarizatu eta kaleratzeagatik. “Guk geuk pairatu behar izan dugu berriro udalaren estrategia, bere kontratetako langileok lan baldintza duinik merezi ez dugulakoan. Gizarte Politiken Sailak apustu egin du berriro bakan batzuen irabazien alde, gizarte zerbitzuetan benetan diharduten langileen eskubideen kontra”, adierazi dute, astelehenean egindako protestan.

 

Gasteizko udalak sektoreko langileen eginkizunei begirunea galdu diela nabarmendu dute, soldata duinik ez jasotzeko helburuarekin, langile ez kualifikatu gisa izendatzeagatik; “lan horietan ibiltzen garenok gizarte langileak, psikologoak, hezitzaileak edo integratzaile sozialak garenean”, esan dute. “Oraingo honetan ez dute onartu nahi gizarte langilearen kategoria, diru arrazoi hutsengatik, baina figura hori ezinbestekoa da zerbitzuaren jardute onerako”, ohartarazi dute.

Bat bateko erabakiak hartu ohi dituztela kritikatu dute, plangintzarik jarraitu gabe: “Neguko ostatu emateko bitartekoa ez dute aurreikusi, plangintzarik eza denon begien aurrera atera arte; horrek erakusten digu beren gaitasun gabezia, baita gizarte bazterketaren egoera latzetan bizi direnekiko begiramen eskasa ere”.

Azpimarratu dute zerbitzuak emateko lehiaketa-enkante baten deialdia egin dutela berriro, eta hutsik geratu dela, “ez baitago inor zerbitzu hori hartzeko prest, aurrekontuan ezarritako kostu eta lan taldearekin”. Jakinarazi dute kale gorrian utzi dituztela zerbitzu hori hiru urtez ematen ari diren pertsonak, subrogazio eskubidea errespetatu gabe, Gizartegintzaren Hitzarmenean eskubide hori jasota egon arren.

Hau guztia salatzeko egin dute elkarretaratzea, eta Gasteizko udalari gizarte zerbitzuetan inbertitu eta plangintza egiteko exijitu diote.

 

 

 

Etxaide: “LAB berritu batekin iritsiko gara Biltzar Nagusira, etxeko lanak eginda”

“LABen lerro sindikala berritu dugu krisiaren eta erreformen kontra borrokatzeko, gure egiteko moduak eta langileekin lan egiteko erak egokitu ditugu, gure aldarrikapenak berritu ditugu lan eta gizarte egoera guztiz aldatu delako… LAB berritu batekin iritsiko gara biltzarrera, etxeko lanak eginda”. 

 
Sindikatuko idazkari nagusi Ainhoa Etxaideren hitzak dira horiek, LABen 9. Biltzar Nagusiaren aurkezpenean egindakoak. Batzorde Exekutiboko kideek agerraldia egin dute gaur goizean, Bilboko egoitzan, eta Biltzar Nagusiaren irudia aurkeztu dute bertan, baita leloaren berri eman ere: ‘LAB 4.0 Gure Garaia’. Era berean, Garbiñe Aranburu idazkari nagusi eta Igor Arroyo idazkari nagusi ondoko gisa proposatu dituztela jakinarazi dute, Ainhoa Etxaidek eta Jabi Garnikak lekukoa utziko dutela iragarri eta gero.

Maiatzaren 25 eta 26an izango da 9. Biltzar Nagusia, Gasteizen. LABek argi du Kapitalismoan ez dagoela ondo bizitzerik, eta proposamenak eta alternatibak eramango ditu biltzarrera egoerari buelta emateko. Sindikatuarentzat sozialismoan dago bizitza on bat edukitzea ziurtatuko duen sistema. Espazio ezkertiar soberanista sendo bat behar dugu, eta euskal sindikalgintzaren ekarpenak erabakigarria izan behar du espazio horren eraikuntzan. Hain zuzen ere, Euskal Herri Sozialista eraikitzeko feminismoa, ekosozialismoa eta independentismoa dira gakoak. Feminismoa, ideologia transformatzailea delako eta bakarrik horrela ziurtatuko dugulako eraikitzen dugun sistema guzti guztientzat izatea, gizonentzat zein emakumeentzat; ekosozialismoa, ezin dugulako bizitza duina eta ona kontsumoan eta neurririk gabeko produkzioan oinarritu; eta independentismoa, sistema berri bat eraikitzeko behar beharrezkoa delako Estatu burujabe bat izatea, Herriaren esku egoteko sistemaren gaineko boterea, Herria bere erabakiak hartzeko aske izateko.

 
Ildo honetan, LABek iritzi du hau dela garaia ezarri diguten sistema kapitalista aldatuko duen burujabetza prozesua abian jartzeko, aukerak ere badaudelako. Badago gehiengoa eta baditugu prozesua martxan jartzeko balio estrategikoa duen tresna: Karta Soziala. “Falta zaiguna aliantzak eta akordioak dira. Eremuz eremu lehenik, eta eremuen artean ondoren; eremu bakoitzaren errealitatea, eginkizuna eta autonomia aitortuz eta balioan jarriz guztien aldetik”, laburtu du Etxaidek.
 
Garai berrian, LABen lehentasuna prekarietateari aurre egitea eta langileriaren errealitatea aldatzea izango da. Gauzak horrela, borrokatzen ditugun irtenbideek ez dute lekurik bi estatuek inposatutako eredu politiko, ekonomiko eta sozialean. Izan ere, egoera sozioekonomikoa aldatzeko borrokak derrigor eramaten gaitu gaurko Estatu markoaren aldaketa borrokatzera. Erabakitzeko eskubideak lan mundura eta gai sozioekonomikoetara iritsi behar du horregatik, estatus politiko berria iruzurra ez izateko langileentzat.
 
Etxaideren arabera, “langileen egoera aldatu nahi badugu, sindikatuen arteko aliantzak behar ditugu. Ziur gaude aliantza ahalbidetuko duen estrategia sindikala definitzen ari garela kongresuari begira. Aliantza sendo eta egonkor bat eraikitzea da, gure ustez, LAB eta ELAren erronka nagusietako bat, euskal sindikalismoan ireki behar den garai berrian”.
 
Zuzendaritza berria, garai berrirako

Urte hauetan guztietan egindako lanak ekarri du LAB garai berrira. Kopuru historikoetan dago ordezkaritza eta afiliazioa, inoiz baino jende gehiago dago sindikatuko egituretan modu egonkorrean lanean, sektore publikoko eremu askotan lehen indarra da LAB… emaitzak begibistakoak dira. Sindikatuko zuzendaritzak baztertu egin zuen LAB berri bat arduradun nagusien kasara marraztea, bideak sindikatuak berak egitea baitzen asmoa, eta hala izan da. LAB osatzen duten kide guztiek marraztu dute.

Etxaidek adierazitakoaren arabera, “2008tik gaur arte, Jabi Garnika eta biok zuzendutako taldearen eginkizuna sindikatua eraberritzea zen, eta agindua bete dugu. Biltzarrera etxeko lanak eginda iritsiko gara, eta, gure arduren inguruko erabakia gure eskuetan dagoenez, lekukoa hurrengoei ematea erabaki dugu”.
 
Biltzar Nagusiak erabakiko du, baina “gaurtik esan dezakegu buruak nortzuk izango diren, ziur gaudelako sindikatuan aho batez babestuko duten proposamena dela”, erantsi du Etxaidek. Hain zuzen ere, Garbiñe Aranburu proposatu dute idazkari nagusi izateko eta Igor Arroyo, idazkari nagusi ondokoaren lekukoa hartzeko. “Ezagunak dira gainontzeko sindikatuentzat, baita komunikabide, patronal eta erakundeentzat ere. Talde berria izango da, baina ez dira berriak izango zuzendaritzan. Eskarmentua eta gaitasuna behar beste erakutsi dute”.

 
Azkenik, Jabi Garnikak eta Ainhoa Etxaidek berak LABeko kide guztiak eskertzeko baliatu dute agerraldia, “urte luze hauetan guztietan eman diguzuen babes guztiagatik”.

 

 


9. BILTZAR NAGUSIA
Maiatzak 25 eta 26
Gasteiz

 

 

Jardunaldiak azaroaren 18eta 19an Emakumeen Mundu Martxak antolatuta

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak, Indarkeria Matxista birpentsatzen: feminismotik erantzunak martxan izenburupean jardunaldiak antolatu ditu. Azaroaren 18 eta 19an Donostiako Unibertsitatera gerturatuko direnetzat egitarau mardulda prestatu dute. Hain zuzen ere, bi egun horietan mahai inguru ezberdinen bidez —sistemarteko indarkeria, ekintza zuzenak, jaiak eta indarkeria matxista eta indarkeria martxista transbertsalizatzen— gai honen inguruan gehiago sakontzeko aukera izango da.
 

Ainhoa Etxaide eta Jabi Garnika erreleboa emateko prest

LAB sindikatua 9. Biltzar Nagusiaren prestaketa lanetan bete-betean sartu da. 2017ko maiatzaren 25 eta 26an izango da Kongresua, Gasteizen. Hitzordu garrantzitsu honen berri emateko agerraldia egingo dugu datorren asteartean, azaroak 15, Bilboko egoitzan. Osasun betean eta indartsu iristen da sindikatua hitzordu garrantzitsu honetara. Besteak beste, azken urteotan sindikatuak bere idazkaritza nagusian izandako gure bi lemazain bikain hauei esker.

Goizeko 11.00etan, LABeko exekutiboa hedabideen aurrean agertuko da, Biltzar Nagusiaren nondik norakoak aurkezteko. 

Emankorra izan da LABentzat azken bost urteotan eginiko bidea. Osasun betean eta indartsu iristen da sindikatua maiatzeko hitzordura. Euskal Herrian behar duen sindikalismo eredua Birpentsatzeko gogoeta kolektibo emankorra egin dugu eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prest gara.

Biltzar Nagusia berritasunez beteta dator. Aldaketak ekarriko ditu idazkaritza nagusiari begira ere; Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak eta Jabi Garnika idazkari nagusi ondokoak erreleboa emango dute. Lekuko aldaketaren xehetasunak eta Kongresuari lotutako zehaztapenak astearteko agerraldian argituko ditugu.
 

 

 

Grafikagintzako hitzarmena lortzeko mobilizazioa beste biderik ez dago

0

Grafikagintzako hitzarmenaren negoziaketan dagoen blokeoaren aurrean mobilizatzeko beharra ikusi dute langileek. Arrazoi ezberdinek eraman dituzte Grafikagintzako Negoziazio Mahaian dauden sindikatuak guztiak gaur Adegiren egoitzaren aurrean elkarretaratzea burutzera. Hain zuzen ere, hitzarmen berriaren negoziazioan Adegik izan duen immobilismoa eta abenduak 31an herrialdeko hitzarmena bertan behera geratu eta hitzarmen estatala ezartzearen mehatxuaren aurrean mobilizazioa beste biderik ez da geratu.

Andrés Bódaloren askatasuna eskatu dugu Jaengo kartzelan

0

Azaroak 9an, goizeko 11etan herrialde ezberdinetako ezkerreko hainbat sindikatuk deituta prentsaurrekoa eta elkarretaratzea egin genuen Jaengo kartzelaren atarian Sindicato Andaluz de Trabajadores-eko (SAT) kide den Andrés Bodaloren askatasuna eskatzeko.

Bertzeak bertze LAB sindikatuaz gain honako sindikatuok parte hartu genuen: Astuariakoo Corriente Sindical de Izquierda (CSI), Herrialde Katalanetako Intersindical Autonoma de Catalunya (IAC), Aragoiko Coordinadora Unitaria de Trabajadores (CUT, CGT, Comisiones de Base (COBAS), Solidaridad Obrera, Plataforma EMT, Confederación Intersindical, Intersindical Valenciana, eta noski Sindicato Andaluz de Trabajadore (SAT).

Kontzentrazioaren helburua bikoitza zen, alde batetik Sindicato Andaluz de Trabajadores (SAT) Andrés Bódaloren askatasuna exijitzea eta bertze aldetik sindikalgintza borrokalariak pairatzen duen errepresio gordinaren salaketa.

SAT-eko idazkari nagusia den Oskar Reinak hartu zuen hitza lehenengo eta bertaratutako komunikabideei gaur egun Andrés Bódalok pairatzen duen egoeraren salaketa egin du. Andrés Bódalok osasun arazoak direla medio gose greba ere utzi behar izan du.

Ondotik LAB sindikatuko ordezkariak nazioartetik etorritako sindikatuen izenean hitza hartu eta Andrés Bódaloren askatasuna exijitzeaz gain, han eta hemen sindikalgintza borrokalariak pairatzen dugun errepresio gordinaren salaketa egin genuen, Euskal Herria, Andaluzia, Asturias eta Kataluniako gertakizun ezberdinak azalduz.

Ondotik bai Oskar Reinak zein LABeko ordezkariak hitza hartu zuten prentsari azaldutakoa bertaratutako guztiei azaltzeko. Nazioarteko sindikatuen izenean gure elkartasun internazionalista helarazi genien Andrés Bódalo, eta beren senitarteko eta lagunei, eta oro har Andaluziako herri langile klaseari. Ekimena bukatzeko Andrés Bódalo eta Vallecaseko Alfonen senitarteko batek hitza hartu eta elkartasun guztia eskertu zuten.

Ekimena bukatzeko bertaratutakoek Andrés Bodaloren askatasuna exijitzen jarraituko dutela berretsi dute eta etorkizunean mobilizazio eta ekimen ezberdinak egonen zirela ere iragarri zuten.

 

 

 

Autobus zerbitzuetan etor daitezken murrizketak oztopatu behar dira

0


Lurraldebuseko langileek kezkaz ikusten dute beraien geroa. Hain zuzen ere, azken aldian izan diren linea desagertzeak eta aldaketek, murrizketa gehiago egon daitezkenaren susmoa zabaldu dute langileen artean. Gainera, Aldundiak, sektore honetako kudeaketa daraman erakundeak, ez du inolako informaziorik zabaldu egin nahi duen berregituraketaren inguruan. Egoera hau salatuz gaur, hilak 11, elkarretaratzea burutu dugu Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean.

LABek oso larritzat hartzen ditu inposatu nahi diren murrizketak baita Foru Alduandiak, herritarren ordezkari den heinean, autobus zerbitzuaren inguruko gestioa izkutuan eraman izana ere. Gaur egungo egoerak eta, batez ere etor daitezken murrizketek, langile zein erabiltzaileen mobilizazioa eskatzen du eta horregatik irten gara gaurkoan kalera.

Aldarrikapen zehatzak ditugu, alde batetik gardentasunez jokatzeko eskatzen diogu Foru Aldundiari, langile zein herritarrei eragingo dien erabakiak ezagutzeko eskubidea dugula baiteritzogu. Bestaldetik autobus zerbitzuaren kalitate eta langileen lan baldintzak bermatzea exigitzen dugu. Hemendik aurrera egoerak hobera egin ezean mobilizazio eta borrokari ekingo diogu lanpostu zein kalitatezko zerbitzuaren defentsan.

 

 

 

Hitzarmena sinatu dute Guardian enpresan

0

Laudioko Guardian enpresan hitzarmena sinatu dute. Abuztuaren hasieran, enpresak, ELAk eta UGTek sinatutako aurreakordioa salatu zuen LABek, lanaldia jaitsi beharrean, handitu egin nahi zutelako. Bada, LABen salaketa eta lanari esker, hitzarmenean jasotako testuan 24 ordu jaitsiko dira: orain arte agertzen ziren 1.644 ordutik 1.620 ordura pasako da, orain arte bezala, ordainduko ez den 30 minutuko etenaldiarekin.

Laudioko Guardian enpresan hitzarmena sinatu dute. Abuztuaren hasieran, enpresak, ELAk eta UGTek sinatutako aurreakordioa salatu zuen LABek, lanaldia jaitsi beharrean, handitu egin nahi zutelako. Bada, LABen salaketa eta lanari esker, hitzarmenean jasotako testuan 24 ordu jaitsiko dira: orain arte agertzen ziren 1.644 ordutik 1.620 ordura pasako da, orain arte bezala, ordainduko ez den 30 minutuko etenaldiarekin.

LABek hasieratik eskatu moduan jaso dute testua, eta, modu horretan, lanaldia handitzea saihestu ahal izango da, eta etorkizunean soldata eskala bikoizteko arriskuari ateak itxiko zaizkio.