2025-12-29
Blog Page 982

Osakidetzak kontratazioan egin ohi duen iruzurra salatu dute Gasteizen

0

‘Nahi-bezala-kontratatu’ kanpaina Gasteizera eraman du gaur LABek, Osakidetzak kontratzioan egin ohi duen iruzurra salatzeko. Sindikatuak birusa garbitzeko konpromisoa hartu du, eta desinfekzio lanetan ibili da Osakidetzako Zerbitzu Nagusiaren aurrean, agindu bezala. “Bertan daude Osakidetzako azken arduradunak eta birusaren fokurik arriskutsuena”, ohartarazi dute, Gasteizen egindako ekintza ikusgarrian.

Osakidetzan kontratazio bolumena izugarria da, behin-behinekotasun tasa erraldoia kontutan hartuta, batez ere. Hain justu, langileen heren bat baino gehiago behin-behineko egoeran dago.

LABen hitzetan, “Osakidetzan kontratazio politika bi hitzekin definituko genuke: irregulartasuna eta gardentasun eza. Honako egoera guztiz onartezina da, administrazio publikoan lan egiteko berdintasun, meritu eta ahalmen printzipioak bertan behera gelditzen direlako etengabe”.

Kontratazioa iruzurra dela dio sindikatuak, irregulartasunak modu orokorrean gertatzen direlako, egunero, modu masiboan. Ez dira hanka sartze puntualak, edo akats sinpleak. Kontua harago doa eta, beste batzuen artean, hauek dira kontratazioaren ajeak: Kontratazio Dekretu inposatua eta berdintasun printzipioa urratzen duena; kontratazio zerrenda espezifikoak; kontratazio zerrenda irregularrak; zerrendetan jauziak; zerrendarik ez erabiltzea; hizkuntza eskakizunak ez errespetatzea modu sistematikoan; gardentasun falta; kontrolerako mekanismorik ez…

Egoera honi begira jarri da LAB, eta arduradunak zeintzuk diren jakinarazi du: bide irregularrak irekitzen dituzten araudiak ezartzen dituztenak; ez ikusiarena egiten duten Pertsonal Zuzendaritzak; euren gustuko langileak kontratatzeko eskatzen dituzten gainbegirale edota Lehen Arretako Unitateen Buruak; beren kabuz edo presiopean zerrendetan jauziak egiten dituzten pertsonal saileko langileak… Zerrenda luzea da, zoritxarrez.

LABen arabera, “kanpaina honekin lortu nahi ditugun helburuak hiru dira: Osakidetzan egiten den kontratazioaren iruzurra publiko egin, lan baldintzak gehien prekarizatzen duen ezaugarria den neurrian; langileok iruzurrezko kontratazioa salatzera animatu; eta, azkenik, kalitatezko kontratazioa egiteko gure proposamena mahai gainean ipini”.


 

 

 

Etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileak kalera irten dira

LABek mobilizazioa egin du Bilboko udaletxearen aurrean, etxez etxeko laguntza zerbitzuan udalak enplegua eta kalitatezko zerbitzua berma dezan eskatzeko. Hain uzen ere, udala da Bilbon etxez etxeko laguntza zerbitzuaren arduraduna, eta zerbitzua azpikontratazioaren bitartez bideratzen du. 2009. urteaz geroztik, udalak eskainitako zerbitzu orduen kopuruak behera egin du etengabe, eta gaur egun orduen %30 gutxiago eskaintzen du. Sindikatuak salatu du honek ondorio kaltegarriak ekarri dituela, bai arretari eta baita lan baldintzei dagokienez ere. Langileen artean emakumeak dira gehiengo, eta urte asko eman dituzte zerbitzua eskaintzen, baldintza zailetan, osasun arazoak ere izan baitituzte.

Bilboko etxez etxeko zerbitzuko langileek elkarretaratze bat egin zuten asteazkenean, eurek eta zerbitzuak berak bizi duen egoera salatzeko. Honako idatzi hau banatu zuten protestan:

Udala da Bilbon etxez etxeko laguntza zerbitzua ematearen titularra. Udalak zerbitzu hau azpikontratatu egiten du, merkantilekiko lizitazioen bidez. Zerbitzua, merkantilentzat lan egiten dugun etxeko laguntzaileok eskaintzen dugu.

2009tik hona, udalak eskainitako zerbitzu orduen kopuruak behera egin du etengabe, zerbitzu orduen %30 gutxiago suposatzen duelarik. Honek ondorio negatiboak izan ditu, bai arretari dagokionez, baita lan baldintzei dagokienez ere.

Alderdi sozio-asistentzialari dagokionez:

-Gero eta handiagoa den kolektibo bati ematen zaion babes-maila murriztea ekarri du. Zerbitzu orduak gero eta gutxiago izateaz gain, zerbitzuaren kalitatea kaltetzen da, ordu murrizketaz gain, lan ordu bakoitzean funtzio gehiago betetzen direlako.

-Alderdi laboraletik, hamarkadetan funtsezko zerbitzu hau ematen dugunok, ia guztiok emakumeak, urterik urte jasan dugu enplegu galera eta lan baldintzen kaltetzea.

-Modu masiboan kaleratu dituzte aldi baterako kontratuak zituzten langileak, gehienak lege iruzurrez egindakoak. Aldi baterako kontratazioa da enpresek gogokoen dutena. Honi esker, malgutasuna irabazten dute, lanaldi partzialeko langileak kontratatuz nahieran, benetako arrazoirik ez badago ere eta lege iruzurra egin arren, batzutan, ezarri beharreko Hitzarmen Kolektiboan zehaztutako gutxienekoak ere bete gabe. Egun, enpresek uko egiten diote lege iruzurrean egindako kontratu mota hau erregularizatzeari, eta baita langileon legezko ordezkaritzarekin langileentzako bermeak jasoko dituzten lan-poltsak adosteari ere.

-Ez dira bermatzen kontratuak zehazten dituen orduak. Gure baldintzak aldatu egiten dira, Hitzarmen Kolektibotik deslotuz, soldata eta kotizazioa galduz. Langileen portzentaia handi batek lanaldi partzialak ditu.

-Azken hiru urteotan, gure lan-baldintzak kaltetzeaz gain, eros-ahalmenaren %3a galdu dugu, 2013 eta 2015eko soldata-izozteen erruz, 2014ko salbuespenarekin. Urte honetan, 8 euroko igoera eman zen lanaldi osoz aritzen zirenentzat.

-Enpresek langileei eta euren legezko ordezkaritzari leporatzen diote absentismo indize altua, gertakari arrunta eta profesionalek sortua, baina ez dugu eurengan inolako borondaterik ikusten euren betebeharrak bete eta langileei, euren lanagatik inolako kalterik jaso ez dezaten, neurri prebentibo egokiak bermatzeko.

Ia langile guztiak emakumezkoak dira eta urte asko daramatzate zerbitzu honetan lanean, eta honek ondorio negatiboak sortarazten dizkie osasunean. Min muskulo-eskeletikoak, besteak beste, lana utzi edo aurretiko jubilazioak eskatzearen arrazoi izaten dira, honek dakarren eskubide-galerarekin.

Nola da posible egoera hau ematea, gero eta gehiago direnean euren menpekotasun maila ezberdinei aurre egiteko babesa behar dutenak? Nola da posible, zerbitzu sozial publikoa izanda, zerbitzua ematen duten langileak merkantilen esku uztea?

Etxez etxeko laguntza zerbitzuak behera egiten duen bitartean, Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera, Bizkaian menpekotasun egoeran daudenen %46k ez du kanpoko inolako zerbitzurik jasotzen.

Bien bitartean, etxez etxeko laguntza zerbitzua kaltetu egiten da, eta honekin batera, gure lan baldintzak ere, eta Bizkaiko Foru Aldundiak gero eta partida zabalagoa esleitzen du familian egiten diren zaintza lanetarako. Ezohiko izaera duena prestazio ekonomikoa, Menpekotasun Legearen arabera.

Udalak eta aldundia egoera honen erantzule dira. Zerbitzu hau kanporatu egiten dute enpresa pribatuen esku utziz, askotan kaudimen sozial eskasa dutenak eta irabaziak lehenesten dituztenak zerbitzuaren kalitatearen eta eskaintzen den baldintzen kaltetan. Enpresek merkantilizatu egiten dute zerbitzua.

Etxez etxeko laguntza zerbitzua, beste zerbitzu batzuk bezala, aukera bat dira enplegua sortzeko, orain horrenbeste falta egiten duela, sektore publikoak ekonomiaren motore izan behar duela erakutsi, gainera, behar dituzten pertsonei kalitatezko zaintza bermatuz, hau da, pertsonei estaldura nahikoa eskainiz.

Udalari exijitzen diogu:

–Pleguetan aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboa betetzen dela bermatzea.

-Langile guztiak subrogatzea, laguntzaile zein teknikoak, eta kontratuaren arabera dituzten orduak bermatzea.

-Zerbitzuaren errebertsio prozesuari ekitea, udalek zuzenean kudea dezaten, eta egungo zerbitzuaren merkantilizazioarekin amaitzea. Honek ekarri du zerbitzua kaudimen sozial eskaseko enpresa batzuen esku uztea. Zerbitzuaren kalitatea hobetu beharko litzateke eta laguntzaileen lan baldintzak hobetu.

-Trantsizio moduan, laguntzaileek kontratuaren arabera dituzten zerbitzu ordu guztiak bermatzea. 

-Negoziazio Kolektibo Sektorialean bitartekari izatea, lan-baldintzen hobekuntza nabarmena bermatzeko.

-Aldi baterako kontratazioa arautzea, behar den guztietan, langileen ordezkaritza legalarekin adostutako lan-poltsen bidez, enpresek kontratazioan erakusten duten aldebakarrekotasuna gaindituz eta aldi baterako langileei egonkortasun handiagoa eskainiz.

-Langileentzako kalterik ekarriko ez duen zerbitzua bermatzea, enpresen aldetik horretarako beharko liratekeen neurri prebentiboak hartuz.

-Zerbitzua emateko finkatutako estandarren gaineko kontrol publikoa bermatu, mekanismo zehatzen bidez.

-Aldiro zerbitzuaren prestazioa ebaluatu, alde guztien partehartzearekin, eta horretarako mekanismo egokiak.

 

 

 

LABek babesa erakusten die auziperatutako langileei

Datozen egunotan, hiru langile auziperatuko dituzte protesta ekintza ezberdinetan parte hartzeagatik. Urteetako kartzela zigorrak eskatzen dituzte hirurentzat. Egoera salatuz auziperatu hauekiko elkartasun ekimen ezberdinak jarri dira martxan. LABek, dinamika hauetan parte hartzeaz gain, herritar guztiei bertaratzeko deia luzatzen die.

Hiru auziperatu hauek mobilizazio ezberdinetan hartu zuten parte. Batetik, Iñaki Montes JEZeko langilea dugu, 2014ko martxoaren 3an atxilotu zutena Bilbon Troikaren bisitaren aurrean antolatutako manifestazioan. Azaroaren 24an epaituko dute Bilbon. Bestetik, Alexis Rodríguez eta David González ditugu, TMAko langile ohiak. 2013 urte bukaeran 8 hileko greba baten ondoren enpresa itxi eta langileak kale gorrian utzi zituzten milaka euroko zorrarekin. Enpleguaren defentsan eta beraien soldatak jasotzeko egindako greba eta borrokaldiaren ondoren, enpresariak hainbat langileren kontrako salaketak jarri zituen. Gaur egun, biak daude auziperatuak eta azaroaren 29an epaituko dituzte Bilbon. Enpresariak 5 urte eta 6 hileko kartzela zigorra langile bakoitzarentzat eta 9.000 euroko kalte-ordaina eskatzen du, eta fiskalak 2 urte eta 3 hileko kartzela.

Injustizia honen aurrean hainbat ekimen burutuko dira datozen egunetan. Batetik, JEZeko enpresa-batzordeak manifestazioa deitu du bihar Laudion, “Iñaki eta besteak libre” lemarekin. Manifestazioa bihar osteguna, azaroak 17 izango da eta 19:30ean abiatuko da Lamuza plazatik. Bestetik, “Neuk be egingo neuke” dinamika martxan jarri dute TMAko langile ohiek, Alexis Rodríguez eta David González babestea helburu duena.

LABek auziperatu hauei babesa emateko dinamiketan parte hartuko du eta euretan parte hartzera deitu nahi ditu langileak. Bihar esaterako, Ainhoa Etxaide Idazkari Nagusia buru duen LABeko ordezkaritza batek hartuko du parte Laudioko manifestazioan. Datozen egunotan burutuko diren elkartasun-dinamiketan ere parte hartuko du LABek eta horrela egiteko eskatzen die langileei. Langile-borrokaren kriminalizazio saiakeren aurrean, berebiziko garrantzia ematen baitio ahalik eta babes zabalena artikulatzeari. Askatasunari egindako erasoak dira protestan ari diren langileen auziperatzeak, Mozal legea bezalako tresna errepresiboek egoera larritu besterik egin ez dutelarik.

Euskal Herritik kanpo ere eman dira antzerako kasuak. Andres Bodalo SATeko kidea kartzelan dago. Asturiaseko CSI sindikatuko Aitor ere kartzelara joateko arriskuan dago eta Catalunyan ere, 2012ko martxoaren 29ko greba orokorraren ondoren Generalitateak salaketa anonimoak bideratzeko webgunean euren izenak agertu ondoren, 3 gazte baldintzapeko askatasunean ere aurkitzen dira, kartzela zigorra jaso dezaketelarik. LABek guzti hauei ere helarazi nahi die bere elkartasuna.

 

 

 

UGT, CCOO eta Patronala finantziatzeko partidak mantentzen dituzten aurrekontuak ez onartzeko eskatzen dugu LABek eta ELAk


Nafarroako Gobernuaren 2017rako aurrekontu proiektuaren arabera UGT eta CCOOekiko hitzarmen bereziak desagertu egingo dira (ez, ordea, patronalarekikoak; honentzako 800.000 euro bideratuko dira hitzarmen berezien bitartez). ELAk eta LABek behin eta berriz eskatu izan dugu hitzarmen hauek bertan behera uztea, eta horrenbestez aurrekontu hauetakoa lorpen bat da UGTren eta CCOOen pribilegioak amaitu behar zirela aldarrikatu izan dugunontzat. Izan ere, hitzarmen horiek azpikontratatzeko mekanismoak ziren, administrazioak berak egin behar dituen politikak nahierara erabakitzeko.

Alabaina, esan beharra dago hitzarmen horiek desagertu arren, badirela aurrekontu proiektuan partida aipagarriak (hauetako batzuk asko puztuko direlarik); hauetan ez da berariaz aipatzen sindikatu horiei edo patronalari zuzenduta daudela, baina izatez halakoak dira, oso-osorik edo zati batean bederen. Honelako partidarik aipagarrienak:

  • “Orientazio programetarako laguntza. Konferentzia Sektoriala” programa, zeinetarako 1.700.000 euro aurreikusi diren; kopuru berbera bideratu zen 2016an UGT eta CCOOekiko hitzarmenetara. Beraz, atea irekita dago sindikatu horiek zenbateko horren zatiren bat jaso dezaten.
  • “Lan Arriskuen Prebentzio Proiektuak” programara 1.100.000 euro bideratuko dira, iaz baino 1.025.000 gehiago. Partida hau sindikatuek jasoko dute, eta hori ezin da onartu. ELAren eta LABen ustez, hau Gobernuak Enplegu Planean esaten duenaren baitan gertatuko da: Lan Osasunaren arloan elkarrizketa soziala sustatu behar dela dio, baita beste batzuren artean prebentzio ordezkariaren figura berreskuratu behar dela ere: “elkarrizketa sozialaren markoan aintzat hartuko da datozen urteetan lan segurtasun eta osasunari buruz antolakunde sindikal eta enpresarialek proposatzen dituzten proiektu interesgarriak berreskuratzea”.

Beraz, ELAk eta LABek salatu behar dugu Nafarroako Gobernuak UGT eta CCOO finantzatzeko asmoari eusten diola, eta horrela hauen eredu sindikala hobesten duela.

Enplegurako prestakuntzaren, lanbide orientazioaren edo lan osasunaren inguruko politikei dagokienez, ELAk eta LABek hau galdegiten dugu:

  • Lanbide orientazioa zerbitzu publikoek garatu behar dute, hots, baztertu egin behar dira azpikontratazio eta erakunde pribatuentzako diru-laguntzen politika.
  • Garatu behar den enplegurako prestakuntza sistemaren oinarria lanbide heziketako ikastetxeak eta Nafar Lansarearen zentroak izan behar dira; prestakuntza ez dute patronalak eta sindikatuek eman behar, eta ezin da hauekin azpikontratatu.
  • Lan osasuneko programak zuzenean eta errealitate sozialari buruzko ikerlanak zuzenean herri-administrazioak garatu behar ditu.

2017ko aurrekonktu proiektuaren tramitea dela eta, ELAk eta LABek alderdi politikoei honakoa eskatzen diegu:

  • Ez dezatela onar aurkeztutako aurrekontua aurrera ateratzerik.
  • Parlamentuan tramitatzean egin ditzatela beharrezko aldaketak bermatzeko zerbitzu publikoek zuzenean garatuko dituztela lanbide orientazioko, lan osasuneko eta errealitate sozialari buruzko ikerlanen programak.
  • Nafarroan indarrean zegoen erregimenari dagozkion politika klientelarrarekin lotutako programen jarraipena galaraz dezatela; programa horiek patronala, UGT eta CCOO finantzatzeko baliatzen ziren.
  •  

 

 

 

“LAB 4.0 Gure Garaia”, aro berriko sindikalismoaren ikur

"LAB 4.0 Gure Garaia". Hauxe da sindikatuak aukeratutako goiburua, 2017ko maiatzaren 25 eta 26an Gasteizen egingo duen 9. Biltzar Nagusiari begira. Hitzordu garrantzitsu hori astelehenean aurkeztu genuen Bilbon, leloa eta irudiarekin batera. Hain zuzen ere, goiburuarekin LABen 40 urteko ibilbidea gogora ekarri nahi izan dugu. Lau hamarkada izan dira, lau fase: sorrera, kontsolidazioa, belaunaldi aldaketa eta, laugarren honetan, eredu sindikalaren berritzea.

Aro berri bati begira gaude. Ongi dakigu sistemak baduela bere 4.0 eredua diseinatua, neoliberalismo basati baino basatiago bat oinarri, produkzio sistemei eta kontsumo ereduei dagokienez. Bada, kapitalaren 4.0 kontzeptu zapaltzaileak LABen 4.0 dinamikarekin egingo du topo. Aurrez aurre izango gaitu, garaiko langile borroka eta aro berriko sindikalismoa ikur.

‘Gure Garaia’ dela aldarrikatu nahi dugu. Gogoeta prozesu oso bat egin dugu, gure eredu sindikala birpentsatzeko erronkarekin. Hala, 9. Biltzar Nagusiari begira finkatu dugu norabidea, eskaintza berritu bat, proiektu argi bat, baitugu esku artean. Garai berri bat irekitzera goaz, eta langileak erdigunean egongo dira. Asko hitz egin dugu langile subjektuaren berrosaketaz, kolektibotasunaz, ‘gu’tasunaz. Horregatik, gaur, inoiz baino gehiago, gure nortasuna berretsi nahi dugu. Izan ere, langile klasea hizki larriz aldarrikatzeko garaia da. Gure Garaia da.
 

 

 

Greba arrakastatsua izan da Gipuzkoako grafikagintzan

0


Gaur, azaroak 16, Gipuzkoako grafikagintzako sektoreak antolatu dituen 3 greba egunetik lehenengo izan da, ADEGIk hitzarmenaren negoziazioan mantentzen duen jarrera zurruna salatzeko asmoz. Gaurko grebak erabateko arrakasta izan du. Ditugun datuen arabera, sektoreko enpresen %80a baino gehiagok bat egin dute grebarekin, besteak beste, SAM, Borobil, Corenso, Gohierri, Otzarreta, Cicarsa, Tubopack, Manipulados del Araxes, Gráficas Alte… Datu hau are garrantzitsuagoa da kontuan hartzen badugu sektoreko ia enpresa guztiak enpresa txikiak direla, hau da, 50 langile baino gutxiagokoak.

Esan dezakegu sektoreko langileak argi eta garbi mintzatu direla. Sektoreko hitzarmena defendatzeko prest daude, ADEGI patronalaren soldatak izozteko edota estatuko grafikagintzako hitzarmena ezartzeko jarrera probokatzailearen aurrean. Horregatik LABek exijitzen dio ADEGIri aintzat har dezala gaurko egunean sektoreko langileek adierazi dutena eta sektorean oinarritutako akordio justu baterako proposamena aurkez dezala.
 

 

 

Propaganda gutxiago eta industria politika gehiago eskatu ditugu

0


Gaur, azaroak 16, Kursaalen burutzen ari ziren "Basque Industry 4.0." Jardunaldien harira elkarretaratzea egin dugu Instituzioen aldetik inolako industria politikarik ez dagoela salatuz. Alderantziz, instituzioek subentzio politikak aplikatzen dituzte, hau da baldintzarik gabe enpresariei dirua oparitzea. Hor ditugu Arcelor Zumarraga, Cegasa edo Incoesako adibideak, propaganda bai baina industria politikarik ez da egon kasu guzti hauetan.

Gaurko mobilizazioan erakutsi ditugun argazkien bidez Eusko Jaurlaritzaren industria politika eza agerian utzi nahi izan dugu. Asko izan dira itxitako enpresak, eskualde askotan egoera larria utzi dutenak. Baina bada gehiago ere, traktoreak izan beharko liratekeen lantokiak babesteari uko egin zaio, eta ez da inolako mugarik ezartzen bertako enpresen erabakiguneen deslokalizazioaren kontra. Kapital publikoarekin sortutako enpresetan ere, gaur egun horrelako salmenta prozesuak etengabeak dira.

LABen iritziz jardueren dibertsifikazioa eta balio erantsi gehiagoko jardueren aldeko apustua beharrezkoa da, Euskal Herriko sare industrialaren aldeko apustua egiteko. Horretan sektore publikoak utzia duen motore lana egin beharko luke. Baina eredu hori uztar ezina da lehiatzeko kostuak murrizteko estrategiarekin, prekarietatea bultzatzeko estrategiarekin.

Behin eta berriz entzun dugu Instituzio zein patronalaren aldetik Alemaniara begira daudela, han asmatu zutelako 4.0 kontzeptua, baina guk Espainiako eredua kopiatzen ari direla ikusten dugu: Ikerkuntza eta garapenean EAEn inbertitutakoa ELGEren zenbatekotatik urrun gaude, argitaratu berri den 2016ko COTEC txostenaren arabera. Izan ere eskuragarri dauden azken datuetan (2014koak) Barne Produktu Gordinaren %2,02a inbertitu zen Ikerkuntza eta Garapenean EAEn, %2,87a ELGEn. Gainera, inbertsio horretatik administrazio publikoak finantziatzen duen zatia soilik kopuru horren %25,2a da (%40a ELGEn). EAEn administrazio publikoak ikerkuntza eta garapenari eskeintzen dion finantziazio eskasak argi uzten du sektore publikoak uko egina diola etorkizuneko industriaren garapenean motore papera izateari.

Industria aurreratua saldu arren, prekarietate aurreratua bultzatzen dutela ikusten dugu. Formatutako gazteak kanpora joatera behartzen ari dira, erbesteratze ekonomikora kondenatuz. Negoziazio kolektiborik gabeko industria bultzatzen dute, lan erreformak gidatutako industria, Espainiako hitzarmenak aplikatzen dituen industria. Eta horrek ez dauka inolako etorkizunik. Horregatik gaur ozen esan dugu egiten ari direna "Industria 4.0 ez, industria 0" dela.

 

 

 

Otsailaren 1ean hasiko da Mario Fernandez eta Mikel Cabiecesen aurkako ahozko epaiketa

Kutxabank auziko delituak direla eta, otsailaren 1ean hasiko da Mario Fernandez eta Mikel Cabiecesen kontrako ahozko epaiketa. LAB akusazio partikularra osatzen duten eragileen artean dago, ESK, STEEILAS, HIRU, EHNE-Bizkaia, EKA/OCUV eta Pensionistak Martxan taldearekin batera.

Epaiketa Bizkaiko Auzitegi probintzialean egingo da, 6. Atalean. Otsailaren 1ean, aurreko gaiak landuko dira, eta otsailaren 14, 15 eta 16ean izango dira epaiketa sesioak.

Epaiketaren hasieran, akusazio partikularra osatzen dugun eragileok erakutsi nahi dugu Kutxabanken pribatizazioa eta Euskal Kutxen likidazioa norbere interesetarako erabiltzearen aurka gaudela. Gainera, errudun materialek, eta baita bultzatzaile politikoek ere (EAJ, PP eta PSE-EE), ardura politiko eta penalak onar ditzatela exijitzen dugu.

Prozesu judiziala hasi eta hilabetetara, berretsi egiten gara, enpresa eta politikari batzuen arteko ate birakarien atzean ezkutatzen diren praktika iruzurtien salaketan. Beraien kudeaketa ere salatzen dugu, maila politiko zein kudeaketari dagokionean ere, gaur banku publikoa edo euskal kutxarik ez izatea ahalbideratu zuena.

Likidazio eta pribatizazio prozesu hauek orain akusatuak inputaturik dauzkaten delituak egin ahal izatea ahalbideratu zuten.

Ez da zentzuzkoa aurrezkien depositoen kontrola inbertsore eta espekulatzaileen eskuetan uztea, euskal ekonomiaren, euskal herritarron eta euskal ehun produktiboaren mesedetan erabili beharrean.

Urgentziazko erabakiak hartzea exijitzen dugu, bai pribatizazioaren ibilbidean atzera egiteko, baita euskal sistema finantziero publikoa sortzeko ere.
 

 

 

KPIaren gainetik dauden soldata hazkundeak exigituko ditugu langileen eros ahalmena mantentzeko

0

Kontsumorako Prezioen Indizeak igoera esanguratsua jasan du urrian Hego Euskal Herriko lurraldeetan eta aurreikus dezakegu 2016ko KPIa %1 baino handiagoa izango dela. Honela azken urteetako beheranzko joerarekin amaituko litzateke. Honek ondorioak izango ditu, pentsionisten (%0,25eko birbalorazioa) eta langile askoren eros ahalmena murriztuko da. Horregatik, LAB sindikatuak KPIaren gainetik dauden soldata hazkundeak exigituko ditugu langileen eros ahalmena mantentzeko eta pentsioak birbaloratzerakoan KPI-aren hazkundea kontuan hartzeko.

Kontsumorako Prezioen Indizeak igoera esanguratsua jasan du urrian Hego Euskal Herriko lurraldeetan; hilabete honetan EAEn izan dira prezioen hazkunde handienak eta Nafarroa da erkidego inflazionistena urte arteko %1eko tasarekin.

Urrian Kontsumorako Prezioen Indizea %1,3 igo zen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan urte arteko tasa %0,7an utziz. Nafarroan hazkundea %0,9koa izan zen %1eko urte arteko tasarekin.

Igoera handiena jasan duten taldeak hauek izan dira: “jantziak eta oinetakoak” beherapenen garaia bukatu eta denboraldi berri baten hasierak eraginda, “etxebizitza” elektrizitatearen eta berogailuetako gas eta gasolioaren prezio hazkundearen ondorioz eta “garraioa” erregaiek izan duten prezio igoeraren ondorioz batez ere.

Urtea amaitzeko 2 hilabete falta direnean, badirudi 2016ko KPIa %1 baino handiagoa izango dela, azken urteetako beheranzko joerarekin amaituz. Eta horren ondorioz, pentsionisten (%0,25eko birbalorazioa) eta langile askoren eros ahalmena murriztuko da. Beraz, LAB sindikatuak KPIaren gainetik dauden soldata hazkundeak exigituko ditugu langileen eros ahalmena mantentzeko eta pentsioak birbaloratzerakoan KPI-aren hazkundea kontuan hartzeko.