“Badugu lan osasun politikak aldarazteko tresna: mobilizazioa”
Bilboko eta Iruñeko kaleak hartu ditugu gaur, Lan Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, euskal gehiengo sindikalak deituta. Iaz lanean zendutako lagunak gogoratu eta gero (aurten, 20 langile hil dira jada), istripu hilgarriak "iceberg-aren tontorra" besterik ez direla nabarmendu dugu. Gaixotasun profesionalen ahanztura, emakumeen egoera ikusezina, gobernuek bultzatutako murrizketak, mutuek egin ohi duten negozioa… egoera honi guztiari buelta emateko alternatibak badaudela aldarrikatu dugu. "Borondate politikoa besterik ez da behar osasuna babesteko, sistema alternatibo bat garatzeko, lan munduan nagusi den gaixotasuna, prekarietatea, indargabetzeko", azpimarratu dugu.
Aurtengo apirilaren 28an, Lan Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunean, langile-klasearen osasuna areago okertu dela salatu dugu. Hego Euskal Herrian iaz 53 langile hil ziren lan istripuz, eta aurten 20 lagun hil dira honez gero. Istripuen kopurua %9 areagotu da 2015 urtearekiko. Hala, euskal gehiengo sindikala osatzen dugun sindikatuok kalera irten gara gaur lan osasuna jolasa, denbora pasa, ez dela ohartaratzeko.

Bilboko manifestazioa hasi aurretik, LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek hitza hartu du komunikabideen aurrean, eta langileek lanean osasuna eta bizitza galtzen dutela salatzeko kalera irten garela berretsi du: "Osasuna ez dugu galtzen ezusteak gertatzen direlako, ezartzen dizkiguten lan baldintzek horretara eramaten gaituztelako baizik. Patronalari esaten diogu egia dela legeak aukerak ematen dizkiola baldintza hauek inposatzeko, egia dela gobernuek babesten dutela egiten ari direna, baina esaten diogu ez dela zilegia langileek osasuna galtzea, bizitza galtzea, beraiek irabaziak ateratzeko".

Etxaideren hitzetan, "Euskal Herrian sindikalismo bat dago prekarietatea murrizteko konpromisoa hartu duena, langileen babesarekin. Gaur konpromiso hori berretsi egiten dugu, ez bakarrik heriotzen aurrean, baita gaixotasunak sortzen dituzten lan baldintzen aurrean ere". Eskaera zuzena egin dio Eusko Jaurlaritzari: "Hau eten egin behar da politika zehatzak eginez, neurri zehatzak hartuz. Beraien esku dago".
LABeko idazkari nagusiak gogor kritikatu du Osalanen jarrera: "Lotsagarria eta onartezina da, Osalanen iritziz, enpresariek eta langileek ardura bera dugula esatea".

Bizitza eta osasuna erdigunean jartzeko unea
Prekarietatea da milaka eta milaka langileei diagnostikatu diguten gaixotasuna. Horixe salatu dugu gaurko mobilizazioetan: "Lan mundua gaixorik dago. Sintomak oso adierazgarriak dira, ez dute zalantzarako tarterik uzten: soldata kaskarrak, ordaindu gabeko lanorduak, lan erritmo biziak, azpikontratazioa, malgutasuna gero eta handiagoa… Batzuetan gaitzaren ondorioak berehala agertzen zaizkigu, baina badaude ere urteak eta hamarkadak geroago azaltzen diren osasun-arazo larriak, urteetako esposizioaren ondorioz: hor daude gaixotasun profesionalak, estatistika ofizialetan agertzen ez direnak. Minbizia, neumokoniosia, silikosia… latentzia aldi luzea duten gaixotasun hauek hilgarriak dira, eta askotan langileak sufritu ohi ditu ia erretiratzear dagoenean edo jubilatu ondoren".

Prekarietateak gaixotu eta hil egiten duela berretsi dugu, eta gobernuek bultzatutako murrizketek lan osasunera bideratutako gastu publikoa ezerezean utzi dutela salatu. Prekarietatea sistema kapitalistak lan munduan zabaldu duen pandemia dela adierazi eta gero, gure bizitza goitik-behera baldintzatzen duen gaitza dela nabarnendu dugu: "Pertsonen bizitza eta osasuna erdigunean jartzeko momentua da. Horregatik, Gasteizko eta Iruñeko gobernuen borondate falta ikusita, mobilizazioa indartzea baino ez zaigu geratzen, erakundeak mugiarazteko. Antidotoa egon badagoelako, alternatibak egon badaudelako".

Hain zuzen ere, Gasteizko eta Iruñeko gobernuei honako erabakiak har ditzatela eskatu diegu:
-Enplegu osasuntsu, kalitatezko eta segurua sortzea.
-Baliabide gehiago gaixotasun profesionalak ikertzeko; arreta berezia eman behar zaie emakumeek jasaten dituzten gaitz eta patologiei.
-Osasuna politika guztietan babestu. Politika publikoek osasunean eta osasunaren berdintasunean duen eraginen ebaluazioa sustztea, osasun sektorean zein beste sentoreetan.
-Lan istripuetan eta gaixotasun profesionaletan gertatzen den azpierregistroari jazartzeko neurriak. Erregistro propioa sortzea.
-Lan osasuneko sistema publikoa, sistema publiko osoaren atal gisa.
-Gizarte-Segurantzako sistema propioa sortzea.
-Araudia urratzen duten enpresen gaineko ikuskatze, kontrol eta zigor ugariagoa.
-Egungo egoeran, euskal herri-erakundeek mutualitateen jarduera zaindu eta kontrolatzea.
-Prebentzio sistema publikoa, zeinaren lehentasuna pertsonen osasuna izango den.
-Enpresen prebentzio integral eta integratua, baliabide propioekin garatua.

"Horrenbestez, baditugu alternatibak, eta badugu lan osasun politikak aldarazteko tresna: mobilizazioa. Bada, gure, senideen, lagunen eta gainontzeko langileon guztien osasunaren alde mobiliza gaitezen, lan osasuna ez delako denbora pasa, bizitza baitugu jokoan", zehaztu dugu.
Mobilizazio eta ekimen gehiago
Baionan ere mobilizatu gara gaur, eta Gasteizen atzo irten ginen kalera, aldarrikapen hauek guztiak zabaltzeko helburuarekin. Era berean, Euskal Herriko hainbat txokotan prekarietatearen aurkako aldarriak eta protestak gauzatu ditugu.

Bilboko Udaleko langileek elkarretaratzea egin dute “Mutualitate barik askoz hobeto” lemapean
Berriro ere urtero bezala, apirilaren 28an Lan Osasuna eta Segurtasunaren Nazioarteko eguna dugu. Ez dago ezer ospatzeko langileak hiltzen jarraitzen direlako. Eta egoera hau mantentzeko askotariko arrazoiak daude: lanaren prekarietatea, gehiegizko lan erritmoak enpresarioen diruzalekeria aseezina… Baina erantzukizunak ere badaude: Lan Osasuna Mutualitateen eskuetan uztea, hau da, enpresarioen mutualitateen eskuetan uztea. Langileen osasunerako behar zen diru publikoa entitate pribatuetara desbideratzen da langileen osasunarekin zerikusirik ez duen kudeaketa egiteko. Hau guztia salatzeko, LABek eta ELAk protesta egin dugu Bilboko udaletxearen aurrean.
Hemen, Bilboko Udalean aspalditik salatu dugu Bilboko Udalak Mutualiarekin duen akordioa, kontingentzia arrunten kudeaketa eta jarraipena akordio horretatik atera behar zela behin eta berriro esanez.
Udalak kontrol eta jarraipen horretarako baliabide propioak ditu eta erabiltzen ditu.
Kontingentzia arruntetan Gizarte Segurantzaren Instititutu Nazionalak ordaintzen du baja eta Bilboko Udalak osagarria ordaintzen du %100era iritsi arte, adostuta dugun bezala.
Kontingentzia arruntetan Mutualiak ez du ezer ordaintzen, baina nahi izanez gero, alta eman dezake bai familia medikuaren iritzia zein Udaleko zerbitzu medikuaren iritziaren gainetik pasatuz.
Horregatik, Bilboko Udalak kontingentzia arrunten kudeaketa eta jarraipena Mutualiarekin izatea ez dugu ulertzen, mutualitateak langileen osasunaren mesedetara egon beharrean enpresarioen mesedetara egotearen logika barruan ez bada.
Beraz, ELA eta LAB sindikatuok akordio hori salatzen jarraituko dugu kontingentzia arrunten kontrola eta jarraipena akordiotik atera arte.
Lan istripuen aurrean erantzun bateratua eman behar dugu
LABek ez du sekula hutsik egin eta aurten ere kalean izan da apirilaren 28an, lan osasuna eta segurtasunaren nazioarteko egunean. Hain zuzen ere urtean 2 milioi langile hiltzen dire munduan lan istripu edo gaixotasun profesionalen ondorioz. Egoera larria da, horregatik, gaur hilak 28, LABek Ipar Euskal Herriko beste sindikatuei lan istripuen aurrean protokolo eta erantzun bat adosteko proposamena luzatzen die.
Egoera larria da, eta hala irudikatu nahi izan dugu Baionako herriko etxe aurrean burutu dugun ekintza baten bidez. Aldamio eta hildako langileak irudikatuz maiz isilpean geratzen den gaia azalarazi nahi izan dugu. Istripuak ekiditea posible da neurri egokiak hartuz gero, beraz erakunde zein patronalak behar diren mekanismoak martxan jartzera behartu behar ditugu.
Tamalez arduradun politiko eta enpresa buruek ikusezin egiten dute arazo hau, beraz guri dagokigu arazo hau agendaren erdigunea kokatzea. Lan zentroan zein lanera bidean gertatuko heriotz istripuen aurrean edo istripu larrien eta suizidioen aurrean hartu beharreko jarrera era kolektiboan definitzea ezinbestekoa dela deritzogu eta eztabaida horri ekingo diogu maiatzaren 3an egingo dugun lehen batzarrean.

Hirugarren greba eguna egin dute Carrefour Oiartzunen
Carrefour Oiartzungo langileek apirilerako deitutako lan uzteei jarraipena eman diete gaur, hilaren 15 eta 18ko greben ostean. "Hemen lan egin, hemen erabaki" aldarria zabaldu dute berriro, enpresak langileen lan baldintzak negoziatzeari behin eta berriz uko egin eta gero. Hala, Oiartzungo saltokia itxi dute grebalariek, euren eskubideen defentsan.
"Hemen lan egin, hemen erabaki" aldarria izan du ardatz protestak. Hain zuzen ere, Carrefour Oiartzungo langileek enpresari langile asanbladan erabakitako 11 aldarrikapenez osaturiko negoziazio proposamena helarazi zioten. Honen aurrean, enpresak erantzun zuen saltoki handietako hitzarmen estatala negoziatzen ari zen bitartean hemen ez negoziatzeko erabakia hartua zuela. Etorkizunari begira inolako negoziazio konpromisorik ere ez zuen hartu enpresako zuzendaritzak. Hau horrela izanik, mobilizatzea erabaki dute langileek, eta apirilean hiru greba egun egin dituzte.
BBVAk zentsuratu egin du Maiatzaren Lehenerako argitaratu dugun agiria
BBVAko Lan Harremanen zuzendaritzak uko egin dio LABek argitaratutako Maiatzaren Leheneko agiria banatzeari intraneteko e-postaren bidez, BBVAko LAB Sail sindikalari zentsura ezarriz. LAB sindikatuak salatu egiten du adierazpen askatasunaren aurkako eraso hau, bankuak berak ezartzen dituen irizpide murriztaile eta subjektiboak bidegabeak direlako eta pentsamentua eta adierazpen askatasunaren kontrakoak.
Hau da gertatutakoa: BBVAn akordio bat dago indarrean, 2014an adostua, funzio sindikalaren jarduera arautzeko. Akordio horretan Intranetaren erabilera arautzen da , eta sindikatuetako agiriak langile guztiei e- postaren bidez bidaltzeko sistema bat ezartzen da. Bertan, literalki, zera esaten da agirien informazioei buruz: “Transmititu beharreko informazioak zorrozki lanekoa den edukia izan beharko du eta zuzenean langileen legezko ordezkaritzari lotutako funtzioekin harreman zuzena duena”.
BBVAko LAB Sail sindikalak sindikatuak argitaratutako agiri orokorra bidali zuen apirilaren 25ean intraneten dagoen orriaren bidez langile orori bidaltzeko. Bankuak aurrez ikuskatzen ditu bidalitako agiriak. Maiatzaren Leheneko manifestazioetara deitzeko LABen agiriak euskal estatua eta burujabetza osoa aldaketa sozialerako eskatzen ditu.
Hori lan-arloko informazioa ez dela argudiatuz, bankuak apirilaren 27an LABeko Sail sindikalari jakinerazten dio ez duela agiria bidaliko. LABen sail sindikalak zentsura dela erantzuten dio bankuari, eta eurak ez direla nor zer den lan-arloko interesekoa esateko. Langileok eurek esan behar dute zer den ala ez den irakurtzeko interesgarria euren buruaren jabe direlako.
Berriro esango dugu, argi ta ozen. Guretzat, aldaketa soziala eta burujabetza lotuta daude. Hortan, adibidez, Euskal Herriko lan-harremanetako esparrua eta Euskal Herriko bankako hitzarmen kolektiboa doaz.
Okupazioak behera egin du urte hasierarekin, azpienpleguak gora egin duen arren
Honek lan merkatuaren egoera gehiago okertzea dakar, bere azken hiru urteetako bilakaerak prekarietatea eta azpienpleguaren gorakada arriskutsua izkutatzen ditu. Izan ere, INEk gaur zabaldutako Biztanlego Aktiboaren Inkestaren arabera, urtearen lehen hiruhilabetekoan lanaldi osoko 17.800 lanpostu suntsitu ziren Hego Euskal Herrian, eta era berean lanaldi partzialean okupatutako 8.800 pertsona gehiago zenbatu ziren.
Azken finean, suspertze ekonomikoa ez da modu bidezko eta orokortuan islatzen sektore sozial guztietan eta horregatik pobrezia eta desberdintasuna krisiaren aurreko garaietan baino maila larriagoetara iritsi dira.
Garrantzitsua da nabarmentzea egungo aldi baterakotasun eta laneko errotazio mailak, azpienpleguaren hedatzea orduen eznahikotasunagatik eta soldata apalak lan-erreformen ondorio zuzena direla, eta prekarietatea arau bihurtu nahi duten praktika enpresarialena.
Zehazki, lan-baldintzak okertzea da pobrezia tasen gorakada azaltzen duen faktore nagusia, ez soilik aldi baterako enplegua duten pertsonen artean, baita enplegu egonkorra dutenen artean ere. Horrela erakusten dute berriki kaleratutako inkesta ofizialek, hala nola urtarrilean Lakuako Enplegu eta Politika Sozialen Sailak argitaratutakoak.
Testuinguru honetan, euskal langile-klaseari dei egiten diogu LABek Maiatzaren Lehena dela eta “Burujabetza osoa aldaketa sozialerako” lemapean egingo dituen mobilizazioetan parte hartzera, horrela erabakitzeko gaitasuinaa eta gure lan-eskubideak eta babes sozialeko bidezko eredu bat bermatzeko mekanismo propioak aldarrikatzeko.

