2026-09-28
HomeIndustriaMetalgintzaSunsundegui kontratazioetan iruzurra egiten ari dela salatu dugu

Sunsundegui kontratazioetan iruzurra egiten ari dela salatu dugu

Sunsundeguin, 330 langile dituen enpresa honetan, gaur egun, behin-behinekotasun tasa %42koa da, aurten 50 langile utziko ditu kale gorrian, hauek beste batzuengatik ordezkatuz eta ze langile geratuko diren ala ez erabakitzeko garaian irizpide diskriminatzaileak erabili ditu. Beste modu batera esanda Sunsundegui enpresa kontratazioetan iruzur egiten ari da, langileak banatzeko tresna gisa eta prekarietatea hedatzeko tresna gisa erabiltzen ari dira.

Gaur egun, lan karga nahikoa dago enpresan kontratu mugagabe gehiago egiteko. Horren adibide garbia da enpresan sartzen diren ordu estra kopuruak (Lan Ikuskaritzak askotan enpresa zigortu izana egoera horren adierazle da) edo enpresaren saiakerak urteko lan ordu kopurua handitzeko.

Enpresa aurrera eramaten ari den politika baztertzailea bere proiektu industrialaren aurkakoa dela deritzogu. Enpresaren datuen arabera lan karga mantendu egiten da eta ondorioz pertsona hauek kaleratu ostean beste batzuk kontratatzera behartuak egongo dira. Beraz, pertsona berri hauek, berriro ere formatu beharko dira. Lan poltsa prekario bat sortzen ari dira. Jada, hau gertatzen ari da, kontratazioan iruzur eginez eta produkzioan gain kostu bat sortuz, proiektuari kalte eginez.

LABek egoera hau salatu nahi du iritzi publikoaren aurrean, jakinarazi nahi dugu ere beharrezkoak diren neurri judizial eta ekintza sindikalekoak hartzeko prest gaudela, prekarietateari aurre egiteko eta kontratazioan jasotzen den iruzurrari aurre egiteko. Bide honetatik jarraituz, kontratuak amaitzen dituzten pertsona guztiei, beren auzia epaitegira eramateko proposamena egiten diegu, kaleratzeak iruzurra direlako.

Modu berean ere, kontratazio politika baztertzailea salatu nahi dugu. Gogoratu behar dugu proiektu industrial hau diru publikoak lagundu duela, egungo zuzendaritzak bezala pentsatu ala ez pentsatu.

LAB sindikatuak proposamen ezberdinak egin ditugu behin behinekotasuna %42tik %20ra jaisteko, negoziazioa eta akordioak bilatuz. Enpresaren itxikeriak agortutzat ematen du bide hau, eta ondorioz fase hau. Horregatik LAB sindikatuak salaketa eta mobilizazioaren bidea da ikusten duen bide bakarra.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzan bidea borroka dela aldarrikatzen dugu

Osakidetzako mobilizazio dinamikaren hasierak negoziazioa ireki du, baina Osakidetzako lan baldintzak arautzen dituen akordioa negoziatzeko lehenengo zirriborroak eta giza baliabideak antolatzeko plan berriaren proposamena behar bezain garatuta ez daudela uste du LABek. Horregatik, egoera bideratzeko, greba eta mobilizazioak giltzarri izango direla uste du sindikatuak.

Ez dugu sinatu Gipuzkoako enpresa transitarioen sektoreko hitzarmena

Sindikatuak ez du babestu salgaien garraioaren antolakuntzan jarduten duten enpresen sektoreko hitzarmena; izan ere, ATEIAk, sektoreko patronalak, egin duen azken eskaintzak ez die sektoreko langileek dauzkaten behar errealei erantzuten. Pasa den hitzarmenaren iraunaldia amaitu baino lehen, gure komunitatearekin batera saretze lana egin eta lanketa berezia burutu genuen sektoreak zeuzkan egiazko beharrak identifikatu eta aldarrikapen plataforma integrala egiteko. Hala, hitzarmen berria negoziatzeari ekitean, 16 puntuz osatutako plataforma aurkeztu genion ATEIAri. Ordea, patronalak entzungor egin die aldarrikapen guzti horiei eta iraunaldian, soldata-taulen gaineko soldata igoeretan eta lanaldi murrizketan baino ez du fokua jarri. Itxura batez akordio ona dirudienak, baina, mamia falta du. Izan ere, langileen ehuneko handi batek soldata taulen gaindiko soldatak dauzka aspaldi eta akordioak aurreikusten dituen soldata igoerek ez dute langileen ehuneko handi horrengan eraginik, izan ere, hitzarmenak ez du soldata errealen gaineko soldata igoerarik aurreikusten. Gainera, hitzarmenak hainbeste lan-kategoria edukita, horietako bakoitzaren funtzioen definizioen arteko aldea oso txikia da, ondorioz, maiz egin behar izaten ditu langileak haren lan-kategoriari ez dagozkion funtzioak. Hori konpontzeko, barne promozio automatikoak arautu izan ditugu iraganean, oraingoan, ordea, patronalak ez dio arazo horri konponbiderik eman nahi izan. Hori gutxi ez eta, gainera, zenbat eta denbora gehiago pasa, orduan eta zaharragoa da bertan lan egiten duen langilearen profila. Horri konponbidea eman eta sektorea gaztetzeko, errelebo kontratuak derrigor egitea arautu nahi genuen, baina, beste behin, ATEIAK ez du ezer konpondu nahi izan. Horregatik guztiagatik, sektoreko LABen komunitateko langileekin edukia aztertu balantzan jarri ondotik, hitzarmena ez sinatzea erabaki dugu. Aurrerantzean, sektoreko hitzarmenaren testuinguruan erdietsi gabeko edukiak lortzeko, enpresaz enpresa lan eta borroka egingo dugu tokian tokiko hobekuntza paktuak eginez. Era berean, akordio hori aski ez dela uste duten langileei deia luzatzen diegu LABekin batera bidea egin eta lan-baldintzak behar bezala hobetzeko.

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.