Bilboko eta Iruñeko kaleak hartu ditugu gaur, Lan Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, euskal gehiengo sindikalak deituta. Iaz lanean zendutako lagunak gogoratu eta gero (aurten, 20 langile hil dira jada), istripu hilgarriak "iceberg-aren tontorra" besterik ez direla nabarmendu dugu. Gaixotasun profesionalen ahanztura, emakumeen egoera ikusezina, gobernuek bultzatutako murrizketak, mutuek egin ohi duten negozioa… egoera honi guztiari buelta emateko alternatibak badaudela aldarrikatu dugu. "Borondate politikoa besterik ez da behar osasuna babesteko, sistema alternatibo bat garatzeko, lan munduan nagusi den gaixotasuna, prekarietatea, indargabetzeko", azpimarratu dugu.

Aurtengo apirilaren 28an, Lan Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunean, langile-klasearen osasuna areago okertu dela salatu dugu. Hego Euskal Herrian iaz 53 langile hil ziren lan istripuz, eta aurten 20 lagun hil dira honez gero. Istripuen kopurua %9 areagotu da 2015 urtearekiko. Hala, euskal gehiengo sindikala osatzen dugun sindikatuok kalera irten gara gaur lan osasuna jolasa, denbora pasa, ez dela ohartaratzeko.

Bilboko manifestazioa hasi aurretik, LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek hitza hartu du komunikabideen aurrean, eta langileek lanean osasuna eta bizitza galtzen dutela salatzeko kalera irten garela berretsi du: "Osasuna ez dugu galtzen ezusteak gertatzen direlako, ezartzen dizkiguten lan baldintzek horretara eramaten gaituztelako baizik. Patronalari esaten diogu egia dela legeak aukerak ematen dizkiola baldintza hauek inposatzeko, egia dela gobernuek babesten dutela egiten ari direna, baina esaten diogu ez dela zilegia langileek osasuna galtzea, bizitza galtzea, beraiek irabaziak ateratzeko".

Etxaideren hitzetan, "Euskal Herrian sindikalismo bat dago prekarietatea murrizteko konpromisoa hartu duena, langileen babesarekin. Gaur konpromiso hori berretsi egiten dugu, ez bakarrik heriotzen aurrean, baita gaixotasunak sortzen dituzten lan baldintzen aurrean ere". Eskaera zuzena egin dio Eusko Jaurlaritzari: "Hau eten egin behar da politika zehatzak eginez, neurri zehatzak hartuz. Beraien esku dago".

LABeko idazkari nagusiak gogor kritikatu du Osalanen jarrera: "Lotsagarria eta onartezina da, Osalanen iritziz, enpresariek eta langileek ardura bera dugula esatea".

Bizitza eta osasuna erdigunean jartzeko unea 
Prekarietatea da milaka eta milaka langileei diagnostikatu diguten gaixotasuna. Horixe salatu dugu gaurko mobilizazioetan: "Lan mundua gaixorik dago. Sintomak oso adierazgarriak dira, ez dute zalantzarako tarterik uzten: soldata kaskarrak, ordaindu gabeko lanorduak, lan erritmo biziak, azpikontratazioa, malgutasuna gero eta handiagoa… Batzuetan gaitzaren ondorioak berehala agertzen zaizkigu, baina badaude ere urteak eta hamarkadak geroago azaltzen diren osasun-arazo larriak, urteetako esposizioaren ondorioz: hor daude gaixotasun profesionalak, estatistika ofizialetan agertzen ez direnak. Minbizia, neumokoniosia, silikosia… latentzia aldi luzea duten gaixotasun hauek hilgarriak dira, eta askotan langileak sufritu ohi ditu ia erretiratzear dagoenean edo jubilatu ondoren".

Prekarietateak gaixotu eta hil egiten duela berretsi dugu, eta gobernuek bultzatutako murrizketek lan osasunera bideratutako gastu publikoa ezerezean utzi dutela salatu. Prekarietatea sistema kapitalistak lan munduan zabaldu duen pandemia dela adierazi eta gero, gure bizitza goitik-behera baldintzatzen duen gaitza dela nabarnendu dugu: "Pertsonen bizitza eta osasuna erdigunean jartzeko momentua da. Horregatik, Gasteizko eta Iruñeko gobernuen borondate falta ikusita, mobilizazioa indartzea baino ez zaigu geratzen, erakundeak mugiarazteko. Antidotoa egon badagoelako, alternatibak egon badaudelako".

Hain zuzen ere, Gasteizko eta Iruñeko gobernuei honako erabakiak har ditzatela eskatu diegu:

-Enplegu osasuntsu, kalitatezko eta segurua sortzea.
-Baliabide gehiago gaixotasun profesionalak ikertzeko; arreta berezia eman behar zaie emakumeek jasaten dituzten gaitz eta patologiei.
-Osasuna politika guztietan babestu. Politika publikoek osasunean eta osasunaren berdintasunean duen eraginen ebaluazioa sustztea, osasun sektorean zein beste sentoreetan.
-Lan istripuetan eta gaixotasun profesionaletan gertatzen den azpierregistroari jazartzeko neurriak. Erregistro propioa sortzea.
-Lan osasuneko sistema publikoa, sistema publiko osoaren atal gisa.
-Gizarte-Segurantzako sistema propioa sortzea.
-Araudia urratzen duten enpresen gaineko ikuskatze, kontrol eta zigor ugariagoa.
-Egungo egoeran, euskal herri-erakundeek mutualitateen jarduera zaindu eta kontrolatzea.
-Prebentzio sistema publikoa, zeinaren lehentasuna pertsonen osasuna izango den.
-Enpresen prebentzio integral eta integratua, baliabide propioekin garatua.

"Horrenbestez, baditugu alternatibak, eta badugu lan osasun politikak aldarazteko tresna: mobilizazioa. Bada, gure, senideen, lagunen eta gainontzeko langileon guztien osasunaren alde mobiliza gaitezen, lan osasuna ez delako denbora pasa, bizitza baitugu jokoan", zehaztu dugu. 

Mobilizazio eta ekimen gehiago
Baionan ere mobilizatu gara gaur, eta Gasteizen atzo irten ginen kalera, aldarrikapen hauek guztiak zabaltzeko helburuarekin. Era berean, Euskal Herriko hainbat txokotan prekarietatearen aurkako aldarriak eta protestak gauzatu ditugu.