IRAULTZEN 173
LABen aldizkari nazionala 173. alea 2016ko negua
Borrokari esker, oso aurreakordio ona lortu dugu Gipuzkoako grafikagintzan
Sektoreko langileek egindako borrokari esker Adegik hitzarmenaren negoziaketan mantentzen zuen jarrera immobilistarekin bukatzea lortu dugu. Hiru greba egunen ostean, Adegik negoziazio mahaia deitu eta proposamen berri bat aurkeztu du, 2016rako soldata igoera eskainiz (2016rako soldata izoztu nahi zuen). Adegiren jarrera aldaketa honek ahalbidetu du, gaur, sektoreko hitzarmena berritzeko aurreakordioa adostu izana.
Aurreakordioaren edukia:
-Indarraldia: 3 urte (2016, 2017 eta 2018).
-Soldataigoera: -2016:KPI+0’8.
-2017: KPI. – 2018: KPI.
-Soldata eta lanaldia arautzen dituen eranskinen ultraktibitatea 3 urtez (36 hilabete) luzatuko dira. Hori dela eta, sektoreko lan baldintza guztiak, baita soldata eta lanaldia ere, 2021era arte bermatuak daude.
-Gainerako lan eskubideak bere horretan mantenduko dira.
Aurreakordio honekin, LABek negoziazio honi jarritako helburuak bete ditu:
1. Langileen eros-ahalmena bermatzen da, bere osotasunean KPIaren gaineko soldata igoerak bermatzen direlako.
2. Prekarietateari atea ixten zaio. Espainiako Grafikagintzako hitzarmena kanpoan utzi dugu. Eranskinen ultraktibitatearen luzapenarekin, lan erreformari aurre egin diogu sektoreko hitzarmena blindatuz estatuko hitzarmenaren aurrean. Aurrerantzean Adegik ezingo du estatuko hitzarmena ezartzearekin mehatxatu akordio kaskarra lortzeko asmoz. Lorpen honekin, langile guztien lan eskubideak blindatu ditugu, baita kontratazio berrienak ere.
3. Murrizketarik gabeko hitzarmena lortu dugu, egun dauden eskubide guztiak mantentzen baitira.
LABek sektoreko langileak zoriondu nahi ditu egindako borrokagatik eta erakutsitako adoreagatik. Adegiren jarrera oso gogorra izan den arren, hitzarmena defendatzeko langileek erakutsitako jarrera erabakigarria izan da. Borrokak merezi du!
Delegatuen batzarrak aurreakordioa babestuz gero, ostegunean behin betiko akordioa sinatuko genuke Lan Harremanetarako Kontseiluan (LHK).
Turkiako KESK sindikatuari elkartasuna adierazi nahi diogu
Langile hauen aldarrikapenak azaleratzeko eta kaleratutako langileak berriro ere beraien lanpostuetara itzularazteko, eta dekretu hauek bertan behera gelditzeko eta salbuespen egoeraren praktika bidegabeak salatzeko, KESK bezala martxa bat eginen da oinez, Istanbuletik Ankarara (gutxi gora behera 450 km) kotxeen laguntzarekin. Kaleratutako KESK-eko kideak, afiliatu eta exekutiboko kideek martxan parte hartuko dute. Martxak 8-10 egun irautea espero da eta erran bezala bukaera Ankaran izanen da. Bertan martxari bukaera emateko manifestazio jendetsu bat eginen da.
Gaur egun Turkian gertatzen ari dena salatu beharrean gaude. Bertan oinarri-oinarrizko eskubide zibilak urratzen ari dira eta KESK-eko kideekin gertatzen ari dena horietako bat da. Ezin gara geldirik eta isilik gelditu oinarrizko giza eskubideak urratzen ari diren bitartean.
Aldi berean munduan zehar Turkian estatu kolpearen ondotik gertatzen ari dena ezagutu arazi behar dugu, eta horregatik gure klase eta internazionalista ikuspegitik elkartasun mezu hau bidaltzen diogu KESK sindikatuari, klase batasuna beharrezkoa delako gobernuaren eraso hauen aurrean.
Mobilizazioak jendetsuak eta masiboak izatea espero dugu, eta KESK-ek mobilizazio hauekin dituen helburuak lortzea espero dugu.
Uriarte sailburuak guztion iritzia biltzeari muzin egin dio berriro
Baina ez da lehenengo aldia halakoa gertatzen denik, gertakizun puntuala baino jarrera kontu bat izaten ari da. Guretzako jarrera hau guztiz kontrako norabidean doa, Hezkuntza gaietan hezkuntza komunitate eta herritar oro parte hartzeko bideak iraunkorki irekiak egon behar dira, denon arteko parte hartze eta adostasunek ekarriko baitute Euskal Herriak behar duen hezkuntza eredua. Izan ere, norbaitek pentsatzen du hezkuntza eragile guztien partehartzea bermatu gabe egin daitezkeen irakurketak edo proposamenak eraginkorrak izango direnik? Norbaitek pentsatzen du Hezkuntza Saileko lau pareten artean egin daitezkeen analisi, elkarlan edota adostasunak eramango gaituela hezkuntza sistema propioruntz? Hezkuntza ez al da ba gizarte osoaren zeregina?
Euskal Herrirako hezkuntza eredua eraiki nahi bada, ezinbestean, guztion parte hartzearekin egin behar da .Hezkuntza plazara eraman, herritarron artean eztabaida sustatu eta herri akordioa erdietsi.
Etxaide: “Erakundeak beste alde batera begira ari dira lan istripuen aurrean”
Euskal gehiengo sindikalak lan istripuak salatzeko manifestazio bat egin du gaur Bilbon. Neurri zehatzak har ditzatela eskatu diete erakundeei, eta lan heriotzen atzean prekarietatea dagoela salatu dute. LABeko idazkari nagusiak aurten Hego Euskal Herrian hil diren 53 langileak gogora ekarri ditu Confebasken egoitzaren aurrean.
Prekarietateak hil egiten duela ukaezina da. Datuak ikusi besterik ez dago: aurten 53 pertsona hil dira lan istripuen ondorioz, Hego Euskal Herrian. Gainera, azpimarratu behar dugu izan diren istripu hilgarrien herena azpikontratetan izan direla. Arazo larri baten aurrean gaude. Izan ere, prekarietatea, enpleguaren kalitate eskasa eta prebentzio neurri egokiak ez hartzea dira lan istripu eta gaixotasunen oinarrian dauden egiturazko arrazoiak. Beraz, egoera irauliko duten neurriak har daitezen aldarrikatuz, euskal gehiengo sindikalak deituta, kalera irten gara gaur, Bilbon, “Prekarietatea hiltzailea, lan istripu gehiagorik ez” lemapean.
LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek hitza hartu du Confebasken egoitzaren aurrean, eta borondatea eskatu die instituzioei lan heriotzak saihesteko. "Erakundeak beste alde batera begira ari dira lan istripuen aurrean", salatu du. "Ekidin zitezkeen heriotz asko gertatu dira lan munduan. Hauxe da sindikalismoak, edozein langilek, egin dezakeen salaketarik bortitzena", azpimarratu du. Lan baldintzak hobetu, segurtasun neurri egokiak hartu eta prebentziorako behar beste inbertsioa egin. Hauxek dira Etxaidek egindako aldarrietako batzuk lan istripuak saihesteko, eta instituzioei ekimena har dezatela eskatu die: "Ez dago aitzakiarik lan istripuen aurrean ekimen instituzionala ez indartzeko. Kontua da ez diotela behar adina garrantziarik ematen, eta, horrela izan bitartean, mobilizatzen jarraituko dugu", adierazi du.
Bilboko manifestazioan aldarrikapenak nagusi izan dira, lanean hildako pertsonak gogoan. Egoera aldatzeak neurri zehatzak hartzea eskatzen du. Hala nola, enplegu duina eta kalitatezkoa sortzea lehentasunezkoa izan behar dela deritzogu; lan osasun politikak errotik aldatzeko eskatzen dugu, horretarako behar diren baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak handituz; enpresen gaineko kontrola, ikuskaritza eta zehapen eredugarria areagotzea exigitzen dugu eta lan osasun politiketan lanbide-gaixotasunei beharrezkoa duten zentraltasuna ematea beharrezko ikusten dugu.
Eskandalagarria da oraindik ere lan egiteagatik langileak hitzea. Errealitate honen aurrean, Confebaskek ez du arrazoi honi buruz ezer jakin nahi, euskal erakundeen ahotan ere ez dugu egoera irauli dezaken aldaketarako neurririk entzuten. Ardura zuzena dute, beraz. Bada garaia gaiari heldu eta langileak erdigunean jarriko dituen eredu baten alde urratsak emateko.
Ostalaritzako akordio markoaren mahaia osatu da, gure parte hartzearekin
LABek, gure hitzarmenei lehentasuna emateko testu bat planteatzeaz gain, eta honakoa ostaralitzaren esparruan egingo den egituraren inguruko akordioa izanik, honako alderdiok ere planteatu ditu. Batetik, Gipuzkoa eta Arabako ostalaritzako hitzarmenen negoziazioari aurre egiteko neurri eranginkorrak. Bigarrenik, EAEn kolektibitateentzako (prestatutako janarien enpresak) negoziazio esparru bat sortzea adostea.
Hain zuzen ere, ostalaritzako akordio markoaren mahaia atzo osatu zen. Hurrengo bilera urtarrilaren 9an izango da.
Arabako Foru Aldundiko EPEa
2016ko Arabako Foru Aldundiko EPEari erantzunez, hau da gaitegi orokorrari buruz prestatu dugun materiala:
1.- A1 eta A2 taldeetako gaitegi orokorra. Lege batzuk ez daude euskaraz.
2.- Europar Batasuneko gaiak jorratzeko bi dokumentu.
b. Bestetik, euskaraz ikasteko interneten aurkitu dugun dokumentu bakarra , 2010ekoa IVAPekoa, zeinean 59.orrialdean europar batasuneko hainbat gai agertzen diren. Hala ere, kontuz ibili dokumentu honekin, 2010eko izanda, guztiz gaurkotuta ez egotea gerta daiteke. Dokumentua ikusteko: http://www.izenpe.com/s154812/es/contenidos/informacion/bibl_digital/es_documen/adjuntos/administrazio_kidegoa.pdf
3.- Plaza ezberdinetara aurkezteko beharrezkoak diren titulazioen taula bat.
4.- Gaztelaniaz bildu dugun gaitegi orokorra:
Azkenik, GOGORATU izena emateko epea a zabalik dagoela eta ABENDUAREN 27AN BUKATZEN dela.
Informazio osoa eskuratzeko eta izena emateko (interneten bidez bakarrik egin daiteke) orrialdea hauxe da:
http://www.araba.eus/PortalEmpleo/inicio/FPEP0001principal_eu.asp
Edozein zalantzarako:
AFAko LABeko Atal Sindikala
Jesusen Zerbitzarien Kalea 3- 2.
Vitoria-Gasteiz, 01003
Tlfnoa: 945181818 Luz. 52312
sindicatolab@araba.eus

