2025-12-29
Blog Page 976

Aldaketa euskaraz egiteko garrantzia aldarrikatu dugu

Euskararen Nazioarteko eguna ospatu berri dugun honetan LABek euskararen normalizazioaren aldeko konpromisoa adierazi nahi izan du. Urtero egiten den euskal liburu eta disko azokaren harira Durango euskaltzalez betetzen dela baliatuz, LAB sindikatuak kontzentrazioa egin du “langileok aldaketa euskaraz” aldarrikatuz.


 

 

 

Pobretu eta prekarizatu egiten gaitu Espainiako Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatak

Igoera eman bada ere, LABentzat ez da nahikoa. Gure aldarrikapena 1.200 eurotan kokatua dago egun, Estatu espainolak ezartzen duen gutxieneko soldata, aurtengo igoera barne, oso baxua delako euskal langileriarentzat.

Baxua da Espainiako Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata, Hego Euskal Herriko soldatak Estatu espainoleko soldatekin alderatuz, %13 altuagoak direlako (bataz beste). Hortaz, Hego Euskal Herrian ordainsari duina eta onargarria bermatzeko eginkizuna betetzeko orduan, Espainiako Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren ezintasuna are nabarmenagoa da.

Alor soziolaboralean Espainiako Estatuarekiko dugun menpekotasun politiko-administratiboak mugatu, pobretu eta
prekarizatu egiten gaitu. Estatutik inposatzen zaigun Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata hain baxua izatea, ezin da aitzakia edota arazo gisa erabili hortik gorako gutxieneko soldatak defendatzeko. Ez dago muga legalik hortik gora ordaintzeko, patronalaren borondate falta baizik. Eroso daude eta, ahal izanez gero, are eta gutxiago ordainduko lukete.

Bukatzeko, Hego Euskal Herriko erakundeei esparru sozio-laboral propioa lortzeko konpromiso sendoa hartzeko eskatzen
diegu. Berton erabaki eta zehaztu nahi ditugu gure enplegu eta babes sozialerako politikak, berton bizi eta lan egiten dugun heinean.
 

 

 

“Estatu espainolak ez du inongo borondaterik bake prozesuaren alde egiteko”

LABek SEPE zebitzuaren aurka salaketa jarri du, prebarikazio delitu bat leporatuta, kartzelatik irtetzen ari diren euskal preso politikoei legez dagozkien diru laguntzak ukatzeagatik.

"Gaur salatutako hau beste adibide bat da aspalditik esaten ari garenari buruz: Estatu espainolak ez du inongo borondaterik bake prozesuaren alde egiteko eta gatazka konpontzeko; mendekua du oinarri eta, horrenbestez, gatazkaren logika elikatzen ari da". 

LABeko Exekutiboko kide Arantzi Sarasolaren hitzak dira hauek, Bilbon gaur egindako agerraldiaren harira. Hain zuzen ere, sindikatuko kideak SEPEren aurka jarritako salaketaren berri emateko agertu dira komunikabideen aurrean, Espainiako Estatuko Enplegu Zerbitzuek kartzelatik ateratzen ari diren euskal preso politikoei legez dagozkien diru laguntzak ukatu eta gero. Prebarikazio delituagatik jo du epaitegietara LABek.

Salaketak SEPEko Bizkaiko Probintzi Idazkaria izango du jomuga, baina eduki eta izaera bereko ebazpenak hartu dituzten edo har ditzaketenen kontra ere egingo du sindikatuak; beste Probintzi Idazkari zein SEPEren erabakiaren jatorrian leudekeen funtzionario edo autoritate orori zabaldu litezke salaketak, bai ebazpen horien izapidetzan beharrezko laguntza edo sostengua emateagatik edo berrikusteko duten legezko betebeharra ez betetzeagatik.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak SEPEren jokabidearen kontra ebatzi du; hala ere, diru laguntzak ukatzen jarraitu du Bizkaiko idazkariak. LABeko ordezkariek jakinarazitakoaren arabera, idazkariarekin jarri dira harremanetan, eta jaso duten argibide bakarra "Madrildik datozen aginduak" betetzen ari dela izan da.

Arantzi Sarasolaren arabera, SEPEk aurrera eramandako halako erabaki bat ez da Estatuaren babesik gabe hartzen: "Ezin dugu ezer ere espero Estatu espainoletik, ezta estatu frantsesetik ere. Euskal eragileon gaitasunari esker lortuko dugu gatazkaren konponbide osoa. Era berean, mobilizatzeko dugun gaitasuna giltzarria izango da presoak etxera ekartzeko eta euren eskubide guztiak errespetatzeko".
 

 

 

Langabezia behera, prekarietatearen gorakadaren kontura

Azaroan 3.261 pertsonetan egin zuen behera Hego Euskal Herrian langabeziak. Egun, 176.616 pertsona daude langabezian lau herrialdeetan, enplegu zerbitzu publikoetan izena emanda.

Hala ere, Gizarte Segurantzaren afiliazio datuek argi uzten dute enpleguaren bilakaera ez dela hain baikorra izan, aurreko hilabetean baino 1.267 pertsona gehiago daude afiliatuta. Honek harremana izan dezake lana aurkitzeko esperantza galtzeak sortzen duen etsipenarekin eta enplegua modu aktiboan bilatzeari uztearekin.

Horrela, estatistika ofizialetan agertzen ez den ezkutuko langabezia boltsa egon badagoela ikusten dugu, eta konprobatzen dugu epe luzeko langabeziaren eragina gero eta handiagoa dela eta kronifikatzeko joera duten bazterkeria egoerak islatzen dituena.

Honen ondorioz, eta PPko gobernuak onartutako erreformez ondorioz, langabeziagatiko estaldurak beheranzko joerarekin jarraitzen du eta egun, langabetuen %30ak soilik jasotzen du langabeziagatiko prestazioren bat.

Beste alde batetik, sortutako enplegua oso kalitate kaskarrekoa da, sinatutako kontratuen %93 baino gehiago aldi baterakoa delako eta %40a lanaldi partzialekoa.

Hortaz, enpleguaren berreskurapena desiragarri litzatekeena baino geldoagoa izaten ari da, baina onartezina ere bada bere izaera prekario eta desegonkorrari erreparatzen badiegu, eta miseriazko soldatei ere.

Zentzu honetan, beharrezkoa da gure ekintza sindikalaren oinarria prekarietatearen kontrako borroka eta eredu ekonomikoaren eraldaketan mantentzea, agenda politikoan ere presente egon behar den konpromisoa.
 

 

 

Lan baldintzak okertzeko neurriak besterik ez ditu proposatu Sidenorreko zuzendaritzak

0

Talde osoko plantillan eragingo lukeen aldi baterako EEEa proposatzen du, langile guztien urteko lanaldiaren %50aren erabilera eskatuz. Gero, lantegi bakoitzaren egoera produktiba eta ekonomikoaren arabera, aplikatu beharreko portzentaia desberdina izango litzatekelarik. Honekin batera, lantegi desberdinetako akordioetan jasotako lan baldintzei eragiten dien neurri osagarriak proposatzen ditu.

Planteamendu honi bere desadostasuna agertu dio LABek. Lantegi bakoitzaren egoera produktiboa eta ekonomikoa desberdina dela kontuan hartuz, uste dugu egokiagoa litzatekeela lantegi bakoitzean beharrezko neurriak aplikatzea. Lantegi batzuetan produkzioa ia %100era iristen dira eta Aldi Baterako EEEa aplikatuz gero kaltetuta suertatuko lirateke.

Sindikatu batzuk ontzat eman dituzte enpresaren argudioak. Larria iruditzen zaigu, Aldi Baterako EEEaren zergaitiak onartzeak erraztasunak ematen dituelako enplegu murriztu zein etorkizun batean lantegiak ixteko. Negoziazioan zehar informazio gehiago eman dezala eskatu diogu zuzendaritzari eta, batez ere, Plan Industriala aurkeztea, egoera horretatik ateratzeko aplikatu beharreko neurriak planteatuz eta zuzendaritzak hartzen dituen konpromisoak zeintzuk diren argi utziz. Momentuz, mahai gainean langileen lan baldintzak okertzeko neurriak baino ez daude.
 

 

 

“Nazkatuta gaude Osakidetzak egin ohi dituen kontratazioekin”

0

LABek Osakidetzaren egoitza nagusira eraman du erakunde horrek egin ohi dituen iruzurrezko kontratazioen aurkako kanpaina. Hain zuzen ere, sindikatuak Gasteizen salatu du ‘Nahi bezala kontratatu’ izeneko birusa oso errotuta dagoela Osakidetzan, eta birus hori garbitzeko konpromisoa hartu dugu.

Birusaren fokorik nagusiena Osakidetzaren egoitza nagusian dago; horregatik joan gara Gasteizera, bertako arduradunek duten politika kutsakorra garbitzeko.


 

 

 

 

Kalean zein lanean, euskaraz askatasunean


LAB sindikatuak betidanik egin du euskararen aldeko apustua. Zentzu honetan bi norabide finkatu ditu, alde batetik lan mundua euskalduntzeari begira urratsak ematea eta bestetik sindikatuaren funtzionamendua ere euskara hutsean egin dadin neurriak hartzea. Azken helburu honi begira eta euskararen erabilera sustatzeko, hobemahaiak izeneko ekimena martxan dago sindikatuko hainbat egoitzetan.

LAB sindikaturen barne euskalduntze planaren baitan, Hobemahaiak izeneko ekimena jarri da abian zenbait egoitzetan, besteak beste Bilbo, Gasteiz, Iruñea eta Basaurin. Hobemahai horietan euskara sustatzeko konpromisoak hartu dituzte eta Euskararen Nazioarteko egunaren atarian, euskararen aldeko konpromisoa tinkoa dela berretsi dute.

IRUÑEA

GASTEIZ

BASAURI

 

 

 

Egin dezagun Hezkuntzako beharrei begirako Lan Eskaintza Publikoa

0

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok ikasturte honen hasieran Nafarroako Irakaskuntzako Mahai Sektorialean Administrazioak Bigarren Hezkuntzako oposizioak deitzeko egitasmoaren aurrean gure kezka eta kontrako iritzia adierazi nahi dugu. Hiru sindikatuok garbi adierazi dugu ganoraz aztertu behar dela zein den oraingo irakaskuntzako errealitatearen abiapuntua. 

Lehenik eta behin, egoeraren diagnosi sakon bat egin behar dela uste dugu, etorkizuneko beharrak identifikatzeko, eta, ondoren, ahalik eta oposaketa prozesu aberatsena aurkeztu (ahalik eta plaza gehien behar gehien duten espezialitateetarako…), ikasleek eta ikastetxeek ahalik eta lan talderik egonkorrenak eduki ahal izateko eta ehundaka langile prekarietate egoeratik atera ahal izateko, Hezkuntza publikoaren kalitatea bermatuz.

Ezin dugu ahaztu, alde batetik, murrizketak bertan behera geratuko balira irakasle kopurua handituko litzatekeela; eta bestetik, Europatik etorritako epaiaren aplikazioaren ondorioak plantiletan eraldaketa handia ekar dezakeela, besteak beste. Laburbilduz, lan taldeen osaketarako irizpideek hezkuntzako planifikazio orokorrari lotuak egon behar dutela.

Hezkuntza Departamentuak oraindik ez digu aurkeztu zein espezialitate deituko duen oposaketarako, zenbat plaza espezialitateko, nolakoa izanen den deialdia, gutxieneko berme juridikoak egonen diren aurkezten diren irakasleen eskubideak babestuak izan daitezen.

Iaz bezala azkar eta presaka egindako deialdia ez ote den izanen aurten ere sumatzen dugu, berriro irakasleen artean etsipena sortuko duena denboraz berandu ateratzen delako, behar den prestaketa baldintzatzen baitu.

Honela izanda, garbi esan nahi dugu ez dugula onartuko berriz arduragabekeriaz kudeatutako prozesua berriro eta hau ekiditeko lan egiteko konpromisoa berresten dugu. Gure ustez, jadanik epeak eta baldintzak Lan Eskaintza Publikoa (LEP) era egokian garatzeko ez dira betetzen: ahalik eta zabalena plaza kopuruari dagokionez eta kalitatezko irakaskuntzari erantzunen diona, hizkuntza eta lan eskubideak bermatzen dituena eta kontrako edozein estrategia juridikoa saihesteko modukoa.

LEP honen kudeaketa ezin da denboran gehiago luzatu inolako justifikaziorik gabe; ondorioz, goazen baldintza egokiak sortzera LEPa deialdia egin baino lehen: atera dadila LEPa ikasturte honetan baldintza egokietan eta datorren ikasturtean izan daitezela Bigarren Hezkuntzako oposizioaren azterketak.

Beraz, ez dugu ikusten ikasturte honetan Bigarren Hezkuntzako oposizioaren azterketak egiteko, ez baldintzarik ezta aukerarik ere.

Gobernuari berari gure eskua luzatu nahi diogu elkarrekin lan egiteko eta LEP honen ezaugarriak guztion artean lantzeko. Hau da, hemen dagoen gehiengo sindikalarekin batera legealdi honetarako Hezkuntzan egon daitezkeen erronka nagusien inguruan eztabaidatzeko aldebiko prozesua irekitzea eskatzen diogu. Horretarako gure prestutasun osoa eskaintzen diogu.

Hezkuntza Departamentuak aurreko prozesutik ikasgaia ikasita badu, aldi berean Nafarroako jendartearekin hartutako aldaketarako konpromisoa betetzeko asmorik badu, gure prestutasuna luzatu nahi diogu bidea elkarrekin egiteko.
 

 

 

Akordioa lortu dute Usurbilgo Ingemar enpresan, bost hilabeteko greba eta gero

0

Ingemar enpresako langileek Usurbilgo marmol lantegiaren iraunkortasuna bermatzea lortu dute, borrokaren bitartez. Lortutako akordioaren arabera, 51 langilek jarraituko dute lanean, bideragarritasun plan bat gauzatuko dute, akziodunen batzarrak kapital gehikuntza bat onartuko du eta erakundeek esku hartuko dute proiektuan.


Hauxe da langileen enpresa batzordeak argitaratutako agiria:

Lorturiko akordioaren arabera, lan taldean 51 langilek jarraituko dute lanean, bideragarritasunplan bat gauzatuko da -Usurbilgo ekoizpenjarduera ziurtatzeko-, akziodunen batzak kapital gehikuntza bat onartuko du, eta herri erakundeek esku hartuko dute proiektuan.

Langileok bagenekien egoera oso zaila zela (2015eko abenduan enpresaren itxiera prestatzen ari ziren), baina ez genuen horregatik etsi. Gu sinetsita geunden INGEMAR, S.A. bideragarria zela ekoizpenaren aldetik, arazoak kudeaketaren eta antolaketaren arlokoak zirela. Ez genuen onartu, inoiz ere, enpresaren itxiera, ezta industria jarduera bukatzea ere. Horregatik, ekainaren 6an greba mugagabe bati ekin genion, eta azaroaren 18ra arte luzatu da, helburu bakar bat genuen gogoan: bideragarritasunplan bat adostea, Usurbilgo lantegiari egonkortasuna ematearren.

Ia lan talde osoak eutsi dio grebari, horrek airean eduki du taldearen jarduera, eta enpresak azkenean proposamenen bat jarri behar izan du mahai gainean. Emaitza akordio on bat izan da, lan taldeak ontzat hartu duena. Orain lasai egon gaitezke berriz ere.

Enpresa batzordeak borrokari eta irmotasunari esker jarraitzen duela INGEMAR Usurbilen. Izan ere, industria jarduera bertan behera uzteko mehatxuaren aurrean, lozorroan eta egonean geratu beharrean, etorkizunaren aldeko borroka egiteko erabakia hartu zen.

Usurbilgo INGEMAR, S.A.ko langileen borrokak erakutsi digu non dagoen giltzarria enpresen deslokalizazio saiakerak geldiarazteko, enpresarien erabakiak aldatzeko eta gure industriasarea mantentzeko.

Hala eta guztiz ere, ibili beharreko bidean geratzen zaigun tartea luzea da oraindik. Hori dela eta, enpresa batzordea adi egongo da, eta jarraipen estua egingo du, eraginpeko alderdi guztiek itundutako baldintzak bete ditzaten.