2025-12-31
Blog Page 976

PPk murrizketa berria ezarri die pobreenen nominei

Pasa den ostiraleko Ministroen Kontseiluan, PPren Gobernuak ia oharkabean pasa den erabaki bat hartu zuen, Gizarte Segurantzaren kotizazioak igotzea. Igoera hau beste moduren batean egin izan balitz bere logika edukiko luke, baina Rajoyk nahiago izan du gehiago kobratzen dutenei “laguntzen jarraitzea”, Gehienezko Oinarriaren kotizazioak %3 soilik igoz, igoera erridikulua. Bien bitartean, nomina baxuenak eta Gutxieneko Oinarria dituztenei, %8 igo dizkiete
kotizazioak.

Honek aizkorakada bat suposatuko du gero eta soldata baxuagoak jasotzen dituzten milaka pertsonen nominetan.
Kotizazioak %8 igotzerakoan, euren nominak modu nabarmenean murriztuko dituzte, etorkizunean kotizazio gehiago
izango duten arren. Hala ere, itzelezko soldatak jasotzen dituztenentzako eta orain arte hilean 3.642 eurotako kotizazio
“topea” zutenentzako, apalagoa izango da igoera, %3 baino ez, hortaz, ez dute diru-kutxa publikoetan ingresatuko
hilabetero topearen gainetik kobratzen duten guztiagatik eta horrela, pentsio pribatuak ziurtatzen jarraitu ahal izango dute,
eurek soilik.

PPk koska bat estutu du egoera gutxien dutenentzat eta askoz igoera apalagoa ezarri die aberasten ari direnei. Honek
erakusten du eskubitako Gobernu honen apustua ez dela langile guztien pentsioak bermatzea. Aukera zezakeen, eskatzen
ari garen moduan, kotizazio topeak kentzea eta horrela, gehien kobratzen dutenek euren diru-sarrera guztiengatik
kotizatuko lukete Gizarte Segurantzen eta diru-sarrera gehiago egongo litzateke, eta horrela pentsioak bermatu ahaliko
lirateke, baina Rajoyk aberatsei laguntzearen alde egiten du.

Guzti hau gertatzen da, gainera, pentsioen inguruko eztabaida mahai gainean dagoenean. Bermatu behar direla
diogunean, orain zein etorkizunean, eta Gizarte-Segurantzaren diru-sarrerak igotzeaz. Hala ere, pobreenak gehiago
zigortzearen eta aberatsenak laguntzearen alde egiten du PPk. Guzti hau, ez dezagun ahaz, laguntza gehigarria da,
beharko luketena ez kotizatzean, pentsio pribatuak berma dizakete, ematen baitu horixe dela gobernu honen helburua,
pribatizatzea.

Beste behin, neurri guzti hauek erakusten dute urjentea dela burujabetza izatea, hemen erabaki ahal izateko, Estatuak
inposatzen dituzen honen antzeko neurriekiko menpeko izan gabe, aberatsenek dagokiena ordain dezaten modu justuago
batean.

LABetik beharrezkoa eta urjentea dela uste dugu Euskal Herrian Babes eta Gizarte Segurantzako Sistema Propio eta
Publikoa martxan jartzea, orain zein etorkizunean, bermatuko duena pentsiodun guztiek euren pentsioa kobratuko dutela
eta pentsio hauek bizitza duina bermatuko dutela, urte luzeak lanean ibiliz gero, jubilaziora heltzen denean.

 

 

 

Gorabide elkarteko langileek mobilizazioei ekin diete


Gorabideko elkarteak Bizkaian desgaitasun intelektuala dutenei laguntzen egiten du lan. Bertako langileek asanbalda egin zuten abenduaren 1ean eta bertan, enpresak egindako azken proposamena aztertu zuten. Honek ez du azken 5 urteotako eros-ahalmenaren galera konpentsatzen, eta ez du du langileen proposatutako inolako hobekuntza sozialak onartzen. Proposamen honi ezezkoa ematea erabaki dute langileek eta mobilizazioei ekitea. Lehena, gaur izango da, Gorabide elkartearen egoitzaren aurrean.

12:45etatik aurrera protesta egin dute langileek txilibitu eta bozinaz hornituta. Eskuorri informatiboak banatu dituzte kaletik pasatzen zirenen artean. Hauetan, Bizkaiko Foru Aldundiak Gorabide azpikontratatzen dutela aipatzen zen, elkartearen barruko hainbat egoera bidegabe zerrendatuz: kudeatzaile eta zuzendariak hitzarmenentik kanpora, “hatzamarrez” kontratatutako konfidantza postuak, giltzapean izkutatutako lankidetza hitzarmenak, ordezkoen boltsa arautzeari ezezkoa ematea…

 

 

 

Aldaketa euskaraz egiteko garrantzia aldarrikatu dugu

Euskararen Nazioarteko eguna ospatu berri dugun honetan LABek euskararen normalizazioaren aldeko konpromisoa adierazi nahi izan du. Urtero egiten den euskal liburu eta disko azokaren harira Durango euskaltzalez betetzen dela baliatuz, LAB sindikatuak kontzentrazioa egin du “langileok aldaketa euskaraz” aldarrikatuz.


 

 

 

Pobretu eta prekarizatu egiten gaitu Espainiako Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatak

Igoera eman bada ere, LABentzat ez da nahikoa. Gure aldarrikapena 1.200 eurotan kokatua dago egun, Estatu espainolak ezartzen duen gutxieneko soldata, aurtengo igoera barne, oso baxua delako euskal langileriarentzat.

Baxua da Espainiako Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata, Hego Euskal Herriko soldatak Estatu espainoleko soldatekin alderatuz, %13 altuagoak direlako (bataz beste). Hortaz, Hego Euskal Herrian ordainsari duina eta onargarria bermatzeko eginkizuna betetzeko orduan, Espainiako Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren ezintasuna are nabarmenagoa da.

Alor soziolaboralean Espainiako Estatuarekiko dugun menpekotasun politiko-administratiboak mugatu, pobretu eta
prekarizatu egiten gaitu. Estatutik inposatzen zaigun Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata hain baxua izatea, ezin da aitzakia edota arazo gisa erabili hortik gorako gutxieneko soldatak defendatzeko. Ez dago muga legalik hortik gora ordaintzeko, patronalaren borondate falta baizik. Eroso daude eta, ahal izanez gero, are eta gutxiago ordainduko lukete.

Bukatzeko, Hego Euskal Herriko erakundeei esparru sozio-laboral propioa lortzeko konpromiso sendoa hartzeko eskatzen
diegu. Berton erabaki eta zehaztu nahi ditugu gure enplegu eta babes sozialerako politikak, berton bizi eta lan egiten dugun heinean.
 

 

 

“Estatu espainolak ez du inongo borondaterik bake prozesuaren alde egiteko”

LABek SEPE zebitzuaren aurka salaketa jarri du, prebarikazio delitu bat leporatuta, kartzelatik irtetzen ari diren euskal preso politikoei legez dagozkien diru laguntzak ukatzeagatik.

"Gaur salatutako hau beste adibide bat da aspalditik esaten ari garenari buruz: Estatu espainolak ez du inongo borondaterik bake prozesuaren alde egiteko eta gatazka konpontzeko; mendekua du oinarri eta, horrenbestez, gatazkaren logika elikatzen ari da". 

LABeko Exekutiboko kide Arantzi Sarasolaren hitzak dira hauek, Bilbon gaur egindako agerraldiaren harira. Hain zuzen ere, sindikatuko kideak SEPEren aurka jarritako salaketaren berri emateko agertu dira komunikabideen aurrean, Espainiako Estatuko Enplegu Zerbitzuek kartzelatik ateratzen ari diren euskal preso politikoei legez dagozkien diru laguntzak ukatu eta gero. Prebarikazio delituagatik jo du epaitegietara LABek.

Salaketak SEPEko Bizkaiko Probintzi Idazkaria izango du jomuga, baina eduki eta izaera bereko ebazpenak hartu dituzten edo har ditzaketenen kontra ere egingo du sindikatuak; beste Probintzi Idazkari zein SEPEren erabakiaren jatorrian leudekeen funtzionario edo autoritate orori zabaldu litezke salaketak, bai ebazpen horien izapidetzan beharrezko laguntza edo sostengua emateagatik edo berrikusteko duten legezko betebeharra ez betetzeagatik.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak SEPEren jokabidearen kontra ebatzi du; hala ere, diru laguntzak ukatzen jarraitu du Bizkaiko idazkariak. LABeko ordezkariek jakinarazitakoaren arabera, idazkariarekin jarri dira harremanetan, eta jaso duten argibide bakarra "Madrildik datozen aginduak" betetzen ari dela izan da.

Arantzi Sarasolaren arabera, SEPEk aurrera eramandako halako erabaki bat ez da Estatuaren babesik gabe hartzen: "Ezin dugu ezer ere espero Estatu espainoletik, ezta estatu frantsesetik ere. Euskal eragileon gaitasunari esker lortuko dugu gatazkaren konponbide osoa. Era berean, mobilizatzeko dugun gaitasuna giltzarria izango da presoak etxera ekartzeko eta euren eskubide guztiak errespetatzeko".
 

 

 

Langabezia behera, prekarietatearen gorakadaren kontura

Azaroan 3.261 pertsonetan egin zuen behera Hego Euskal Herrian langabeziak. Egun, 176.616 pertsona daude langabezian lau herrialdeetan, enplegu zerbitzu publikoetan izena emanda.

Hala ere, Gizarte Segurantzaren afiliazio datuek argi uzten dute enpleguaren bilakaera ez dela hain baikorra izan, aurreko hilabetean baino 1.267 pertsona gehiago daude afiliatuta. Honek harremana izan dezake lana aurkitzeko esperantza galtzeak sortzen duen etsipenarekin eta enplegua modu aktiboan bilatzeari uztearekin.

Horrela, estatistika ofizialetan agertzen ez den ezkutuko langabezia boltsa egon badagoela ikusten dugu, eta konprobatzen dugu epe luzeko langabeziaren eragina gero eta handiagoa dela eta kronifikatzeko joera duten bazterkeria egoerak islatzen dituena.

Honen ondorioz, eta PPko gobernuak onartutako erreformez ondorioz, langabeziagatiko estaldurak beheranzko joerarekin jarraitzen du eta egun, langabetuen %30ak soilik jasotzen du langabeziagatiko prestazioren bat.

Beste alde batetik, sortutako enplegua oso kalitate kaskarrekoa da, sinatutako kontratuen %93 baino gehiago aldi baterakoa delako eta %40a lanaldi partzialekoa.

Hortaz, enpleguaren berreskurapena desiragarri litzatekeena baino geldoagoa izaten ari da, baina onartezina ere bada bere izaera prekario eta desegonkorrari erreparatzen badiegu, eta miseriazko soldatei ere.

Zentzu honetan, beharrezkoa da gure ekintza sindikalaren oinarria prekarietatearen kontrako borroka eta eredu ekonomikoaren eraldaketan mantentzea, agenda politikoan ere presente egon behar den konpromisoa.
 

 

 

Lan baldintzak okertzeko neurriak besterik ez ditu proposatu Sidenorreko zuzendaritzak

0

Talde osoko plantillan eragingo lukeen aldi baterako EEEa proposatzen du, langile guztien urteko lanaldiaren %50aren erabilera eskatuz. Gero, lantegi bakoitzaren egoera produktiba eta ekonomikoaren arabera, aplikatu beharreko portzentaia desberdina izango litzatekelarik. Honekin batera, lantegi desberdinetako akordioetan jasotako lan baldintzei eragiten dien neurri osagarriak proposatzen ditu.

Planteamendu honi bere desadostasuna agertu dio LABek. Lantegi bakoitzaren egoera produktiboa eta ekonomikoa desberdina dela kontuan hartuz, uste dugu egokiagoa litzatekeela lantegi bakoitzean beharrezko neurriak aplikatzea. Lantegi batzuetan produkzioa ia %100era iristen dira eta Aldi Baterako EEEa aplikatuz gero kaltetuta suertatuko lirateke.

Sindikatu batzuk ontzat eman dituzte enpresaren argudioak. Larria iruditzen zaigu, Aldi Baterako EEEaren zergaitiak onartzeak erraztasunak ematen dituelako enplegu murriztu zein etorkizun batean lantegiak ixteko. Negoziazioan zehar informazio gehiago eman dezala eskatu diogu zuzendaritzari eta, batez ere, Plan Industriala aurkeztea, egoera horretatik ateratzeko aplikatu beharreko neurriak planteatuz eta zuzendaritzak hartzen dituen konpromisoak zeintzuk diren argi utziz. Momentuz, mahai gainean langileen lan baldintzak okertzeko neurriak baino ez daude.
 

 

 

“Nazkatuta gaude Osakidetzak egin ohi dituen kontratazioekin”

0

LABek Osakidetzaren egoitza nagusira eraman du erakunde horrek egin ohi dituen iruzurrezko kontratazioen aurkako kanpaina. Hain zuzen ere, sindikatuak Gasteizen salatu du ‘Nahi bezala kontratatu’ izeneko birusa oso errotuta dagoela Osakidetzan, eta birus hori garbitzeko konpromisoa hartu dugu.

Birusaren fokorik nagusiena Osakidetzaren egoitza nagusian dago; horregatik joan gara Gasteizera, bertako arduradunek duten politika kutsakorra garbitzeko.


 

 

 

 

Kalean zein lanean, euskaraz askatasunean


LAB sindikatuak betidanik egin du euskararen aldeko apustua. Zentzu honetan bi norabide finkatu ditu, alde batetik lan mundua euskalduntzeari begira urratsak ematea eta bestetik sindikatuaren funtzionamendua ere euskara hutsean egin dadin neurriak hartzea. Azken helburu honi begira eta euskararen erabilera sustatzeko, hobemahaiak izeneko ekimena martxan dago sindikatuko hainbat egoitzetan.

LAB sindikaturen barne euskalduntze planaren baitan, Hobemahaiak izeneko ekimena jarri da abian zenbait egoitzetan, besteak beste Bilbo, Gasteiz, Iruñea eta Basaurin. Hobemahai horietan euskara sustatzeko konpromisoak hartu dituzte eta Euskararen Nazioarteko egunaren atarian, euskararen aldeko konpromisoa tinkoa dela berretsi dute.

IRUÑEA

GASTEIZ

BASAURI