2026-10-20
Blog Page 975

BSH-ko langileak kalera irtengo dira bihar euren lanpostuen defentsan

0

260 pertsona daude Gasteizko lantegian, eta lurrunezko lisaburdinak eta lisatzeko tresnak egiten dituzte Bosch filiala den honetan. Aldi berean, beste langile ari dira lanean lantegiko kontrata eta hornitzaileetan. Bada, joan den martxoaren 13an, BSH Taldeko Zuzendaritzak jakinarazi zuen lantegia salgai jarri eta lisatze lerroa kenduko duela. Horren aurrean, greba eta mobilizazioei ekin diete langileek, industria jarduera mantendu dezaten eskatzeko. Ildo honetan, manifestazio bat egingo dute bihar, 19:00etan, Bilbo plazatik abiatuta.

Salmenta iragarri dutenetik, langileek ohartarazi dute programatutako itxiera bat izan daitekeela eta ziurrenik salmentaren iragarpena aitzakia besterik ez dela. Edozein kasutan, kaleratzeak egoteko eta lan baldintzak murrizteko arriskua egon badago. “Alderdi politikoei eta instituzioei egiten diegu dei Bosch multinazionala presionatzeko gaur egun dauden lanpostuak mantentzeari begira”, adierazi du enpresa batzordeak.

Duela hiru hilabete ekin zieten mobilizazioei enpresarekin akordio bat lortzeko, hiru helburu argirekin: “Industria jarduera mantentzeko, lanpostuak mantentzeko eta gure lan baldintzak ez okertzeko. Bosch-ek gure proposamenei entzungor egin arren, gure etorkizunaren alde borrokan jarraituko dugu”, nabarmendu dute.
 

 

 

Azaroan eta abenduan beste bi greba egun egingo ditugu unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan

0

LAB, ELA eta STEILAS sindikatuok agerraldi bat egin dugu gaur Gasteizen, ekainean eta datozen ikasturtean egingo dituzten mobilizazioen berri emateko, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoari dagokionez. Hain zuzen, milaka langile eta herritarrek eginiko aldarrikapenen aurrean, jada ikasturtearen amaieran gauden honetan, Eusko Jaurlaritzak ez du benetako negoziazio asmorik agertu egungo eskola publikoaren eta bertako langileen egoera hobetzeko.

Azken hilabeteetan EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan eta haurreskoletan buruturiko greba eta mobilizazioek babes oso zabala jaso dute. Erabateko gehiengoa izan dira deialdiekin bat egin, greba egin eta kalera irten diren langileak, bai irakasleen artean baita Heziketa Bereziko Langile, Sukaldari eta Garbitzaile nahiz Hurreskolak Partzuergoko langileen artean ere. Behin eta berriro esan dugun moduan, egungo hezkuntza publikoaren egoera larria da eta ezinbestekotzat jotzen ditugu egoerari buelta emateko plazaratu ditugun neurriak. Hezkuntza Sailari dagokio langileek, familiekin batera, kalean aldarrikatutako aldarrikapenei bide ematea, greba dinamiketan bat egin duten esparru ezberdin guzti horietako Mahai Negoziatzaileak deituta.

Afera ordea ez da Mahai Negoziatzaileak soilik deitzea, baizik eta, behar bezalako proposamenak egin eta benetako negoziazio bat abiaraztea, gaur arte ez bezala. Mahai Negoziatzailean egon beharreko aldarrikapenak honakoak dira:

-Hezkuntza inbertsioa handitzea (gutxienez Europar Batasuneko bataz-bestekoa, progresiboki %6ra iritsiz).

-Plantilak gutxienez 2.000 langiletan handitzeko beharra.

-Bataz-besteko ia %40ko behin-behinekotasuna (%38 irakasleetan, %41 Haurreskoletan, %58 Heziketa Berezian eta %63 Sukalde eta Garbiketan), %6ra murrizteko premia. Horretarako 6.000tik gora lanpostu egonkortuz kolektibo ezberdinetan.

-Ikasle-ratioak %10 murriztea.

-Hezkuntzako langileen eroste ahalmena berreskuratzea.

-Ordezkapenak lehen egunetik egitea.

-Bajak lehen egunetik bere osotasunean ordaintzea.

-Erretiroa erraztu eta laguntzeko neurriak berreskuratzea.

-LOMCE Euskal Herriko gure ikastetxeetatik ateratzea eta honen moldaketa hutsa den Heziberri bertan behera uztea.

-Hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera uztea, egungo desorekak gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izan dadin (kohesio soziala, integrazioa, aniztasuna, berdintasuna, hezkidetza oinarri).

-Ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen euskarazko murgiltze eredua garatzea.

-Balizko Hezkuntza legearen aurrean sindikatu, hezkuntza eragile eta herritarron parte hartzea eta iritzia aintzakotzat hartzea.

Milaka langile eta herritarrek eginiko oinarrizko aldarrikapen hauen aurrean, jada ikasturtearen amaieran gauden honetan, Eusko Jaurlaritzak ez du benetako negoziazio asmorik agertu egungo eskola publikoaren eta bertako langileen egoera hobetzeko.

Egoera honetan, ekainean zehar eta irailetik aurrera greba eta mobilizazio dinamika mantentzea beste biderik ez dugula uste dugu.

Ekainean zehar ikastetxeetan eta hezkuntza ordezkaritzetan elkarretaratze eta mobilizazioak burutuko ditugu. Ekainaren 29an Gasteizko Ama Zuriaren plazan hezkuntza publikoaren egoera eta beharren inguruko word-kafea irekia antolatuko dugu.

Ikasturte hasierarekin, ostiralero ikastetxeetan elkarretaratzeak bultzatuko ditugu, ekimen askotariko dinamikak burutuko ditugu ikastetxeetan zein hauetatik kanpo: eskolak kalean emanez, murrizketen eragin eta ondorioak landuz eta ekintza alternatiboak burutuz guraso eta ikasleekin batera. Urria osoan zehar itxialdiak burutuko ditugu ikastetxe ezberdinetan hitzaldi, antzezlan, kontzertu eta gure aldarrikapenak landu eta sozializatzeko ekimen ezberdinak garatuz. Eta azaroan eta abenduan bi greba egun burutuko ditugu irakasle, heziketa berezia, sukalde eta garbiketa eta haurreskoletan.

Familia eta herritarrekin lanketa berezia egingo dugu eta azaroan elkarrekin mobilizazio gehigarriren bat antolatzen saiatuko gara Gasteiz, Bilbo eta Donostian.

Sindikatuon ustez, ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritza azken urte luzeetan inposatzen ari den murrizketak eta hezkuntza politika errotik aldatzea eta honek guztiak egungo hezkuntza publikoan eta haurreskoletan sufritzen ari garen egoerari buelta ematea.

Hezkuntza Sailak lan baldintzak hobetzeko eta gure hezkuntza sistemaren oinarrizko zeregina bermatzeko funtsezkoak diren behar hauei erantzun ezean, greba eta mobilizazio dinamikari jarraipena ematea beste biderik ez digu utziko.
 

 

 

Ehunka lagunek kalean igaro dute gaua Haurreskoletako zerrendan izena emateko

0

Atzo urgentziazko neurri moduan, Haurreskolak Partzuergoak izena emateko epea ireki du gaur eta biharko. Bi egunetako izen-emate honen ostean, zerrendak berriro ere itxita mantenduko dira. Bada, bart, Eibarreko Haurreskolak Partzuergoaren egoitza aurrean ehundaka lagunek pasatu dute gaua, izen ematearen zain. Goizeko 8:00etan, 500 pertsona zeuden bertan.

Pasa den ostegunean, ekainaren 8n, Haurreskolak Partzuergoaren ordezkapenak betetzeko hautagaien zerrenda agortu egin zela jakin zuen LABek, eta momentu horretan, enpresak ez zuela inolako hautagairik haurreskola batzuetan beharrezkoak ziren ordezkapenak betetzeko.

LABek, gaurko egoera hau ekidin nahian, azkenengo urteetan hainbat proposamen egin ditu ditu ordezkoen zerrenda eta ordezkoen araudiaren inguruan. Kasu guztietan ezezko borobila baino ez dugu jaso. Haurreskolak Partzuergoko zerrendak 2011an itxi zituzten.

Beraz, hau dena ikusita, ekainaren 9an LABek eskaera zuzena bideratu zien Haurreskolak Partzuergoaren gerente eta pertsonal kudeaketako arduradunei. Lehenik eta behin, urgentziaz, zerrendak irekitzea eta izen emate hurrenkeraren arabera, ordezkapenak eskaintzea. Jende hau zerrendetan sartuko litzateke. Eta bigarrenik, era ofizial batean, zerrendak ireki eta dagokion epean barematzea.

Atzo urgentziazko neurri moduan, Haurreskolak Partzuergoak izena emateko epea ireki du gaur eta biharko, ekainaren 13an eta 14an. Bi egunetako izen-emate honen ostean, zerrendak berriro ere itxita mantenduko dira.

Hezkuntza Sailak, orain dela bi urte, heziketa bereziko zerrendak eta sukaldari eta garbitzaileenak ere zabaldu zituen. Milaka pertsonak izena eman zuten eta egun, ordezkapenek bete barik jarraitzen dute, zentroak egoera larrian jarri arte. LABek irakaskuntzako zerrendak irekita mantentzea eskatu du azkenengo urteetan.

Bart, Eibarreko Haurreskolak Partzuergoaren egoitza aurrean ehunka lagunek pasatu dute gaua, izen ematearen zain. Goizeko 8:00etan 500 pertsona zeuden bertan.

Hau al da Eusko Jaurlaritzak nahi duena bertoko gazteentzat? Zer dio Erkoreka jaunak egoera hau ikusita? Baldintza onenak ditugula irakaskuntzakook?

Eusko Jaurlaritzari dei egiten diogu jar dadila negoziatzera behingoz. Hezkuntza ez dago salgai. Orain inoiz baino gehiago, 0-3 urte arteko zikloa unibertsala, doakoa, euskalduna eta kalitatezkoa izatea eskatzen dugu.
 

 

 

Espazio berri bat zabaldu behar da Sunsundeguin, aldebakartasuna alboratu eta negoziazioa eta akordioaren alde eginez

0
LABetik uste dugu inbertsioak ezinbestekoak direla enpresan, hauek ezin direla, beste behin ere, xantaia eta inposiziorako tresna bihurtu. Beharrezkoa da Sunsundeguin garai berri bat zabaltzea, urte hauetan galdutako eskubideak berreskuratzen hasiko garena, egungo entxufismoaren aurrean aukera-berdintasuna egongo dena eta bere egunean 2013ko Bideragarritasun Planean jasotako inbertsioak jasoko dituena, inbertsio publikoa dutenak.

Sunsundeguiko zuzendaritzak aurkeztutako inbertsio planaren inguruan argitaratu diren albisteen aurrean, LABek honakoa adierazi nahi dugu:

Enpresaren zuzendaritzak aurkeztutako proposamena, lehenik eta behin, enpresa-batzordearen gehienagoak baztertu zuren. Orain, %49aren jabe diren akziodunek ere ez dute onartu proposamen hori. Zuzendaritzak dauka beste %51. Hortaz, Sunsundegui ez da sozietate anonimo laborala, komunikabideren batek argitaratu duen moduan, sozietate mugatua baino. Zuzendaritzak dauka botere osoa eta akziodunek, gainontzeko langileek bezala, euren laneko indarra jartzen dute.

Botazio horretan 110 akziodunek hartu zuten parte (%82,09) eta 73k kontrako botoa eman zuten eta 37k aldekoa. Aipatu botazioa lotesle ez izatea planteatu zen eta hortaz, ez dugu ulertzen zuzendaritzak komunikabideetara bidalitako idatzia.

Eztabaida honek ez die akziodunei soilik eragite, langile guztiei baizik. Plan horretan jasotako lan-baldintzek langile guztiei eragiten diete. Prekarietatea bizi dute langileek: atzerapenak nominen ordainketa, %41eko ebentualitatea (333 langiletatik 127), irizpide diskriminatzaileak kontratatzerakoan eta barne-promozioaren orduan, gehiegizko aparteko orduak, soldata- eskala bikoitzak, eros-ahalmenaren galera…

LABetik uste dugu inbertsioak ezinbestekoak direla enpresan, hauek ezin direla, beste behin ere, xantaia eta inposiziorako tresna bihurtu. Beharrezkoa da Sunsundeguin garai berri bat zabaltzea, urte hauetan galdutako eskubideak berreskuratzen hasiko garena, egungo entxufismoaren aurrean aukera-berdintasuna egongo dena eta bere egunean 2013ko Bideragarritasun Planean jasotako inbertsioak jasoko dituena, inbertsio publikoa dutenak.

Xantaia eta inposizioen garaia amaitu behar da, espazio berri bat zabaldu behar da, aldebakartasuna negoziazioa eta akordioak ordezkatuko dutena.
 

 

 

Haurreskolak Partzuergoaren aurreikuspen falta kritikatu dugu ordezkapenak egiteko zerrendak zabaltzearen aurrean

0
Haurreskolak Partzuergoko zerrendak 2011an itxi zituzten. LAB sindikatuak etengabe eskatu du zerrenda hauek irekitzea eskatu du. Azkenengo baremazio deialdian ere zabaldu behar zirela esan genuen, baina ezezkoa jaso dugu beti, beharrik ez zegoela eta zerrenden irekiaren zain zeuden pertsonei itxaropen faltsuak ez emateagatik zabaltzen ez zituztela argudiatuz.

Ostiralean, ekainaren9 an, zerrendak agortuta zeudela jakin ostean honakoa eskatu genion Partzuergoari:

– Urgentziaz, zerrendak irekitzea eta izen-emate hurrenkeraren arabera, ordezkapenak eskaintzea.
– Irailean zerrendak ireki eta dagokion epean bermatzea.

Gaur, hilak 12, urjentziazko neurri bezala Haurreskolak Partzuergoko ordezkapen zerrendak zabalduko direla esan digute. Ekainaren 13an eta 14an egongo da eskaerak aurkezteko epea.

Epea bukatzen denean, zerrendak berriz itxita mantenduko dira, Haurreskolak Partzuergoko zuzendaritza batzordeak bestelako erabaki bat hartu arte.

LAB sindikatuak gogor salatu nahi du enpresaren aurreikuspen falta eta langileen aldarrikapenen aurrean erakusten duen entzungor egitearen jarrera.

 

 

Italiako USB sindikatuaren 2. Biltzar Nagusian hartu dugu parte

0

LAB Tivolin egon da, USB sindikatuak ekainaren 9, 10 eta 11n egindako biltzarra dela eta. Lehen egunean hartu dugu parte, hurrengo egunetan barne eztabaidarako unea izanen baita. Gurekin batera, nazioarteko gonbidatu gehiago egon dira; Munduko Federazio sindikalaren parte diren sindikatuko kideak, hain zuzen ere.

Biltzar Nagusia USB sindikatuko idazkari nagusi Pier Paolo Leonardiren hitzekin hasi zen. Hain zuzen ere, azaldu zuen, USB sindikatua sortu zenetik lehenengo urteak zailak izan arren, hazkunde fase batean daudela orain, egonkortze fase bat pasa ondoren. Konkretuki, azken asteetan industria alorreko federazio oso batek beste sindikatu bat utzi eta USBra egin du salto, eta oraindik zehazki zenbat jende izango den jakin gabe, esan daiteke milaka afiliatu berri izango dituztela.

Biltzarrean klase sindikalismoa Europan nola indartu izan zuten hizpide, eta pairatzen dugun egoera politiko eta sozialari nola aurre egin hausnarketa egin zuten. Elkartasun internazionalistaren beharra ere aipatu zuten, langile klaseak mundu osoan zehar pairatzen dugun zapalkuntza egoera gainditze bidean.

USB sindikatua Italiako klase sindikatuaren ordezkari izanik, Munduko Federazio Sindikalaren parte da, LAB bezala. Horregatik, nazioarteko gonbidatuen artean Geziako PAME sindikatuak, Kubako CTC-ko ordezkariak, Txipreko PEO sindikatuko ordezkariak, Palestinako ordezkariak eta LABek hartu dugu hitza, eta nola ez Munduko Federazio Sindikalaren idazkari nagusi George Mavrikosek ere.

LABen aldetik, Nazioarte arloko kide Koldo Saenzek hitz egin du, eta USB gisako klase sindikatuak behar ditugula azpimarratu du, Italian, Europan zein mundu mailan langileen eskubideen alde borrokatzeko. Era berean, Rafa Diez gogoan izan du, eta bere askatasuna eskatu du.
 

 

 

20 egunetako kalteordaina onartu diote Correoseko bitarteko langile bati

0
Gasteizko Lan-arloko epategi batek 1.196.96 eurotako kalteordaina aitortu dio Sociedad Estatal Correos y Telégrafos SAko langile bati kaleratua izateagatik, 20 eguneko kalteordaina lanean aritutako urte bakoitzeko. Epaia finkoa da eta ezin da helegiterik aurkeztu. Epaiak, Europar Batasuneko Justizia Epaitegiarenean oinarritutakoa eta EAEko Auzitegi Gorenak ezarritakoa, honakoa zehaztu du “interinitateagatiko kontratua dutenek langile finkoaren antzeko lana egin zuten, hortaz, dagokiena da langile finko bati dagokion kalteordainanaren araberakoa izatea”.

Epai finko hau LAB sindikatuak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan Correosen aurkeztutako 94 demandetatik irabazi duen lehena da. Demanda hauek sartu zituztenek ez zuten aipatu kalteordaina jaso kontratua amaitu zutenean. Hauek, interiniteateagatik edo ekoizpenaren baldintzengatik aldi baterako kontratatuak ziren. Europar Batasuneko Justizia Epaitegiaren doktrina ezartzeak eskatzen du langile finko zein aldi baterako edo bitartekoen kaleratzeagatiko kalteordainak berdintzea. Prekarietatea eta aldi baterakotasuna oso errotutako gaitzak dira egungo lab merkatuan, eta batez ere Correosen hilabetero egiten den kontratazioan. Aldi baterako 850 langile inguruk egiten dute hilero lan Correosen Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan.
 

 

 

Igor Arroyo: “Ezin da hitzarmenak babesteko sasi jarrera bat izan hemen eta hitzarmenen negoziazioa debekatu Madrilen”

0

LABek eta ELAk agerraldi bat egin dugu astelehenean CCOOek, UGTk eta CEOE patronalak Ostalaritza Sektorearen Esparru Akordioa inpugnatzeko hartutako erabakiaren inguruan. Akordio hori LABek eta ELAk sinatu genuen Ostalaritzaren Federazioarekin eta Confebaskekin, bi helbururekin: lehentasuna emateko euskal hitzarmenei estatu hitzarmenen aurretik, nabarmen hobeak direlako; eta EAEko Kolektibitateetako langileei euskal hitzarmen probintzialak aplikatzeko, eta ez Sukaldaritzaren Estatu Hitzarmena, soldatetan %50eko murrizketa ekarriko bailuke horrek (urtean 8.200 euro gutxiago eta 50 lanordu gehiago). Bada, CCOOek, UGTk eta patronalak euskal akordioa inpugnatu dute Madrilen, indargabetzeko asmoz.

LABen izenean, sindikatuko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok hartu du hitza agerraldian, eta nabarmendu du Ostalaritza Sektorearen Esparru Akordioa ordezkaritza sindikalaren %77,48ko babesarekin adostu zutela. Bere hitzetan, bi helburu dituzte inpugnazioa bultzatu dutenek: Espainiako lan baldintzak bertan aplikatzea, hau da, lan baldintzak kaxkartzea, prekarizazioaren aldeko apustu garbia eginez; eta bertako langileei eta hauen ordezkariak diren sindikatuei bertan negoziatzeko aukera kentzea, hau da, Euskal Herriko langileak gure lan baldintzak erabakitzeko ahalmena bertan behara uztea.

Arroyoren arabera, “CCOO eta UGTren jarrera lotsagarria da. EAE mailako akordio interprofesionala sinatu zuten bertako lan hitzarmenak estatu mailakoekiko lehentasuna izateko, baina beraiek dira horren kontrako neurriak hartzen dituztenak Madrilen, Euskal Herriko langileen lan baldintzak okertzea baino ez duen helburua lortzeko. Hau hipokresia hutsa da, ezin da hitzarmenak babesteko sasi jarrera bat izan Euskal Herrian eta hitzarmenen negoziazioa debekatzea Madrilen”.

Espainiako patronalari dagokionez, LABeko ordezkariak argi du Euskal Herriko langileen lan baldintzak okertu nahi dituela. Ildo honetan, Confesbaskentzat ere izan ditu hitzak: “Confebask Madriletik inpugnatu nahi duten akordio honen sinatzailea ere bada, eta, beraz, bertako ostalaritzako hitzarmenak babestearen aldeko jarrera eduki zuen sinatzerakoan. Ondorioz, Madriletik patronalak akordioa inpugnatzeko erabakia publikoki salatzeko exigitzen diegu. Berdina eskatzen diogu ostalaritza elkarteari”.

Bestalde, Arroyok adierazi du Jaurlaritzak ez duela ezer esan langileen lan baldintzak okertzea ekarri dezakeen erabakiaz. “Seguru hainbeste babestu duen Confebasken adierazpenen zain dagoela, zer jarrera hartu behar duen erabakitzeko. Confebaskek ezartzen du EAJ-PNVren ildo politikoa lan harremanei dagokionez. Espainako lan erreforma errefusatu, bai, baino gero erreforma aplikatzen dutenei babesa ematen die EAJk. Soldaten igoeraz hitz egin, bai, baino gero prekarizatzen dutenekin argazkiak behin eta berriz ateratzen ditu EAJk”, salatu du.

Ondorioz, lan harremanetarako esparru propioaren bidean urratsak eman behar direla berretsi du: “Burujabetza behar dugu lan harremanak defendatzeko, lan duina bermatzeko”.
 

 

EAJk zabor lana eta zabor jana sustatzen dituela salatu dugu Berangon

0

Burger King Berangon ezarriko dute, obrak martxan dira. "Burger King bezalako enpresek urtero milioika eurotako irabazi izaten dituzte, besteak beste, gazteon izerdi eta esplotazioaz baliatuz. Euren aberastasuna, gazteon prekarietatearen eta miseriaren truke lortzen dute", salatu dugu LABek eta Ernaik, gaur, Berangon bertan.

Hauxe da Berangon irakurri dugun adierazpen bateratua:

Gaur hemen batu gara LAB sindikatua eta ERNAI gazte erakundea Berangoko Udalak eta zehazki PNVk gazteon miseriaren aurrean duen mespretxu eta gutxiespena salatzeko.

Ez da lehenengo aldia (ez azkenengoa, tamalez) euskal burgesia ordezkatzen duen PNVk gazteari salgai jartzen duela. Oraingoan, Anabel Landa Berangoko alkatea izan da multinazionalei herriko ateak parez pare ireki eta euskal gazteria kapitalaren beharren zerbitzura jarri duena. Ez du inolako lotsarik izan herrian eraikiko den Burger King-eko lanpostu prekarioak gazteoi opari gisa saltzeko.

Burger King Berangon ezarriko dute, obrak martxan dira. Burger King bezalako enpresek urtero milioika eurotako irabazi izaten dituzte, besteak beste, gazteon izerdi eta esplotazioaz baliatuz. Euren aberastasuna, gazteon prekarietatearen eta miseriaren truke lortzen dute.

Euren etekinak, larrutik ordaintzen ari gara euskal gazteak. Lanaldi partzialak, kaleratze eta argudiorik gabeko zigorrak, erabateko eskubideen urraketa, hitzarmen kolektiboa nahi bezala aplikatzea, miseriazko soldatak, behin-behinekotasuna… Hori da Burger King-aren eguneroko menua: aro berriko esklabotza. Burger King-ekoak esplotatzaile hutsak dira.

Eta horren aurrean “Jeltzale King menua” eskaintzen digute: multinazionalari alfonbra gorria jarri, Udala Burger King-en zerbitzura kokatu, enpresaren promozio lana garatu eta are larriagoa dena: bertako gazteria merke saldu dio multinazionalari. Inoizko gazte belaunaldi prestatuenari eskaintza argia egiten dio PNV-k: lan baldintza prekarioak opari lazoarekin apainduta, “onartu ezazue miseria eta berorren zerbitzura jarri”; “izan zaitezte esklabo zintzoak, ez duzue beste alternatibarik”. PNV, zu bai zarela esplotazioaren KING! Hori da PNVren eskaintza: miseria eta prekarietatera kondenatu nahi gaituzte, betikoak are gehiago aberastearen kontura.

Ez ditugu ogi apurrak onartzen. Derrigortu nahi diguten prekarietatea eta miseriaz nazkatuta gaude, esplotazioari inpunitaterik ez! Oraina eta etorkizuna jokoan daukagulako, irentsi arazi nahi diguten zabor lana eta janaren aurrean, guk gure errezetak eta gure menua daukagu.

LABek eta ERNAIk bide bat ireki dugu elkarrekin, aliantzan, esplotaziorik gabeko espazioak irabazteko. Argi dugu ez digutela ezer oparituko eta soilik borrokaz eta gure arteko elkartasunez lortuko dugula lapurtu nahi digutena geure egitea: etorkizun duina langile eta gazteontzat. Gazteon, langileon eta bestelako herri eredu baten kontrako eraso hauen aurrean, parez pare izango gaituztela argi eta garbi erakutsiko dugu.

ERNAI eta LABek euskal gazteon borroka tresna izan nahi dugu: badugu aldarrikapen taula bat, gure eskubideak ezagutzen ditugu, eta antolakuntza eta borrokaren bidez prekarietaterik gabeko Euskal Herria lortzeko erabaki irmoa hartu dugu. Enplegu duina, beharturiko emigraziorik ez, gure osasuna jokoan jarriko ez duten lan baldintzak; bizitza posible egingo digun lana, hain zuzen ere.

Langileon borroka antolatuaz, prekarietateari hortzak erakutsiko dizkiogu! Egoera iraultzera goaz! Euskal gazteria ez dago salgai! Euskal Herria ez dago salgai! Euskal Herrian lan eta bizi nahi dugulako, etorkizuna irabazteko dugulako, batu borrokara! Denok gara beharrezko!