2026-06-19
HomeEkintza PolitikoaEuskal HerriaEAJk zabor lana eta zabor jana sustatzen dituela salatu dugu Berangon

EAJk zabor lana eta zabor jana sustatzen dituela salatu dugu Berangon

Burger King Berangon ezarriko dute, obrak martxan dira. "Burger King bezalako enpresek urtero milioika eurotako irabazi izaten dituzte, besteak beste, gazteon izerdi eta esplotazioaz baliatuz. Euren aberastasuna, gazteon prekarietatearen eta miseriaren truke lortzen dute", salatu dugu LABek eta Ernaik, gaur, Berangon bertan.

Hauxe da Berangon irakurri dugun adierazpen bateratua:

Gaur hemen batu gara LAB sindikatua eta ERNAI gazte erakundea Berangoko Udalak eta zehazki PNVk gazteon miseriaren aurrean duen mespretxu eta gutxiespena salatzeko.

Ez da lehenengo aldia (ez azkenengoa, tamalez) euskal burgesia ordezkatzen duen PNVk gazteari salgai jartzen duela. Oraingoan, Anabel Landa Berangoko alkatea izan da multinazionalei herriko ateak parez pare ireki eta euskal gazteria kapitalaren beharren zerbitzura jarri duena. Ez du inolako lotsarik izan herrian eraikiko den Burger King-eko lanpostu prekarioak gazteoi opari gisa saltzeko.

Burger King Berangon ezarriko dute, obrak martxan dira. Burger King bezalako enpresek urtero milioika eurotako irabazi izaten dituzte, besteak beste, gazteon izerdi eta esplotazioaz baliatuz. Euren aberastasuna, gazteon prekarietatearen eta miseriaren truke lortzen dute.

Euren etekinak, larrutik ordaintzen ari gara euskal gazteak. Lanaldi partzialak, kaleratze eta argudiorik gabeko zigorrak, erabateko eskubideen urraketa, hitzarmen kolektiboa nahi bezala aplikatzea, miseriazko soldatak, behin-behinekotasuna… Hori da Burger King-aren eguneroko menua: aro berriko esklabotza. Burger King-ekoak esplotatzaile hutsak dira.

Eta horren aurrean “Jeltzale King menua” eskaintzen digute: multinazionalari alfonbra gorria jarri, Udala Burger King-en zerbitzura kokatu, enpresaren promozio lana garatu eta are larriagoa dena: bertako gazteria merke saldu dio multinazionalari. Inoizko gazte belaunaldi prestatuenari eskaintza argia egiten dio PNV-k: lan baldintza prekarioak opari lazoarekin apainduta, “onartu ezazue miseria eta berorren zerbitzura jarri”; “izan zaitezte esklabo zintzoak, ez duzue beste alternatibarik”. PNV, zu bai zarela esplotazioaren KING! Hori da PNVren eskaintza: miseria eta prekarietatera kondenatu nahi gaituzte, betikoak are gehiago aberastearen kontura.

Ez ditugu ogi apurrak onartzen. Derrigortu nahi diguten prekarietatea eta miseriaz nazkatuta gaude, esplotazioari inpunitaterik ez! Oraina eta etorkizuna jokoan daukagulako, irentsi arazi nahi diguten zabor lana eta janaren aurrean, guk gure errezetak eta gure menua daukagu.

LABek eta ERNAIk bide bat ireki dugu elkarrekin, aliantzan, esplotaziorik gabeko espazioak irabazteko. Argi dugu ez digutela ezer oparituko eta soilik borrokaz eta gure arteko elkartasunez lortuko dugula lapurtu nahi digutena geure egitea: etorkizun duina langile eta gazteontzat. Gazteon, langileon eta bestelako herri eredu baten kontrako eraso hauen aurrean, parez pare izango gaituztela argi eta garbi erakutsiko dugu.

ERNAI eta LABek euskal gazteon borroka tresna izan nahi dugu: badugu aldarrikapen taula bat, gure eskubideak ezagutzen ditugu, eta antolakuntza eta borrokaren bidez prekarietaterik gabeko Euskal Herria lortzeko erabaki irmoa hartu dugu. Enplegu duina, beharturiko emigraziorik ez, gure osasuna jokoan jarriko ez duten lan baldintzak; bizitza posible egingo digun lana, hain zuzen ere.

Langileon borroka antolatuaz, prekarietateari hortzak erakutsiko dizkiogu! Egoera iraultzera goaz! Euskal gazteria ez dago salgai! Euskal Herria ez dago salgai! Euskal Herrian lan eta bizi nahi dugulako, etorkizuna irabazteko dugulako, batu borrokara! Denok gara beharrezko!
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gaur, berriro ere Udalhitzeko mahaia blokeatu dute EAJk eta PSEk, aurrerapausorik ez dutelako eman euskararen gaian zein zerbitzu publikoen kudeaketan

EAJk eta PSEek, Enplegu Publikoaren euskal Legearen moldaketaren eztabaida aitzakiatzat erabiliz, lan-hitzarmen batek jaso ditzakeen klausuletan ez dute aurrera egin nahi izan, eta merkantilizazioa...

HHEEetako zerbitzu orokorretako langileak beharra sortzen denean bertan ordezka ditzaten exijitzen dugu

Dagoeneko bi ikasturte oso daramatzagu Nafarroako Gobernuko haur eskoletako zerbitzu orokorretako langileen ordezkapenak egiteko arazo larriekin. Horrelako kontratazioak, egiten badira, oso berandu egiten dira, zoritxarrez. Eta batzuetan enpresa pribatuetara ere jotzen dute kontratazioak egiteko. Horrek tentsio larria eta gainkarga handia eragiten die langileei, horretarako beharrik izan gabe.

Bilboko udal eraikinetako garbitzaileek udalari exijitu diote behingoz ardura har dezala gatazkan

Lan baldintzak hobetzeko bederatzi greba aste egin ostean, atseden hartzeko unea iritsi zaie, baina ohartarazi dute datorren ikasturtean indartsu berrekingo diotela borrokari.