2026-10-20
Blog Page 973

Errauste planta ez dela beharrezkoa berretsi du Garbiñe Aranburuk

0

Errauskailuaren aurkako mugimenduak “Erraustegiaren gezur handiaren aurkako gose greba” abiatu zuen ekainaren 14an. Ekimena ekainaren 21a arte luzatuko da Donostiako Easo plazan, eta egun bakoitzean ekimen desberdinak egingo dituzte. Gaur, LABeko Idazkari Nagusi Garbiñe Aranburuk bisita egin die gose grebalariei, eta sindikatuaren babesa adierazi die.

Garbiñe Aranburuk azaldu ditu proiektuaren aurka egoteko arrazoiak, Easo plazan bertan egindako adierazpenetan: "Errauste planta ez da beharrezkoa eta, gainera, hondakinen gaiari beste irtenbide bat eman ahal zaio, bestelako politika batzuk sustatu; lehenik eta behin, hondakin gutxiago sortzeko eta, ondoren, sortzen diren hondakin horiek birziklatzeko". 

Gipuzkoako Foru Aldundiak eztabaida soziala ezkutatzeko borondatea duela salatu du, proiektuaren kontra herritarren sektore zabal bat dagoenean: "Jarraituko dugu borrokatzen eta proiektuaren aurkako dinamikak laguntzen eta bultzatzen. Hainbat urtetarako hipotekatuko gaitu proiektuak, inbertituko duten dirutza herritarren kalterako izango baita; politika soziala edo ingurumenari dagokionez, esaterako". Azken finean, proiektuak elite ekonomikoei, eraikuntza enpresei eta finantza erakundeei mesede egingo diela berretsi du Aranburuk.
 

 

 

Pesalur-eko langileek protesta egin dute autobus gidariek pairatutako irain, mehatxu eta erasoak salatzeko

0

Bizkaibus-eko enpresetariko bat da Pesalur. Bada, bertako enpresa batzordeak elkarretaratze batera deitu du gaur goizean, Bizkaiko aldundiaren aurrean, lankide bateri bezero batek arma zuri batekin egindako mehatxua salatzeko. 

Hauxe da Pesalur-eko enpresa batzordeak kaleratu duen oharra, gaurko elkarretaratzearen harira:

PESALUReko (Bizkaibus-eko enpresetariko bat) langileek, enpresa batzordearen eta prebentzio delegatuen bidez, gizarteari gure kezka eta gaitzespena transmititu nahi diogu, gure lankide bateri bezero batek arma txuri batekin egindako mehatxuari.

Erasoak, irainak eta mehatxuak era ziklikoan errepikatzen dira, baina ekainaren 12an 3923 linean gertatutakoak gizarteari salaketa zabaltzera eraman gaitu enpresa batzordea.

Enpresa-Batzordetik egoera hau salatu nahi dugu, eta dei egiten dugu, arazo larri honi, konponbideak bilatzeko, bai enpresako arduradunei baita erakunde publikoen arduradunei, egoera larri honi konponbidea lortzeko.

Uste dugu arazo hau estrukturala dela eta ez lantzean behin gertatzen dena, hori dela eta ezarritako protokolo eta ezarritako neurriekin jarraitu behar dugu, honelako gertaerak berriro gerta ez daitezen.

Langile guztiei profesionaltasuna eta lasaitasuna eskatzen dizuegu, eta ideiak eta aportazioak egitea ere, hauetatik irtengo dira neurri eta soluzioak, irain, mehatxu eta eraso hauek ekiditeko era.

Gizarteari, kolaborazioa eskatzen diogu eta errespetua erakusten jarrai dezatela gure lankideei, BizkaiBus erabiltzen duten %99ak egiten duen bezala. Ezin dugu baimendu gutxiengo batzuen jokaerak, gehiengo baten jokaera zuzena lausotzea.

Enpresa batzordetik lanean jardungo dugu honelako gertaerak berriro gerta ez dadin:

-Alde batetik, orain arte jasotako erasoak analizatu, honela neurriak hartzeko, neurri prebentiboak, giza baliabideak eta ekonomikoak, eta konponbide posibleak.

-Beste aldetik gizarteari salaketa publikoa egitea

-Eta azkenik, ahal dugun esparruetan gizalegetasuna zabalduz, badakigulako arazo hau estrukturala dela eta horregatik arazoaren muinera jo behar da, gizarte osoa sentsibilizatu eta heztetik

Irain, mehatxu eta erasoak ez dira konponbidea, errespetuko eta lankidetzako bide irmoa ezar dezagun guztien artean.
 

 

 

Garbiñe Aranburu: “Orain bai ez dagoela aitzakiarik preso eta iheslarien afera konpontzeko”

Ireki dinamikak langile mugimenduak historikoki garatu duen martxa formatoan eskatu du gaur euskal preso eta iheslarien etxeratzea. Hain zuzen ere, Arangiz eta Otazutik bi zutabe irten dira goizean, eta Gasteizko hirigunean elkartu dira eguerdian, Posta plazan, bertatik abiatutako manifestazioarekin bat egiteko. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu mobilizazioetan izan da, lan mundutik sustatutako dinamikari babesa emateko. Preso eta iheslarien askatasuna aldarrikatu du, gatazkaren benetako konponbidea lortzeko bidean.


Garbiñe Aranbururen hitzetan, "armagabetzeak ekarritako inflexio puntua eta gero, lehen aitzakiarik ez bazegoen, orain bai ez dagoela aitzakiarik preso eta iheslarien aferari konponbidea emateko". Aranburuk adierazi du LABentzat lehentasun bat dela sakabanaketa politikarekin amaitzea eta preso gaixoak etxera ekartzea. Horregatik, esan du Ireki gisako dinamikak oso interesgarriak direla, "lan mundura aldarrikapen hau eramateko modua ere badelako".


Iñigo Urkullu lehendakariak egindako adierazpenak gogor kritikatu ditu LABeko idazkari nagusiak, "presoen gaiari konponbidea ematea ezin delako bestelako baldintzekin lotu. Ezin da baldintzarik ipini, justizia sozial kontu bat delako". Honelako adierazpenek Estatu espainolaren jarrerari zilegitasuna ematen diotela salatu du: "Presio etengabe bat dago alde baten gainean autokritika egiteko, eta esan behar dugu alde guztietan egon dela sufrimendua. Alde guztiek dute erantzukizuna. EAJri esan nahi diogu ea inoiz egin ote duen autokritikarik eurek bultzatutako sakabanaketaren inguruan. Ez dugu inoiz entzun".


Irekik, bestalde, hilabeteotan bildutako sinadura kopuruaren berri eman du gaurko manifestazioan. Hain justu, 78.956 lagunek sinatu dute preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen alde. Ireki dinamikako ordezkariek iragarri dute "altxor hau" Foro Sozialaren esku utziko dutela orain, preso, iheslari eta deportatuen itzulera ahalbidetuko duen bideorriaren egitasmoari ekarpena egiteko.
 

 

 

Garbiñe Aranburuk aliantzen beharra nabarmendu du ELAren Biltzar Nagusian

0

LABeko idazkari nagusiak hitza hartu du ELAren Biltzar Nagusian. Ardatz soziala oinarri izango duen aldebakarreko burujabetza prozesua abiatzeko, ezkerreko eragile sindikal, sozial eta politikoen arteko aliantzatan sakontzea dela gure apustua berretsi du; "eta nola ez, LABentzat garrantzia berezia du ELArekin aliantzak", adierazi du. "Bi proiektu sindikal gara, estrategia sindikal desberdinak ditugu. Langileek eta Euskal Herriak behar dutelako, ez da bakoitza bere estrategian gotortzeko momentua. Ausardiaz jokatzeko momentua da eta LAB prest dago horretarako, gure indar guztia jarriko dugu horretan, berriki Kongresuan erabaki dugun moduan", azaldu du.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, "Euskal Herrian badago gehiengoa den beste errealitate sindikal eta sozial bat. Eraldaketa sozialaren aldeko gehiengoa, eredu ekonomiko eta sozial berri baten alde borroka egiteko prest, mobilizazio soziala suspertzeko prest dagoen gehiengoa". Hala, borrokarako deia egin du, "prekarietatea neurri gabe hedatzen ari den patronalari aurre egiteko, instituzioak gehiengoaren mesedetan izango diren politika publikoak egitera behartzeko eta langileoi dagozkigun gaietan erabaki ahalmen osoa emango digun aldaketa politikoak burutzeko".

LABeko idazkari nagusiak garbi utzi du ez dagoela eraldaketa sozialik erabakitzeko eskubiderik gabe, burujabetza prozesurik gabe. Eta ez dago burujabetza prozesurik, eraldaketa sozial prozesurik gabe. "Estatuaren itxikeriak argi utzi du ez dagoela adosturiko burujabetza prozesurik egiterik, ez dagoela aldebikotasunik. Estatuak nazioak ukatu eta erabakitzeko eskubidea ukatzeko erabaki argia du. Herri honetan, burujabetza prozesurik izango bada, aldebakarreko prozesua izan beharko dela eta herriaren gehiengoa oinarritu beharko dela", zehaztu du.

EAJ, prekarietatearen alde
Ildo honetan, EAJren jarrera salatu du: "EAJk aldebikotasunaren apología egiten jarraitzen du eta erabat korruptoa den gobernu bati estabilitatea oparitu dio aurrekontuei bide emanez. Eta hau ez da ausardia politiko falta, argi izan behar dugu, honen atzean dagoena da klase proiektu baten defentsa. EAJk patronala eta PPrekin proiektu ekonomiko eta sozial neoliberalaren alde egiten jarraitzen du, langileontzat prekarietatea eta pobrezia dakarren eredu ekonomikoaren alde. Errazagoa da eredu hori marko estatalean". 
 

 

 

Eraikuntzako enpresen inpunitateari amaiera jartzeko exijitu dugu

0
Jakinarazi nahi dugu Jardineria Adaxka enpresako LABeko ordezkaria izandakoa, urte luzeetako borrokaren ondoren UTE Donostialdean berriz lanean hasi dela, azkenean, Construcciones Moyuak horretara behartzen zuen epaia bete baitu.

Langile honek Gipuzkoako Foru Aldundiko azpikontrata batentzat lana egiten zuen Gipuzkoako Errepideetan, eta zerbitzua beste enpresa batek hartu zuenean, UTE Donostialdeak (Martinsa eta Construcciones Motyuak osatuta) langileari ez zioten subrogazioa aitortu, eta kaleratu egin zuten 2014ko azaroan. Kaleratzea bidegabea zela aitortu arren epaile batek, Construcciones Moyuak uko egin dio langilea kontratatzeari. Epaia irmoa zian denean ere, ez dute bete nahi izan, nahiz epaileak agindu. Azkenean, behartu dugu langilea berriz lanera bueltatzea kaleratu eta bi urte eta erdi beranduago. Soilik langile honen jarrera txalogarriak ekarri du garaipen hau. Honelako adibideek eraikuntzaren sektorean Gipuzkoan enpresarien inpunitatea erabatekoa dela erakusten dute.

Enpresek hazkunde ekonomiko garaian, sektorearen gorakada aurreikusten den garaian, hitzarmen kolektiboa negoziatzeari eta betetzeari uko egiten diote irabazi gehiago metatzeko. Esanguratsua da era berean, langile honek Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat lana egiten duela, eta beste behin ere argi geratu da, azpikontratazioak langileen eskubideak murrizteko tresna bat dela horren aldeko apotua egiten dutenentzat. Obraz obra aurre egiten ari gara LABetik eraso hauei, eta gure lanak fruituak emango dituelakoan gaude. Prekarietateari mugak jarri behar zaizkio, eta bete beharrekoa izango den hitzarmen kolektibo bat borrokatu behar dugu eraikuntzako langile guztientzat.

Jarraituko dugu, gehiegikeriak salatzen, aberastasunaren banaketaren alde borrokan, enplegu duinak aldarrikatzen.
 

 

 

EAEko heziketa bereziko hezitzaileen lehen topaketa egin dugu

LAB sindikatuko Heziketa Bereziko kideok kaleko mobilizazioetatik haratago joan nahi dugu. Eskoletako egoera eta langileon eguneroko errealitatearen jarraipen zuzena egiteko asmo irmoa daukagu hezkuntzaren LABko sektore honetan. Denon artean, gaur egun dugun egoera prekariotik ahalik eta gehien aldendu eta inklusibitatearen bidean murgiltzea da gure helburua. Lan erreza ez dela izango jakin badakigu, baina denon ekarpenak eta indarrak batuz bidea asko erraztu daitekeela ere pentsatzen dugu, eta ez gaude ilusioa galtzeko prest.

Ekimen hau aurrera eramateko oso garbi genuen, hasieratik langilekin harreman zuzenaren beharra izango zela. Beraz hor jarri genuen gure abiapuntua. Horretarako gure afiliazioari bisitak egin genizkion, asanbladatan bildu, galdetegi bat prestatu eta guztiei helarazi genien. Behin emaitzak ikusita (120 inkesta jaso ditugu) eta lehenengo balorazio bat eginda, afiliazioarekin lantzeko prest gaude.

Gaur ekainak 16, LABeko Bilboko egoitzan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako afiliatuekin batera lehenengo topaketa egin dugu.

Galdetegi hauetatik ateratako ondoriotako batzuk ikusita, heziketa berezikoen kolektiboaren prekarietatearen baieztapena jaso dugu, beste behin ere. Honen erakusgarri, inkestetatik jasotako ondoko emaitza adierazgarri batzuk:.

-Ikasleen gehiegizko ratioak. Gaur egun oraindik langileen %23,6a bost ikasle baino gehiagorekin lan egiten du. Oso gertutik jarraituta, %6,4 4 ikaslerekin, eta % 29,1 3rekin.

-Arreta zuzeneko ordu kopurua. Langile gehienek, egunero, patio, jangela, eta saio guztiak ematen dituzte beraien ikasleekin etenik gabeko arreta zuzena eskainiz, honek langile horiei suposatzen duenarekin.

-Koordinazio eza. Tutore, espezialista, pedagogo terapeuta, Berritzeguneekin… koordinatzeko zailtasunak edo horretarako aukerarik gabe gelditzea.

-Inklusibitate eza. Langile asko ez da eskolako parte sentitzen, neurri batean, ez da bere iritzia kontutan hartzen ikasleekin lan egiteko irizpideak ezartzen direnean, ezta orokorrean eskolako funtzionamendurako ere.

Ezin zaigu ahaztu, behar bereziak dituzten umeekin, lanean ari garenik eta erabateko kalitatezko arreta eskaintzeak izan beharko lukeela denon helburua.

Egoera prekario honi buelta ematea da erronka, gure ikasleei ematen diegun zerbitzua ahalik eta onena izatea bermatuz. Lehenengo topaketa hau, hasiera besterik ez izatea nahiko genuke benetako eskola inklusibo bat lortze aldera. Denon artean lortuko dugu!
 

 

 

Preso eta iheslarien eskubideen aldeko martxan parte hartzera deitu du Kalera Kalerak

Presoen eskubideen defentsan irtengo gara kalera, udan ere. Hain zuzen ere, Kalera Kalera dinamikak Kalera martxa izenekoa egingo du uztailaren 20 eta 27 artean. Preso, iheslari eta deportatuen aldeko ibilbide bat izango da, zortzi etapakoa. Gernikak hasi eta Lakuntzan amaituko da.

Ekimen honek bi helburu nagusi bete nahi ditu: batetik, gatazkak sortutako euskal errepresaliatu politiko guztiak Euskal Herriko kaleetara ekartzea (bide batez sinbolikoki, preso, iheslari eta deportatu guztiak udako jaietan murgiltzea); eta bestetik, jai-giroaz gozatzea.

Martxak Gipuzkoa, Bizkai eta Nafarroako errepideak eta herriak zeharkatuko ditu. Hauexek izango dira etapak:

-Uztailak 20, osteguna: Gernika-Busturia-Bermeo (15 km)

-Uztailak 21, ostirala: Bermeo-Ea-Lekeitio (24 km)

-Uztailak 22, larunbata: Lekeitio-Ondarroa (14 km)

-Uztailak 23, igandea: Ondarroa-Mutriku-Deba (11 km)

-Uztailak 24, astelehena: Deba-Zumaia-Getaria (24 km, Zumaiaraino

-Uztailak 25, asteartea: Getaria-Zarautz-Hernani (13 km)

-Uztailak 26, asteazkena:Hernani-Anoeta-Ibarra (20 km)

-Uztailak 27, osteguna: Ibarra-Etxarri Aranatz-Lakuntza (16 km)

Martxan parte hartzeko izena eman beharra dago. Martxan parte hartzeko txartelak ohiko lekuetan eskuratu ahal izango dira. Jai-giroa eta presoen eskubideen aldeko aldarria uztartuz, etapa amaiera bakoitzean hainbat kultur ekitaldi izango dira.

KALERA KALERAk martxa igaroko den leku bat aukeratu du ekimena aurkezteko, Zarautz. Hango hondartzan 338 toalla huts jarri dituzte.“Toalla horiek presoen lekukoa hartzen dute, eta helburua da lehenbailehen bakoitzaren gainean preso bat egon dadin eguzkia hartzen eta gure Kantauri itsasoaz gozatzen”, adierazi du KALERA KALERAko Mikel Urdangarinek.

Antolatzaileek dei egin diete herritarrei martxan parte har dezaten, batez ere gazteei. “Kalera Martxa jendez bete behar dugu. Kolektiboari babesa eman behar zaio. Bere eztabaida estrategikoa ia bukatzear dagoenean, sentitu behar dute ezker abertzaleko militantziaren maitasuna eta berotasuna. Barrutik entzun behar dituzte gure urratsen soinuak, askatasunaren urratsak”, gaineratu du.

Ezker abertzalearen dinamikak, azken batean, gatazka politikoaren ondorioak behingoz konpontzeko eskatu nahi du martxa honen bitartez. “Euskal Herrian, gehienok gatazkaren ondorioak behin betiko konpontzearen alde gaude. Konponketak integrala izan behar du. Kaltetuak kalean egoteko eragozpenek desagertu behar dute. Presoak kalera ateratzea Euskal Herria bakean eta askatasunean bizitzeko ezinbesteko urratsa izango da”, Urdangarinen esanetan.
 

 

 

Larunbatean, Gasteizko kaleetan, IREKI dezagun preso eta iheslarien etxeratzeko bidea!

2016ko urriaren 15ean sortu zuten Donostian IREKI. Euskal Herriko txoko guztietatik joandako 40 langilerekin. Helburua, “langileen bultzadaz, euskal preso eta iheslariak etxeratze bidean jartzea” zela adierazi zuten. Orduan abiatu zuten urte osoko dinamika, eta ekainaren 17ko mobilizazio nazionalarekin biribilduko dute. Hain zuzen ere, larunbatean amaituko du IREKIk bederatzi hilabeko ibilbidea. Hala Ireki ekimenak langile martxak antolatu ditu larunbaterako. Arangiz eta Otazutik irtengo dira 11:00etan, eta bi zutabeak Gasteizen elkartu eta manifestazioa egingo dute, 12:30ean, Correos plazatik abiatuta.

Bere sorreran, azken urteetan -bereziki duela 5 urte ETAk behin-betiko su-etena iragarri zuenetik hona- preso eta iheslarien gaian eragiteko lan munduan izaniko mugak gainditzeko beharra dagoela adierazi zuen IREKIk. Eta horrela aritu da lan-munduan, indarrak metatuz, lan mundua astinduz, langileen protagonismotik, eta eragile sindikal ezberdinen konpromisotik.

Euskal Herri osoko lan-zentroetan sortutako dinamika ezberdinak dira horren erakusgarri. Bereziki garrantzitsua eta balio berezia duena da lan-munduan horrelako ekimena abiatu izana. Izan ere, beharrezkoa da langileon aktibazioa eta inplikazioa preso eta iheslarien etxeratzea azkartzeko.

Egoera honetan, lehentasunezkoa izaten jarraitzen du presoen eta iheslarien afera konpontzeak, egoera larrienetatik hasita, gaixotasun larrienak dituztenak. Salbuespen legedia desaktibatu eta dispertsioa gaindituz presoak etxeratzeko bidean jartzea funtsezkoa da.

Honekin lotuta, larri gaixo dauden preso guztien baldintza gabeko askatasuna exijitzen du LABek. Adinagatik libre bizi behar diren presoek zein bete duten kartzelaldiagatik libre bizi behar direnek kalera irten behar dute berehala. Euskal preso politiko guztiak Euskal Herriratu behar dira. Aipatu urratsak berehala eta baldintzarik gabe eman behar dira. Amaitzeko, euskal preso eta iheslari politiko guztiak askatzeko prozesua abiatu behar da.

LAB bertan izango da
LABek larunbateko mobilizazioan parte hartuko du, Garbiñe Aranburu Idazkari Nagusia buru izango duen ordezkaritza batekin. Era berean, dei egiten diegu langileei larunbateko mobilizazioan parte hartzeko eta lantokietan preso eta iheslari politikoen aldeko borroka eutsi eta hauspotzeko.
 

 

 

Asteko hirugarren greba eguna egin dute gaur Gasteizko BSH enpresako langileek

0

Elkarretaratze bat egin dute Andra Mari Zuriaren plazan, euren enpleguaren defentsan, eta Gasteizko lantegiaren jarduera mantentzeko eskatu diote berriro zuzendaritzari.

260 pertsona daude Ali Gobeo industriaguneko lantegian, eta lurrunezko lisaburdinak eta lisatzeko tresnak egiten dituzte Bosch filiala den honetan. Aldi berean, beste langile ari dira lanean lantegiko kontrata eta hornitzaileetan. Bada, joan den martxoaren 13an, BSH Taldeko Zuzendaritzak jakinarazi zuen lantegia salgai jarri eta lisatze lerroa kenduko duela. Horren aurrean, greba eta mobilizazioei ekin diete langileek, industria jarduera mantendu dezaten eskatzeko. Gaur, BSH-BOSCH enpresako langileek asteko hirugarren greba eta mobilizazio eguna egin dute.  

Salmenta iragarri dutenetik, langileek ohartarazi dute programatutako itxiera bat izan daitekeela eta ziurrenik salmentaren iragarpena aitzakia besterik ez dela. Edozein kasutan, kaleratzeak egoteko eta lan baldintzak murrizteko arriskua egon badago. “Alderdi politikoei eta instituzioei egiten diegu dei Bosch multinazionala presionatzeko gaur egun dauden lanpostuak mantentzeari begira”, adierazi du enpresa batzordeak.

Duela hiru hilabete ekin zieten mobilizazioei enpresarekin akordio bat lortzeko, hiru helburu argirekin: “Industria jarduera mantentzeko, lanpostuak mantentzeko eta gure lan baldintzak ez okertzeko. Bosch-ek gure proposamenei entzungor egin arren, gure etorkizunaren alde borrokan jarraituko dugu”, nabarmendu dute.