2026-07-08
Blog Page 970

Iñaki berronartzeko exijitu diogu TCC enpresari

0

Iruñerriko garraio publikoa kudeatzen duen TCC enpresako langileek elkarretaratze bat egin genuen atzo, Iñakiren kaleratzea jendarteari ezagutzera emateko. Enpresa honetako mekanikoa kaleratua izan da enpresa egiten dituen autobusen mantentze eta konponketa lanak segurtasun ikuspuntu batetik zalantzan jartzeagatik. LAB sindikatutik, azken hilabeteetan hainbat alditan jakinarazi diogu enpresa eta mankomunitateari autobusek jasotzen duten mantentze lana ez dela nahikoa, honek ekartzen dituen kalteekin, ikusita gainera azkenaldian normaltzat jotzen dugula autobus bat matxuratuta ikustea errepidearen erdian edota garabia garajera eramaten. Honen aurrean enpresaren jarrera hauxe izan da; erditik kendu du sekzio horretan dagoen LABeko afiliatu bakarra, zeina ez zetorren bat tailerreko nagusia hartzen zituen erabakiekin autobusak konpontzeko orduan. Holako kaleratze objektibo bat enpresa honetan inoiz eman ez dela azpimarratu nahi dugu.

LABetik nahi duguna enpresak dituen betebeharrak betetzea da: autobus zerbitzuan kalitatezko zerbitzu on bat ematea, eta, hau horrela izan dadin, autobusak egoera on batean mantendu behar dira. Honen jarraipena mankomunitatearen ardura izanik eta gure ustez egiten ari ez duena.

Gure iritziz, mankomunitatea egoera hau ematearen arduradun da, guztiok baitdakigu enpresak gastuak merketzen ari dituela segurtasun neurrietan murriztuz.

Dinamika honekin jarraitu ezkero, gaurtik enpresa bere kontzesioa 2019. urtean amaitzen duen arte guztion diruarekin erosten ari diren autobusak zakarretara botatzeko egongo dira, gaur egun gertatzen ari dena autobus zaharrenekin, ez dutela ezta txatarra egiteko balio ere.

Egun, gure lankidea den Iñakik kaleratua jarraitzen du. Langile hau bere lehenengo lanpostuan berronartzea da sindikatu honen eskaera eta horretarako mobilizazio ezberdinak egiten ari gara, atzo eguerdian burututakoa edota maiatzaren 17rako Catalunyan egingo ditugunak TCC enpresaren bulego zentralean Bartzelonan, eta Lleidako egoitza nagusian ere.

Amaitzeko, aipatzea segurtasun neurrietan ematen den edozein murrizketa salatzen jarraituko dugula.

 

 

 

BBVAren aurrean bilduko gara bihar, SATeko kideei elkartasuna adierazteko

0

LAB, ELA, ESK eta STEILAS sindikatuok deituta, elkarretaratze bat egingo dugu bihar Bilboko Gran Viako 12. zenbakiko BBVA-ren egoitzaren parean, 11:00etan, Jaengo El Cerro finka okupatu duten Sindicato Andaluz de Trabajadores sindikatuko (SAT) kideei gure elkartasuna adierazi eta aldi berean haien aurka BBVAk abiatu duen erasoa salatzeko. Hain zuzen ere, BBVAk SATeko 28 kide salatu eta finka husteko eskaera egin du epaitegietan bere interes espekulatiboak defendatze aldera.
 

 

 

Prekarietatearen aurkako dinamika Larratxora iritsiko da ostiralean

Pintxo prekario lehiaketa, garbi-kirolak, murala, denboraren tunela, aholkularitza sindikal eta juridikoa, mahai ingurua… Larratxoko Josu Artetxe plazan, hainbat jarduera egingo ditugu Ostiral Duinak dinamikaren baitan, 17:00etatik aurrera. Hain zuzen ere, LABek elkarguneak antolatu ditu Euskal Herriko hainbat txokotan, kapitalismoak eragindako gaitzari aurre egiteko. Altzara iritsiko da oraingoan, eta, 18:30ean, mahai inguru interesgarri bat proposatuko du, besteak beste: "Emakumea eta prekarietatea, zapalkuntzak bizi etapa desberdinetan" leloarekin, hain justu. Martxoa hasierarako aurreikusita genuen jardunaldia, baina eguraldi txarragatik ostiral honetara arte atzeratu egin genuen.

Prekarietatearen aurkako lehen elkargunea Gasteizen egin genuen, otsailaren 10ean. Ondoren, leku hauetan gauzatu dugu dinamika: Iruñean, martxoaren 17an; Bilbon, martxoaren 24an; eta Oarso Bidasoan, martxoaren 31n. Ostiralean Larratxon egingo duguna martxorako aurreikusi genuen, baina eguraldi txarragatik atzeratu behar izan genuen. Ostiral honetan dator, dinamika osoa biribiltzeko.

Hain zuzen ere, prekarietatea agenda politikoan sartzeko garaia da. Helburu horrekin antolatu ditu LABek elkarguneak, lan prekarioa betetzen dutenek bildu eta esperientziak truka ditzaten, beti ere alternatibak daudela erakusteko asmoz. Dinamika honetan parte hartzera animatzen zaitugu, denon ekarpena beharrezkoa baita prekarietateari aurre egiteko.

Urratsak eman ditzaten eskatu behar diegu eragile politikoei. Honako hauek dira premiazkoenak:

. 1.200 euroko gutxiengo soldata bermatu
. Lanaren banaketa bultzatu, asteko lanaldi osoa 35 ordura murriztuta
. Bertako hitzarmen kolektiboak adostu eta blindatu, Madrildik etor daitezkeen erreformekiko
. Gutxiengo orduak ezarri, lanaldi partzialean kontratatzeko garaian
. Laneko ikuskaritzak kontrol eragingorra egitea enpresei

Prekarietateari aurre egiteko antolaketa, kontzientziazioa eta borroka beharrezkoak dira, kalean zein lantokitan. Gaur egun, lanposturen bat izateak ez du esan nahi prekarietaterik pairatuko ez dugunik. Euskal Herrian langile txiroak daude, lanpostu prekarioengatik hilabete amaierara iristen ez direnak.

Zerbitzuen sektorean egindako 3.369 inkesta anonimoen bidez, LABek egoera honetara ekarri gaituzten aldagai nagusiak aztertu ditu, eta emaitza latza da: langileen %80ek lan baldintza kaskarretan dihardutela adierazi dute, eta behin-behinekotasuna, soldata, malgutasuna, lanaldi mota eta lan ordutegiak aipatu dituzte prekarietatearen ardatz gisa.

Sistema kapitalistaren tresna bat da prekarietatea, gobernatzeko baliatu ohi du. Alarma gorria piztu behar dugu gizartean, ezinbestean. Hortaz, elkarguneetara hurbiltzeko gonbitea luzatzen dizugu, denon eskubideen alde eragiteko!
 

 

 

Heriotz istripu berri honen aurrean mobilizatzen jarraituko dugu

Langileen osasunak eta bizitzak arriskuan jarraitzen du. Atzo, maiatzak 3, gertatu zen heriotz istripua salatu beharrean gaude berriro ere. LABen iritziz istripu hauek ekiditea posible da neurri egokiak hartuz gero eta hau horrela izan dadin mobilizazioaren bideari eutsiko diogu, borrokan eta antolakuntzan baitago aldaketarako palanka. Bestalde gaur 12etan, Azkoitiako Erlo Group enpresaren aurrean egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatzen dugu.

Aurreko astean, Lan Osasunaren Nazioarteko Egunean, prekarietatearen aurka mobilizatu ginen eta lan mundua gaixorik dagoela, gaixotu eta erailtzen gaituela ozen salatu genuen. Egoerak bere horretan jarraitzen du eta atzo, maiatzak 3, gertatu zen heriotz istripuaren hariera salaketa ohar berri bat idatzi beharrean aurkitzen gara.

Lehenik eta behin gure elkartasuna osoa adierazten diegu familia, lankide eta langilego guztiari
.

Urtea hasi zenetik lanean gutxienez 21 langile hil dira Euskal Herrian lan istripuz, laneko gaixotasunek hildakoak kontutan artu gabe. Argi dugu arazo estrukturala dela eta konponbideak ere halakoa izan behar duela.

Honelakoak ekiditea posible da neurri egokiak hartuz gero. Beraz instituzioei eskatzen diegu arduraz jokatu eta egoerak eskatzen dituen neurriak hartzeko. Hau horrela izan dadin LABek mobilizazioaren bideari eutsiko dio, borrokan eta antolakuntzan baitago aldaketarako palanka.

Amaitzeko, gaur 12etan, Azkoitiako Erlo Group enpresaren aurrean egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatzen dugu, eta orain artean bezala enpresetan eredu berri baten alde borrokan jarraituko dugu, gure osasuna, lan baldintza eta bizitza erdigunean jarriko dituen eredu baten alde.
 

 

 

PPren xantaiaren aurrean makurtu egin da EAJ, Kupoaren akordioa itxita

“Foru nazioaren” eszenifikazioaren aurrean gaude, zalantzarik gabe. Horretan datza EAJk aldarrikatutako aldebiko politika; Madrilgo Gobernuaren xantaia politikoaren aurrean makurtzean datza, alegia. Gastu sozialaren murrizketa eta zor publikoaren ordainketa lehentasun gisa dituzten politikak bere horretan mantentzen dituzte aurrekontuek, eta irentsi egin ditu; eskubidez eta soldata duinez osatutako enplegu finkoa sortu edo Europa mailaren pareko gizarte politikak sustatu beharrean.

Hamar urte egon da zintzilik Euskal Autonomia Erkidegoak Estatu espainolari transferitu gabeko eskuduntzengatik ordaindutako kupoaren behin betiko lidikazioa. Atzerapen honek ez du zerikusirik negoziazioaren beraren zailtasunak dakarren blokeoarekin, PSOE eta PPko gobernuek propio behartutako atzerapenarekin baizik.

Atzerapen hau Madrilgo Gobernuak baliatutako estrategia sistematikoaren parte da. Gobernu espainola ez da ezaguna bere hitza betetzeagatik; are eta gehiago, adostutakoa errespetatzeko asmorik ez du erakusten, egoskorkeria lagun.
Kupoaren negoziazioari dagokionez, abantailarekin jokatu ohi du amarru horren bidez. Hala, negoziatzeari ekin ohi dio babesa behar duenean bakarrik, Kongresuan dituen arazoak gainditzeko gehiengo nahikorik ez duenean, oraingoan bezala.

Lakua eta Madrilen arteko liskarrak amaitu dira lortutako akordioarekin, 2007-2016 urte bitarteko Kupoaren kalkuluari dagokionez. Gobernu espainolak sobera jasotako 1.400 milioi euro itzultzeko konpromisoa hartu du, Euskal Autonomia Erkidegoko gobernuak aldea 1.600 milioi eurotan finkatu arren.
Hala ere, Erkoreka, Azpiazu, Esteban eta enparauek lorpen handi baten eragile nagusi gisa aurkeztuko dute euren burua, ituna azkar baino azkarrago sinatu dutenean, aurrekontuak adosteko izapideek behartuta, presiopean.
 

 

 

GOFEk ez du betetzen Ezintasun Pertsonen Eskubideen Legea

Gizarte Ongizaterako Forun Erakundeak Laudion duen Adimen Urritasun duten pertsonen etxebizitzak ez du betetzen Aniztasun Funtzional duten pertsonen irisgarritasun araudia. Nahiz eta Foru Erakundea orain dela urte asko horren jakinean egon, ez du ezer egin egoera hau aldatzeko, beraz, zentro horretan bizi diren pertsonen eskubideak behin eta berriro Foru Erakundeak zapaltzen ditu. Gaur egun, langileok gurpil aulki bat jeitsi eta igo behar dute bost eskaileretatik, honek dakar erabiltzailearen erortzeko arrisku handia. Aldi berean, langileok osasun kalte haundiak izaren ari dira, honenbestez, azken urtean lan istripu parte asko egon dira, baja laboralak barne.

APDEMAko Enpresa Batzordeak salatzen du egoera hau, azpikontratutako zerbitzu publikoetako lan baldintzen prekarizazioa eta APDEMAk itundako etxebizitzetan bizi diren pertsonen diskriminazioa beste adibidea besterik ez da. APDEMAk kudeatzen ditu etxebizitzetan zerbitzu gutxiago ematen dira, arreta zuzeneko orduak eta janaria dagokienez, erabiltzaileek kuota bera ordaindu arren.

Azkenik, APDEMAko Enpresa Batzordeak salatzen du, Laudioko egotetxeak jarduera lizentzia ez dauka.
 

 

 

HAEEko zerrendetara sartzeko azterketa psikoteknikoetan parte hartuko duten pertsonen babesgabetasuna salatu dugu

LAB sindikatuak seriotasuna eta erantzunkizuna eskatzen dio administrazioari Herri Arduralaritzaren euskal erakundea zerrendetara sartzeko hautaketa prozesuak kudeatu eta antolatzeko orduan.

LABen iritziz administrazioak prozesu guzti honetan jokaera arduragabea izan du. Lehenik eta behin, bere momentuan salatu genuen bezala, Gobernuak era axolagabean jokatu zuen gazteentzako enplegua sortzea suposatuko zuen zerrendak zabalduko zituela esanez eta lan egonkorra sortzeko itxaropen faltsuak sortuz. Hau agerian geratu zen 20.000 pertsonek parte hartu zuten eta antolaketan akats ugari egon ziren egun horretan.

Azterketa horren ondoren, pertsona hauek jakin dute froga psikoteknikoak izango dituztela. Froga hauek azterketa teorikoaren balio berdina izango dute baina beren edukia ez dago jakiterik, beraz, ezin izango dituzte prestatu.

Sindikatu honek jada azaldu du froga psikoteknikoen erabileraren aurka dagoela, baita aipatu frogek ezagupenek adinako balioa izatearen kontra ere. Funtzio Publikoak “lanpostu bakoitzerako egokitasun irizpiderik onena lortzeko ezarri nahi zutela” esan zuen Negoziazio Alorreko Mahaian.

Orain arte oposaketek ezagutza maila objetiboa neurtu izan dute baina orain ordea lanpostuaren "egokitasun irizpide" lausotu bat ezarri dute eta izan daiteke aztertzen diren gaietan ezagutza maila baxuagoa izatea. Hau eskandalu handi bat da. Horrela adierazi dugu Alorreko Mahaian eta horrela adierazten dugu orain ere.

Hau gutxi izango balitz, froga psikoteknikoa egingo duten pertsonei jakinarazi zaie ezin izango dutela beraien erantzunen kopia azterketatik atera, test horien enpresaren "copyrigth"-ak horretara behartzen duelako. Honek suposatzen du objetibitatearekin talka egiten duen zentzugabeko froga izateaz gain, inork ezin izango duela zuzenketaren erreklamaziorik egin horretarako frogarik izango ez duelako.

Amaitzeko, beharrezkoa da salatzea autaketarako baremoetan euskararekiko ematen den tratamentua, Euskal Administrazio Publikoaren euskara normalizazioaren kontra doana.
 

 

 

Industriaren trantsizio ekosozialaz arituko dira Bilbon, maiatzaren 9an

0

Euskal Gune Ekosozialistak agerraldi bat egin du gaur Bilbon, eta iniziatibaren sorrera, xedeak eta lan markoa aurkeztu ditu. Era berean, Euskal Gune Ekosozialistatik bertatik sortutako Herri Eskola Ekosozialistaren berri eman dute, baita honen definizioa, helburuak eta metologia jakinarazi ere. Hain zuzen ere, herri eskolak lehen saio bat antolatu du datorren maiatzaren 9rako, 19:00etan, Bilboko La Bolsan: Euskal Herriko industriaren trantsizio ekosozialaz arituko dira.

2016ko irailean Bilbon egindako Nazioarteko III. Topaketa Ekosozialisten ondoren sortu zen Euskal Gune Ekosozialista. Euskal Herrian gogoeta eta eztabaidatzeko espazio bat da. Horren inguruan, aktibistak, ikertzaileak eta bestelako pertsonak biltzen dira, eta egunerokotasunean praktika ekosozialistak erdigunean kokatzea da helburu nagusia.

Herri Eskola Ekosozialista Euskal Gune Ekosozialistak formakuntzarako duen tresna nagusia da. Bestelako eredu bat posible dela pentsatzen duten pertsonei eskainia dagoen proiektu kultural eta hezitzailea da. Horrela, Euskal Herriak aurrera eraman beharreko trantsizio ekonomiko (energetikoa eta produkzio ereduarena: industria, garraiobideak, elikadura burujabetza…), sozial (zaintzare antolakuntza kolektiboa, osasuna, hezkuntza…), kultural (jasangarritasunaren aldeko hezkuntza, gure eguneroko bizitzaren birpentsatzea, herri jakituriaren berreskurapena…), legegile (ondare komunak berreskuratu eta babesteko legeak, desjabetzeen eta pobrezia energetikoaren kontrakoak, biodibertsitatearen ingurukoak…) eta lurraldeko trantsizioan (lurralde planifikazio eta ordenatzea, aurrekontu partehartzaileak…) sakontzeko beharra ikusten duten horiei zuzendua dago.

Eskola, hausnarketak eta formakuntzan zentratzeaz gain, alternatiba eta proposamen zehatzak diseinatzera bideratuta dago.

Zentzu honetan, herri eskolak saio bat antolatu du datorren maiatzaren 9rako, 19:00etan, Bilboko La Bolsan. Joserra Becerra (EQUO, Elkarrekin Ahal Dugu-ko Euskal parlamentaria), Ana Perez (Bilboko Emakumeen Asanblada) eta Zorion Ortigosa (LAB-Industria Federakundea) Euskal Herriko industriaren trantsizio ekosozialaz arituko dira. Ekainaren 3an emango diote jarraipena eztabaidari. Karmelo espazioan, Santutxun, esperientziak trukatzeko tailerra egingo dute, 10:00etan.

Jardunaldi gehiago aurreikusi dituzte datozen asteetarako, gai desberdinen inguruan; pentsio publikoei buruz, esaterako, maiatzaren 12an.

 

 

 

“Nolakoa da feminismotik sortu nahi dugun boterea?” galderari erantzungo diote Berriozarren, larunbatean

Datorren maiatzaren 6an, Bilgune Feministaren 15. urteurrena ospatu eta aurrera begirako urratsak partekatzeko asmoz, "Indar bat gara gu" lemapean, Emakume* Abertzaleon VII. Topaketa Feministak egingo dituzte Berriozarren. Hori dela eta, egun bateko jardunaldia osatuko dute, urte hauetako ibilbidea elkarrekin konpartitzeko, ospatzeko eta aurrera begira, Euskal Herriaren burujabetza feminista helburu hartuta, erronka berrietan sakontzeko.

Botere(tze) feministaren inguruko hausnarketa antolatu dute maiatzaren 6rako: feminismoaren diagnostiko konpartitu bat egiteko eta botere(tze) honen ezaugarriak elkarren artean definitzeko. Horretarako, honako galderak erantzungo dituzte: nola ikusten dugu feminismoa Euskal Herrian? Nola aliantzak, militantzia, kolektibitatea, konpromisoa eta lidergo feministak? Nolakoa da feminismotik sortu nahi dugun boterea?

Jardueraz beteriko eguna osatu dute. Goizean eztabaida zabala eta dinamikoa antolatuko dute galderei erantzuten saiatzeko. Arratsaldean, berriz, botere(tze) prozedurak askotariko praktikei lotuta jorratuko dituzte horretarako antolatu dituzten tailerretan. Iluntzean, kalean zein dantzalekuan, ospakizunei bukaera emango diete.

Topaketen atarian eskuragarri dago izena emateko eta informazio gehiago eskuratzeko aukera.