2026-11-26
HomeEkintza SozialaPolitika publikoakPPren xantaiaren aurrean makurtu egin da EAJ, Kupoaren akordioa itxita

PPren xantaiaren aurrean makurtu egin da EAJ, Kupoaren akordioa itxita

“Foru nazioaren” eszenifikazioaren aurrean gaude, zalantzarik gabe. Horretan datza EAJk aldarrikatutako aldebiko politika; Madrilgo Gobernuaren xantaia politikoaren aurrean makurtzean datza, alegia. Gastu sozialaren murrizketa eta zor publikoaren ordainketa lehentasun gisa dituzten politikak bere horretan mantentzen dituzte aurrekontuek, eta irentsi egin ditu; eskubidez eta soldata duinez osatutako enplegu finkoa sortu edo Europa mailaren pareko gizarte politikak sustatu beharrean.

Hamar urte egon da zintzilik Euskal Autonomia Erkidegoak Estatu espainolari transferitu gabeko eskuduntzengatik ordaindutako kupoaren behin betiko lidikazioa. Atzerapen honek ez du zerikusirik negoziazioaren beraren zailtasunak dakarren blokeoarekin, PSOE eta PPko gobernuek propio behartutako atzerapenarekin baizik.

Atzerapen hau Madrilgo Gobernuak baliatutako estrategia sistematikoaren parte da. Gobernu espainola ez da ezaguna bere hitza betetzeagatik; are eta gehiago, adostutakoa errespetatzeko asmorik ez du erakusten, egoskorkeria lagun.
Kupoaren negoziazioari dagokionez, abantailarekin jokatu ohi du amarru horren bidez. Hala, negoziatzeari ekin ohi dio babesa behar duenean bakarrik, Kongresuan dituen arazoak gainditzeko gehiengo nahikorik ez duenean, oraingoan bezala.

Lakua eta Madrilen arteko liskarrak amaitu dira lortutako akordioarekin, 2007-2016 urte bitarteko Kupoaren kalkuluari dagokionez. Gobernu espainolak sobera jasotako 1.400 milioi euro itzultzeko konpromisoa hartu du, Euskal Autonomia Erkidegoko gobernuak aldea 1.600 milioi eurotan finkatu arren.
Hala ere, Erkoreka, Azpiazu, Esteban eta enparauek lorpen handi baten eragile nagusi gisa aurkeztuko dute euren burua, ituna azkar baino azkarrago sinatu dutenean, aurrekontuak adosteko izapideek behartuta, presiopean.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

00:01:56

Lanean indarkeria matxistaren aurkako konpromiso berriak aldarrikatzeko mobilizatu gara

Iruñean eta Gasteizen elkarretaratze bana egin dugu gaur, azaroak 25, Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna.

EAJk mahaia blokeatu eta gero, LABek estrategia berria jarriko du martxan Udalhitz berritzeko

LABetik ELAri proposatu genion EAJ zuzenean interpelatzeko eta presionatzeko mobilizazio dinamikara batzeko eta horretan sakontzera gonbidatzen dugu berriro ere.

Benetako iruzurra da EAEko Osasun Sailak sindikatuoi leporatzea osasun-garraioaren zerbitzuaren hobekuntzak atzeratzen ari garela

LABen erantzuna sailaren adierazpenei. Etengabeko estresean gutxienez bost urte daramatzan zerbitzu bati buruz ari gara. Gero eta larrialdia gehiago daude, anbulantziak egunero gainezka daude, eta...