2026-01-01
Blog Page 966

Enplegu Zerbitzu Publikoa bere jarrera zuzentzen hasi da, prebarikazioagatik jarri genuen salaketa eta gero

Abenduaren 1ean publiko egin zen LAB sindikatuak Bilboko penaleko auzitegietan salaketa jarri zuela prebarikazio delituagatik Bizkaiko SEPEko Zuzendariaren aurka. Salaketa honen atzean aipatu Bizkaiko Zuzendari honen portaera da. Euskal preso politikoek kartzelatik ateratzeagatik zegokien langabezia diru laguntzaren aurrean ezezko ebazpenak ematen jarraitu duelako, horretarako Epaitegi Konstituzionalak 2016ko ekainaren 23an baliogabetzat jotako araudia baliatuz. Era berean, SEPEren jarrera pasiboa ere salatzen da, baliogabetzat jotako araudiaren arabera ezezko 70 ebazpenak ere berrikusi ez zituelako.

Aurkezpen hau egin eta egun gutxitara, SEPEk irailean eta penaleko auzitegiari jakinarazitako lau ezezko ebazpenak zuzendu ditu, prekarizazioagatiko salaketatik bost egunetara sinatutako baiezko ebazpenen bidez. Era berean, Gipuzkoako SEPEren herrialdeko azpizuzendaritza zuzenean jarri da sindikatu honetako aholkularitza juridikoarekin epaitegietan pendiente dauden espedienteen zerrenda eskatzeko, hauek berrikusteko.

LABek badaki sartutako salaketak urduritasuna sortu duela SEPEren barruan. Bertako arduradunak, bere egunean, egindakoa “Madrilgo aginduak betetzeagatik” soilik justifikatzeko gai izan ziren. Badakigu baita Madrildik zirkularra bidali dutela SEPEko bulegoetara, euskal preso politikoei ukatu izan dieten kartzelatik ateratzeagatiko dirulaguntza ordaintzea aginduz.
Bi urte pasatu behar izan dira kolektibo honek, legez araututako babes sozialerako bere eskubidea aitortua izateaz gain, eskubide hau SEPEk berak gauza dezan, Auzitegi Konstituzionalaren ebazpen judiziala ez betetzeko bere borondate errebeldearen aurrean.

Honek guztiak berretsi egiten gaitu Bizkaiko herrialdeko zuzendariaren kontrako prebarikazio salaketa egitera bultzatu gintuen balorazioan, argi geratu baita jarduera honekin SEPEren asmoa kolektibo honi egindako kaltea luzatzea baino ez dela izan, kartzelatik ateratzerakoan baliabide ekonomikorik gabea, injustoa eta arbitrarioa izan dela jakinda.

LAB sindikatuak hitzordua jaso du urtarrilaren 24rako Bilboko 3. Instrukzio epaitegiaren aurrean deklaratzeko, sartutako prekarazioagatiko salaketaren inguruan deklaratzeko.
 

 

 

Jasoko langileen protestak aurrera darrai

0

Manifestazioa egin zuten atzo, Ordizian, greba mugagabe partzialean dauden Jasoko langileek. Hitzarmenik gabe daude 2015. urteaz geroztik, eta atzo 17. greba eguna bete zuten.

Hauxe da Itsasondoko Jaso Industrialeko enpresa batzordeak kaleratutako azken oharra:

Itsasondoko Jaso Industrial enpresako langileok 2015 geroztik Enpresa Hitzarmenik gabe gaude. 14 hilabete negoziatzen (tartean aste beteko greba bat) egon ondoren eta akordio batera iristea ezinezkoa zela ikusirik, abenduaren 1ean greba mugagabe partzialean hasi ginen, eta atzo 17. greba eguna izan zen.

Goizean, hirugarren manifestazioa egin genuen Ordiziako azokan eta, atzokoa ere, aurrekoak bezalaxe, jendetsua izan zen. Inork ez du zuzendaritzaren jarrera ulertzen, langileok gatazkari irtenbide bat emateko asmoz, erraztasun guztiak eman dizkiogu, egoera desblokeatzeko alternatiba ezberdinak eta, hala eta guztiz ere, ez dira mugitzen. Benetan kezkagarria da zuzendaritzaren jarrera, ekonomikoki eta denboran bideragarritasuna eman diogu, non ikusi da nagusiak ematen duen igoera salariala baina diru gutxiago eskatzea langileak? Langileok, gaur egun grebarekin, diruaren gainetik eskubide sozialak eskatzen ditugu (gaixotasun bajak hobetzea eta nominaren homogeneizazioa) eta hau guztia bezain garrantzitsutzat jotzen dugu nagusiaren errespetua irabaztea. Horrela pentsatzen al du nagusiak enpresa aurrera eramatea, langileekin aldi oro borroka eta liskarretan murgilduaz?

 

 

 

Ez dugu Gometeguiko enpresa ituna sinatu

0

CCOOk eta USOk Gometeguiko 2016/2017rako enpresa ituna sinatu dute. Berritasun nagusia soldata-eskala bikoitza ofizialki ezarri izana da. LABek onartezina deritzo, edozein ikuspuntutik aztertuta, egungo eta etorkizuneko langileen artean alde hauek ezarri izana, soldata-eskala eta mailak aldatuz egin dena.

Paradoxikoa bada ere, soldaten alde handiena peoi espezialisten mailan emango da, non kontratazio berrietan %27ko murrizpena emango den, eta egungo langileekiko alderatuta, gutxienez, urteko 7.200 euroko aldea egongo den.

Sindikatuok egungo prekarietatea salatzen dugun abagune honetan, egoerak eta, hortaz, lan baldintzak, soldatak, eta, beraz, enplegu duinak hobera egingo duen itxurarik ez duen honetan, batzuen esanak hedabideetara bakarrik mugatzen dira, eta enpresetan darabilten jardunean aldarrikatzen duten horren aurkakoa egiten dute. Horren erakusgarri, Laudioko Gometegui enpresako aipatu bi sindikatu horiek ditugu.

Hori guztia hutsaren truke egiten dute. Gainera, egungo langileek ez dituzte 2014ko taulak berreskuratuko 2018ko urtarrilaren 1a arte. Zertarako balio du ultraktibitate mugagabea izateak edota alde bakarreko deslotura ezin egiteak enpresak jadanik lortu badu nahi zuen guztia?

Duela bi urte baino gehiago enpresa gezurretan, xantaiaka eta mehatxuka ari zaigun arren, sindikatu horiek txeke zuria sinatu dute, etorkizunean eutsi ahal izango zaion bermatu gabe, izugarrizko aparteko ordu pilari eutsita, lan egoerak onera egingo balu eta bazterkeria onartezin hau jazoko ez balitz ere.

Horrexegatik LABek ez du bermatu egoera hori bere sinadurarekin, eta jakitun bagara ere enpresa batzordearen gehiengoak (5etik 3k) sinatu ostean zailtasunez jardun beharko dugula, lantegiko batzarrean onartu zela argudiatzen badute ere, LABek eutsi egingo dio borrokari Gometeguin jazo den bazterkeria hau etorkizunean eman litezkeen akordioetan zuzendu nahian.
 

 

 

Aianoxeko langileei Gabonetako otzara kendu diete

0

Aianoxeko LABen sail sindikalak salatu nahi du Ana Teresa Urquijok kudeatzen duen enpresako Zuzendaritzak azaldu duen jarrera, zeinak, alde bakarretik, ezer negoziatu barik eta “iraganeko kontu batez eta erabat garaiz kanpoko gai batez ari ginela” argudiatuta, aurten ez dute banatu langileen artean ohikoa izan den Gabonetako saskia.

LABek jadanik gatazka kolektiboa aurkeztu du egoera honen harira. Hala ere, guztiz onartezina deritzagu, enpresari beste gaietan, arazoak etetea baino, dirua xahutzea axola ez bazaio ere, oraingoan kostuak urritu nahi izateari, Gabonetako saskiak eragiten dien gastu txikia aurreztuz, eta euren nahia ezarriz egiteari. Ohitura horiek bai direla iraganekoak! Hala ere, Aianoxen eta hainbat enpresetan egiazta dezakegu jarrera horiek gero eta gehiagotan ematen direla; horretxegatik geldiarazi behar ditugu.
 

 

 

“Kalera, kalera” ekimenaren kalejira erraldoian parte hartzeko deia egiten dugu

Datorren ostiralean, urtarrilaren 6an, kalejira erraldoia egingo du “Kalera, kalera” ekimenak Donostian, arratsaldeko 19.00etatik aurrera. Mobilizazioa Haizearen Orrazitik Oteizaren Paseo Berriko eskultura artean egingo da, “Kalera, kalera! Bakea eta Askatasuna irabaztera!” lemapean.

Euskal preso politiko ohiek “Kalera, kalera” ekimena jarri dute abian, eta, dinamika horren baitan, Usurbilgo plaza bilgune bilakatu dute abenduaren 10etik, datorren urtarrilaren 8a arte bertan egoteko. Ostiraleko kalejira, ekimenaren amaierako mobilizazioa izango da.

Euskal presoen kaleratzea eskatzeko, ostiraleko mobilizazioan parte hartuko du LABek eta bertan parte hartzeko deia egiten die euskal langileei.

Presoak etxean izan arte, lanean jarraitzeko eta borroka lantokietara zabaltzeko konpromisoa berretsi nahi du sindikatuak.
 

 

 

Elkartasuna eta borrokaren bidez CSIko Aitor aske gelditu da

0

Asturiaseko CSI sindikatuko kide den Aitor aske gelditu da nahiz eta 90 eurotako isun bat ordaintzera kondenatua izan den. Pozgarria den arren jakitea Aitor ez dela kartzelara joango salatu behar dugu borroka sindikala eta soziala kriminalizatzeko saiakera berri baten aurrean gaudela.

CSI bertatik orain hilabete batzuk informatu ziguten nola Aitorren aurka prozesu judizial bat irekita zegoen protesta sozial ezberdinetan parte hartzeagatik. Isun eskari handi bat zuen eta ordaintzerik ez bazuen kartzelara ere eraman zezaketen. Hala ere elkartasunak eta borrokak Aitor aske gelditzea lortu dute, nahiz eta 90 eurotako isun bat ordaintzera kondenatua izan den inolako deliturik egin izana frogatu ez badute ere.

LABetik alde batetik Aitor aske geratu delako poztu egiten gara, baina bertze alde batetik borroka sindikala eta soziala kriminalizatzeko saiakera berri hau gogor salatzen dugu. Aste honetan David eta Alexis Euskal Herrian kondenatuak izan ziren Asturiasko Aitorren antzeko sententzia batekin eta bihar inposatu nahi diguten egoera honen kontra borroka egiten duen edonor izan daiteke. Horregatik lanean jarraituko dugu.

 

 

 

Kaleratzeei aurre egiteko langileen batasuna beharrezkoa dela berretsi dugu, ZF-TRW enpresaren kasuan ere

0

Iruñeko ZF-TRWko langileen batzordeak agerraldia egin zuen atzo, zuzendaritza berriarekin negoziatzeko prest dagoela adierazteko. Bada, LABek CGTren jarrera salatu du, agerraldia egin bitartean, langileen batzordeko ordezkarien aurka mobilizatu zelako.

LAB, ELA, CCOO eta UGTko ordezkariek agerraldi bat egin zuten atzo Iruñeko Landabenen, ZF-TRW enpresan egondako kaleratzeak direla eta. Hain zuzen ere, zuzendaritzak 250 langile kaleratzeko espedientea jarri zuen iaz mahai gainean, eta, azkenean, 123 kaleratu ditu. LABek azaldutakoaren arabera, sindikatuen arteko batasuna bultzatu dute egoerari aurre egiteko, eta horrela jarraituko dutela jakinarazi du, CGTk gogoko izan ala ez. 

Atzoko agerraldia egin bitartean, CGTkoek elkarretaratze bat egin zuten, eta LAB, ELA, CCOO eta UGT enpresaren "morroi" direla kritikatu zuen. LABek gogora ekarri du ZF-TRW enpresan egondako kaleratze gisako prozesuei aurre egiteko beharrezkoa dela batasuna eta proposamenak egitea, eta, bide horretan, ez dutela CGTren aldetik babesik jaso. Hortaz, Nafarroako gizartea engainatzeari utz diezaiola eskatu dio LABek.

Kritikak kritika, sindikatuak berretsi du proposamenak egiten jarraituko duela ZF-TRW enpresako Iruñeko lantegiaren etorkizuna argitzeko, "itxurakeriatik eta alternatiba eta konponbiderik gabeko estrategietatik urrun".

 

 

Urdulizko ospitaleko oinarrizko zerbitzuak pribatizatu nahi ditu EAJk

0

Osakidetzak Urdulizko Ospitale berriko lentzeria, sukaldea, elikadura, eta ebakuntza-geletako arropa zerbitzuak, besteak beste, lehiaketa publikora atera berri ditu. Honela, alderdi jeltzaleak Osakidetzako oinarrizko zerbitzuen pribatizazioaren alde egiten du modu argian. Ezin dugu ahaztu garbiketa zerbitzua pribatizaturik dagoela ospitaleak ateak ireki zituenetik.

Darpon Kontseilariaren diskurtso klasistaren kontra, langile ez-sanitarioak eta egiten duten lana mespretxatzen dituena, aipaturiko lanak funtsezkoak dira gure osasun publikoak ondo funtziona dezan. Garbiketa, elikadura eta arroparen kudeaketa ospitaleko oinarrizko osagaiak dira eta pazienteen osasun eta hobekuntzari zuzenena eragiten diote; horregatik Osakidetzako langileen esku egon behar dira. Hamaika ikerketek argitu dute lan hauen pribatizazioak diru kostuak handitzea eta kalitatea jaistea baino ez dakarrela, enpresa pribatuaren etekin gosea tartean baita. Gainera, enpresa horietako langile gehienek baldintza prekarioetan egiten dute lan.

Zergatik pribatizatzen da orduan? Negozioa egitearren, argi eta garbi. Bakoitzaren negozioa, etorkizunerako negozioa (ezin ahaztu “ate birakariak”) edota alderdikide, senide edo lagunen negozioa. LAB sindikatutik Osasun Kontseilari Dapon jaunari, postu horretara IMQren gerentziatik zuzenean heldu zena, bere agerpen mediatiko horietako bat aprobetxa dezala exijitzen diogu, pribatizazio hauen arrazoiei buruzko azalpen publikoak eman ditzan; eta jarraian, dimisioa aurkezteko, beste arrazoi askoren artean, zerbitzu berriak ez pribatizatzeko konpromisoa ez betetzeagatik.

LAB sindikatuak zerbitzu hauek pribatizatzeko erabakian atzera egiteko ere eskatzen dugu, garrantzi handiko zerbitzu hauek Osakidetzaren esku egon behar baitute.
 

 

 

Pobrezia eta prekarietatearen zabalpenak erakusten dute ezinbestekoa dela neurri eraginkorrak hartzea kalitatezko enplegua sortzeko

Hego Euskal Herrian erregistraturiko langabeziak behera egin du abenduan, baina bilakaera desberdina izan da EAEn eta Nafarroan. Sortzen den enplegua oso prekarioa da: 2016 urtean sinatutako kontratuen %93,4 aldi baterakoak izan dira eta %40, lanaldi partzialekoak.

Abenduan Hego Euskal Herrian erregistratutako langabeziak behera egin du. Datu ofizialen arabera, 176.218 pertsona daude langabezian, azaroan baino 398 gutxiago. Hauetatik %45,6 gizonezkoak dira eta %54,4, aldiz, emakumeak.

Hala ere, bilakaera desberdina izan da EAEn eta Nafarroan; EAEn langabezia 1.527 pertsonatan gutxitu den bitartean, Nafarroan 1.129 pertsonatan hazi da.

2016 urteko bilakaera aztertzen badugu, 16.942 langabe gutxiago daude erregistraturik Hego Euskal Herrian (13.844 gutxiago EAEn eta 3.098 gutxiago Nafarroan).

Hala ere, aurreko hilabeteetan salatzen genuen moduan, aipatu beharra dago sortzen diren enpleguak oso prekarioak eta epe motzekoak izaten direla.

2016 urtean, Hego Euskal Herrian, 1.284.322 kontratu sinatu dira, baina hauetatik 84.571 soilik izan dira finkoak, hau da, kontratuen %6,6. Gainerako 1.199.751 kontratuak (%93,4) aldi baterakoak izan dira.

Gainera, lanaldi partzialeko kontratuen erabilera ere ugaritzen ari da eta sortu den enpleguaren %40 lanaldi partzialekoa izan da.

Bestalde, epe luzeko langabeen kopurua ere izugarria da eta horren ondorioz langabeziagatiko babes sistemak eskaintzen duen estaldura tasa oso ahula da. Gaur egun 3 langabetik 1ek baino gutxiagok jasotzen du langabezia prestazioa.

Beraz, datu hauek garbi erakusten dute pobrezia eta prekarietatea zabaltzen ari direla gizartean, landun eta langabeen artean, eta ezinbestekoa dela neurri eraginkorrak hartzea kalitatezko enplegua sortzeko.