2026-02-06
Blog Page 956

Elkarretaratze bat egingo dugu asteazkenean, Oiartzunen, azken lan istripua salatzeko

Gaur 58 urteko langile bat hil da laneko istripuz. Kasu honetan Transportes Insausti enpresako autonomo faltsu bat zen. Gidatzen ari zen ibilgailua irauli egin da N-1ean, Ikaztegieta parean (Gipuzkoa). 06:50ean gertatu da istripua. LABetik gure babes eta elkartasunik zintzoena erakutsi nahi diegu hildakoaren senitarteko, auzokide eta gertukoei, eta langile-klaseari orokorrean.

Kasu honetan ikusten dugu, garraioan ere, beste sektore askotan gertatzen den moduan lan baldintzak gero eta prekarioagoak direla. Garraiolariek ez daukate giza nahiz lan gaixotasunen aurrean babes egokirik askotan, izan ere, gehiengo batean langile autonomoak baitira, edo autonomo faltsuak, eta gainera, euren lan istripuak ez dira maiz estatistika ofizialetan kontutan hartzen. Horrela, Administrazioek beste alde batera begiratzen dute, sektoreak bizi duen prekarietate egoera ezagutu arren.

Azpimarragarria da garraiolariek jasaten dituzten lan istripu gehienek agerian uzten dutela errepideetako merkantzien garraioak urte luzez pairatzen daraman prekarietatea eta desarautze basatia. Gainera, garraiolarien eskubide eza ere nabaria da, izan ere, lana mantendu ahal izateko, askotan kargatzaileen presak, ezinezko ordutegiak, gehiegizko pisudun kargak, prezio baxuak, lan egun luzeak eta atseden eza jasan behar baitituzte. Beste askotan, gainera, zama deskargatzera behartuak dira. Hauek eta honelako beste hainbat arrazoi dira lana modu seguru eta duinean egitea oztopatzen dutenak, garraiolarien bizitza arriskuan jartzeaz gain. Arazo hauek dira Administrazioa behin eta berriz ezkutatzen saiatzen direnak, gehienetan beste alde batera begiratuz, euren nahia garraio merkea lortzea baita, edozein preziotan.

Mobilizazioa ezinbestekoa da, eta istripuak gertatzen direnean ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU bertan egongo gara salaketa egiten eta hildako langilearen familia eta lagunei babesa ematen, enpresa eta erakundeei hobekuntzak exijitzen dizkiegun bitartean. Horretarako elkarretaratze bat deituko dugu hurrengo asteazkenean, hilak 22, goizeko 11:00etan Transportes Insausti enpresaren aurrean, Oiartzunen (Poligono Lanbarren, Aranburu Bidea 3B).
 

 

 

Gizarte zerbitzuetako ratioak hobetzeko eskatu dugu Gipuzkoako Batzar Nagusietan


Dekretua egiten den bitartean, bermeak bilatze aldera Gipuzkoako Batzar Nagusietako Gizarte Politikako Batzordeari ondoko hau aldarrikatu diogu: langile kopurua handitzea; langileen profilen eta funtzioen hedapena; erabiltzaile bakoitzari eskaintzen zaion dedikazio eta zerbitzu denbora igotzea; eta gizarte zerbitzuak euskaraz eman ahal izateko beharrezkoak diren bitartekoak eskaintzea.

Gaur, otsailak 20, LABek Gipuzkoako Batzar Nagusietako Gizarte Politikako batzordean parte hartu du gizarte Zerbitzuen ratioak hobe daitezen eskatzeko.

LABek “Zaintza Zaindu” kanpaina abiarazi zuen aspaldi azpikontratatutako gizarte zerbitzuetako langile falta eta lan kargak salatzeko. Kanpaina honen ekimenaz, otsailaren 9an Eusko Legebiltzarrean gure aldarrikapenak jasotzen dituen Erdibideko Zuzenketa bat onartu zen Osoko Bilkuran gehiengo osoz.

Erdibideko zuzenketa horretan, ratioak eta pertsonala arautzen dituen dekretu berri bat egingo dela jasotzen da. Baina dekretu hau egitea Eusko Jaurlaritzaren esku dagoela kontutan edukita, komenigarria ikusten dugu bai Jaurlaritza bera interpelatzen jarraitzea zein neurriok Gipuzkoan dagoeneko ezartzen hastea.
 

 

 

Emakumeen soldata %33,6 igo beharko litzateke gizonen soldatarekin parekatzeko


Gehienentzat ezaguna ez bada ere, otsailaren 22an emakume eta gizonen soldata berdintasunaren aldeko eguna da. Egun honen leloak aipatutako berdintasuna, oraindik ere, lortzetik oso urrun gabiltzala erakusten dute datuek, tamalez. Emakume eta gizonen soldaten arteko arrakala ez da gauza berria, baina kezkagarriena da arrakala honek 2009tik hona gora egiten jarraitzen duela etengabe Nafarroaren kasuan, eta EAEren kasuan, azken urteetan apur bat murriztu bada ere, oraindik ere esanguratsua izaten jarraitzen du. Gaurko sistema kapitalista hetereopatriarkalak ezarri duen sexuen araberako lan banaketaren ondorioetako bat baino ez da. LABek txosten bat osatu du hainbat daturekin.

Aurreko urteko ekainean INEk kaleratutako azken datuetatik, 2014ko datuetatik alegia, hurrengoa ondoriozta daiteke: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, emakumeen urteko soldata gordina 7.489,45 euro gutxiagokoa izan zen, batez bestez, gizonezkoen urteko soldata gordinarekin alderatuz. Nafarroaren kasuan, emakumeek, batez bestez, 8.496,64 euro gutxiago jaso zuten gizonezkoekin alderatuz.

Hortaz, azken datuen arabera, Hego Euskal Herriko emakumeek, batez bestez, bere kide gizonezkoak baino 7.710 euro gutxiago irabazten dute. Beraz, emakumeen batez besteko soldatak %33,6a handitu beharko luke gizonezkoenarekin parekatzeko.

Emakume eta gizonen soldaten arteko arrakala, gaurko sistema kapitalista hetereopatriarkalak ezarri duen sexuen araberako lan banaketaren ondorioetako bat baino ez da. Emakumeoi zaintza eta etxeko lanak egotzi izana, emakumeen lan merkaturatzea oztopatu, eta era berean lan merkatu horretan aitortza eta maila baxuagoko lanetara bideratu gaitu. Oraindik ere emakumeak gara, lan merkatuan lan baldintza prekarioenak eta ezegonkortasuna pairatzen dugunak. Lanaldi partzialen % 78,3a guk betetzen dugu, eta gure behin behinekotasun tasa %26,7koa da gizonezkoena % 21ekoa denean. Soldata ezberdintasuna ez da beraz emakumeok lan munduan jasaten dugun diskriminazio bakarra.

Datuak erakusten duten moduan, emakumeak lan merkatura sartu izanak ez du ekarri zaintza lanen banaketa erantzunkide batetik, ezta lan merkatuan lan baldintzen parekatzea.

Emakumeon lan baldintzak prekarioagoak izatea, gizonezkoek baino gutxiago kobratzeak, gure burujabetza ekonomikoa mugatu eta menpekoak bihurtzen gaitu, gure bizi baldintzetan eraginez. Egun pairatzen ditugun diskriminazio egoera hauek gainera, eragin eta ondorio kaltegarriak eragiten dituzte gure etorkizuneko erretiro zein langabeziako prestazioei.

Diskriminazioarekin amaitzeko, politika feministetara jauzia

Gaurko egunek, eta egun hauetan publiko egiten ditugun datuek argi erakusten dute orain arteko berdintasun politiken porrota zein diskriminazioa gainditzeko dagoen borondate politiko eskasa.

Bada garaia sistema kapitalista hetereopatriarkalaren logikaren baitan kokatzen diren berdintasun lege, politika eta neurrietatik benetako politika feminista ausartetara jauzia emateko. Egungo sistemak ezarritako sexuen araberako lan banaketan eta gizon eta emakumeen arteko hierarkia harremanetan oinarritzen den jendarte zein lan harreman eredutik, emakume eta gizonen arteko harreman justu eta parekidetan zein lanaren aitortza integrala oinarri izango duen lan harreman eredu berrira trantsizioa egitea ahalbideratuko duten politika feministak behar ditugu. Ausardia eta borondate politikoa da instituzio, botere publiko zein agintari politikoei eskatzen dieguna, egoera honekin amaitzea benetan interesatzen bazaie.
 

 

Euskotreneko langileek greba eskubidearen aurkako erasoa salatu dute

0

Euskotrenen Batzorde Iraunkorrak deituta, gaur, hilak 20, elkarretaratzea egin dute Euskotreneko langileek "greba eskubide bat da" lemapean. Mobilizazio honen bidez Zuzendaritzak Batzorde Iraunkorraren, Euskotrenen ordezkaritza duten sindikatu guztien eta Greba Batzordearen kide guztien aurka eta langileen eskubideak murrizteko asmoz jarritako salaketarekin hartutako jarrera salatu dute.

 

 

 

Faltan botatzen jarraitzen dugu Vicrilaren etorkizuna eta bere langileen aldeko apustu arduratsua

0

LABek bere jarrera argitu nahi du Vicrila taldea murgilduta dagoen Lehiaketaren egungo fasearen inguruan, azken asteotan komunikabideetan atera diren berri interesatuekiko kontraposizioan Vicrilako LABetik edozein balizko eroslerekin negoziatzeko prest gaude, bat bera ere baztertu gabe, harremanen fase ireki eta gardenean, alde bientzako duina eta onargarria izango den akordioa erdiestea ahalbidetuko diguna. Cambiumekin ere eseriko gara, posible baldin bada. Ezin genituen euren azken eskaintzaren terminoak onartu, 356 langiletako plantilatik 56 eta 106 artean leudeken langile finkoak eta 50 aldi baterako langileren kaleratze objektiboak jasotzen zituelako, edozelango logikarik ez duen soldata eta baldintzen murrizketaz gain. Prest gaude trantsizio fase baterako akordiorako. Taldea suspertzeak izan beharko luke bere helburua eta oinarri hauek izan beharko lituzke.

Plan industrialaren inguruan:

– Beharrezko inbertsioen txosten zehaztu eta kuantifikatua, zer, noiz eta zertarako zehaztuz.

– Kutxako bermeak egon behar dira egunerokotasunari aurre egiteko hasieratik. Ezin da izan langileok gure eskubideen ordaintzea diruak gehiago ematen ez duenean.

– Inbertsorearen ekarpena kapital handitze bezala izango da. Horrela ez bada, zati bat edo osotasunean kreditu forman bada, itzultzerako orduan, aurretik honakoak bermatu beharko ditu: Langileoon aurretiazko baldintzak berrezartzea; inbertsioak egin behar dira; ezin da dibidendurik banatu inbertsorea kreditua berreskuratzen baldin badabil; enpresak irabaziak izan behar ditu.

Plan sozialaren inguruan:

– Enplegua eta lan baldintzekiko konpromisoak hartu behar dira. Trantsizio-fase batek egon behar badu, adostua izan beharko du eta enplegu guztiari eragin beharko dio, VSC, Vicrila eta Vitech.

– Trantsizioak irteerak modu mailakatu eta borondatezkoak bermatuko ditu hauek beharrezkoak balira, horrela, zor bezala aitortuko du lan baldintzen aldaketa oro.

– Trantsizio hau gardena izango da. Hau bermatuko da langileek Administrazio Kontseiluan parte hartuz laneko zorra dagoen bitartean.

Zergatik ez du Eusko Jaurlaritzak horrela ikusten? Taldearen Administrazio Kontseiluan sailburu bat izanda, Vicrila egoera honetara eraman dutenekin lerrokatzen da, ezelango erantzunkizunik exijitzea ekidituz lortutako diru laguntza publikoak xahutu dituztenean.

Prozesu osoan zehar ez du inolako erantzukizunik hartu eta orain langileok presionatzen agertu da, doiketa intentsiboa onar dezan eta enpresa batzordea malgutasunik ez izateaz salatuz. Ez du Eusko Jaurlaritzak formula alternatiborik Vicrilaren jarraitasunari eusteko langileak unilateralki presionatzeaz aparte?

Bada ordua prozesu honetan langileen eskubideak bermatzeko, ehun industrialari eusteaz gain. Azken urteetan eta Administrazio Kontseiluan presentzia izanda ez da horrelakorik gertatu.

LABetik faltan botatzen du Vicrilaren etorkizunaren eta bere langileen aldeko apustu arduratsua.
 

 

 

Eusko Jaurlaritza udal batzuekin batera lantzen ari den udaltzaingorako baterako EPEa arbuiatzen dugu

Berriro egiten diote eraso negoziatzeko eskubideari eraso eta udalei beraiei dagozkien eskumenei; eztabaida Udaltzaingoa Koordinatzeko Batzordea bezalako erakunde baztertzaile eta opakora eramanez. Hori guztia udal gobernu batzuen laguntzaz, langileen ordezkaritza kontutan hartu gabe eta mugimendu horrekin izan dezaketen benetako asmoari buruz informatu barik.

Udal batzuekin batera eta Udaltzaingoen Koordinazio Batzordearen babesean Eusko Jaurlaritza egiten ari den baterako hautatze prozesuei ekiteko saiakera arbuiatzen du LABek. Honek, udal batzuetan gerta daitezkeen udaltzain hutsuneak betetzeko helburua izango luke.

Proposamen horrek eraso egiten du udal autonomia, lan eskaintza publikoei eta udal enplegu publikoari dagokienez, berezko eskuduntzak alde batera uzten direlako, langile horiek eta gainontzeko udal langileen artean desberdintasunak sortuz. Honez gain, udal gobernu batzuk dagokien arduratik salbuesten ditu, horietan egon daitekeen behin-behinekotasun tasaren inguruan, honek langileen artean eta zerbitzuan bertan prekarietate egoera sortzen duelako.

Zentralizaziorako saiakera honek udal espezifikotasuna mespretxatzen du, eta udal bakoitzaren errealitatetik urrun dagoen polizia eredua uniformizatzen du. Eredu horretan ez dira bermatuko herrotarrengandik hurbila den udaltzaingoak izan beharko lituzkeen alderdi garrantzitsuak, udal bakoitzaren berezko ezaugarriei, bere udal arautegiari, herritarrekiko harremanari,… lotuak.

Hortaz, LAB sindikatuak langileen eta haien sindikatuko ordezkaritzaren bizkar egin diren mugimenduak salatzen ditu. Gainera, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu udal eskuduntzetan eta udaltzaingoaren definizioan eta izaeran nahasteari uzteko, udal eskuduntzak direlako soil-soilik. Honen harira, aipatu beharra dugu, hainbat udal gobernuk, langileen ordezkaritzari inolako informazio eman edota eskatu gabe, bertan behera uzten dutela ordezkatzen duten herritarrengandik hurbila eta kalitatezkoa den zerbitzua eskaintzeko euren ardura,. Gogoan hartu behar da euren eginkizuna Udaltzaingo euskaldunari, udalari eta bertako biztanlengandik gertukoa eta polizia zereginetan prebentziozkoa izango denari zor zaiola.
 

 

 

Pertsonak eta hauen premiak lehenesteko garaia dela aldarrikatu dugu kalean

Babes sozialerako euskal sistema publikoa eraikitzea da lan eta bizi baldintza duinak bermatzeko bide bakarra. Aldarrikapen horrekin irten gara gaur kalera, eta Euskal Herriko hainbat hiri eta lantokitan propaganda banaketa egin dugu, beti ere erasoetatik babestu eta alternatibak daudela jakinarazteko. LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek hitza hartu du Bilbon, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu dio heldu diezaiola sistema propio bat eraikitzeko eztabaidari. Honen harira, elkarretaratzea egin dugu Eusko Jaurlaritzak Donostian duen egoitzaren aurrean, eta bertako bulegoetan eskari bat erregistratu dugu, Legebiltzarrean gaiaren inguruko agerraldi bat eskatzeko. Idatzian, "pertsonak eta hauen premiak lehenesteko eta denoi bizitza duina ekartzeko neurri egokiak hartzeko" garaia dela adierazi dugu.

Euskal Herriko kale eta lantokietan izan gara gaur, "erasoetatik babes gaitezen. Hemen eta orain. Babes sozialerako euskal sistema publikoa" leloarekin. Gobernu espainolaren politikak gure pentsioak arriskuan jartzen ditu. Gobernuak eta bankuek ahalegin guztiek egin dituzte bakaeta solidarioan oinarritutako sistematik, kapitalizazio sistemara salto egiteko. Honen atzean helburu bakrarra dago: langileok pilatutako aurrezkietatik irabazia ateratzea.

Egoera errotik aldatzea posible dela aldarrikatzen du LABek. Babes sozialerako euskal sistema publikoa eraikitzea da lan eta bizi baldintza duinak bermatzeko bide bakarra. LABek proposamen zehatzak ditu euskal herritarrok behar dugun sistemak bete beharko lituzkeen ardatzen inguruan, eta alternatiba horien berri emateko irten gara gaur kalera.

Bilbon, LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek aldarrikatu du badela garaia sistema propio bati buruzko eztabaida irekitzeko: "Sistema propio baten aldeko apustua egiten dugu guk. Bideragarria izateaz gain, pentsioak euskal esparruan bermatzeko modu bakarra da". Etxaideren hitzetan, "Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu gizarteari azaltzeko ea sistema publikoari mugak jartzen eta pribatizazioa sustatzen jarraitu behar duen, edo sistema propio bat eraikitzeko zein eskuduntza beharko diren eztabaidari ekiten diogun".

Ildo honetan, Donostian, elkarretaratzea egin dugu Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, eta Lan eta Justizia Sailari zuzendutako idatzi bat erregistratu dugu bertan. "Agerraldi bat eskatzen dugu Legebiltzarrean, aldarrikapena eta eztabaida bertara eramateko. Izan ere, uste dugu berebiziko eztabaida bat dela Euskal Herriaren etorkizunerako", azaldu du Etxaidek.

Hauxe da, zehatz-mehatz, LABek erregistratutako eskaria:

Honen bidez, eta Langile Abertzaleen Batzordeak (LAB) sindikatuak eransten du bere proposamena Gizarte Babeserako berezko Sistema Publikoari ekin diezaiogun eta hura gauza dezagun; hori eginez, gizarte oparoagoa, zuzenagoa eta solidarioagoa sortu ahal izango dugu, non euskal herritar guztiei bermatuko zaizkien pentsio eta lan baldintza duinak.

Tamalez, Estatua erabiltzen ari den eta euskal gizarteari ezartzen zaizkion politikek langileen bizi kalitatea ezbaian uzten dute, eta era berean, pentsiodunena ere, modu kezkagarri batez eragiten dielako.

Gero eta nabariagoa da Espainiako sistemak ez duela jendearen bizitza duina bermatuko; premiazkoa eta beharrezkoa deritzagu, euskal Erakundeek egoki gerta daitekeena egiteari, berma daitezen, gaur egun zein etorkizunean, pentsioak nahiz lan duina, gizarte babeserako sistema publiko baten bidez.

Espero dezagun proposamen hauetaz mintzatu eta eztabaidatu ahal izatea Eusko Jaurlaritzan nahiz Legebiltzarreko dagokion batzordean, gogoan har daitezen eta egokiak gerta daitezkeen neurriak hartu ondoren, pentsiodunei eta langile guztiei pentsio duinak berma dakizkien.

Ez dago aitzakiarik, oraingoa ez da beste esparruetan eman daitezkeen eta arazoak konponduko ez dituzten erabakien zain egoteko garaia; oraingoa pertsonak eta hauen premiak lehenesteko eta denoi bizitza duina ekartzeko neurri egokiak hartzeko garaia da.

LAB oparoagoa, zuzenagoa, solidarioagoa eta berdintasun maila handiagoa izango duen euskal gizarte batekin konprometitua dago; sinesten dugu horretarako, pentsioak osatzeko,… behar beste diru dagoela. Bestelako kontua da politikari batzuk lehenesten dituzten lehentasunek ez dutela inolako zerikusirik herritar gehien-gehienen premiekin, eta hori irauli behar da.
 

 

 

Eusko Jaurlaritzarako Lan Poltsen deialdiaren aurrean, Administrazioak erakutsitako erantzukizun falta salatzen dugu

Eusko Jaurlaritzak, administrazioan lan egiteko zazpi lan poltsatan sartzeko deialdia egin du. Aste honetan, azterketaren data iragartzeaz gain, onartu eta baztertuen zerrendak publikatu ditu, prozesu honetan 20.000 pertsona baino gehiagok parte hartuko dutela kalkulatzen delarik. LABek Administrazioko arduradunek deialdi hauen erabilera propagandistikoa salatu nahi du.

Lan poltsa hauen irekierak ez du enplegurik sortuko, arduradunek aipatu duten moduan, balizko ordezkapenak betetzeko baliagarriak izango baitira. Zerrendetan sartzeko prozesu honetan zenbat pertsona apuntatu diren ikusita, jendartean orokorrean eta, batez ere, langabetuen artean sortu diren itxaropen faltsuak kontutan ez izatea oso larria da. Administrazioa ezagutzen dugunok, baita arduradunek ere, badakigu lan poltsen deialdi hau ez dagoela sektoreak gaur egun dituen beharrei erantzuteari zuzenduta. Gure ustez, interes politikoak lehenetsi dira berriro ere eta, aukera galdu da
kalitatezko zerbitzu publikoak garatzeko eta enplegu egonkorra sortzeko hartu behar diren erabakiak sindikatu edo eragileekin adosteko.

Halaber, euskarari eman zaion trataera salatu nahi dugu, meritu bezala bakarrik hartuko dute kontutan, nahiz eta bete nahi diren lanpostuetan euskara eskakizunaren profila derrigorrezkoa izan. Hau guztia gutxi izango balitz, Eusko Jaurlaritzak psikoteknikoak diren probak gainditzearen beharra sartu du, gaitasuna edo adimena neurtu beharrean, inteligentzia ebaluatzeko baliagarriak direla argudiatuz. Gure ustez, proba hauek neurtzeko zailtasunak daude, subjektiboak diren elementuen menpe gelditzen direlarik.

Bestetik, azterketak prestatzeko eta materialak bilatzeko errazteko bideak eskaini beharrean, oztopoak besterik ez dituzte jarri, lan poltsa bakoitzean eskatu diren gaitegietan bibliografiak aipatu ez dituztelako.

Deialdi honetan parte hartzeko kobratu den tasa altuarekin ez gaude ados, langabezian dauden milaka interesatuentzat ekonomikoki kalte handia suposatu ahal duelako, gainera, parte hartzen den zerrenda bakoitzeko ordainketa bat egitera behartzen dute.

Beste alde batetik, zazpi lan poltsa hauen irekiera ez nahikoa dela azpimarratu nahi dugu, gaur egun, agortzear dauden beste zerrenda batzuk ireki ez direlako, gainera, zabaldu diren zerrendetan titulazio berri batzuk ez dira kontuan hartu, hainbat hautagai baztertzen.

Baina larriena da, Eusko Jaurlaritza, gaur egun administrazioan dagoen behin-behinekotasun tasarekin bukatzeko apusturik egin beharrean, partxeak jartzearekin konformatzen dela, Rajoyk inposatutako birjartze mugak onartuz. Bukatzeko, Zerbitzu Publikoak suntsitzeko erabiltzen ari diren estrategia merkantilista honen aurrean, gure lan baldintzen defentsan, enplegua egonkorraren alde eta kalitateko zerbitzu publikoak garatzeko estrategiak aurrera eramateko deialdia luzatu nahi dugu, langileok horren alde lanean jarraituko dugu.

 

 

Gutxiengoan sinatutako hitzarmen baten kontrako epaia askatasun sindikalerako funtsezko eskubidea urratzen duelako

Ermuan kokatuta dagoen 157 langileko ZF LEMFORDER TVA SA (TVA) enpresan, UGTko 4 ordezkarik gutxiengoan sinatu zuten hitzarmena bertan behera utzi du epaileak ezagutu berri dugun ebazpenenean. Hitzarmen hori LABek salatu zuen, negoziazio kolektiborako eskubidea urratu zitzaigula iritzita, akordioaren negoziaketa Enpresa Batzordea eta langileen bizkar eman zelako. Epaileak ebazpenean askatasun sindikalerako funtsezko eskubidea urratu dela dio.

Gutxiengoan sinatutako hitzarmenak antidemokratikoak dira, hauteskunde sindikaletan hautatutako ordezkaritza ordezkatzen dutelako. Baina ez hori bakarrrik: patronalak nahi dituen akordioak dira, langileen eskubideak erasotzen dituztenak eta prekarietatean sakontzen dutenak.

Azken finean, gutxieneko hitzarmenak negozio borobila dira patronalarentzat, langileen zatiketa ekartzen dutelako konplizeak diren sindikatuen laguntzaz. Hain zuzen ere, UGT eta CCOO sindikatuek, gutxiengo akordioen apologia egin zutelako publikoki 2016ko uztailean, Confebask eta Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako akordioan. Eusko Jaurlaritza ere konplizea izango da etorkizunean sina daitezkeen gutxiengoan egindako sinaduretan, akordio antidemokratiko horiei beharrezko babes politikoa eman baitzien.

TVAren kasuan ere, sinatutako hitzarmena atzerakoia da, EEE eta absentismo bidezko kaleratzeak errazten ditu eta bake soziala hitzartzen du, langile guztien etorkizuna hipotekatuz. Horregatik, gehiengoaren erabakia ordezkatuko duten gutxiengo hitzarmenen aurka egiten jarraituko dugu, enpresa nahiz sektore mailan, eskura dauzkagun tresna guztiekin, bide juridikoa barne.

Langileen baldintzak hobetzeaz ari garenean, ikuspegi kolektiboaz ari gara, sektore edo enpresa mailan kolektibo berezituen akordioek prekarietatea eta diskriminazioa besterik ez dakartelako.

Beraz, gehiengoan sinatutako hitzarmenak babesten jarraituko dugu, enpresa nahiz sektore mailan, langile guztiei eragiten dietelako eta aberastasunaren banaketa bidezkoa ekar lezaketen bakarrak direlako.