2026-11-06
HomeLan Osasuna IdazkaritzaPrekarietatea HiltzaileaElkarretaratze bat egingo dugu asteazkenean, Oiartzunen, azken lan istripua salatzeko

Elkarretaratze bat egingo dugu asteazkenean, Oiartzunen, azken lan istripua salatzeko

Gaur 58 urteko langile bat hil da laneko istripuz. Kasu honetan Transportes Insausti enpresako autonomo faltsu bat zen. Gidatzen ari zen ibilgailua irauli egin da N-1ean, Ikaztegieta parean (Gipuzkoa). 06:50ean gertatu da istripua. LABetik gure babes eta elkartasunik zintzoena erakutsi nahi diegu hildakoaren senitarteko, auzokide eta gertukoei, eta langile-klaseari orokorrean.

Kasu honetan ikusten dugu, garraioan ere, beste sektore askotan gertatzen den moduan lan baldintzak gero eta prekarioagoak direla. Garraiolariek ez daukate giza nahiz lan gaixotasunen aurrean babes egokirik askotan, izan ere, gehiengo batean langile autonomoak baitira, edo autonomo faltsuak, eta gainera, euren lan istripuak ez dira maiz estatistika ofizialetan kontutan hartzen. Horrela, Administrazioek beste alde batera begiratzen dute, sektoreak bizi duen prekarietate egoera ezagutu arren.

Azpimarragarria da garraiolariek jasaten dituzten lan istripu gehienek agerian uzten dutela errepideetako merkantzien garraioak urte luzez pairatzen daraman prekarietatea eta desarautze basatia. Gainera, garraiolarien eskubide eza ere nabaria da, izan ere, lana mantendu ahal izateko, askotan kargatzaileen presak, ezinezko ordutegiak, gehiegizko pisudun kargak, prezio baxuak, lan egun luzeak eta atseden eza jasan behar baitituzte. Beste askotan, gainera, zama deskargatzera behartuak dira. Hauek eta honelako beste hainbat arrazoi dira lana modu seguru eta duinean egitea oztopatzen dutenak, garraiolarien bizitza arriskuan jartzeaz gain. Arazo hauek dira Administrazioa behin eta berriz ezkutatzen saiatzen direnak, gehienetan beste alde batera begiratuz, euren nahia garraio merkea lortzea baita, edozein preziotan.

Mobilizazioa ezinbestekoa da, eta istripuak gertatzen direnean ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU bertan egongo gara salaketa egiten eta hildako langilearen familia eta lagunei babesa ematen, enpresa eta erakundeei hobekuntzak exijitzen dizkiegun bitartean. Horretarako elkarretaratze bat deituko dugu hurrengo asteazkenean, hilak 22, goizeko 11:00etan Transportes Insausti enpresaren aurrean, Oiartzunen (Poligono Lanbarren, Aranburu Bidea 3B).
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Greba orokorraren egunean 70 herritan baino gehiagotan egingo ditugu manifestazioak arratsaldez

Goizez iragarritako manifestazioez gainera, arratsaldeko hitzorduen berri eman dugu gaur Bilbon eta Iruñean eginiko agerraldietan. Herrialdeetako hiriburuei dagokienez, mobilizazio guztiak 18:00etan abiatuko dira. Bilbon, Plaza Eliptikotik; Donostian, Bulebarretik; Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazatik, eta Iruñean, Baluartetik.

Santurtziko portuan larrialdi zerbitzuak eskura izatea hil ala biziko kontua da

Bilbo Portu instalazioetan lan-osasunaren arloan gertatu diren azken istripu larrien aurrean, hemen ordezkatuta gauden erakundeok, Bilboko Portu Agintaritzari zuzendutako salaketa publikoa egitea erabaki dugu, hura baita Portuko industria-esparru osoaren kudeaketaren, antolamenduaren eta segurtasun integralaren arduradun gorena.

Enplegu-Erregulazio Espedientea erretiratzeko eta Mallabiko lantegia ixteari alternatibak bilatzeko exijitu diogu Enerpac enpresari, lehengo Larzep

Enpresak 43 langile kaleratzeko asmoari eusten dio, baina ziurtatu du hirugarren baten proposamen serio bat baloratzeko prest egongo litzatekeela ziurtatu du. LABek Enplegu-Erregulazio Espedientea (EEE)...