2026-06-24
Blog Page 955

Ekainak 3 larunbata, pribatizazioen kontrako manifestazioak Osakidetzan

0

SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok manifestazioa antolatu dugu ekainaren 3rako, eguerdiko 12etan Bilbon, Osakidetza egiten ari den pribatizazioak salatzeko. Urdulizko Ospitaleetako sukalde, ikuztegi eta garbikuntza zerbitzuen baldintza-agiria geldiarazteko agindua jaso ondoren ere, Osakidetzak zerbitzu horiek eta beste zentro batzuetakoak pribatizatzeko asmoarekin darrai. Osakidetzak, berriro ere, inolako zerbitzu berririk ez “kanporatzeko” bere konpromisoa urratuko du honela.

Osakidetzak pribatizazioaren estrategiari eusten dio. Eta sindikatuok egiaztapen bat azpimarratu nahi dugu: osasun-sistemak zenbat eta pribatizatuago egon, orduan eta desberdintasun handiagoa osasun- zerbitzuak eskuratzeko. Guk apustu egiten dugu ekitatearen alde; baina, horretarako, ezinbestekoa da gure osasun publikoa sendotzea.

Azpimarratu beharrekoa da, halaber, zerbitzu-mota guztiak pribatizatzen direla, baita zuzeneko osasun- arreta ere. Bereziki eskandaluzkoa iruditzen zaigu Tolosaldeko egoera, Euskal Autonomi Erkidegoan erreferentziako ospitale publikorik gabeko eskualde bakarra baita.

Sindikatuak erabaki hauen aurkako mobilizazio ezberdinak egiten ari gara, oraingoan Osakidetzako langileak eta gizartea, orokorrean, pribatizazioen kontrako manifestazio batera deitzen ditugu. Osasun zerbitzu publiko eta kalitatezko bat defendatzen dugu eta ez diogu aldarrikapen hau egiteari utziko Osakidetzak berak hartutako konpromisoak betetzen ez diren bitartean.

 

 

 

2018ko ekainaren 2an izango da Iruñeko Alternatiben Herria

Eragile sozial eta sindikaletako hainbat ordezkarik aurkeztu dute gaur dinamika; LABeko zenbait kidek, tartean. Hauek izango dira helburuak: martxan dauden alternatibak hedatzea eredu ekonomiko eta sozial berri bat eraikitzeko; mobilizazioaren eta gizartea aktibatzearen beharra azpimarratu, trantsizio soziala eta ekologikoa gauzatzeko; eta sareak sortu eta aliantzak egin eta indartzea Alternatiben Herria ospatu eta gero elkarrekin lanean jarraitzeko.

"Alternatibak badaudela eta martxan daudela erakutsi nahi dugu, sistema dela aldatu beharrekoa. Horregatik beste gizarte eredu bat aldarrikatzen dugu, erdian pertsonak jarriz. Ongi bizitzeko, pertsonen eta herrien beharrak asetzeko, geure burua zaintzeko eta Lurra zaintzeko, dominazio eta injustiziarekin bukatzeko". Hauxe da Alternatiben Herria dinamikaren izaera.

2018ko ekainaren 2a aldarrikapen eta festa eguna izango da, "proposamen ugariren erakuslea, handiak nahiz txikiak, egunerokoan betetzen gaituztenak. Ekimena bera bezain garrantzitsua da antolatzeko modua. Auzolanean egitea proposatzen dugu, parte hartu, eztabaidatu eta elkarrekin eragin nahi duten eragile eta pertsona guztien artean". Hala azaldu dute gaurko agerraldian.
 

 

 

Mobilizazioei ekin diete Aspace-Bizkaiko langileek

Zuzendaritzak ez du negoziatzeko borondaterik erakutsi. Hortaz, elkarretaratzeak deitu dituzte gaur eta biharko, enpresaren egoitzaren aurrean. Biharko protesta 18:00etan izango da, Deustun ere, Julio Urquijo kaleko 17. zenbakiaren parean.

Blokeo egoeran daude lan baldintzak hobetzeko negoziazioak. Hala salatu dute Bizkaiko Aspaceko langileek. Zazpi urte daramate "pobretzen", 2011. urtean egindako "esfortzua" eta gero. Hain zuzen ere, soldatak izoztuta dituzte orduz geroztik, besteak beste, eta "Administrazioak eta enpresak beste alde batera begiratzen dute".
 

 

 

Udalhitzen negoziazio mahaitik altxatu gara

Udalhitzen negoziazio mahaiko azken bileran, atzo, LABek negoziazio mahai horretan ez jarraitzea erabaki zuen. Askotan salatu dugu EUDELek ez duela beharrezkoa den seriotasunez jokatzen eta euren hauteskunde interesen arabera dabiltzala lanean beti. Bake soziala lortu nahirik, negoziatzen ari garen irudia eman nahi dute, baina gu ez gaude bide hori egiteko prest.

EUDELen izaera juridikoa, zalantzan jartzen dugu LABen eta beti salatu izan dugu Udalhitz ez dela betebeharreko akordioa. Hau guztia gutxi balitz, EUDELek ez die zentzuzko erantzunik eman 2017ko maiatzaren 12ko bileran LABek egindako eskariei, eta euren jokoan ez jarraitzeko erabakia hartu dugu.

Gainera, bitxia da EAJren jokabidea. PPrekin batera, babesa emango dio Estatuko Aurrekontu Legeari. Lege honek negoziazio gaitasuna mugatuko du eta murrizketak ezarriko dizkigu administrazioko langileoi. Besteak beste, birjartze tasa mantenduko du Lege honek eta, beraz, udalek ezin izango dute lanpostu berririk sortu. Madrilgo PNVk udal autonomiari egingo zaion eraso hau babesten duen bitartean, EUDELeko PNVk dio udal autonomia defendatuko duela negoziazio mahaian. Zein PNVri egingo diogu kasu langileok?

EUDELen jarrera ikusirik argi daukagu euren lehentasunen artean ez gaudela herritarrak eta langileak. Espainiako gobernuak baimentzen dituen “apurrak” baino ez dituzte onartzen udal langileontzat; Espainiako gobernuaren politika antisozialen menpekoak dira. Eta honen guztiaren aurrean, PNV gustora dabil.

Honen guztiaren aurrean, LABek ezin dio zilegitasunik eman horrelako mahai bati. PNVren babesarekin, Espainiako gobernuak ezartzen dio Udalhitzen mahaiari gai ordena, eta hau erabat gaitzesgarria egiten zaigu guri. LABen argi dauzkagu lehentasunak: enplegu publikoa sortu, zerbitzu publikoen aldeko apustua indartu eta pribatizatuak birmunizipalizatu, euskara eta berdintasuna bultzatu eta lan osasuna zaindu, mutualitateak bazterrean utziz. Honen alde jarraituko dugu borrokan.
 

 

 

Garai berri bati begira jarri gara


BIltzar Nagusiak emandakoak ondoko bideoan. Une hunkigarri ugari bizi izan genituen, gogoratzea merezi du!

9.Biltzar Nagusia burututa, garai berri bati begira jarri gara LABeko kideok. Biltzarrarena prozesu oso bat izan da, azken hilabeteotan eztabaida eta dinamika bizi eta aberasgarria garatu dugu sindikatuko militanteon artean. Aurkezpenak, eztabaidak, gogoetak… ehunka kideren parte-hartzearekin. Zorionak eta eskerrak LABeko militantziari, eguneroko ekarpen eta borrokekin sindikatu bizia egiten jarraitzen dugulako.

Garai berrirako oinarriak finkatu ditugu eta orain elkarrekin bidea egiten jarraitzea dagokigu. Merezi duelako, merezi dugulako, ekar dezagun aldaketa langileontzat, aldaketa lantokietara, aldaketa Euskal Herrira.
 

 

 

Kalean salatu ditugu azken lan istripuak

Atzo, maiatzak 31, gertatutako bi heriotz istripuak salatuz kalera irten da euskal gehiengo sindikala. Urretxun zein Murgan herritar ugarik heriotz hauen atzean prekarietatea dagoela adierazi nahi izan dute. Jada 26 langile hil dira Euskal Herrian eta trajedia hau gainditzeko neurriak hartzea premiazko da.

Istripuak ez dira gauzatzen arrazoi puntual edo koiunturalengatik. Oinarrizko arazo bat dugu, arazo estrukturala da, eredua da arazoa, langileon osasuna kolokan jartzen duen eredua, bizitza galtzeraino. Lan baldintzak eta lan merkatua eta bizi baldintzen arteko talka bat dago eta horiek aldatu ezean honelako gerataerak errepikatzeko arriskua dago. Bide batez administrazioari, behingoz lan istripuen aurrean neurriak hartu eta beharrezko baldintzak ezartzea exijitzen diogu.

 

 

 

Errekaleor babestera deitu ditugu langileak

Gasteizko ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek eta Martxoaren 3ko elkarteak agerraldi bat egin dute gaur Errekaleorren, proiektu autogestionatuaren defentsan. Hain zuzen ere, langileak Errekaleor babestera deitu dituzte. Ildo honetan, Errekaleor Bizirik ekimenak manifestazio bat egingo du larunbatean Gasteizen, 17:30ean, Andra Mari Zuriaren plazatik abiatuta.

Gaiztezko agerraldi bateratuan irakurritako adierazpena:

Errekaleor langile-auzo izan zen hastapenetan. Gertutik nozitu zuen 1976an Gasteizen izandako langileen borroka.

Bitxia da ikustea garai berean bat eginda eremu eta borroka berberak. Lehenago langile mugimendua bizimodu duin baten aldeko borrokan ikusi genuen lekuan, Errekaleorreko auzokideak helburu beraren aldeko borrokan ari dira orain, batera.

Egun auzo gaztea da Errekaleor, bizi-bizia, bizimodu duin eta burujabe baten aldeko apustua egin duena.

Auzolana, duintasuna, aniztasuna, begirunea, norbanakoaren autonomiaren sustapena eta elkartasunaren gainean eraikitzen ari dira elkarbizitza.

Sindikalgintzan ere gure egiten ditugu balio horiek, langileen antolaketa sustatzen dugunean, eguneroko borrokei aurre egiteko. Enplegu suntsiketari, etekinak handitzearren eragindako lan baldintzen okertzeari, eskubide-murrizketei edota zerbitzu publikoen defentsari behin eta berriz egin behar baitiegu aurre. Aberastasunen banaketa gero eta bidegabeko baten aurka, garapen jasangarri baten alde, emakumeen eskubideen defentsan eta aniztasuna aldarrikatzen duten borrokei ere gogor eutsi beharrean aurkitzen gara. Ezarri nahi diguten sistema honen aurkako borrokak, azken batean.

Horrexegatik, espekulatzaileen mesedetan eta kapitalismorik basatiena ezarriz, udal gobernuak auzoa eraitsi nahi duela adierazi duelarik, langileei Errekaleor babestera dei egiten diegu, herrien aurka gehien dutenen interesen defentsan ari den sistemaren alternatiba argia. Kapitalaren interesak pertsonen bizitzen gainetik jartzen dituena.
 

 

 

Erreforma fiskalaren eztabaidan parte hartzea ezinbestekotzat jo dugu, patronalak mugak jar ez ditzan

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun eragileok agerraldi bat egin dugu gaur Bilbon, bizitzaren jasangarritasuna erdigunean jarriko duen jendarte eredua eraiki nahi dugula aldarrikatzeko. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk hartu du hitza, eta inposatu zaigun eredu ekonomiko eta soziala errotik aldatu beharra dagoela nabarmendu du. Mobilizaziorako deia ere egin dugu eragile sindikal eta sozialetako ordezkariok: giza kate bat egingo dugu ekainaren 8an, Bilbon, 11:00etan, Gran Viatik abiatuta.

Desoreka sozialak handitu eta sortzen den aberastasuna gero eta esku gutxiagotan pilatzen da. Kapitalak, gero eta botere gehiago eta gero eta errenta gehiago pilatzen du. Sortzen den aberastasuna birbanatzeko inolako erabakirik eta norabide horretan doan politika publikorik ere ez dago.

Aberastasuna birbanatzeko bi bide daude, ez batean ez bestean hartzen diren erabakiek ez diote helburu horri erantzuten:

-Lan harremenetan soldata eta lan baldintzak duintzea. Eta ez da hau azken urteetan hartu den bidea. Enplegu berririk apenas sortzen da edo oso prekarioa da eta dagoena prekarizatzen da.

-Aurrekontu eta zerga politika. Politika publikoen bidez bestelako babes sozial eta zerbitzu publiko sistema bat eraikiz. Soldatek BPGn duten pisua jaitsi egin da 2008 eta 2015 bitartean, %50,8tik %47,8ra.

Hain zuzen ere, gaurko agerraldian bigarren horri buruz aritu dira. Garbiñe Aranbururen hitzetan, "kontua da ze zerga politika egiten den, nondik biltzen den diru gehiago eta zertarako erabiltzen den diru hori. Zerga politikaren erreformaren beharraz entzun dugu egun hauetan, eta guk, noski, behar hori berresten dugu. Eztabaida hori mahai gainean egotea neurri handi batean sindikatu eta eragile sozialok egin dugun presioari esker da. Baina, eztabaida horren mugak ezin ditu patronalak ipini".

LABeko idazkari nagusiak adierazitakoaren arabera, "gaiak duen garrantziagatik, eta proposamen zehatzak izan baditugulako, eragile sindikal eta sozialok eztabaida horretan parte hartu behar dugula eskatzen dugu eta horretarako aukera eskaini behar zaigu. Bukatu behar da patronalaren neurrirako zerga politikarekin".

Aranburuk egoeraren erradiografia egin du, baita aldatu beharrekoak zehaztu ere:

-Zerga politika berrikusi behar da eta egun duguna baina progresibitate handiagoa izan behar du. Egun lanaren gaineko errentengan erortzen da zama gehien. Gehien duenak ordaindu behar du gehiago.

-Kontsumoaren gaineko zuzeneko zergak (BEZ) igo izan dira azken urteetan eta hori erabat bidegabea da, hori progresibitatearen aurka doa eta desberdintasun sozialak areagotu eta pobrezian sakontzen du.

-Enpresek dituzten irabazien arabera gehiago ordaindu behar dute. Bukatu behar da egun dagoen pikareskarako tartearekin. Enpresek kenkarien bidez, ezarritako tipoa baino gutxiago ordaintzen dute.

-Zerga iruzurrarekin amaitzeko determinazioa eta erabaki politikoa behar da. Horrek eskatzen duena da bitarteko tekniko, ekonomiko eta baita giza baliabide gehiago jarri behar dela horretarako. RGIan egon daitekeen iruzur tartea txikikeri izugarria da zerga iruzurrarekin alderatuz.

-Foru aldundiek eta bestelako zerga politika bat egiteko aukera eta tartea izan badute. Kontzertu ekonomikoak edota konbenioak ematen dituen aukerak herritarren gehiengoaren zerbitzura jarri behar dira. Noski patronalak ez du hori gustoko Eta horrekin batera, kontuan izanik zerga guztiak ezin dituztela arautu, burujabetza fiskala aldarrikatzen dugu.
 

 

 

Elkarretaratzea bat egingo dugu bihar, Oiartzungo Alcampon, saltoki handietako hitzarmena salatzeko

0


Fetico, Fasga, UGT eta CCOO sindikatuek eta ANGED patronalak hitzarmena sinatzeko akordioa egin dute. Hitzarmenean ez dute kontutan hartzen bertan lan egiten duten langileen beharrak eta beste behin ere iruzur berri bat egin diete sektoreko langileei. Hala, LABek elkarretaratzera deitu du ostiralerako, 10:30ean, Oiartzungo Alcampon, "Hemen lan egin, hemen negoziatu" aldarriarekin. Sindikatutik sektoreko langileak animatu nahi ditugu Carrefour Oiartzungo lan taldeak abiatutako bidea jarrai dezaten.

LABetik aspaldi ari gara ohartarazten hemen lan egiten dugun langileok ezin dugula inon itxaropenik izan Madrilgo mahai negoziatzaileetan adosten denarekin, akordioa onuragarria izango ez delakoan. Hori dela eta, hemen lan egiten duzuen langileei lantokietan pausoak eman ditzazuten animatzen zaituztegu. Urratsak akordioak lortzeko, prekarietatetik irteteko eta lan baldintza duinak izateko akordioak, hain justu. Honen adibide da Oiartzungo Carrefour merkataritza guneko langileek abiatutako bidea, 3 greba egun egin ondoren, non hipermerkatua itxita egon den, akordio on bat lortu dute hitzarmen estataletik at eginez.

LABetik Carrefour Oiartzungo langileak zoriondu nahi ditugu mobilizazio hauetan erakutsitako jarrera eta konpromisoagatik, eta sektoreko gainontzeko langileak animatu nahi ditugu Carrefour Oiartzungo lan taldeak abiatutako bidea jarrai dezaten. Carrefourren ahal izan bada, gainontzeko enpresetan ere ahal da.