2023-12-04
HomeEkintza SozialaEzetz diogu turismo neoliberalari, errespetua eta lan eskubideak aldarrikatzen ditugu

Ezetz diogu turismo neoliberalari, errespetua eta lan eskubideak aldarrikatzen ditugu

Azken egun hauetan zehar, instituzio publikoek nahiz turismo arloko patronalak Ernai gazte antolakundeak egindako kanpainaren aurka jo dute sutsuki eta egungo turismo eredu neoliberalaren defentsa egin dute. Aberastasuna sortzen duen jarduera ekonomikotzat defendatu dute turismoa baina euren diskurtso demagogikoetan ahaztu eta baztertu dituzte jarduera ekonomiko horren funtsezko atal bat: langileak.

Eztabaida ez datza “turismoa bai ala ez” dikotomian, baizik eta geure herrian sustatu beharreko turismo eredua zein den. LABen iritziz, errespetuan eta lan baldintza duinetan oinarritutako turismo eredua da bultzatu beharrekoa. Herrialde bat ezagutzearren bidaiatzea jarduera errespetagarri eta are gomendagarria da, beti ere bisitatu egiten diren jendarte eta ekosistemekiko errespetuz egiten bada. Irizpide honek bi norabidetan balio du, alegia, data hauetan beste herrialde batzuetara doazen euskal langileen kasuan eta baita geure herrira datozen horien kasuan ere. Zoritxarrez, turismoko eredu neoliberalak lehentasuna ematen dio etekin ahalik eta handiena ahalik eta denbora laburrenean ateratzeari, beste edozein irizpideren gainetik. Turismo arloko enpresa handiak aberastu egiten dira bai etekin iturritzat baino aintzat hartzen ez den turistaren kontura, bai bizitzaren garestitzea pairatzen duen auzokidearen kontura, baita industria turistikoak esplotatutako langilearen kontura ere.

Honela bada, turismoko eredu neoliberalak ondorio sozial eta laboral kaltegarriak eragiten ditu. Azken hauei dagokionez, erabili eta bota daitekeen lan-esku merkean oinarritzen da aipatutako eredua. Milaka lagun, gehienak gazteak eta neurri handi batean emakumeak, etenik gabe lan egiten dute soldata baxuen truke, prebentzio neurri eskasekin, dagokion lan hitzarmenaren azpitik kasu askotan eta hainbatetan sikiera kontraturik izan gabe. Sektoreko patronalak praktika horiek defendatzea deitoragarria da baina logikaren barruan sartzen da. Aldiz, Donostiako Udala edota Eusko Jaurlaritza bezalako erakunde publikoek beste alde batera begiratu eta patronalak egiten duen lan esplotazioa ahalbidetzea guztiz onartezina da.

LABek honako hau eskatzen die euskal erakundeei, bereziki Nafarroako Gobernu nahiz Eusko Jaurlaritzari:

1. Euskal Herrian sustatu beharreko turismo ereduaren inguruko eztabaida sozial eta instituzionala irekitzea. Eredu neoliberalaren aurrean, LABek errespetuan eta denon eskubideetan (auzokideak, langileak, turistak) oinarritutako turismo eredua defendatzen du.

2. Turismo arloan enplegu duina sustatzeko kanpaina instituzional bat martxan jartzea.

3. Esplotazio, abusu eta lan hitzarmenen ez betetzea detektatzeko tresnak ahal bezain azkar martxan jartzea.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Nafarroako landa eremuko langileek sektoreko prekaritatea behingoz amai dadila exijitu dute Iruñean

Landa-eremuko langile gehienak migratzaileak dira, beste herrialde batzuetatik datoz, eta Nafarroako lurra lantzen dira, guztiok jan ditzagun hainbeste harrotasunez aipatzen ohi ditugun barazki fresko horiek. Nafarroan gero eta talde handiagoa da, baina haien egoera ahulak patronala baliatzen du haiek ustiatzeko.

Prozesu historiko baten emaitza izan den atzoko egunaren arrakastaren ondoren, erantzukizunen ordua heldu da: zaintza sistema publikoa, orain!

Atzoko Greba Feminista Orokorraren ondoren, agerraldi bana egin dugu Gasteizen (EAEko Lehendakaritzan) eta Iruñean (Nafarroako Gobernuan), atzoko egunaren balorazioa egin eta hemendik aurrerako bidearen berri emateko. Zaintzaren inguruko Herri Akordioa lantzeko bidean, bilera bana eskatu diegu Hego Euskal Herriko instituzio nagusiei.

GREBA FEMINISTA OROKORRA HERRIZ-HERRI

Greba Feminista Orokorrean egindako ekimen ezberdinen argazki galeria herriz-herri.