2026-02-07
Blog Page 952

Madrilek oraindik frankistak babesten dituela salatu du Ainhoa Etxaidek

Gasteizen poliziak hildako 5 langileen 41. urteurrena beteko da bihar. Gertaera lazgarri hori gogoratzeko ekitaldien bezperan, berrehun bat lagunek elkarretaratzea egin dute gaur Gasteizko Justizia Jauregiaren aurrean, gertaeraren egileen aurka aurkeztutako kereiletako bat artxibatu berri dutela salatzeko. LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaide egon da protestan, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu dio ez dezala utzi Espainiako Gobernuaren esku biktimen erreparazioa eta justizia. Izan ere, esan du Madrilek frankistak babesten dituela oraindik, Estatuaren beraren inpunitatea mantentzeko.

Biharko aurreikusitako ekitaldiei dagokienez, LABek delegatuen asanblada egingo du Gasteizen, eta, ondoren, giza kate bat egingo du Martxoaren 3ko plazaraino, “Bere burua saltzen duen sindikalismoaren aurrean, antolakuntza eta borroka” leloarekin. Omenaldia egingo dugu 12:00etan, plazan bertan.

Arratsaldean, bat egingo dugu ELA, ESK eta STEILASekin batera antolatutako omenaldiarekin. Martxoaren 3ko plazan izango da, 18:30ean. Manifestazioa egingo dugu ondoren, 19:00etan, “Justizia eta elkartasuna” leloarekin.


 

 

 

Enplegu prekarioa sortzea da politika sozialik okerrena

Hego Euskal Herrian otsaila amaieran erregistratutako 179.943 langabetu zeuden, %55,6 emakumezkoak, Enplegu Ministerioaren datuen arabera. Pasa den hilabetean langabeziak Bizkaian izandako bilakaera txarra Nafarroa eta Arabako langabeziaren jaitsirak konpentsatu dute. Hortaz, saldo netoan %0,2ko beherakada urria egon da Hego Euskal Herrian. Kontrapuntu bezala, nabarmendu beharrekoa da sinatutako kontratuen %92 aldi baterako izan zela, eta gehientsuenak oso iraupen laburrekoak.

Ez dago zalantzarik kontratazioa prekarioa konstante bat bihartu dela kultura enpresarialean. Hortik dator gure herrian dagoen lan segmentazioaren maila altua. Egun, Europar
Batasuneko aldi-baterakotasun tasa altuena dugu, %23,8koa.

Era berean, oroitarazi behar da Hego Euskal Herriko enplegu zerbitzu publikoetan langabetu bezala izena emanda duten 124.000 pertsona inguruk ez dutela langabeziagatiko inolako prestaziorik jasotzen.

Hain zuzen, laneko pobreziaren gorakada eta arrakala sozial gero eta handiagoa dira gure errealitate soziolaboralaren ondoriorik larrienak. Hala ere, patronalaren exijentziek ez dute mugarik.

CEOEko buruek (bertako kide dira bai Confebask bai CEN) berriki aurkeztu dituzte lan erreforma berri eta sakona izan beharko lukeenarekin oinarriak. Hauek dira euren eskarietako batzuk: gazteentzako zabor kontratu berria, alde baterako eta lanaldi partzialeko kontratazioa are gehiago malgutu, langabeziagatiko prestazioak lortu ahal izateko baldintzak zorrozto, kotizazio sozialak jaitsi ondoriozko Segurtasun Sozialaren desoreka finantzieroa handituz, edo lan zentruetako ordezkaritza sindikalaren berme eta eskubideak murriztu.

Eta egoera honetan, egunero, buruzagi politiko zaharkituenek betiko leloari ekiten diote, “politika sozialik onena enplegua sortzea dela” errepikatuz. Edozelan, hau horrela balitz gehitu beharko genuke ez dagoela enplegu prekarioa sustatzea baino politika soziala okerragorik.
 

 

 

Hezkuntza Ordezkaritzaren aurrean egin dugu protesta, Gasteizen

0

LAB, ELA eta STEILAS sindikatuok elkarretaratze bat egin dugu gaur Gasteizen, Hezkuntza Ordezkaritzaren aurrean, “Lan baldintzak hobetu, hezkuntza eraiki” leloarekin. Martxoaren 22an unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan egingo dugun greba aurreko lehen protesta izan da, Donostian eta Bilbon egingo ditugun mobilizazioen aurrekari.

Hain zuzen ere, Donostian martxoaren 7an egingo dugu elkarretaratzea, 11:30ean, Alderdi Ederren; eta Bilbon martxoaren 15ean egingo dugu, 11:00etan, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean.

Agerraldia egin genuen joan den otsailaren 16an, martxoaren 22ko grebaren arrazoiak azaltzeko. EAEn eta Nafarroan behar dugun hezkuntza sistemaren bidean eman beharreko urratsen egoera oro har eta gaur egungo hezkuntza publikoarena, modu berezian,larria dela ohartarazi dugu gaurko protestan ere.
 

 

 

Prekarietateak hil egiten duela salatu dugu Nafarroako CEN patronalaren aurrean

Manifestazio bat egin dugu gaur Iruñean, LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE, HIRU eta CGT sindikatuek deituta, "Prekarietatea hiltzailea. Lan istripu gehiagorik ez!" leloarekin. Euskal gehiengo sindikalak Nafarroako Enpresarien Konfederazioaren egoitzaren atarira eraman du protesta, "zuen etekinak, gure istripuak" oihuen artean. Nafarroako Gobernuari ere egin diogu dei sindikatuok, honen egoitzaren aurrean ere, prebentzioa zerbitzu publikotik bultza dezan eskatzeko.


 

 

 

Administrazioan hizkuntza erabilerarako dekretu zirriborroa oso eskasa iruditzen zaigu

LAB sindikatuaren iritziz, Nafarroako Gobernuak aurkeztu duen Administrazioan hizkuntza erabilera arautzeko dekretu zirriborroak egungo diskriminazio egoera leuntzen du, baina euskararen bigarren mailako hizkuntza izatea egonkortzen du. Hobekuntzak badaude ere, inolaz ere ez ditu bermatzen nafarren hizkuntza eskubideak eta hizkuntza hautatzeko askatasuna Administrazioan.

LABen ustez, indarrean dagoen “Vascuenceren Legeak” ezartzen dituen mugak gainditu behar dira zalantzarik gabe. Lege horrek inposatzen duen zonifikazioa eta hortik eratorria hiritarren artean finkatzen duen hizkuntza diskriminazio antidemokratikoa lehenbailehen bertan behera uztea ezinbestekoa da, nafar guztien hizkuntza eskubideak bermatu ahal izateko. Dekretu zirriborro hau lege marko baztertzaile horren gatibua da. Tamalez Gobernuak ez du helburu “Vascuenceren Legea” baliogabetzea nafar jendartea bere kalteak pairatzen jarraitzera zigortuz. Azken hiru hamarkadetan zonalde misto eta ez-euskalduneko hiritarrek hizkuntza eskubide gutxiago izan dituzte zonalde euskaldunekoek baino (hauen egoera perfektua izan gabe). “Aldaketaren Gobernua” deritzonak baztertutako hiritar hauei hau da eskaini ahal dien konponbiderik hoberena? Hau da euskarak lor dezakeen statusik gorena (beti gaztelaniaren oso azpitik egonik)? Nor da benetako aldaketa sakona eragozten ari dena? Nafarroako hiritarren bizilekuaren arabera hizkuntza eskubide desberdinak daudela onartu behar dugu diskriminazioa betikotuz? Hiritar guztiek ez dute izan behar Administrazioaren aurrean hizkuntza aukeratzeko askatasunik edota eskubiderik? LABen iritziz etsigarria da eskaintzen dena: zonifikazioa ontzat ematen du eta euskarak behar duen normalizaziotik oso urrun dago.

Gure errealitatea da euskara hizkuntza gutxitua dela baita zonalde euskaldunean ere. Egoera honek euskararekiko babes neurriak ezartzea eskatzen du Nafarroa osoan. Dekretu zirriborro honetan zonalde mistoan eta ez-euskaldunean euskara bigarren mailako hizkuntza izaten jarraitzea planteatzen da. Zonalde euskaldunerako aldiz, gaztelaniarekiko erabateko simetria aseptiko egoera proposatzen da, baina euskara hizkuntza gutxitua den heinean, ikuspuntu sozio-linguista hutsetik, diskriminazio positiboa beharko luke babesteko eta suspertzeko.

Zirriborroak proposatzen dituen aldaketa positibo batzuk betetzeko ez da eperik finkatzen (errotulazio aldaketa adibidez), edo zehazten direnak luzeegiak dira (departamentuen plangintza egiteko urtebete adibidez).

Herritarrei euskaraz zerbitzua eman ahal izatea lehenesten da, eskubide hau Nafarroa osoan bermatu gabe, baina ez da proposatzen Administrazioak gaztelera hutsez funtzionatzeari uzteko pausoak eman behar direla. Neurriak hartzen joan beharko da Administrazioaren funtzionatzeko hizkuntza euskara izateko ere.

Administrazioaren helburua administratuei zerbitzu egokia eskaintzea izan behar da, besteak beste ele biz. Horretarako administrazioak lanpostu guztien hizkuntza gaitasuna zehaztu behar du, eta horren arabera langileak jarri. Alde batetik, administratuen hizkuntza hautatzeko eskubidea ziurtatu behar da. Bestetik, bermatu behar da Administrazioko langile guztiek lan ordutegian eta doan euskara ikasteko duten eskubidea, eta ikasten duten bitartean ordezkatuak izatekoa. Administrazioaren ardura da langileak euskalduntzea eta eskubide hau bermatzeak lagunduko dio euskararen normalizazioa bere baitan lortzen.

Langileok euskararen normalizazioan eragile aktiboak izan behar gara. LAB prest dago prozesu honetan laguntzeko, ekarpenak egiteko eta lan egiteko.
 

 

 

“Burujabetza oinarri duen mugimendu baten aldeko apustua da gurea, bizi eta lan baldintzak hobetuko dituena”

LABen 9. Biltzar Nagusiaren harira antolatutako solasaldi zikloa Bilbora iritsi zen atzo, eta Gasteizen izango da gaur, 18:00etan, Oihaneder kultur etxean. Bea Martxuetak eta Igor Arroyok “Aldaketa sozialaren garaia, sindikalgintza borroka sozialetan” solasaldia egingo dute, atzoko hitzaldian ukitutako gai bera. Hain zuzen ere, Bilbon, bi solaskideek garbi utzi zuten LABen helburua klase sindikalgintza indartzea dela.

LABeko ordezkari Bea Martxuetak eta Igor Arroyok jarraipena eman zioten atzo sindikatuak antolatutako solasaldi zikloari. Otsailean hasi eta maiatzaren 24era arte, askotariko gaiak landuko ditu LABek, guztiak datozen urteetako sindikatuaren lerroan zentralitatea izango dutenak. Andoainen izan ginen solasaldi zikloari hasiera emateko, eta han des-herria kontzeptuari buruz aritu ginen hizketan. Iruñean eta Donostian, berriz, burujabetzari buruz hitz egin genuen otsailaren 21 eta 23an. Bada, Bilbon izan ginen atzo, sindikalgintzak borroka sozialei zein ekarpen egin ahal dien azaltzeko. Gai bera jorratuko dute gaur, Gasteizen, Martxuetak eta Arroyok eurek.

Bilboko mahai inguruari dagokionez, sindikalgintza lehen mugimendu soziala izan zela gogoratu eta gero, Martxuetak esan zuen bizitza eta kapitalaren arteko borrokaz hitz egin behar dugula gaur egun, lana eta kapitalaren arteko gatazkaz gain. Hala, LABek klase sindikalgintza indartzeko helburua duela berretsi zuen, baita sindikatuaren hautua nabarmendu ere: “Burujabetza oinarri duen mugimendu baten aldeko apustua da gurea, bizi eta lan baldintzak hobetuko dituena”.

Martxuetak adierazi zuen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta “estrategikoa” dela LABentzat, eta Arroyok zehaztu zuen tresna horrek, protestarako edukiak ez ezik, proposamenak ere jasotzen dituela. Arroyok azaldu zuen aldaketa soziala behetik etorriko dela, tokian tokitik: “Burujabetza konkistatzeari buruz ari gara”.

Maiatzeko Biltzar Nagusia "elkarlanerako ekintza berritzeko" momentua dela jakinarazi zuen, eta mugimendu sozialekin aliantza estrategikoak indartzeko unea ere badela berretsi zuen.

Atzoko solasaldiak jarraipena izango du gaur Gasteizen, 18:00etan, Oihaneder kultur etxean. LABek herritar guztiak gonbidatu nahi ditu, eztabaida aberasgarriagoa izan dadin.
 

 

 

Zabalik dago ebaluazio hezitzaileari buruzko jardunaldietan izena emateko epea

0

Beharrezkoa al da ebaluazioa? Zein funtzio betetzen du? Zein funtzio bete beharko luke? LABek ebaluazio eredu berri baten eraikuntzaren aldeko lanketa egiten hasi nahi du, eta bide horretan jardunaldi batzuk antolatu ditu martxoaren 18rako, "Egungo eredua irauliz,ebaluazio hezitzailea iruten.Analisia, kritika eta alternatiba" izenburupean. Goizez izango dira, 9:30etik 13:30era, Hernaniko ORONA-IDEO gunean.

Modu telematikoan izena emateko aukera egongo da, lotura honetan

Hezkuntza sistema propioaren bidean ardatzetako bat izaki, bestelako eredu baten bidean urratsak emateko beharra agerikoa da.

Jardunaldien helburua, bestelako ebaluazio eredu baten bidean elementuak identifikatzeaz gain, esperientziak ezagutuz, eragileen eta orohar jendartean eztabaida sustatutzea da, adostasunak iruten hasteko.

Jardunaldietako hizlariak ANE ABLANEDO (NUP, UPPA, UEU, haurtzaroa zaintzeko haziera eredu prebentiboan aditua), ALEXANDER BARANDIARAN (HUHEZI,Hazitegi ikertaldeko partaidea) eta LORE ERRIONDO (UPV/EHU) izango dira.

Eskema klasikotik haratago, ponentzien aurkezpenean eredu dialogikoaren aldeko apustua egingo dugu. Beraz, Mikel Gartzia, ARGIAko kazetariaren galderen bitartez gidatuko da eztabaida eta bertaratutakoek ere galderak egiteko aukera izango dute.

Gainera, hezkuntza esperientzia ezberdinen berri jasotzeko aukera izango da. Elorrioko Txintxirri ikastola eta Arrankudiagako eskolako esperientzien berri emango da.
 

 

 

Jasoko langileek hiru hilabete bete dituzte greban

0

Itsasondoko enpresako langileek hamaikagarren manifestazioa egin dute gaur, Ordizian, lan uzte mugagabe partzialak abiatu zituztenetik. 2015 amaieratik hitzarmenik gabe daude eta 16 hilabete eman dituzte negoziatzen.

Hauxe da Jaso Industrialeko Enpresa-Batzordeak gaur kaleratu duen oharra:

Itsasondoko Jaso Industrialeko langileok, abenduaren 1ean hasi genuen greba. Beraz, gaur 3 hilabete bete ditugu Greba Mugagabe Partzialean. Aipatu behar dugu, 2015 amaieratik hitzarmenik gabe gaudela eta 16 hilabete daramatzagula negoziatzen. Gaur, hamaikagarren manifestazioa egin dugu greba hasi genuenetik Ordiziako azokan.

Igoera ekonomikoen gainetik, eskubide sozialak lortu nahi ditugu eta enpresan dagoen diskriminazioarekin amaitu. Negoziaketa momentu honetan bi puntutan dago blokeatua, tailerreko langileen gaixotasun bajetan eta nominaren homogeneizazioan. Helburua, pixkanaka tailerreko langileen egoera ofizinetakoekin berdintzen joatea da eskubide sozialetan.

Langileok, zuzendaritzari arduraz jokatzeko eskatzen diogu eta egoera desblokeatuko duen planteamendu serio bat egin dezala, behingoz, akordio batera iritsi eta harremanak gehiago gaiztotu ez daitezen. Langileok, historikoki izan den moduan, Jaso enpresa aurrerakoi bat izaten jarraitzea nahi dugu eta horregatik, derrigortuak gaude elkar ulertzera bai hitzarmen honetan eta baita etorkizunean ere.
 

 

 

Jaurlaritzak uko egin dio Mahai Orokorraren negoziazioari

Erkoreka sailburuak atzo Legebiltzarreko Ogasun eta Aurrekontu Batzordean funtzio publikoan lan egiten duten langileei dagozkien erabakien berri eman zuen. Aurreikusi zitekeen bezala, Mahai Orokorrean iragarri zituzten neurri berdinak alde bakarrez aplikatzea erabaki dute, nahiz eta bertan parte hartzen dugun lau sindikatuok kontra azaldu. Eusko Jaurlaritza Espainiari begira dago, bertan planteatzen diren langile publikoekiko jarrera neoliberal berdinak aplikatzen ditu. Alderdi Popularraren ikaslerik txintxoena bihurtu zaigu sektore publikoaren argaltze eta pribatizatzean. Ez dauka bertako eragile sindikalekin bide propio bat abiatzeko inongo asmorik, ezta bere posizioak baldintzatuko dituen negoziazio borondaterik ere.

EAEko Mahai Orokorraren eraginpean dauden langileek erosahalmena galtzen jarraituko dute. Planteatzen den %1ko igoera ez da 2016 urteko KPIra iritsi ere egiten. Azkeneko urteotan emandako soldata izozketak kontutan hartuta, eros- ahalmenaren galera itzela izaten ari da. Bestalde, egindako murrizketak urtez urte mantentzen direla garbi ikusten da. Zerbitzu publikoen kalitateari zuzenean eragiten dieten murrizketak dira, langileen osasunarekin zerikusia daukatenak hain zuzen.

Aurten ere etsigarria izan da beraz Eusko Jaurlaritzak bere eraginpean dauden langileekin izan duen jarrera. Negoziatzeko borondate ezak langileekiko mespretxua besterik ez du adierazten. Gainera Aurrekontu Orokorren proiektuan ikusi ahal izan dugun bezala, langileak bigarren edo hirugarren mailako lehentasuna dira, beste hainbat sailetan egingo den inbertsioa kontuan hartuta, AHTren atalean adibidez.

Eusko Jaurlaritzak zerbitzu publikoen defentsa egin nahi badu bere langileen interesen defentsa egin behar du, pertsona hauek baitira zerbitzu publikoa aurrera ateratzen dutenak. Espainiatik datozen injerentziak alde batera utzi behar ditu eta bertako eragileekin batera bide propio bati hasiera emateko aukera mahaiaren gainean izan du eta muzin egin dio. Langileoi mobilizazioa besterik ez zaigu gelditzen.

Bukatzeko, larritasun osoa daukan enpleguaren gaia zintzilik daukagu oraindik orain. 20.000 lanpostu baino gehiago egonkortu eta behin-behinekotasuna eta prekaritatearekin bukatzeko beharra daukagu. Horrekin batera LABk enplegu plan integral baten beharra aldarrikatu zuen, deialdi publiko masiboetan oinarrituta. Ez dugu oraindik erantzunik jaso. Aukera paregabea dauka Eusko Jaurlaritzak, ez legezkoa den kontratazio sistema irauli eta sindikatuokin batera sektore publikoan prekaritatearekin amaitzeko. Garaiz gaude.