2026-11-13
HomeEkintza SozialaPolitika publikoakJaurlaritzak uko egin dio Mahai Orokorraren negoziazioari

Jaurlaritzak uko egin dio Mahai Orokorraren negoziazioari

Erkoreka sailburuak atzo Legebiltzarreko Ogasun eta Aurrekontu Batzordean funtzio publikoan lan egiten duten langileei dagozkien erabakien berri eman zuen. Aurreikusi zitekeen bezala, Mahai Orokorrean iragarri zituzten neurri berdinak alde bakarrez aplikatzea erabaki dute, nahiz eta bertan parte hartzen dugun lau sindikatuok kontra azaldu. Eusko Jaurlaritza Espainiari begira dago, bertan planteatzen diren langile publikoekiko jarrera neoliberal berdinak aplikatzen ditu. Alderdi Popularraren ikaslerik txintxoena bihurtu zaigu sektore publikoaren argaltze eta pribatizatzean. Ez dauka bertako eragile sindikalekin bide propio bat abiatzeko inongo asmorik, ezta bere posizioak baldintzatuko dituen negoziazio borondaterik ere.

EAEko Mahai Orokorraren eraginpean dauden langileek erosahalmena galtzen jarraituko dute. Planteatzen den %1ko igoera ez da 2016 urteko KPIra iritsi ere egiten. Azkeneko urteotan emandako soldata izozketak kontutan hartuta, eros- ahalmenaren galera itzela izaten ari da. Bestalde, egindako murrizketak urtez urte mantentzen direla garbi ikusten da. Zerbitzu publikoen kalitateari zuzenean eragiten dieten murrizketak dira, langileen osasunarekin zerikusia daukatenak hain zuzen.

Aurten ere etsigarria izan da beraz Eusko Jaurlaritzak bere eraginpean dauden langileekin izan duen jarrera. Negoziatzeko borondate ezak langileekiko mespretxua besterik ez du adierazten. Gainera Aurrekontu Orokorren proiektuan ikusi ahal izan dugun bezala, langileak bigarren edo hirugarren mailako lehentasuna dira, beste hainbat sailetan egingo den inbertsioa kontuan hartuta, AHTren atalean adibidez.

Eusko Jaurlaritzak zerbitzu publikoen defentsa egin nahi badu bere langileen interesen defentsa egin behar du, pertsona hauek baitira zerbitzu publikoa aurrera ateratzen dutenak. Espainiatik datozen injerentziak alde batera utzi behar ditu eta bertako eragileekin batera bide propio bati hasiera emateko aukera mahaiaren gainean izan du eta muzin egin dio. Langileoi mobilizazioa besterik ez zaigu gelditzen.

Bukatzeko, larritasun osoa daukan enpleguaren gaia zintzilik daukagu oraindik orain. 20.000 lanpostu baino gehiago egonkortu eta behin-behinekotasuna eta prekaritatearekin bukatzeko beharra daukagu. Horrekin batera LABk enplegu plan integral baten beharra aldarrikatu zuen, deialdi publiko masiboetan oinarrituta. Ez dugu oraindik erantzunik jaso. Aukera paregabea dauka Eusko Jaurlaritzak, ez legezkoa den kontratazio sistema irauli eta sindikatuokin batera sektore publikoan prekaritatearekin amaitzeko. Garaiz gaude.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Leioako Foru Egoitzako langileak grebara doaz lankide falta eta baldintzen okertzea salatzeko

Azaroaren 16an deitu dute greba; izan ere, zuzendaritzak planteatutako langile-kopurua ez da nahikoa, lan-baldintzak okertu egin dira eta zuzendaritzak ez du zentroaren benetako beharrei erantzungo dien lanpostu-zerrenda negoziatu nahi.

Mobilizazioaren indarrak mugitzera behartu du Osakidetza, baina proposamenak oraindik ez dira nahikoa

LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok balioetsi dugu urriaren 30eko greban profesionalek emandako erantzun irmoak Mahai Sektorialean posizioak mugitzen hastera behartu duela Osakidetzako...

Nafarroako Industria Foru Lege berriak inbertitzaile pribatuak lehenesten dituela kritikatzen dugu, baina ontzat jotzen ditugu jabetza publikoa, deslokalizazioa eta lanaldiarekiko aurrerapenak

Parlamentuak atzo onartutako Industria Foru Lege berriak inbertsio pribatua erraztera bideratuta dago, pizgarri, sinplifikazio administratibo eta kanpoko inbertitzaileak erakartzera bideratutako bestelako neurrien bidez. Hala...