2026-09-08
Blog Page 951

Arabako kirol jardueren sektoreko langileek greba egingo dute uztailaren 23tik 31ra

0

LAB sindikatuak uste du egoera honen erruaren zati handi bat instituzioek daukatela, eskaintza merkeena egiten duenari esleitzen dizkiolako zerbitzuak, euro batzuk aurreztearren. Horrek gero enpresek langileen baldintzak hobetzeko tarterik ez izatea ekartzen du, arazoak sortaraziz, eta instituzioek erantzukizuna saihestu egiten dutelarik.

Arabako hirugarrenentzat kirol jardueren sektoreko langileek greba deialdiaren aurrean, LAB sindikatuak muturreko erabaki hori hartzera behartu dituzten arrazoiak ematera dator:

Kolektibo honek sorosleak, kirol monitoreak, atezain edo instalazio kontrola, zaintzaileak… osatzen dute. Neurri handi batean instalazio publikoetan lan egiten dute (igerilekuak, gizarte etxeak, kiroldegiak, frontoiak, futbol zelaiak,…), eta gehiengo handiz Vitoria-Gasteizko udalarentzat.

Bi urte daramatzagu Herrialdeko hitzarmena berritzen saiatzen. 2015ko urtarrilean iraunaldia galdu zuen. Sektoreko patronalak negoziazioaren zati gehienan zehar ez du aurrera joateko borondaterik erakutsi: helarazi zigun lehendabiziko idatzizko eskaintza 2017. urteko urtarrilekoa da. Gainera, mahai gaineratu dituen proposamenak partzialak izan dira, hau da, kategoria guztientzat ez zeuden hobekuntzarik. Kolektiboa zatitzeko saiakera modu bat bezala interpretatu dugu hau, nahiz eta helburua ez duten lortu.

Oinarrizko aldarrikapenak ondorengoak dira:

– Soldata duinak kategoria prekarizatuenentzako (atezain edo instalazio kontrola, zaintzaileak)
– Soldata izoztuta mantendu izan dituzten sorosleek eta kirol monitoreek azken 8 urte hauetan galdu duten erosahalmena berreskuratzea
– Asteko egun guztietan errefortzu moduan dauden udako sorosleentzako ordaina
– Igande, jai egunetan eta gauetan lan egindako orduko prezioa igotzea
– Hitzarmena deskuelgeen eskaeren aurrean blindatzea

Urjentziazko irtenbidea behar dituzten hainbat egoera kezkagarriak ditugu sektorean: kategoriarik prekariatuenak miseriazko soldata daukate (ordu gordina 6,22 €, edo beste modu batera esanda hilean 786 € lanaldi osoa duenak). Lana izan arren, pobreak dira langile hauek.

LAB sindikatuak uste du egoera honen erruaren zati handi bat instituzioek daukatela, eskaintza merkeena egiten duenari esleitzen dizkiolako zerbitzuak, euro batzuk aurreztearren. Horrek gero enpresek langileen baldintzak hobetzeko marjinik ez izatea ekartzen du, arazoak sortaraziz, eta instituzioek erantzukizuna saihestu egiten dutelarik.

LAB sindikatuak erakundeek ardura bat dutela azpikontratetan lan egiten dugun langileekin, eta pairatzen ari garen egoeraren aurrean ezin direla beste leku batera begira egon aldarrikatzen du. Erakundeek, zerbitzu edo lan bat azpikontratatzerakoan, behetik lizitatzen duten enpresak ez saritzeko, eta azpikontratatutako langileen lanpostuak eta lan baldintzak bermatuko lituzteketen klausulak ezartzeko gaitasuna dute.

Borondate politiko kontua da, baina esperientziak erakusten du euskal instituzioak zuzentzen dituztenen aldetik, gaur egun ez dutela.
 

 

 

Altsasuko gazteak aske uzteko eskatuko dugu Barakaldon

0

Elkarretaratze batera deitu dugu hainbat eragileok asteazkenerako, 19:30ean, Barakaldoko Justizia Jauregian aurrean. LAB sindikatuarekin batera, hauek dira muntaia polizialen aurkako protestari atxikimendua erakutsi dioten eragileak: Berri Otxoak, Eguzki, Ekologistak Martxan, HerriKolore, Sasiburu, Iretargi, Ernai, ELA, ESK, Steilas, CNT, EH Bildu, Irabazi, Podemos, Ezker Anitza, Equo, PCE-EPK, Antikapitalistak eta Sortu.
 

 

 

LABek eta ELAk eutsi egin diogu delako Gizarte Elkarrizketarako Mahaian parte ez hartzeko erabakiari

Eusko Jaurlaritzak Gizarte-Elkarrizketarako Mahaia delakoa deitu du biharko, uztailaren 18rako. ELA eta LAB sindikatuak ez dira bilera horretara joango.

Hauek dira arrazoiak:

Elkarrizketa sozialik ez dago. Gobernuek, baita Eusko Jaurlaritzak ere, politika neoliberalak aplikatzen dituzte, eta horretarako ez dira saiatzen mugimendu sindikalarekin adostasunik lortzen. Langile-klasearentzako bizi- eta lan-baldintza duinak ezartzeko lagungarri litzatekeen guztia gobernuek horrelako mahaietatik kanpo erabakitzen dute, gehienetan patronalarekiko bitariko elkarrizketan: lan eta pentsio erreformak, fiskalitatea, aurrekontuak, gizarte-prestazioak, osasungintza, hezkuntza, etab. Politika neoliberalen inposizioa medio edukirik gabeko mahai hutsalak besterik ezin dira eratu; hauen xedea da sindikalismoak laguntzea gobernuen erabakiak, horrela “parte hartze” itxura guztiz faltsua emateko. Horixe egiten dute CCOOk eta UGTk.

Biharko deitu den mahaia jatorrian ere gabezia demokratiko larri batekin sortu zen: bera osatzen dutenak gutxiengo sindikala eta patronal guztiz autoritarioa dira, azken honek ELA eta LAB lan mundutik kanporatu nahi dituela gainera. Ez dago langilerik mahai honek aurrerapausorik egin duela esango duenik. Gobernuek politika antisozialak aplikatu dituzte, eta patronalak lan erreformei ahal zuen zuku guztia atera die.

Mahaia azkenekoz duela urtebete bildu zen, aurreko gobernua irtetear zela. Bilera hartan, iazko uztailaren 22an, akordio bat sinatu zuten, eta honek areagotu egin zuen elkarrizketa sozial honen izaera antidemokratikoa. Akordio haren asmoa zen negoziazio kolektiboan gutxiengo sindikalari gehiengoak duen pisua aitortzea.

Eusko Jaurlaritzak posizio hau babestu egin zuen, eta gainera beste urrats bat egin zuen erabaki zuenean EHAAn argitaratzea gutxiengoan sinatutako hitzarmenak; hau ordurarte izan zuen jokabidea aldatzea zen.

Ez litzateke koherentea bilera horretara joatea, aurkeztu den gai-ordenaren arabera estrategia kontinuista sakontzeko izango baita, zeina guk errefusatzen dugun. Lehen puntua izango da 2016ko uztailaren 22ko bileran Gizarte-Elkarrizketako Mahaian negoziazio kolektiboari buruz iritsitako akordioen jarraipena. Hain zuzen, akordio horren aurka mobilizatu ginen.

Gai-ordeneko beste puntu batean Gizarte-Elkarrizketako organo Iraunkor bat erakundetzea aipatzen da (hau ere 2016ko uztailaren 22an erabaki zen). Ez daukagu honi buruzko informazio zehatzik, baina urrats honekin ere parte hartzen dutenei finantzazio publikoa emateko bidea ireki liteke. Hau betidanik salatu eta kritikatu izan dugu, borondateak erosteko modu bat baita.

Gai-ordeneko bostgarren puntua da Basque Industry 4.0 estrategiaren garapena da, hain zuzen pertsonengan (enplegua eta lan harremanak) duen inpaktuari dagokionez. Eusko Jaurlaritzak ez dauka halako estrategiarik, eta estalki bat besterik ez da estaltzeko Industria sailak duen eraginkortasun eta ekinbide eza, baita Confebasken politikei ematen dien erabateko babesa ere. Honen ondorioak industriako langileek ondo asko ezagutzen dituzte, bereziki Grupo CEL, CNA Fagor, Unipapel, Ingemar, Aernnova, Ofita, General Electric, STS, Bosch, Pine, Vicrila, Energy… enpresetakoek: Lan baldintzen prekarizazioa eta enplegu suntsipena.

ELAk eta LABek gure konpromisoari eutsi egingo diogu: erakundeek aplikatzen dituzten politikak goitik behera aldarazteko lan egingo dugu. Bide hau ezin da bateratu Mahaietan parte hartzarekin, mahai horietan sindikatuen presentziak ondorio bakarra baitauka, pairatzen ari garen eskubide laboral eta sozialen aurkako erasoak babestea. Halaber, borrokan jarraituko dugu Lan Harreman eta Gizarte-Babeseko Euskal Esparrua finkatzeko estrategiaren alde; esparru hori blindatu egingo dugu Negoziazio Kolektiboa estataliza ez dezaten, ez da prekarizazioa dakarren ezer sartuko, soldaten erosteko ahalmena berreskuratzeko baliagarri izango da eta lan erreformatik blindatuko gaitu.
 

 

 

Kaleratzeen aurka mobilizatu gara Garagartzan

0

LAB eta ELA sindikatuok, Edesa Industrial eta Geyser Gastecheko Enpresa-batzordeetako ordezkariekin eta langileen presentziarekin, agerraldi bat egin genuen ostegunean. Aste honetarako mobilizazioak iragarri genituen, eta horietako lehena gaur egin dute langileek, Arrasateko lantegiaren kanpoaldean. Asteazkenean, 18:30ean, Arrasateko enparantzara eramango dute euren ezinegona.
 

 

 

Lan heriotzen aurka protesta egin dugu Iruñean, Lan Departamentuaren aurrean

Lau langile hil dira azken hamar egunetan Euskal Herrian, azkena Aritzun. Hala, euskal gehiengo sindikalak elkarretaratze bat egin du gaur lan heriotzak salatzeko. "38 langile hil dira dagoeneko aurten, horietako bederatzi Nafarroan. Egoera biziki larria iruditzen zaigu", adierazi du LABeko ordezkari Rosa Iriartek.
 

 

 

Hamar neurri proposatu ditugu benetako industria politika bat garatzeko

0

Azken asteetan hainbat enpresaren etorkizunaren inguruko albiste kezkagarriak jaso ditugu. Testuinguru honetan, industriak bizi duen egoeraren berri emateko agerraldi bat egin du gaur LABek, Bilbon, egoera larrian dauden enpresetako zenbait ordezkarirekin batera. Hain zuzen ere, sektorea suspertuko duen industria politika berriranzko pausoak emateko proposamen bat aurkeztu dugu, hamar neurrirekin.

Azken aste hauetan bizitzen ari garen industria sektoreko enpresen itxiera, deslokalizazio, salmenta edo kaleratze prozesuak ez dira soilik enpresarien edo merkatuaren gorabeheren ondorio soila.

Ehundaka langileren etorkizuna, ehundaka pertsonen geroa jokoan dagoen honetan, hori da LABentzat erabateko lehentasuna duena: horregatik, GRUPO CEL, CNA FAGOR, UNIPAPEL, INGEMAR, AERNNOVA, OFITA, GENERAL ELECTRIC, STS, BOSCH, PINE, VICRILA, ENERSYS, XEY eta beste hainbat enpresa txikitako langile guztiei animoak bidaltzen dizkiegu, eta euren eskubideak defendatzeko aukera bakarra instituzioek bakarrik utzi dituzten honetan antolakuntza eta borroka dela azpimarratu.

Hala ere, industriaren egoera larria ez da langile hauen eta euren senideen egoera soilik. 2017 urte hasieran, ofizialki “hazkundearen eta errekuperazio ekonomikoaren loraldia“ bizitzen ari ginenean, LABek industriaren egoeraren inguruko hausnarketa plazaratu zuen publikoki, euskal industriaren egiturazko arazoak azpimarratuz, etorkizunaren inguruko kezka azalduz eta instituzioen ekimen eza salatuz. Salaketa hark ez zuen erantzunik izan instituzioen partetik.

Gaurko agerraldian, egoeraren larritasunaren eta industria politikaren erantzule nagusi den Eusko Jaurlaritzaren ekimen ezaren aurrean, industriaren egoera larriaren aurrean hartu beharreko 10 neurri aurkeztuko ditugu.

Jakitun gara Euskal Herriak behar duen industria politika diseinatzeko beharrezkoa dela erabateko burujabetza lortzea, finantza, energia, lan araudi, lege konkurtsal, nazioarteko harremanak ez baitaude gure eskuetan. Eta gaurkoan ere Euskal Herriaren burujabetza aldarrikatu nahi dugu, eredu produktibo propioa eraikitzeko ezinbesteko bitartekoa delako.

Baina horretaz gain borondatea ere behar da eta burujabetza ezaren arazoa aitzakia bihurtzen da burujabetza hori eskuratzeko bidea egin nahi ez denean. Are okerrago, dituzun eskumenak Espainiako ereduaren translazio soila hutsa egiteko erabiltzen dituzunean, Eusko Jaurlaritzak eta EAJk egiten duten moduan. Azken adibidea, gastuaren muga adostu izana da PPrekin, baina industrian, iraunkorki gastu murrizketan, prekarietatean lehiatzeko estrategia bultzatzen ari dira.

Beste norabide bat hartzerik badago, horretarako borondate politikoa badago, eta horregatik, aplikagarriak diren 10 urjentziazko neurri planteatzen ditugu, euskal industriaren egoerari erantzungo lioketenak. Neurri hauetako askok borondatea soilik behar dute, baina, beharrezkoak ez diren azpiegituretan inbertitzeari utzi, iruzur fiskalaren jazarpena eta zerga sistema bidezkoagoa proposatzen ditugu sektore publikoaren finantziaketa gaitasuna areagotzeko.

Neurrien laburpena

1. Industria Plan bat osatzeko benetako eztabaida egitea euskal industriarentzat iparrorratza markatzeko: sektore estrategikoen definizioa, industriaren trantsiziorako plana egingo duena: berritu edo ordezkatu beharko diren jarduera produktiboen ordezkapen plan progresiboa aurreikusiko duena eta berrikuntza teknologikoaren aldeko apustua egingo duena, lanaren banaketarekin batera.

Etorkizuneko industria aurreratua bultzatuko duena teknologikoki, sozialki eta lan eskubideei dagokionean.

2. Euskal Industria ez dago salgai! Deslokalizazioen kontrako plana.

Edozein preziotan kanpoko kapitalaren etorrerari bultzada emateari utzi behar zaio. Kanpoko kapitalaren etorrerari instituzioen babesa emateko, enplegu, lan baldintza eta lurraldearekiko konpromisoak exijitu.

Salmenta prozesuetan lurraldearekiko konpromisoak eskaini ezean babes instituzionala kentzea eta oztopatzea.

3. Ikerkuntza eta Garapen gastua Europan helburu den %3ra parekatu.

Teknologia maila ertain-txikia du industriak nagusiki. Ikerkuntza eta Garapenean Europako bataz bestekotik behera gaude. Azken 3 urteetan Ikerkuntza eta Garapeneko gastua beherantz doa etengabe. Era progresiboan Barne Produktu Gordinaren %3ko kopurura iristea proposatzen dugu, enpresak aktiboki bultzatuz inbertitzera, bereziki atzean gelditzeko arriskua duten eta gehiengoa diren enpresa txiki eta ertainen kasuan.

4.Bultzada publikoa sektore estrategikoetan: merkatuari bere baitan funtzionatzen utzi beharrean, sektore publiko indartsua eraiki:

Enpresetan SPRIren bidez partaidetza zuzenak areagotuz. Partaidetza hori jarraipen, bultzada eta kontrolerako baliatu.

Kutxabanki banka publikoaren izaera eman, finantziaketarako tresna izan dadin, bereziki gehiengoa diren enpresa txiki eta ertainak finantziatzeko Alemania edo Suitzan egiten den moduan.

5. Enpresa itxieren kontrako babes neurriak.

Finantziazio publikoaz enpresen bideragarritasun plan alternatiboak finantzatu.

Lege konkurtsalean, instituzio publikoen parte-hartze aktiboa hartzekodunen moduan, etorkizuneko planak bultzatzeko eta likidazio planetan langileen enplegua babesteko, eta ez lehenetsi zorra kobratzeko besterik gabe.

Lan erreformari aurre egiteko kontrakotasun teknikorako baliabideak eskaintzea. Multinazionalen kasuan enpresen arteko eragiketen inspekzioa.

6. Belaunaldien arteko jakintza transmisiorako errelebu kontratuaren bultzada industriaren erronka nagusietako bat da. Horren aurrean, baliabide eraginkorrena den errelebu kontratuaren berreskurapena, lan erreformak ia desagertarazi duena. Finantziazio publikoz erreformaren eragina neutralizatu.

7. Enpresen demokratizazioa-Enpresa eredu berritzaileen bultzada: langileen parte hartzea bultzatuko dutenak, ez finantziatzeko helburu hutsarekin, eskubide batzuk bermatuz:
kanpo auditoritzak egiteko eskuduntza 100 langiletik gorako enpresetan edo frogagarriak diren arazo egoeran dauden enpresetan.

Jakintza, patente, produkzio deskapitalizazio saiakeretan erabaki eta kontrol neurriak.

8. Aberastasunaren banaketa eta gizarte ongizatea bultzatzeko negoziazio kolektiborako eskubidearen bermea, lan munduaren prekarizazioa eta kostuetan lehiatzea ekidinez. Balio erantsia, inbertsioa eta barne eskaera bultzatuz.

9. Hezkuntzan sortzen den ezagutza ez galtzeko neurriak: Gazteentzat lan merkaturatze duina bermatzeko plan baten bidez:

Kontratazio berrien diskriminazioari zigorrak.
Aldi baterakotasunaren mugapena edozein laguntzaren onuradun izateko. Honek lan istripuen beherakada ekarriko luke, kontuan izanda lan istripuen %30a laneko lehen urtean gelditzen direla.

Praktiketan ematen den iruzurraren aurrean ikuskariak ezartzea proposatzen dugu.

10. Industrian emakumeen ekarpena bermatzeko plana: diskriminazio positiboko politikak ezarri. Industriako langileen %19a da soilik emakumezkoa. Aukera berdintasuna eskubidea izateaz gain, ezagutzan lehiatu behako lukeen duen industriak beharrezkoa du emakumeen jakintza baliatzea.
 

 

 

Ez dugu babesten Arabako eraikuntza eta lan publikoetako hitzarmena

0
LABetik inoiz baino ozenago aldarrikatzen dugu Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparru baten beharra, mota honetako inposizioen aurrean irtenbideak aurkitzeko. Finean, guztiz arautu gabe dagoen sektore hau negoziazio kolektiborako gaitasun osoaren laguntzaz ordenatu ahal izateko.

LAB sindikatuak ez du babesten Arabako patronalak, SEA-UNECAk eta UGT eta CCOO sindikatuek sinatu duten Arabako Eraikuntza Hitzarmena, hurrengo arrazoiak direla eta:

• Sektoreko langileak ez ditu lan erreformaren aurrean babesten, deskuelgea eta inaplikazioa enpresek alde- bakartasunez erabiltzeko aukera mantentzen delarik. Horrela, derrigorrez bete beharreko arbitrajea aplika daiteke akordiorik ezean, Langileen Estatutuko 41 artikuluan eta Hitzarmeneko 53 artikuluan oinarrituta.

• Mota honetako gai sensibleak estatu mailara esleitzen dira, herrialdeko hitzarmenaren edukiak hustuz, eta asmoen adierazpen huts batera mugatuz EAEko negozioazio kolektiboaren egituraketari buruzko Akordio Interprofesionala. Gogoratu behar da akordio hau lau sindikatu nagusiok sinatu genuela, baita CONFEBASKek ere, SEA honen parte delarik.

• Behin hitzarmenaren indarraldia amaituta, soilik 24 hilabeteko ultraktibitatea mantentzen du, behin epe hori pasatuta, hitzarmena aplikatzeari utzi ahal zaiolarik berau berritzen ez bada. Horrela, aplikatu beharreko hitzarmena estatu mailako eraikuntzako hitzarmen orokorra izango litzateke.

• Ez du lan jardunaldiaren murrizketarik jasotzen, EAEko altuena delarik Gipuzkoa eta Bizkaiarekin alderatuta, zeintzuk 2009 eta 2016tik daude luzapen egoeran hurrenez hurren. Bizkaikoa 1.712 ordutakoa da, Gipuzkoakoa 1.690 ordutakoa eta Arabakoa 1.726 ordutakoa. Honek lan postu berriak sortzea zailtzen du.

Hau guztiagatik, LABetik ikusten dugu hitzarmenak ez duela eduki nahikorik, ez gaitu lan erreformatik babesten, eta EAEn lau sindikatuok eta CONFEBASKek sinatutako Akordio Interprofesionala ezerezean uzten du, gure negoziazio esparruari lehentasuna ematen diona.

CCOO eta UGTk, zein CONFEBASKi lotutako enpresa elkarteek (SEA eta UNECA bezala) beraien buruak kokatu behar dituzte. Argi esan behar dute negoziazio kolektiboaren zentralizazioa onartuko duten gure hitzarmenak edukiz hustuaz, edota gure negoziaziorako esparrua defendatuko duten, hitzarmenak edukiz betez eta lan erreformarekiko babestuz.
 

 

 

Mugagabe bihurtzeko eskubideari buruzko xehetasunak eman dizkie langileei Gasteizko Michelingo enpresa batzordeak

Enpresarekin uztailaren 11an izandako bileraren ondoren, zeinetan dei egin zitzaion enpresari Arabako Lan Ikuskaritzaren (ALI) ebazpena betetzeko eta ondorioz, mugagabeko aitortzea Michelinekiko egungo harreman kontraktuala iruzurrezkoa duten langileak. Michelinek uko egin dio ALIren eskakizuna onartzeari, eta honen aurrean, enpresa batzordeak langileak informatzea erabaki du.

Enpresarekin uztailaren 11an izandako bileraren ondoren, zeinetan dei egin zitzaion enpresari Arabako Lan Ikuskaritzaren (ALI) ebazpena betetzeko eta ondorioz, mugagabeko aitortzea Michelinekiko egungo harreman kontraktuala iruzurrezkoa duten langileak. Michelinek uko egin dio ALIren eskakizuna onartzeari, eta honen aurrean, honakoa erabaki du Enpresa-batzordeak:

Egoerak eragiten dien langile guztiak informatzea mugagabeko bihurtzeko duten eskubidearen inguruan eta hau eskatzeko izan ditzaketen aukerez.

Horregatik, Batzordearen hurrengo bileran, Enpresa-batzordean ordezkaritza duten sindikatuen egoitza guztietatik informazio-erronda egitea planteatu eta onartu zen.

Lan hau egitea onartu duten sindikatuen egoitzetan egingo da informazio-erronda, langile guztiei banatuko zaien ohar informatiboan zehaztutako egun eta orduetan.

Nabarmentzekoa da CCOO, UGT eta CSIFek uko egin diotela aldibaterako kontratua duten gure lankideen lan-etorkizunerako hain garrantzitsua den informazio-errondan parte hartzeari.
 

 

 

Venezuelaren independentzia gogoan izan dugu Bilbon

0

Gaur, uztailak 14, LAB sindikatua Bilboko Venezuela plazan egindako ekitaldian egon da ordezkatua. Hain zuzen ere, Venezuelak Bilbon duen kontsulatuak gonbidatuta, herrialde honen independentziaren 206. urteurreneko ekitaldian hartu dugu parte.