2026-07-10
Blog Page 949

Greba Orokorra ekainaren 30ean Brasilen lan erreformaren aurka

0

Bihar, ekainak 30, Brasilgo sindikatu nagusiek greba orokorra deitu dute herrialde osoan Temer lehendakariak inposatu nahi duen lan erreformaren aurka protesta egiteko. Deitzaileak 9 sindikatu dira; konkretuki, CTB, GGTB, CUT, UGT, CSB, CSP, Forca Sindical, Intersindical eta NCST dira greba orokorra deitu duten sindikatuak.

Greba orokor hau ez da mobilizazio isolatu bat ordea, eta sindikatu deitzaileek Junho de Lutas deituriko mobilizazio hilabetean kokatu behar da, eta hilabete osoan zehar herrialde osoan mobilizazio ezberdinak antolatu dituzte.

Ez dira garai errazak Brasilgo langile klasearentzat. Dilma Rousseffen kontrako impeachment-aren ondoren Temer gobernura iritsi zenetik, etengabeak izan dira langile klasearen eta oro har herri sektoreen kontrako erasoak eta sektore hauen eskubideen kontra gobernuak harturiko neurriak.

Azken lan erreforma hau norabide berdinean langileen eskubideen kontrako erreforma berri bat da bertzeak bertze honako erreformak ekarriko dituena: lanaldiaren areagotzea, behin-behineko lanaldiaren des-regularizazioa, Segurtasun Sozialaren erreforma bat, erretiro adinaren atzeratze bat eta erretiro eskubidea izateko kotizaturik izan beharreko urte kopuruaren areagotze bat. Neurri guzti hauek lan merkatua prekarizatzeko helburua daukate.

Horregatik Euskal Herriko LAB sindikatutik elkartasun mezu hau bidali nahi diogu Brasilgo langile klaseari. Euskal Herrian ere iraganean antzeko egoerak pairatu izan ditugu PP eta PSOEren erreformak eta hauen ondorioz Hego Euskal Herriko gobernu autonomikoek ezarri dituzten murrizketa guztiak kasu. Horregatik biharko eguna greba orokor masiboa izatea espero dugu, langile klasearen indarrarekin erreforma guzti hauek gelditu daitezen.

Gora Brasilgo langile klasea
#ForaTemer!

 

 

 

Eskubide sozialak eta askatasun demokratikoen alde eta Mozal Legearen kontra mobilizatzeko deia egiten dugu

0

Uztailaren 1ean bi urte beteko dira Mozal Legea indarrean jarri zenetik. Egun horretan Donostia eta Gasteizen antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen die LABek bere kide eta zaleei. Ustelkeriaren nahiz politika neoliberalen ondorioz atxikimendu soziala nabarmen galdu du estatu espainiarrak eta demokratizazio prozesu bati ekin beharrean, justu kontrako bidetik abiatu da. Arrazoiaren indarrak huts egin dionean, indarraren arrazoia inposatzea erabaki du. Honen aurrean lanean jarraitu behar dugu eskubide sozialak eta askatasun demokratikoak oinarri izango dituen estatu propio baten alde.

Horri erantzuten diote azken urteotan jasan ditugun hainbat eta hainbat neurri errepresibo: terrorismo kontzeptuaren erabilpen maltzurra, esaterako Altsasuko gazteen kontra; Andaluziako Bodalo eta Euskal Herriko Rafa, Urtzi eta Telle borrokalari sozialen espetxeratzea; edota sindikalismoa indargabetzeko askotariko neurriak, hala nola, negoziazio kolektiboaren ahultzea, sindikatu borrokalarien Confebasken ilegalizazio saiakera edota borroka sindikalaren kontrako isun eta epaiak.

Mozal Legea mugarri izan da biltzeko, adierazteko eta mobilizatzeko askatasunen kontrako erasoaldi horretan. Bi urtetan, 11.000 zigor espediente baino gehiago ireki dira euskal herritarren kontra Mozal Legea erabiliz. Bien bitartean, iruzur fiskala eta ustelkeria oso merke edo doan ateratzen zaie dirudunei.

Gero eta estatu ustelagoa eta injustuagoa, orduan eta errepresio handiagoa. Arau horri jarraitzen dio Espainiako estatuak. Eta horren aurrean planto egitea proposatzen diegu euskal langileei; planto bai Mozal Legeari, baita Mozal Legearen beharra duen estatu ustel eta injustuari. Eraiki dezagun eskubide sozialak eta askatasun demokratikoak oinarri izango dituen estatu propio bat.

 

 

 

La Milagrosako Enplegu Erregulazio Espedientearen aurrean, langile guztien birkokapena eskatzen dugu

0

La Milagrosa ikastetxeko Enplegu Erregulazio Espedientea hasi berri da, eta Karitateen Alabek, arazo ekonomikoak argudiatuz, 42 langile kaleratu nahi dituzte. LABek bere aldetik, espedientea eta 42 kaleratzeen aurrean, Karitateen alabei langile guztien birkokapena eskatu die kongregazioak Bilbon eta Laudion dituzten ikastetxeetan eta Kristau Eskolak dituen Bizkaiko ikastetxeetan (50 baino gehiago dira).

Aurreko maiatzean, langileek eta familiek Barakaldoko Minaseko eraikinaren zesioa lortu zuten La Milagrosako hezkuntza proiektuarekin jarraitu ahal izateko. Gauzak horrela, Miranda Fundazioak eskatzen zuen alokairuaren prezioak ez zuen baldintzatuko ikastetxearen bideragarritasun ekonomikoa. Baina Karitateko alabek, Barakaldon eta estatuko beste herri batzuetan egin duen bezala, ikastetxeko titulartasuna gainetik kentzen ari da beste proiektuetan aritzeko. Karitatearen alaben jarrera honek eraman ahal gaitu pentsatzera motibo ekonomikoak nahita sortu dituztela Enplegu Erregulazio Espedientea probokatzeko.

LABek, Karitateen alabek itxiera eragin dutela leporatzen die Minaseko eraikinaren zesioarekin arazo ekonomikoak desagertzen zirelako, eta hala eta guztiz ere, Karitateko alabek uko egin diote ikastetxearekin jarraitzeari 350 familia eta 42 langile kalean utziz.

LABek bere aldetik, espedientea eta 42 kaleratzeen aurrean, Karitateen alabei langile guztien birkokapena eskatu die kongregazioak Bilbon eta Laudion dituzten ikastetxeetan eta Kristau Eskolak dituen Bizkaiko ikastetxeetan (50 baino gehiago dira).

LABek egindako proposamenak lanpostuei eusten dei, errealitateari erantzuten dio, ekonomikoki bidegarriena da eta amaiera koherentea emango lioke ziklo bati.

 

 

 

Ikastoletako eta itunpeko langileek elkarretaratze bat egin dute Nafarroako Akordio duinaren alde

0

Eguerdian itunpeko eta ikastoletako langileek, LAB, SEPNA, UGT eta ELAren deialdiari erantzunez, diputazio jauregiaren aurrean elkarretaratzea egin dute, Nafarroako Akordioan murrizketarik sar ez daitezen eta administraziopeko langileek jasoko dituzten soldata igoera berberak jaso ditzaten.

Hezkuntza Departamentuak egin duen behin betiko proposamena ez dute ontzat eman soldata igoera berdinak biltzen ez dituelako eta, besteak beste, adinagatik ordu lektiboen murrizketan eta formazioan atzerapausoak ezartzen dituelako.

Sindikatuek, akordioa lortu ezean, oraingo akordioaren luzapena eskatu dute. Departamentuak aldiz, egoera horretan irailaren 1etik aurrera akordioan biltzen diren hobekuntzak bertan behera geldituko direla adierazi du.

Uxue Barkos presidenteak uko egin dio sindikatuekin elkartzeari. Egoera konponduko ez balitz, irailetik aurrera mobilizazio gehiago deituko dira.

Sindikatuok agerraldi bat egin genuen atzo gure jarrerari buruzko azalpenak emateko.
 

 

 

Azken lan heriotza salatu dugu Zornotzan, Transportes Aguirre enpresaren aurrean

Zornotzako Transportes Aguirre enpresako langile bat hil zen astelehenean, lan istripu ez traumatiko batean, Muxikan, deskarga lanetan ari zenean. Enpresaren aurrean elkarretaratze bat egin dugu gaur, Zornotzako Condor industriagunean, lan heriotza salatzeko.

Euskal gehiengo sindikalak deitutako elkarretaratzea izan da, "Lan istripu gehiagorik ez! Prekarietatea hiltzailea" leloarekin.

Muxikan gertatutako lan heriotzarekin, Hego Euskal Herrian gutxienez 31 langile hil dira 2017. urtean euren lanpostuetan edo horien ondorioz: 3 Araban, 11 Bizkaian, 12 Gipuzkoan eta 5 Nafarroan.
 

 

 

Ingemar enpresako langileek Lugora eraman dute euren ezinegona

0

Usurbilgo enpresako lan taldeak lantegiaren itxieraren aurka egin du protesta, Lugoko epaitegien aurrean lehenik eta Ingemar taldearen bulego nagusien kanpoaldean, ondoren.



Ingemar hartzekodunen lehiaketan dago, eta prozeduraren ardura Lugoko Merkataritza Epaitegiak du. Hain zuzen ere, epaitegi honen aurrean egin dute goizean elkarretaratzea, ondoren, enpresaren egoitza nagusira joateko.
 

 

 

Sexu Askapenerako Eguneko mobilizazioekin egin dugu bat

Sexu Askapenerako nazioarteko Eguna da gaur, ekainak 28. Hori dela eta, LABek bat egin du gaurko aurreikusitako deialdiekin, eta, horretaz gain, hainbat egoitzatan ikusgarri egin nahi izan du aldarrikapena. Hori bai, sindikatuak garbi utzi du eskubide hauek ez direla egun bakarreko kontua, gure egunerokotasuneko borroketan txertatu beharrekoa baizik.

Sexu Askapenerako Nazioarteko Egunerako aurreikusita dauden mobilizazioei atxikimendua luzatu die LABek. hauek dira gaurko deialdiak:

-Gasteizen, 20:00etan, Andra Mari Zuritik
-Donostian, 19:30ean, Bulebarretik
-Bilbon, 19:30ean, Moyua plazatik
-Iruñea, 19:00etan, geltoki zaharretik

Bestalde, uztailaren 1ean Askapen Ibilaldia izenekoa egingo dute Biarritzen, 20:00etan.

 

 

Hitzarmen duin bat exijitu dugu Eraikuntzarako, Anoeta estadioaren lanen aurrean

0

LABek elkarretaratze bat egingo du Anoetaren aurrean, estadioaren birmoldaketa lanak direla eta. Eraikuntza arloko ordezkari Jonan Goñik eskatu du obra guztietan herrialdeko eraikuntzako hitzarmena bete dadila, 2009tik berritu gabe dagoen hitzarmenaren negoziazioa behingoz martxan jartzea exijitzeaz gain.

Gaur, ekainak 28, LAB mobilizatu da Anoetako estadioaren obraren aurrean, ondorengoa exijitzeko:

1.- Anoetako obran zein herrialdeko gainontzekoetan sektoreko hitzarmena bete behar da. Gipuzkoako hitzarmenaren lan baldintzak errespetatzen direla bermatu behar dute instituzioek, pliegoetan gutxieneko baldintza ezarriz, eta azpikontratazio kate luzeari jarraipen estua eginez hitzarmena bera errespetatzen dela ziurtatzeko.

2.- Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmen duina behar dugu. Sektoreko hitzarmena 2009tik berritu gabe dago. Bada garaia hitzarmena berritzeko! Ezin dugu gehiago onartu 2017. urtean 2009an baino lan baldintza okerragoak izatea. Langileek jasaten duten prekarietatea jasanezina da.

3.- LAB eta ELAren artean sektoreko ordezkaritza sindikalaren ia %90 osatzen dugu. Langileentzat hitzarmen hoberena lortu ahal izateko, LABek positibotzat jotzen du bi sindikatuen arteko elkarlana.
 

 

 

Teusa eraikuntza enpresa zigortu dute silikosia dela-eta

0

Langile bati %40aren errekargua onartu zaiola silikosiagatiko prestazioengatik. Prozesu luzea egin ondoren, langileari onartu zaio gizarte segurantzaren prestazioak %40an emendatu zaizkiola. lorpen hau bide luze, nekagarri eta gogorraren ondotik iritsi da. Horregatik, egoera honetan egon daitekeen edozein langile animatzen dugu eta haren esanetan jartzen gara egoera salatu eta dagozkion erreklamazioak bidera ditzan.

Hau guztia arnas-arazo batzuekin hasi zen; horiek zirela-eta Mutualiara bidali zuten. Mutualitatearen zerbitzu medikuek, harrigarriki, langilea haurra zela, gaizki sendatutako tuberkulosi baten ondorioz gaixotu zela zehaztu zuten, nahiz eta langileak ez zuen inoiz tuberkulosirik izan.

LAB harremanetan jarri zen Oviedoko Instituto Nacional Español de la Silicosis-arekin, zeinak zehaztu zuen diagnostikoa argia zela: neumokonoiosia konplikatua, silikosia alegia.

Osalani eskatu genion txostena egin zezala. Hark kasua aztertu eta ikertu ondoren idatzi zuen txostenean, langileak silizearekin etengabeko harremana izan zuela frogatzen zen. Duela urte batzuk prebentzio zerbitzuak egin zuen txostena zegoela ere frogatzen zen, non onartzen zen langilea silizearen arriskua pean egon zela, hura onartezina zela eta neurriak hartu behar zirela. Azkenik, eta txosten hauek guztiak aurkeztu ondoren, Mutualiak onartu zuen laneko gaixotasun batez ari ginela. Hala ere, enpresak beti ukatu du esposizioa, kanpo eta barne txostenak ezagutu arren.

Urte askoan langile hau eta gainontzeko guztiak silizearen arriskupean jardun dira, inolako babesik gabe, substantzia horren eraginpean dihardutenen osasuna kontrolatu gabe.

Hau guztia ikusita, lan ikuskaritzari eskatu genion prestazioen gainordaina, dena den, ikuskaritzak, ulergaitza bada ere, txostenak eduki eta enpresa kontraesanetan ibili arren, gain-ordainketa eskatuko eskatuko erabaki zuen.

Azkenik, eta Gizarte Segurantzari kasua salatu ondoren, arrazoia eman digute eta Donostiako Teusa enpresa zigortu dute, prestazioen %40a gain-ordaintzearekin.

Prestazio horrek langilearekin osasuna berreskuratzen laguntzen ez badu ere, garrantzitsua da, enpresaren ardura argiki erakusten duelako, haren berri izanagatik, ez zuela inolako neurririk bideratu, langileak ez zituela babestu, eta ez zuela egoeraren berri eman ere.

Bidea luzea, nekagarria eta gogorra gertatu zaigu, gaixotasunaren prozesua dela eta. Horregatik, egoera honetan egon daitekeen edozein langile animatzen dugu eta haren esanetan jartzen gara egoera salatu eta dagozkion erreklamazioak bidera ditzan.

Amaitzeko, Teusari eta enpresa guztiei esan nahi diegu langileen osasuna babesteko neurriak har ditzatela, gure osasuna ez dagoelako salgai.