2026-02-07
Blog Page 942

Bilboko manifestaziora deitu du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak

Apirilaren 1erako deitutako manifestaziora joateko deia luzatu du gaur Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, propaganda eguna antolatu baitu mobilizazio hori iragartzeko. Bilbon izango da hitzordua, 17:30ean, Jesusen Bihotzetik abiatuta. Deialdiak hainbat eragileren babesa jaso du, LABenarena barne.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun eragile eta sindikatuok ekitaldi bat egin genuen ostiralean Gasteizen, Mendizorrotza pilotalekuan, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu neoliberalak salatzeko. Hurrengio hitzordua apirilaren 1a izango da. Egun horretan, Bilboko kaleak hartzera deitu dugu, eskubide sozialen defentsan eta babes sozialerako euskal sistema duin bat aldarrikatzeko. 
 

 

 

Kutxabankeko II. Hitzarmena, galbiderako trantsizioa

0
Teloia ireki da. Akordioa itxi da Kutxabankeko II Hitzarmen Kolektiborako Zuzendaritzaren, CCOOen eta Pixkanaka-Kaskariren artean. Nork irabazi du? Erantzuna, bukaeran. Gehien galduko dutenak langile gazteenak dira, sarrera maila berri eta merkeagoarekin. Zehazki, aurreko sarrera maila, lau urtekoa, bitan zatitu da. Adostu diren kontratu finko eskasei -2017rako 80 eta 2018rako negoziatzeke- soldata murriztuko zaie bi urtez. Behin-behineko langileei (300 inguru dira, batazbeste) antzera eragiten die, baina gehigarri batekin, eta honetan ez dute sinatzaileek arretarik jarri: pertsona hauen errotazio-denbora asko murriztuko da.

Orain arte Kutxabankek gehien jota lau bat urtez kontratatzen zuen pertsona bera jarraikako behin- behineko kontratuekin, antzinatasunagatiko diskriminazio-salaketak saihesteko. Hemendik aurrera, bi urtera inguratzen direnean emango die ostikada seguruenik. Ala inork uste al du Zuzendaritza honek mailaz igoko dituela behin-behinekoak izanik? Emaitza: langile gazteenen prekarizazioa, zerbitzuaren kalitate txarragoa eta laneko estres handiagoa.

Egoera honetan, eskarmentu handiagoko langileak ere ez dira onik aterako, desberdintasunek jomuga erraz bihurtzen dituztelako. Auzoko etxea sutan dago jada, eta haizea gogor dabil.

Kutxabankeko Zuzendaritzak irudimen gabezia larria erakusten du. Iragan hurbileko akatsei -batez ere CajaSurren zorigaiztoko erosketari- buelta emateko gai ez eta bankuaren aktibo guztiak likidatzen ari da, baita langileria ere.

Horretarako, CCOOen eta Pixkanaka-Kaskariren estatu-mailako gehiengoaz baliatzen ari da, gainbehera doazen bi sindikatu leial. 2017 eta 2018rako “trantsiziozko hitzarmen” bat saldu digute. Adierazgarria da 2018 bukaeran Kutxabankeko hauteskunde sindikalak ere izango direla. Hitzarmena garaiz salatuz gero, Kutxabankek bi sindikatu hauen ordezkaritza ziurtatuko du hurrengo hitzarmenari begira, hauteskundeetan gehiengoa galtzen badute ere. Hau guztia premia ekonomikoaren baitan (2020an bukatzen da Kutxabanken jabetza mantentzeko funtsak hornitzeko epea) eta konpondu gabeko arazo askorekin: batez ere, hiru euskal kutxen presazko bankarizazioak ekarri zituen desberdintasunak eta lekualdaketa behartuak.

Hau da, hitzarmen honekin langileak suzirian sartu gaituzte eta piroteknikaria kontratatu dute. Baina txistearen erantzuna agindu dugu. Nork irabazi du? Espainiako banka handiak, pozez zoratzen baitago euskal finantzetan geratuko den zuloarekin.
 

 

 

Sidenorreko Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientea bertan behera uztea exijitzen dugu

0
Zuzendaritzak eta UGT, CCOO eta USO barre egiten digute sindikatuek Sidenorreko langile guztioi. Sindikatu hauek enpresak nahi zuen Aldi Baterako Erregulazio Espedientea onartu ziotenetik, dagoeneko hiru hilabete igaro dira eta oraindik ez dute inon aplikatu.

Audientzia Nazionalean inork ulertzen ez duen Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientea defendatzen dute eta judizialki atzera botatzea eragotzi dute beraien sinaduraz babestu dutelako, baina Sidenorreko lantokien egungo lan karga inoizko handiena da:

– Egungo langileekin ez da nahikoa lan karga aurrera ateratzeko.

– Basauriko lantokian egunero egiten da lan, hilabetean asteburu bakarra libratuz. Gainontzeko lantokietan larunbatetan ere lanean hasi dira dagoeneko.

– Iaz sartu ez zituzten lan orduak egun sartzen ari dira.

– Kontratazio berrientzat formaziorako orduak gutxitzen ari dira, hauetan lan egin dadin.

– Kontratazio berri gehiago ez egiteko, langileak etengabe aldatzen dituzte lanpostuz.

Hurrengo hilabeteetan egoera hau areagotuko da. Lan erritmo altuak eta lanaldi luzeak direla eta, laneko bajak izugarri hedatzen ari dira. Lan karga dela eta, Sidenorreko langileok gaixotzen ari gara. Presioak direla eta, langileen arteko giroa ere gaiztotzen ari da.

Egoera honen aurrean ezin dugu beste albo batera begiratu. Sidenorreko zuzendaritzari espedientea erretira dezala exijitzen diogu. Egungo egoeran, ez da onargarria honi eustea. Enpresari exijitzen diogu enpresa batzorde bakoitzarekin eser dadila hurrengo hilabeteetarako ditugun erronkei, era arrazionala eta arduratsuan erantzun ahal izateko. Halaber, UGT, CCOO eta USO sindikatuei ere exijitzen diegu enpresari babesa ematen iraun ez dezaten, langileen lan baldintzak zein osasuna okertzen diren bitartean.
 

 

 
 

Errontegiko osasun etxea, Lehen Arretaren utzikeriaren adibide

0

Lehen Arreta oinarrizkoa dela defendatzen dugu LABetik. Osakidetza utzikeriagatik hiltzen uzten ari dela ohartarazi dugu behin baino gehiagotan, eta, egoera larri hori irudikatzeko, ekintza sinboliko bat egin genuen Barakaldon, joan den otsailean, Errontegiko osasun etxean. Hain zuzen ere, osasun zentroak bost urte baino ez ditu, baina, dagoeneko, azpiegitura arazoak ere baditu: teilatua erortzear dago, ur berorik ez dago, aldaketa geletan ez dago komunik, garajea ezin da erabili, hainbat zonaldetan kiratsa jasanezina da… Hori nahikoa ez balitz, osasun zentroak ez du bizigarritasun baimenik. Osasun etxearen erraietan izan gara, bertako egoera azaleratzeko.

Ekintza sinboliko bat egin genuen otsailaren bukaeran; Lehen Arretaren hileta irudikatu genuen, hain zuzen ere. Osakidetzaren utzikeria salatu genuen, baita LABen irakurketa plazaratu ere.
 

 

 

Bi langile hil dira lan istripuz, 24 ordutan

Atzo, lanean hildako beste langile baten heriotzaren berri izan genuen. Martxoaren 6an 46 urteko Michelin- Gasteizko enpresako langile batek bihotzekoa izan zuen goizaldeko lauetan lanean zegoela, eta zoritxarrez, hil egin zen atzo. Gaur berriz, garraiolari batek lan istripua izan du, Nafarroako AP 15 errepidean Garinoain inguruan, kamioia errepidetik aterata, eta horren ondorioz, hil egin da.

Lehenik eta behin, elkartasuna eta besarkada bat bi langileen senitarteko, gertuko eta lankideei momentu latz hauetan. Honekin batera, azpimarratu behar dugu dagoeneko 19 dira gutxienez aurten Euskal Herrian lanean hildako langileak, beraz, instituzioek lan istripuen arazoari behingoz behar bezala heltzeko garaia dela.

Michelingo kasuan istripua ez-traumatikoa izan da, baina argi esan behar dugu hauek ez direla kasualitatez gertatzen, askotan lan baldintzekin, lanean ematen diren erritmoekin, txandakako ordutegiekin eta abarrekin lotuta egoten direlako.

Aldi berean, salatu nahi dugu bihotzekoa izan zuen momentuan, goizaldeko laurak inguru, ez zegoela medikurik enpresan. Hortaz, gogorarazi nahi dugu Lan Ikuskaritzak 2012ko ebazpen batean jakinarazi ziola Michelini mediku bat egunero eta egun osoz egotearen beharra, argi azalduta, bestela ez zela osasun arreta bermatzen. Bost urte geroago hori ere bete ez duela ikusita, LABek Michelini dei egiten dio horixe betetzeko eta mediku bat enpresan momentu oro egotea, baita desfribilatzaileak jartzeko ere.

Garraiolariaren kasuan, agerian gelditzen da garraioa urtero istripu ugari eta osasun galera izaten dituen sektorea dela. LABek behin eta berriz aldarrikatu eta salatu du sektore honetan lan baldintzak, jardunaldi luzeak, itxoite denborak eta merkantzia, langileen osasunaren gainetik jartzen direla. Horregatik diogu sektore honetako lan baldintzak aldatu, kontrolatu eta zuzendu behar direla, administrazio eta enpresen aldetik.

Horregatik, baldintza egokietan dauden lanpostu duinen alde eta osasuna kentzen edo kaltetzen ez duten lanpostuen alde borrokatzen jarraituko dugu, eta prebentzioa eta langileen osasuna lehentasuna izango dituen enplegu politika baten alde.

Modu berean, dei egiten dugu salaketa eta antolatuko diren ekimen guztietan parte hartzera.
 

 

 

Prekarietatearen aurkako elkargunea Bilbon egokituko dugu ostiralean

Info Puntua, ikus-entzunezkoak, solasaldia, kalejira Alde Zaharretik… Bilboko Areatzan, hainbat jarduera egingo ditugu Ostiral Duinak dinamikaren baitan, 16:30etik aurrera. Hain zuzen ere, LAB elkarguneak antolatzen ari da Euskal Herriko hainbat txokotan, kapitalismoak eragindako gaitzari aurre egiteko. Bilbora iritsiko da oraingoan, eta mahai inguru interesgarri bat proposatuko dugu, besteak beste: "Prekarietatearen milaka aurpegi" leloarekin, hain justu. Prekarietatea errealitate desberdinetatik azaleratuko dugu; langabe, etxeko langile, gazte eta aniztasun funtzionala dutenen begietatik.

Prekarietatearen aurkako lehen elkargunea Gasteizen egin genuen, joan den otsailaren 10ean. Iruñean izan ginen ondoren, martxoaren 17an, eta Bilbori egokituko zaio txanda ostiral honetan, martxoak 24. Elkargunea martxoaren 31n iritsiko da Oarso Bidasoara.

Hain zuzen ere, prekarietatea agenda politikoan sartzeko garaia da. Helburu horrekin antolatu ditu LABek elkarguneak, lan prekarioa betetzen dutenek bildu eta esperientziak truka ditzaten, beti ere alternatibak daudela erakusteko asmoz. Dinamika honetan parte hartzera animatzen zaitugu, denon ekarpena beharrezkoa baita prekarietateari aurre egiteko.

Urratsak eman ditzaten eskatu behar diegu eragile politikoei. Honako hauek dira premiazkoenak:

. 1.200 euroko gutxiengo soldata bermatu
. Lanaren banaketa bultzatu, asteko lanaldi osoa 35 ordura murriztuta
. Bertako hitzarmen kolektiboak adostu eta blindatu, Madrildik etor daitezkeen erreformekiko
. Gutxiengo orduak ezarri, lanaldi partzialean kontratatzeko garaian
. Laneko ikuskaritzak kontrol eragingorra egitea enpresei

Prekarietateari aurre egiteko antolaketa, kontzientziazioa eta borroka beharrezkoak dira, kalean zein lantokitan. Gaur egun, lanposturen bat izateak ez du esan nahi prekarietaterik pairatuko ez dugunik. Euskal Herrian langile txiroak daude, lanpostu prekarioengatik hilabete amaierara iristen ez direnak.

Zerbitzuen sektorean egindako 3.369 inkesta anonimoen bidez, LABek egoera honetara ekarri gaituzten aldagai nagusiak aztertu ditu, eta emaitza latza da: langileen %80ek lan baldintza kaskarretan dihardutela adierazi dute, eta behin-behinekotasuna, soldata, malgutasuna, lanaldi mota eta lan ordutegiak aipatu dituzte prekarietatearen ardatz gisa.

Sistema kapitalistaren tresna bat da prekarietatea, gobernatzeko baliatu ohi du. Alarma gorria piztu behar dugu gizartean, ezinbestean. Hortaz, elkarguneetara hurbiltzeko gonbitea luzatzen dizugu, denon eskubideen alde eragiteko!
 

 

 

“Euskal Udaberria Kalera”, Presoen aldeko ekimen berria

Kalera Kalera dinamikak agerraldia egin du gaur, hilak 22, ekimen politiko eta mobilizatzaile berri bat aurkezteko. Euskal errepresaliatu politikoen alde jarduteko borondatearekin Euskal Udaberria Kalera, Bakea eta Askatasuna irabaztera! Izeneko ekimena jarriko dute martxan. Honen bidez, etorkizunerako ekarpena egin nahi da, gatazkaren ondorioak konpontzeko.

“Bake eta askatasuneko geroa nahi dugu gure herriarentzat”, adierazi du Kalera Kalera dinamikako bozeramaleak, Oihana Garmendiak. Zenbait prozesu oraindik garatu gabe daudela gaineratu du: “Presoak kaleratzearen aldeko borroka, memoriaren aldekoa, biktima guztien aitortza eta erreparazioaren aldekoa, zein desmilitarizazioaren aldekoa, besteak beste”.

“Espetxe frantziar eta espainiarretan preso politikoak dauden bitartean, iheslari eta deportatuak dauden bitartean, ez da izango Euskal Herri libre eta baketsurik”, azaldu du Garmendiak. Udaberria Kalera, Bakea eta Askatasuna irabaztera! ekimenaren bidez presoen auzia agendaren erdigunean kokatu nahi du ezker abertzaleak. Ekimen politiko eta mobilizatzaile berria izango da.

Ekimenak bost mugarri izango ditu:

  • Apirilak 17, preso politikoen nazioarteko eguna: Gernikatik bake eta askatasunera lelopean, ekitaldi sinbolikoa egingo da Gernikan, bonbardaketaren 80. urteurrenarekin bat eginez. Arbolaren inguruan lore eskaintza egingo da.
  • Maiatzaren 8tik 14ra, Amnistiaren aldeko Astearen 40. urteurrena: berau gogoratzeko oroitzapen ekitaldiak antolatuko dira amnistiaren alde jarduteagatik pertsonak hil zituzten herrietan.
  • Maiatzak 20: martxak Frantziako eta Espainiako hiruna kartzelatara.
  • Uztailaren 20tik 27ra: Gernika eta Sakana lotuko dituen zazpi eguneko oinezko martxa, euskal preso politiko guztien askatasuna eskatzeko.
  • Herrietako jaiak: ekimen politiko eta mobilizatzaileak herriz herri jaietan izango du segida.

 

 

 

Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan deitutako grebak %75tik gorako jarraipena izan du

0

Milaka langile irten dira kalera murrizketa politikak alde batera utzi, lan-baldintzak hobetu eta pertsonen eta jendartearen garapen integrala lehentasun izango duen hezkuntza publikoa aldarrikatzera. LAB, ELA eta Steilas sindikatuok manifestazioak egin ditugu Gasteiz, Bilbo eta Donostian, unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan Euskal Autonomia Erkidegoan deitutako greba dela eta.

Ia 28.000 langile unibertsitatez kanpoko Hezkuntza Publikoan (irakasle, heziketa bereziko langile, sukaldari eta garbitzaile) eta 1.200dik gora langile Haurreskolak Partzuergoan deiturik zeuden gaurkoan grebara.

Langileen %75etik gora egin dute bat deialdiarekin. Grebak ia erabateko jarraipena izan du eskualde gehienetan. Jarraipena apalagoa izan da, aldiz, Bidasoa aldean (%60 inguru) eta Bilbo edo Ezkerraldean (%50 inguru). Haurreskoletan jarraipena %85etik gorakoa izan da.

Langileen erabateko gehiengoak bat egin du deialdian jasoriko eskaera eta aldarrikapenekin.

Hezkuntza inbertsioa, plantilak eta baliabideak handitzea eskatzen dugu; onartezinak diren behin-behinekotasun mailak murriztea; gelako ikasle kopurua murriztea; soldatetan, ordezkapenetan, bajetan, erretiroan… ezarritako murrizketak alde batera uztea; ikasle euskaldun eleaniztunak sortu dituen euskarazko murgiltze eredua garatzea; LOMCE eta Heziberri bertan behera uztea; eta hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera utziz, hezkuntza berdintasuna, justizia soziala, integrazio eta gizarte kohesioa bermatzeko oinarrizko tresna izatea.

Bide honetan pausoak ematen hastea eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari. Horrela ez bada, hurrengo hilabeteetan greba eta mobilizazio dinamika areagotuko dugu.


 
LABeko ordezkari Maider Izagirrek jakinarazitakoaren arabera, azken bi asteetan 200 ikastetxe eta haur eskolatik pasatzeko aukera izan dute. Oso aberasgarria egin zaie langileekin izandako hartu emana, baina, tamalez, berretsi dute aurretik bazekiten errealitatea eta prekarietatea. "Administrazioari eta Haurreskolen Partzuergoari exijitzen diegu azken urteetan ezarritako murrizketak bertan behera utz ditzatela, langileen baldintzak hobetzearekin batera. Horretarako, ezinbestekoa ikusten dugu negoziazio kolektiboa abiatzea", azaldu du.

Aurrekontu sozialak helburu izanda, Hezkuntzan inbertsioa igotzea eskatzen dutela nabarmendu du, Europako mailaren neurrian; azken finean, horrek ere hezkuntzaren kalitatea bermatuko duelako. Era berean, hezkuntza eragile diren aldetik, kontutan hartzeko eta parte hartzeko bideak errazteko eskatu diote Administrazioari, inposaketak alde batera utzita. "Ikusiko dugu Administrazioak zein bide hartzen duen. Bi aukera ikusten ditugu: esertzen gara eta negoziatzen dugu, edo orain arteko jarrera mantentzen dute. Azken bide horren alde egiten badute, jakin dezatela aurrean izango gaituztela, eta jarraituko dugula mobilizazio eta dinamika berriak proposatzen", erantsi du.

 

 

Kalitatezko aniztasun funtzionaleko sektorea aldarrikatu dugu


Aniztasun funtzionaleko pertsonekin ari diren langileek mobilizazioa egin dute Bizkaiko Foru Aldundiaren parean kalitatezko aniztasun funtzionaleko sektorea aldarrikatzeko. Hain zuzen ere zerbitzuen pribatizazioak ondorio larriak izan ditu bai langileen lan baldintzetan baita eskaintzen den zerbitzuan ere. Horregatik bestelako eredu bat aldarrikatzen dute langileek.

Dibertsitate funtzionaleko pertsonekin dihardugun langileok, nahiz eta sektorean bertan aldeak jasotzen diren, eta eskaintzen dugun zerbitzua oso anitza den, uste dugu, bereizten gaituzten arazoak eta aldarrikapenak baino, elkartzen gaituzten antzekotasunak ugariagoak direla.

Gizarte Zerbitzuko Euskal Sistemaren langileak gara, irabazi-asmorik ez duten Elkartetan dihardugun langileak gara; elkarteak, batik bat, erabiltzaileen senideez eta ia osotasunean administrazio publikoek, batik bat Bizkaiko Aldundia, hura delako zerbitzu horien titularra, finantzatzen dituzten gizarte- zerbitzuak eskaintzen duten erakunde kudeatzaileez osatuak daude.

Zerbitzuen pribatizazioak zehazten ditu gure lan baldintzak eta zerbitzuen kalitatea:

• Kudeaketa pribatuko eredua: hitzarmenak, diru-laguntzak. Ez dute enplegu egonkortasuna bermatuko, ez eta lan baldintzak ere.

• Prezio / plaza sisteman eta hark garamatzan egoeretan ez dago gardentasunik; alegia, prezio / plaza ustiatzeko kudeatzaileek agertzen duten gogoagatik, zerbitzuak prekarizatzen dira. Honela, askotan egiaztatzen dugu jarduerak ez direla ordezkatzen, ez eta indartzen ere, laneko ezagutza kaskarrago batez edota teknikoki prestakuntza urriago batez egin ohi dira, eta erabiltzaileei kalte nabaria egiten zaie.

• Lan baldintzen arauketa Estatu mailako Sektoreko Hitzarmen Kolektibo batean jasotzen da. Aipatu hitzarmenean ez genuen parte hartu eta bertan negoziatu beharreko Probintzia mailako Sektoreko Hitzarmen Kolektiborik ez dagoenez, sektorea atomizatu da enpresetako hitzarmenetan, enpresa itunetan eta estatu mailako Esparru Hitzarmena ezartzen zaien erakundetan. Horren ondorioz, eginkizun bera edota antzekoa betetzeagatik, lan baldintza eta konpentsazio egoera ezberdinak ematen dira.

Horrek guztiz kaltegarriak diren ondorioak ekarri ditu berekin, zerbitzuaren kalitateari eta langileen eskubideei eta baldintzei dagokienez. Aipatutako atomizazioak ez du erraztu langileen kohesioa, plantilla osoa bat datorren helburua lortzearren. Ez du lagundu erabiltzaileek eta senideek Aldundiarengana jo dezaten, ez die lagundu ere zerbitzu horien kudeatzaileak diren Elkargoei interpelatzeko, kontuan hartuz, aipatutako elkargoak Aldundiaren eta langileen aurrez aurre kokatzen diren lobbyak direla, sasi-patronalak
diren Elkargotan osatuak daudela, haien interesen alde egiteko.

Gaur gaurkoz, negoziazio gehienak zabalik edota trabatuak daude, bestela, indarraldia iraungi zaion Estatu mailako Hitzarmen Kolektiboa ezartzen da. Horrela, LABek eskatzen du:

• Lan esparrua sor dadila dibertsitate funtzionala arautzeko.
• Berezko lan esparrurik lortuko ez balitz eta/edo aldi batez lortuko balitz, negoziazio kolektiboak bildu behar direla, eta sektore gisa jardun Aldundiaren aurrean.
• Aldundiak egin ditzala bitartekaritza lanak eta erraztu dezala lan baldintzen hobekuntza negoziazio kolektiboaren bitartez.
• Lankidetza hitzarmenetan klausula sozial jakin batzuk sartu behar direla, haien bidez lan eskubideak eta zerbitzua egiten dutenen lan osasunaren eskubidea berma daitezen.
• Lan osasun arloan egokiak gerta daitezkeen prebentzio neurriak bete daitezela.
• Erabakitzeko ahalmena izango duen topaketa-gunea sortu, elkargoen, Aldundiaren eta langileen ordezkaritzaz osatua.

Atzo, Aldundiaren Foru Jauregiaren aurrean elkarretaratzea egin genuen, eta hiritargoarekiko harreman Batzordean parte hartzeko eskaera egin, talde batzarkideei eta Aldundiari berari ere, gogoeta eta eskari hauek guztiak hel dakizkien.