2026-01-01
Blog Page 938

BBVAk langileak bidegabeki kaleratzen ditu, zuzendaritzako kideak neurrigabe aberastu eta erantzukizunik onartzen ez duen bitartean

0

Gaur, martxoaren 17an, BBVAko CIG (Galizia), ELA, LAB eta Catalunyako SCAT eta SEC kontzentrazioa egin dute Bilbon, bankuaren akziodunen batzar nagusiaren bezperan. “BBVAn despidorik ez” izan da mobilizazioaren lema.

Hauxe da BBVAko CIG, ELA, LAB, SCAT eta SEC sindikatuek gaur kaleratu duten oharra:

BBVAko lehendakari den Francisco Gonzalez-ek eta bere menpeko zuzendaritza batzordeak BBVAren “eraldatzea” indarrez behartzen jarraitzen dute. Interneta da dena! Mugikorra da dena! Teknologia berrietara egokitzea garrantzitsua denik ez dugu zalantzan jartzen, baina sortzen ari diren banketxe birtual horretan pertsonok lekurik gabe geratuko ote garen beldur gara.

Iaztik hona, BBVAk langileen aurkako presioan eta bildurrean oinarritutako politikarekin darrai, aurre-ohartarazpenik gabeko kaleratze “expressen” bidez; “bihar ez zaitez etorri, hemen daukazu kaleratze agindua” bezalakoak esanez. Hau burutzeko, langileon arduradunei menpekoak zerrendatzera derrigortzen diete, modu zeharo subjektiboan, enpresarekiko konpromiso eza baloratu behar dutelarik. Era subjektibo eta bidegabe batean, azpimarratu nahi dugu. Izan ere, behin lankideak kalera bidalita, BBVAk, lasai asko, onartu izan du kaleratzeen bidegabekeria.

Guzti honekin nahikoa ez, eta bankua langilegoaren likidazio sistematiko eta programatu bat burutzen ari da. Itxuraz borondatezkoak diren irteerak aurkezten zaizkie langileei, neurririk gabeko presioa eragin eta gero, eta jarraitzeko aukerarik gabe utziaz. Bakarka, bulegoko atea itxita, beraien arduradunarekin eta giza baliabideetako arduradunarekin batzartuak eta ordezkari sindikalei sartzen utzi gabe. Kaleratze “garbiak”: Bankuak kaleratzeak lortzen ditu eskuak zikindu gabe, borondatezko itxurarekin.

BBVAko zuzendaritzak, beraien soldata izugarriekin (Francisco Gonzalezek 5.000.000 € tik gora jasoko ditu aurten). Erabaki dute, urtean 30.000 euro gordin edo gutxiago irabazten dituzten langileentzako enpresa honetan lekurik ez dagoela, nahiz eta beraien lana modu arduratsuan burutu, bankuak nahi duen, soldatarik gabeko jardunaldi mugagabea egin nahi ez dutelako.

BBVAko zuzendaritzak ez du ardurarik onartzen 2008an jasan genuen hondamendi finantzieroarengatik. Beraien arduragabekeriak eta diruzalekeriak eraman gintuen zorigaitzeko krisi horretara, eta bertatik ateratzeko diru publikoa erabili zuten, gastu soziala murriztuz eta pertsona askoren pobretzea eraginez. Irabaziak pribatizatu zituzten baina gastuak eta arriskuak berriz soziliazatu zituzten. Ez dira egiten hipoteken interesen zoru- klausula eta beste lardaskeri finantzieroen erantzule, baina beraiek eskatutako helburu lortuezinak betetzen ez dituen langileari aldiz, ardurak eskatzen zaizkio eta gainera, zigortu egiten dute bere bizibidea mehatxatuz.

BBVAko akziodunen batzar nagusia burutzen ari den honetan, zuzendaritza eta akziodunentzako miloikada euroen banaketa onartu duten egunotan, zuzendaritza batzordearen jokaera krudela salatu nahi dugu, eta gizarte ongizatera bideratutako banku arduratsua exijitzen dugu. Kaleratuak beronartzea eskatzen dugu.
 

 

 

CCOOk eta UGTk beren “fronte sindikala” dagoeneko eginda daukate

0

Hedabideetan entzun dugun, negoziazio kolektiboa berreskuratzeko “fronte sindikala” osatzeko proposamenaren aurrean eta martxoaren 23ko deialdiaren harira, ELAk eta LABek adierazi nahi dugu orain arte proposamen horren berririk ez dugula izan. Nolanahi ere, erabat bateraezina litzateke honako egitateekin:

• Uztailaren 22an delako “elkarrizketa sozialeko mahaian” sinatu zen Akordioa; honetan Eusko Jaurlaritzak, Confebaskek, CCOOk eta UGTk agintzen dute gutxiengoan sinatutako akordioak sustatu eta zabalduko dituztela. Gutxiengoen akordioak babesteak patronalaren posizioa besterik ez du indartzen, honek lehenago ere aski pribilegio bazuen arren azken bi lan erreformei esker; horrela lan-hitzarmenak merkatu eta lan harremanak areago prekarizatzen dira. ELAk eta LABek nabarmendu nahi dugu mahai horretan iritsi den akordio bakarraren xedea izan dela euskal eremuko hauteskunde sindikalen emaitza indargabetzea.

• CCOOk eta UGTk negoziazio kolektiboa estatalizatzeko duten borondatea: Zapateroren lan erreforma garatzen ari dira, hots, estatuko hitzarmenek bertokoen gainetik aplikatzeko lehentasuna izatea. Bi sindikatu horiek Estatuan hitzarmenak sinatzen dituzte gure negoziazio kolektiborako eskubidea galarazi nahian. Hau euskal langileen erabakitzeko eskubidearen aurka doa, baita negoziazio kolektiboko eremu propioaren alde.

• “Elkarrizketa sozialeko mahaian” duten presentzia; eurek esan dute, ordea, EAEn elkarrizketa sozialik “ez dela izan”. Honen adibide argia da arlo publikoan ez dagoela negoziazio kolektiborik. Mahai horretako solaskide Jaurlaritza dute; bada, gobernu horixe da negoziazio kolektiboa ukatzen duen lehena.

Azkenik, ELAk eta LABek berriro adierazi nahi dute Lan Harreman eta Babes Sozialeko Euskal Esparruaren alde lan egiteko borondatea, herri honetako langile-klasearen arazoak konpontze aldera. Gai honek lehentasuna izan behar du, eta ezin da baztertu autogobernuari buruz hasi nahi den eztabaidan. Ez dago autogobernurik bere negoziazio kolektiboko eremurik gabe, eta ezin da esan autogobernua dugunik geure eremuan euskal langileen baldintza soziolaboralak erabaki ezin diren artean; hotBabes Sozialeko Euskal Esparrurik gabe.

 

 

 

Foru Hobekuntzaren mugak onartzeak 78.000 nafar 1080 euro azpiko pentsioak jasotzera kondenatzen ditu

Beste batzuen artean LABek babesten duen Pentsionistak Martxan plataformak sustaturiko Herri Ekimen Legegilea eztabaidatu eta bozkatu da gaur Nafarroako Parlamentuan. Jakina denez, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguk aldeko bozka eman dute baina Geroa Bai eta Izquierda-Ezkerrak UPN, PP eta PSNren blokearekin bat egin dute.

Garoña itxi, orain eta betiko

0

LABek bat egiten du larunbatean Gasteizen Garoña orain eta betiko ixtea exijitzen duen manifestazioarekin, eta dei egiten langile guztiei eta jendarte osoari Andra Mari Zuritik 19:00etan irtengo den mobilizazio honetan parte hartzera, eta aurrerantzean deituko direnetan ere.

Garoñako zentral nuklearraren bizitza luzatzeko aukera zabaldu da, aukera hau, euskal herritarron segurtasunaren, osasunaren eta ingurumenaren aurkako mehatxu garbia da, eta aukeraren alde egiten duten administrazio eta enpresak, genozidak direla deritzogu.

Zentral nuklear hau Euskal Herritik hurbil dago, Bilbotik 60 kilometrotara eta Gasteiztik 47 kilometrotara, Ordunteko urtegitik 37 kilometrotara, eta Arabako urtegitik ere hurbil. Garoñako zentral nuklearra zaharkitua dago, Fukushimakoa bezalakoa da. Beraz, Japonian ikusi genuen bezala, ez da batere segurua. Garoñako zentralak korrosio arazoak dauzka. Argi eta garbi diogu, berriz irekitzea kriminala litzateke, gobernu genozida baten erabakitzat hartuko genuke. Istripua izanez gero milaka euskal herritar hilko ginateke, eta Bizkaia eta Arabako eremu handitan ezin izango litzateke sekula inor bizi.

Euskal Herrian energia burujabetza behar dugu. Eredu energetiko berriak garbia eta demokratikoa izan behar du. Euskal herritar bakarra ere ezin da energiarik gabe gelditu, pertsonok derrigorra dugulako beroa bizirik irauteko. Beraz, energiak kontrol eta jabetza politiko eta publikoa izan behar du. Eredu energetiko berriak garbia izan behar duela ere badiogu. Aire garbia eta osasun publikoa bermatu behar ditu, eta horretarako lehen urratsa, energia nuklearra baztertzea da.

Euskal Herriko jendarteak argi dauka energia nuklearra baztertu beharra dagoela eta ez dela erregai fosilen alternatiba. Horri esker ez zen eraiki Lemoiz, eta ordutik hona, hainbat izan gara Garoña behingoz ixteko exijitzeko mobilizatu garen eragile sindikal, sozial eta politikoak.

LABen apustua energia nuklearra baztertzea da, eta energia aurrezteari eta eraginkortasunari benetako bultzada ematea, energia berriztagarri garbiak eta instalazio sakabanatuak sustatzeaz gain. Ildo horretan, herri industrialdunok aurrerapausu handiak eman ditzakegu energia aurrezteko, batez ere, elektrizitateari dagokionez.

 

 

 

DEIALDIAK ZERRENDA

0

{module [671]}

Bat egingo dugu zamaketako lanpostuen defentsan deitu dituzten grebekin, portuak Euskal Herrian kudea daitezela eskatzeko

0

Espainiako Parlamentuan gaur bozkatuko dute PPren Zamaketa lanetako Errege Dekretua. Uste dugu, PSOE, Ciudadanos eta EAJ bezalako alderdien gardentasun ezak milaka enpleguren etorkizuna zalantzan jarriko duela, eta sortuko diren lanpostu berriei erabateko prekarizazioa ekarriko diela. Hori bai, portuetan diharduten enpresen irabaziak ez dira zalantzan jartzen, eta enpleguaren eta langileen lan baldintzen kontura areagotu nahi dituzte.

Errege Dekretu honen bidez Zamaketa sektoreko milaka langileen iraizpen masiboa bilatzen dute bakarrik, jarduera are baldintza prekario eta kaskarragoetan egin dadin.

Langileria osoa pobretzea nahi dute; oraingoan, langile hauei egokitu zaie tenorea. Erreformaz erreforma, hauen asmo bakarra esku gutxi batzuetan mozkin gehiago pilatzea da, eta aberastasun banaketa handiagoa egiten den lekuetan, legeak egiten dituzte hau suntsitzeko.

PPren gobernuak sektore oso baten kaleratzea legeztatu nahi du, Enplegu Espediente Erregularziorik gabe, galdetzeko eperik gabe, eta kalte-ordainak funtsa publikoen bidez ordainduko direla ezarriz, portuetan diharduten enpresa pribatuak kalteordainak ordaintzetik ere salbuesten dituzte. Hortaz, altxortegi publikoari egiten zaion lapurreta berri baten aurrean gaude.

LABek arbuiatu egiten du Errege Dekretu hau eta Parlamentuan ordezkaritza daukaten euskal alderdi politikoei eskatzen diegu hura arbuia dezaten. Santurtziko eta Pasaiako portuetako langileekin dugun atxikipena erabatekoa da, baita Ezkerraldeko eta Oarsoaldeko ekonomiekin ere.

LABek eutsi egiten dio “bertan lan egiten dugunez, bertan erabaki dezagun” esaldiari. Baina hori gauza dadin, portuen kudeaketak gure esku egon beharko luke, eta horrela adostu ahal izango genituzke, berriki sinatu den Lanbide arteko Akordioaren babesean, lan baldintzak Euskal Herrian, burujabetasun ariketa eginez. Horixe da hain zuzen euskal langileriak haren ordezkaritza politikoari eman agindua.
LABek bat egingo du Santurtzin nahiz Pasaian deitu diren grebekin, lanpostuen alde nahiz oraingo eta etorkizuneko lan baldintza duinei eustearren.
 

 

 

Metro Bilbao eta Euskotreneko tarifen igoera bertan behera uzteko eskatu dugu

0

LAB sindikatua kalera irten da gaur, Metroaren 3 lineako Zazpikaleak/Casco Viejo geltokia izango denaren aurrera, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Bizkaiko Garraio Partzuergoari Metro Bilbao eta Euskotrenen hileko txartelaren erabiltzaileei eman dien tarifazoa bertan behera utz dezaten eskatzeko.

Hileko txartel horien ordez orain BIDAI ORO txartela saltzen da joan den martxoaren 8tik. Horrela, tarifak % 30eraino garestitu dira Metro Bilbaon eta % 50eraino Euskotrenen.

Orain arte, adibidez, Metro Bilbaoko hilekoa, gune batekoa, 35,3 € ateratzen zen. Tarifa berriarekin, berriz, 46 € ordaindu behar da, % 30 garestiago, edo 10,70 euro gehiago. Neurri horrekin BIDAI ORO txartelaren erabiltzaile bati 125 eta 175 euro artean garestitu zaio orain egiten duen bidaia.

Neurri horrek metroz egiten diren bidaien % 14ri eragingo die, eta Euskotrenen egiten direnen % 23ri. LAB sindikatuaren kalkuluen arabera, 100.000 pertsona baino gehiagori garestituko zaie bidaia. Kasualitatez, hileko txartelen erabiltzaileak dira garraio publikoaren bezero fidelenak eta, horregatik ere, LAB ez dago ados garraio publikoan gehien ibiltzen direnek jasan behar izatea TARIFAZOA

Bestalde, LABek Bizkaiko Garraio Diputatu Vicente Reyesek saltzen duen tarifa-bateratzea ere kritikatzen du. Tarifak 3 linearen 7 geltoki berrietan soilik batuko dira, Euskotreneko gainerako geltokiak kanpoan utzita. Ondorioz, metro geltokiren bat duten udalerri eta auzoek tarifa sistema merkeagoa izango dute, hiriarteko trenik heltzen ez zaien gainerakoen aldean. Gauzak horrela, lehen eta bigarren mailako garraio-erabiltzaileak izango ditugu aurrerantzean, trena izan arren metro sisteman sartuta daudenak eta ez daudenak, hurrenez hurren.

Azkenik, LABek azpimarratu nahi du azkeneko 10 egunetan ehunka direla egunero ipintzen ari diren kexa eta erreklamazioak, idatziz, geltokietan eta bezeroen arretako bulegoetan, sare sozialetan eta garraiobideen web orrialdeetan. Puntu horietan aritzen garen langileok ere etengabe jasotzen ditugu ahoz horrelako kexak. Argi eta garbi utzi nahi dugu Metro Bilbao eta Euskotreneko langileok tarifa igoera horren berri ematen dugula, besterik ez. Benetako arduradunak, tarifa-gehiegikeria hau lepo gainera etorri behar zaiena Bizkaiko Foru Aldundia eta Garraio Partzuergoa dira.

Horregatik guztiarengatik, LABek dei egiten dio jendarteari oro har, eta bereziki eragile sozial eta sindikalei mobilizatzera eta TARIFAZOA eta txartel bakarretik eta tarifak bateratzetik urrunduz doan garraio publikoaren eredua errefusatzen dituztela erakustera.
 

 

 

PESAn lortutako akordioa onuragarria da

0

PESAko LABen iritziz enpresa batzordeak eta zuzendaritzak lortutako akordioa onuragarria izango da langileentzat. Besteak beste enpleguaren egonkortasuna bermatzen da aparteko orduak desagerrarazteko bidean urratsak ematen dira eta beraz lanpostu berriak sortzea ahalbidetuko da. Horrekin batera eros ahalmena hobetuko da eta 1.200 euroko laugarren ordainsaria ezarriko da.

Arrasaten, hilak 6an, gure afiliatu eta aldekoekin egindako bi bileretan erabakitakoarekin bat eginez erabaki dugu behin-betiko akordioa sinatuko dugula eta greba bertan behera utziko dugula. Akordioa sinatzera eraman gaituzten lorpenen edukiak honako hauek dira:

1. Enpleguan egonkortasuna, 32 behin-behineko kontratuak finko bihurtu dira.
2. Aparteko orduen kobrantza ezabatu da, eta horrek lanpostu berriak sortzea ekarri behar ditu.
3. Eros ahalmena hobetu da, igoerak KPIren gainetik.
4. Gizarte Segurantzak lanekoak ez diren bajak kudeatuko ditu.
5. 1200 €tako laugarren ordainsaria.
6. Larunbatetako plusa kobratzea.
7. Hobekuntzak, oporrak esleitzeari eta lanaldiaren iraunaldiari lotuak, lana eta familia uztarketa hobetuz.

Honez gain, indarrean dagoen aurreakordiori buruzko hobekuntzak lortu ditugu ere, Arrasaten egin batzarretan proposatu zenaren harira.

a) 300 € ordainsari-atzerapen kontzeptuan, zeina 2016. urtean kobratuko den.
b) %0,5eko gutxiengo zorua bermatuko da, KPIa negatiboa bada.
c) Kobratzen ziren 80 orduak ezabatzen diren artean, hauek ohiko lanorduez ordainduko dira.
d) Irizpide objektiboak behin-behinekoak finko bilakatzean, adibidez, antzinatasuna.

Ontzat jotzen ditugu edukiak eta uste dugu, enpresari aurkeztu zitzaizkion bitariko plataforman jasotzen diren eskariak, Arrasateko batzarrean berretsi zenituenak, portzentaje handi batean, betetzen dituela. Akordio honetan, gainera, PESAko langile guztientzako hobekuntzak jasotzen dira (bulegariak, tailerreko, txartel-leihatiletako langileak, gidariak). Gure asmoa, beti izan da, gure lan baldintzak hobetzea (eskubideei eta soldatei dagokienez); akordio honen bidez lortu ditugulakoan gaude.

 

 

Elkarretaratzea egin dugu BEC-en, sexu erasoen aurrean zero tolerantzia eskatzeko

Protesta egin dugu Barakaldoko BEC-en, suhiltzaile-gidarien deialdi publikoaren azken azterketa dela eta. Hain zuzen ere, hautagaien artean sexu erasotzaile bat dago, indultatua izan dena. Bizkaiko Foru Aldundiari ohartarazi diogu erasotzaile matxista hori mehatxu bat dela.

Duela hilabete bat Bizkaiko Foru Aldundiko LABen atal sindikalak salatu zuen indultatutako sexu erasotzaile bat (ez du jasotako zigorra bete) foru funtzionario izateko aukerekin dagoela, suhiltzaile-gidarien deialdi publikoa dela eta.

Honetaz gain, LABek exijitzen zuen Bizkaiko Foru Aldundiak erantzun azkar eta argia eman zezala gai hauen inguruan, posible delako erasotzaile matxista bat sartzea emakume suhiltzaileek lan egiten duten langile-taldean, emakume bizkaitarrak ere jasotzaile diren zerbitzu publikoa eskainiz. Pertsona hau ez da laguntza bat, mehatxu bat baizik. Aldundiak ez du oraindik erantzun.

Gaur, suhiltzaile-gidarirako 60 plazetako bat lortzeko azken azterketa egin dute. Epaimahaiko kideak, Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkari bezala eta funtzionariogai guztiak, erasotzaile indultatua barne, BECen elkartu dira. Hortaz, LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du BEC kanpokaldean, sexu erasoen aurrean zero tolerantzia eskatzeko, datozen lekutik datozela.