2026-09-12
Blog Page 935

Kontratazio proposamena aurkeztu dugu gaur Arabako Biltzar Nagusietan

Gaur, hilak 29, LABeko ordezkaritza batek Arabako Biltzar Nagusietako Enplegu Batzordean aurkeztu du sindikatuak egin duen kontratazio proposamena, enplegua duina, kalitatezkoa eta bermeekin lortzeari begira.

Lehenik eta behin, Arabako lan merkatuaren inguruan sindikatuak egin duen azterketaren berri eman dute eta horren ondorio nagusiak azpimarratu: kontratu asko sinatzen badira ere, gehien-gehienak aldi batekoak dira; iruzur handia dago kontratu mota horietan; eta enpresetan zenbait kolektibok diskriminazioa sufritzen dute, bai genero, ideologia, arraza, jatorri edota aniztasun funtzionalarengatik, baita kontratazio berrien kasuan ere.

Hori dela eta, LABek proposamen bat aurkeztu du enplegua duina, kalitatezkoa eta bermeekin lortzeko:

– Lanpostu estruturaletan kontratu mugagabeak egitea.

– Europako jurisprudientzia zuzenean aplikatzea aldi bateko kontratuetan, hau da, enpresek 20 eguneko indemnizazioa ordaintzea kontratu hauek bukatutzat ematen direnean.

– Enpresek aldi bateko kontratuen inguruko bermeak ematea enpresa-batzordeei, iruzurra ekiditeko helburuz.

– Irizpide objektiboak eta gardenak ezartzea kontratatzean eta kontratuak mugagabe bihurtzean.

– Kontratazio berriak ez diskriminatzea, lan baldintza berdinak edukitzea.

Horrekin batera, deiadi hirukoitza egin du LABek Biltzar Nagusietan:

1.- Foru Aldundiak irizpide horiek erabiltzea bere langileekiko.

2.- Foru Aldundiak edozein lan egiteko kontratatzen duen enpresei irizpide horiek exijitzea.

3.- Biltzar Nagusiek eta Foru Aldundiak Arabako enpresen, patronalaren eta jendartearen aurrean gai honetan jarrera argia erakustea: enplegu duina eta kalitatezkoa lortzearen bidean, kontratazio mugagabea bultzatu behar dela, iruzurra ekidin behar dela, bermeak eskainiz eta edozein diskriminazio ezabatu behar dela.

Biltzar talde gehienek orokorrean proposamena begi onez ikusi dutenez, LAB saiatuko da Biltzar Nagusien jarrera hori gauzatzen.

LABek hurrengo asteetan proposamen hau eramango du enpresetara, beti ere bakoitzaren errealitateari moldatuta, partekatuko du eragile sozialekin, nagusiki gazte taldeekin, eta Gasteizko Udalean aurkeztuko du urriaren 10ean. Horrekin batera, zenbait mobilizazio eta ekimen burutuko ditugu Araban enplegu duina, kalitatezkoa eta bermeekin exijitzeko.
 

 

 

Jaurlaritzak murrizketen estrategiari heltzen jarraitzen dio

EAEko Mahai Orokorraren gaurko bilera dela eta, LABek eta ELAk elkarretaratze bat egin dugu Gasteizen, Lakuan. Bileran, Eusko Jaurlaritzaren aldetik ez dugu benetako negoziazio bati ekiteko asmorik antzeman.

Gaur EAEko Mahai Orokorraren bilera egin dela eta, LABek honako irakurketa egiten du:

Batetik, Eusko Jaurlaritzaren aldetik ez dugu benetako negoziazio bati ekiteko asmorik antzematen. Gaiak itxita eta proposamenak langileon beharretatik oso urrun. Abiapuntua balitz ere, ez du akordio integraletarako borondaterik erakutsi. Oraindik orain Mahai Orokorrak ere PP eta PNVren harremanen menpe jarraitzen du.

Langileok ez dugu erosahalmena berreskuratuko. Beste hainbat erakundetan ez bezala, Jaurlaritzak ez du berreskuratze planez ezer entzun nahi. Okerrago, ekonomia ondo doala adierazten ari denean langile publikook erosahalmena gehiago galduko dugu aurten ere %1,5eko proposamena KPItik behera geldituko delako.

Itzarrirako egiten duen proposamena eskasa izateaz gain, langileon soldatak gehiago berreskuratzeko aukera dagoela frogatzen du. LABek egokiago ikusten du halako ahaleginak zuzeneko soldatetara bideratzea, beti ere arestian aipatu bezala, erosahalmena erabat berreskuratzeko konpromiso zintzo batekin.

Enpleguaren proposamenaren zenbakia propaganda hutsa da LABen iritziz. Eusko Jaurlaritzak ez dio arazoari modu orokorrean eta integralean heldu nahi. Behin-behinekotasuna eta orokorrean prekarietatea betikotzeko estrategiarekin bat egiten jarraitzen du PNVk. Marko legal eta juridikoen aitzakiei modu interesatuan heltzen dio, izan ere kasu honetan Europatik datozen sententziei ez die jaramonik egin nahi.

LABek berriro eskatzen du: erosahalmena berreskuratzeko plana; beharrezkoak diren zerbitzu publikoak kalitatez emateko beharrezkoak diren lanpostuak bermatzeko plana, behin-behinekotasunarekin eta prekaritatearekin amaituz; eta orokorrean egindako murrizketak atzera botatzea, gaixotasun osagarriak kasu; lan gaixotasun eta gaixotasun arrunten jarraipena osasun zerbitzu publikoak zuzenean kudeatzea, mutualitateen merkantilismoarekin amaitzeko bidean.
 

 

 

Adinekoen beharrizan guztiak aintzat hartzeko exijitzen dugu

Urriak 1 Adinekoen Nazioarteko Eguna da. LABen Heldu eta Pentsionisten Arlotik,, nazioarteko egun horren atarian, adinekoei zor zaien arretaren kalitatearen aldeko apustua egiten dugu, baldintza duinak izango dituen bizitza bermatuz, pobrezia eta estali gabeko menpekotasun egoeretatik libre.

Instituzioei exijitzen diegun biztanleriaren ia %25a bertan behera ez uztea, asetzen ez diren gero eta beharrizan gehiago dituzten pertsonak. Horregatik, lanean jarraitzen dugu Adineko eta Pentsionisten Eskubideen Kartaren edukiak. Bertan, puntu hauek aldarrikatzen dira besteak beste:

• Bizitza duinerako eskubidea: indepedentzia pertsonala, diru sarrera nahikoak, egoera fisikoaren araberako etxebizitza, elikagai, jantzi eta abarren bermea eta gure kultura eta hizkuntzara sarbide osoa.

• Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna eskubide eta betebeharren aldetik: berdintasunean atsedena hartzeko eskubidea, etxeko lanak berdintasunean, eta nagusien kontrako tratu txarren gaitza erauzteko borrokan egitea.

• Babes eta Segurtasun Sozialerako Euskal Sistemarako eskubidea, doako eta kalitatezko osasungintza publikoa.

• Gure baldintza fisikoetara egokitutako etxebizitza; honetan eta inguruan irisgarritasuna eta mugikortasuna.

• Gure pentsioak Euskal Herrian arautu, ordenatu eta kudeatzeko eskubidea. Nahi duguna da lan egin eta kotizatu dugun eta bizi garen lekuan zehaztea gure pentsioen ingurukoak.

• Zerga sistema progresiboa: gehien dutenak eta gehien irabazten dutenak izateko gehien ordaintzen dutenak. Justizia sozialean oinarritutako sistema aldarrikatzen dugu.

• Partehartzerako eskubidea: Eragiten diguten kontu guztietan parte hartu eta erabakitzeko dugun eskubidea errespetatu eta bermatu behar da. Gure arazo, gabezia eta beharrizanak ezagutzen digutunok partehartzerako eta kontsultatuak izateko eskubidea aldarrikatzen dugu.

Horregatik, LABetik, egun honetan adinekoek duintasunez bizitzeko duten eskubidea aldarrikatzen dugu, gure beharrizan guztiak estaliak izatea eta instituzioek euren betebeharrak bete ditzatela eta ez dezatela jarraitu gure eskubideak murrizten.
 

 

 

Amurrion izango gara, Alfredo Remirezi babesa emateko

0

Alfredo Remirez kartzelaratzeko agindua eman du Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta amurriotarra urtebetez espetxeratu nahi dute sakabanaketa salatzeagatik. LABetik gure elkartasun osoa adierazi nahi diogu Remirezi, eta, bide batez, amurriotarrari babesa eskaintzeko deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen dugu. Hain zuzen ere, manifestazio bat egingo dute gaur, 20:00etan, Amurrioko Juan Urrutia plazatik abiatuta.
 

 

 

Zerbitzu Sozialetako Zuzendaritzarekin biltzeko eskaera egin dute Telelaguntzako langileek

EAEko Telelaguntza Zerbitzuko langileak lanuzteak egiten ari dira gaur, kalitatezko zerbitzu publikoaren eta lan-baldintzen alde, azpikontratazioari ezetz esateko. Hala, elkarretaratze bat egin dute Bilbon,Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, eta Zerbitzu Sozialetako Zuzendaritzarekin batzartzeko eskaera bat erregistratu dute.

Euskadiko Telelaguntzako Zerbitzu Publikoa Eusko Jaurlaritzaren eskuduntza da; hark erabaki zuen azpikontratatuko zuela aipatu zerbitzu publikoa, lehiaketara atereaz. 

Telelaguntzako euskal zerbitzua kudeatzen duen merkataritza enpresak, Tunstall Televida-GSR-IMQ Aldi Baterako Enpresa-elkartea alegia, eskaintzen duen zerbitzuaren kalitatea urritzen ari da, beti ere, haren irabaziak handitzeko helburuan. Horrela, terminalak instalatzeaz arduratzen direnen langile-kopurua ez da handitu azken lau urtean, ez eta erabiltzaileen jarraipenaz eta balorazioa egiteaz, bisiten bidez, diharduten langileak ere. Bien bitartean,aipatu aldian, erabiltzaile kopurua 15.000 lagunetan handitu da. Honez gain, azpimarratu behar da langile kopurua, 2011ko uztailaz geroztik, 85 langile izatetik 105 langile izatera igaro dela bakarrik, aldiz, zerbitzuaren erabiltzaile kopurua 21.000 izatetik 45.000 izatera igaro da. Hori dela eta, zerbitzuan beharrezkoa da langile eta erabiltzaileen arteko erratioak sortzea, zerbitzuaren kalitatea mantentzeko eta enplegu sortzeko. Hau guztia are larriagoa da, kontuan hartzen badugu zerbitzua Tunstall Televida-GSR-IMQ Aldi Baterako Enpresa-elkarteari esleitu ziotela duela 9 hilabete, gutxi gorabehera, 15.000.000 euroren truke; esleipenaren munta aurrekoa baino milioi bat eurotan areagotu zen. Horrela, enpresa horrek diru publikotik lortu duen irabazi-marjina  ia 5 milioietakoa izan da. 

Ahalik eta mozkin gehien lortzeko, zerbitzua kudeatzen duen  Aldi Baterako Enpresa-elkartea, lehenengo eta behin, erabiltzaileen lesiorik eragin gabeko erorketen protokoloa aldatu du, enpresako langileek joan baino (urte askoan halaxe egin zen, eta hura erabiltzaileek eta senideek estimuan zuten) senideak noiznahi deitzen dituzte erabiltzaileak jaso ditzaten, eta ondorioz, maiz atzeratzen da laguntza. Jokabide berri horrek ekarri du senideen eta erabiltzaileen hamaika kexu; kexuok zerbitzua kudeatzen duen enpresatik ez dira ateratzen, ez dira ezagutzera ematen. Honen bidez enpresak bere langileen parte hartze kopurua murriztu nahi izan du, eta justifikatu nahi izan du laneko txandak ezabatu izana eta horiek azpikontratazioaren bidez ordezkatu izana. 

Hau guztia gutxi balitz ere, eta ekipamenduak instalatzeko epe berriak bete daitezen, alta berriak eman direlako, eta era berean, erabiltzaile berrien balorazioa egiten duten langileek bisitak egin behar dituztenez, Tunstall Televida-GSR-IMQ Aldi Baterako Enpresa-elkarteak langile kopurua handitzearen hautua egin baino, zerbitzu beraren muina erabat aldatu nahi du, egun arte eskaintzen zen zerbitzu teknikoari dagokionez. Horretarako, erabiltzaileen etxebizitzetara ekipamendua bidaltzea azpikontratatu du, eta bide batez, teknikariek instalatu beharrean, haiek dagokielako aipatu eginkizuna, urte askoan egin den antzera, gizarte lanak betetzen dituzten langileek egin ohi dute. Enpresak jarduteko modu berriaz diharduenez, nozituko da telelaguntzako zerbitzuaren kalitatea urrituko dela: geroago, behin baino gehiagotan joan beharko dutelako teknikariek, gizarte lanetaz arduratzen direnak gauza izango ez direlako tresneriaren instalazio zuzena egiten; horrek eragingo du senideek beste egun bat bertan egon behar izango dutela, zegokion unean ezin izan delako ekipamendua instalatu. 

Honen guztiaren gaizkidea Eusko Jaurlaritza dugu, gaur gaurkoz ez duelako ezer egiten egoera zuzen dadin, are gehiago, haren esku dagoenean egoera zuzentzeko gaitasuna, zerbitzuaren titularra izanik. 

Honengatik guztiarengatik, zerbitzuan dihardugun langileok erabaki dugu mobilizazioei ekingo diegula egoera hau salatzeko; era berean, jasotzen den zerbitzuaren kalitatea urritu izanak eragin senideak eta erabiltzaileak animatzen ditugu kexuak luza ditzaten, Eusko Jaurlaritzaren herritarrentzako zerbitzura deituz (012) edo bestela, Eusko Jaurlaritzara joz. 
 

 

 

Sestaon izandako hilketa sexista salatzeko mobilizazioekin egin dugu bat

Emakume bat hil zuten atzo Sestaon. LABek bat egiten du Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deitutako protestekin. Astelehenean, mobilizazioak izango dira Donostian (Bulebarra, 19:30), Iruñean (udaletxeko plazan, 20:00), Gasteizen (Andra Mari Zurian, 20:00) eta Bilbon (Arriagan, 19:30).

Hauxe da Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxan egindako irakurketa:

EZ DIRA BI ASTE PASA Melodie Masse hil zutela —zortzi hilabeteko haurdun zegoen— Uztaritzen, eta orain, Noelia BESTE EMAKUME BAT ERAIL DUTE SESTAON! ASKI DA!

Noelia Noemi zuen izena, eta arma zuriz egindako zauriak zituen. Genero indarkeriaren hipotesia du Ertzaintzak. Aurten gizonen eskuetan hildako seigarren emakume euskal herritarra litzateke (Berria).

Aurten, Euskal Herrian, bortizkeria sexistaren ondorioz hildako laugarren emakumea da; horrez gain, beste bi andre euskal herritar ere hil dituzte azken hilabeteetan atzerrian. Nazkatuta gaude. Emakumeok, emakume izate hutsagatik amaigabeko indarkeria matxista pairatzen dugu egunero, begirada, keinu edo gutxiespen sotilenetik, erailketaraino. Indarkeria matxistak ez du mugarik, bizi garen sistema kapitalista patriarkalaren funtzionamenduaren ezinbesteko tresna delako, eredu honek sortzen dituen pertsonen arteko botere harremanak mantentzeko erabiltzen duen baliabidea. Hemendik doakie gure elkartasun eta babes guztia azken egunetan biolentzia honen muturreko adierazpenak bizi izan duen emakumearen familia eta senideei.

Inoiz baino argiago dago indarkeria matxista lehen mailako arazo politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala dela. Ez direlako modu isolatuan eta bakartuan ematen diren erasoak; bizi garen jendartearen antolaketa sexistak ahalbidetzen eta sustatzen duen indarkeriaren erabileraz ari baikara. Indarkeri sexistaren aurkako borrokan, beraz, agente sozial, politiko eta instituzional guztien ardura ezinbestekoa da. Guztiona da erantzukizuna, pertsonala zein kolektiboa.

Pasibotasunak ez du balio. Garaia da hitzetatik praktikara pasatzeko. Ez garela Berdintasunean bizi aski badakigu, indarkeria sistemarteko anitzek kolpatzen gaituzte: prekarietateak, indarkeria fisikoak, erailketa matxistak… Honen aurrean feminista izango den aldaketa bultzatzen jarraituko dugu.

MOBILIZAZIOETAN PARTE HARTZEKO DEI EGITEN DUGU! BIHAR, SESTAON ETA ASTELEHENEAN EHKO BAZTER GUZTIETAN!

Honekin batera autodefentsa feministarako deia egiten dugu, gure bizitzak direlako jokoan daudenak. Feministok martxan jarraituko dugu, elkarrekin, borrokan denak aske izan arte!!!!
 

 

 

Kaleratzeak salatu dituzte Tubos Reunidos eta Productos Tubulares enpresetako langileen batzordeek

0
300 milioi euroko zorra murrizteko, Administrazio kontseiluak lanpostuak suntsitu nahi dituela nabarmendu dute Amurrio eta Trapagako enpresetako langileen ordezkariek.

Hauxe da langileen batzordeek kaleratutako oharra:

Administrazio kontseiluak 300 milioi € baino gehiagoko zorra murriztu nahi du lanpostuak desagerrarazten. Enpresa Batzordeek, ordea, akats larritzat hartzen dituzte erabaki hauek. Lanpostuak murriztuz, langileen lan baldintzak okertuko dira prekarietatea handiagotuz honek dakarren guztiarekin. Enpresa honetan kudeaketa arazo larriak ezin dira berriro errepikatu eta adibide moduan 2007an gertatutakoaz ari gara hitz egiten, non, akzioen berrerosketa eta amortizazioa eman zedin 170 milioi €ko mailegu bat eskatu zen akziodunen artean banatzeko, zorra 200milioi €tan geratuz. Beste adibide bat: distribuzioa egiten zuen Almesa enpresan emandako desinbertsioa (2010ean 25 milioi € sartu 2017an 2,7 milioi €gatik saltzeko). Edo Inauxaren salmenta, 2016an irabaziak izan zituen Tubos Reunidos Taldeko enpresa bakarra. Kudeaketa mota hau da Tubos Reunidos Industrial zein Trapagako Productos Tubularesen egoeraren erantzule bakarra.

Tubos Reunidosek 214 milioi €ko irabaziak izan ditu 2007 eta 2014 artean eta akziodunen artean 244 milloi € banatu ditu.

Proposatu dituzten lanpostuen murrizketak- behin behinekoena zein azpikontratena- prekarietatean sakondu besterik ez du egingo, lan baldintzak kaskartuz eta langileen segurtasuna zalantzan jarriz. Azpimarratzekoa da 10 hilabete daramagula hitzarmena salatu zenetik eta Zuzendaritzak ez duela borondaterik erakutsi hau aldatzeko.

Instituzioei, eta, bereziki, Eusko Jaurlaritzari dei egiten diegu, gure lanpostuak mantendu ditzaten eta bizi izan dugun kudeaketa eskasak ez gaitzala agertoki zailago batetan utzi, euskal industria garrantzitsu batzuekin gertatzen ari den moduan.

Balio handiko produktuetan eta, ez prekarietatean, apustu egingo duen politika industrial publiko bat eskatzen dugu, gure industria merkatuen eta inbertsio fondo handien eskuetan ez erortzeko.
 

 

 

Desobedientziarik gabe ez dago askatasunik

Atzo, irailak 28, abortatzeko eskubidearen aldeko nazioarteko eguna izan zen. Gure irakurketa plazaratzeaz gain, Idazkaritza Feministako kide Arantza Vazquezek eta Elixabete Etxeberriak iritzi artikulu bat egin dute abortatzeko eskubidearen alde.

Emakumeoi, geure buruaz erabaki ahal izateko eskubidea etengabe ukatu zaigu mundu osoan zehar. Erabakitzeko eskubidearen aldeko emakumeon borrokak —mugimendu feministak zuzendua eta milaka emakumeek sustatuta—, 70eko hamarkadan, ordura arte pentsaezinak ziren ondorio sozialak izan zituen. 1976an 11 emakume atxilotu zituzten Basaurin, horietako bederatziri abortatu izana leporatu zitzaien, eta beste biri lagundu izana; izugarrizko elkartasun uhin geldiezina sortu zen. Mobilizazio haietan lortu zen, pitinka, hainbat urtetan, haurdunaldia borondatez eteteko legean aldaketak eragin ahal izatea.

1990eko irailaren 28an aldarrikatu zen, Latinoamerika eta Karibeko V. Topagune Feministan, Abortua Despenalizatzeko Eguna. Honen bidez gogoratzen da abortu ez-segurua eta klandestinoa dela inguru hartako herri askotako emakumeen heriotzen lehen arrazoia.

Gaur egun gurean, Hego Euskal Herrian, inposatutako lege batekin darraigu, haurdunaldia eteten «uzten diguna», lege horrek zehaztutako egoera eta baldintzetan. Gainera, ezin dezakegu ahaztu osasun publikora heltzen ez diren eta gure artean bizi diren emakume guztiek erabili ohi dituzten haurdunaldiak eteteko metodoak ezkutuan eta segurtasun urriko baldintzetan gauzatzen direla oraindik. Horrela, euren osasuna arriskuan jartzen dute, egoera irregularrean daudenek bide pribatura soilik jo dezaketelako. Geure buruaz erabakitzeko eskubideak klase-kontua izaten jarraitzen du; ezin dezakegu saihestu egoerak bere horretan dirauen bitartean borrokatu behar izango dugula, murrizketarik gabeko eta emakume guztiontzako eskubidearen alde.

Eta, era berean, gogorarazi nahi dugu askotan, desobedientziarik gabe, ez dagoela justiziarik. Geure buruez, geure bizitzez, geure herriez, geure nortasunez… erabakitzeko eskubidea ukatzen duten legeen adibideak ugariak izan dira azkenaldian.

Emakumeok geure buruari buruz erabakitzeko eskubidearen aldeko borrokan, funtsezkoak eta ezinbestekoak gertatu ziren Euskal Herriko emakumeen artean ehundu ziren elkartasun sareak; eta oso interesgarriak suertatu ziren Hegoaldeko eta Iparraldeko emakumeen artean sortu ziren aliantzak. Haurdunaldien etenaldiak egin ahal izateko, ezinbestekoa gertatu zen osasungintzako eta beste arlo batzuetako langile askoren lankidetza eta laguntza, jardunbide horiek gauzatze aldera.

Haiek (osagileak, erizainak, gizarte-langileak, psikologoak, psikiatrak…), anonimoki, euren lanpostua arriskuan jarriz eta espetxe eta gaitasungabetze mehatxuak ere jasoz eta elkartasuna erakutsiz, ahalbidetu zuten emakume asko behartuak ez egotea nahi ez zuten haurdunaldi batekin jarraitzera; emakumeak babestu beharreko objektutzat jotzen zituzten lege burugabe eta bidegabeak desobeditu zituzten. Gogoratu 1990ean Iruñean hainbat osasun-langileri epaiketa egin zietela, Bideko Ama Birijina ospitale publikoan abortua egin izana leporatuta.

Irailaren 28arekin, gogora ekarri, omendu eta eskertu nahi ditugu horrenbeste urtetan elkartasuna adierazi duten eta emakumeok geure buruez erabakitzeko eskubidearen aldeko borrokan ezagutza eskaini duten langile horiek guztiak.

Gogora ekarri nahi ditugu, eta gure elkartasuna adierazi, erabakitzeko eskubidea egikaritzeagatik gaur egun espetxeratuak izaten ari diren emakume guztiak ere. Haiei esker, borroka hau ere posible izan zen!
 

 

 

Rothenberger-eko langileek lanuzteak egingo dituzte, lan baldintza duinen alde

0
Abadiño eta Gasteizko Rothenberger-eko langileak lanuzteak egiten ari gara lan-baldintza duinak izateko dugun eskubidaren alde. Enpresa-batzordeak bere osotasunean deitutako lanuzteak dira (CCOO, LAB eta ELA), irailaren 25ean hasi zirenak egunean 4 ordutako paroekin. Bihar ostirala, irailaren 29an, 24 ordutako lanuztea egingo dute eta kontzentrazioa egingo dute Abadiñoko lantokiaren aurrean, 11:00etatik aurrera.

Hauxe da enpresa batzordearen oharra:

Azken 4 urteetan ezinezkoa izan da enpresarekin hitzarmen propio duina adoste. Enpresaren helburuak onartezinak dira, izan ere, bazterketa eta langileen arteko ezberdintasunak areagotzea besterik ez baitute nahi.

Akordio falta dela eta, enpresak ez ditu lehenagotik hartutako konpromisoak bete, errelebu kontratuak ez ditu bermatu adibidez, eta 30 urtez baino gehiagoz lanean egondako jendea lanean jarraitzera derrigortu dute, jubilazio aldia iritsitakoan. Horrelako eskubide urraketekin, enpresaren jarrera erabat mespretxagarria eta gaitzesgarria dela salatu nahi dugu. Argi baitugu, horrelako erabakien ondotik enplegu iraunkorraren galera, kontratazioetan prekarizazioa, aldibaterakotasuna edo ABLEak datozela.

Rothengerren 2011etik gaude enpresako hitzarmenik gabe eta laneko erreformaren ondorioak pairatzen. %5eko jaitsi ziguten soldata eta lan aldia luzatu; eta guzti hau, irabaziak dituen enpresa batek.

Gure aldarrikapenen oinarrian dago erreformaren aurkako klausulak onartzea, enplegu finkoa bultzatu eta babestea, soldaten eguneratzea eta lanaldia murriztea. Kontrara, enpresak, lotsagabe, eskubideak lapurtu dizkigu, langileon arteko ezberdintasuna bultzatu du eta laneko segurtasun eta prebentzio politika gabe, gure osasuna egunero arriskuan jarriko dugun makinak izatera kondenatu nahi gaitu.

Greba egun hauetan zehar, enpresako zuzendaritzak, eta beraien jarraitzaile eskirol zintzoek, grebalariak beldurrarazi nahi izan gaituzte. Batez ere, behin behineko kontratua duten edota ABLE bidez kontratatutako langileak grebarik egin ez dezaten. Eta gaurkoan, argi eta garbi salatu nahi dugu, horrelako jarrerek urratu egiten dutela grebarako eskubidea.

Argi dugu mobilizazioa eta borroka dela hitzarmen duina lortzeko bide bakarra.