2026-01-02
Blog Page 930

Aurreakordioa lortu da Arabako ardogintzako hitzarmenean

2012-2015 Arabako ardogintzako hitzarmenaren indarraldia pasa den martxoaren 31an amaitzen zen. Data hori iritsi aurretik, martxoaren 9, 20, 28 eta 30ean, akordio bat lortzeko hainbat saiakera egin baziren ere ezinezkoa izan zen adostasun batera iristea. Azken minuturarte ahaleginetan ibili ostean, pasa den ostiralean, martxoaren 31an, hitzarmenaren indarraldia amaitzeko ordu gutxi falta zirela, LAB eta ELAk aurreakordioa sinatu zuten, horrela langileen lan baldintzak hobetzen dituen hitzarmena berriztuz.

LAB eta ELA, Mahai Negoziatzailean gehiengo dugun sindikatuok, izan gara azken ordura arte ahaleginetan ibili garenak akordioa posible egiteko. Aipatu beharra dago martxoaren 31an bertan UGT gehitu zela sinadurara. Ordura arte, sindikatu honek ez zuen argi izan.

Gehiengo sindikalak “koma sakonean” zegoen Hitzarmena biziberritu du.

Azken lau urteak iraun zituen aurreko Hitzarmenean (2012-2015), UGT eta CCOOek sinatu egin zuten aintzinatasuna murriztu, malgutasuna handitu eta %1eko soldata igoerarekin, hitzarmena “klinikoki hilda” utziz.

2016-2018 Hitzarmenaren sinadurak, %2ko soldata igoerak bermatzen ditu 2016rako; %2koak 2017rako eta %2,25ekoak 2018rako. Hitzarmena amaitzerakoan, 2017 eta 2018ko benetako KPIaren igoera zein den begiratuko da eta soldaten igoera baino handiagoa da, taulen bidez arautuko da 2019 hasieran, hitzarmen berria negoziatzen hasi aurretik.

Gainera, berraztertu egingo da eros ahalmenaren galerarik egon ez dadin. Benetako igoerak dira, tauletan ezarriko litzaizkiekenak sektoreko langile guztiei. 2017tik aurrera, 1.000 eurotako gutxieneko soldata adostu da 15 pagatan (12 hilabetetakoak eta 3 paga), gogoratuz orain arte, lau kategoria ez zirela kopuru honetara heltzen (3. mailako ofiziala, 2. mailako ofiziala, especialista eta peoia).

Hitzarmenak aurrera egiten du lizentzia eta baimenetan, aurrejubilazioentzako kalteordainetan, enpresen barruan euskara kontuan hartzen hasten da (iragarkiak, komunikazioak, etab) eta beste zenbait puntutan. Hitzarmena bete eta ezarri egingo dela ere bermatzen da, berau ez ezartzea mugatzen duen klausula baten bidez.

Garrantzitsuena da hitzarmen honen aurrekoaren lerroarekin apurtzen duela eta ez duela
ezertan atzera egiten. Gehiengo sindikal berria batu da sektorean eta erakutsi da bestelako baldintzak eta hitzarmena ezberdina direla.

Sektoreko langileak zoriondu behar ditugu hitzarmena dutelako. Modu berezian zoriondu nahi ditugu Mahai Negoziatzailean parte hartu duten LAB eta ELAko delegatuak eta asanbladetan parte hartu duten langileak ere, euren inplikazio, konpromiso eta lanarekin, guztion artean lortu dugulako aurrekordioa.
 

 

 

Mendaroko ospitalean elkartu gara, gaixo dauden presoen eskubideen alde

LABek elkarretaratze bat egin du Mendaroko ospitalearen aurrealdean, larri gaixo dauden hamahiru euskal presoek kalean egon beharko luketela aldarrikatzeko. "Muturreko egoeran daude, eta espetxean ezin dute jaso behar duten zaintza", ohartarazi dugu, eta Espainiako eta Frantziako estatuak giza eskubideak nabarmen urratzen ari direla salatu dugu.
 

 

 

Propaganda gutxiago eta benetako industria politika bat egiteko eskatu dugu

0

LABek manifestazio bat egin du gaur Bilbon “Prekarietatearekin industria 4.0rik ez dago. Aberastasuna banatu” leloarekin. Mobilizazioa Eusko Jaurlaritzaren egoitzan hasi eta Confebasken egoitzaren amaitu da. Industriaren etorkizuna kolokan dagoela adierazi dugu, eta arduradun politikoek eta patronaleko buruek propaganda baino ez dutela egiten salatu.

Gaurko mobilizazioan esan nahi dugu argi eta garbi, gure industriaren etorkizuna kolokan dagoela, eta gure agintari eta patronaleko buruek propaganda besterik ez dutela egiten. Nahi dituzten kongresu guztiak egin ditzakete, baina ez dute aldatuko errealitate hau: Prekarietatearekin industria 4.0.rik ez dago!

Hitzez beste eredu baten alde eginagatik, Espainiako ereduaren aldeko apustua egin ari dira praktikan: lan kosteak murrizten dira balio erantsia dituen produktuen aldeko inbertsioa bultzatu beharrean. Industriak, teknologikoki aurreratua izateaz gain, aurreratuak izan behar du gizartearen ikuspegitik, baina baita lan baldintzen ikuspegitik ere. Tamalez, bai Confebask bai Eusko Jaurlaritzaren apustua guztiz kontrakoa da, prekarietatea hedatzearen aldeko apustua. Industria 4.0. bultzatzen ari dela diozuen bitartean, egiten ari zaretena PREKARIETATEA 4 INDUSTRIA POLITIKA 0 eredua da:

1. LAN ERREFORMA APLIKATZEN DUZUE
Kaleratze merkea, azpikontratazioa, behin behinekotasuna, ABLEak, zergak ordaintzen ez dituzten enpresak, espekulazioa eta pelotazoan oinarritutako industria sustatzen dute. Pertsonen gaitasunean lehiatu beharrean, pertsonak murriztu beharrezko gastutzat hartzen dituzue. Espainiako ereduarekin ez dago berrikuntzarik, ez dago balio erantsirik, ez dago etorkizuneko industriarik.

2. NEGOZIAZIO KOLEKTIBORAKO ESKUBIDEAREKIN AMAITU NAHI DUZUE
Langileek baldintza okerragoetan zeinek lana egin lehiatzea nahi dute. Hazkunde ekonomiko garaian gauden honetan, nola baimendu liteke sortzen den aberastasuna ez banatzea langileei, patronalak hitzarmen kolektiboak negoziatzeari uko eginez? Inoiz baino aberastasun gehiago sortzen ari den honetan lapurreta erraldoi bat egiten ari dira, denon aurrean.

3. KONTRATAZIO BERRIAK DISKRIMINATZEN DITUZUE
Kontratazio berriei baldintza okerragoak ezartzen dizkiezue, lan merkatua prekarioagoa ezarriz. Emakumeek jasaten duten diskriminazioa betikotzen ari zarete. Gazteentzat hiru alternatiba aurkezten dituzue: kanpora joatea erbesteratze ekonomikora, langabezia edo prekarietatea.

4. POBREZI HANDITZEN DUZUE
Pobrezia eta desberdintasuna handitzen ari zarete. Enplegua jadanik ez da pobreziatik ihes egiteko bermea, ezta industrian ere. Prekarietatea, gelditzeko etorri da industriara.

Horregatik, gure industriaren defentsan, propaganda gutxiago eta benetako industria politika bat egitea eskatzen dizuegu. Eta horretarako, ezinbesteko urratsa, burujabetzaren aldeko urrats eraginkorrak ematea da. Espainiako eredua ezartzen jarraitzen badugu, gure industria etorkizunik gabeko industria izango da, langileen bizi baldintzen kontura arrakasta gabe lehiatu nahiko duen industria.
 

 

 

Pobrezia eta prekarietatea zabaltzen ari dira jendartean eta ezinbestekoa da neurri eraginkorrak hartzea kalitatezko enplegua sortzeko

Hego Euskal Herrian erregistraturiko langabeziak behera egin du martxoan, baina 2016 urte amaieran baino altuagoa izaten jarraitzen du. Sortzen den enplegua oso prekarioa da; sinatzen diren kontratuen %90 baino gehiago aldi baterakoak dira eta %40 lanaldi partzialekoak.

Martxoan Hego Euskal Herrian erregistratutako langabeziak behera egin du. Datu ofizialen arabera 178.510 pertsona daude langabezian, 2016ko abenduan baino 2.292 gehiago. Hauetatik %44,17 gizonezkoak dira eta %55,83, aldiz, emakumeak.

Hala ere bilakaera desberdina izan da Nafarroan eta EAEn; Nafarroan langabezia 308 pertsonatan handitu den bitartean EAEko hazkundea 1.984koa izan da.

Urte arteko bilakaera aztertzen badugu, hau da, 2016ko martxoko datuekin alderatuz, 19.545 langabe gutxiago daude erregistraturik Hego Euskal Herrian (15.779 gutxiago EAEn eta 3.766 gutxiago Nafarroan).

Hala ere, aurreko hilabeteetan salatzen genuen moduan, aipatu beharra dago sortzen diren enpleguak oso prekarioak eta epe motzekoak direla; sinatzen diren kontratuen %90 baino gehiago aldi baterakoak dira eta %40 lanaldi partzialekoak.

Gainera, epe luzeko langabeen kopurua ere izugarria da eta horren ondorioz langabeziagatiko babes sistemak eskaintzen duen estaldura tasa oso ahula da. Gaur egun 3 langabetik 1ek baino gutxiagok jasotzen du langabezia prestazioa.

Beraz, datu hauek garbi erakusten dute pobrezia eta prekarietatea zabaltzen ari direla jendartean, landun eta langabeen artean, eta ezinbestekoa dela neurri eraginkorrak hartzea kalitatezko enplegua sortzeko.
 

 

 

Bizkaiko garraio publikoko tarifen igoera bertan behera utz dezatela eskatu dugu

0

Garraio publikoan ordezkatuta dauden sindikatu guztiok agerraldi bat egin dugu gaur Bilbon, sistema bateratu justuago bat eskatzeko. Bizkaiko Garraio Partzuergoa eta Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu diegu Bidai txartel berrietan 10 eurotik gora izandako igoera baliogabetzeko, eta garraio-sistema bateratu justuagoa, kalitatezkoa eta Bizkaia osoaren beharretara egokitutakoa exijitu dugu. Era berean, ostiralean egingo dugun elkarretaratzean parte hartzeko dei egin dugu. Protesta 11:30ean izango da, 3 linearen Zazpikaleetako geltoki berriaren aurrean (San Nikolas plaza), "Txartel bakarra bai, garraio publiko bateratu eta kalitatezkoa gehiago ordaindu barik" lelopean.

Duela hiru urte ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta USO sindikatuok bat egin genuen Bizkaian txartel bakarra izateko adierazpenean, Bizkairako tarifa-sistemak behar zituen 6 oinarriak bilduz.

Kolektibo sozial eta alderdi politikoei aurkeztu genien adierazpena, eta babes handia jaso genuen, oro har, eta txartel bakarraren eta tarifa-sistema bateratuaren alde etengabe lan egiteko konpromisoa ere bai.

Hiru urteren ondoren, Bizkaiko Garraio Partzuergoak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ezusteko desatsegina eman digute garraio-txartel sorta eta tarifa-sistema berriak sortu dituztenean garraio- alorrean ordezkatuta gauden 6 sindikatuok 2014an eskatu genizkien baldintzak eta irizpideak inola ere bete gabe.
Jarraian bi ereduen arteko aldeak azalduko ditugu, labur eta xehe, baita Vicente Reyes Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Saileko Foru Diputatuak “Bizkaia zuretzat konektatzen dugu” kanpainarekin saldu gura dizkigun gezur eta zentzugabekeriak ere ”:

-PREZIO BERA, TARIFA BERA, EDOZEIN GARRAIOBIDE ERABILTZEKO BGPk eta BFAk asmatutako sisteman metroko bidaiak saritu eta beste operatzaileetan egiten direnak zigortzen dira.

-ZENBAT ETA GEHIAGO ERABILI, HAINBAT ETA MERKEAGO. Hileko txartelen erabiltzaileak dira bidaia gehien egiten dituztenak, eta fideltasunik handiena diotenak garraio publikoari. BIDAI txartel berriekin, ordea, metroan % 30 eta Euskotrenen % 50 garestitze neurrigabea jasango dute.

-TXARTELAREN PREZIOA PERTSONEN ERRENTAREN ARABERAKOA IZATEA. Diru sarrera txikienak dituztenek garraio publikoa erabiltzea errazteko urratsak eskatzen ditugu, adinarengatik eta egoera bereziengatik soilik merkatzearen sistema gaindituz.

-ZERBITZU PUBLIKOA ETA KALITATEZKOA BERMATZEA. Herritarrei ahalik eta garraiobiderik onena bermatzeko eskatzen dugu ea, ondorioz, dauden lanpostuak ere ziurtatzea. “Metro” sistema lehenetsi eta gainerako operatzaileak baztertzen dituen eredua alboratu behar da.

-ERAKUNDE BAKARRA GARRAIO PUBLIKOAREN OPERATZAILE GUZTIAK KOORDINATZEKO. Bizkaiko Mugikortasunaren Agintaritza sortzean operatzaileak elkarren osagarri izatea sustatu behar du, bikoizteak eta elkarren arteko lehiak saihestu eta, hartara, zerbitzuaren kalitatea hobetzeko. Eragile sozialen eta erabiltzaileen iritziak eta parte-hartzeak ere lekua izan behar du erakunde horretan.

-BIZKAIA OSOA ERABILGARRIA. Bizkaiko Garraio Partzuergoak proposatzen duen gune-sistemak hiriburutik urrunen dauden udalerriak zigortzen ditu, metroaren sistema bateratutik kanpo ere utziz. Guk Bizkaia osoarentzat justuagoa izango den sistema proposatzen dugu.

Horregatik guztiarengatik, ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta USO sindikatuok Bizkaiko Garraio Partzuergoari eta Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzen diegu, batetik, bertan behera uzteko berehala BIDAI 50, 70 eta ORO txartelen tarifa-igoera neurrigabea eta, bestetik, Bizkaiko tarifa- bateratzearen sistema berriro pentsatu eta eredu berriak gure idatzi honetan eta 2014ko adierazpenean esandako irizpideak kontuan hartzeko.

Horrela baino ez dugu lortuko garraio publikoaren zerbitzua benetan hobetzea, orokorrean, erakundeen, operatzaileen, langileen eta gizartearen ikuspegietatik.

Era berean, jakinarazi nahi dizuegu hainbat eragile sozialekin hitz egiten hasiko garela Txartel Bakarraren aldeko lan egonkor eta iraunkorra egingo duen Foroa antolatzeko, aldarrikapen hori gizarteratu eta esparru ezberdinetatik eskatuko bada, gizarteak mugikortasunarekin eta garraioekin loturik dauden erabakietan parte hartzea bermatuko bada.

Azkenik, dei egin dugu hau salaketarako eta aldarrikapenerako elkarretaratzera “TXARTEL BAKARRA BAI, GARRAIO PUBLIKO BATERATU ETA KALITATEZKOA GEHIAGO ORDAINDU BARIK” lelopean ostiralean, apirilak 7, 11:30ean 3 linearen Zazpikaleetako geltoki berriaren aurrean (San Nikolas plaza).
 

 

 

SATek Jaenen lursail bat okupatu du Andrés Bódaloren askatasuna eskatzeko

0

SATeko 200 jornalari inguruk “El aguardientero” izeneko kortijoaren lursail bat okupatu dute, SAT-eko militantea den Andrés Bódaloren askatasuna exijitzeko, Jaeneko kartzelan dagoena hiru urtetako kartzela zigorra betetzen dagoena.

Konkretuki Sindicato Andaluz de Trabajadores/as-ek BBVA-rena zen lursail bat okupatu du, espekulaziorako erabiltzen zen lursaila bat, urtean mila lanpostu sortu zitzakeen lursail bat hain zuzen ere, eta gaur egunean inolako produktibitaterik ematen ari ez dena. 

Euskal Herriko LAB sindikatutik Andaluziako SAT-eko gure lagunei gure elkartasun osoa helarazi nahi diegu justizia sozialaren printzipioen gainean eraikitako Andaluzia aske baten aldeko borroka justu honetan. 

Gaurko egunean, Andaluzia bezalako nazio batean, langabezia tasa izugarri altuak dituena, eta desberdintasun sozial ikaragarriak dituena, lurraren okupazioa bezalako borroka desobedienteak ez da legitimoa bakarrik, beharrezkoa baizik. 

Lurra berau lantzen duenarentzat izan behar duela dioen leloa gurea egiten dugu, eta kasu honetan lurra lantzen dutenak Andaluziako nekazariak dira eta ez bankuak eta ez gizartearen zati handi bat langabezian dagoen bitartean lurrarekin espekulatzen dutenak. 

Bukatzen joateko, ezin dugu idatzi hau bukatu Andrés Bódaloren askatasuna exijitu gabe. Andaluziako nekazarien eta orokorrean langile klase guztiaren eskubideen aldeko borrokalari nekaezin hau, justiziaren eta Andaluziako langile klasearentzako etorkizun duin baten alde borrokatzeagatik dagoelako kartzelan.

Sindikalgintzaren aurkako errepresio gehiagorik ez! 
Andrés Bódalo Askatu!
 

 

 

Garai berrirako zuzendaritza proposamena aurkeztu du LABek

9. Biltzar Nagusiaren prozesuarekin aurrera jarraitzen du LABek. Gaurkoan, datozen 5 urteetan sindikatua gidatzeko proposatzen den zuzendaritza-lan taldea aurkeztu dugu eta Biltzar Nagusi honen harira sortu den aplikazioan proposamen alternatiboak egiteko aukera zabaldu dugu. Nazio komite berri horren egituraketan hainbat berrikuntza aurreikusten dira, guztiak, datozen urteei begira sindikatuak ponentzietan jasotzen dituen erronka eta egitasmo nagusiek eskatzen duten zuzendaritza-eredua osatzera bideratuta.

Garbiñe Aranuruk, biltzar nagusiaren prozesuaren koordinatzaile gisa , adierazi du proposatzen den “zuzendaritza berriaren ezaugarriak datozen urteetarako LABek markatu dituen erronkei lotutakoak direla”. Besteak beste ekintza sozialeko egitura sortu dugu eta arlo sozialera errekurtso gehiago bideratuko ditugu. “Eraldaketa soziala dugu helburu, euskal sozialismoa eta burujabetza prozesuaren bidez, euskal sozialismoa erdiesteko tresna den euskal estatua eraiki nahi dugu”. Horrekin batera Ekintza sindikal berria langile subjektibitate desberdinen errealitateari erantzuteko tresna izan behar dela deritzogu eta beraz lantokietan antolatzeko formula berriak sortu ditugu.

Bestalde, Euskal Herrian ditugun 3 errealitate administratiboen araberako presentzia izango da komite exekutiboan zein Nazio Komitean. Burujabetza prozesuari begira eta errealitate sozial eta ekonomikoak kontutan hartuz, instituzio desberdinen politikei edota errealitate sindikal desberdinei modu egokiagoan erantzuteko bideak aurkitzea da erabaki honen asmoa.

Barne mailan ere hainbat aldaketa nabarmendu ditu Igor Arroyok. Eraketa lantaldearen eginkizuna sindikatuaren barne bizitza eta funtzionamendua dinamizatzetik, plangintzen garapen eta inplementaziora zabalduko da. Bestalde ikasketa gabinetea sortuko da, ikasketa eta azterketa estrategikorako tresna izango da eta LABen programa eta estrategia sozioekonomikoan ekarpenak egitea izango du zeregin nagusia. Arroyoren arabera “burujabetza prozesu orok izan behar du estrategia sozieokonomiko jakin bat, LABen apustua egungo eredu ekomomiko eta soziala errotik aldatzea da eta hau klabea izango da”. Amaitzeko, berrikuntzen artean eskola feminista eta idazkaritza feministaren sorrera azpimarratu ditu Arroyok. “Eraldaketa sozialerako, eraldaketa feminista behar dugu eta beraz sindikatu paritario batetik sindikatu feminista baterako jauzi ematera goaz”. 

ZUZENDARITZA PROPOSAMENA

EXEKUTIBOA



Idazkari Nagusia
Aranburu Irazusta, Garbiñe 




Idazkari Nagusiaren Ondokoa
Arroyo Leatxe, Igor




Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko Idazkaria
Ugartemendia Apraiz, Xabier 




Zerbitzu Publikoetako Federazioko Idazkaria
Berasategi Lezana, Gorka 




Zerbitzu Pribatuetako Federazioko Idazkaria
Arangibel Reinaldos, Saul 




Industria Federazioko Idazkaria
Lopetegi Aranguren, Oihana 




Nafarroako Bokalia
Karrera Turrillo, Imanol 




Ipar Euskal Herriko Bokalia
Aramendi, Eñaut 




Antolakuntza Idazkaria
Garcia Bordagarai, Izaskun 




Eraketako Bokalia
Lizarralde Palacios, Dabid 




Zehar Lerroetako Idazkaria
Vazquez Rodriguez, Arantxa 




Komunikazio Idazkaria
Jauregi Sarasola, Maider 




Ekintza Sozialeko Idazkaria
Martxueta Perez, Bea 




Ekintza Sozialeko Lurralde Egiturako Idazkaria
Larrañaga Celada, Edurne 



IDAZKARITZAK


Idazkari Feminista
Etxeberria Glz. de Langarika, Elixabete 




Euskara Idazkaria
Aurrekoetxea Legorburu, Amaia




Prestakuntza Idazkaria
Zulueta Berastegi, Jagoba 




Nazioarteko Idazkaria
Saenz De Benito, Koldo 




Idazkaritza Juridikoko arduraduna
Muniozguren Ibarguren, Ainhize 



EKINTZA SOZIALA


Ekintza Sozialeko Idazkariaren ondokoa
Ostolozaga Arrien, Urtzi 



ERAKETA


Eraketa Arduraduna
Arozena Isasa, Olatz 




Eraketa Arduraduna
Goien Aiesa, Juantxo 



ESKUALDEKO IDAZKARIAK


Eskualdeko Idazkaria (IPAR EUSKAL HERRIA)
Aramendi, Eñaut 




Eskualdeko Idazkaria (OARSO BIDASOA)
Dorador Rubio, Maddalen 




Eskualdeko Idazkaria (DONOSTIA)
Sierra Zapirain, Galder 




Eskualdeko Idazkaria (BURUNTZA-GOIERRI)
Mendia Iztueta, Haizea 




Eskualdeko Idazkaria (KOSTA UROLA)
Aiestaran Zamarreño, Aihotz 




Eskualdeko Idazkaria (DEBALDEA)
Iparragirre, Jon 




Eskualdeko Idazkaria (DURANGALDEA)
Zilonizaurrekoetxea Uribarren, Eulate 




Eskualdeko Idazkaria (BUSTURIALDEA-LEA ARTIBAI)
Basurko Flores, Ion 




Eskualdeko Idazkaria (ESKUMALDEA)
Bilbao Barzena, Erika 




Eskualdeko Idazkaria (HEGO URIBE-ARRATIA)
Figal Arranz, Agustin 




Eskualdeko Idazkaria (BILBO)
Alvarez Martinez, Cristina 




Eskualdeko Idazkaria (EZKERRALDEA-MEATZALDEA-ENKARTERRIAK)
Eroa Bayon, Josune 




Eskualdeko Idazkaria (AIARA)
Pasandin Sanchez, Lukas




Eskualdeko Idazkaria (GASTEIZ-LAUTADA-ERRIOXA)
Kortazar Pipaon, Gotzon 




Eskualdeko Idazkaria (SAKANA-LARRAUN)
Uharte Balda, Gaizka 




Eskualdeko Idazkaria (IRUñALDEA-PIRINIOAK)
Iriart Laset, Rosa 




Eskualdeko Idazkaria (ERDIALDE-ERRIBERA)
Goldaraz Moreno, Oskar 

 

 

 

Ainhoa Etxaide : “jendartearen bultzadarekin, mobilizazio soziala suspertuz, lortuko dugu egoera aldatzea”

Euskal herritarrok ez dugu hutsik egin. Euskal Herriko eskubide sozialen kartak egindako deialdiari erantzunez Bilboko kaleak bete ditugu babes sozialerako euskal sistema duin eta kalitatezkoa exigitzeko. LABeko Idazkari Nagusi Ainhoa Etxaidek adierazi duenez, "egoera soziala larritzen ari da etengabe, eta egoera honen atzean politika jakin batzuk daudela salatzera atera gara kalera".

Babes soziala murriztea iruzur politiko bat da. "Iruzurra diogu Urkullu gezurretan ari baita aurkeztu dituzten aurrekontuak sozialak direla dioenean". Hain zuzen ere, 2009an baina diru gutxiago bideratzen da arlo sozialera guztiok dakigunean azken 8 urteetan egoerak okerrera egin duela: langabeziak gora egin du, langabezian daudenen eta prestaziorik jasotzen ez dutenen kopurua inoiz baino altuagoa da eta igo egin dira ere pobrezian egoteko arriskua eta egoera hau zuzenean bizi dutenen kopurua. "Egoerak okerrera egin duela jakinik ere arlo sozialera diru gutxiago bideratzea erabaki" dutela salatu du Etxaidek.

"Iruzurra dela diogu badaudelako bitartekoak bestelako politikak egiteko". Beraz has daitezela behingoz jendartearen beharrak erdigunean jarriz babes soziala indartuko duten politikak egiten; RGIa, gehien behar dutenek duten prestazio bakarra hobetzen eta utz dezatela bertan behera bere garaian Gema Zabaletak ezarritako murrizketa. Helburu honetara iristeko bi prioritate markatzen ditu Etxaidek "bata politika fiskala aldatzea eta bestea jendartea izatea aurrekontu horien lehentasun". Bata zein bestea borondate politikoarekin egin daitezke, baina Jaurlaritzak bestelako norabide bat hartzea erabakitzen badu "jendartearen bultzadarekin, mobilizazio soziala suspertuz, lortuko dugu egoera aldatzea".
 

 

 

Opor, lizentzia, baimen eta lanaldia murriztearen dekretua aldatzearen onarpenak baditu hobekuntza nabarmenak langileentzat

Nafarroako Administrazio Publikoetako Mahai Orokorrak gaur goizean onartu du oporrak, lizentziak, baimenak eta lanaldiaren murrizketa arautzen dituzten Foru-Dekretuak aldatu behar direla. Sartu diren aldaketek LABen aldeko botoa izan dute, lan baldintzak nabarmenki hobetzen direlako.

Oporrak, lizentziak eta baimenak arautzen duen 11/2009 Foru Dekretuari egin aldaketan, hobetu dira senideen ospitaleratzeagatik, gaixotzeagatik, edota heriotzagatik ordaintzen diren baimen egunak: egun naturalen arabera zenbatu baino, lanegunen arabera zenbatuko dira, gaixoari alta ematen zaionean hura zaintzeko aukera ere kontuan hartzen dela. Baimen ordainduak eman litezke ere, izaera publiko edo pertsonala duen halabeharrezko eginbeharra egiteko ezinbestean erabili behar den aldiaz eta familia eta lanaldia uztartzeari loturiko eginbeharrak betetzeko (senideak osagilearengana eramateko, tutoretzetan agertzeko, toki-erakundeetako gobernu organoetan parte hartzeko).

Aldatu da ere lanaldi murrizketa arautzen duen 27/2011 Foru Dekretua. Sartu diren hobekuntzen artean, lanaldiaren murrizte-motak nabarmenki handitu izana dugu, zeinak are zabalagoak izatera igaro diren. Gutxiengo iraupena aldatu da ere, eta egungo sei hilabetetik, hiru hilabetekoa izatera igaro da. Azkenik, lanaldi osotan eta hiruhileko zenbaketan pilatzeko aukera sartu da.

Aldaketok laster sartuko dira indarrean, behin, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko direnean.