2026-06-21
Blog Page 924

El Bierzoko Ospitaleko itxialdiaren desalojoa salatu dugu

0
Gaur goizean, El Bierzoko Ospitaleko Gerentziak Lanciana eta El Bierzoko Osasun Publikoaren aldeko Erabiltzaileen Asanbladatik aurrera eramaten ari zen itxialdia desalojatu egin du, polizia nazionala bertara bidalita. Itxialdian zeuden bost kideek itxialdia uztea erabaki dute, polizia nazionalaren interbentzioa ekidin aldera.

LABek argi dauka osasun publikoaren aldeko mobilizazioak bide polizialarekin amaitzea ezin dela onartu, eta El Bierzoko Ospitaleko gerentziaren erabakia arbuiatu nahi dugu irmotasunez, eta borrokan ibili diren kide eta asanbladari elkartasunik beroena helarazi. Horrela ez dute gure borroka geldituko. Animo eta aurrera.
 

 

 

Ekoizpenaren aldeko apustua eskatu du Fagor CNAko enpresa batzordeak

0

Fagor CNAko Enplegua Erregulatzeko Espedientearen negoziazio epearen bigarren bilera egin dute gaur.

Hauxe da enpresa batzordearen oharra:

Bileran jakinarazi digute langile guztiak kaleratzeko asmoarekin aurrera jarraitzen duela enpresak.

Langileen ordezkaritzak, EEEa aurkezteko argudioak ez onartzeaz gain, ekoizpenaren aldeko apustua egitea eskatu dugu, jarduera Garagartzan mantenduz.

Zuzendaritzak, balizko bazkideekin izaten ari den bilerak direla eta ezin du beste ezer aurreratu, eta ezin duela argitu zein izango den proiektu industriala. Hortaz, negoziaketa epea etetea eskatu dugu ezin dutelako argitu zein izango den aurkeztuko duten proiektu, argitu arte zer ematen duten negoziaketa horiek.
Gainera CNA Taldeko enpresen informazio ekonomikoa eskatu dugu, jakiteko zein den CNA Taldearen benetako egoera ekonomikoa. Era berean, Fagor S.Coop eta FagorCNAren artean, marka erabiltzeko kontratuaren kopia eskatu dugu.

Langileak, Basauriko lantegiaren aurrean.
 

 

 

Langile baten heriotza salatu dugu Vicinay taldeko Erandioko Cables y Alambres enpresan

Gaur asteazkena lanean zegoen langile baten heriotzaren berri izan dugu. Langilea, makina batek harrapatua izan ondoren hil da. Lehenik eta behin, gure doluminak eta babesa adierazi nahi dizkiegu hildako langilearen familiari, era berean, elkartasuna helarazi nahi diegu bere gertukoei, bere lankideei eta langil-klase osoari orohar. Heriotza honekin gutxienez 43 dira lan istripuz urte hasieran lan-istripuz hildako langileak Euskal Herrian 2017a hasi zenetik.

Argi dugu istripuak ez direla puntualak eta ez direla kasualitatez gertatzen. Arazo estruktural baten aurrean gaude, lan harremanen eredu zehatz bati erantzuten diote, eta eredu honetan, arriskuan dago langileen osasuna eta bizitza.
Prekarietateak hil egiten duela salatzen dugu, erantzuleak egon badaudela eta istripuak ekidin ahal eta behar direla. Lan istripu honek erantzule zehatzak ditu, Cables y Alambres Especiales enpresa eta Vicinay taldea.

Behin baino gehiagotan egin ditugu salaketak eta gelditu ditugu makinak enpresa honetan eta honen aurrean, enpresaren erantzuna izan da langileen ordezkariak presionatzea eta istripuak ekiditeko prebentzio neurririk ez hartzea. Enpresa honetan ez da inolako inbertsiorik egiten eta makinak guztiz zaharkituta daude.

Hamarkadetan zehar luzatu den inbertsio falta honek asko kaltetu ditu makina eta instalazioak eta ondorioz, bizitza arriskuan jarriz joan behar izan dute lanera langileek egunero eta lan-istripuak konstante bat izan dira azken urteotan zehar.
Vicinay taldeak 2015eko maiatzean erosi zuen Cables y Alambres enpresa, inoiz iritsi ez diren inbertsio batzuk aginduz.
LAB sindikatua langileek bizi zituzten lan-baldintza kaxkarrak salatzen ibili da eta honen aurrean, enpresaren erantzuna errepresioa izan da, presioa eta onartezinak diren laneko erritmoak imposatzea.

Berriz ere zero tolerantzia, kontrola eta zaintza exijitzen dizkiegu administrazioari.

Azkenik, LAB sindikatutik dei egiten dugu datozen orduotan artikula litekeen erantzunean parte hartzera eta euren lan-zentroetan lan-baldintza duinen alde borrokan egiteko deialdia egin nahi dugu, irabazi enpresarialen gainetik langileen osasunaren alde egingo duen eredu baten arren. Prekarietatea hiltzailea, erantzuleak badaude.

Cables y Alambreseko enpresa-batzordeak deituta, kontzentrazioa egingo dute bihar langileek lan-istripuz hildako lankidearen heriotza salatzeko. 12:00etan izango da, Erandioko enpresaren aurrean.
 

 

 

Igor Arroyo: “Agerian geratzen ari da demokrazia mozorro bat besterik ez dela Espainiako Gobernuarentzat”

0

LAB sindikatuaren izenean, elkartasun mezua helarazi nahi diegu Kataluniako herriari, langileei eta instituzioei, jasaten ari diren eraso basatiaren aurrean. Sindikatuko Idazkari Nagusi Ondoko Igor Arroyoren hitzetan, “agerian geratzen ari da Espainiko Gobernuarentzat, PPrentzat, Erregimenarentzat, demokrazia mozorro bat besterik ez dela. Urte hauetan guztietan, demokraziaz hitz egin dute, baina benetan elite gutxi batzuen mesedetan antolatutako kasino bat izan dugu Espainiako estatuan; herri langile desberdinen kontura bizi izan den elite baten kasinoa”.

Erasoa ematen ari da “herri bat martxan jarri denean, bestelako eredu bat eraiki nahi duenean, Errepublika bat planteatu duenean Monarkiaren aldean, herriaren hitza eta erabakia artikulatu nahi duenean, etorkizunari ateak ireki nahi dizkionean. Orduan azaldu zaigu erregimen horren benetako aurpegia”, adierazi du Arroyok.

Idazkari Nagusi Ondokoaren esanetan, “postfrankistak zirela esaten genuen, baina benetan frankistak izaten jarraitzen dute. Horregatik, momentu erabakigarri honetan, iruditzen zaigu ekiteko garaia dela, Kataluniarekin elkartasunez bai, baina erregimen hau lurperatzeko ere bai”.

Euskal Herritik elkartasuna helaraztearekin batera, LABek lanean jarraitzeko eta mobilizatzeko bere konpromisoa berretsi du, “haustura demokratikoaren alde, herriak hitza eta erabakia hartzearen alde, 78ko giltzarrapoa behin betiko hausteko bidean gure ekarpena egiteko”.

Kataluniarekin eta demokraziarekin bat

Gaur arratsalderako mobilizazioak daude deituta herri ugaritan, “Kataluniarekin bat. Demokraziarekin bat”.

LABek mobilizazioetan parte hartuko duela adierazi nahi du eta langileei hauetan parte hartzeko deia egin.
 

 

 

 

Enplegu Politika Aktiboen Planaren kontra bozkatu dugu, CEN, UGT eta CCOOen Eztabaida Sozialaren Kontseiluaren zerbitzura dagoelako

Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu berehala indargabetu dezala Eztabaida Sozialerako Nafarroako Kontseilua, eta diseinatu dezala jendarte-eragileekin, eragile politiko eta ekonomikoekin batera Enplegu Plan eraginkorra, Nafarroako errealitateari eta langileriaren interesei benetan erantzunen diena.

Servicio Navarro de Empleo – Nafar Lansarearen Gobernu Kontseiluan, gaurko egunez, 2017-2020. urteetarako Nafarroako Enplegu Planaren Politika Aktiboen agiria onartu izanaren harira, LAB sindikatuak, prentsa-ohar honen bidez, ezagutarazi nahi ditu gure sindikatuak haren aurka bozkatzeko erabili dituen arrazoiak.

1.- Eztabaida Sozialeko Nafar Kontseiluari ez. Harrezkero salatu genuenaren haritik, jendartean ezaguna dena, LAB sindikatuak salatu eta kritikatu zuen Nafarroako Gobernuaren erabakia, Eztabaida Sozialeko Kontseiluan kokatzen zuena Nafarroako Enplegu Planaren negoziazioa. Organo horren bidez, alde batetik, benetako iruzurra egin zaio langileriari, azken finean, UGT eta CCOO sindikatuen eta CEN patronalaren egiturak finantzatzeko balio izan duelako bakarrik, eta bestetik, egiazko porrota suertatu delako, sortu zenetik ez delako baliagarria suertatu langileriaren arazoak konpontzeko eta haren premiei erantzuteko, errealitateak berak erakusten duenez.

Beraz, beste behin ere Nafarroako Gobernuari aipatu Eztabaida Sozialerako Kontseiluaren indargabetzea eskatzen diogu, benetan aldaketa politiko eta sozialaren aldeko jarrera bat erakusteko eta ez, ordea, CEN, UGT eta CC.OO.k interesak asetzeko.

2.- UGTren, CC.OOren eta CENren Eztabaida Sozialak “bahitu” duen enpleguko Politika Aktiboei ez, Nafarroako Enplegu Planaren negoziazioa Eztabaida Sozialeko Kontseiluan kokatzearen ondorio delako. Honela, “Enpleguaren Kalitatea”, LABen ustez, funtsezko gaia dena (haren bidez neurri zehatzak eta eraginkorrak hartzen direlako langileriak pairatzen duen prekaritateari aurre egiteko), edukiz hustu dute (UGTk, CCOOk eta CENek eskatuta), Eztabaida Sozialerako Kontseiluan bakarrik eztabaida dadin.

3.- Europaren eta Madrilen zuzentarauen arabera egindako Enpleguko Politika Aktiboei ez. Aitzitik, langileria nafarrak Nafarroako errealitatearekin bat letorkeen enplegu eraginkorra sortzeko egiazko estrategia eraginkorraren beharra du.

Bestalde, eta aurrekoaren kontrapuntu gisa, LABek egindako ekarpenen garrantzia aipatu nahi du, azkenean, Nafarroako Gobernuak sartu egin baititu 2017-2020. urteetarako Nafarroako Enplegu Planaren Politika Aktiboen azken txostenean:

1. Laneratzea errazten du eta aukera berdintasuna bermatu. Genero berdintasuna eta baztertzearen aurkako neurriak. Jardute ildo hau funtsezkoa da, Nafarroan, kontratatzean eman den bazterketa funtsezko zutoinetako bat izan delako erregimena sostengatzeko, UGT, CCOO eta patronalaren bitartez.

2. Servicio Navarro de Empleo – Nafar Lansarearen eraldaketa, errefortzua eta modernizazioa. Atal honi dagokionez, sobera ezaguna da ere LABek gai honi ematen dion garrantzia, SNE-NLn gure parte- hartzea bera, bertan ematen den kudeaketa publikoaren garapenera baldintzatuz.

Honen harira, oso onuragarria deritzagu enpleguko zerbitzu publiko baten aldeko hautuari, horretarako, “Enplegu Zerbitzuen kudeaketa publikoa sendotzeko, haren mailakako ezartzea egiteko eta SNE-NL-ren eredu berria garatzeko behar den gardentasuna sendotzeko” Lan taldea sortzeaz gain, Nafarroako enplegu politika aktiboen kudeaketa publikoa eta gardena sustatu behar da.

Oso onuragarria deritzagu ere Nafarroako Gobernuko Sailen arteko koordinazioa eta administrazio publikoen, elkarteen, partzuergoen eta beste erakunde publikoetako moten arteko lankidetza sustatzeko bideratu diren neurriei. Onuragarria deritzagu ere, Erakunde publikoek parte hartzen duten programei esleitu aurrekontua eta bere zentro publikoetan inbertsioa handitzea.
 

 

 

Nafarroako Gobernuko langileok 1.000 milioi euro galdu ditugu soldatetan

LAB sindikatuko Isabel Artiedak eta Txomin Gonzalezek Administrazioaren langileok 2010 eta 2017 urteen artean jasan duten dirusarien galeraz eginiko ikerlana aurkeztu dute. 2009. urteaz geroztik Nafarroako Gobernuaren langileok 1.000 milioi euro galdu ditugu soldatetan. Murrizketei ekin zietenean, salbuespenezko eta aldi bateko neurriez ari zirela erran zuten, eta egoera ekonomikoa aldatuko zenean itzuliko zituztela. Gaur egun, gobernuak harropuzten dira ekonomia bide onean ari delako eta Barne Produktu Gordina %3a baino gehiago hazten ari delako. Eskatzen ari gara behin betikoz ekin dakiola gure eros ahalmenaren berreskuratzeari.

Azken urteotan eta krisialdiaren aitzakiapean, PSOE/PP-ren (UPN Nafarroan) gobernuek hainbat neurri ezarri zuten, beti ere, administrazio publikoetako langileen soldatak eta lan eskubideak murrizteko helburuan.

Bi Errege Dekretu Lege onartu izana funtsezko tresna bilakatu zen. Horietako bat, 8/2010 ED-a alegia, Zapateroren PSOEk betearazi zuen 2010eko ekainaren batean. Haren bidez, soldatak %5ean murriztu zizkiguten. Zapaterok krisialdia aitzakia gisa erabili zuen, eta aldi baterako izaeraz hornitu zuen. Zergatien azalpenean jasotzen zen: “neurri honek bere biziko garrantzia dauka pertsonal-gastuak arrazionalak eta eraginkorrak izan daitezen, baita murritz daitezen eta denok dugun xedea gauza dadin, egungo aparteko abagune ekonomikoak bere horretan iraunen duen bitartean.” Horrez gain, PSOEk Gobernua utzi zuenean, aurrekontu orokorretako Legean ezarri soldata-izoztea oparitu zigun.

Bestea, Rajoyk zuzendutako PP-ren gobernuak onartu zuen; bankaren erreskatea ordaindu ahal izateko soldata murrizteko neurriak inplementatu zituen. Honela, 2012ko uztailean, behin onartu zela 20/2012 EDL, haren bidez, abenduko aparteko ordainsari ebatsi zitzaigun, haren agintaldiak iraun zituen lau urtean soldatak izoztu zizkiguten, urteko lanaldia areagotu ziguten, plantillak berritu ahal izatea eta beste eskubide eta lan baldintzak mugatzen zitzaizkigun (LEP). Rajoyk ere murrizketak aldi batez emanen zirela zioen, eta zergatien azalpenean jasotzen zen: "neurri hauetako batzuk aldi batez emanen dira, eta ezartzekotan, ez-ohiko baldintzak aldi batera suertatuko direnean bakarrik ezarriko dira; haren indarraldia ekonomia pairatzen ari den egungo egoera zailaren menpe egonen da”.

Baina errealitatea bertzelakoa da. BPG 12 hiruhilekoz hazi ondoren, azkenak %3tik gora, itzulerak 2012. urteko aparteko ordainsarira mugatu dira, ez dira 2010. urtean ostu zuten %5era ere iritsi, ez eta soldatak KPIrekin eguneratu ere.

Nafarroan, gobernu aldaketari esker, abenduko aparteko ordainsari osoa itzuli zaigu; hala ere, beste murrizketei eusten zaie. Ez dugu ahazten administrazio publikoetako ezegonkortasuna eta behin-behinekotasuna ikaragarri handitu dela zerbitzu publikoetan hutsuneak, eraginkortasun eza eta kalitatearen galera eraginez.

Ez da neurririk bideratu ere langileek berreskura dezaten azken urteotan galduriko eros ahalmena, ez eta berma dadin soldatak KPIaren arabera egunera daitezela. Geroa Bairen egungo gobernuak, estatu mailako araudietan babestuz, ez du ontzat eman aurreko gobernuek ostu ziguten dirua itzul dakigun. Are gehiago, aldaketaren Gobernua agintzen ari dela, eros ahalmena galtzen ari gara oraindik. Ekonomia munta handiez ari gara. Alde batetik, “krisialdiko” urte hauetan kobratu ez dugun dirutza guztiaz, eta bestetik, ondoren azalduko dugun murrizketa aurreko gure soldaten beharrezko eros ahalmena berreskuratzeaz.

Kontsumorako Prezioen Indizeak erabiliz, azken zazpi urtean pilatutako galera soldata murriztapenaren %13,4koa litzateke: 2010. urtean batez besteko murrizketa %5ekoa izan zen, gehi soldata-izoztuen batura (%8,4). Argitze aldera, urteko 20.000 eurotako soldata batean, ezarri murrizketok 2.680 € urteko egiten diote kalte eros ahalmenari.

Baina antzeman, gure soldaten errenta ostu izanaren egiazko garrantzia benetan antzematen da murrizketei eta soldata izozteari ekin zitzaionetik, langile atalean erabili ez den ekonomia munta guztia zenbatzen denean, erabili dena bankuekiko zorrak eta kapitalaren beste beharrak ordaintzeko. Nafarroako kontuetako datu ofizialak erabiliz, ohartuko gara zenbat eta zenbat diru isuri den gure poltsikoetatik.

Nafarroako 2009. urteko kontuen arabera, pertsonal-gastuak 1.176,31 milioi eurotakoa izan zen. Urte hartako datuak erabiliko ditugu KPIaren eguneraketak kalkulatzeko oinarritzat, 2010. urtean jadanik hasi zirelako soldata-murrizketak eta izozteak.

Langile bakoitzaren galera urte osoko soldata bat da

Langileoi ia 1.000 milioi euro ebatsi dizkigute. Gaur egun, gure soldatak krisialdiari ekin zitzaionean baino askoz ere apalagoak dira. Adibidez: 2009. urtean 36.000 € irabazten zuenak, gaur egun, 35.000 € irabazten ditu; eta kopuru horri gehitzen badiogu KPI-a, urteotan 34.000 euro galdu ditu. Ia urte bateko soldataz ari gara!

LAB sindikatuak ez dio egungo Nafarroako Gobernuari leporatzen administrazioetako langileok pairatu izan dugun lapurreta: ez litzateke zuzena izanen. Baina, hala ere, ez da zuzena ere azken urteotan galdu dugun eros ahalmena berreskuratzeari ez ekitea.

LABek indar betez eskatuko du behin betikoz amai dadin bidegabekeria honekin; eta gure gobernariek diotenez, krisialdia iraganekoa kontua bada (krisialdia aurreko BPGa berreskuratu da), eta hazkunde ekonomikoa %3a baino handiagoak diren tasetan egonkortzen bada, ez dago aitzakiarik ebatsitakoa ez itzultzeko.

 

 

 

Armagabetzearen euskal ereduari buruz hitz egingo dute Aieten, asteazkenean

Bake prozesua indartzeko Foro Sozialak hitzaldi bat egingo du asteazkenean, Donostian, Berghof Foundation elkarteko kide Veronique Dudouet eta UPV-EHUko irakasle Aitzpea Leizaolaren eskutik. Aieteko jauregian izango da, 17:30ean.
 

 

 

Uztaritzen izandako erailketa matxista salatuko dugu gaur

Mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu du Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak. Donostian 19:00etan izango da, Bulebarrean; Bilbon 19:30ean, Arriagan; Gasteizen 20:00etan, Andra Mari Zurian; eta Iruñean, 20:00etan, udaletxean.

Emakume bat hilik aurkitu zuten asteazken gauean Uztaritzen (Lapurdi), bere etxean, Arruntza auzoan. Bortizki jipoituta agertu zen emaztearen hilotza, kolpeen ondorioz aurpegia handituta zuela; logelako ohearen gainean, biluzik, eskuak zein zangoak loturik, begiak tapaturik eta ahoan mozala zuela aurkitu zuen. 23 urte zituen, eta haurdun zegoen, zortzigarren hilabetean; fetua ere zendu egin zen. Erailketa sexista kasu berri bat da eta horregatik indarkeria sexistaren aurkako protokoloa martxan jarri du Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak. Hala, gaur mobilizazioak deitu ditu Euskal Herriko herri eta hiriburuetan.
 

 

 

Lau neurri proposatzen ditugu La Navalek etorkizuna izan dezan

0
LABek irailaren 21ko manifestaziora joateko deia egiten die langileei La Naval eta ontzigintza sektorearen defentsan. Manifestazioa ontziolatik Santurtziraino egingo da.

LAB argi posizionatzen da: ontzigintza sektore estrategikoa da Euskal Herriarentzat, Ezkerraldean sortzen duen enpleguagatik, eta batez ere, industrian bertako beste enpresekin sortzen dituen sinergiengatik.

Baina La Navalen etorkizuna bertako langile guztien etorkizuna izan behar da, eta hortaz, bigarren mailako langile moduan hartuak izaten ari diren azpikontratutako langileen etorkizuna bermatzea eskatzen dugu.

Prekarietatean eta akziodunen interes partikularrean oinarritu da La Navalen kudeaketa kaskarra. Baina etorkizuna izan dezan, jadanik egiten ez diren itsasontzi haundiak egiteko merkatura jo behar da, kudeaketa onaren bidez. Ontzi handiak egiten da punta puntakoa La Naval, eta eman den kudeaketaren ondorioz (non lehentasuna akziodunek euren beste enpresetan jarri duten), ez da ontzi haundiak egitearen aldeko apustua egin.

Eusko Jaurlaritzak akzioak erosteko asmoa duela dio. Guk ondo ikusten dugu. Baina Urkulluk azaldu beharko luke publikoki zergatik den ona La Navalen akzioen zati txiki bat erostea, eta aldiz, CEL Taldean, akzioen %40a edukita akzioak saldu zituen. Akzioen jabetza enpresen kontrol ekonomiko eta sozialerako erabili behar da, eta Eusko Jaurlaritza ez dago horretarako prest. Enpresa estrategikoetan kontrol publikoa areagotzea beharrezkoa da, baina hori ez da lortzen akzioak bakarrik izanda, konpromisoak behar dira.

La Navalek etorkizuna izan dezake, eta horretarako ondorengo neurriak proposatzen ditugu:

1. Azpikontratetako langileak interlokutore bezala aitortuak izatea eskatzen dugu instituzio eta eragileen partetik.
2. Jaurlaritzak ontzigintza sektorearen aldeko apustua zehaztea partetik Industria Plan batean.
3. Akzioen kontrol lokala eta publikoa bermatzea, Jaurlaritzaren Kapital Arriskuko Sozietate baten
bidez.
4. La Navalerako bideragarritasun plana, ontzi handien eraikuntzan, lan baldintzen bermea eta
finantzazio plan baten oinarrituta.