2026-06-19
Blog Page 919

Duela zazpi urteko langabezia mailetan dago Hego Euskal Herria

Iraila amaieran enplegu zerbitzu publikoetan erregistratutako langabeziak 1.820 pertsonetan egin zuen behera aurreko hilabetearekiko, batez ere gizonezkoetan (1.313 gizonezko eta 507 emakumezko langabetu gutxiago). Kontrara, langabeziak gora egin zuen pasa den hilabetean gazteen artean (%3,8), horrela, 25 urtetik beherako 419 langabetu gehiago dago Hego Euskal Herrian. Hegoaldean erregistratuko datuen arabera, 167.431 pertsona daude ofizialki langabezian, %57a emakumezkoa delarik. Honek, zehazki duela zazpi urte zeuden langabezia mailetara (langabezia terminoetan) eramaten gaitu.

Kontratazioari dagokionez, adierazi sinatutako kontratuen ia %93a aldi baterakoak direla. Baina prekarietatearen testuingurua osatzeko kontratuen iraupena ere begiratu behar dugu.

Zehazki, aldi baterako kontratuen erdiak hilabetetik beherako iraupena dauka, honek lan-errotazio oso intentsoaren aurrean kokatzen gaitu. Aldi baterako kontratuen beste %32 batek zehaztu gabeko edo sinatzerakoan ezaguna ez zen iraupena zuen.

Gainera, gero eta zailagoa da aldi-baterakotasunaren tranpatik ateratzea. Estatu espainola da Europar Batasun osoan, aldi baterako kontratuak finko bihurtzeko tasa baxuena duena.

Langabeziagatiko babesari dagokionez, salatu behar dugu egun Hego Euskal Herrian langabezian daudenen %30,8koak baino ez duela prestaziorin bat jasotzen, izan ordaindutakoaren araberakoa edo asistentziazkoa.

Baina langabeziagatiko estaldura tasa apalagoa da emakumeon artean: langabetuen %28,5ak langabeziagatiko prestazioren bat jasotzen du, gizonezkoak %33,7 diren bitartean.
 

 

 

Mobilizaziora deitu dugu euskal gehiengo sindikaletik, Kataluniarekin bat egiteko

0

Garbiñe Aranburu, Bilbon, hitza hartzen.

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk, euskal gehiengo sindikaleko gainontzeko ordezkariekin batera, agerraldi bat egin du gaur Bilbon. Hain zuzen ere, Katalunian bihar egingo duten greba orokorrari babesa emateko eta erreferendum egunean pairatutako indarkeria salatzeko, elkarretaratzeak eta manifestazioak egingo ditugu asteartean. "Burujabetzara eramango dituen bidea geratuko duen errepresiorik ez dago, zilegitasun osoa dute, atzoko emaitzak eta gero, indarberriturik jarraitzeko prozesu horretan", adierazi du Aranburuk. Euskal gehiengo sindikaleko ordezkariok ere Iruñean egin dugu prentsaurrekoa, Nafarroan egingo ditugun protestak iragartzeko.

Atzoko erreferenduma demokrazia kontua zen. Herriari hitza eman eta errespetatzea, hori baita demokrazia. Jakina zen Katalunia salbuespen egoeran aurkitzen zela, aurreko asteetan ere errepresioa izan baitzen Estatuaren erantzuna, baina atzokoarekin urrats bat aurrerago joan da Espainiako Gobernua.

Egoeraren larritasunak hala eskatuta, Katalunian greba orokor eguna dute bihar, eta Euskal Herrian ere mobilizatu behar dugula pentsatzen dugu, Kataluniarrei gure babesa adierazteko, demokraziaren alde eta erabakitzeko eskubidearen alde, eta estatuaren errepresio eta inposizioaren aurka, bihar langileei dei egiten diegu lantokietan mobilizatzera eta deituko diren ekimenetan parte hartzera.

Iruñeko agerraldia.

Ildo honetan, euskal gehiengo sindikalaren izenean, agerradi bana egin dugu gaur Bilbon eta Iruñean, eta biharko iragarritako mobilizazioen berri eman dugu. Hauek dira deialdiak, besteak beste:

-Bilbo: 11:00etan elkarretaratzea, udaletxe aurrean. 19:00etan manifestazioa, Plaza Eliptikatik.
-Donostia: 11:00etan elkarretaratzea, Alderdi Ederren. 19:00etan manifestazioa, Bulebarretik.
-Gasteiz: 11:00etan elkarretaratzea, udaletxe aurrean. 19:00etan manifestazioa, Andra Mari Zuriaren plazatik.
-Iruñea: 12:00etan elkarretaratzea, udaletxe aurrean. 19:00etan manifestazioa, Gaztelu plazatik.
-Laudio: 11:00.
-Amurrio: 11:00.
-Lizarra: 12:00.
-Tafalla: 12:00.
-Tutera: 12:30.
-Altsasun: 13:00.
-Bermeo: 12:00.
-Oion: 13:00-14:30 (industriaguneetako sarreran).

-Lan zentroetan: atsedenaldiak, turno aldaketak, sarrera-irteera orduak… baliatuz mobilizatzeko deia ere ere luzatzen dizuegu.

 

 

 

Azken lan heriotza salatu dugu Basaurin

Ostiralean izandako lan heriotza salatu dugu, gaur, Basaurin, Amebil enpresaren aurrean. Hain zuzen ere, enpresa horretan hil zen langilea, azpikontrata batean ari zela. Euskal gehiengo sindikalak deituta egin dugu elkarretaratzea, "Lan istripu gehiagorik ez! Prekarietatea hiltzailea". Dagoeneko, 44 langile hil dira lan istripuz aurten, Hego Euskal Herrian.
 

 

 

Garbiñe Aranburu: “Miresgarria da herritarrak Catalunyan ematen ari diren lezioa” #kataluniarekinBat

0

PP-PSOE estatu paktoaren aurrean, Euskal Herrian demokraziaren eta erabakitzeko eskubidearen aldeko herri akordio bat behar dugu


Gaur, urriak 1, egun garrantzitsua da Katalunian, milaka herritarrak bozka bidez beraien etorkizuna erabakitzen ari dira. LABentzat, berebiziko garrantzia du hitzordu honek eta ez du hutsik egin nahi izan. LABeko Idazkari Nagusi Garbiñe Aranburu buru duen ordekaritza bat han da goizean goizetik.

Kataluniako herriak masiboki erantzun du gaurko finkatutako deialdiari. Goizean goizetik, Kataluniako txoko guztietan jende andana bildu da bozkatu ahal izateko. Azken asteetako gertakariek agerian utzi zuten erreferendum hau salbuespen egoera batean burutuko zela. Aranburuk salatu du “Estatuaren aldetik demokraziari kolpe gogor bat eman zaiola, eta gaurkoan berriro ere errepresioarekin erantzuten ari dela”. Hala nola, leku ezberdinetan karga polizialak egon dira, ehundaka zauritu, eta internetekin ere arazoak egon dira bozka eskubidea zailduz. “Bide guztietatik erreferenduma oztopatu nahi dute, baina hau ez dago gelditzerik”, azpimarratu du Idazkari Nagusiak.

Bestalde, Aranburuk, herritarrek erakutsi duten “ilusioa, ausardia, determinazioa eta duintasuna” azpimarratu nahi izan ditu. “Benetan miresgarria da ematen ari diren lezioa, benetan mirestekoa da geldiezin den herri mobilizazio bat sortu delako”. Kataluniako herriak erakutsi duen indarrak agerian utzi du, oztopoak oztopo, aurrera egingo duela.

Euskal Herrian ere bada garaia gure bide propio idazten joateko. Onartezina da EAJ elkartasuna adierazten egotea eta, aldi berean, kataluniar herriaren kontrako errepresioaren erantzuleekiko jarrera argirik ez adieraztea. Jarrera honek Katalunian gertatzen ari denaren “konplize egiten ditu, errejimena egonkortzeko eragile aktibo bilakatu da”. PP, PSOE eta Ciudadanos elkarrekin ari dira Kataluniako herriaren kontra eta hemen, Euskal Herrian, EAJ PSOErekin gobernatzen ari da. EAJri gobernu ituna haustea eskatzen diogu. Bestalde, LABen iritziz, PP-PSOE estatu paktoaren aurrean, Euskal Herrian demokraziaren eta erabakitzeko eskubidearen aldeko herri akordio bat behar beharrezkoa da. Hori herri mobilizazio sendo baten bidez bultzatuko dugu, hori da aldaketara eramango gaituen bidea.
 

 

 

Azpikontratazioa, berriro, Basauriko heriotz istripuaren atzean

Gaur, langile bat hil da lanean Basauriko AMEBIL enpresan. Lehenik eta behin , LAB sindikatutik gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi dugu bere senide, lagun eta lankideei, momentu gogor hauetan. Urtea hasi denetik, gutxienez, 44 langile hil dira lan istripuz edo lan istripuen ondorioz Euskal Herrian. Araban 3, Nafarroan 10, Gipuzkoan 15 eta Bizkaian 16.

AMEBILeko istripuaren kasuan, nabarmentzekoa da azpikontra batean ari zela hildako langilea. Lan istripuak ez dira kasualitate kontua, arazoa estrukturala da, gaur egun imposatzen diguten ereduan dago arazoa. Prekarietateak hiltzen gaitu, lan baldintza kaxkarrek eta segurtasun neurri ezak, azpikontratazioa kasu honetan, eragin zuzena dute lan istripuetan: hildakoen %65 azpikontratutako langileak dira.

Istripuen zergatia ezagutzen dugu, arriskuak ekiditzeko zein neurri hartu behar diren ere ezagutzen ditugu, baina salatu behar dugu lantokietan ez dela prebentzio erreala egiten. Patronala lan istripuen erantzule da, bere irabaziak handiagotzea nahiago duelako langileen osasuna zaintzea baino, gure osasuna haien negozio bihurtu dute.

Administrazio publikoek ez ikusiarena egiten dute eta ez dute borondate politikorik egoera aldatzeko eta gaur,berriro ere, exigitzen diegu lan istripuen aurrean tolerantzia 0,kontrola eta zaintza bermatu dezatela.

Sarraski honekin bukatzeko, lan istripuak eta horren atzean dagoen prekarietatea lehen mailako arazo politiko bilakatu behar dugu, konpromiso politikoak ezinbestekoak dira.

Azkenik, dei egiten dugu langile klaseari Euskal Herriko gehiengo sindikalak astelehenean, urriaren 2an, 11:30ean, AMEBIL (Azbarren kalea , 3 – Basauri) enpresa aurrean deitu dugun elkarretaratzean parte hartzeko.
 

 

 

Murrizketen aurkako “Salaketa eguna” hezkuntza publikoan

0

Ikasturtea amaitu aurretik, LAB, ELA eta STEILAS sindikatuok EAEko unibertsitaez kanpoko hezkuntza publikoan Iraila-Abendua bitarteko plangintza aurkeztu genuen iazko ikasturteko murrizketen aurkako “Lan baldintzak hobetu, Hezkuntza eraiki” dinamikari jarraipena emanez. Plangintza horri heldu diogu jada eta gaur, irailak 29, “Salaketa eguna” burutu dugu ikastetxeetan.


 

 

 


Mobilizaziora deitu ditugu euskal langileak erreferendumaren bezperetan, Kataluniaren alde eta demokraziaren alde

0
LAB sindikatuak bere babes osoa adierazi nahi dio Kataluniako erreferendumari urriaren 1aren bezperetan, eta langileei horren alde mobilizatzeko deia luzatu nahi die, helburu horrekin lotutako ekimen ezberdinetan.

Batetik, Gure Esku Dagoren Bilboko larunbateko manifestazioan parte hartuko du Garbiñe Aranburu Idazkari Nagusia buru izango duen ordezkaritza batekin.

Bestetik, urriaren 1ean Euskal Herrian herrietan deituta dauden mobilizazioetan ere egongo da.

Azkenik, LABen ordezkaritza bat Katalunian bertan egongo da erreferendum egunean, bertako sindikatuekin batera.
 

 

 

Kontratazio proposamena aurkeztu dugu gaur Arabako Biltzar Nagusietan

Gaur, hilak 29, LABeko ordezkaritza batek Arabako Biltzar Nagusietako Enplegu Batzordean aurkeztu du sindikatuak egin duen kontratazio proposamena, enplegua duina, kalitatezkoa eta bermeekin lortzeari begira.

Lehenik eta behin, Arabako lan merkatuaren inguruan sindikatuak egin duen azterketaren berri eman dute eta horren ondorio nagusiak azpimarratu: kontratu asko sinatzen badira ere, gehien-gehienak aldi batekoak dira; iruzur handia dago kontratu mota horietan; eta enpresetan zenbait kolektibok diskriminazioa sufritzen dute, bai genero, ideologia, arraza, jatorri edota aniztasun funtzionalarengatik, baita kontratazio berrien kasuan ere.

Hori dela eta, LABek proposamen bat aurkeztu du enplegua duina, kalitatezkoa eta bermeekin lortzeko:

– Lanpostu estruturaletan kontratu mugagabeak egitea.

– Europako jurisprudientzia zuzenean aplikatzea aldi bateko kontratuetan, hau da, enpresek 20 eguneko indemnizazioa ordaintzea kontratu hauek bukatutzat ematen direnean.

– Enpresek aldi bateko kontratuen inguruko bermeak ematea enpresa-batzordeei, iruzurra ekiditeko helburuz.

– Irizpide objektiboak eta gardenak ezartzea kontratatzean eta kontratuak mugagabe bihurtzean.

– Kontratazio berriak ez diskriminatzea, lan baldintza berdinak edukitzea.

Horrekin batera, deiadi hirukoitza egin du LABek Biltzar Nagusietan:

1.- Foru Aldundiak irizpide horiek erabiltzea bere langileekiko.

2.- Foru Aldundiak edozein lan egiteko kontratatzen duen enpresei irizpide horiek exijitzea.

3.- Biltzar Nagusiek eta Foru Aldundiak Arabako enpresen, patronalaren eta jendartearen aurrean gai honetan jarrera argia erakustea: enplegu duina eta kalitatezkoa lortzearen bidean, kontratazio mugagabea bultzatu behar dela, iruzurra ekidin behar dela, bermeak eskainiz eta edozein diskriminazio ezabatu behar dela.

Biltzar talde gehienek orokorrean proposamena begi onez ikusi dutenez, LAB saiatuko da Biltzar Nagusien jarrera hori gauzatzen.

LABek hurrengo asteetan proposamen hau eramango du enpresetara, beti ere bakoitzaren errealitateari moldatuta, partekatuko du eragile sozialekin, nagusiki gazte taldeekin, eta Gasteizko Udalean aurkeztuko du urriaren 10ean. Horrekin batera, zenbait mobilizazio eta ekimen burutuko ditugu Araban enplegu duina, kalitatezkoa eta bermeekin exijitzeko.
 

 

 

Jaurlaritzak murrizketen estrategiari heltzen jarraitzen dio

EAEko Mahai Orokorraren gaurko bilera dela eta, LABek eta ELAk elkarretaratze bat egin dugu Gasteizen, Lakuan. Bileran, Eusko Jaurlaritzaren aldetik ez dugu benetako negoziazio bati ekiteko asmorik antzeman.

Gaur EAEko Mahai Orokorraren bilera egin dela eta, LABek honako irakurketa egiten du:

Batetik, Eusko Jaurlaritzaren aldetik ez dugu benetako negoziazio bati ekiteko asmorik antzematen. Gaiak itxita eta proposamenak langileon beharretatik oso urrun. Abiapuntua balitz ere, ez du akordio integraletarako borondaterik erakutsi. Oraindik orain Mahai Orokorrak ere PP eta PNVren harremanen menpe jarraitzen du.

Langileok ez dugu erosahalmena berreskuratuko. Beste hainbat erakundetan ez bezala, Jaurlaritzak ez du berreskuratze planez ezer entzun nahi. Okerrago, ekonomia ondo doala adierazten ari denean langile publikook erosahalmena gehiago galduko dugu aurten ere %1,5eko proposamena KPItik behera geldituko delako.

Itzarrirako egiten duen proposamena eskasa izateaz gain, langileon soldatak gehiago berreskuratzeko aukera dagoela frogatzen du. LABek egokiago ikusten du halako ahaleginak zuzeneko soldatetara bideratzea, beti ere arestian aipatu bezala, erosahalmena erabat berreskuratzeko konpromiso zintzo batekin.

Enpleguaren proposamenaren zenbakia propaganda hutsa da LABen iritziz. Eusko Jaurlaritzak ez dio arazoari modu orokorrean eta integralean heldu nahi. Behin-behinekotasuna eta orokorrean prekarietatea betikotzeko estrategiarekin bat egiten jarraitzen du PNVk. Marko legal eta juridikoen aitzakiei modu interesatuan heltzen dio, izan ere kasu honetan Europatik datozen sententziei ez die jaramonik egin nahi.

LABek berriro eskatzen du: erosahalmena berreskuratzeko plana; beharrezkoak diren zerbitzu publikoak kalitatez emateko beharrezkoak diren lanpostuak bermatzeko plana, behin-behinekotasunarekin eta prekaritatearekin amaituz; eta orokorrean egindako murrizketak atzera botatzea, gaixotasun osagarriak kasu; lan gaixotasun eta gaixotasun arrunten jarraipena osasun zerbitzu publikoak zuzenean kudeatzea, mutualitateen merkantilismoarekin amaitzeko bidean.