2026-09-06
Blog Page 910

Alesako langileek manifestazioa egin dute Gatikatik Mungiaraino

0

Antonio Arredondo jabearen utzikeriaren eta bere alabaren gestio ezaren aurrean, haien etorkizunaren aldeko manifestazioa egin zuten atzo Gatikatik Mungiaraino. Greban dauden azaroaren 6tik.

Esperientziadun langileak dira, enpresa 2010ean lekualdatu zen Lamiakotik Gatikara eta beraz makinaria berria daukate eta kalitatezko produktuak ekoizten dituzte.

Diru arazoa dute, ez dute lehengaia erosteko dirurik, langileek azken nominak ez dituzte kobratu eta, gainera, Arredondok inora ez daraman EEEa ezarri du enpresan. Ematen du laster lehiaketara joango direla.

Langileen aldarrikapenak argiak dira, kobratu gabeko nominak ordaintzea, EEEa kentzea eta enpresa martxan jartzeko dirua eta hartu beharreko erabakiak hartzea.
 

 

 

Ibon Iparragirre eta gaixo dauden beste presoen askatasuna eskatuko dugu bihar Bilbon

Sarek elkarretaratze bat antolatu du biharko, azaroak 23, 10:00etan, Bilbon, gobernu delegaritza aurrean. Gaixo dauden presoen egoera salatzeko mobilizazio bat da, "Berandu baino lehen, Ibon etxera" lelopean. LAB, ELA, CCOO eta ESK sindikatuok parte hartzera deitu dugu. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu bertan izango da.
 

 

 

Lan eta bizi duina ez ezik, hiri duin bat ere aldarrikatu dugu Bilbon


Bilbora iritsi da Ekimen Ibiltaria, eta larunbata arte geratuko da Bizkaiko hiriburuan. Hala, datozen egunetan egingo ditugun jardueren berri eman diegu gaur herritarrei eta, horrekin batera, prekarietatearen mapa bat banatu diegu. Hain zuzen ere, Bilbon zehar ibilibide bat egingo dugu ostiralean, azaroak 24, prekarietatearen mila aurpegi dituela erakusteko. Mapak gune prekarioenak identifikatzen ditu, eta herritarrek dagoeneko euren eskura dute.

Ekimen Ibiltariaren leloa indartu dugu Bilbon, "Lan duina, hiri duina, bizi duina" leloarekin egingo baititugu egunotako protestak, aldarriak eta jarduerak: hiri duin bat ere nahi dugulako. Izan ere, Bilboko hiri eredu berriak prekarietate eta esplotazio forma berriak sustatzen ditu; Azpikontratazioa, behin-behinekotasuna eta lan fragmentazioa, kasu.

Horrenbestez, ostiralean, 10:00etatik 13:00etara, prekarietatearen mapa eskuetan, ibilbide gidatu bat egingo dugu Bilboko errealitateak azaleratzeko eta salatzeko. Hauek izango dira geltoki nagusienak:

1.- Osasungintzan: Osasun mentalen zentroak
2.- Ostalaritzan: Dominos pizza/ fast food.
3.- Merkataritzan: Carrefour/saltoki handiak eta TTIPek-CETAk daukan eragina.
4.- Telemarketing/kiroldegietan: Azpikontratazioa.
5.- Soziokomunitarioan/arlo sozialan: Foru Aldundiak ematen dituen zerbitzuen gabeziak.
6.- Eraikuntzan: Urbanismoaren eragina- AHT
7.- Soziokomunitarioan/arlo Sozialan: Etxez etxeko laguntzako langileen egoera

Garbiketako langileek geltoki bakoitzean beraien aldarrikapenak egingo dituzte.

Bilboko sinbolo berria den Guggenheim prekarietatearen adibide garbi bat da. Horregatik, ostiraleko ibilbidearen ekitaldi nagusia bertan izango da, arratsaldean, 17:00etatik 18:00etara.

 

 

 

EAEko Administrazio Orokorreko eta bere erakunde autonomoetako langileek hiru orduko lanuztea egin dute

Oso egoera larria bizi dute EAEko Administrazio Orokorreko eta bere erakunde autonomoetako langileek (EUSTAT Lanbide, Osalan, Emakunde…). Mobilizazioaren bidea indartzea erabaki dute, Eusko Jaurlaritzaren jarrerak bultzatuta. Hau horrela izanik, LAB eta ELA sindikatuok hiru orduko lanuzte bat egin dugu gaur, baita hainbat protesta Bilbo, Donostia eta Gasteizen.

Aldarrikapen zehatzak dituzte Administrazio Orokorreko langileek:

-Negoziazio kolektiborako eskubidea berreskuratu nahi dugu, behar dugu.

-Behin behinekotasuna %6ra jeitsiko duen enpleguaren egonkortze eta kontsolidazio prozesu integral bat. Plana sindikatuokin adostua izan dadila, eremu honetako langileen egoera kontuan hartuz.

-Zerbitzuak pribatizatzeari utzi behar dio eta Mahai Orokorreko akordian jasotakoa bete behar du, behingoz.

-Lanpostu zerrendak benetako beharretara egokitu eta handitu
-Murrizturiko soldata eta eros ahalmena berreskuratu.

-Gaixotasun bajak bere osostanuean ordaindu.

-Garapen profesionalerako bideak adostu (etengabeko lekualdatze lehiaketa, barne sustapenarako aukerak…).

-Erretiroa erraztu eta laguntzeko neurriak berreskuratu (erretiro pizgarriak, Itzarrira ekarpenak, jubilazio partziala).
 

 

 

Beste industria politika bat aldarrikatu dugu Kursaalen

0

Elkarretaratze bat egin dugu gaur Kursaal kanpoaldean, Eusko Jaurlaritzaren eredua prekarietatean eta industriaren aldeko benetako apusturik ez egitean oinarritzen dela ohartarazteko. Mobilizazioa Basque Industry4.0. kongresua egiten zuten bitartean gauzatu dugu, Eusko Jaurlaritzaren industria politika eza estaltzeko propaganda ekitaldi erraldoia besterik ez dela salatzeko. Hain zuzen ere, “Zuen eredua Prekarietatea 4, Industria 0” eta “Kea saltzen ari zarete, gezurrik ez!” leloekin egin dugu protesta. 

LABeko Industria federazioko kide Zorion Ortigosak hartu du hitza, Kursaal aurrean: "Salatu nahi dugu propaganda honen guztiaren atzean dagoen industriaren benetako errealitatea oso larria dela. Arduragabekeria itzela da Eusko Jaurlaritza egiten ari dena industriaren egiturazko arazoaren aurrean".

Ortigosaren hitzetan, "ekitaldi honekin estali nahi du industriaren egiturazko desabantaila, ikerkuntza eta garapenean, berrikuntzan, maila teknologikoan. Ekitaldi honekin estali nahi du pertsonetan industriak duen desabantaila (jakintzaren galera gazteak kanpora joanda, prekarietatea). Ekitaldi honekin estali nahi du digitalizazioari, 4.0. eraldaketari herri bezala erantzuteko beharrari, industriaren eraldaketari, bereziki enpresa txiki eta ertainetan".

Hala, Eusko Jaurlaritzak "ke honekin guztiarekin" zer saldu nahi duen azaldu du Ortigosak, eta ke horren atzean General Electric, Gamesa Siemens, Arcelor Mittal, CEL, Edesa Industrial, Xey eta beste hainbat enpresetako langileak daudela jakinarazi du:

-Espainiako lan erreformaren bidez enpresa ehuna txikitzen ari dira multinazionalak, nahi dutena egin dezakete.

-Industriak egiturazko arazoak ditu, balio erantsian lehiatu beharrean kostuetan lehiatu nahi duelako, prekarietatearen bidez. Basque izena jarriko diote baina Espainiako eredua da.

-Enpresen deslokalizazioak ematen ari dira, eta erabakiguneak kanpora ateratzen ari dira, geroz eta gehiago dira kanpoko fondoen esku dauden enpresak.

-Aberastasuna ez da banatzen: inoizko irabazi handienak biltzen ari diren garaietan, lotsagarria da negoziaketa kolektiborako eskubidea industriako langile askorentzat ukatua egotea. Irabaziak eta prekarietatea gora doaz, baina inbertsioak eta aberastasunaren banaketa behera.

LABeko ordezkariaren hitzetan, "Eusko Jaurlaritzak, eztabaida publikoari bide eman gabe, gobernuak alde bakarrez hurrengo 5 urteetako industria plana onartu du. Guk uste dugu gauzak beste era batetara egin litezkeela, 10 neurri jasotzen dituen dekalogo bat proposatzen du LABek, frogatzen dutenak, bestelako industria politika bat egingarria dela. Hortaz, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu bertan behera uzteko multinazionalentzat egin duen bere industria plana, PREKARIETATEA 4, INDUSTRIA 0 plana, eta eztabaida ireki dezala eragile guztien artean"

Euskal Herriak etorkizunean izan beharreko industriaren eztabaida ematea eragile eta sindikatu guztien parte-hartzearekin beharrezkoa da, "baina ez dago horretarako borondaterik", erantsi du Ortigosak. 
 

 

 

Indarkeria matxista lan munduan ere oso presente dagoela ohartarazi dugu

Garbiketako langile bat erasotu zuen gizon baten aurkako epaiketa egin dute gaur. Emakumea bere lanpostuan zegoenean pairatu zuen erasoa. Bada, epaiketa egin bitartean, LABek elkartasuna adierazi dio langileari, eta elkarretaratze bat egin dugu epaitegien kanpoaldean, Bilbon, “Lanean indarkeria matxistari ez. Libre izan nahi dugu” leloarekin.

LAB sindikatutik, garbiketa langile batek lanean zegoen bitartean jasandako eraso matxista gogor salatu nahi dugu.

Emakume langilea atari bat garbitzen zegon bitartean, irainka hasi zitzaion gizon batek eraso egin zion. “Destorbu emakumea, ez duzu ezertarako balio!” esan zion gizonak, eta bortizki bultzatu zuen hormaren kontra, besoan lesioa eraginez. Eraso honek eragindako ondorio fisikoetatik aparte, izan dituen kalte emozionalengatik bajan egon behar izan du.

Egoera hauek guztiak alderantziz pentsaezinak badira ere, emakume langileek beraien lanpostuetan, oraindik ere, tratu txarrak pairatzen dituzte. 

Emakume langileak, eraso sexista jasan zuela ohartu zen bezain pronto, salaketa ipintzea erabaki zuen horrelako egoerak zigorgabe gera ez daitezen, eta indarkeria matxista lan munduan ere presente dagoela ikustarazteko.

LAB sindikatuak argi du eraso hauek bizi garen jendarte matxistaren ondorio zuzenak direla. Badira egoera batzuk egun pentsaezinak, imajinaezinak iruditu ditzakegunak, baina inpunitate osoz gertatzen ari direnak lanpostuetan. Errealitateok egunero gertatzen ari diren arren, ezkutuan eta ikusezin gordetzen dira, pairatzen duten emakumeak erabateko babesgabetasunean utziz. Datu ofizialek eta estatistikak egoera hauek azalarazten ez badituzte ere, gure bizitzako bestelako eremuetan bezala, indarkeria matxista lan munduan ere oso presente baitago.

Gaurkoan, botere judiziala ere salatu nahi dugu, erasoa falta arin bezala epaituko baitu. Baina zer espero dezakegu emakumeak justizia honengandik, oraindik egun eraso matxistak pairatzen ditugunean kriminalizatzen jarraitzen bagaituzte eta gu izan behar bagara erasoa gertatu dela frogatu behar duguna? Zoritxarrez, botere judiziala emakumeonganako indarkeria mantentzeko beharrezko laguntzailea jarraitzen du izaten eta libre izateko dugun eskubidea ez digu bermatzen.

Bukatzeko, egunero beraien lan postuetan emakume izateagatik indarkeria matxista pairatzen duten milaka emakumeoi gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu. Bada garaia jendarte mailako ardura hau onartu dadila eta jendarteari eta erakundeei hertsatu nahi diegu, errealitate anker honen aurrean, ezikusiarena egiteari utz diezaiotela.
 

 

 

Hitzarmenaren aurreakordio ona lortu da Perfil en Frío enpresan, langileen borrokari esker

0
Perfil en Frio-ko (Condesa taldea) langileek, urrian eta azaroan zehar eginiko sei egunetako grebari zein mobilizazio ezberdinei esker, blokeatuta zegoen negoziazioa zabaldu eta enpresa aurreakordio on bat sinatzera behartu dute.

Hiru urteko iraunaldia izanen duen akordioak KPI-ari lotutako soldata igoera eta, horrekin batera, hiru urtean zehar 20 orduko lanaldi jaitsiera ere jasotzen ditu, besteak beste. Nabarmentzekoak diren bestelako elementuak: arbitrajearen derrigortasun eza eraisketaren aurrean, malgutasunaren jaitsiera edota 6-10 kontratu mugagabe egiteko konpromisoa enpresaren aldetik. Aurreakordioa langileen gehiengo handi batek babestu du, berriki egindako batzarrean.

LAB sindikatuaren ustez, lortu den aurreakordio horrek langileen eskubideak eta lan baldintzak hein handi batean hobetzeko bidean kokatzen ditu eta, horregatik, borrokan agertutako batasunagatik goraipatu nahi ditugu. Determinazio handiz jokatu dute eta zalantzarik gabe horrek eman die zilegitasuna eta indarra aurreakordio hori lortzeko.
 

 

 

Lanuzteak egingo ditugu Gipuzkoako Posta zerbitzuko lantoki guztietan

0

Gipuzkoako Postan ordezkaritza dugun sindikatu guztiok, LAB, CCOO, ESK, UGT eta ELAK, bi orduko geldialdi partzialak egitera deitu dugu, astelehenetik ostiralera, 2017ko azaroaren 16tik 2017ko urtarrilaren 31 arte. Geldialdi hauek Gipuzkoako Postan lan egiten duten langile guztiei eragingo die, bai laboralei eta bai funtzionariei.

Geldialdi hauekin hainbat urtetan lanpostuen murrizketan ematen ari diren gehiegikeriekin bukatu nahi dugu. Izan ere, Zuzendaritza, SEPIren (Industri Partaidetzaren Elkarte Estatala) menpeko dena, murrizketa handiak ari da ezartzen enpresa publiko honetan. Lanpostu hutsek, baimenek, bajek, e.a., sortzen dituzten hutsuneak gehienetan ez dira betetzen, eta horrek eragina du bai langileen plantilan jasaten ditugun lan-kargak gehitzearekin, eta nola ez, urtetik urtera hondatzen ari den Posta zerbitzu publikoaren kalitatearekin.

Ikusten dugunez datozen hilabeteetan egoera hau okertu liteke; izan ere, e-Commercen kanpaina dela eta, paketeria asko ugarituko dela jakinarazi baitute. Gainera, gabonetako kanpaina ere gainean dugu eta urtarrilean egunak hartzeko baimenak ere pilatzen ari dira. Hori guztia kontuan hartuta, Postako langileak geldialdi hauek egiten hasi dira lanpostuak betetzeko hutsuneak dauden lantoki guztietan: Kontraturik ez dagoen tokian, geldialdiak egongo dira.

 

 

 

Zerbitzu publikoen pribatizazioa salatu dugu Bermeon

Bizkaian jarraitzen du Ekimen Ibiltariak, "Lan duina, bizi duina" aldarriarekin bueltaka. Bermeora iritsi gara gaur, eta zerbitzu publikoen pribatizazioa salatu dugu; Osakidetzan ematen diren pribatizazioak, besteak beste. Era berean, udal zaharren egoitza hizpide izan dugu, pribatua eta publikoaren arteko gatazkaren adibide, eta arazo hori langileen lan baldintzen eta herritarrek jaso beharko luketen kalitatezko zerbitzuaren kalterako dela berretsi dugu.

Dinamika ibiltaria Bilbora iritsiko da bihar, eta larunbata arte geratuko da bertan. Hain zuzen ere, aldarrikapen eta jardueraz betetako egitarau zabal bat prestatu dugu hiribururako.

Biharko aurreikusitako jarduerei dagokienez, hiriko auzoen arteko ezberdintasunek langileon bizi eta lan baldintzetan duten eragin zuzena azaleratuko dugu. Hala, goizean zehar, auzoetan material banaketa eta furgonetarekin bira egingo dugu.

Arratsaldean, berriz, 17:00etatik 19:00ak bitartean, prekarietatearen aurkako gunea egokituko dugu Errekaldeko plazan. Karpan hainbat euskarri eskuratu ahala izango dira, eta hitzartzeak ere aurreikusi ditugu: LAB Pentsionistak arloko kide Karlos Ruizek hitza hartuko du, Oskar de los Bueisek Errekaldeko eskubide sozialen aldeko dinamika aurkeztuko du eta LAB Jangelak arloko Yolanda Formosok "Jantokitik jangelara" dinamikari buruzko azalpenak eskainiko ditu.

Era berean, protestarako tartea izango da. Osasun etxean elkarretaratze bat egingo dugu.