2026-02-09
Blog Page 907

Osakidetzak egindako eskaintza ez da nahikoa enpleguari buruzko akordioa lortzeko

0

Ostiraleko mahai sektorialaren batzarrean bertan, SATSE, SME eta UGT sindikatuek aurre-akordioa sinatu zuten. LABek momentuz ez du baldintza nahikorik ikusten halako akordio batean sartzeko. Negoziazioa ez da amaitu, hasi baino ez dugu egin. Beraz, gure zentzuzko proposamenak kontuan hartzeko borondaterik balego LAB prest legoke bide hori jorratzen jarraitzeko eta akordioak eskuratzeko.

Ostiraleko mahai sektorialean martxan dagoen negoziazio prozesuari segida eman genion. Osakidetzak enpleguari buruzko akordio zirriborroa (negoziazioa osatzen duten puntuetako bat) aurkeztu zigun . Bertan 2016-2017 EPE proposamena, leku-aldatze lehiaketa, kontratazio puntu batzuk eta plantillari buruzko konpromiso batzuk agertzen dira.

LABek aurrerapausotzat hartzen du Osakidetzak egindako eskaintza, baina gure ustez, ez da nahikoa Enplegu atalaren gaineko akordioa lortzeko. Gure aburuz, beste gauza batzuen artean, hauek hobetu beharko lirateke:

-Plaza gehiago atera behar dituzte 2016-2017 EPEan, gaur egun pairatzen dugun behin-behinekotasun tasa jaisteko eta lan-baldintza prekarioak hobetzeko.

-Legegintzaldi honetako hurrengo EPEa (2018-2019) zehaztu behar dugu: zenbat plaza zein kategoriatan eta baldintza horietan egingo delako konpromiso idatzia.

-EPE ereduan aldaketak egin behar dira. Garrantzitsuenetakoa, Osakidetzaren konpromisoa EPE batetik bestera nota mantentzeko. 2011 urteaz geroztik, LABek behin eta berriro eskaera hau ipini du mahai gainean pentsatzen dugulako oso neurri inportantea dela EPEz EPE aurkeztu behar diren pertsonei oso traumatikoak diren prozesu hauek zertxobait erraztea. Lortu dugu azken dokumentuan agertzea, baina sartu duten koletillak “juridikoki posiblea bada” ez du inolako bermerik ematen. Beste aldaketa beharrezko batzuk azterketa eta ikasi beharko material motak dira; formakuntza kontuan hartuz gero kategoria guztientzako izan beharra; eta plaza ateratzen ez duten izangaien kontratazio zerrendetan zuzenean eta modu automatikoan sartzea.

-Platillari buruzko konpromisoak zehaztu behar dira denboran eta kopuruan. Hasteko, hutsune guztiak lehenengo momentutik ordezkatzea oinarrizko baldintza da. Eta horretaz aparte, plantilla estrukturala epe labur batean pertsonal finkoarekin bete behar dela.

Bestaldetik, nahiz eta gaurko puntuen artean ez den sartu, pribatizazioaren aldeko Osakidetzaren jarrera itxia salatu nahi dugu. Behin eta berriro errepikatzen dute eskualdeetako ospitaleetako sukaldeak pribatizatuak izango direla, Urdulizkoa kasu. Izan ere, hau onartzearen truke, EPErako operari eta mantenimenduko plaza gehiago ateratzea eskaini ziguten. LABek ez du halako xantaiarik onartuko. Alde batetik, plaza horiek ateratzeko aukera baldin badago, atera beharko lituzkete aitzakiarik gabe. Bestaldetik, ahaztu egiten dute sukalde pribatizatuak publikoak baino garestiagoak direla eta kalitate txarragoa eskaintzen dutela. Ez al ditugu gogoratzen Nafarroako ospitaleetako “Mediterranea de Catering” enpresak zerbitzaturiko janariaren argazkiak eta salaketak? Ez dugu ulertzen zergatik EAJk sukalde publikoen alde egiten duen Nafarroako gobernuan, eta EAEan kontrakoa, ez bada interes ekonomiko zehatzak daudelako tartean.

Ostiraleko batzarrean bertan, SATSE, SME eta UGT sindikatuek aurre-akordioa sinatu zuten. LABek momentuz ez du baldintza nahikorik ikusten halako akordio batean sartzeko. Negoziazioa ez da amaitu, hasi baino ez dugu egin. Beraz, gure zentzuzko proposamenak kontuan hartzeko borondaterik balego LAB prest legoke bide hori jorratzen jarraitzeko eta akordioak eskuratzeko.
 

 

 

Elkartasuna Euskal Herritik Sevillako LIPASAM enpresako langileekin

0


LAB sindikatutik elkartasuna adierazi nahi diegu beraien eskubideen alde borrokan diharduten Sevillako LIPASAM enpresako langileei eta Sindicato Andaluz de Trabajadores-eko (SAT) kide guztiei.

Borrokan dauden langile multzo hau Sevillako LIPASAM garbiketako enpresako kontrataziorako lan poltsatik bazterturiko langileak dira. Langile hauek bere egunean lanean berriro ere onartzeko eskubidea adostuta zeukaten baino gaur egun oraindik ere hilabete askotako borrokaren ondoren kontratazioetatik baztertuak izaten ari dira.

Hori gutxi balitz, Ekainaren 7an langile multzo hau eta beraiek babesten zeuden pertsonak udaletxean egindako itxialdiaren bukatu ondoren bilera bat egiten saiatzen ari zirenean Sevillako udaletxetik bortizki bota zituzten.

Horregatik beraien eskubideen alde egiten ari diren borroka honen aurrean gure elkartasun eta babes guztia erakutsi nahi diegu. Borroka eta antolakuntza langile klaseari inposatu nahi diguten bazterketa eta prekarietate egoera gainditzeko bide bakarra dira. Horregatik LIPASAMeko langileek beraien borroka honetan LAB bidelagun izanen dute.
 

 

 

Lantokietan askatasunez bizitzeko aldarria atera dugu kalera


 "Hazte oir" bus transfoboaren aurrean egindako protestarengatik Gobernu Delegazioaren isunak jaso ditugula salatzen dugu LAB eta E-28-J Plataformak

Langile batek eraso homofobo bat jasan zuen duela hilabete batzuk, eta, ondorioz, bajan egon zen. Ondoren, kaleratua izan zen. Gaur afera honen inguruko epaiketa egin dute Bilboko Buenos Aires kaleko epaitegietan, eta LABek elkarretaratze bat egin du epaitegien atarian, “Aniztasun sexualaren alde, eraso sexistarik ez” leloarekin, homofobiak jendartean lekurik ez duela adierazteko. Era berean, sindikatuak bat egin du biharko, Sexu Askapenerako Nazioarteko Egunerako, deitutako mobilizazioekin.

Iaz sindikatuko kide batek eraso homofoboa jasan zuen. Honen ondorioz, bajan egon zen eta ebakuntza egin eta gero, lantokira bueltatu zenean, kaleratze gutuna eman zioten. Bi aldiz errepremitua izan da. Gaur, ekainak 27, ustezko erasotzailearen aurkako epaiketa baliatuz, eta ekainaren 28aren bezpera izanda, LABek elkarretaratze hau deitu du, lantokietan horrelako egoerak egunero gertatzen direla salatzeko.

Ekintza Sozialeko idazkari ondoko Urtzi Ostolozagak hitza hartu du. eta eraso homofoboak gogor salatu ditu. "Langileok eraso homofoboen aurrean erantzuten jarraituko dugu", nabarmendu du.
 
Fobia hauek, jendarteko esparru guztietan izaten dira, sistema ezberdinen arteko indarkeria horretan oinarritzen delako. Lan mundua, jendartearen ispilu izanda, indarkeria gunea da. Gehiago esango genuke, azken urteotako lan erreformek orokorrean langile klase guztia zapaldu badute, are gehiago bazterretan gaudenak: emakumeak, gazteak, migranteak.. eta baita disidentzia sexuala ere.
 
Administrazio publikoen ardura aldarrikatzen dugu, gure borrokak merkantilizatzeari utzi eta gure eskubideak babes ditzatela exijitzen diegu.
 
Langileok horrelakoen aurrean erantzuten jarraituko dugu, sexu aniztasunaren aldeko eragileekin aliantzan eta elkarlanean. Baina gure lana hauek ekiditea da. Lan itzela dugu egiteko lantokietan, gure sexu eta genero aukerak askatasunez bizitzeko.
 
LABek langileak eta jendartea, bihar, ekainaren 28rako deituta dauden mobilizazioetara parte hartzera deitzen dugu.

Hain zuzen ere, hauek dira biharko, ekainaren 28ko Sexu Askapenerako Nazioarteko Egunerako, aurreikusita dauden mobilizazioak. LABek atxikimendua luzatu die horiei guztiei:

-Gasteizen, 20:00etan, Andra Mari Zuritik
-Donostian, 19:30ean, Bulebarretik
-Bilbon, 19:30ean, Moyua plazatik
-Iruñea, 19:00etan, geltoki zaharretik

Bestalde, uztailaren 1ean Askapen Ibilaldia izenekoa egingo dute Biarritzen, 20:00etan.

Maiatzean ere sexu aniztasunaren alde mobilizatu ginen; kasu honetan, maiatzaren 17an, Homo-, Lesbo-, Trans-, Bifobiaren kontrako egunean. Hori bai, eskubide hauek ez dira egun bakarreko kontua, gure egunerokotasuneko borroketan txertatu beharrekoa baizik.

 

 

 

Langile bat hil da Muxikan, deskarga lanetan ari zenean

Zornotzako Transportes Agirreko langile bat hil da gaur lan istripu ez traumatiko batean; kasu honetan, deskarga lanetan ari zenean Muxikan (Bizkaia). Dagoeneko 2017an Hego Euskal Herrian gutxienez 31 langile hil dituzte euren lanpostuetan edo horien ondorioz: 3 Araban, 11 Bizkaian, 12 Gipuzkoan eta 5 Nafarroan.

Gaur Zornotzako Transportes Agirreko langile bat hil da laneko istripu ez traumatiko batean; kasu honetan, deskarga lanetan ari zenean Muxikan (Bizkaia).

LABetik gure babes eta elkartasunik zintzoena erakutsi nahi diegu hildakoaren senitarteko, auzokide eta gertukoei, eta langile-klaseari orokorrean.

Dagoeneko 2017an Hego Euskal Herrian gutxienez 31 langile hil dituzte euren lanpostuetan edo horien ondorioz: 3 Araban, 11 Bizkaian, 12 Gipuzkoan eta 5 Nafarroan.

Kasu honetan, beste sektore askotan gertatzen den moduan, garraioan ere lan baldintzak gero eta prekarioagoak dira. Garraiolariek ez daukate giza nahiz lan gaixotasunen aurrean babes egokirik askotan, eta, gainera, berauek edukitako lan istripuak ez dira maiz estatistika ofizialetan kontutan edukitzen. Horrela, Administrazioek beste alde batera begiratzen dute, sektoreak bizi duen prekarietate egoeraren ezagun izan arren.

Azpimarragarria da garraiolariek jasaten dituzten lan istripuen gehiengoak (traumatikoak edo ez traumatikoak) errepideetako merkantzien garraioak urte luzez pairatzen daraman prekarietatea eta desregulazio basatia agerian uzten dituela. Gainera, garraiolarien eskubide eza ere nabaria da, izan ere, lana mantendu ahal izateko, askotan kargatzaileen presak, ezinezko ordutegiak, gehiegizko pisudun kargak, prezio baxuak, lan egun luzeak eta atseden eza jasan behar baitituzte. Beste askotan, gainera, zamaren deskarga egitera behartuak direlarik. Hauek eta honelako beste hainbat arrazoi dira lana modu seguru eta duinean egitea oztopatzen dutenak, garraiolarien bizitza arriskuan jartzeaz gain. Arazo hauek dira Administrazioak behin eta berriz ezkutatzen saiatzen direnak, beste alde batera begiratuz gehienetan, beraien nahia garraio merkea lortzea baita, edozein preziotan.

Mobilizazioa ezinbestekoa da, hurrengo egunetan ere, gaur gertatutako lan istripua eta lan baldintza kaxkarrak salatzeko. Hala, ekainaren 28an, elkarretaratze bat egingo dugu Zornotzan ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuok “Lan istripu gehiagorik ez. Prekarietatea hiltzailea” lemapean. 12:00etan izango da, Transportes Aguirre enpresaren aurrean.

 

 

Abiadura Handiko Trenak ez duela onura sozialik ekarriko berretsi dugu

0

Abiadura Handiko Trenaren etorkizuna izan dute hizpide gaur Bilbon, Euskal Herriko Unibertsitatearen udako ikastaroak direla eta. Arratsaldean, hitzaldi bati ekin diote, eta, hizlarien artean, LABeko idazkari nagusi ohi Ainhoa Etxaide egon da. Proiektua beharrezkoa ez dela ohartarazi du sindikatuko ordezkariak. 

EKOPOLek, EHUko Ekonomia Ekologiko eta Ekologia Politikorako Ikerketa taldeak, AHTri buruzko lan bat egin du, LABek eta ELAk eskatuta. “Euskal Y-a: irtenbide gabeko atakan” da txostenaren izenburua, eta azterketa honen ondorioei buruz hitz egin du Ainhoa Etxaidek arratsaldeko saioan, joan den otsaila hasieran txostenaren aurkezpen agerraldian nabarmendutako argudioei helduta.

Etxaideren hitzetan, "lehentasuna ezin da izan abiadura, onura soziala baizik", eta, zentzu honetan, azpiegiturak ez duela printzipio hori betetzen azpimarratu du, beharrezkoa ez delako.

Hain justu, AHTak ez dituela garraio arazoak konponduko esan du, eta, gainera, izugarrizko kalte ekonomiko, sozial eta ingurumenezkoak eragingo dituela; onura sozialik, berriz, ez du ekarriko.

LAB eta ELAren ekimenez osatutako azterketa Eusko Legebiltzarrean erregistratu genuen ekaina hasieran. Hala, talde politikoen eskura utzi genuen txostena. Gaur txostenaren egileetako batzuk hartu dute hitza; Roberto Bermejok eta David Hoyosek, kasu.
 

 

 

Munduko Sindikatuen Federazioak elkartasuna adierazi digu

0
Altsasun izandako polizia jazarpenagatik elkartasuna erakutsi digu Munduko Sindikatuen Federazioak (MSF). Erakunde honek "ozen" adierazi du eskubide demokratikoak eta askatasun sindikala "ez direla negoziatzen", eta LAB sindikatuari bere lana egiten utz diezaiotela eskatu du.

MSF-k ohar bat kaleratu du Altsasun gertatutakoa salatzeko. Hain zuzen ere, sindikatuko zuzendaritzako sei kidek jazarpen poliziala pairatu zutela salatu genuen joan den astean, Guardia Zibilak Altsasun jarritako kontrol batean.
 

 

 

Iraultzen 174

IRAULTZEN 174
LABen aldizkari nazionala 174. alea 2017ko uda

 

“Perikoren borroka eredugarria izan da”

Ekainaren 24an egin zioten Periko Solabarriari omenaldia, bere heriotzaren bigarren urteurrenean, bere izena daraman elkartearen eskutik. Barakaldoko Rontegi zubian izan zen ekitaldia, bere irudia eta esaldi famatuenetako bat batzen dituen horma-irudian: “Ametsik egiten uzten ez badigute, ez diegu lorik egiten utziko”.

Ekitaldia Periko Solabarria elkartearen jardueraren aurkezpenarekin abiatu zuten. Herri desberdinetan egindako aurkezpenak, “Periko gazteekin hizketan” Ernaik bere egunean argitaratutako bere biografiaren itzulpena gaztelaniara (“Periko hablando con la juventud”) edota 1997an Solabarriaren alde egin zioten aldizkariaren berrargitalpena, zeinen 2.000 ale argitaratu dituzten eta 2 eurotara salgai jarri.

“Borrokalariei hitza ematea” izan zen aurten antolatzaileek omenaldirako finkatutako helburua. Eta horrela entzun genituen Errekaleor, Ongi Etorri Errefuxiatuak, borrokan dauden zamaketariak, presoen senideak eta beste borroka batzuetako lekukotzak.

Dantzarien agurraz gozatu eta kanturako tartea egon zen, “Txoria txori”-rekin. Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak ere hitza hartu zuen omenaldian, “Zer esan berari buruz, erreferente bat izan dela. Perikoren borroka sindikatuko kideontzat eredugarria izan da, eta baita langilearentzat ere” nabarmenduz. “Periko ez zen inoiz borrokatik jubilatu, inoiz ez zen baztertuen aldeko borrokatik jubilatu, eta horrek eraman du egon den lekuetan hain maitatua izatera”.

Hitzartze eta maitasun keinu ugariak etorri ziren jarraian. Eta amaieran, “Internazionala”, “Eusko gudariak” eta “Santa Barbara”, meatzarien himnoa.
 

 

 

Astearteko istripu hilgarriaren ostean azaldu du Jaurlaritzak beroaren aurrean zer egin

Ekainaren 21ean jakin genuen bezperan lan istripua gertatu zela, eta horren ondorioz 45 urteko langile bat hil zela. Saneamiento Sukarrieta aldi baterako enpresa elkarteko langilea zen. Enpresa honi esleitu zitzaizkion URAk bultzaturiko Mundakako itsasadarreko ezkerraldean kolektora egiteko lanak, Sukarrieta eta Lamiarango hondakin uren araztegiaren arteko tartean. Bada, elkarretaratze bat egin dugu gaur LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuok, “Lan istripu gehiagorik ez. Prekarietatea hiltzailea” lemapean, Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean.

LABeko Lan Osasun arloko kide Ibon Zubielak adierazpenak egin ditu gaurko elkarretaratzean, eta istripuaren atzean azpikontratazioa berriro dagoela nabarmendu du. "Istripu hau azpikontrata batean gertatu da, eta, are larriagoa dena, administrazio publikoaren azpikontrata batean, URA Uraren Euskal Agentziaren azpikontrata batean", zehaztu du.

Lan istripuak ez direla kasualitatearen ondorio salatu du: "Lan baldintza zehatzen ondorio dira. Horren adibide da 15:30ean eguzki betean lan egitea, 35 gradutik gorako tenperaturekin. Horrela, langile bat hil egin da oraingoan, bero kolpe baten ondorioz".

Zubielaren hitzetan, "Eusko Jaurlaritzak alerta egoera ezberdinak zehaztu ditu beroarengatik, baino inongo momentutan ez du zehaztu nola egin behar den lan bero hauekin. Osalan eta Laneko ikuskaritzatik ez da ezer egin honen inguruan".

LABeko ordezkariak jakinarazi du Osalanek bere webgunean atzo jaso zuela estres termikoaren aurrean nola jokatu behar den, istripua gertatu ondoren, eta soilik gaztelaniazko bertsioan: "Horrek esan nahi du korrika eta presaka egin zutela eta itzultzera bidali, horregatik ez dago euskaraz".