2026-11-04
HomeEkintza SindikalaGasteizko kaleetara eraman dugu "Jaietan denok jai" aldarria

Gasteizko kaleetara eraman dugu “Jaietan denok jai” aldarria

"Lan duina, bizi duina" Ekimen Ibiltaria Gasteizen dago gaur, bigarren egunez. Atzoko jardueren ostean, gaur ere irten gara kalera. Hain zuzen ere, dendetatik ibili gara merkataritza sektoreko langileen lan baldintzak defendatzeko eta hauek pairatzen duten prekarietatea salatzeko.

Jai egunetan irekitzeak ez du enplegua sortzen, langileen lanaldia luzatu baino ez du egiten. Irekiera hauekin ezinezkoa da bizitza laborala familiarekin edo aisiarako denborarekin uztartzea.

Merkataritza gune handien onurako baino ez da. Merkataritza txikia kaltetu eta saltoki txikien itxieran eragiten du. Gehiegizko kontsumoa bultzatzen du. Ordutegi komertzialak jada nahiko zabalak dira erosketak egin ahal izateko.

Honengatik guztiagatik, erosleei ere egiten diegu dei jai egunetan ez erosteko, merkatari txikien itxieran eta egun hauetan lan egitera behartuak gauden langileen prekarietatean eragin zuzena baitu honek.

Hala, egoera honen berri eman dugu gaur Gasteizko kaleetan, "Lan duina, bizi duina" Ekimen Ibiltariaren harira. Gainontzeko sektoreek eta arazoek ere tartea izan dute gure jardueren artean, eta elkarretaratze bat egin dugu Posta plazan, lan duina eta bizi duina aldarrikatzeko.

Ekimen Ibiltariak astelehenean helduko dio berriro bideari, eta Araban jarraituko du beste egun batez. Hain justu, Oionen izango gara.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Navarrabiomed – Miguel Servet Fundazioko plantillak bertan behera utzi ditu greba eta mobilizazioak, Osasun Departamentuak jakinarazitako aurrerapausoak direla-eta

Joan den ostegunetik, gure hitzarmen kolektiboaren aplikazioaren inguruan Osasun Departamentutik jakinarazi zizkiguten aurrerapausoak eta albisteak ezagutu ondoren, Navarrabiomed - Miguel Servet Fundazioko langileok erabaki dugu garatzen ari ginen greba eta mobilizazioak bertan behera uztea.

Udaltzain batzuk Intxaurrondon jasotako formakuntza ikertzeko eta berriro halakorik ez dadin gertatu eskatzen dugu

Gipuzkoako hainbat udaltzaingotako agenteek Intxaurrondoko kuartel nagusian, Gipuzkoako Guardia Zibilaren Komandantziaren egoitzan, egindako prestakuntza-ikastaro batean parte hartu izana salatzen dugu.

Etxebizitzarako eskubidea bermatu dadin, hiru eraldaketa eta sei ekintza lerro proposatu ditugu

Etxebizitza langileen eta herritarren beharren arabera antolatzeko, parke publikoa ardatz duen planifikazioa egin behar da; etxebizitza politiketan eman beharreko eraldaketak kapitalaren irabazi espekulatiboen bidez ordaindu behar dira; eta, jarduera espekulatiboak debekatuz, negoziorako erabiltzen diren etxebizitzak berreskuratu behar dira.