2026-05-13
Blog Page 9

Arabako Foru Aldundiaren immobilismoak kalera irtetera behartu ditu langileak

Azken mobilizazioak eta gero, Lanuzte partzialak egiten ari dira Arabako Foru Aldundian, gehiengo sindikalak deituta (Ela, LAB, UGT). Apirilaren 15ean eta 22an eta maiatzaren 6an.

Lanuzte horien arrazoiak behin eta berriz azaldu dituzte: lanpostuak ez betetzea, lan-baldintzak hobetzea, lanbide-karrera, erosahalmena berreskuratzea, arrazionalizazio-planak eta hainbat lanposturen balorazioa berrikustea eta erretiroaren arloko hobekuntzak.

Aski da inposaketekin, bai negoziazioari eta akordioari.

Administrazioak aukerak ezarri behar ditu inork kalean lo egin beharrik izan ez dezan

Aranzadin baldintza penagarrietan bizi ziren dozenaka migratzaileren utzarazpena osatzeko, jarraipena eta laguntza egin behar da, inork kalean lo egin ez dezan bere borondatearen aurka. Nafarroan gero eta jende gehiagok bizi duen muturreko zaurgarritasun egoera dela eta, gure kezka adierazi nahi dugu.

LABetik alternatiba duinak exijitzen ditugu eta desalojoak berehalako irtenbide egokia emateko konpromisoa izatea eskatzen dugu. Utzarazteak berez kritikoa den egoera larriagotzea saihestu behar da, dozenaka pertsona erabateko ziurgabetasun egoeran uzten baititu.

Desjabetutako pertsonek ez zuten gune hori aukeratuta okupatzen, baizik eta etxebizitza duina, baliabide sozial nahikoak eta erregularizatzeko bide errealak ez izatearen azken baliabide gisa. Migratzaileen arteko etxegabetzea prebenitzeko, beharrezkoa da eskumen politiko gehiago izatea, administrazio-erregularizazioko prozesuak arinago eta egokituago kudeatu ahal izateko. Gaur egungo zurruntasunak pertsona asko egoera irregularrean uzten ditu, enplegua, etxebizitza eta babes soziala lortzea eragozten die, eta horrek bazterkeriara bultzatzen ditu.

Erakundeei erabakitzeko gaitasun handiagoa emateko autogobernuan sakontzeak aukera emango liguke eraginkorragoak izateko, epeak laburtzeko, betekizunak malgutzeko eta politika publikoak hobeto koordinatzeko, erantzun aringarrietatik eskubideak bermatzera bideratutako prebentzio-estrategietara igaroz.

Instituzioen erantzuna desalojora ez mugatzea exijitzen dugu, pertsona hauen behar espezifikoetara egokitutako bizipen alternatiba egonkorrak bermatu gabe. Saihestu egin behar da horrelako jarduerek arazoa mugiaraztea edota kroniko bihurtzea. Horregatik, iragarritako neurriak bete daitezela exijitzeaz gain, eskatzen dugu urgentziaz aplika daitezela, harrera-baliabide duin eta nahikoekin, kaltetutako pertsona guztientzako banan-banako jarraipen mekanismoak aktibatzearekin batera.

Funtsezkoa da administrazio publikoen eta gizarte-eragileen arteko koordinazio eraginkorra. Alde horretatik, gizarte-kolektiboek funtsezko zeregina dute, ez soilik zuzeneko arretarako eragile gisa, baita zaurgarritasun-egoerak ezagutzeko eta goiz hautemateko gune gisa ere. Tokian bertan duten esperientziari esker, benetako beharrak identifika ditzakete, banakako prozesu konplexuei lagun diezaiekete eta eragindako pertsonekin konfiantza-loturak sor ditzakete. Hori nekez berma daiteke erakundeen esku-hartzeen bidez soilik.

Nolanahi ere, egungo egiturak sendotzeko beharra azpimarratu nahi dugu, eta sektoreko langileei laguntza handiagoa eskaini, onargarria dena baino askoz ere handiagoa den presioa eta lan-karga jasaten ari baitira. Horretarako, baliabide nahikoak eman behar zaizkie, lankidetza-esparru egonkorrak ziurtatu behar dira eta eragiteko gaitasuna aitortu behar zaie.

Berriro diogu, etxebizitza duina eta bizi baldintza egokiak eskuratzea ez da pribilegio bat, oinarrizko eskubide bat baizik. Migrazioaren kudeaketak printzipio hauek izan behar ditu oinarri: gizatasuna, justizia soziala eta giza eskubideen errespetua.

Eredu baten porrota erakusten du elkarrizketa soziala instituzionalizatzeko Eusko Jaurlaritzaren asmoak

LGS propioaren aldeko greba orokor arrakastatsutik hilabete eskasera eta Confebaskek negoziazioari atea itxi ondoren, gehiengo sindikala alboratuko duen eredu baztertzaile bat instituzionalizateko asmoa dago Eusko Jaurlaritzak, Confebaskek, CCOOk eta UGTk atzo egindako akordioaren atzean, langileen aldeko egiturazko neurriei bizkarra emanda. 

Milaka eta milaka lagunek gutxieneko soldata propioa ezartzearen eta berau 1.500 eurotakoa izatearen aldeko greba orokorrarekin bat egin eta hilabete eskasera, eta Confebaskek negoziazioari bizkarra eman eta aste gutxira, Elkarrizketa Sozialaren Mahaian akordioa egin dute Eusko Jaurlaritzak, Confebaskek, CCOOk eta UGTk. Akordio horrek elkarrizketa sozialaren eta sindikalismo otzanaren porrota erakusten ditu, LABen ustez. 

Izan ere, helburu argi bat du atzoko argazkiak: Eusko Jaurlaritza eta Confebask zuritzea. Argazki hori merke saldu diete CCOO eta UGT sindikatuek. Horrek erakusten du, batetik, izaera autoritarioa eta esplotatzailea duen patronal baten aldeko politikak egiten jarraitzeko Jaurlaritzaren asmoa; eta, bestetik, LGS zentralizatua mantentzearen aldeko jarrerak eta negoziatzeko bere ardura betetzen ez duen Confebsakekin horrelako argazkian parte hartzeak langileei ez diela inolako onurarik ekartzen. Alderantziz; Confebask zuritzen du eta CCOO eta UGT sindikatuen ereduaren porrota agerian uzten du berriro ere. 

Interes patronalak zaintzea beste helbururik ez dutenek ordea, arazo bat dute: langileen gehiengo zabalak beraiek gustoko duten eredu sindikal otzanarekin ez duela bat egiten, eta hori ez dutela gehiengo sindikala baztertuko duen lege berri batekin konponduko.

Asmoez harago ez dago inolako neurri zehatzik, enplegua defendatu eta enplegua duintzeko. Atzoko akordioan ez dago aipamenik gutxieneko soldata propioari buruz, nahiz eta pobreziari buruzko azken datuek argi erakusten duten pobrezia eta desberdintasun sozialak areagotzen ari direla eta aberastasunaren banaketa gero eta desorekatuagoa dela. Gutxieneko soldata propioa ezinbesteko neurria litzateke egoera hori iraultzeko. 

Gainera, atzoko akordioak erabat antidemokratikoa den eredu bat egonkortzeko asmoa du. Elkarrizketa sozialaren instituzionalizazioaren atzean, eta parte hartzearen izenean, gehiengo sindikala baztertzeko asmoa dago, eta, langileen aldekoak baino patronalaren mesedetara egongo diren politikak egonkortzekoa. EAEko langileen kontrako eraso larria litzateke hori, eta Eusko Jaurlaritzaren izaera autoritarioan mugarria, sakontze bat aurretik milaka sinadura jaso dituzten herri ekimen legegileei bizkarra eman dion eredu horretan. 

Hezkuntza publikoa euskalduntzeko baliabide gehigarriak LABek erakutsitako jarrera irmoarengatik adostu eta aplikatu ditu Hezkuntza Sailak, ez bere borondatez

Azken asteetan komunikabide desberdinen bidez Hezkuntza Sailak bere egin ditu hezkuntza publikoan euskara eta euskalduntzea indartzeko hainbat neurri, hala nola, EUSLE, HIPI edo Hizkuntza proiektuen koordinatzaileak. LABek adierazi nahi du neurri horiek ez dituela Sailak bere borondatez eta aldebakarrez egin, baizik eta aurreko ikasturtean burututako greba eta mobilizazioen ondorioz sinatutako akordioan adostutakoa betez. 

LABek irakasleen lan baldintzak arautzen dituen akordioa sinatu zuen STEILAS, CCOO, UGT eta Interinok taldearekin batera, baita ikastetxeak baliabidez hornitzeko irizpideak ere. LABek adierazi du sindikatuarentzat estrategikoa izateaz gain ezinbestekoa izan zela hezkuntza kalitatea hobetuko duten baliabideak lortzea; besteak beste, euskara indartzeko, hezkidetzarako edota aniztasunari erantzuteko. Finean, herri bezala ditugun erronkei erantzuteko. 

Zentzu horretan, akordioan jasotzen diren euskara indartu eta euskalduntzerako baliabideak LABek jarri zituen mahaigainean, euskarak bizi duen egoera larriari erantzuteko, negoziazioaren erdigunean jarriz. Are gehiago, sailak baliabide horiek akordioan gehitzeko oztopoak jarri bazituen ere, azkenean, LABek izandako jarrera irmoari esker lortu ziren negoziazioaren hasieran ez zeuden eta hezkuntzaren kalitatea hobetzea duten edukiak. 

Hezkuntza sailburua den Begoña Pedrosak harrezkero hezkuntza kalitatea hobetuko duten baliabideez zein euskara indartuko duten neurriez aritu bada ere lorpenak bere eginez, oraindik orain zenbait ikastetxeetan akordioan jasotako baliabide eta neurriak aplikatzeko daudela adierazi dio sindikatuak. Eta akordioan jasotakoa bere osotasunean betetzeko exijitu dio LABek.

Bestalde, LABek gogora ekarri ditu aurreko igandean egunkari bati eskainitako elkarrizketan sailburuak adierazitakoak, izan ere, sindikatua bat dator esandakoarekin: “ikastetxeetan ikusten dugunean prozesu bat egitean hezkuntza komunitate guztiari aukera ematen ziola iritzia emateko, erabaki onak adostuak izaten dira”. Aitzitik, LABek salatu duenez, adierazitakoaren aurka, Sailak hezkuntza komunitate zein alde soziala kontutan izan gabe, gardentasun ezaz eta aldebakarrez hartzen jarraitzen ditu erabakiak.

Azkenik, Pradalesen gobernuak egiteko modu berriak aski ezagunak zaizkiola adierazi du LABek. Behin eta berriz elkarrizketetarako eta adostasunerako duen prestutasuna publikoki adierazi arren, bestelakoa da errealitatea. Izan ere, soilik langileek mobilizazioetan erakutsitako indarrari eta borrokaren ondorioz izan dira edukien gaineko benetako elkarrizketak eta adostasunak. 

LABek Hego Euskal Herriko administrazio publikoetako agintariei borondate politikoa izateko eta behin-behinekotasuna murrizteko neurriak adosteko exijitzen die

Europako Auzitegiaren sententziak argi eta garbi adierazi du Espainiako Estatuak behin-behinekotasuna murrizteko hartu dituen neurriak ez direla nahikoa.

2026ko apirilaren 14an, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak sententzia eman du Espainiako Estatuak aldi baterako kontratazio tenporalen abusuei aurre egiteko hartu beharreko neurriei buruz; zehazkiago, Espainiako Estatuak hartu dituen neurrien balorazioa egin du. Orain arteko sententziarik erabakigarriena dela esan daiteke. Erabakia EBJAri berari ez badagokio ere, indarrean dauden neurriak ez direla nahikoak baieztatu du.

Sententzia honek argi eta garbi adierazi du behin-behinekotasuna murrizteko hartu diren neurriak ez direla nahikoa izan; izan ere, kontratazio tenporalen abusua jasan duten langileei “mugagabe ez-finko” izaera aitortzea eta 20 eguneko kalte-ordaina ematea behin behinekotasun egoera iraunaraztea dela dio; eta 33 eguneko kalte-ordaina emanda ere ez du nahikotzat jotzen neurria. Hau da, prekaritate egoera luzarazten duen figura da.

Horrez gain, 20/21 Legeak ezarritako egonkortze-prozesuen ez-nahikotasuna ere azpimarratzen du; izan ere, auzitegiaren arabera, oso orokorra, abstraktua eta anbiguoa da, eta, beraz, ez da nahikoa kontratazio tenporalaren abusua saihestu eta zigortzeko. Hau da, egonkortze-prozesuak administrazioen erantzukizuna badira ere, ez dira nahikoak izan kontratazioaren gehiegikeriak gelditzeko, eta atea irekita uzten diote kontratazio tenporalaren abusuari. Gainera, sententziak dio lan egindako denbora berdin baloratzen dela langileak abusua jasan duen ala ez kontuan hartu gabe.

Egonkortze-prozesuak hasi zirenean, LABek salatu zuen Hego Euskal Herriko eta Madrilgo gobernuek agindutako behin-behinekotasuna murrizteko neurriak ez zirela nahikoak izango, eta ez zirela 20/21 Legeak ezarritako %8ra ere iritsiko. Egonkortze-prozesuak igaro diren honetan, baieztatu dezakegu hori hala dela Hego Euskal Herriko administrazio publiko gehienetan. LABek argi du borondate politiko kontua dela behin-behinekotasun-tasa jaisteko eta egiturazko enplegua sortzeko neurriak ezartzea; horren frogarik argiena EAEko hezkuntza publikoan sindikatu honek lortutako lan-hitzarmenak izan dira.

Oraingo honetan, azken urteotako sententziei jarraikiz, are argiago gelditu da Euskal Herriko langileok ezin dugula epaileen interpretazioen menpe egon, eta erabaki politiko sendoak behar ditugula, hemen bertan erabaki ahal izateko enplegu publikoari dagozkion neurriak, behin-behinekotasuna murrizteko eta egiturazko lanpostuak aitortzekoak barne. Beraz, soldata eta enpleguari lotutako neurri guztiak hemen erabaki behar ditugu: euskal administrazioek eta langileen ordezkariek adostuta, eta lege propioez babestuta.

LABek CAFeko zuzendaritzari enpresa taldean abian dauden negoziaketa kolektiboak bideratzeko exijitu dio

CAFek 2025ean berriro irabazi milioidunak izan ditu, baina horrek ez du islarik izan langileen lan baldintzetan. Horregatik, lan baldintzak hobetu eta bateratzeko eskatu dio LABek CAFeko zuzendaritzari.

CAF etengabe agertzen da hedabideetan kontratu milioidunen titular handiekin. Baina irudi horren atzean, CAF Taldeko lantoki askotako langileak ari gara gure lan-baldintzak hobetzeko borrokan, askotan baldintza prekarioetan. Eta errealitate hori ez da agertzen titular horietan.

Gaur egun negoziazio prozesu ugari daude irekita taldeko hainbat enpresatan: CAF SA (Beasain eta Irun), CAF TE (EuskoTren eta Gasteizko tranbiaren mantentze-lanak), Geminys, CAF Signalling, CAF Power… Prozesu bakoitzak bere berezitasunak ditu, baina guztiek dute komunean elementu bat: CAFeko zuzendaritzaren itxikeria negoziazio mahaiak blokeora eramaten ari dela.

Egoera honen aurrean, geratzen zaigun tresna bakarra mobilizazioa da. Horrela, EuskoTrenen eta Gasteizko tranbiaren mantentze-lanetan diharduten CAF TEko plantetan, langileak martxoaren 30etik greba mugagabean daude. Eta CAF SAko Beasain eta Irungo plantetan, aste honetan bertan hasi da 67 orduko lanuzteak jasotzen dituen mobilizazio egutegia.

CAF erreferentziazko enpresa da, industria-ikur eta motor ekonomikoa. Baina irudi hori ez da bateragarria taldeko langileen lan-baldintzak enpresak berak proiektatzen duen errealitatera egokitzeko borondate faltarekin.

CAFek 5.500 langile inguru ditu Euskal Herrian, 18 enpresatan banatuta. Talde berekoak izan arren, lan-baldintzak oso desberdinak dira enpresen artean. Adibidez: batzuek 1.732 lan-ordu egiten dituzte urtean, eta beste batzuek 1.592. Desberdintasun handiak daude, halaber, soldatetan, behin-behinekotasunean, baimenetan eta, oro har, lan-baldintza guztietan.

LABek exijitzen dio CAFeko zuzendaritzari taldeko enpresa guztietan irekita dauden negoziazio kolektiboak berriro martxan jartzea, eta langileen eskaerei erantzun positiboa ematea. Ez da onargarria CAFek 2025ean berriro irabazi milioidunak izatea; eskaera-zorroak 16.000 milioi euro gainditzea; akziodunen artean %14 gehiago banatzea… eta horrek guztiak ez izatea inolako islarik langileen lan-baldintzetan, gainera askotan prekarioak izaten jarraitzen dutenean.

Enpresa bakoitzean eskubideak irabazten jarraitu behar dugu, CAF Talde osoan lan-baldintzak bateratzeko helburuarekin.

Gure babes eta elkartasun osoa helarazi nahi diegu euren eskubideen alde mobilizazioetan ari diren langile guztiei, eta bereziki Lebario, Gasteiz eta Sopelako CAF TEko langileei, greba mugagabean jarraitzen dutenei. 

Era berean, zuzenean interpelatzen dugu CAFeko zuzendaritza, langileen eskaerei erantzun diezaien eta gatazka larrienak lehenbailehen konpon ditzan.

CAFeko Europako Enpresa Batzordea

Bestalde, CAF Taldeko Europako Enpresa Batzordea osatzeko prozesuaren berri eman nahi dugu.

CAFek 14.500 langile baino gehiago ditu gaur egun, 18 estatu europarretan banatuta. Euskal Herriak ez duen arren estatu propioa, hemen dago taldearen langile kopururik handiena: 5.500 pertsona, 18 enpresatan.

Bi urtez aritu gara negoziatzen enpresako zuzendaritzarekin eta sindikatu ezberdinekin (bertokoak, Espainiako Estatukoak eta europarrak) batzorde horren araudia. Baina zuzendaritzaren itxikeria eta CCOOen interes korporatiboak lehenesteko jarrera direla eta, ez da posible izan akordiorik lortzea. Ondorioz, apirilaren amaieran eratuko da Europako Batzordea, gutxieneko araudi legalaren arabera, eta alde guztien arteko akordiorik gabe.

Negoziazioaren oztopo nagusiak izan dira Euskal Herriko langileen ordezkaritza propioa ez onartzea eta sindikatu batzuen nahia foro profesionalizatu eta baztertzaile bat sortzeko.

Orain ordezkaritza sindikala izendatzeko fasean sartzen gara. LABek exijitzen du CAF Taldeko Europako Batzordearen osaerak errealitateari dagokion pisua bermatzea: ordezkaritzak islatu behar du Euskal Herriko plantillen benetako pisua eta hemen dagoen ordezkaritza sindikala. Ordezkaritza erreala, proportzionala eta eragiteko gaitasuna izango duena.

*LABek CAF taldeko 13 lantokitan du ordezkaritza, eta CAF taldeko lehen indar sindikala da, baiordezkari kopuruan, bai sindikatua presente dagoen lantoki kopuruan ere. Indar nagusia da ekoizpenplantetan (CAF Beasain, CAF Irun edo Trenasan), eta baita bestelako tren zerbitzuak garatzendituzten enpresetan ere (Signalling, CAF TE, Geminys, CAF TTC, CAF RDS, CAF EM edo Rail Line).Gaur hemen enpresa horietako LABeko ordezkariak bildu gara adierazpen hau egiteko. 

“Absentismoa? Zuen negozioa! Gure eskubideak defenda ditzagun”

Gaur, apirilaren 14an, LABek mobilizazio bat egin du Gasteizen “Absentismoa? Zuen negozioa! Gure eskubideak defenda ditzagun” lelopean. Mobilizazio honen bitartez, SEAk eta Arabako Foru Aldundiak abiatu duten absentismoaren inguruko kanpaina salatu nahi izan du.

Izan ere, SEAk langileon eskubideak murriztu nahi ditu absentismoaren mamuarekin, beraien negozioa, beraien etekinak handitzeko. Gaur egun, patronalaren proposamen zehatz bakarra da bajan egoteagatiko osagarriak murriztea eta herrialdeko garbiketa eta ostalaritza hitzarmenetan beste sindikatuek onartu egin dute hori. LABek gogorarazi nahi du patronalak eta Aldundiak “absentismoa” deitzen dutena eskubideak direla: lan eskubideak, osasun eskubideak, eskubide sindikalak. Horiek murriztea bilatzen dute baina LABek defendatu egingo ditu, kosta ala kosta, patronalaren eta erakundeen aurrean.

Arabako Foru Aldundiak diskurtsoa erosi dio SEAri eta haien ondoan kokatu da. Ez hori bakarrik, aurten 102.000 € eman dizkio SEAri absentismoaren mamuarekin jarraitzeko, aurrekontuetatik kanpoko partida batean eta beraien negozioa borobilduz. Iazko maiatzean plan bat aurkeztu zuten, eta orain diagnostiko bat eta estrategia berriak bultzatu nahi dituzte; non daude plan horren emaitzak? Beraz, berriro ere langileak defendatu beharrean, diru publikoa oparitzen dio patronalari langileon eskubideak murrizteko.

Aldi berean, LABek salatu nahi du Araban aurten jada 5 langile hil direla, ehunka lan istripu egon direla, patronalak prebentzio neurriak urratzen dituelako inpunitate osoz. Beraz, patronalari diru publikoa oparitu beharrean, zergatik ez dute inbertitzen prebentzio araudiaren betetze mailaren auditoria tekniko ofizial bat egiten, Nafarroan egin den bezala? 

Bukatzeko, ikusita lan istripuen aurrean Ramiro Gonzalez Ahaldun Nagusiak ez duela adierazpenik egin eta ez duela ezta kezka minimo bat helarazi ere, honakoak erreklamatzen dizkio LABek:

  • Patronala presionatzea prebentzio neurriak bete ditzan.
  • Bere eskumenen barruan eta pribatizatutako sektoreetan prebentzioa bermatzea, langileon lan osasuna zaintzeko.
  • Osakidetza indartzea, pribatizazioari buelta emanez eta osasun zerbitzu publiko eta kalitatezkoa bultzatuz, guztion osasuna hobetzeko. 

LABek UEMAren Esnatu dinamikan parte hartuko du eta euskararen egoera iraultzeko konpromisoak hartu ditu

Gaur aurkeztu du UEMAk Orion Esnatu dinamika, eta bertan izan da LAB sindikatua ere, dinamikan parte hartuko duten beste hainbat eragilerekin batera. Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorra eta Urko Aierbe Euskara idazkaria izan dira LABen ordezkariak agerraldian.

Gaur egun bezala jarraituz gero eremu euskaldunenean ere euskarak atzerantz egingo duela diote ikerketek, eta horri erantzuteko eta egoera iraultzeko arduratik sortutako ekimena da Esnatu dinamika. Eragileak ahalduntzea eta eremu euskaldunek bizirik iraun dezaten eragileen konpromisoak sustatzea da ekimenaren asmoa.

Eragileek kezka handia erakutsi dute datu soziolinguistikoek arnasguneetan erakusten duten gainbeherarekin, eta arduraz bizi dute azken ikerketek hurrengo urteotarako aurreikusten duten galera. Izan ere, argi dute arnasguneak eta lurgune euskaldunena giltzarriak dira euskararentzat, eta eremu horiek babestea eta sendotzea ezinbestekoa dela, euskararen lurralde osoan eragin dezaten eta euskararen biziberritzean motor izan daitezen. Ezinbestekoa da egoerari buelta ematea, eta kezka eta ardura horretatik sortu da Esnatu dinamika ere.

LABek hartutako konpromisoak

Jarraian dituzue dinamikaren barruan LABek hartu dituen konpromisoak:

Barne funtzionamenduari begirakoak:

Barne-bilkurak euskaraz garatzea.

● Ahozko bestelako barne-jarduerak euskaraz garatzea.

● Barne-idazkiak euskaraz idaztea.

● LABen egoitzetako errotulazio, ohar eta bestelakoak euskaraz izatea.

● LABek arnasguneetan lan egiteko kontratatuko dituen langile berriak ezinbestean euskaldunak izatea.

Kanpora begirakoak jarduerarakoak:

● Bere eguneroko jarduera sindikala euskaraz garatzea, bai idatzizkoan bai ahozkoan.

● Lan munduaren euskalduntzean eragiteko konpromisoak.

● Euskaraz lan egitea normalizatzeko eta orokortzeko, administrazioz administrazio eta enpresaz enpresa euskalduntzeari begirako neurriak aldarrikatzea; horien artean, euskara-planak sustatzea, hizkuntza-irizpideak indarrean jartzeko eskatzea eta langileak euskalduntzeko bitartekoak eta erraztasunak eskatzea.

Estaños Matienako langileen grebak Donostiara eraman du protesta

Zumaiako Estaños Matiena enpresako langileek abian duten grebaren testuinguruan, gaur elkarretaratzea egin dute Donostian, enpresaren bulegoaren aurrean, laneko osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurri eraginkorrak exijitzeko.

Langileek apirilaren 13tik 17ra bitarteko greba deitu dute, azken hilabeteetan izandako lan istripu larrien ondorioz eta enpresak egoera horri aurre egiteko erakutsi duen borondate faltaren aurrean. Gogorarazi dute, besteak beste, 2026ko urtarrilaren 31n izandako lan istripu hilgarriak agerian utzi zuela prebentzio neurriak berehala indartzeko premia.

LAB sindikatuak salatu du enpresak ez dituela beharrezko neurriak hartu langileen osasuna babesteko, eta, are gehiago, gardentasun falta, informazio ezkutatzea eta langileen ordezkarien aurkako jarrera autoritarioak izan dituela. Halaber, ohartarazi du egoera honek zuzenean arriskuan jartzen dituela langileen bizitza eta osasuna.

Gaurko mobilizazioaren bidez, langileek eta LABek dei egin diote enpresari berehala neurri eraginkorrak har ditzan laneko arriskuak ezabatzeko, prebentzioa indartzeko eta langileen eskubideak errespetatzeko.

Era berean, adierazi dute mobilizazioek jarraipena izango dutela benetako konponbideak iritsi arte, eta ez dutela onartuko langileen bizitza arriskuan jartzen duen egoerarik.

Lan osasuna eta segurtasuna ez dira negoziatzen.