2026-10-26
HomeEkintza SindikalaEredu baten porrota erakusten du elkarrizketa soziala instituzionalizatzeko Eusko Jaurlaritzaren asmoak

Eredu baten porrota erakusten du elkarrizketa soziala instituzionalizatzeko Eusko Jaurlaritzaren asmoak

LGS propioaren aldeko greba orokor arrakastatsutik hilabete eskasera eta Confebaskek negoziazioari atea itxi ondoren, gehiengo sindikala alboratuko duen eredu baztertzaile bat instituzionalizateko asmoa dago Eusko Jaurlaritzak, Confebaskek, CCOOk eta UGTk atzo egindako akordioaren atzean, langileen aldeko egiturazko neurriei bizkarra emanda. 

Milaka eta milaka lagunek gutxieneko soldata propioa ezartzearen eta berau 1.500 eurotakoa izatearen aldeko greba orokorrarekin bat egin eta hilabete eskasera, eta Confebaskek negoziazioari bizkarra eman eta aste gutxira, Elkarrizketa Sozialaren Mahaian akordioa egin dute Eusko Jaurlaritzak, Confebaskek, CCOOk eta UGTk. Akordio horrek elkarrizketa sozialaren eta sindikalismo otzanaren porrota erakusten ditu, LABen ustez. 

Izan ere, helburu argi bat du atzoko argazkiak: Eusko Jaurlaritza eta Confebask zuritzea. Argazki hori merke saldu diete CCOO eta UGT sindikatuek. Horrek erakusten du, batetik, izaera autoritarioa eta esplotatzailea duen patronal baten aldeko politikak egiten jarraitzeko Jaurlaritzaren asmoa; eta, bestetik, LGS zentralizatua mantentzearen aldeko jarrerak eta negoziatzeko bere ardura betetzen ez duen Confebsakekin horrelako argazkian parte hartzeak langileei ez diela inolako onurarik ekartzen. Alderantziz; Confebask zuritzen du eta CCOO eta UGT sindikatuen ereduaren porrota agerian uzten du berriro ere. 

Interes patronalak zaintzea beste helbururik ez dutenek ordea, arazo bat dute: langileen gehiengo zabalak beraiek gustoko duten eredu sindikal otzanarekin ez duela bat egiten, eta hori ez dutela gehiengo sindikala baztertuko duen lege berri batekin konponduko.

Asmoez harago ez dago inolako neurri zehatzik, enplegua defendatu eta enplegua duintzeko. Atzoko akordioan ez dago aipamenik gutxieneko soldata propioari buruz, nahiz eta pobreziari buruzko azken datuek argi erakusten duten pobrezia eta desberdintasun sozialak areagotzen ari direla eta aberastasunaren banaketa gero eta desorekatuagoa dela. Gutxieneko soldata propioa ezinbesteko neurria litzateke egoera hori iraultzeko. 

Gainera, atzoko akordioak erabat antidemokratikoa den eredu bat egonkortzeko asmoa du. Elkarrizketa sozialaren instituzionalizazioaren atzean, eta parte hartzearen izenean, gehiengo sindikala baztertzeko asmoa dago, eta, langileen aldekoak baino patronalaren mesedetara egongo diren politikak egonkortzekoa. EAEko langileen kontrako eraso larria litzateke hori, eta Eusko Jaurlaritzaren izaera autoritarioan mugarria, sakontze bat aurretik milaka sinadura jaso dituzten herri ekimen legegileei bizkarra eman dion eredu horretan. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Nafarroako bulegoetako hitzarmenean patronalaren blokeoa salatzen dugu

Nafarroako bulegoetako hitzarmen sektorialari 2025eko abenduaren 31an amaitu zitzaion iraunaldia. Negoziazio mahaia urte hasieran osatu zen. Geroztik hamaika izan dira patronalarekin izan ditugun bilerak, horietatik gehienak benetako aurrerapenik gabe. Uda aurretik, lau sindikatuok negoziaketan aurrera egiteko asmoz, oinarrizko puntuen proposamen bateratua helazari genion patronalari, honek konkrezioa eskatzen zigun bitartean.

Tuterako Osasun Barrutiko plantillaren egoera prekarioaz ohartarazten dugu

LAB sindikatutik berriz ere salatzen dugu Tuterako Osasun Barrutiko plantillaren narriadura. Lan publikoaren eskaintza batzuetako hautaketa-prozesuak amaitu ondoren, berriz agertzen hasi dira premiak, zailtasunak eta aspalditik datozen arazoak. Egoera ez da berria, eta errepikakorra izateaz gain, eskualdeko beste eremu eta ospitale batzuei ere eragiten die, Lizarrako Garcia Orcoyen ospitaleari, adibidez. Osasun arreta Iruñean zentralizatzeak, pizgarririk ezak eta plantillaren atxikimenduaren aldeko apusturik ez egiteak eragin kezkagarria dute eskualdeko ospitaleetan eta landa-inguruneko zerbitzuan.

Etxebizitza politika okerren eta utzikeriaren ondorioa da Gasteizko etxegabetzea

Gasteizko Udalak larrialdi egoerei aurre egiteko baliabideak eta etxebizitza parke publikoa ez zaintzeak ekarri du egoera hau.