2026-10-26
HomeEkintza SindikalaHezkuntza publikoa euskalduntzeko baliabide gehigarriak LABek erakutsitako jarrera irmoarengatik adostu eta aplikatu...

Hezkuntza publikoa euskalduntzeko baliabide gehigarriak LABek erakutsitako jarrera irmoarengatik adostu eta aplikatu ditu Hezkuntza Sailak, ez bere borondatez

Azken asteetan komunikabide desberdinen bidez Hezkuntza Sailak bere egin ditu hezkuntza publikoan euskara eta euskalduntzea indartzeko hainbat neurri, hala nola, EUSLE, HIPI edo Hizkuntza proiektuen koordinatzaileak. LABek adierazi nahi du neurri horiek ez dituela Sailak bere borondatez eta aldebakarrez egin, baizik eta aurreko ikasturtean burututako greba eta mobilizazioen ondorioz sinatutako akordioan adostutakoa betez. 

LABek irakasleen lan baldintzak arautzen dituen akordioa sinatu zuen STEILAS, CCOO, UGT eta Interinok taldearekin batera, baita ikastetxeak baliabidez hornitzeko irizpideak ere. LABek adierazi du sindikatuarentzat estrategikoa izateaz gain ezinbestekoa izan zela hezkuntza kalitatea hobetuko duten baliabideak lortzea; besteak beste, euskara indartzeko, hezkidetzarako edota aniztasunari erantzuteko. Finean, herri bezala ditugun erronkei erantzuteko. 

Zentzu horretan, akordioan jasotzen diren euskara indartu eta euskalduntzerako baliabideak LABek jarri zituen mahaigainean, euskarak bizi duen egoera larriari erantzuteko, negoziazioaren erdigunean jarriz. Are gehiago, sailak baliabide horiek akordioan gehitzeko oztopoak jarri bazituen ere, azkenean, LABek izandako jarrera irmoari esker lortu ziren negoziazioaren hasieran ez zeuden eta hezkuntzaren kalitatea hobetzea duten edukiak. 

Hezkuntza sailburua den Begoña Pedrosak harrezkero hezkuntza kalitatea hobetuko duten baliabideez zein euskara indartuko duten neurriez aritu bada ere lorpenak bere eginez, oraindik orain zenbait ikastetxeetan akordioan jasotako baliabide eta neurriak aplikatzeko daudela adierazi dio sindikatuak. Eta akordioan jasotakoa bere osotasunean betetzeko exijitu dio LABek.

Bestalde, LABek gogora ekarri ditu aurreko igandean egunkari bati eskainitako elkarrizketan sailburuak adierazitakoak, izan ere, sindikatua bat dator esandakoarekin: “ikastetxeetan ikusten dugunean prozesu bat egitean hezkuntza komunitate guztiari aukera ematen ziola iritzia emateko, erabaki onak adostuak izaten dira”. Aitzitik, LABek salatu duenez, adierazitakoaren aurka, Sailak hezkuntza komunitate zein alde soziala kontutan izan gabe, gardentasun ezaz eta aldebakarrez hartzen jarraitzen ditu erabakiak.

Azkenik, Pradalesen gobernuak egiteko modu berriak aski ezagunak zaizkiola adierazi du LABek. Behin eta berriz elkarrizketetarako eta adostasunerako duen prestutasuna publikoki adierazi arren, bestelakoa da errealitatea. Izan ere, soilik langileek mobilizazioetan erakutsitako indarrari eta borrokaren ondorioz izan dira edukien gaineko benetako elkarrizketak eta adostasunak. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek CAF gela bertan behera uzteko EHUren erabakia babesten du

Sindikatuak salatu egiten du Eusko Jaurlaritzako sailburuek, eta zehazki Perez-Iglesias sailburuak, eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak egin dituzten adierazpenak. Genozidioaren kontura negozioa egitea ez da defendagarria.

Olaberriako Arcelor Mittalen negoziazio esparru propioa errespetatzeko eskatzen diogu zuzendaritzari

Joan den ostiralean, zuzendaritzak negoziazio mahaia hautsi eta hiru egun lehenago azken proposamen gisa landurikoa mahai gainetik kendu zuen. Erabili zuten aitzakia “Olaberriaz kanpoko mahaien presioak eta esku-sartzeak" izan ziren. Dirudienez, Asturiasko lantegiren batean, sindikatuek Olaberriako balizko akordioa erakutsi dute presio neurri gisa.

Nafarroako bulegoetako hitzarmenean patronalaren blokeoa salatzen dugu

Nafarroako bulegoetako hitzarmen sektorialari 2025eko abenduaren 31an amaitu zitzaion iraunaldia. Negoziazio mahaia urte hasieran osatu zen. Geroztik hamaika izan dira patronalarekin izan ditugun bilerak, horietatik gehienak benetako aurrerapenik gabe. Uda aurretik, lau sindikatuok negoziaketan aurrera egiteko asmoz, oinarrizko puntuen proposamen bateratua helazari genion patronalari, honek konkrezioa eskatzen zigun bitartean.