2026-01-13
Blog Page 894

Kritikatu egiten dugu lehen arretako medikuei aparteko orduak aitortzeko Osakidetzako zuzendaritzak atera duen instrukzioa

0
Uste dugu Osakidetzako langileok kalitate zein eraginkortasun aldetik beharrezko diren baldintzak bermatzen dituzten lan-baldintzak exijitu behar dugula.

Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak inolako negoziazio zein informaziorik gabe uztailaren 6an indarrean jarritako 5/2017 Jarraibidearen aurrean LABek zera adierazi nahi du publikoki:

1. Osakidetzako zuzendaritza 1992ko dekretu batean oinarritzen da honako instrukzioa aurrera eramateko. Aipaturiko dekretu horretan, “produktibitate” izeneko osagarria arautzen zen, baina praktikan, osasun publikoan aparteko orduak ordaintzeko sistemaz ari gara. Honako osagarria ospitaleetako itxaron zerrendak murrizteko bidea omen zen, “peonaden” bitartez.

2. Kudeaketa sistema oso sinplea izan da historikoki: itxaron zerrendak puztu egiten dira artizifialki, goizetan prozesu asistentzialak tantaka programatuz arratsaldeko txandan askoz gehiago egin behar izateko. Alde nabarmena dago: goizeko lana soldatarekin ordaintzen da (berdin dio zenbat prozesu egiten diren), baina arratsaldez prozesuka ordaintzen da, jokoan sartzen diren fakultatiboen nominak izugarri igoz (gehien bat hauenak, baina baita beste kategoria batzuenak ere).

3. Ospitaleetan hainbeste poltsiko bete duen sistema, Lehen Arretara eraman nahi dute oraingoan, helburu bikoitzarekin. Bata, begi-bistakoa, osasun zentroetan sortzen hasiak diren itxaron zerrendak gutxitzea. Bestea, ezkutukoagoa, lanez gainezka eta desmotibaturik dauden fakultatiboak lasaitzea, dirua mahai gainean ipinita.

4. Honen ondorioz, Lehen Arretako medikuek euren 7 orduko lanaldia egin eta gero (30 paziente gutxienez), beste kontsulta batzuetan jarraitu ahal izango dute, artatzen duten paziente bakoitzeko diru kopuru bat kobratuz. Imajina dezakegu zelan luzatuko diren itxaron zerrendak lehen arretan ere, arratsaldeko aparteko orduak kobratu ahal izateko.

5. LABen iritziz, kudeaketa sistema hau ezin da osasun publikoan onartu. Diru publikoaren kudeaketan iruzurraren mugan mugitzeaz gain, ez du bermatzen osasun arreta nahikorik ezta erabiltzaileei eskaintzen zaien zerbitzuaren beharrezko baldintzarik ere. Urteak eman ditugu euskal osasun sistemarako epe labur eta ertainerako Enplegu Plana eskatzen, langile sanitario zein ez sanitarioen beharrak asetuko lituzkeena. Baina kudeatzaileen erantzuna behin-behineko neurri eskasak ezartzea baino ez da izan, askotan sistemaren beraren zorioneko “iraunkortasuna” kolokan jartzen dutena.

6. Uste dugu Osakidetzako langileok kalitate zein eraginkortasun aldetik beharrezko diren baldintzak bermatzen dituzten lan-baldintzak exijitu behar dugula; eta era berean, gaur salatzen dugunaren moduko proposamenei uko egin. Sinetsita gaude honako neurriok batzuentzat diru gehiago suposatuko dutela, baina baita denontzat arreta kalitate txikiagoa ere.
 

 

 

Lau langile hil dira istripuetan hamar egunetan

Pasa den astea beltza izan zen euskal langileontzat. Hiru langile hil ziren lan istripu ezberdinetan eta gaur. mobilizazioa egin dugu gaur gehiengo sindikalarekin Bilbon. Handik ordu gutxitara, beste langile bat hil da Aritzun (Nafarroa), 34 urtetako iruindarra, eraikuntzan ari zena, teilatu batetik erorita. Honekin 38 dira gutxienez 2017an Euskal Herrian hildako langileak, hauetariko 9 Nafarroan. Beraz dei egiten diogu langileei gure osasunaren alde eta istripuen kontra mobilizatzera.

Lehenik eta behin LAB sindikatutik gure elkartasun eta babes osoa helarazi nahi diegu langilearen senide lagun zein lankideei, momentu gogor hauetan. Honekin 38 dira gutxienez 2017an Euskal Herrian hildako langileak, hauetariko 9 Nafarroan.

Istripuak ez dira gauzatzen arrazoi puntual edo koiunturalatik. Oinarrizko arazo bat dugu, arazo estrukturala da, eredua da arazoa, langileon bizitza eta osasuna kolokan jartzen duen eredua, bizitza galtzeraino. Dei egiten diogu langileei gure osasunaren alde eta istripuen kontra mobilizatzera.

 

 

 

Lan heriotzak salatu ditugu berriro sindikatuok

Lan heriotzen aurkako elkarretaratze bat egin dugu gaur Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, joan den astean hildako hiru langileak gogoan. LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuko ordezkariok berretsi dugu prekarietatea dagoela lan istripuen atzean eta gobernuek ez dutela prebentzioan inbertsiorik egiten.
 

 

 

Hanburgon atxilotutako David askatzeko exijitu dugu

0

Hainbat eragiletako zenbait ordezkarik agerraldi bat egin dugu gaur, Dabid bilbotarra askatzeko eskatzeko. Joan den astean atxilotu zuten Hanburgon, eta agerraldian azaldu dute ez zutela G20ren kontra gertaturiko istilu edo bertan buruturiko ekimenetan atzeman, lagun kuadrilarekin afaltzen zegoenean baizik.

Hauxe da Bilbon egindako agerraldian irakurritako adierazpena:

Aski da!!! Nekaturik eta kokoteraino gaude! Lehenik eta behin, Alemaniako Gobernuari Daviden berehalako askatasuna exijitzen diogu, bere eskubideak onartuak izan daitezen eta, gurekin batera, Bilboko kaleetatik barna egotea aldarrikatzen dugularik.

Davidek 6 egun daramatza Alemaniako espetxean gatibu. Osteguneko gauerdian, 00:30ak aldera, lagun batzuekin Hanburgoko kaleetan, taberna baten kanpoaldean afaltzen zegoen bitartean, Alemaniako poliziak gatibu hartu eta egun horretatik hona beraren inguruan daukagun informazio eza salatu nahiko genuke. Azpimarratu nahiko genuke, David ez zutela Hanburgon gertaturiko istilu edo bertan buruturiko ekimenetan atxilotu, lagun kuadrilarekin afaltzen zegoenean baizik.

Davidi eta Hanburgon atxiloturiko gainontzeko kidegoari, salbuespen legedia ezarri zieten, honek dakarren guztiarekin. David gatibu hartu eta 16 ordura komisaldegitik epaile baten aurrean bistilla bat egitera eraman zuten, berarekin, konfiantzazko abokatua egotea onartu ez ziotelarik, berak bere burua Daviden abokatu bezala aurkeztu arren.

Egun hauetan zehar 200 atxiloturik gora eta 50 bat lagun erretenitu ditu bertako poliziak, horietatik egun 43 bat lagun geratzen direlarik bertako espetxean gatibu. Hauen artean kokatzen delarik David.

Egun, David eta Hanburgon atxiloturiko gainontzeko kideak ziurgabetasun eta babes juridikorik gabeko egoera kafkiano baten aurrean aurkitzen dira. Alemaniar Estatuaren gatibu izanik, babesgabetasuna da haien egoera juridikoaren adierazle nagusiena. Abokatuak astelehenen eta asteartean zehar David askatzeko prozedura desberdinak zabaldu dituen arren, prozedura horiei begirako erabakia hartzeko epaileak 15 eguneko tartea dauka, jakin badakigun arren, instrukzio epea bere nahi eta borondatearen arabera nahi beste luzatu dezakela.

Gaur da eguna non abokatuak ez dakien zer den Davidi leporatzen diotena. Astelehenean epaileari galdera pausatu arren, oraindikan ez dakigu zer leporatzeko asmoa duten. Beraz, aipatu bezala, ziurgabetaun egoera horri, balizko defentsa juridiko eraginkorra prestatzeko informaziorik ez du abokatuak.

Azkeneko bi egunetan, David espetxe batetik bestera birritan lekualdatua izan da, gaur egun ez dakigu orain dagoen espetxean mantenduko duten edo berri batera eroango. Guzti honek, abokatuak berarekin egoteko eta balizko defentsaren prestaketari begirako oztopo gisa ikusten dugu. Honekin batera, bere senideak berarekin egoteko zein espetxealdirako behar dituen oinarrizko bitartekorik gabe dago jarraitzen du espetxe aldaketak direla eta.

Errealitatea hau izanik, Daviden egoera erabat kezkagarria eta bidegabea da. David eta berarekin batera bahiturik dauden gainontzeko lagunek aukera desberdinen aurrean aurkitzen dira: bat, David egun hauetan zehar askatzea. Bi, abokatuak instantzia jarri eta 15 egun horien bueltan epaiketa burutzea. Hiru, atxiloaldiaren denbora luzatzea eta epaiketa azkarra burutzea eta, azkenik, epaiketa burutu ostean espetxe zigorra ezartzea.

Bilbotik, lehenik eta behin, Alemaniak salbuespen legedia indarrean ezartzearen ondorioz, poliziaren inpunitate eta harturiko jokabide oldarkor errepresibo hori ozen salatu nahi dugu. Poliziaren inpunitatea eta Hanburgon burutu diren manifestazio desberdinen aurreko jokabidea desproportzionala eta lekuz kanpokoak, Alemanian batu diren munduko boteretsuak babesteko neurri zorta desproportzionala dela deritzogu. Bestetik, gure babes politiko eta elkartasun internazionalista bai Davidi zein berarekin batera gatibu dauden kideontzako.

Hanburgon batu ziren lagun desberdinek, oligarkia finantziero eta merkatuen diktadura sustengatzen duten munduko potentzia ekonomiko diren herrialdeen jokabide salatu eta egun mundu mailan zabalduriko oldarraldi neoliberala indargabetu eta heri zein langile klasearen aurka behin ta berriz harturiko erabaki politikoen aurkako ahotsa bisibilizatu nahi zuten.

Milaka gara, bizi gaituen eta gure bizitzak miseria eta esklabotzara kondenatzen gaituen sistema neoliberal heteropatriarkal honen aurka egunez egun, munduko txoko desberdinetatik militantziaren konpromezua hartu dugunok. Hanburgokoa, herri herriz artikulatzen diharduen mugimenduaren prasmazio praktiko bat besterik izan ez zelarik.

Bukatzeko, argi dugu, demokraziaren izenean ezkutatzen diren erabaki politiko neoliberalei aurre egin eta mundu berri baten eraikuntzarako zilegitasun osoa edukitzeaz gain ezinbestekoa dela, egunez egun hortsak estutu eta ukabila tinko itxirik borrokari ekitea. Hilik nahi gaituztenen aurrean, tinko eta borrokarako determinazioz erantzungo diegu!

 

 

 

Enpresak etorkizuna duela adierazi dute XEYko langileek

0

Muebles Xeyko enpresa batzordeak agerraldi bat egin du gaur Zumaian, lantegiaren sarreran, enpresaren likidazio faseari buruzko bere irakurketa helarazi eta hemendik aurrerako ekimenen berri emateko. "140 langile kalean nahi gaituzte", salatu dute.

Hauxe da enpresa batzordeak gaur kaleratu duen adierazpena:

Urte asko sufritzen igaro ostean, inork nahi ez baina susmatzen hasiak ginen berri txarra iritsi zaigu. XEYko Zuzendaritzak enpresa likidaziora darama. Itxi egin nahi dute XEY enpresa. 140 langile kalean nahi gaituzte.

Azken agerralditik hona, enpresak ez du bere jarrera zirkinik ere aldatu. Inbertsore bila ari omen ziren, proiektuan sakonduko zuen diru bila eta ez omen dute lortu. Eta orain, komeriak.

Urteak joan eta urteak etorri, Zuzendaritza ez da bideragarritasun plan egonkor bat aurkezteko gai izan. Ez dute nahi izan.

Ez dugu XEYren etorkizuna bermatu nahi izan denaren zantzurik ikusi.

Kobratu gabe lanera etorriaz ere ibiliak gara, gure etorkizunaren mesedetan ari ginelakoan, baina trukean desinformazioa eta bereari soilik begira ari zen Zuzendaritza itxi batekin aurkitu gara.

Bai zuzendaritza, eta bere taldetxoa osatzen duten akzionista ezberdinen txontxongilo izan garenaren sentsazioak gailetzen gaitu, Vitoriano Susperregi, Juan Fano, Eusko Jaurlaritza… izan dira azken urteotan proiektuan inbertitu asmoz etorri izan den jente bati ezezkoa eman izan diotenak, eta orain aldiz, arrazoi horrek omen garamatza likidaziora. Azken bost urteotan XEYen eraman duten gestio eta politika eskasak alegia.

Azpimarratzekoa da Eusko Jaurlartizak guzti honetan jokatzen duen papera. Instituzio gisara alde batetik eta bestalde, enpresaren herenaren jabe den aldetik, ezin dugu ulertu proiektu honekiko bere aktibo nagusi garen langileokiko eta diru publikoarekiko jarratu duten papera zein izan den. Diru publikoa txeke zuria bailitzan erabiltzen duen organismo baten aurrena gaudela dirudi eta ezin dugu onartu. Ez dugu ulertzen jarriepn minimorik gabeko inbertsiorik, eta are gutxiago konpromiso eta berme sozialik gabeko apostu industrialik. Esku pribatuak itsu-itsuan babesten dituen eta alde soziala bigarren plano batean izkutatzen duten politikez nazkatuta gaude!

Ate asko jo dugu orain arte, Gipuzkoako Foru Aldundia, Zumaiako Udala… eta inoiz baino gehiago horrela jarraituko dutu gure aldarrikapenekin eta etorkizunari begirako lanerako prest.

XEYko langileok honakoa aldarrikatu nahi dugu:

-XEYn eta bere merkatuan sinisten dugu eta etorkizuna duela uste dugu.

-Batzuen gestio eskasak hiltzera kondenatu nahi duen aurren, bideragarria dela uste dugu eta horren defentsan aritu gara eta arituko gara beti.

-XEYrentzat proiektu baten bilaketan murgilduko gara eta horretarako, erronkaren aurrean, instituzioen inplikazioa exijitu nahi dugu. Alternatibak badirela uste dugulako!

-XEY bezalako enpresa batek bizi behar duela uste dugu. Langileok, Zumaiako herriak eta eskualde zein herrialdeak behar dutela uste dugu.

-Erantzukizunak eta errudunak daude egoera honen atzean, Eusko Jaurlaritzari dagokio aduragabekeriaz lan eta ihes egin dutenei erantzukizunak eskatu eta salatzea.

Amaitzeko, ezin azpimarratu gabe utzi, Euskal Industria Sarean gertatzen ari den deskapitalizazio prozesu beldurgarri honen aurrean, Eusko Jaurlaritzari gutxi batzuen interesak defendatzeari utzi eta ematen ari den injustizia honen aurrean lanean jar dadila eskatzen diogu!

Besterik gabe, datorren astean egoera hau salatzeko Zumaian burutuko dugun manifestaziora dei egiten dugu.

Eskerrik asko zuen babesa adierazten diguzuen guztioi, guk ez dugu etsiko!
 

 

 

Mobilizazioa egin dugu Azken Ikutun, langileei egiten ari zaien lapurreta salatzeko

LABek Lea Artibain kimikako sektorean gertatzen ari diren irregulartasunen salaketa publikoa egin du gaur. Hain zuzen ere, Berriatuakoa Azken Ikutu enpresaren aurrean elkarretaratze bat egin dugu, enpresa hori ez baitago kimikako hitzarmen kolektiboa betetzen ari. Langileak hitzarmenak esaten duena baino 600 euro gutxiagoko soldatak jasotzera iristen dira.

Langileei lapurreta egiten zaie modu lotsagabean.

Jai egun bezperetan, zubietan, etab. kaleratu egiten dituzte langileak, hurrengo lan egunean berriz altan emateko, ABLEek duten prekarietate mailara helduz.

Gainera orain, LABen presioaren ondorioz, soldatetan irregulartasunak onartzen ditu zuzendaritzak, baina hurrengo urtera arte erregularizatuko ez dituela esanez. Hau da, lapurretan ari direla onartzen dute, baina hurrengo urtera arte lapurtzen jarraituko dutela. Enpresari hauen lotsagabekeriak ez du mugarik, langileoi soldatak eta eskubideak lapurtzea da hauen funtzionatzeko modua.

Jakin badakigu, gaur egun, Azken Ikutu ez dela hitzarmena betetzen ez duen enpresa bakarra. Ibai Aurrez enpresari ere salaketa jarri diogu. Argi utzi nahi dugu, ez dugula inola ere, gure eskualdean esklabutza egoerarik onartuko. Enpresariek jakin dezatela, LABek dituen baliabide eta energia guztiak erabiliko dituela horretarako.

Dagoeneko, zenbait salaketa jarriak ditugu epaitegian, eta enpresa hauetan dagoen arazoen berri eman diogu, azpikontrata guzti hauen arduradun den Cikautxo S. Coop enpresari ere. Hala ere, arazo honekin jarraitzen badugu, prest gaude harago joateko, eta ez dugu baztertzen mota ezberdinetako salaketa judizial edo sozial gehiago egitea, edo beharrezko ikusten dugun ekintza sindikalaa egitea.

Beste enpresa batzuetan aurrera pausu handiak eta egoera hauekin bukatzea lortu da. Gogoratu nahi dugu pasa den urteko udan ROAL enpresako langileek lorturiko garaipena, langileen antolakuntza eta borrokarekin lortu al diren eskubideen eredu. Baina badakigu bide luzea dugula egiteko oraindik.

Cikautxo S. Coop-i eskakizun publikoa egin nahi diogu, mota honetako enpresetan gertatzen ari dena ez bultzatzeko eta hitzarmena betetzen duten enpresekin lan egiteko. Honela, denon artean, azpikontratetako langileen eskubideak errespetatzen dituen kalitatezko kimikako sektorea lortuz, azpikontrata, haundiago, indartsuago eta espezializatuagoak izateko. Jarraitu beharreko bidea hori dela uste dugu.
 

 

 

Karitateen Alabak, Miranda Fundazioa, Kristau Eskola, Hezkuntza Saila, Barakaldoko alkatea, PNV, PP eta PSEk itxi dute La Milagrosa Ikastetxea

LABek gogor kritikatu nahi du aipatutako guztien arduragabekeria. Barakaldoko herriak ikastetxe bat eta 40 lanpostu gutxiago izango baititu. XXI. mendean onartezina da matrikula eta proiektu soziala zeukan ikastetxe baten itxiera. Baina zoritxarrez, hau da itxiera baimendu dutenen eredua, espekulazioa bultzatzen duen eta pertsonak ahazten dituen gizarte sistemaren eredua.

Matrikula beteta eta proiektua zeukan La Milagrosako ikastetxea itxi egin dute. Karitateen Alabak, Miranda Fundazioa, Kristau Eskola, Hezkuntza Saila, Barakaldoko Alkatea eta PNV, PSE eta PP alderdi politikoak dira itxieraren arduradunak. Bakoitzak bere harri koskorra jarri du 350 familia, Barakaldo eta inguruko herrietan sakabanatuz eta 40 lanpostu suntsituz.

Kristau Eskolaren parte diren Karitateko Alabek ez zeukaten interes handia La Milagrosako Proiektuagatik eta hiltzen utzi zuten astiro astiro. Horretan, bide lagun izan dute Miranda Fundazioa, alokairuaren prezioa itogarria jarriz, Barakaldoko Alkatea eta Hezkuntza Saila zabalik mantentzeko kudeaketa zailduz eta alternatibak oztopatuz, eta PNV, PP eta PSE, La Milagrosari legebiltzarrean azkenengo kolpea eman ziotenak onartu zen legez besteko proposamenarekin.

LABek familiak eta langileak zoriondu nahi ditu. 6 hilabete hauetan, 200 mobilizazio baino gehiago egin dituzte Barakaldon beharrezkoa den eta maite duten proiektuaren alde eta alternatibak ere mahaiaren gainean jarri dituzte. Azkenean ez da izan posible, baina borroka ereduan maisu-maistrak izan zarete 350 ikasle eta Barakaldoko herritarren aurrean. Duintasunean irabazi duzue. Gure zorionik beroenak zuentzat. Animo eta aurrera!
 

 

 

Mugak Zabalduz Karabanarekin egin dugu bat

Euskal Herriko Eskubideen Karta sinatu dugun erakunde sozial eta sindikalok babesa agertu diogu Mugak Zabalduz Karabanari. Uztailaren 14an, Melillarantz abiatuko da, etorkinek eta errefuxiatuek Hego Mugan pairatzen duten Giza Eskubideen urraketa sistematikoa salatzeko. Xede dugun jendarte-ereduaren erdigunean, bizitza dago, eta bizitza jokatzen dute, hain zuzen ere, gerratik eta miseriatik ihesi dabiltzanek. Hala adierazi dugu Bilbon, gaur egindako agerraldian.

Salatzen dugu etorkinek eta errefuxiatuek jasaten duten egoera egungo migrazio-politika hiltzaile eta antisozialen ondorio dela; halako politiken ondorio dira, halaber, biztanleriaren pobretze orokortua eta aberastasunaren banaketa gero eta bidegabeagoa. Borrokatu beharra dugu, eta eskubide politiko, zibil eta ekonomikoak pertsona guztiei hedatu.

Gobernuek barnerarazi nahi dizkiguten arrazismoaren eta xenofobiaren muina honelako baieztapen faltsuak dira: “Lana kentzen digute”, “Gaizkileak eta terroristak dira”, “Gure gizarte-laguntzez aprobetxatzen dira”, “Inbaditu egiten gaituzte”, etab. Halako adierazpenek ez dituzte kontuan hartzen neokolonialismo-formak, alegia, egungo eredua herrialde aberastuek Munduko Hegoaldeko herrialdeak mendean izateko.
Europako Batasunean, 119 milioi pertsona baino gehiago pobrezia-arriskuan daude; ondorioz, barne-migrazioak izaten dira herrialde kideen artean. Lan-prekarietatea enpresen eta herrialdeen arteko lehiaren funtsezko osagaia da, orokortua sektore jakin batzuetan (eraikuntza, garraioak, haragi-industria, gizarte-arreta eta etxeko lana), eta EBko langileen arteko barne-migrazioen esplotazioa legeztatzen du.

Nekropolitika da sistema ekonomiko kapitalista eta patriarkalak bultzatzen dituen bideetako beste bat: pertsonak esplotatzeaz eta kanporatzean gain, hiltzen uzten ditu. Nazioarteko krimen hutsak dira. Erailtzen dira mugimendu ekologista, feminista eta LGTBko buruzagiak, nekazariak eta indigenak, beren lurra proiektu hidroelektriko erraldoien kontra babesteagatik, baina sistema kapitalistak sobera dituen pertsonak ere ezabatzen dira: kontsumitu edo ekoiztu ezin dutenek enbarazu egiten dute, eta giza hondakin bihurtzen dira (Bauman).

Sistema kapitalistak jendea behar du oraindik, eta eskulan migratzailea izaten jarraituko du. Baina eskulan horrek ez du eskubiderik izango, eta lan egingo du eraikuntzan, ostalaritzan edo zaintzan, eskulan merke eta prekarizatua bihurtua. Hala, soldatak jaitsi eta lan-baldintzak eskastu egingo dira, jende esplotatuaren eta jende pobrearen arteko gatazka-prozesu batean -kapitalak eta gobernu konplizeek bultzatuta-, nazional pobreen eta atzerritar pobreen artekoan. “Gerra” horrek kapitalismoari egiten dio mesede, eta arrazismoaren eta xenofobiaren euskarri da.

Errefuxiatuak eta migratzaileak pobreen arteko gerra islatzen eta are sakonagoa egiten duen ikurra dira. Oso funtzionalak dira sistema kapitalistarako, eta bere urrezko arauetako bat: eskulan, formal edo informal, merkea eta prekarioa, langileen eskubideen murrizketarako bidea formalizatzen duena.

Gure mespretxu osoa Europako erakunde eta gobernuentzat, kapitalaren eskubideak babesten eta pertsonen eskubideak urratzen ari direlako. Proiektu neoliberal, patriarkal, militarizatu, baztertzaile eta erregresiboa defendatzen dutenen aurrean, guk elkartasun internazionalistaren alde egiten dugu, pertsonon eta herrien arteko topaketan oinarritua.
 

 

 

Irurako istripua saihesteko neurriei azken ezetza otsailean eman zioten, langileek salatutakoaren arabera

0

Ostiralean, uztailaren 7an, istripua egon zen Iruran autobus eta kamioi baten artean, N1ean dagoen autobus geltokiaren inguruan. TSST enpresako autobus gidari bat zauritu zen istripuan, beste pertsona batzurekin batera. TSSTko delegatuek behin baino gehiagotan ohartarazi dute autobus geltoki horren arriskuaz, eta atzo elkarretaratze bat egin zuten Lasarten, enpresa atarian, honen guztiaren berri emateko.

Ostiral ilunabarrean Iruran gertaturiko istripuaren aurrean honakoa adierazi dute TSST-ko Enpresa Batzordetik, langile guztien izenean:

-Ez dela kasualitatea Uztailaren 7an jazotako ezbeharra. Urteak, eta berriz diogu, URTEAK direla aldundiari eta beste arduradun batzuei, hainbat geldialdiren arriskuez ohartarazi eta neurriak har zitzatela galdegin genuela. Eta ez behin. Askotan baizik. Azkena, urrutira joan gabe, pasa den Otsailean. Zer egin da? Ezertxo ere ez. Horrelako istripuak gertatu behar al dute behar bezalako neurriak hartzeko?

-Gezurra dela hainbat komunikabideetan hainbat agintari eta arduradunek esandakoa. Hemen ez da elkarrizketarik egon. Hemen, TSST-ko langileon partetik (gidarion eta bidaiarion osasunaren gainetik ezertxo ere ez dagoela pentsatzen baitugu) eskaerak eta ohartarazpenak egon dira eta Aldundiak zein bestelako arduradunek ENTZUNGOR egin diete modu errepikatuan egindako eskaerei. Orain, aurpegi zuritze eta esku garbiketa egiten dabiltzan berberek, 2017ko Otsailean esan zioten azkenekoz ezezkoa, istripu hau eragotziko zukeen neurriak hartzeari. Egia esan dezatela exigitzen dugu.

-Bestalde ozenki salatu nahi dugu ere, istripu hau pasatu ondoren hartu diren neurri eta erabakietan ez dela TSSTko langileokin ezertarako kontatu. Gu geu garenean, egunerokoan autobusak gidatzen ibiltzen garenak. Hemendik aurrerako ikerketa, neurri eta erabakietan TSSTko langileokin kontatzen ezpada, jakin dezatela bidaiari eta herritarrek antzuak izanen direla erabaki horietan oinarrituriko neurriak.

-Marisol Garmendiak esan bezala (prentsan azaldu denez), lehentasuna segurtasuna da autobusak 5 edo 10 minutuko atzerapena badu ere; guk ere berdina pentsatzen dugu bai. Baina ditugun ordutegiek ahalbidetzen ote dute halakorik? Ditugun markatutako denborek posible egiten ote dute hau? Denontzako lehentasunak berdinak ahal dira? Egokitu daitezela ordutegiak eta denborak. Konponbidea eman behar zaio geldialdi arriskutsuen aferari, baina ez horri bakarrik. Ikerketa integral baten beharra agerikoa da eta ditugun arazo ezberdinei konponbidea jarri behar zaie, kalitatezko eta segurua izango den zerbitzua eskaini nahi badugu behintzat.

Guk, orain arte bezala jarraituko dugu, gidarion eta bidaiarion ongizatea lehenetsiz.
Horretarako ondoko erabakiak hartu ditugula jakinarazi nahi dugu:

1)-Aldundiak eta bestelako arduradunek egindako eskaera eta protestei behin eta berriz emandako ezekoen aurrean (ardurak hirugarrenei pasatuz, egin beharreko lanen kostea ekidin nahian), langileok bidaiarientzako arriskua eragin lezakeen edozein geldialditan ez geldialdirik egiteko erabakia hartzen dugu. Behinik behin, behar bezalako segurtasun neurriak hartu arte eta inoren bizia arriskuan izango ez dela bermatu arte.

2)-Jarrera eta erabaki hauekin aurrera jarraituko dugula, benetan eta egiazki, egin beharreko moldaketa eta lanak egin arte. Eta era berean ez dugula onartuko ibilbidean egon daitezkeen bestelako aldaerarik, arazoari benetako konponbidea ekiditen baldin badute eta dirua aurrezteko interesa baldin bada lehentasuna.