2026-04-09
Blog Page 887

Lan heriotzak salatu ditugu Gasteizen

Kuartango inguruan hil zen joan den astean langile bat, AP-68 errepidean mantentze lanetan ari zela kamioi batek lanean zebilen furgoneta baten kontra talka egin ostean. Bada, lan heriotza hori salatzeko, elkarretaratze bat egin dugu gaur Gasteizen, Correos plazan, euskal gehiengo sindikalak deituta.

Azken lan heriotza honekin, 49 dira aurten lan istripuz Euskal Herrian hildako langileak, horietatik 4 Araban. Azpimarratzekoa da antzeko beste heriotz istripu bat gertatu zela otsailean. Mantentze lanak egiten ari zen Agurain inguruko errepide batean langile bat ibilgailu batek harrapatu zuen eta horren ondorioz hil egin zen.
 

 

 

Etxebizitza duin bat izateko eskubidea aldarrikatu du Eskubide Sozialen Kartak

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren baitan gauden eragileok elkarretaratze bat egin dugu gaur, Bilboko Alokabideren egoitzaren aurrean. Prestazio sozialen murrizketen aurka mobilizatu gara, eta magai gainean dauden legeek eta proposamenek etxebizitzaren egiturazko arazoari ez dietela erantzuten salatu dugu.

Hauxe da Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak kaleratu duen adierazpena:

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak Bilbora eraman du bere salaketa, Alokabide/Visesak Bizkaian dituen bulegoetara, PSEk zuzendutako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak osatutako “Etxebizitza Dekretuaren” zirriborroak jasotako murrizketei buruz ohartarazteko.

Dekretu horren zirriborroak aurreikusitako murrizketek bertatik bertara pairatuko lituzketen pertsonek bat egin dute ekimen honekin.

Eusko Jaurlaritzak murrizketa neoliberalak aurrera eramateko politiketan sakontzen du, etxebizitza arloko beharrak asetzeko sortutako prestazio ekonomiko baten aitzakipean: Lanbidek kudeatutako Etxebizitzarako Prestazio Osagarria ezabatuko luke; eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzak ere, udal gizarte zerbitzuek kudeatutakoak, kasu honetan. Bi laguntza hauek alokairu bat ordaintzeko prestazioak dira.

Gaur egun, 28.079 elkarbizitza unitatek jasotzen dute Etxebizitzarako Prestazio Osagarria eta beste 7.500 unitatek, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak. Dekretuaren zirriborroaren bitartez, bi prestazio horiek eskuratzeko baldintzak betetzen dituzten askok etxebizitza batean sartzeko prestazioa eskatzeko eskubidea galduko lukete.

Eskubideen murrizketa hau prestazio ekonomiko berria eskuratzeko baldintzen gogortzearen ondorioz etorriko litzateke. Etxebizitza Legeak eta Dekretuaren zirriborroak aurreikusitako exijentzia berrien arabera, pertsona batek etxebizitza bat alokatzeko eskatzaile gisa hiru urteko antzinatasunarekin egon behar du izena emanda Etxebiden, eta, era berean, 3.000 euroko gutxieneko diru sarrerak frogatu behar ditu.

Bestalde, Lanbiden Laneko Dirusarrerak Osatzeko Errenta jasotzen duten pertsonen zati handi bat ere uzten du kanpoan Etxebizitzarako prestazio ekonomiko berriak.

Gaur egun, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak edo Etxebizitzarako Prestazio Osagarria eskatzeko Etxebiden izena ematearekin nahikoa da, antzinatasun eta gutxieneko diru sarreren baldintzarik gabe.

Errenta gutxien eta egoera ahulenean dauden sektoreak are eta gehiago pobretuko ditu prestazio sozialen arloko eskubideen murrizketa honek, eta jendartearen zati handi baten oinarrizko etxebizitza beharrak ez ditu asebeteko.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartatik aspaldi eskatzen ari gara alokairu sozialeko etxebizitza baten benetako aitortza. Etxebizitza duin, egoki, seguru eta eroso baten erabilera izateko eskubidea izan beharko luke pertsona orok, oinarrizko zerbitzuekin.

Etxebizitzaren erabileraren balorea berreskuratu behar da, merkatuko logiketatik kanpo. Etxebizitzaren arazoa ezin da kopondu merkatu eta espekulazioaren logikaren arabera. Alokairuen merkatuaren arautzeak, alokairu sozialak, zaharberritzeak eta etxebizitza hutsen okupazioak lehentasunen artean egon behar dute etxebizitza bat izateko eta birbanatzeko.

Etxebizitza duin bat izateko eskubidea ez dago bermatuta, ez EH Bildu, PSE eta UpyD alderdien botoekin onartutako Etxebizitza Legearekin, ezta PSEk osatutako Dekretuaren zirriborroarekin ere; ez du bizitzeko alternatiba nahikorik sortzen merkatuaren logikatik kanpo.

Lege horrek eta Dekretuaren aurre proiektuak ez diote erantzun eraginkor bat proposatzen etxebizitzaren egiturazko arazoari, eta ez diote jendartearen zati handi batek bizi duen etxebizitza arazo larri eta prekarioari aurre egiten. Are eta gehiago, arazoa larriagotuko du prestazio sozial batzuk ezabatuta eta etxebizitzarako prestazio ekonomiko berria eskuratzeko baldintzak gogortuta.

Arrazoi hauen guztiengatik, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak “Etxebizitza Dekretuaren” egungo zirriborroa bazter dezatela eskatzen diegu Eusko Jaurlaritzari eta Etxebizitza Departamentuari. Era berean, exijitzen diegu ez dezatela inongo neurririk onartu eskubideen eta prestazio sozialen murrizketak ekartzen badituzte.
 

 

 

Hondakinak kudeatzeko sistemak ez duela funtzionatzen salatu du Bizkaia Zero Zabor plataformak

0
Zero Zabor Bizkaia plataforman 40 eragiletik gora daude bilduta, LAB sindikatua barne. Joan den maiatzean egin zuen aurkezpen publikoa, eta denbora galdu gabe lanean ari da. Ohar bat kaleratu du hondakinen kudeaketaren inguruan duen kezka adierazteko, egoeraren larritasuna ikusita. Hain zuzen ere, plataformak dio aldaketa sakon bat egin beharra dagoela; egoera aldatzea premiazkoa dela, alegia.

 

 

 

Zorionak Kataluniako Langileria! Euskal Herrian ere Errepublika da Aldaketa Sozialerako bidea

0

Gaur Herriaren hitza aintzat hartu eta bide eman dio Kataluniako Parlamentuak, Independentzia aldarrikapena gauzatuz. Erabaki pozgarria da zalantzarik gabe, ikuspegi ezberdinetatik begiratuta.

Ikuspegi demokratikotik, Espainiako estatu indarren inposaketen aurrean, herritarren erabakitzeko eskubidea lehenetsi delako. Ikuspegi nazionaletik, Kataluniaren aitortza nazionala, Principatean behintzat, aitortu delako. Eta ikuspegi sozialetik ere, behetik gora eraikitako Errepublika bat, langileen aldeko eredu sozial eta ekonomikoa sortzeko aukera historikoa suposatzen duelako. Honenbestez, berri ezin hobea da justizian eta askatasunean oinarritutako bestelako mundu bat sortu nahi dugunontzat.

Euskal Herrian ere jar gaitezen abian, har dezagun etorkizuna geure eskuetan eta sor dezagun mundu hobeago bat geure seme-alabentzat, Euskal Herriko Errepublika sozial eta independentea sortuz. Geuk ere lortuko dugu.

Espainiako estatuak indarraren arrazoiarekin erantzungo dio independentzia adierazpenari; arrazoiaren indarra aldiz Kataluniako Herriak dauka. Eta ez dago bakarrik: Euskal Herritik ere aurre egingo diogu Errepublika berriaren kontrako zernahi erasori.
 

 

 

Alarma Soziala izeneko tresna sortu dugu, enpresek Macronen erreforma aplikatu ez dezaten

Lapurdira iritsi da Ekimen Ibiltaria; Baionara, hain zuzen ere. "Lan duina, bizi duina" dinamikaren etorrerarekin, tresna berri bat proposatu du LABek: alerta sistema bat, Macronen erreformak enpresa batean atzerapen sozialen bat ekartzen duenean aktibatuko genukeena. Ipar Euskal Herriko langileei zuzendutako baliabidea Komertzio Ganberan egindako agerraldian aurkeztu dugu. "Zure enplegatzaileak konbenio kolektiboa baino apalagoa den akordio bat poposatzen badizu, alerta piztu eta abisatu gaitzazu. Elkarrekin harresi sozial bat antolatuko dugu bakoitzaren gizarte abantailak atxikitzeko gisan", adierazi dugu aurkezpenean.

Alarma Sozialaren nondik norakoak azaldu dizkiete langileei gaurko agerraldian, eta internet bidez ere aktibatu ahalko dela adierazi dute. Hauxek dira Baionan emandako azalpenak:

Nagusi batek enpresa akordio berri bat egin nahi badu zuen konbenioko arauak baina txarragoa dena, ALARMA SOZIALA aktibatzen ahalko duzu LAB en laguntzarekin, eta hori edonork aktibaturik.

Ondorioz denok alarma piztu dezakegu!

Zein informazio eskatua izanen zaio alarma piztu duenari?

Derrigorrez eskatuak izanen zaizkion xehetasunak alarma piztu duenari hauek dira :

1. Konbenioa baino txarragoa den akordio bat egin nahi duen enpresaren izena.

2. Alarma pizten duenaren kontaktua informazio onak ditugula segurtatzeko.

Ondorio txarrik edo gaizki ulertzerik ez gertatzeko alarma piztuko duena ezkutuan eta isilpean geldituko da.

1. Etapa: Alarma soziala piztu eta zer egin?

Lehenik, LAB sindikatuko norbait alarma piztu duenarekin harremanetan sartuko da egoera ongi ulertua dela segurtazeko.
Gero enpresaren sarreran trakta bat banatua izanen da langileak jakinean izan daitezen alarma bera piztua izan dela. Lehen bilkura bat antolatua izanen da alarma hori benetakoa eta funtsezkoa dela segurtatzeko.

1. Langileak entzunen ditugu baina beti interes kolektiboa lehentasun bezala atxikiz.
2. Segurtatuko eta egiaztatuko dugu enpresan proposatua den akordioa zinez konbenioa baino txarragoa dela.
3. Delegatuak baldin badira enpresan bertan haiekin harremanetan sartuko gara.
4. Eta azkenik nagusiarekin harremanetan sartuko ginateke bere akordioa bertan bera utzi dezan.

Hori dena egin eta enpresak bere akordioa mantentzen balu, 2. etapara pasatzea bortxatuak izango ginateke.

2.Etapa : Harresi sozial eta elkartasunezkoa.

Baldintzek eskatzen badute, enpresa blokatzeko alerta orokor bat deituko genuke. Email bat edo SMS bat bidalia izanen zaie manifestoa izenpetu duten jende guztiei (ekimen honetan inplikatzeko konpromisoa azaldu dutenei).

Gure ahalak eginak izanen dira enpresa osoki blokatzeko akordioa bertan bera utzi arte.

Azkenean Alarma Soziala gelditua izanen da enpresak definitiboki bere atzerapen sozialeko akordioa kenduko duelarik.

 

 

 

Mobilizazioei ekin diete Tubos Reunidoseko langileek

0

Lanpostuen suntsiketa salatu dute, zuzendaritzaren asmoa dela eta. Ordubeteko lanuzteak egin dituzte gaur txanda aldaketekin, eta gauza bera egingo dute urriaren 31 eta azaroaren 2, 7 eta 9an.
 

 

 

Elkartasuna adierazi diogu Aishari

0

2014ko martxoaren 8an, Aisha, 22 urteko kanariar gaztea kalez jantzitako bi polizik atzeman zuten Las Palmasen (Kanariar Handia), gazteek pairatzen duten langabeziaren aurkako pintada bat egiten ari zela. Hartan zioen: “ 70% paro juvenil en las Canarias. Organízate y lucha”. Azken hiru urteotan, Aishari lau hilabeteko kartzela-zigorra agintzen zuen epaia eman zen, “autoritateari erresistentzia” leporatuta. Aurrekaririk ez zeukanez, ezin zezaketen kartzelan sartu, baina tipo penaleko trafiko arau-hauste batek berriro zabaldu zuen haren espedientea, eta orduan bai, agintariek topatu zituzten arrazoiak espetxera bidaltzeko.

Aisha Kanarietako independentzia helburu duen Altenativa Nacionalista Canaria alderdiko militante ezaguna da, nazioarteko brigaden partaidea, eta haren ama figura historikoa da esparru sindikalean eta emakumeen eskubideen aldeko borrokan.

Honengatik, Euskal Herriko LAB eta ELA, Kataluniako IAC, CSC eta COS, Galiziako Confederación Intersindical Galega eta CUT, Andaluziako SAT, Aragoiko CUT, CSI Asturies, Intersindical Valenciana eta Confederación Intersindical erakundeok honakoa adierazi nahi dugu:

• Esplotaturik gabeko gizarte aske baten alde borrokatzen den militante baten aurkako jazarpen politiko eta sindikalaren adibide argia dugula hau, eta horrexegatik zigortu
dutela 4 hilabeteko espetxe-zigorrera.

• Atxilotze hau disidentzia politiko eta sozialaren aurka erabateko jazarpena ematen den egoeran kokatzen dela. Horren adierazgarri, Madrilgo Alfonen egoera dugu; Euskal Herrian sindikalisten kontrako kartzela-urteetako eskariak; Serafin eta Carlosen kontrako kartzela zigorrak Galiziako metalgintzako greba batean parte hartzeagatik; Mozal Legea eta abar luze bat.

• Atxiloketa hau disidentzia politikoa eta soziala zigortzeko eta jazartzeko egoera batean kokatzen dela, non Andres Bódalo eta Alfon bezalako borrokalariak atxilotzen dituzten, non langileriaren bizi-baldintza duinen alde egiteagatik sindikalistei urteetako kartzela zigorrak eskatzen zaizkien, non Mozal Legea ezartzen den, non eskubide zibilak eta sozialak murrizten diren, non mobilizazio sozialak bortizki zapaltzen diren eta Espainiako estatuak funtsezkoenak diren hiritarren eskubide demokratikoak murrizten dituen, Katalunian gertatzen ari dena horren adibide izanik.

• Sindikatuok konpromisoa hartzen dugu ahal den guztia egingo dugula Aisharen borroka-lagunak laguntzeko, haren askatasuna ahalik eta azkarren lortzeko.
 

 

 

Irmoki salatzen dugu lan istripuz hildako azken langilearen heriotza

LAB sindikatuak irmoki salatzen du lanean ari zela hildako azken langilearen heriotza. Azken honekin, 49 dira aurten lan istripuz Euskal Herrian hildako langileak, horietatik 4 Araban. Kuartango (Araban) inguruan hil zen atzo langile bat, AP-68 errepidean mantentze lanetan ari zela kamioi batek lanean zebilen furgoneta batenn kontra talka egin ostean. Azpimarratzekoa da antzeko beste heriotz istripu bat gertatu zela otsailean. Mantentze lanak egiten ari zen Agurain inguruko errepide batean langile bat, ibilgailu batek harrapatu zuen eta horren ondorioz, hil egin zen.

Lehenik eta behin, LABek bere elkartasuna eta besarkada beroena helarazi nahi die hildakoaren senide eta ingurukoei kolpe latz honen honen aurrean.

Aurreko otsailean azpimarratu genuen bezala, oraingoan ere salatu nahi dugu hau ez dela trafiko istripua soila izan. Batetik, kontuan hartu behar dugu azpikontrata bateko langilea zela eta beraz, berriro ere argi gelditu da prekarietatea eta lan istripuak lotuta daudela, kasu honetan ondorio latzenak edukita. Trafikoa langileen segurtasuna eta bizitzaren gainetik jartzearen ondorioa da.

Bestaldetik, kasu honetan berriz ere ematen den inplikazio politikoa ere mahaigaineratu nahi dugu. Izan ere, errepideen mantentze eta garbiketa lanak azpikontrata batek burutzen ditu, eta kasu honetan, azpi- kontrataren azpi-kontratabatek. Gauzak horrela, pribatizazioak, beti bezala, prekarizazioa ekarri du. Enpresak kontratatzen eta azpikontratatzen dira eta hori guztia langileen eskubideen eta osasunaren kaltetan doa. Azpi-kontratazio katea amaigabe honek beste langile bat eraman du berarekin.

Hori guztia dela eta, LABek dei egiten du astelehenean, urriaren 30ean, Gasteizko Correos plazan 12:00etan Euskal Gehiengo Sindikalak deituta heriotza hau salatzeko egongo den kontzentrazioan parte hartzera.
 

 

 

Langabeziak gora egiten jarraitzen du eta emakume aktiboen jaitsiera larria eman da Hego Euskal Herrian

Urtebetean 17.600 emakume gehiago dago Hego Euskal Herrian soldatarik ez duten jardueretan. Ikasketak luzatu egiten dira lanerako alternatiben faltaren aurrean. Edo etxeko esparruan lan egitera kondenatzen dira, ez aitortza ez soldatarik gabe. 17.600 emakume gehiago lan eskubideak izateko eta honi lotutako prestazioak eskuratzeko aukerarik gabe.

Langabeziak gora egin du Hego Euskal Herrian. %11,3an kokatu da urteko hirugarren hiruhilabetekoan. Zehazki, aurreko hiru hilabetekoan baino 3.800 pertsona gehiago dago langabezian.

Urteko zenbatekoan behera egin du langabetuen kopuruak 20.600 pertsonetan. Hala ere, datu hau guztiz engainagarria da kontuan hartzen badugu okupazioak 5.300 pertsonetan soilik egin duela gora. Eta EAEren kasuan behera egin du. Gaur iaz baino 2.500 pertsona okupatu guxiago da.

Inola ere ezin daiteke hitz egin lan merkatuaren eboluzio postiboaz. Urtearteko ikuspegitik oso txikia da okupazioaren gorakada. Langabeziaren gorakada ulertzen da biztanelria aktiboak behera egin duelako, zehazki, lan merkatutik desagertzen diren emakumeen lepotik.

Emakume aktiboen kopuruaren jaitsiera larria 
Egun 20.100 emakume daude “inaktibo” izendapenaren azpian Hego Euskal Herrian. Bereziki larria da EAEko egoera, 16.000 baitira (iaz baino %3,6 gehiago) gaizki deitutako inaktibitearen taldera pasatu diren emakumeak. Nafarroan ere berdina da joera, termino absolututetan 4.100 emakume “inaktibo” gehiago dago, %3,4ko igoera suposatzen duena.

20.100 emakume hauek lan merkatutik kanporatuak edo baztertuak izan dira. Euren egungo egoera aztertuta, inkesta berdinaren arabera, 6.800 emakumek hartu dute erretiroa EAEn. Baina nabarmentzekoa da 5.900 ikasleen taldera pasatu direla eta 7.100 “etxeko lanak” deritzon kolektibora gehitu direla. Nafarroan 5.000 dira talde honetara batu diren emakumeak (ikastera bueltatu den emakumeen kopuruak 500ean egin du behera).

Hau da, urtebetean 17.600 emakume gehiago dago Hego Euskal Herrian soldatarik ez duten jardueretan. Ikasketak luzatu egiten dira lanerako alternatiben faltaren aurrean. Edo etxeko esparruan lan egitera kondenatzen dira, ez aitortza ez soldatarik gabe. 17.600 emakume gehiago lan eskubideak izateko eta honi lotutako prestazioak eskuratzeko aukerarik gabe.

Gora doa pobrezia arriskua Euskal Herrian
Urriaren 17an Pobreziaren Kontrako Nazioarteko Eguna izan zen. Euskal instituzioek ez zuten hitzordura huts egin eta ugariak izan ziren adierazpenak. Egia dena da pobreziari politikekin egiten zaiola aurre eta ez diskurtso antzuekin.

BAIk berriz erakustek du pobrezia eta bazterketaren antzeko datuen atzean lan merkatuaren egoera dagoela, gero eta prekarioagoa. Ez dagu balorazio baikorretarako tarterik urtearteko eboluzioa aztertuta eta ez dago datuak erlatibizitzerik urtaroen araberako gorabeherak argudiatuz.

Hego Euskal Herriko lan merkatuaren eboluzioa, eta EAEkoa bereziki oso txarra da eta emakumeei eragiten ari da bereziki. Beste behin ere.