2026-04-09
Blog Page 885

Urrian sinatutako kontratuen %92 aldi baterakoak ziren

Enplegu zerbitzu publikoetan erregistratutako datuen arabera, langabeziak behera egin zuen urrian. 1.966 pertsona gutxiago daude langabezian, orotara 165.375 pertsona aurkitzen dira egoera horretan. %57 emakumeak dira.

Datu hauek erakundeek azken aldian erabiltzen duten tonu baikorra elikatzeko erabiliak izango dira. Hala ere, urrian izan den beherakadaren atzean lan eskaeren inguruan Lanbide egiten ari den kudeaketa dago. Data hauetan, Enplegu zerbitzu publikoak esku artean dituen datuak Hezkuntza departamentuko datuekin alderatzen ditu, zerrenda ofizialetatik kanpo uzteko irakaskuntza ofizialean ikasketan egiten ari diren gazteak eta 25 urte baino gutxiago dituztenak baztertzeko, edo adin hau gainditu eta lehen enplegu bila dabiltzanak.

Honek azaldu dezake zergatik den EAE urrian langabeziak behera egin duen autonomia gutxietariko bat. Izan ere, Nafarroako enplegu zerbitzuak 24 langabe gehiago erregistratu zituen.

Dena den, duela 8 urteko langabezia maila antzekoetan aurkitzen gara. Beraz, langabeziaren beherakada motela kontuan izateaz gain, beste bi elementu larri izan behar ditugu kontuan: epe luzeko langabezia eta egiturazko arazo bilakatzeko arriskua. Behera egiten ez duena enplegu eskatzaile bezala izena emanda daudenen kopurua da, horien artean daude langabezian daudenak zein enplegu hobe baten bila dabiltzanak. Zehazki, Hego Euskal Herrian, gaur egun, duela urtebete baino 6.500 pertsona gehiago daude izena emanda enplegu bilatzaile bezala.

Argi dago bilakaera hau zuzenki lotuta dagoela sortzen den enpleguaren kalitatearekin, hauek gehienetan baldintza kaxkarrak dituztelarik, miseriazko soldatez gain. Zentzu honetan, azpimarratu behar dugu urrian sinatu ziren kontratuen %92 aldi baterako kontratuak izan zirela, eta urte osoan sinatu zirenen ia %93.

Langabeziagatik jasotzen diren laguntzei dagokionez, salatu behar dugu gaur egun langabezian daudenen %30 baino piskat gehiagok (kolektibo batzuk zerrendetatik kanpo geratzen dira) jasotzen dutela prestazioren bat, izan ordainketaren araberakoa izan asistentziazkoa.
 

 

 

Ekimen Ibiltariaren auto karabanak agerian utzi du prekarietatea Oarsoaldean

Ekimen Ibiltariak ez du etenik. "Lan duina, bizi duina" dinamika Oarso Bidasoa eskualdera iritsi zen asteartean, eta bertan ibili da gaur ere. Hain zuzen ere, gaur goizean oarsoaldetik kotxe karabana ekintzailea egin dugu, Oiartzungo Alcampotik abiatuta. Hala, hainbat enpresatik igaro gara. Niessen-en, Parisera euskal presoen aldeko mobilizaziora joateko deialdia zabaldu dugu; Geka-n, askatasun sindikala aldarrikatu dugu; Leroy Merlin zein Carrefourren, estatalizazioaren kontrako salaketa eraman dugu; Burger King eta Mercadonan, esplotazioa salatu dugu; eta astillerosetan lan osasunerako eskubidea aldarrikatu dugu.

Gaur arratsaldean, Pasai Antxon egokituko dugun Infogunean, hitzaldi bat egingo dugu Zumardian. “Pasaiako badian duin bizitzeko, burujabetza eta aldaketa soziala” izenburua izango du. 18:00etan hasiko da, eta LABeko Ekintza Sozialeko kide Edurne Larrañagak, Portuko LABeko kide Jose Ramon Zapirainek eta Pasaiako alkate ohi Juankarlos Alduntzik hartuko dute hitza.

Donostian, hainbat aldarrikapen
Donostiara iritsiko da bihar Ekimen Ibiltaria, eta larunbata arte geratuko da hiriburuan.

Hauxe da programa:

Azaroak 3, goizez; Ibaetako campusa:

-8,30etarako karparen montaketa Carlos Santamaria eraikinaren aurrealdea (Elhuyar Plaza, 2).
-9,00etan ekintza sindikaleko gidaren inguruko tailerra Aulategian, 2. solairuan.
-12,00etan mobilizazioa kanpusean zehar Aulategitik aterata; bukaerako ekitaldia Carlos Santa Maria eraikinaren aurrealdean unibertsitatean prekarizatutako hainbat sektoreen eskutik: garbitzaileak, ikerlariak, ikasleak, …
-Goiz osoan zehar propaganda banaketa karpa inguruan.

Azaroak 3, arratsaldez; Tabakalera:

-17,00etan karparen montaketa Tabakalera aurrean (Nestor Basterretxea Plaza).
-17,30etan kontzentrazioa Tabakalerako azpikontratetako langileekin;eskuorri banaketa beraien egoera azalduz.
-18,30etatik 20,00etara kultur emanaldia: kantautoreak, magoak, graffiteroak, … (lotzen ari gara).
-Arratsaldean zehar erakusketa Egia pasadizoan prekarietatearen panelekin.

Azaroak 4, goizez; Alde Zaharrean:

-11,00etan karparen montaketa Bulebarrean.
-11,00etatik 12,30etan kalejira Alde Zaharretik ostelaritzako hitzarmenaren alde taberna ezberdinetatik pasaz; bertsolariak, trikitia…
-13,00etan kontzentrazioa Bulebarrean ostelaritzako hitzarmenaren alde.
-Goiz osoan zehar propaganda banaketa karpa inguruan.

 

 

 

Heziketa bereziko langileek salatzen dute Eusko Jaurlaritzako ordezkapenetarako zerrendak ez duela behar bezala funtzionatzen

Heziketa Bereziko langileek salatzen dute euren arloko zerrenda zabaldu gabe egon dela 2015etik; eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ipintzen dituen baliabideak ez direla nahikoak ikastetxeek dituzten premiei aurre egiteko. Kontrakoa adierazi arren, Hezuntza Sailak ez ditu ordezkapenak betetzen lehenengo egunetik aurrera ondorengo sektore hauetan: heziketa berezia, garbiketa edota sukaldeetan.

Hezkuntza Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak lanaldi osoko eta lanaldi erdiko langile bana ditu gure lurraldeko ordezkapen guztiak kudeatzeko. Egoera hori larriagotu egin da azken aste honetan, lau egunez egon baitira lanpostuen ordezkapenak bete gabe. Horrek itzelezko kalteak dakarzkio gure hezkuntza sistema publikoaren kalitateari.
 

 

 

Pasaiako Portu agintzaritzak adierazpen askatasuna ukatzen du

0

Urriaren 25ean, Pasaiako Portuko LABeko Sail Sindikalean Zuzendaritzaren gutun bat jaso genuen euskal presoak etxeratzearen aldeko ikurra eta estelada kentzera behartuz. Dirudienez, Gobernu espainolaren ordezkariordeak errekerimendua egin dio Agintaritzari, LABeko sail sindikalaren bulegoko kristaletan jarriak dauden kartelengatik. Bere ustez, dispertsioaren kontrako ikurrak biktima batzuen duintasuna urratzen du eta estelada zein “Si” jartzen duen banderak administrazioaren neutraltasuna urratzen omen du.

Ez al da dispertsioa bera duintasuna urratzen duena? Ez ote da errekerimendua bera adierazpen askatasunaren kontrakoa? Ezin al dugu LABeko sail sindikalaren bulegoko kristaletan nahi duguna jarri?

Bada, kapitala jaun eta jabe den mundu honetan, badirudi ezetz. Zuzendaritzaren nagusikeriak, beste behin ere espainiar joko arauen menpeko, zigortuak izateko mehatxua bidali digu, urria bukatu aurretik kenduaraziz.

Jakin dezatela, guk presoen ikurra zein estelada kristaletik kentzeak ez duela beraiekiko dugun begirune zein elkartasuna makalduko, ez eta Katalanen independentzia grina gutxituko ere. Ozen aldarrikatzen dugu euskal presoak Euskal Herrian nahi ditugula, dispertsioa duintasun eta neutraltasun guztiaren kontrakoa dela. Aldi berean, Herrien erabakitze eskubidea aldarrikatzen dugu, adierazpen askatasunean sinisten dugulako. Bide horretan lanean jarraituko dugula argi adierazi nahi dugu.

Horrelako agindu totalitarioek gure askatasun grina elikatzen dute.

 

 

 

Azaroaren 6rako, bi orduko lanuztea eta manifestazioa deitu dituzte Lemoan, lan istripuen aurka


Urriak 31, Cementos Lemona enpresan gertatu zen heriotz istripuaren harira, gaur, azaroak 2, 24 orduko greba burutzen ari dira langileak. Mobilizazio horren bidez, lehenik eta behin, Cementos Lemoako langileek elkartasuna eta babesa adierazi nahi diete bere senide, lagun eta lankideei, momentu gogor hauetan. Urtea hasi denetik, gutxienez, 50 langile hil dira lan istripuz edo lan istripuen ondorioz Euskal Herrian. Azpimarratzekoa da, eskualde honetan, duela lau hilabetetik hona beste bi langile hil direla lanean: Bediako Forjas Unidas enpresan bat eta duela bi aste beste bat zeberion, azkeneko hauxe lemoarra.

Hauxe da Cementos Lemonako langileek kaleratu duten oharra:

Urriaren 31an, lan istripuaren ondorioz langile bat hil zan berton, gure lantegian. Gaur, 24 orduko greba burutzen ari gara hauxe salatzeko. Honez gainera, asanblada bat egin dugu eta honakoa adierazi nahi dugu:

Asteartean, langile bat hil zan lanean Lemoako CEMENTOS LEMONA enpresan. Lehenik eta behin, Cementos Lemonako langileok gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu bere senide, lagun eta lankideei, momentu gogor hauetan. Urtea hasi denetik, gutxienez, 50 langile hil dira lan istripuz edo lan istripuen ondorioz Euskal Herrian. Azpimarratzekoa da, eskualde honetan, Arratian, duela lau hilabetetik hona beste langile bi ere hil direla lanean: Bediako Forjas Unidas enpresan bata eta duela bi aste, beste bat Zeberion, azkeneko hauxe lemoarra.

CEMENTOS LEMONAko istripuaren kasuan, nabarmentzekoa da azpikontra batean ari zela hildako langilea. Lan istripuak ez dira kasualitate kontua, arazoa estrukturala da, gaur egun inposatzen diguten ereduan dago arazoa. Prekarietateak hil egiten gaitu. Lan baldintza kaxkarrek eta segurtasun neurri ezak, azpikontratazioak kasu honetan, eragin zuzena dute lan istripuetan: hildakoen %65 azpikontratutako langileak dira.

Istripuen zergatia ezagutzen dugu, arriskuak ekiditeko zein neurri hartu behar diren ere ezagutzen ditugu, baina salatu behar dugu lantokietan ez dela prebentzio errealik egiten. Patronala lan istripuen erantzule da, nahiago duelako bere irabaziak handiagotzea langileen osasuna zaintzea baino. Gure osasuna euren negozio bihurtu dute.

Administrazio publikoek ez ikusiarena egiten dute eta ez dute borondate politikorik egoera aldatzeko. Gaur, berriro ere, 0 tolerantzia exigitzen diegu lan istripuen aurrean eta kontrola eta zaintza berma ditzatela.

Sarraski honekin bukatzeko, lan istripuak eta euren atzean dagoen prekarietatea lehen mailako arazo politiko bilakatu behar dugu. Konpromiso politikoak ezinbestekoak dira.

Gogaituta gaude, eta amorru ikaragarria sentitzen dugu. Hau ez da lan eremuko arazo bat, arazo sozial eta politiko larria baizik. Gizarte osoari luzatzen diogu deia, eta Lemoako herritarrei bereziki, honen aurrean irmoki erantzun dezan, azkena izan dadila lortzeko.

Lemoako herriari osoari (langileak, elkarteak, komertzioak…) deia zabaltzen diogu mobilizazioetan beste jauzi bat eman dezan; datorren astelehenean, azaroaren 6an, goizeko 11etatik 13etara burutuko dugun lanuzteari atxikimendua emanez eta parte hartuz eta 11:00etan Cementos Lemonako ataritik abiatuko den manifestazioan parte hartuz.

 

 

 

Garbiñe Aranburu: “Hazkunde ekonomikoa ez da langileongana iristen”

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Ekintza Sozialeko idazkari Bea Martxuetak agerraldi bat egin dute gaur Donostian, EAEko aurrekontu proiektuari buruz balorazioa egiteko. Aurrekontu hauek ez dietela gehiengo sozialaren beharrei erantzuten azpimarratu dute: “Ez dira aurrekontu sozialak”. Era berean, EAJri esan diote ezin dituela aurrekontuak onartu PSE edota PPren babesarekin, Kataluniako egoera zein den ikusita.

"Aurrekontuak hazkunde ekonomikoaz hitz egiten diguten testuinguruan aurkezten dira, baina hazkunde ekonomikoa ez da langileongana iristen". Garbiñe Aranbururen hitzak dira hauek, gaurko agerraldian egindakoak.

Hain zuzen ere, Aranburuk eta Martxuetak adierazitakoaren arabera, zorraren ordainketak lehentasuna izaten jarraitzen du, eta honek bestelako politika publikoak egiteko aukerak mugatzen ditu.

Diru bilketaren afera ere ez da konpontzen: “EAJ eta PSEk akordioa lortu dute zerga politikan aldaketa batzuk sartzeko arau foraletan. Hau ez da behar den zerga erreforma. Aukera paregabea galdu da sakoneko zerga erreforma bat egiteko eta berriro ere eragile sindikal eta sozialen inolako partehartzerik gabe egin da. Instituzioek zerga politika progresiboagoa egiteko eskumena badute, diru gehiago bildu eta politika publikoetara bideratzeko. Ez da egiten, honek patronalarekin aurrez aurre jartzea suposatzen duelako”.

Soldatak urtez urte BPGn pisua galduz doaz, enpresa errenten mesedetan: “Patronalarentzat jokaldia biribila da: lan erreforma eskutan soldatak murrizten ari dira eta bestetik etengabe presionatzen jarraitzen duten zergak murrizteko, bereziki sozietateen gaineko zerga murriztu nahi dute, argi esaten ez badute ere, beraien azken helburua desagertzea delarik”.

Testuinguru berezian
Aurrekontu proiektu hau testuinguru politiko oso berezian datorrela azpimarratu dugu. EAJ gustuko izan edo ez, ezin dela ohiko negoziazio moduan planteatu adierazi dugu.

Aranbururen esanetan, “EAJk baita gobernukide duen PSEek ere esan izan dute, Kataluniako egoerak ezin duela aurrekontuen negoziazioa kutsatu. Katalunian gertatzen ari dena oso larria da, eta ez da katalanen arazo hutsa, zuzen zuzenean eragiten digu”.

Horrenbestez, LABen ustez, EAJk ezin du Madrilen PPren gobernua sustengatu eta ezin ditu 2018ko aurrekontuak babestu. Era berean, EAJk katalanen eta euskaldunon erabakitzeko eskubidea ukatzen duten alderdien sostengurik bilatu ezin du bilatu. Ezin ditu aurrekontuak onartu PSE edota PPren babesarekin”.

Aranbururen hitzetan, EAJk benetan erabakitzeko eskubidearen aldekoa bada, PSErekin duen gobernu akordioa apurtu beharko luke: “Ez dirudi hori denik bere asmoa, badirudi bateragarri egiten zaiola demokraziaren kontrako neurriak babesten dituen eta erabakitzeko eskubidea ukatzen dutenekin akordioak egitea”.

 

 

 

Bergarako Arcelor Mittalen izan den istripu larria ez da kasualitatea izan

0
Herenegun, urriaren 31n, beste lan istripu batek ondorio larriak utzi zizkion Arcelor Bergarako langile bati. Pisu handiko laminaziozko zilindro bat gainera erori zitzaion langileari, estropozu eginda mandoaren gainera erori zenean. Beste behin argi gelditu da prekarietateak hil egiten duela. Lan hau bi pertsonen artean egin beharrekoa izanik, pertsonal faltak zorigaiztoko amaiera hau izan zuen.

Etorkizuneko planik gabeko enpresa baten aurrenn gaude, plan industrialik gabekoa, inongo inbertsiorik egin gabe diru- laguntzak jaso dituena, langileen prekarietatearen kontura soilik aurrezten duena. Arriskuen prebentzioa amets hutsa da Arcelor Bergaran.

Egoera honetan ez da harritzekoa atzo bezalako gertakariak egotea. Harritzekoa dena da istripu gehiago ez egotea. Izan ere, Bergarako planta ireki zenetik ia ez da inbertsiorik egin, eta horren lekuko dira enpresaren makina eta instalazioak. Egoera honetan langileok lanean bizitza uzteraino arriskatzen gara egunez egun.

Honezkero gutxienez 50 langile hil dira lan istriputan 2017 honetan.

Lan istripuak ez dira puntualak eta ez dira kasualitatez gertatzen. Arazo estruktural baten aurrean gaude. Osasuna eta langileon bizitza arriskuan jartzen diren lan harreman eredu baten aurrean gaude.

Tapia anderea, zein industria aurrerakoi saldu nahi diguzu, bi astetik behin langile bat hiltzen denean lan istriputan Euskal Herrian?

Prekarietateak hil egiten duela salatzen dugu. Lan istripuek erantzuleak dituzte, eta ekidin daitezkeen gertakariak dira. Lan istripu honek erantzule argi bat dauka, Arcelor Mittal empresa.
 

 

 

Eskola jangelak, iruzurra elikatuz

LABen Eskola Jangeletako Batzordeko kide Iolanda Formosok, Urtzi Ostolozagak eta Zuriñe Andresek iritzi artikulu bat idatzi dute eskola jantokietako gaiari buruz. "Egoera eskandalagarria bizi dugu. Eskandalagarria da administratzaileak, Eusko Jaurlaritzak, ez dituela agertzera behartzen, ezta keinu bat ere. Iruzurra eta ustelkeriaren harira txintik esaten ez duen gobernu baten aurrean daude", iritzi dute.

Ikasturte berriaren aurrean gaurkotasunera itzuli da eskola-jantokien gaia, proposamenak egin dira, berriak sortu dira, familiak mugitu dira… LABen Eskola Jangeletako Batzordeak bere proposamenari eusten dio. Horretan, benetako aldaketa egiteko proposamen oso eta beharrezkoak jaso behar dituen esparru guztiak biltzen dira.

Gure ustez, garatu behar diren esparruak dira eredu berria, egungoa bukatutzat joz; elikadura burujabetza eta lan baldintzak.

Egin beharrekoa hainbat alorretan gauzatzen ari da plataforma ezberdinetan parte hartuz sektore askotako eragile eta kolektiboekin, hezkuntza, nekazaritzan, arrantzan, familietan, mugimendu sozialetan, talde politikoetan… betiere eraikuntzara bideratutako proposamenak eginez.

Aldaketak zailak dira beti, are gehiago bizi dugun garai hauetan. Gaur egun, une korapilatsua bizi dugu, ustelkeria normaltzen den garaia bizi dugu, iruzurgileak goratu egiten dira, eta haien ondorioak jasan ohi dituztenei jazarri, kriminalizatu eta zalantzan jartzen dira. Horrelakoak hainbat esparrutan ematen dira. Denok dugu kasu politiko eta ekonomikoen berri.

Horren adibideetako bat Euskal Herrian jantoki publikoak eta itunpeko asko monopolizatzen dituzten catering enpresena dugu. Enpresa horiek Lehiaren Euskal Agentziak ikertu zituen. Espedientea ireki zieten, eta, horren ondorioz, 18 milioi euroko zigorra ezarri zitzaien. Dena den, enpresek zigorrari helegitea aurkeztu zioten, eta, zigor-epaiak eta zigor ekonomikoak berretsi arren, horiek nabarmenki txikiagotu dira.

Zigorra txikitu egin zen, epaitegiak ulertzen zuelako administrazioak ez zuela bete bi ikasturterako 45 milioi euroko aurrekontu batez egin zen kontratazio publiko horretan zegokion ikuskatze-zeregina, epaietan jasotzen denez. Horrela jokatuz, enpresei adierazi zitzaien dena zuzentasunez egiten zutela.

Epaietan onartu egiten da iruzurra egin zela; hortaz, aurrerantzean prezioak adosteagatik zigortu diren enpresez hitz egin dezakegu. Praxi hori Eusko Jaurlaritzak agertu duen geldotasunari esker gauzatu ahal izan da, eta horren ordaintzaileak familiak eta haien seme-alabak izan dira.

Familiek aurre egin behar izan diote 17 urte luzez zerbitzuan eman den gainkostuari. 17 urteotan ikasturteko zazpi milioi euro aurrez zitezkeen, Erkoreka jaunak pleguen banaketan egin den azken aldaketan gertatu den aurrezkiaren inguruan egin dituen kalkuluen arabera.

Ezin zitekeen aurreztu eskandalua lehertu zen arte? Hara ba, enpresa horiek, prezioak ituntzeagatik zigortu zituzten enpresak izanik, eta iruzurra Jaurlaritzak agertu geldotasunari esker gertatu bazen, Eusko Legebiltzarrera deituak izan dira azalpenak eman ditzaten. Baina gobernuak azaldu geldotasunari esker prezioak ituntzeagatik zigortu dituzten enpresa horiek uko egin diote parte hartzeari.

Hots, Auzolagunek, Maguik, Goñik (Mondragon taldearena), Eurest Compassek, Tamarrek, Gascak eta Gastronomia Baskak ezetza eman diote aurpegia emateari, eta nahiago izan dute iruzurrari buruzko azalpenak ez ematea.

Norbaitek pentsa lezake iruzurgileek lotsagabe paso egin dezaketela guztion ordezkaritza politikoaren deialdiaz? Kontratazio publiko batean egindako iruzurraz ari gara. Diru publikoaz ari gara.

Egoera eskandalagarria bizi dugu. Eskandalagarria da administratzaileak, Eusko Jaurlaritzak, ez dituela agertzera behartzen, ezta keinu bat ere. Iruzurra eta ustelkeriaren harira txintik esaten ez duen gobernu baten aurrean daude.

Berriro diogu, Jaurlaritzak onartu du, pleguetan egindako aldaketa soil batekin ikasturteko zazpi milioi euro aurrezten direla. Hortaz, esan daiteke, geldotasunez jardun direla, eta, horren ondorioz, iruzurra egin zaigula guztioi.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak agertu duen geldotasunari esker, prezioak ituntzeaz zigortu dituzten enpresa hauek kopeta daukate hedabideetan agertzeko haien jardun egokia, haien elikatze-segurtasuna agertuz eta zalantzan jarriz hainbat eragilek (senideek, ekoizleek, sindikatuak, talde politikoek…) egiten duten jantokiko eredu berri baten eskaria. Helburu horretan, beldurraren baliabidea darabilte, elikadura ekologikoa sartzeak jatorduen prezioa garestituko duela argudiatuz.

Hori diotenak Eusko Jaurlaritzak erakutsitako geldotasunari esker prezioak adosteagatik zigortuak izan diren enpresa berberak dira. 17 urtean zazpi milioi euro aurreztu ahal izatea eragotzi dutenak, hain zuzen ere.

Beharbada, horren lotsagabe izatearen zergatia, urteak joan urteak etorri, kontratua berritu egingo zaielako segurtasuna izan daiteke. Litekeena da datorren urtean berriro gertatzea.

Jaurlaritzak argitu beharko du zigortu dituzten enpresa horiek saritzen jarraituko ote duen datorren ikasturtean. Legea gardentasunez ezartzea soilik eskatzen diogu.

Amaitzeko, azpimarratu nahi dugu Alba Urrezola, Lehiaren Euskal Agentziaren zuzendari berriaren agerraldia Hezkuntza Batzordean, iruzurraren harira, baloiak kanpora bota dituelako, «ni garai hartan ez nengoen, ez dakit ezer» bezalako argudioak erabiliz. Hartaz ezer ez jakin arren, eta lehia bidegabearen aurka eta gure eskubideen alde diharduen erakunde burujabe bati dagokiona bete beharrean, azkar ibili da enpresa horietan zabalik zegoen bigarren ikerketa itxi zedin.
 

 

 

Galizan eta Katalunian izan gara

0

LABeko ordezkaritza bat Galizako CUT sindikatuaren kongresuan eta Kataluniako CUPek antolatutako jardunaldi internazionalistetan izan da, nazioarteko beste gonbidatu batzuekin batera.

LABeko ordezkaritza bat Urriaren 27 eta 28an Vigon egon da, CUT sindikatuak "Inverter a piramide" lelopean eginiko VI. Kongresura gonbidatuta. Hortaz gain, kongresu honetan LAB sindikatuak Munduko Federazio Sindikala ordezkatu du.

LAB sindikatuarekin batera, nazioarteko ordezkaritza gehiago egon da, konkretuki Andaluziako SAT, Asturiesko CSI, Aragoiko CUT, Kataluniako IAC, Intersindical Valenciana, Confederación Intersindical eta Portugalgo CGTP IN.

Urriaren 27an Sindikatuok nazioarteko konferentzia bat egin genuen Europako sindikalgintzaren egoeraren inguruan. Ezkerreko sindikalgintzaren agendan lehentasunezko gaia izanik, ezkerreko sindikalgintza kontra-botere sindikal bat bihurtu daitekeen eztabaidatzen egon ginen.

Bigarren egunean, kongresuaren eztabaida eta erabakiak hartzeko saioa egin zuten eta ondoren, arratsaldean, ekitaldi sindikala egin zen. Hartu zen erabaki garrantzitsuenen artean Idazkaritza Nagusiaren aldaketa izan zen. Manolo Camañok idazkaritza nagusia utzi eta Ricardo Castrok hartu zuen, hemendik aurrera Manolo Camaño nazioarteko harremanen arduradun izanen delarik. Hemendik bioi eta CUT sindikatu guztiari zorterik onena opa diogu.

Vigotik Sabadellera
Igandean, Urriak 29an, LAB sindikatuko ordezkaritza batek CUPek Sabadellen antolaturiko nazioarteko jardunaldi internazionalistetan parte hartu zuen, "demokrazia, elkartasuna, eta errepublika, herrien alternatiba" lelopean.

LAB sindikatuarekin bater,a mundu osotik etorritako nazioarteko ordezkaritza bat zegoen; bertzeak bertze, Irlanda, Eskozia, Maputxe herria, Italia, Grezia, Suedia eta nola ez Euskal Herritik etorritako ordezkaritza ezberdinekin.

Goizean, lehenik eta behin nazioarteko gonbidatuek batzar bat egin genuen. Batzar horrek atal ezberdinak izan zituen. Alde batetik, gaur egun Katalunian gertatzen ari denaren berri eman ziguten; bertze alde batetik, Errepublika defendatzeko eta Kataluniari elkartasuna adierazteko gure herrietan zer egin dezakegun solastu zen. Azkenik, With Catalonia ekimena aurkeztu ziguten.

Ondoren, arratsaldean, ekitaldi politiko bat egon zen, non nazioarteko gonbidatuek gure elkartasuna adierazteko aukera izan genuen, eta, bertze alde batetik, CUPeko ordezkariek egoeraren irakurketa egiteaz gain, etorkizuneko planteamenduei buruz solas egin zuten.

LABek interbentzioak bi zati ezberdin izan zituen. Alde batetik, LABi konkretuki dagokiona, non gure elkartasun eta laguntza berretsi genuen nazio anaia bateko sindikatu internazionalista bat ginen heinean; eta bertze aldetik, Munduko Federazio Sindikalak herrien auto-determinazio eskubidearen alde daukan posizioaz eta Katalunian konkretuki gertatzen ari denaren inguruan eginiko salaketaz solas egin genuen. Nazioarteko klase sindikalgintza Kataluniako herriaren ondoan dagoela adierazi genuen eta, noski, etorkizunean LAB sindikatuak, orain arte bezala, Kataluniaren ondoan egoten jarraituko duela.