2026-01-14
Blog Page 876

Garbiñe Aranburu: “Miresgarria da herritarrak Catalunyan ematen ari diren lezioa” #kataluniarekinBat

0

PP-PSOE estatu paktoaren aurrean, Euskal Herrian demokraziaren eta erabakitzeko eskubidearen aldeko herri akordio bat behar dugu


Gaur, urriak 1, egun garrantzitsua da Katalunian, milaka herritarrak bozka bidez beraien etorkizuna erabakitzen ari dira. LABentzat, berebiziko garrantzia du hitzordu honek eta ez du hutsik egin nahi izan. LABeko Idazkari Nagusi Garbiñe Aranburu buru duen ordekaritza bat han da goizean goizetik.

Kataluniako herriak masiboki erantzun du gaurko finkatutako deialdiari. Goizean goizetik, Kataluniako txoko guztietan jende andana bildu da bozkatu ahal izateko. Azken asteetako gertakariek agerian utzi zuten erreferendum hau salbuespen egoera batean burutuko zela. Aranburuk salatu du “Estatuaren aldetik demokraziari kolpe gogor bat eman zaiola, eta gaurkoan berriro ere errepresioarekin erantzuten ari dela”. Hala nola, leku ezberdinetan karga polizialak egon dira, ehundaka zauritu, eta internetekin ere arazoak egon dira bozka eskubidea zailduz. “Bide guztietatik erreferenduma oztopatu nahi dute, baina hau ez dago gelditzerik”, azpimarratu du Idazkari Nagusiak.

Bestalde, Aranburuk, herritarrek erakutsi duten “ilusioa, ausardia, determinazioa eta duintasuna” azpimarratu nahi izan ditu. “Benetan miresgarria da ematen ari diren lezioa, benetan mirestekoa da geldiezin den herri mobilizazio bat sortu delako”. Kataluniako herriak erakutsi duen indarrak agerian utzi du, oztopoak oztopo, aurrera egingo duela.

Euskal Herrian ere bada garaia gure bide propio idazten joateko. Onartezina da EAJ elkartasuna adierazten egotea eta, aldi berean, kataluniar herriaren kontrako errepresioaren erantzuleekiko jarrera argirik ez adieraztea. Jarrera honek Katalunian gertatzen ari denaren “konplize egiten ditu, errejimena egonkortzeko eragile aktibo bilakatu da”. PP, PSOE eta Ciudadanos elkarrekin ari dira Kataluniako herriaren kontra eta hemen, Euskal Herrian, EAJ PSOErekin gobernatzen ari da. EAJri gobernu ituna haustea eskatzen diogu. Bestalde, LABen iritziz, PP-PSOE estatu paktoaren aurrean, Euskal Herrian demokraziaren eta erabakitzeko eskubidearen aldeko herri akordio bat behar beharrezkoa da. Hori herri mobilizazio sendo baten bidez bultzatuko dugu, hori da aldaketara eramango gaituen bidea.
 

 

 

Azpikontratazioa, berriro, Basauriko heriotz istripuaren atzean

Gaur, langile bat hil da lanean Basauriko AMEBIL enpresan. Lehenik eta behin , LAB sindikatutik gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi dugu bere senide, lagun eta lankideei, momentu gogor hauetan. Urtea hasi denetik, gutxienez, 44 langile hil dira lan istripuz edo lan istripuen ondorioz Euskal Herrian. Araban 3, Nafarroan 10, Gipuzkoan 15 eta Bizkaian 16.

AMEBILeko istripuaren kasuan, nabarmentzekoa da azpikontra batean ari zela hildako langilea. Lan istripuak ez dira kasualitate kontua, arazoa estrukturala da, gaur egun imposatzen diguten ereduan dago arazoa. Prekarietateak hiltzen gaitu, lan baldintza kaxkarrek eta segurtasun neurri ezak, azpikontratazioa kasu honetan, eragin zuzena dute lan istripuetan: hildakoen %65 azpikontratutako langileak dira.

Istripuen zergatia ezagutzen dugu, arriskuak ekiditzeko zein neurri hartu behar diren ere ezagutzen ditugu, baina salatu behar dugu lantokietan ez dela prebentzio erreala egiten. Patronala lan istripuen erantzule da, bere irabaziak handiagotzea nahiago duelako langileen osasuna zaintzea baino, gure osasuna haien negozio bihurtu dute.

Administrazio publikoek ez ikusiarena egiten dute eta ez dute borondate politikorik egoera aldatzeko eta gaur,berriro ere, exigitzen diegu lan istripuen aurrean tolerantzia 0,kontrola eta zaintza bermatu dezatela.

Sarraski honekin bukatzeko, lan istripuak eta horren atzean dagoen prekarietatea lehen mailako arazo politiko bilakatu behar dugu, konpromiso politikoak ezinbestekoak dira.

Azkenik, dei egiten dugu langile klaseari Euskal Herriko gehiengo sindikalak astelehenean, urriaren 2an, 11:30ean, AMEBIL (Azbarren kalea , 3 – Basauri) enpresa aurrean deitu dugun elkarretaratzean parte hartzeko.
 

 

 

Murrizketen aurkako “Salaketa eguna” hezkuntza publikoan

0

Ikasturtea amaitu aurretik, LAB, ELA eta STEILAS sindikatuok EAEko unibertsitaez kanpoko hezkuntza publikoan Iraila-Abendua bitarteko plangintza aurkeztu genuen iazko ikasturteko murrizketen aurkako “Lan baldintzak hobetu, Hezkuntza eraiki” dinamikari jarraipena emanez. Plangintza horri heldu diogu jada eta gaur, irailak 29, “Salaketa eguna” burutu dugu ikastetxeetan.


 

 

 


Mobilizaziora deitu ditugu euskal langileak erreferendumaren bezperetan, Kataluniaren alde eta demokraziaren alde

0
LAB sindikatuak bere babes osoa adierazi nahi dio Kataluniako erreferendumari urriaren 1aren bezperetan, eta langileei horren alde mobilizatzeko deia luzatu nahi die, helburu horrekin lotutako ekimen ezberdinetan.

Batetik, Gure Esku Dagoren Bilboko larunbateko manifestazioan parte hartuko du Garbiñe Aranburu Idazkari Nagusia buru izango duen ordezkaritza batekin.

Bestetik, urriaren 1ean Euskal Herrian herrietan deituta dauden mobilizazioetan ere egongo da.

Azkenik, LABen ordezkaritza bat Katalunian bertan egongo da erreferendum egunean, bertako sindikatuekin batera.
 

 

 

Kontratazio proposamena aurkeztu dugu gaur Arabako Biltzar Nagusietan

Gaur, hilak 29, LABeko ordezkaritza batek Arabako Biltzar Nagusietako Enplegu Batzordean aurkeztu du sindikatuak egin duen kontratazio proposamena, enplegua duina, kalitatezkoa eta bermeekin lortzeari begira.

Lehenik eta behin, Arabako lan merkatuaren inguruan sindikatuak egin duen azterketaren berri eman dute eta horren ondorio nagusiak azpimarratu: kontratu asko sinatzen badira ere, gehien-gehienak aldi batekoak dira; iruzur handia dago kontratu mota horietan; eta enpresetan zenbait kolektibok diskriminazioa sufritzen dute, bai genero, ideologia, arraza, jatorri edota aniztasun funtzionalarengatik, baita kontratazio berrien kasuan ere.

Hori dela eta, LABek proposamen bat aurkeztu du enplegua duina, kalitatezkoa eta bermeekin lortzeko:

– Lanpostu estruturaletan kontratu mugagabeak egitea.

– Europako jurisprudientzia zuzenean aplikatzea aldi bateko kontratuetan, hau da, enpresek 20 eguneko indemnizazioa ordaintzea kontratu hauek bukatutzat ematen direnean.

– Enpresek aldi bateko kontratuen inguruko bermeak ematea enpresa-batzordeei, iruzurra ekiditeko helburuz.

– Irizpide objektiboak eta gardenak ezartzea kontratatzean eta kontratuak mugagabe bihurtzean.

– Kontratazio berriak ez diskriminatzea, lan baldintza berdinak edukitzea.

Horrekin batera, deiadi hirukoitza egin du LABek Biltzar Nagusietan:

1.- Foru Aldundiak irizpide horiek erabiltzea bere langileekiko.

2.- Foru Aldundiak edozein lan egiteko kontratatzen duen enpresei irizpide horiek exijitzea.

3.- Biltzar Nagusiek eta Foru Aldundiak Arabako enpresen, patronalaren eta jendartearen aurrean gai honetan jarrera argia erakustea: enplegu duina eta kalitatezkoa lortzearen bidean, kontratazio mugagabea bultzatu behar dela, iruzurra ekidin behar dela, bermeak eskainiz eta edozein diskriminazio ezabatu behar dela.

Biltzar talde gehienek orokorrean proposamena begi onez ikusi dutenez, LAB saiatuko da Biltzar Nagusien jarrera hori gauzatzen.

LABek hurrengo asteetan proposamen hau eramango du enpresetara, beti ere bakoitzaren errealitateari moldatuta, partekatuko du eragile sozialekin, nagusiki gazte taldeekin, eta Gasteizko Udalean aurkeztuko du urriaren 10ean. Horrekin batera, zenbait mobilizazio eta ekimen burutuko ditugu Araban enplegu duina, kalitatezkoa eta bermeekin exijitzeko.
 

 

 

Jaurlaritzak murrizketen estrategiari heltzen jarraitzen dio

EAEko Mahai Orokorraren gaurko bilera dela eta, LABek eta ELAk elkarretaratze bat egin dugu Gasteizen, Lakuan. Bileran, Eusko Jaurlaritzaren aldetik ez dugu benetako negoziazio bati ekiteko asmorik antzeman.

Gaur EAEko Mahai Orokorraren bilera egin dela eta, LABek honako irakurketa egiten du:

Batetik, Eusko Jaurlaritzaren aldetik ez dugu benetako negoziazio bati ekiteko asmorik antzematen. Gaiak itxita eta proposamenak langileon beharretatik oso urrun. Abiapuntua balitz ere, ez du akordio integraletarako borondaterik erakutsi. Oraindik orain Mahai Orokorrak ere PP eta PNVren harremanen menpe jarraitzen du.

Langileok ez dugu erosahalmena berreskuratuko. Beste hainbat erakundetan ez bezala, Jaurlaritzak ez du berreskuratze planez ezer entzun nahi. Okerrago, ekonomia ondo doala adierazten ari denean langile publikook erosahalmena gehiago galduko dugu aurten ere %1,5eko proposamena KPItik behera geldituko delako.

Itzarrirako egiten duen proposamena eskasa izateaz gain, langileon soldatak gehiago berreskuratzeko aukera dagoela frogatzen du. LABek egokiago ikusten du halako ahaleginak zuzeneko soldatetara bideratzea, beti ere arestian aipatu bezala, erosahalmena erabat berreskuratzeko konpromiso zintzo batekin.

Enpleguaren proposamenaren zenbakia propaganda hutsa da LABen iritziz. Eusko Jaurlaritzak ez dio arazoari modu orokorrean eta integralean heldu nahi. Behin-behinekotasuna eta orokorrean prekarietatea betikotzeko estrategiarekin bat egiten jarraitzen du PNVk. Marko legal eta juridikoen aitzakiei modu interesatuan heltzen dio, izan ere kasu honetan Europatik datozen sententziei ez die jaramonik egin nahi.

LABek berriro eskatzen du: erosahalmena berreskuratzeko plana; beharrezkoak diren zerbitzu publikoak kalitatez emateko beharrezkoak diren lanpostuak bermatzeko plana, behin-behinekotasunarekin eta prekaritatearekin amaituz; eta orokorrean egindako murrizketak atzera botatzea, gaixotasun osagarriak kasu; lan gaixotasun eta gaixotasun arrunten jarraipena osasun zerbitzu publikoak zuzenean kudeatzea, mutualitateen merkantilismoarekin amaitzeko bidean.
 

 

 

Adinekoen beharrizan guztiak aintzat hartzeko exijitzen dugu

Urriak 1 Adinekoen Nazioarteko Eguna da. LABen Heldu eta Pentsionisten Arlotik,, nazioarteko egun horren atarian, adinekoei zor zaien arretaren kalitatearen aldeko apustua egiten dugu, baldintza duinak izango dituen bizitza bermatuz, pobrezia eta estali gabeko menpekotasun egoeretatik libre.

Instituzioei exijitzen diegun biztanleriaren ia %25a bertan behera ez uztea, asetzen ez diren gero eta beharrizan gehiago dituzten pertsonak. Horregatik, lanean jarraitzen dugu Adineko eta Pentsionisten Eskubideen Kartaren edukiak. Bertan, puntu hauek aldarrikatzen dira besteak beste:

• Bizitza duinerako eskubidea: indepedentzia pertsonala, diru sarrera nahikoak, egoera fisikoaren araberako etxebizitza, elikagai, jantzi eta abarren bermea eta gure kultura eta hizkuntzara sarbide osoa.

• Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna eskubide eta betebeharren aldetik: berdintasunean atsedena hartzeko eskubidea, etxeko lanak berdintasunean, eta nagusien kontrako tratu txarren gaitza erauzteko borrokan egitea.

• Babes eta Segurtasun Sozialerako Euskal Sistemarako eskubidea, doako eta kalitatezko osasungintza publikoa.

• Gure baldintza fisikoetara egokitutako etxebizitza; honetan eta inguruan irisgarritasuna eta mugikortasuna.

• Gure pentsioak Euskal Herrian arautu, ordenatu eta kudeatzeko eskubidea. Nahi duguna da lan egin eta kotizatu dugun eta bizi garen lekuan zehaztea gure pentsioen ingurukoak.

• Zerga sistema progresiboa: gehien dutenak eta gehien irabazten dutenak izateko gehien ordaintzen dutenak. Justizia sozialean oinarritutako sistema aldarrikatzen dugu.

• Partehartzerako eskubidea: Eragiten diguten kontu guztietan parte hartu eta erabakitzeko dugun eskubidea errespetatu eta bermatu behar da. Gure arazo, gabezia eta beharrizanak ezagutzen digutunok partehartzerako eta kontsultatuak izateko eskubidea aldarrikatzen dugu.

Horregatik, LABetik, egun honetan adinekoek duintasunez bizitzeko duten eskubidea aldarrikatzen dugu, gure beharrizan guztiak estaliak izatea eta instituzioek euren betebeharrak bete ditzatela eta ez dezatela jarraitu gure eskubideak murrizten.
 

 

 

Amurrion izango gara, Alfredo Remirezi babesa emateko

0

Alfredo Remirez kartzelaratzeko agindua eman du Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta amurriotarra urtebetez espetxeratu nahi dute sakabanaketa salatzeagatik. LABetik gure elkartasun osoa adierazi nahi diogu Remirezi, eta, bide batez, amurriotarrari babesa eskaintzeko deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen dugu. Hain zuzen ere, manifestazio bat egingo dute gaur, 20:00etan, Amurrioko Juan Urrutia plazatik abiatuta.
 

 

 

Zerbitzu Sozialetako Zuzendaritzarekin biltzeko eskaera egin dute Telelaguntzako langileek

EAEko Telelaguntza Zerbitzuko langileak lanuzteak egiten ari dira gaur, kalitatezko zerbitzu publikoaren eta lan-baldintzen alde, azpikontratazioari ezetz esateko. Hala, elkarretaratze bat egin dute Bilbon,Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, eta Zerbitzu Sozialetako Zuzendaritzarekin batzartzeko eskaera bat erregistratu dute.

Euskadiko Telelaguntzako Zerbitzu Publikoa Eusko Jaurlaritzaren eskuduntza da; hark erabaki zuen azpikontratatuko zuela aipatu zerbitzu publikoa, lehiaketara atereaz. 

Telelaguntzako euskal zerbitzua kudeatzen duen merkataritza enpresak, Tunstall Televida-GSR-IMQ Aldi Baterako Enpresa-elkartea alegia, eskaintzen duen zerbitzuaren kalitatea urritzen ari da, beti ere, haren irabaziak handitzeko helburuan. Horrela, terminalak instalatzeaz arduratzen direnen langile-kopurua ez da handitu azken lau urtean, ez eta erabiltzaileen jarraipenaz eta balorazioa egiteaz, bisiten bidez, diharduten langileak ere. Bien bitartean,aipatu aldian, erabiltzaile kopurua 15.000 lagunetan handitu da. Honez gain, azpimarratu behar da langile kopurua, 2011ko uztailaz geroztik, 85 langile izatetik 105 langile izatera igaro dela bakarrik, aldiz, zerbitzuaren erabiltzaile kopurua 21.000 izatetik 45.000 izatera igaro da. Hori dela eta, zerbitzuan beharrezkoa da langile eta erabiltzaileen arteko erratioak sortzea, zerbitzuaren kalitatea mantentzeko eta enplegu sortzeko. Hau guztia are larriagoa da, kontuan hartzen badugu zerbitzua Tunstall Televida-GSR-IMQ Aldi Baterako Enpresa-elkarteari esleitu ziotela duela 9 hilabete, gutxi gorabehera, 15.000.000 euroren truke; esleipenaren munta aurrekoa baino milioi bat eurotan areagotu zen. Horrela, enpresa horrek diru publikotik lortu duen irabazi-marjina  ia 5 milioietakoa izan da. 

Ahalik eta mozkin gehien lortzeko, zerbitzua kudeatzen duen  Aldi Baterako Enpresa-elkartea, lehenengo eta behin, erabiltzaileen lesiorik eragin gabeko erorketen protokoloa aldatu du, enpresako langileek joan baino (urte askoan halaxe egin zen, eta hura erabiltzaileek eta senideek estimuan zuten) senideak noiznahi deitzen dituzte erabiltzaileak jaso ditzaten, eta ondorioz, maiz atzeratzen da laguntza. Jokabide berri horrek ekarri du senideen eta erabiltzaileen hamaika kexu; kexuok zerbitzua kudeatzen duen enpresatik ez dira ateratzen, ez dira ezagutzera ematen. Honen bidez enpresak bere langileen parte hartze kopurua murriztu nahi izan du, eta justifikatu nahi izan du laneko txandak ezabatu izana eta horiek azpikontratazioaren bidez ordezkatu izana. 

Hau guztia gutxi balitz ere, eta ekipamenduak instalatzeko epe berriak bete daitezen, alta berriak eman direlako, eta era berean, erabiltzaile berrien balorazioa egiten duten langileek bisitak egin behar dituztenez, Tunstall Televida-GSR-IMQ Aldi Baterako Enpresa-elkarteak langile kopurua handitzearen hautua egin baino, zerbitzu beraren muina erabat aldatu nahi du, egun arte eskaintzen zen zerbitzu teknikoari dagokionez. Horretarako, erabiltzaileen etxebizitzetara ekipamendua bidaltzea azpikontratatu du, eta bide batez, teknikariek instalatu beharrean, haiek dagokielako aipatu eginkizuna, urte askoan egin den antzera, gizarte lanak betetzen dituzten langileek egin ohi dute. Enpresak jarduteko modu berriaz diharduenez, nozituko da telelaguntzako zerbitzuaren kalitatea urrituko dela: geroago, behin baino gehiagotan joan beharko dutelako teknikariek, gizarte lanetaz arduratzen direnak gauza izango ez direlako tresneriaren instalazio zuzena egiten; horrek eragingo du senideek beste egun bat bertan egon behar izango dutela, zegokion unean ezin izan delako ekipamendua instalatu. 

Honen guztiaren gaizkidea Eusko Jaurlaritza dugu, gaur gaurkoz ez duelako ezer egiten egoera zuzen dadin, are gehiago, haren esku dagoenean egoera zuzentzeko gaitasuna, zerbitzuaren titularra izanik. 

Honengatik guztiarengatik, zerbitzuan dihardugun langileok erabaki dugu mobilizazioei ekingo diegula egoera hau salatzeko; era berean, jasotzen den zerbitzuaren kalitatea urritu izanak eragin senideak eta erabiltzaileak animatzen ditugu kexuak luza ditzaten, Eusko Jaurlaritzaren herritarrentzako zerbitzura deituz (012) edo bestela, Eusko Jaurlaritzara joz.