2026-04-09
Blog Page 870

APDEMAn ordainsariak eta lanaldian hobekuntzak jasotzen dituen aurreakordioa lortu da

APDEMAko ENPRESA BATZORDEAren OHARRA

"Sinatutako aurrekordioa azken lau urteetako lehenbizikoa da eta amaiera jartzen dio 8 urtez ordainsaria igoerarik gabeko egoerari, ondorioz, erosmen galera handia izan dute APDEMAko ia berrehun langileek. Aldi berean, 2020rako lanaldiaren murrizketa adostu dute 2020rako.

Bi aldeek aurreakordio hau garatzeko konpromisua hartu dute, beste gaiak APDEMAko hitzarmena kolektiboaren bitartez negoziatuz.

Aurrekordio honen edukiari, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko Administrazio Kontseiluak bere oniritzia eman behar dio. APDEMAko Enpresa hitzarmenaren menpean dauden zerbitzuak, GOFEko kudeaketa itunduko zentroak baitira.

APDEMAko Enpresa Batzordeak ondo deritzo aurrekordio hau izenpetzeari, elkarrizketa, negoziazioa eta elkarlanari berriro ekiteko eta azken urteetan galdutako lan baldintzak berreskuratzeko, eta aldi berean, Elkarteak famili eta adimen urritasuna duten pertsonei emandako zerbitzu publikoaren kalitatea hobetzeko ere. Aurrekordio hau, bi aldeetako borondate eta arduragatik sinatu ahal izan da eta APDEMAko Enpresa Batzordeak espero du Gizarte Ongizaterako Foru Erankudearen partetik jarrera bera izatea."
 

 

 

Igor Urrutikoetxearen laugarren urteurrenean, Kataluniaz berbetan Lezaman

Azaroaren 28an lau urte bete ziren Igor Urrutikoetxea LABeko Nazioarteko arduraduna hil zela. Urtero egiten duten antzera, omenaldia egin zioten Lezama bere jaioterrian, , sindikatuko kide askoren presentziarekin, besteak beste, Dabid Lizarralde Exekutiboko kidea.

Urtero, herri baten inguruan antolatzen dute omenaldia. Iaz Kurdistanen inguruan, Txente Rekondo eta Irantzu Pastorrek egin zuten bazkalosteko solasaldia, aurten, Kataluniaren txanda izan da, Marta Rovira Bartzelonako CUPeko zinegotziarekin.

Abenduaren 2an, larunbatez, 50 pertsona inguru elkartu ziren Lezamakao Oxangoiti herriko tabernaren atarian. Hotza, euririk ez. Aurkezpen laburrarekin eman zitzaion hasiera egunerokoa. Eguneko plana azaldu zuten. Paseo laburra Urrutikoetxearen familiaren etxe aurreraino, eta han ekitaldi laburra bere omenez landatutako arbolaren inguruan. Lezamako auzokide baten hartu zuen hitza, biribilean bere inguruan zeuden guztien aurrean, eta Igor Urrutikoetxeak lau urte hauetan utzitako hutsunea aipatu zuen, eta bere izaera borrokalaria nabarmendu. Beste kide batek poema sentikor bat irakurri zuen eta kanturako tartea ere izan zen, “Loretxoa”-rekin. Kataluniatik zetorren gonbidatuak, Marta Rovirak, estelada bat jarri zuen arbolan eta elkartasun hitzak izan zituen Igor eta Euskal Herriko borrokarentzat.

Ondoren, bazkaria Oxangoitin eta solasaldia Kataluniako egoeraren inguruan. 2000. urtetik hona gertatutakoaren errepaso polita egin zuen Marta Rovira CUPeko kideak. Oinarriak udalgintzak zituen CUPen hazkundea, lehenengo 3 diputatu lortuz, gero 10, erabakiorrak izateraino… Azken hilabeteotako zurrunbiloa aletuz; erreferenduma. Errepublikaren aldarrikapena, preso politikoak… Konfidantzako giroan joan zen solasaldia eta galderantzako tartea ere egon zen.

ELKARTASUN MEZUAK NAZIOARTETIK
4. Urteurrenean ere nazioartetik elkartasun mezu ugari jaso ditugu Igor Urrutikoetxeak langileen eskubideen defentsan egindako lana goraipatuz. Besteak beste, Kubako CTC sindikatutik (Central de Trabajadores de Cuba) jasotakoa.

 

 

 

“Turismoaren eraginak eta erantzun posibleak Bilbotarron ahotsetatik” mahai inguruan izan gara

0

Abenduaren 1aren eta 2an, #EHTourist “Tourist, are you welcome?” jardunaldiak izan dira Bilbon. LAB bertan izan da turismoak merkataritzan eta bertako langileengan duen eragina azaltzen Merkataritza sektoreko Agurne Gaubekaren eskutik.

Ostiralean, Lehenengo eta begirada eta aurkezpena egin zuten, Bartzelonako Assemblea de barris per un turisme sostenible taldeko kidearekin. Ondoren, “Turismoaren ondorioak Euskal Herrian” landu zituzten mahai-inguruan, Igor Ahedo, Markel Ormazabal eta Amets Jauregizarrekin. Begirada hirukoitza, unibertsitatetik, herri mugimendutik eta instituzioetatik.

Larunbatean, hiru mahai inguru izan ziren. Turismoaren ondorioak eta honen bilakaera Bilbon, lehenengoa. Instituzioak eta turismoa bigarrena, alderdi politikoetako ordezkariekin. Hirugarrena izan zen “Turismoaren eraginak eta erantzun posibleak Bilbotarron ahotsetatik” izenburua zuena. Bertan, Agurne Gaubeka LABeko kideak parte hartu zuen, Ernai, SOS Alde Zaharra, Deustuko Zirikatzen, Tourcert eta Baskale elkartearekin.

Gaubekak azalduko turismoa eta merkataritzaren harremanaren inguruan jardun zuen, enpleguan dakarren eraginean zehaztuz. Merkataritza-sektoreko kide da Agurne Gaubeka.

Merkataritza-sektoreko kide den Agurne Gaubekaren interbentzioa

"1 – Turismoa eta merkataritza, loturarik al da?
Turismoak merkataritzan duen eraginari buruzko gogoeta egiteko eskatu zidaten eta nik argi esango dut egun Bilbon turismoak ez duela eraginik merkataritzan. Hau ez da Magalluf ezta Bakio (eta honetan noski ez dut ezer justifikatu nahi) non neguan ia inor gelditzen ez den eta udan hilabete batzuetako biztanleria gehitzen den. Hiri eta herri bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta bakoitza kontuan izanda gestionatu behar dira bai merkataritza eredua zein turismo eredua.

Hau da, zertaz ari gara hitz egiten…

– Toki zehatz batzuetan biztanleria hilabete batzuetan normalean baino gehiago hazteaz eta honek sortzen dituen beharrez (adibidez Euskal Herrian herri turistiko batzuetan neguan dendek ez dute ia ezer saltzen beraz ixten dute eta udan irekitzen dituzte ordu gehiago urte osoan bizi-irauteko)

edo…

– Merkataritza kate eta multinazionalak merkataritza osoa jateko sustatu nahi duten kontsumo turismoaz?

Gauza da, eragina izatea nahiko luketela eta aitzakia bezala erabiltzen dutela turismoa, merkataritza eta kontsumo molde kapitalista are gehiago bultzatzeko. Beraz, ez ez dago eta ez litzateke egon beharko, merkataritza beharrak asetzeko tresna izan behar da eta ez kontsumismo mugagabe eta kalitate gabekoa eta moden araberakoa.

2- ZGAT zonaldeak: Bilboko merkataritza, kontsumo eredu eta langileengan duen eragina.
Horretan aritu dira Bilbon ere azken urte hauetan PNV-ren eskutik. Izan ere, 2014tik ZGAT (Emari Handiko Zonalde Turistikoen legea) Espainiako estatuan ezarri zenetik, Bilbo izan zen lehena EAEn legedi hau aplikatzea eskatzen. Legearekin, 100.000 biztanle baino gehiago dituzten hiriek eta 600.000 gau-igarotze baino gehiago dituztenek, gutxienez ZGAT zonalde bat ezarri behar zuten.

Bilbok, 5 ezarri ditu eta kate-komertzial handiak ezartzen diren zonaldeetan jartzen ditu urtero. Abando, Indautxu, Garellano, Alde Zaharra eta Deustu. Zonalde hauek dira, hain zuzen ere, kate-handiak ezarrita edo ezartzeko proiektuan daudenak.

Eusko Jaurlaritzak, era berean, Espainiako Legedia bere egiterakoan (konpetentzien inbasioaren diskurtsoarekin ez zuten jarraitu), horren kopia hutsa garatu zuen, merkatari elkarte batzuk, kontsumitzaileak, eta langileak kontuan hartu barik. Beraz, kate handien neurrirako legedia onartu zuten, eta honela, edozein aitzakia jarrita Turismo Ugariko Zonalde deklaratu ahal den edozein herri edo hiri.

Gainera, Zonalde turistiko deklaratzean Bilboko Hirigintza-plana ere moldatu da, merkataritza marka handiak Bilboko erdialdera etortzea ahalbidetzeko (Zara, Primark, Mercadona…) eta beraien zerbitzura jartzen dute inguruko hirigintza osoa osoa, Bilboko merkataritza planetik ateraz, inolako arazorik eduki ez dezaten aparkaleku, zarata, zaborrak etab-ekin. Nola ez hirigintza-negozioak ere hor daude.

Ze eragin du legedi honek Bilboko merkataritzan orokorrean?
Batetik, Zonalde horietako komertzioek irekitzen badute, inguruko zein gainontzeko auzoetako merkataritza kaltetzen ari dira. 

Bestetik, nola ez merkatari txikiak kaltetzen ditu. Orain arte 300 metro karratu baino gutxiagoko zentroek askatasun osoa dute irekitzeko, baina askok ez dute egiten handiek irekitzen ez dutelako. Zer gertatuko litzateke turismoaren aitzakian handiek, frankiziek barne, irekiko balute? Autonomo eta denda txiki askok ez dutela gaitasunik horrenbeste egun irekitzeko. Gainera, turismoa gehitu arren, gurera datorrena ez dator erosketak egitera, beraz kontsumoa dibertsifikatzera baino ez gintuen eramango, hau da, igande eta jai-egun baten Turismo Ugariko Zonalde baten erositakoa, astelehenean auzoko dendan erosiko ez duguna izango da.

Ze eragin langileengan?
Zer esanik ez, langileen lan-baldintzak kaltetuak izango liratekeela, izan ere, aisia zein bizitza familiarrarekin denbora uztartzeko arazoez gain, beste hainbat arazo sortzen dira. Malgutasuna (adib. MTVengatik edo BBK-Liverengatik turista gehiago datozelako), lanaldiak luzatzea, lan-kargak handitzea… Gezurra da turismo gehiago egoteak lan postuak sortzen dituela. Kontrakoa, lan-postuak suntsitzen egiten ditu (batik bat merkataritza-txikiarenak) eta merkataritza handian ia ez da lanposturik sortzen. Lan-karga handitzen da eta beste toki batzuetan ere hasieran ordu horiek gehiago ordaintzen zizkieten boluntarioei konfliktibitatea gainetik kentzeko, baina liberalizazio osoa eman den tokietan, ordu horiek ohiko lan-ordu edo egun bezala ordaintzen amaitu dute.

Bestalde, lan-baldintzen inguruan, turismoaren aitzakian, sustatzen duten zentro eta multinazional handietariko askok hitzarmen estatal propioak dituzte eta hor borroka erronka handiak sortzen zaizkigu. Kontuan hartu behar da lan-erreformak beraien aldeko mekanismo asko sortu dituela.

Ze eragin kontsumo ereduan?
Batetik, kontsumo eta erosketei zuzendutako turismoa bultzatu nahi dute Bilbon eta hau, erabat lotua dago sustatu nahi den turismo modeloarekin.

Bestetik, Bilbotarren kontsumo ereduan turismoa sustatzeko neurriek izan dezaketen eragina dago: kontsumo masibora zuzenduta, gure beharretatik harago doana eta produktuen kalitatea, hurbiltasuna eta produktu horren salmentan zein produkzioan lan egiten duten langileen lan-baldintzak axola ez zaizkigularik.

3- Nora eraman nahi gaituzte eta zeintzuk izango dira hurrengo urteetako erronkak?
Turismoa gure hiriko sektore guztientzat salbatzailea dela sinestarazi digute, salmentak eta kontsumoa igoko dituen eta etorkizuneko diru-sarrera iturri jarri nahi dute. Guztiontzako onura izango dela esaten digute, baina benetan gure hiria sektore honetan oinarritzea bideragarria da, ezaugarriak ditu bai gure gizarteak, zein gure lurraldeak sektore hori bultzatzeko? Ezezkoa bada, aztertu behar da zergatik eta zein edo zeintzuk sektoretan eta nola biziko diren bilbotarrak (Euskal Herriko eredu ekonomiko baten barruan), hiria herritarrentzat eta herritarrek eraikia izan behar duelako. 

Baiezkoa bada, sakondu behar dugu eta eztabaidatu behar dugu sektore horretan oinarritutako hiriak zein eredu sustatu behar duen eta sektore guztien arteko kohesioa eraman. Horretarako beharrezkoa da “tarta” beraien eskuetan ez uztea. Egun behintzat eraso puntualen aurrean babesten gaude, sektore batzuk ez dute nahi eztabaida errotik hartu beraiei kapitalismoaren tarta pusketak eroriko zaizkielakoan.

Guzti honen aurrean beharrezkoa ikusten dugu langileen artean Turismoa eta inposatu nahi diguten eredu zein baldintzez eztabaida sakona eman eta aliantzak sortzea. Legediak eta arauak hor daude kapitalismoaren zerbitzura, ez dugu ezer egin behar legedi eta arau horiek herritarron zerbitzura jartzeko?"
 

 

 


Lan Ikuskaritzak arrazoia eman dio LABi eta Siemens-Gamesari eta Mutualiari agindu die lan-istripuak eta euren larritasuna izkutatzeari uztea

0

Pasa den maiatzean LABek salaketa jarri zuen Lan Ikuskaritzan Siemens-Gamesa enpresaren kontra, enpresa horretan ilegalak eta ohikoak ziren jarduerak salatuz, lan-istripuak izkutatu eta ukatzeko helburuaz egiten zituenak. Ikuskaritzak ikusi du salatutakoak egiazkoak direla eta horrelako jarduera ilegalak bertan behera uzteko eskatu dio.

Salatzen genuena zen, enpresak, osasuna kaltetzen zuen edozein lan-istripuren aurrean, bajak eurak eta hauek aitortu eta jaso daitezen ekiditeko asmoz, jarduera ilegalak egiten dituela Mutualia mutualitatearen lankidetzarekin.

Istripu baten ondoren enpresak Mutualiara deitzen du honi eskatzen dio istripua izan duten langileari baja edo aldi baterako ezintasuna ez aitortzea. Eurenak ez diren zereginak ezartzen zaizkie langile horiei edota ataza zentzugabeak.

Beste behin ikusten da erraza dela izkutatzea, gezurretan ibiltzea eta ez betetzea, eta mutualitateen konplizitatea lanean ematen diren osasunaren kalteak izkutatzeko. Erakusten da mutualitateek kontu ekonomiko eta enpresen interesei ematen dietela lehentasuna langilen osasun eta eskubideen gainetik.

Era berean Eusko Jaurlaritzari eta Osalaneko zuzendariari zuzenketa publikoa eskatzen diegu, prentsara pasa den uztailaren 3an egindako adierazpenetan esaten baitzuen “badira Gamesa eta Sidenor bezalako, enpresak, prebentzio arloan oso ondo egiten ari direnak”. Enpresa bi hauek salatuak eta zigortu egin ditu ikuskaritzak istripuak izkutatzeagatik. Eusko Jaurlaritzak eredu moduan jartzen ditu eta jardunaldietara gonbidatzen ditu propaganda egiteko.

Hau da prebentzio arloan bilatzen dugun enpresa eredua? Ia zeinek istripu gehiago izkutatzean oinarritzen den eredua?

Enpresa hauek ez dira istripuak izkutatzen dituzten bakarrak. Enpresa handiak izan ohi dira, presiorako gaitasuna eta botere politiko eta ekonomikoa dutenak. Ikuskaritara eramango ditugu guk dakigula praktika ilegal hauen ezagutza dugun enpresa guztiak.

Guzti horrengatik, berriro ere aldaketa eskatzen dugu prebentzio politiketan. Osasuna lehentasun izango duen eredu berria, mutualitateen gaineko kontrol handiagoa euren desagertze eta sistema publikora bideratzean, kalitatezko osasun eredu publikoa sortzeko.
 

 

 

Lan berdinagatik baldintza berdinak, aniztasun funtzionala duten langileentzat ere

Igandean da abenduak 3, Aniztasun funtzionala duten Pertsonen Nazioarteko Eguna. LABek kolektibo honek pairatzen duen prekarietatea salatu eta instituzioei egoera honi aurre egiteko inplikazioa eskatuko die. Bide honetan, Gipuzkoako Enplegu Zentro Berezietako langileek kontzentrazioa egingo dute astelehenean, abenduak 4, “Lan berdina, baldintza berdinak, aniztasun funtzionaleko langileen kontrako diskriminaziorik ez” lemarekin, 12:00etan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean.

Aniztasun Funtzionala duten pertsonek lan merkatu arruntean integratzea eta inkorporatzea instituzioen helburua izan beharko litzateke baina langile hauek honetarako dituzten zailtasunak argiak dira.

Langile hauen erdiak bakarrik enplegu bat du eta gainera gehienak Enplegu Zentro Berezietan lan egiten dute lan baldintza oso prekarioetan.

Enplegu zentro berezietako langileak juridikoki soldatapekoak badira ere, lan baldintza espezifikoak dituen sektorea da. Berez, zentro horiek, aniztasun funtzionala duten langileek lantoki arruntetan integratzeko trantsizio moduan diseinatu ziren, baina praktikan, kasu gehienetan ez da trantsiziorik egiten eta zentro horietan lan egitera kondenatzen dituzte. Honela, lan esku merkea lortzeko enpresak bilakatu eta administrazioen azpikontrata merkeak bihurtu dituzte. Beste kasu batzuetan lantoki arruntetan aritzen dira “enklabe” direlakoetan, bertakoen lan antzekoa merkeago egiten.

Langile hauek askatasunez lana aukeratzeko eskubidea dute, eta horretarako ezinbestekoa da instituzioen inplikazioa lan merkatuaren egokitzapena egiteko eta lan mundua ingurune ireki, inklusibo eta irisgarria bihurtzeko.

Horregatik, aniztasun funtzionala duten langileak enplegu arruntean sartzeko neurriak sustatuko ditugu eta Instituzioei langile hauen diskriminazioari aurre egiteko beharrezkoak diren neurriak hartzeko eskatuko diogu.
 

 

 

Burujabetza eta sistema propioaren alde egiten dugu irakaskuntzan

0

Irakaskuntzako Nazio-Komitearen ordezkaritza batek agerraldia egin du gaur, Donostian, sindikatuak hezkuntzan burujabetza eta sistema propioaren alde egingo duela aldarrikatzeko. estatuen eta kapitalaren aurrean burujabetza osoa eskuratu eta gure hezkuntza sistema irutea da alternatiba.

Bor-borka ari da hezkuntzaren lapikoa azkenaldian. Han eta hemen entzuten ditugu adierazpenak hezkuntzaren gainean. Hezkuntzaren afera agenda politikoaren erdigunean kokatzea pozteko berria izan behar zuen, baina guri ardura eta ezinegona sortu digu. Bai, ardura. Izan ere, NFKko zein EAEko administrazioetan aldaketarako aukerak ikusten baditugu ere, zerrenda bakarra NFKn edota hezkuntza akordioa EAEn gauzatzeko zailtasunak nabariak dira. Eta ezinegon handia sortu digute ere, 155 artikuluaren ondotik, Catalunyanako hezkuntzari egiten ari zaizkion erasoek. Hasi irakasleak auzitegietara eramanez, eta eskola katalana “adoktrinamendu” independentistarako gune nagusia den mezu maltzurrekin amaituz. Bide batez, gure babes eta maitasun guztia helarazi nahi diegu estatuaren eraso hau pairatzen ari diren lagun guztiei. Ez zaudete bakarrik. Aipatu gisa, aitzakia hau baliatuko baitu estatuak hezkuntzaren gaineko ikuspegi zentralista, patriarkala, neoliberala eta atzerakoian sakontzeko. Izan ere, 78ko reformaren erreforma egiteko hezkuntza ere baliatuko dutelako. Estatuaren kontrarreforma hezkuntzaren bitartez itxi nahi dute. Eta noski, Euskal Herria ez da salbu egoera horretatik. Gaur ditugun eskumen urriak ere arriskuan daude erreforma zentralista eta atzerakoi honen ondorioz.

Alta, dena ez da gazia. Azken hilabeteetan hezkuntzako langileok gure eskubideen defentsan erakutsitako grina eta adorea azpimarratu nahi dugu. Hezkuntza pribatu, kontzertatu eta Ikastoletako langileok borrokan ari gara gure lan baldintzen defentsan, prekarietateari aurre eginez. Unibertsitatean ere, hurrengo egunetan mobilizazioetara joko dugu, azken urteotan lapurtu dizkiguten eskubideak berreskuratzeko.

Azken hilabeteotan, gehien bistaratu dena EAEko hezkuntza publikoko langileek aurreko ikasturtean hasitako mobilizazio eta greba dinamikari emandako ikaragarrizko atxikimendua da. Argi adierazi dugu, hezkuntzaren kalitatean hobetu beharra dagoela, ikasleek ez dutela merezi eskoletan ematen den egoera tamalgarria, eta horretarako ezinbestean hezkuntzako langileon lan baldintzak bermatu behar direla. Lan baldintzak hobetzea eta hezkuntza kalitatea hobetzea txanponaren bi aldeak direlako. Zoritxarrez, EAEko administrazioak ez du urrats esanguratsurik eman egoera desblokeatzeko, bere horretan tematuta dago eta langileen aldarrikapenei bizkar ematen ari zaie. Beraiek jakingo dute zertan ari diren, baina guk argi dugu gauzak bideratu ezean, honaino ekarritako errezeta berdinarekin, hau da, mobilizazioak eta borrokarekin jarraitzea besterik ez dugula.

Nafarroako egoerari begiratzen badiogu, zerrenda bakarraren eskariak, LABen aldarrikapen historiko garrantzitsuenetakoa, garrantzia handia hartu du azken asteotan komunikabideetan. Ez da harritzekoa, aldaketa politiko eta sozialaren aurkakoek blokean erantzutea, kalean irabazi ez dutena, parlamentuan eskuratzen saiatuz, argudio segregatzaileak erabiliz gainera. Ikuspegi sindikaletik, ez zaizkigu onargarriak iruditzen, hezkuntzaren kalitatean positiboki eragingo lukeen itunaren negoziazioan gertatzen ari diren atzerapenak, are gehiago jakinda itun honek kalitatezko hezkuntza proiektu bat garatzen lagunduko lukeela. Legealdiaren bi urte baino gehiago pasa direnean, LABek uste du ordua dela hezkuntza ereduaren aldaketa eragingo duten erabakiak hartzeko, hori baita negoziazio mahaietan bezala, kalean borrokatzen ari garena. Hau da hezkuntza komunitateak eskatzen duena, murrizketak gainditzearekin batera, Nafarroako Hezkuntzan aldaketak egiteko jarrera. LABek borrokan jarraituko du hezkuntzara aldaketa iritsi dadin! Garai berean, Nafarroan ikusten ari gara LABek behin eta berriz eskatu arren, Gobernua ez dela ari aldaketaren aldeko eta murrizketak gainditzeko neurririk hartzen.

Lapikoan dugun beste osagaietako bat EAEko hezkuntza akordioa da. Hezkuntza Sailak hezkuntza lege berri bat du ortzi-mugan, akordio bat gauzatu nahi du eragileen artean. LABek bat egiten du akordioaren beharrarekin, baita akordioa hori justifikatzen duten arrazoiekin. Bai, hezkuntzan paradigma aldaketa behar dugu, baina gakoa paradigma berri horren norabidean datza. Nagusiki hezkuntzan eskumen osoa, guztiaz erabakitzeko eskubideak izan behar du norabidea: hizkuntza ereduak gainditzeko, jangela eredu hezitzailea garatzeko, ikastetxeetako autonomian sakontzeko, segregazioari aurre egiteko, pedagogia eta ebaluazio eredu berria abian jartzeko, euskal curriculuma inplementatzeko, hezkuntza hezkidetzaileruntz urratsak emateko…

Finean, estatuen eta kapitalaren aurrean burujabetza osoa eskuratu eta gure hezkuntza sistema irutea da alternatiba.
 

 

 

Osakidetzan, zerbitzua eta lana euskaraz egin ahal izatea bermatzea eskatu dugu Usansoloko ospitalean

Ekimen ibiltaria Usansoloko ospitalera iritsi da gaur. Urriaren 16an Iruñean abiatu ondoren, Euskal Herria zeharkatzen ari da “Lan duina, bizi duina; aktibatu prekarietatearen kontra” lemapean. Abenduaren 6an amaituko da Durangon. Gaur kontzentrazioa egin dugu Usansoloko ospitalean “Gure eskubidea delako, Osakidetzan, zerbitzua eta lana, euskaraz” lemarekin. Eskuorriak ere banatu dizkiegu bertako langile eta abarri.

Abenduaren 3an ospatzen den Euskararen Egunaren bezperan, Amaia Aurrekoetxea LABeko Euskara Idazkariak gogoratu du lan eta bizitza duina bateraezina dela gure hizkuntzan bizi eta lan egiteko ezintasunarekin. Eta hau bizitza ea lan eremu guztietan hala izanik ere, bereziki larria eta premiazkoa da osasungintza arloan.

Izan ere, kalitatezko osasun arreta eskaini ahal izateko funtsezkoa da pazientea konfidantzaz eta naturlatasunez komunikatzen den hizkuntzan arreta bermatzea, beraz, herritar guztiei Osakidetzan euskarazko arreta bermatu zaiela aldarrikatzen du LABek.

24 ordu euskaraz
Honetaz gain, abenduaren 1ean, gure lan esparruan eta bizitzan 24 orduz euskara hutsean aritzeko erronka hartu du LABek, abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen dela eta.

Euskara LAB sindikatuaren hizkuntza dela erabaki genuen 2000. urteko Biltzar Nagusian eta harrez gero, etengabeanari daLABsindikatuahelburuhoribetetzekoahaleginean.
Euskara lan-munduko hizkuntza izan dadin EUSLAB egitasmo estrategikoa onartu eta martxan jarri genuen LABen. Interbentzio estrategiko horrek bi lerro barnebiltzen ditu. Batetik, LAB sindikatuaren barruko hizkuntza euskara izateko SINEUS egitasmoa, eta lan munduan euskararen normalizazioa lortzeko LANEUS egitasmoa.

LABeko kideok, SINEUS egitasmoaren barruan eta Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, hainbat egoitza eta sail sindikaletran adostu dugu abenduaren 1ean kide guztiok 24 orduz euskara hutsean arituko garela. Erronka zaila bezain itxaropentsua esku artean hartu duguna, izan ere, oraindik orain, oso zeregin zaila baita euskararen lurraldean euskaraz bizitzea, eta are zailagoa euskaraz lan egitea.

Ilusioa eta gure kemen guztia jarriko dugu gure erronka benetan gauza dadin. Euskal Herrian 365 egunez euskaraz bizi nahi dugu eta!

LAB sindikatuak beste urte betez berretsi egiten du euskararen normalizazioarekiko sindikatu gisa hartutako konpromisoa, eta lan horretan aurrera jarraitzeko determizazio irmoa erakusten du, alegia, langileon hizkuntza eskubideak azaleratu eta defendatzeko hautua egiten dugu.

Langileok eskubidea dugu euskara jakiteko.
Langileok eskubidea dugu lan euskaraz egiteko.
Langileok eskubidea dugu lan harremanak euskaraz burutzeko.
Kalean, zein lanean, euskaraz askatasunean!
 

 

 

Lan munduan baietz 24 orduz euskaraz!


LABeko kideok, abenduaren 1ean, gure lan esparruan eta bizitzan 24 orduz euskara hutsean aritzeko erronka hartu dugu, abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen dela eta. Euskara LAB sindikatuaren hizkuntza dela erabaki genuen 2000. urteko Biltzar Nagusian eta harrez gero, etengabean ari da LAB sindikatua helburu hori betetzeko ahaleginean.

Euskara lan-munduko hizkuntza izan dadin EUSLAB egitasmo estrategikoa onartu eta martxan jarri genuen LABen. Interbentzio estrategiko horrek bi lerro barnebiltzen ditu. Batetik, LAB sindikatuaren barruko hizkuntza euskara izateko SINEUS egitasmoa, eta lan munduan euskararen normalizazioa lortzeko LANEUS egitasmoa.

LABeko kideok, SINEUS egitasmoaren barruan eta Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, hainbat egoitza eta sail sindikaletran adostu dugu abenduaren 1ean kide guztiok 24 orduz euskara hutsean arituko garela. Erronka zaila bezain itxaropentsua esku artean hartu duguna, izan ere, oraindik orain, oso zeregin zaila baita euskararen lurraldean euskaraz bizitzea, eta are zailagoa euskaraz lan egitea.

Ilusioa eta gure kemen guztia jarriko dugu gure erronka benetan gauza dadin. Euskal Herrian 365 egunez euskaraz bizi nahi dugu eta!

LAB sindikatuak beste urte betez berretsi egiten du euskarern normalizazioarekiko sindikatu gisa hartutako konpromisoa, eta lan horretan aurrera jarraitzeko determizazio irmoa erakusten du, alegia, langileon hizkuntza eskubideak azaleratu eta defendatzeko hautua egiten dugu.

Langileok eskubidea dugu euskara jakiteko.
Langileok eskubidea dugu lan euskaraz egiteko.
Langileok eskubidea dugu lan harremanak euskaraz burutzeko.

KALEAN, ZEIN LANEAN, EUSKARAZ ASKATASUNEAN!
 

 

 

Pentsionistek DSBEren osagarria eta kopagorako laguntza eskuratzea erraza eta berehalakoa izatea proposatzen dugu

Pentsionstentzako DSBEen datuek erakusten du asko direla gutxieneko soldata duina izatera heltzen ez diren pentsiodunak. Hilean 1.080 eurotako gutxieneko pentsioa eskatu zuten Parlamentuan plataformek, 71.724 sinadura aurkeztuta. Baina ez hori bakarrik, pentsionista horietako asko ez dira DSBEan zehaztutako 775,87 euroetara iristen.

EAEn 547.221 pentsionisa dago, hauetako asko DSBEko 775,87 eurotako kopuruaren azpitik kobratzen dutenak, baina 9.780 pentsiodun soilik dira aurtengo urrian, DSBEri osagarria jasotzen dutenak, %68,49 emakumezkoak izanik.

Gainera, zerbait arraroa ari da gertatzen, DSBEren osagarria eskuratzera iritsi diren pertsonen kopuruak behera egin baitu urtean zehar. Urtarrilean 15.799 ziren eta 9.780 pasa den urrian, DSBEren laguntzen ia %40 gutxiago. Zerbait arraroa ari da gertatzen eta horregatik premiazkoa da diru-sarrera hauek eskuratzeko eredu irisgarriagoa zehaztea.

Antzerako zerbait geratzen da osasun kopagoaren laguntzaz, orain ordaindu behar dituzten botika horiengatik. Urteko 18.000 eurotik behera kobratzen dutenek eskuratu dezakete laguntza hau. Arlo honetan ere asko dira laguntzat eskuratu ahalko lituzketen pertsonak baina benetan eskuratzen dutenak oso gutxi dira. Gainera, Gasteizko Gobernua bera kopagoari eskainitako partida murrizten ari da. 2014an 18 milioi izan ziren eta datorren 2018rako 7,3 baino ez daude ikusita.

Iragarri duten moduan lagundu nahi den pertsonen kopuruak gora egin badu, nabarmena da zerbait ez dabilela ondo. Argi geratu da Eusko Jaurlaritzan botiken kopagoari laguntzeko erabiltzen duen “eredua” ez dela egokia. Jarritako sistemak asko zailtzen dio pertsona askori laguntzok eskuratzea, eta horregatik, behin baino gehiagotan eskatu da pentsionisten plataformetatik sistema erraz eta irisgarriagoa, farmaziara botikak eskatzera doazenean ezarriko dena. Botikak gure osasun txartelean jasota baldin badaude, formula automatiko bat zehaz liteke eta horrela, benetan lagundu laguntza hauek eskuratzeko eskubidea duen jende guztia.