2026-01-15
Blog Page 867

0-3 zikloaren aitortza politikoa aldarrikatu dugu Hezkuntza Sailaren aurrean

0

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburua den Cristina Uriarte eta Haurreskolak Partzuergoko Gerentea den Maite Larrañagak Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean agerraldia dutela probestuz. Haurreskolak Partzuergoko LAB Sindikatuko langileen ordezkariok, berriro ere 0-3 zikloaren aitortza politikoa aldarrikatu dugu.

Haur Hezkuntzarako gauzatutako politikak edozein izanik ere, nazioarteko ikerlanek aho batez adierazi dute oiztiarrak eragin onuragarria izaten duela ikasketetan eta gizarteratzean. Horregatik, hezkuntza politikan behar duen garrantzia eman beharko genioke Haur Hezkuntzako 0-3 urteko zikloari.

Beraz, ziklo honetan benetako konpromisoak hartzea eskatzen diogu EAEko Hezkuntza Sailari. Arlo ekonomikoari dagokionez, ziklo honen kalitatea eta haurren ongizatea bermatzeko ezinbestekoa ikusten dugu gaur egun baino inbertsio handiagoa egitea.

Hasieran aipatzen genuen zikloaren aitortza hau, alde batetik, Haurreskolak Partzuergoa, administraziopeko Haur hezkuntzako lehenengo zikloa (0-3 urteko haurrena) dela onartuz etorriko da. Hezkuntza sailak bere egin behar du Haurreskolak Partzuergoa, jaiotzatik hezkuntzarako eskubidea bermatuz, ezinbestean doakoa, unibertsala, euskalduna eta kalitatekoa izan behar delarik.

Bestetik, Haurreskolak Partzuergoko haur-hezitzaileok egiten dugun lanak administraziopeko haur hezkuntzan puntuatzea eskatzen dugu, aitortzaren bidean aurrerapauso handia izango litzatekeelako. LAB sindikatuak horren eskari zuzena egin dio Hezkuntza Sailari.
 

 

 

Lan baldintza duinak eskatu dituzte anbulantzietako langileek

0

"Larrialdiak anbulantziak – Maiz ambulancias” Aldi Baterako Enpresa-Elkartearen anbulantzietako langileek elkarretaratze bat egin dute gaur Gasteizeko epaitegien aurrean, LAB, ELA eta CCOO sindikatuok deituta. Aipatutako enpresan pairatzen duten prekarietate egoera salatu dute bildutakoek.

Legeak agintzen duenez, sektore honetako enpresak subrogatzen direnean, sartzen den enpresak bete beharko lituzke une hartan langileei egokituko litzaizkiekeen lan baldintzak. Baina, hala ere, ez da halakorik jazotzen; enpresa hori iritsi zenetik murrizketak eta murrizketak jazo dira; hori egiteko, hainbat arrazoi argudiatu dituzte.

Enpresa horretan diharduten langileen lan baldintzak, berez, ezohikoak baziren ere, ezarri ohi zaizkion hitzarmenak ugariak direlako (5 hitzarmen hain zuzen), enpresa hau etorri izanaren ondorioz, alde bakarreko erabakiz, murriztu ditu soldatak; alde bakarrez erabaki da ere, lanaldia handitu behar dela, berdintasun, norbera babesteko ekipamenduen eta bitartekoen arloan murrizketak egitea. Horren ondorioz, zerbitzu kaskarragoa eskaintzen da.

Enpresa eta langileen ordezkaritza (LAB, ELA eta CCOO) aurrez aurre jarriko gaituen lehen epaiketa egin da gaur, geroztik gehiago egingo dira, enpresan bizi dugun egoera kaskarra konpontzen saiatzeko.
 

 

 

Kutxabanque SOS

0

Kutxabankeko delegatu Filipe Dulucq-ek eta Iñaki Egañak iritzi artikulu bat idatzi dute Kutxabanqueko kaleratzeei buruz. "Gai honetan noraez nabarmenean ari diren elite ekonomiko baten erabakiak atzera bota daitezke", diote.

Euskal jendarteak, kohesionatua eta bi mendetan lehendabiziko aldiz Parisetik bere lurralde aitortza lortu duenean Euskal Hirigune Elkargoaren bidez (EHE), Kutxabankeko administrazio kontseiluak, zeinetan EAJko kontseilariek gehiengo absolutua diren, erabaki du Kutxabanquek, Ipar Euskal Herrian duen markak, ez duela baliorik. Ondorioz, bere bezeroen kartera banku frantses bati saltzea erabaki du eta bere langileak kaleratzea, 23 langile, hain zuzen ere.

Euskal jatorriko banku bakarra EHEk ehun ekonomikoari eusteko edo berpizteko estrategia nazionalen garapenerako behar eta exijitzen duen motor bezala osatzeko aukera kolpe batean bertan behera gelditu da. Antigualeko ikuspegi batekin, EAJk lepa eman dio bere herriari, bere botoemaile eta jarraitzaileei barne, Asanblada frantserako legislatiboen kanpainan instituzioekiko konpromiso bat eskatzen zutenak, EHE bezalako ente propio baten sorrerarekin izandako une historikoak eskatzen zuen moduan.

Nabarmena da, EAJren lurralde-eremua Euskal Herria izan arren, bere dinamika ekonomikoa gure herriaren desegituraketan sakontzen duen hondamendi bat dela, Madril eta Parisek elikatua, batzutan zigor bezala eta beste batzutan logika kapitalista huts bezala. Kutxabanken zuzendaritza ezerezaren zerbitzura dauden Troyako zaldiz kutsatuta dago, egun gutxiren buruan amaitzen den ikuspegi estrategiko batekin. Bigarren hipotesia are okerragoa izango litzateke: Euskal Herriaren kohesio ekonomiko eta sozialeko koordinatuak zeintzuk diren ez ezagutzea, ezta bere existentzia bera ere.

Ekimen praktiko hauetan ikusten da ondoen bere politika ekonomikoa. CajaSur, hondoak jota zegoen kutxa baten erosketa eta kudeaketa, gotzain ustel batek zuzendutakoa, egun Kutxabanken barruan dagoena eta euskal herritarren aurrezkien kontura saneatu dena da paradigma. Eta baita Kutxanquen itxiera/salmenta ere eta bere langileak kaleratzea.

Utz diezaiegun eragile politiko, ekonomiko eta sozialei entzuten, EHEko euren ordezkari instituzionalen bidez gure herrian etorkizun bat eraiki ahal izateko tresnak eskatu dituztenak, gure seme-alabek emigratzen jarraitu behar ez dezaten. Gai honetan noraez nabarmenean ari diren elite ekonomiko baten erabakiak atzera bota daitezke. Eman diezaiogun aukera bat gure herriaren eraikuntzar propioari, baita Euskal Herrian ere. Gure 23 lankideengatik. Eta baita gure herriak merezi duelako ere.
 

 

 

Lemoako langile autonomoaren heriotza salatu dugu

Lemoako udaletxearen aurrean elkarretaratze bat egin dugu gaur azken lan heriotza salatzeko, euskal gehiengo sindikalak deituta. Hain zuzen ere, urriaren 18an, Lemoako 57 urteko langile autonomo batek bizitza galdu zuen Zeberion, etxeko obra batean, elektrikari lanak egiten ari zenean. Hala, prekarietateak heriotza ekartzen duela salatu dugu gaur berriro, ostiralean, Atxondon kasu honetan, egin genuen bezala.
 

 

 

Dei egiten diogu Correosi langileen hautaprobetan euskara kontuan har dezan

Deialdi bikoitza egin nahi dugu: alde batetik, Correoseko bezeroak animatu nahi ditugu zerbitzua euskaraz jasotzeko duten eskubideaz balia daitezen eta bestetik, langileak euskaraz lan egiteko eskubidea ozen aldarrikatu eta euskara ezagutu eta erabili dezaten.

Urteak joan urteak etorri, euskarak “stand by” egoeran jarraitzen du Correosen, estatuak onartuak dituen konpromezuak (hizkuntza gutxituen Europako Karta, Bartzelonako Protokoloa…) inola ere ez ditu betetzen. Badirudi herritarrek zein langileok onartutzat ematen dugula egoera hau, baina bada garaia langile zein bezerook euskaraz lan eta bizitzeko dugun eskubidea bermatua izan dadin lanean has gaitezen.

Orain arte Correosek euskararekiko izan duen konpromezu apurra beren borondatez eta lanorduetatik kanpo ikasi nahi duten langileei euskarazko ikastaroak ordaintzea eta zenbait orri bi hizkuntzetan inprimatzea izan dira .

Langileak aukeratzerako orduan, berriz, Correosen euskara inoiz ez da kontuan hartu. Berriki langile finkoen eta behin behinekoen plantila eguneratzeko eta handitzeko prozesu ezberdinen deialdiak ari dira ematen, eta horietako deialdi bakar batean ere ez da kontuan hartzen, ezertarako, euskararen edo beste hizkuntz ofizialen ezagutza. Aldiz, oraintxe bertan Madrilen negoziatzen ari diren lan-poltsen oinarrietan ingelesa jakitea baloratu egiten da.

Correoseko langile gehienek beren zerbitzua ematean (banatzaileak, lehiatilakoak,…) herritarrekin harreman zuzena izaten dute, eta Correosek ez du ezertxo ere egiten herritarron hizkuntz eskubideak bermatuak izan daitezen.

Hainbat herritarrek, azken urte hauetan, agian nabarituko zuten zenbait langilek euskara gehiago erabiltzen duela, baina hori Correoseko plantilan sartzen ari diren pertsonek hizkuntza badakitelako eta beren borondatez erabiltzen dutelako da.

Gogorarazi behar dugu Correosek diru publikoarekin, alegia guztion diruarekin, funtzionatzen duela, eta hala izanik ardura berezia duela hizkuntz eskubideak bermatzerako orduan.

Correosek gai hau behar den seriotasunarekin hartu behar du, eta momentu honetan zehazki, eskuartean duen lan- poltsen oinarrietan euskararen ezagutza baloratuz.

Hau guztia dela eta, LABek alegazioak egin dizkie lan-poltsen oinarriei, euskara baloratu dezatela eskatuz. Behatokian eta Elebiden ere salaketa jarri dugu, hain zuzen ere, gizartearen esparru ezberdinetan euskararen erabilera babesteaz eta bultzatzeaz arduratzen diren bi erakundeetan.
 

 

 

Kataluniako komunikabide publikoaren esku-hartzea salatzen dugu

0

Larunbatean Espainiako gobernuak, PP, PSOE eta Ciudadanos alderdien babesarekin, beste hainbat neurri ankerrez gain, "Corporació Catalana de Mitjans Audiovisuals" (CCMA) komunikabide publikoa bere gain hartzea erabaki zuen. EITBko LABek lehenengo eta behin Kataluniako prozesu demokratikoaren alde ari den jende guztiari gure babesa eman nahi diegu, gaur egun bereziki kartzelan sartu dituzte bi Jordiak nabarmenduz. Bide horretan Kataluniako komunikabide publikoko langileei ere gure babesa adierazi nahi diegu etor daitezkeen egun ilunen aurrean.

Euskal Herrian ederki asko ezagutzen ditugu espainiar estatuaren neurri antidemokratikoak, eta bere goi-asmoak lortzearren komunikabideak kontrolpean edukitzeak zenbaterainoko garrantzia duen: medioak itxi, kazetariak gartzelaratu, berariazko legeak sortu… Bide horretan gobernuek ezinbestekoa dute, komunikabide publikoak suntsitzea lortzen ez dutenean, sikiera kontrolatuta edukitzea. Eta ez hain zuzen ere jendartearen mesedetan, baizik eta unean uneko gobernuan dagoen alderdiaren mesedetan.

Informazioaren pluraltasunak bere biziko garrantzia badu ere, Kataluniako prozesuarekin beste maila batera igotzen da kontzeptua. Eta hori ezin du inondik onartu espainiar estatuak, lurralde bakarraren printzipioa babesteak kontakizun bakarrak eskatzen duelako. Eta gaur egun CCMAk egiten duen lana, informazioaren pluraltasuna bermatzea, onartezina du Estatuak eta hau mantentzen duten alderdiek.

EITBko LABek askotan defendatu izan duena berresten du: jendarte libreak eraikitzeko ezinbestekoak dira komunikabide publikoak, beti ere adierazpen eta informazio askatasunak, eta alderdikerietatik aparte profesionaltasuna eta pluraltasuna bermatuta.
 

 

 

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak jasandako polizia jazarpena salatzen dugu

Europar Batasunak Asturiasko printzesaren saria jaso behar zuela eta, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideek Asturiasera joatea erabaki zuten ostiralean, izan ere, Europar Batasuna eragiten ari den txikizioa errefuxiatuen gaiarekin, ezin daiteke inondik inora saritua izan. Plataformako kideak Asturiasera bidea hartu eta jarraian, Barakaldo parean Espainiako poliziak gelditu zituen kontrol batean.

Adierazpen askatasuna, kritikarako eskubidea eta kide hauen eskubide zibil eta politikoak zapalduak izan dira berriz ere Espainiako estatuaren aldetik, azkenaldian ohituak gaude horrelako irudiak ikustera Katalunian, euskal herritarrontzat ez dira ezer berria. Gero eta argiago dauka jendarteak Espainiar Estatua ez dela demokratikoa.

Europar Batasuna porrot hutsa da, pertsona errefuxiatuen krisi politikoak argi erakutsi digu. Itsasoan pertsonak hiltzen uzten dute, beraien herrialdeetatik beste erremediorik gabe ihesi datozen pertsonak, eta gure portuetara heltzen diren horiei ez diete inolako irtenbiderik ematen. Kasu okerrenetan, beraien jatorrizko herrialdeetara berriro kanporatzen dituzte.

Europar Batasuneko agintarien egitekoa ez da hor geratzen baina, beraien gorroto diskurtsoa herritarrengana bideratzen dute dauzkaten baliabide guztiak erabiliz: guri enplegua kentzera datozela, gaizkileak direla… Guztiz kontrakoa, ihesi egitea besterik geratu ez zaien sistema honen biktimak dira, gu bezala, langile klasea dira, beraz, nola izango dira beraiek gure bizitzaren prekarizazioaren errudun, beraien egoerak oraindik muturrekoagoak badira?

Langileok, pertsona errefuxiatuak besoak zabalik hartzeko asmoa dugu gure herri eta lantokietan, eta administrazio ezberdinei, asmo hori posible egitea exijitzen diegu. Gure artean bizi ahal izan daitezela, eta lehenbailehen beraien herrialdeetara bueltatzeko baldintzak alda daitezela.
 

 

 

Herri erantzunaren beharra azpimarratzen du LABek Estatuak 155. artikulua ezarri ondoren

0

Estatuak 155. artikulua inposatu eta “de facto”, bertan behera utzi du Kataluniako autonomía. Enegarren erasoa herri katalanak abiatutako prozesu demokratiko independentistari. Estatu espainolak errepresio hutsarekin erantzun du, ANC eta Omniumeko arduradun nagusiak kartzeleratu, bi erakundeok bere dianapean ipini eta orain, 155. Artikulua ezarrita. Inposaketa eta bortizkeriaz erantzun dio prozesua baketsu eta demokratikoari, salbuespen egoeran sakonduz. Katalan herriaren kontrako neurria izateaz gain, Estatuan diren herrien eta langileen kontrako inboluzio autoritarioaren erakusgarri da. Inboluzio horrek Euskal Herriari ere eragingo dio, harresi demokratiko bat eraikitzen ez badugu. 

Onartezina iruditzen zaigu Estatuaren erabakia. Gure babes eta elkartasun osoa erakutsi nahi diegu instituzio katalanei, herriaren borondate demokratikoari bide ematea da euren delitu bakarra; aldebikotasuna ezinezkoa denean, bide demokratikoetatik aldebakartasuna lantzea, hain zuzen ere.

Orain arte bezala, Euskal Herritik gure babes osoa erakutsi nahi diogu Kataluniak abiatutako bide demokratikoari eta konpromisoa adierazi Euskal Herrian ere aldebakarreko burujabetza prozesu soziala martxan jartzeko. Eragileen arteko adostasunak lantzen jarraituko dugu horretarako. Herri-erantzuna inoiz baino beharrezkoagoa da orain.

Mobilizazioa eta herritarren aktibazioa da Kataluniaren bidea hauspotzeko tresnarik eraginkorrenetakoa eta ezinbestekoa Euskal Herrian ere aldebakarreko burujabetza prozesu soziala martxan jartzeko.
 

 

 

Ekintza sindikalaren oinarrien inguruan gogoeta egin dugu Tuteran

Bosgarren eguna bete du gaur Ekimen Ibiltariak, eta, atzo Altsasun egon eta gero, gaur Tuteran izan gara. Ekintza sindikaleko tailerrak egin ditugu goizean, eta ustezko autonomoen egoera salatzeko elkarretaratze bat gauzatu dugu UVESA enpresaren aurrean eta beste bat, prekarietatea salatzeko, Villa Castejon hotelaren aurrean.

"Lan duina, bizi duina" dinamika ibiltaria Tafallara iritsiko da bihar, urriak 21. Propaganda banatuko dugu prekarietatea salatzeko, eta gazteek pairatzen duten egoera kalera aterako dugu.

Igandean atsedena hartuko du ekimenak, baina astelehenean berriro izango gara errepidean. San Adrianera iritsiko gara, urriaren 23an. Goizean, kultur etxean, ekintza sindikaleko tailerrak egingo ditugu. Ondoren, General Mills enpresako akordioa salatzeko mobilizatuko gara.

Astelehen arratsaldean, Andosillan, lan feminizatuaren inguruko azterketa egingo dugu, herriko talde feministarekin batera.