2026-04-09
Blog Page 866

Labore Bilboren irekierari ongi etorria eman nahi diogu

0

Langileon beharrizanak modu integralean ulertu behar ditugu, eta, beraz, bestelako eredu bat eraikitzen dituzten proiektuak beharrezkotzat ditugu. Horrela, IX. Kongresuan erabaki bezala, lana-kapitala kontraesanetik bizitza-kapitala kontraesanera igaro gara. Zentzu horretan, elikadura burujabetza elementu zentrala da justizia sozialaren bidean eta bizitza duinak gaurdanik eraikitzeko apustuan. Labore bezalako proiektuak dira, hain zuzen ere, hauspotu nahi dugun aldaketa sozialaren mugarriak.
 

 

 

Mobilizazioei ekingo diegu udal eta foru administrazioan enplegu egonkorraren eta lan baldintzen alde

LAB eta ELA sindikatuok elkarretaratzeak deitu ditugu abenduaren 20an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundien aurrean udal eta foru administrazioan enplegu egonkorraren eta lan baldintzen alde. Azken urteotan 3.400 lanpostu inguru galdu dira Udal eta Foru administrazioan. Hutsik geratu diren lanpostuak bete gabe eta zerbitzu osoak pribatizatuz, administrazio paralelo bat sortzen ari da.

Betetzen diren lanpostuak, behin behineko langilez betetzen dira eta pribatizazioa, langileen lan baldintzen bizkar egiten da beti. Enpresari batzuek etekin ederrak lortzen dituzte eta herritarrok zerbitzu publiko horiek berdin edo garestiago ordaintzen ditugun bitartean.

Eremu publiko honetako langileen %36 behin-behinekotasun egoeran dago, EUDELek berak aitortzen du datu hau. Eremu pribatuan baino altuagoa da behin behinekotasuna eremu publikoan. Are salagarriagoa da egoera hau, udaletxeetako langileen lan baldintzak arautzen dituen Udalhitz hitzarmenak, behin behinekotasuna, gehienez ere %6ra mugatzen baitu.

Aipatu Udalhitz hitzarmena 2008. urtean sinatu zen azken aldiz 2008-2010 urteetarako. Hala ere 2017an bete gabe dago eta gainera, gure instituzioek ez dute berau betetzeko inolako borondaterik erakusten. Foru aldundietan ere ez dira betetzen sinaturiko hitzarmenak eta negoziazio kolektiboak blokeatuta jarraitzen du.

Ez da benetako Negoziazio Kolektiborik sektorean. Nahiz eta administrazioak akordioetarako borondatea behin eta berriz aitortu hedabideetan, mahaietan esertzen direnean ez da inongo borondaterik ikusten. Aukera guztiak mugatzen dira, kasurik onenean, Madrilek agintzen duenera. Beraz, praktikan, badirudi Madrilek gobernatzen dituela gure instituzioak.

Elkarlan hau izenpetzen ditugun ELA eta LABek egoera hau salatu nahi dugu, eta gure bi sindikatuek irailean egin zuten adierazpen publikoan oinarriturik, dei bat egin nahi diegu erakundeei ildo propio bat jorratzeko, herritarroi ematen zaizkigun zerbitzu publikoak bermatzeko eta hauek kalitatez emateko.

Horretarako, murrizketa politikak alde batera uztea eta zerbitzu publikoetan lanean dihardugun langileon lan baldintzak hemen erabakitzea ezinbestekoa da.

Gaur agertzen garen sindikatuok langileen hiru laurdenetako ordezkaritza batzen dugu. Gehiengo horrek ematen digun nagusitasuna eta indarra baliatuz, borrokari ekingo diogu eta besteak beste, hurrengo urratsak emanen ditugu:

-Udalhitzeko mahaian ez dugu parte hartuko negoziazio berri batean, azken Udalhitza betetzeko pausuak ematen ez diren bitartean eta hitzartutakoa betetzeko bermeak izan arte. Era berean, dei egiten diegu bertan parte hartzen duten alderdiei beren jarrera eta borondateak publikoki argitu ditzaten: zergatik ez duten Udalhitz betetzen kudeatzen dituzten erakundeetan eta noiz beteko duten.

-Ildo berean, udalez udal negoziazio mahaiak zabaltzeko indarra egingo dugu. Gaurkoz, ez dago enplegua egonkortu eta sortzeko eta gure lan baldintzak hobetzeko beste esparrurik.

-Sektoreko langileak aktibatzeko lan egingo dugu eta mobilizatzeko egoera honi buelta emateko, eta kalera aterako gara gure aldarrikapenekin.

Bide horretan, bai ELAk eta LABek aldarrikapen ahalik eta zehatzenak izan behar direla uste dugu. Hauek izango lirateke aldarrikapenok:

Zerbitzu publikoak garatu

-Ematen ditugun zerbitzu publikoak defendatu eta garatu.

-Pribatizazio gehiagorik ez!

-Pribatizaturiko sektoreetan. Langileen lan baldintzak duindu eta klausula sozialak landu.

Enplegu Publikoa

-Suntsitutako enplegua berreskuratu.

-Udaletxe eta Foru Aldundietako behin-behinekotasun tasak %6ra jaitsi, akordioak betez.

-Lanpostuak eta langileak beraien lanpostuetan egonkortu ahal izateko prozesuak zabaldu.

-EPE zabalak, behar diren beste hainbeste lanpostu sortu eta betetzeko eta langile batzordeen gehiengoarekin adostuak

Negoziazio kolektiborako eskubidea berreskuratu

-Galdutako eskubideak eta eros- ahalmena berreskuratu.

-Negoziazio kolektiborako eskubidea aldarrikatu. Hitzarmenak bete.

-Ofentsibako negoziazio kolektiboak aktibatu instituzioetan

Dinamika honekin hasteko, datorren asteazkenean, hilak 20, hiru Foru Aldundien aurrean kontzentrazioak egingo ditugu, hiru administrazioei, beraien eremuetan enplegua egonkortu eta murrizketak itzultzeko politikak egin ditzatela exijitzeko.

Datorren urtera begira, urtarrila-otsaila, elkarlanean, Udaletxeetan, Foru Aldundietan, Mankomunitate eta eremu honetako enpresa publikoetan mobilizazio dinamika bat martxan jarriko dugu. Gainera, egoera epe motzean aldatzen ez bada, mobilizazio dinamika indartu beharko dugu.

Gure lan baldintzen defentsan. Gure hitzarmenen defentsan. Enplegu publikoaren defentsan eta Kalitatezko zerbitzu publikoen defentsan mobilizatuko gara.
 

 

 

Hiru greba egunetatik lehena egin dugu gaur, Arabako Esku-hartze Sozialaren hitzarmenaren defentsan

Arabako Esku-hartze Sozialaren Hitzarmen Kolektiboa hari batetik zintzilik dago, eta artaziak Arabako Foru Aldundiak ditu. Hitzarmen Kolektiboa aurre-akordioaren puntuekin sinatzeko eskatzen dugu sektorean ordezkaritza dugun 5 sindikatuok (LAB, ELA, CCOO, ESK eta UGT), eta, helburu hori bultzatze aldera, 3 greba-eguneko deialdia egin dugu, abenduaren 13, 20 eta 27rako. Gaur, lehen greba egunaren harira, manifestazio bat egin dugu Gasteizen.

Sektorean ordezkaritza dugun 5 sindikatuok (ELA, CCOO, LAB, ESK eta UGT) eta ordezkaritza duen enpresa—elkargo bakarrak (AISA) 2016ko abenduaren 29az geroztik hainbat bilera egin dugu, orduan eratu baitzen negoziazio—mahaia, eta azkenean aurre-akordio bat sinatu genuen uztailaren 27an, soldatak eta lanaldiak jasoz, eta 2017-2020 urteetarako. Sindikatuontzat oso apalak izan ziren lorpenak, baina gure asmo nagusia sektore-hitzarmena finkatzea zen.

Arabako Foru Aldundiak "Ekonomia Espainiarraren Desindexazioaren Legea" uztailean mahai gainean jarri zuenetik hitzarmenaren akordioa Gizarte Zerbitzuen Sailaren erabakien menpe egon da, Marian Olabarrieta eta Jose Luis Alonso Quilchanoren zuzendaritzapeko sailaren erabakien menpe. Foru gobernua lege horretaz baliatzen ari da, horretarako baliatzerik ez badu ere, 2018ko Aurrekontuetako diru—
murrizketak zuritzeko, eta funtzionarioentzat jarrita dauden soldata—igoeretarako mugen parekoakjartzeko.

Ordutik negoziazioa baldintzaturik egon da, eta azkenean, azaroaren 30ean, AlSAk, aldundiarekin bileran egon eta gero, jakinarazi zigun lankidetza-hitzarmenetan desindexazio—legearen klausula ezartzeko erabakia irmoa zela. Hori horrela, AlSAk esan zigun ezin zuela hitzarmen kolektiboa sinatu, haren aldeko apustua egina bazuten ere. Alde horretatik, klausula hori duten lankidetza-hitzarmenak ez sinatzea gomendatu diete elkarteei. Horren ondorioz, baliteke aldundiak finantzabidea moztea elkarteei, eta horiek, beren aldetik, ordainketak moztea hornitzaileei eta langileei. Arazoa, beraz, guztiz larria da, berehala konpondu ezean.

Arabako Foru Aldundiak, erakutsi duen jarreraren bidez, sektoreko negoziazio kolektiboa baldintzatu eta suntsitu nahi du, eta horrekin batera, lan-baldintzak hobetzeko akordioetarako aukerak; nahiz eta, horretarako, negoziazio-mahaietako aurre-akordioak berak urratu behar. "Ez da finantzaketa—arazoa, ezta aurrekontuena ere, —diote——arazo juridiko-teknikoa da". Arazo tekniko horrek hitzarmen kolektibo bat utzi du
berritu barik, alderdiek aurre—akordio bat sinatu badute ere. Arazo tekniko horrek milatik gora lagunen lan— baldintzak hobetu barik utzi ditu. Arazo tekniko horren eraginpean administrazioek azpikontrataturiko gizarte- zerbitzu guztiak geratuko dira, arduraduna nor den eta nork finantzatzen duen berdin dela. Hortaz, hitzarmenaren blokeo horrek kalte egiten die AFAren ardurapeko gizarte—zerbitzuei, eta udalaren pekoei, eta Eusko Jaurlaritzaren pekoei.

Sektorean ordezkaritza dugun sindikatuon iritziz jarrera hori onartezina da. Aldundiari dagokio konponbide bat premiabidez aurkeztea. Sektore honetako langileek ezin dituzte gehiago jasan PPko gobernuaren murrizketa-politikak, EAJren eta PSEren laguntzak ezartzen dituenak. Ez gaude prest gure lepo gainean eramateko Aldundiaren eta sektoreko patronalaren interesak.

Egoera hain larria denez, maila bereko neurriko erantzuna emateko antolatu gara. Horregatik, Arabako Esku- hartze Sozialaren Hitzarmenaren eraginpeko gizarte-zerbitzuetako sindikatuok eta langileok negoziazioa errespetatzeko eta lan-baldintzak hobetzeko eskatzen dugu.
 

 

 

Edesa Industrial-Geyserreko enpresa batzordeak ez dira inongo momentutan informatuak izan inolako egitasmoren inguruan

0
Ezagutzen dutena komunikabideetan irakurri dutela adierazi dute, langileen zati batekin atzo egin zen bileratik harago.

Edesa Industrial eta Geyser-eko enpresa-batzordeak, atzo komunikabideetan agertutako albistearen inguruan, honakoa adierazi nahi du:

Enpresa-batzordeak ez dira inongo moementutan informatuak izan inolako egitasmo edo plan zehatzen inguruan. Ezagutzen duguna komunikabideetan irakurri dugu, langileen zati batekin atzo egin zen bileratik harago. Bilera honetan ez ziren egindako galderak erantzun.

Proposamenaren inguruko informazioa jasotzeko konpromisoa dugu, abenduaren 13ko epe- mugarekin. Zuzendaritzari bere konpromisoa betetzea exijitzen diogu eta Administrari Konkurtsalari hau horrela izan dadin egin dezan.

Jarduera industriala eta lanpostuak hemen mantetzearen alde egingo duen proiektu bideragarri baten aldeko apustua egiten dugu.
 

 

 

Patronalaren inpunitatea salatu dugu, Anoetako estadioaren eta Zubietako errauste plantaren obrak adibide hartuta

0

Joan den abenduaren 4an, LAB sindikatuak Lan Ikuskaritzan bi salaketa aurkeztu ditu: lehena, Anoetako estadioan egiten ari diren lanak direla eta, legez kontra, laga direlako langileak; eta, bigarrena, Zubietako errauste plantaren lanei dagokienez, hitzarmena ez delako betetzen ari.

LABek egiaztatu ahal izan duenez, Administrazioaren menpe dauden aipatu herri-lanetan hainbat irregulartasun gertatzen ari dira, adibidez, Gipuzkoako eraikuntza hitzarmenak agintzen duenaren azpitik ordaintzen direla soldatak, edo bestela, eraikuntza hitzarmenak baimentzen dituen lanaldiak baino askoz ere handiagoak betetzen ari direla.

Salaketa horiek oinarri bera daukate: Gipuzkoako hitzarmena ez da betetzen. Gipuzkoako eraikuntza sektorea inpunitate-gune bihurtu da enpresarientzat, non hainbat eta hainbat azpikontratazioen bidez, hitzarmen kolektiboa behin eta berriz ez den aplikatzen. Hau ez da kasualitatez gertatzen, administrazioen utzikeriak eraginda baizik.

Eraikuntzan ematen den esplotazioa suntsitu daiteke, eta suntsitu behar da. Eraikuntzako sektoreak ez dezake “legerik gabeko sektorea” bailitzan iraun. Borondate politikorik balego, eraikuntzako sektorean, baldintza duinak berma litezke denontzat.

LABek baditu alternatibak eta esplotazioarekin bukatzeko AKORDIOA adosteko eskaintza egiten du. Laburbilduz, akordio honek honako puntuak jasotzen ditu:

– Herri lanen esleipenean, obraren kostea lehenetsi beharrean, lanak epean, kalitatez eta lan baldintzak beteko direla bermatuz lehenesteko konpromisoa.

– Kontratazioaren eta azpikontratazioaren kate osoan lan baldintzak betetzeko bermea. Ezarri beharreko gutxieneko baldintza herrialdeko hitzarmena izango da eta azpikontratazio kate osoan eta lan baldintzak betetzen direla egiaztatzeko ardura enpresa esleipendunari eta azpikontrata guztiei dagokie. Kontrol honetarako LABek hainbat neurri zehatzak planteatzen ditu, adibidez, obretan erlojuak jarri lanera sartzerakoan eta lanetik irteterakoan langileak fitxatzeko.

– Lan-baldintzak eta lan osasuneko baldintzak betetzen ez dituzten enpresen erregistroa sortzea. Zuzenean edo zeharka, herri lanetan zein lan pribatuetan baldintza horiek betetzen ez dituen enpresa oro agertuko litzateke aipatu erregistroan, eta ez litzateke kontratatuko inongo herri lanetarako hurrengo lau urtetan. Une berean, baldintzak errespetatzen dituenari edota bere langileekin aritzen denari lehentasuna emango zaio.

Proposamen hauek helaraziko zaizkie herri lan hauen sustatzaileei. Horretarako Donostiako udaletxea zein Gipuzkoako diputazioari bilera bana eskatuko diegu. Alderdi politiko guztiei ere obra hauen egoeraren berri emango zaie.

LABek eskatzen du eros ahalmena berreskuratuko duen eraikuntzako hitzarmena berria

Egun indarrean dagoen eraikuntzako hitzarmena aplikatzea ez da nahikoa LABentzat. LAB sektoreko langileen eros ahalmena berreskuratuko duen eraikuntza hitzarmena berritzearen alde agertzen da, sektorean ematen den lan baldintzak, gaur egun, 2009. urtean zeudenak baino txarragoak direlako. Obren hazkundeak langileen lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmen berria eskatzen du ere. Enpresarien diruzalekeriarekin amaitu eta aberastasuna banatu behar da. LAB borrokatuko da errealitate berri hori artikula dadin.
 

 

 

Lanuzteei ekin diete La Asuncion klinikako langileek

0

Aurreikusitako mobilizazioak abiatu dituzte, LAB eta ELA sindikatuok deituta. Hain zuzen ere, Gaurko egunari dagokionez, lau orduko lanuzteari ekin diote 8:00etan. Hain zuzen ere, elkarretaratze bat egin dute klinikaren atarian, eta, ondoren, auto karabana bati ekin diote. Arratsaldean, elkarretaratze bat egingo dute, 15:15etik 16:15era, zentroan bertan.

Tolosako La Asuncion klinikako zuzendaritzak negoziatzeko asmorik ez duela jakinarazi die langileei: ez du soldata igoeraz hitz egin nahi, 2010etik izoztuak dauden arren; ez du urteko lanaldia murrizteari buruz hitz egiteko asmorik, langileek Osakidetzan baino 78 lan ordu gehiago dituzten arren; eta ez dio klinikako zerbitzuan gertatzen ari den gainbeherari heldu nahi, medikuak joaten ari diren arren. Hori dela eta, gaurko lanuzteaz gain, ondorengo mobilizazioak deitu ditugu LAB eta ELA sindikatuok:

-Abenduak 20: Egun bateko lanuztea.

-Abenduak 27: Auto karabana, 18:00etatik 19:00ak bitartean.

-Urtarrilak 8 eta 9: Bi eguneko lanuztea.
 

 

 

Hitzarmen duin baten alde irten dira kalera Bizkaiko Aspaceko langileak

Aspace Bizkaiko enpresa batzordeak salatu du enpresako zuzendaritzak negoziatzeko gogo urriz diharduela. Hori dela eta, atzo, Aspacek Deustuko Julio Urquijo kalean duen bulegoaren aurrean elkarretaratzeak egin zituzten goiz eta arratsaldez, baita beste egoitzen aurrean ere.

Hauxe da Aspace Bizkaiko enpresa batzordearen oharra:

Gure kolektiboan arreta espezializatu eta nabarmena behar duten pertsonekin egiten dugu lan. Langileoi eskatzen zaigun titulazioa eta berariazko prestakuntza ez da aintzakotzat hartzen egungo hitzarmenaren edukian.

Enpresarekin 2016. eta 2017. urteetan zehar hainbat bilera egin ostean, egun bizi dugun blokeo egoera horren handia da, ezinbestean irten behar dugula kalera egiazko edukiz beteriko benetako negoziazioa aldarrikatzera.

2011. urteaz geroztik egin ditugun ahaleginak ahalegin, duela 7 urte etengabe txirotzen ari garela (soldatak izoztuak, antzinatasunak murriztu eta izoztu, bideragarritasun plana,…).
Aspace-Bizkaia Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza sailaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren “azpikontrata” da. Gure ustez, administrazioak nahiz Aspace-Bizkaiak jasaten ari garen egoera honetan dute ardura .

Horrengatik Aspace-Bizkaiari eta administrazioei eskatzen diegu erakundearen langileen eskubideei eta baldintzei eusteko erronkari eutsi diezaiotela, eta ez daitezela berriro atzeratu 21. hitzarmen kolektiboaren negoziazioak.

Elkarretaratze hauek egin ostean, sindikatuak ez ditu baztertzen beste ekimenak, egungo egoera lehengoratu ezean.
 

 

 

Interinoak errespetatzeko aldarrikatu dute Bilboko Udaleko langileek

Enplegu Publikorako Eskaintzan (EPE) irizpide orokorrak zein deialdi bakoitzaren irizpideak ezartzen direnean, zentzuz eta interinoekiko sentsibilitateaz aritzea eskatu dugu gaur Bilboko Udaleko LAB eta ELA sindikatuok. Hain zuzen ere, mobilizazio bat egin dugu gure aldarriak kaleratzeko.

Bilboko Udaleko LAB eta ELA sindikatuok EPEn negoziazioarekin zerikusirik duen guztiarekin zera hau adierazi nahi dugu:

– Deialdi guztietan orokorki eragina izango duten aspektuetan irizpide globalak aplikatzea galdegiten dugu, deitutako kategoria desberdinen artean diskriminaziorik ez egoteko.

– Deialdi bakoitzaren oinarriak langileon ordezkaritzarekin negoziatzea galdegiten dugu.

– Deialdien (oposaketak) egutegiak ELA eta LAB sindikatuek Negoziazio Mahaian behin baino gehiagotan aipatutako irizpideak, interinitatearen kopurua, barne promozioak ematen dituen aukerak, azken oposaketaren data, lan poltsen egoera, besteak beste, kontutan hartzea galdegiten dugu.

– Giza Baliabide sailaren jarrera negoziatzailean aldaketa galdegiten dugu helburu bakarrarekin: enpleguaren egonkortasuna.

– Gora behera guzti hauek negoziatzean, oposaketak egin barik pasatu den denbora luzea kontutan hartzea ere galdegiten dugu, langile interinoek inolako errua izan ez dutelako. Egoera hau oposaketak ez egiteko aurreko kudeatzaileek hartu zuten erabakian datza. Honetaz gain, kontutan hartu behar da Espainiar Estatuak, aurten EAJren oniritziarekin, inposatzen dituen birjartze tasak, guztiz ez nahikoak direla Bilboko Udalean daukagun akordioa, gehienez %6aren interinitate tasa, betetzeko.