2026-07-12
Blog Page 859

Azken lan heriotza salatu dugu Bilbon

Euskal gehiengo sindikalak elkarretaratze bat egin du gaur Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean. Hain zuzen ere, Elorrion joan den ostiralean hildako garraiolaria izan dugu gogoan, eta, honekin batera, lan heriotzak salatu ditugu berriro. LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuok salatu dugu aurten, dagoeneko, 12 pertsona hil direla lanean; horietatik sei errepidean galdu dute bizia, gidari eta garraiolariak baitziren. 2017. urtean, lanean hildako 53 langileetatik zortzi garraiolariak ziren.
 

 

 

Euskal instituzioek pentsio duin eta publikoak bermatu behar dituzte euskal langileentzat

Milaka pentsiodun kalera atera eta euren bidezko aldarrikapenen alde mobilizatzen ari diren bitartean, Gasteizko Parlamentuak ez du erantzukizunik onartzen eta ez ditu hemen eta sakontasunez aztertu nahi horrenbeste milaka pentsionistek dituzten arazoak.

Ondo dago Estatutik inposatu dizkiguten murrizketa batzuk bertan behera gera daitezen eskatzea. Baina benetan beharrezkoa dena da hemendik heltzea pentsio publiko duinak orain eta etorkizunean bermatuko dituen Babes eta Gizarte Segurantzako Sistema Propioa.

Gaur Gasteizko Parlamentuak aukera ona galdu du sistema propioaren aldeko aldarrikapenenean aurrera egiteko. Ez hori bakarrik. Pentsiorik apalenak duindu ahal izateko aukera ere galdu du, ez du 1.080 eurotako gutxieneko pentsioaren aldarrikapena ezta kontutan hartu. Aipatu aldarrikapena parlamentu honetan bertan eskatu zuten Euskal Herriko Pentsionistek Plataformek, Herri Ekimen Legegile bidez 71.724 sinadura aurkeztuz.

LAB sindikatutik euskal administrazioei exijitzen diegu herritarrei orohar eta pentsionistei bereziki, babes eta ongizate sozialeko eskubidea bermatzeko erantzukizuna onar dezatela:

• Babes eta Gizarte Segurantzako Sistema Propio baten sorrera ahalbidetuko duen esparru normativo baten eraikuntza prozesua bultzatuz. Euskal gehiengo sozial, sindikal eta politikoetatik eraikiko den sistema, gaitasun araugile eta finantziero osoa izango duena eta bermatuko diguna hemen bizi bagara eta hemen lan egiten badugu, hemen izango dugula hilabetero deskontatzen dizkiguten kotiazioak eta jasotzen digutun prestazioen kontrol eta erabakia.

• Era berean, pentsiorik apalenak osatzea exijitzen dugu, aurrekontu publiko bidez, duintasunezko gutxienekoetara iritsi arte, hau da, 1.080 eurotara.

 

 

 

Mobilizazioekin jarraitzen dute ST3 elkarteko langileek

EDE taldeko langile guztiak hiru orduko lanuztera deitu dituzte gaurko, 10:00etatik 13:00etara. Hain zuzen ere, EDE taldeko ST3 elkarteko langileek greba mugagabe bati ekin diote, euren lanpostuekin zer gertatuko den argitu nahi dutelako. Elkarretaratze bat egin dute gaur, elkartearen egoitzaren aurrean.

 

 

 

Trapagarango Producto Tubularetako lantegiko kaleratzeak salatu ditugu

0

Tubos Reunidos taldeko zuzendaritzak kaleratzeak eta lan-baldintzen prekarizazioa iragarri ditu Trapagarango Productos Tubularesen lantegian. Honen aurrean, LABek galdetzen dio Eusko Jaurlaritzari ia noiz arte jarraituko duen patronalarekin batera lerrokatzen, industria sektoreko enplegua suntsitzen jarraitzen duten bitartean.

Duela urte bat eskuratu zuen Ulacia jaunak Tubos Reunidos taldearen presidentetza. Hedabideen bidez taldeko langileei helarazi zien mezua ez zen batere lasaigarria izan eta ez zuen ezer onik iragartzen haientzat. 360o balio plan bat lantzeaz eta berau taldean ezartzeko beharraz jardun zen. LABek behin baino gehiagotan eskatu du aipatu plana langileei aurkeztu behar zaiela eta langileen lan baldintzen etengabeko hondatze baten lekukoak izan gara: azpikontratetako langileak kaleratuak izan direlako, lanpostuak amortizatu dituztelako, malgutasuna handitu delako, ezohiko lanaldiak ezarri direlako edo mugikortasun funtzionala indarrean egon delako…

Neurri guztiak aldebakarrez hartu dira langileekin inolako negoziaziorik egin gabe. Tuboseko zuzendaritzak helburu bakarra izan du hasieratik, rodiloa pasatzea.

Horregatik eta Zuzendaritzak gardentasunik eta informaziorik adierazten ez zuenez, otsailaren 12an LABen Sail Sindikalak Tubos Reunidosen eta Productos Tubularesen duen ordezkaritza, gure sindikatuak eskatuta, Eusko Jaurlaritzaren Industria-Garapenerako Zuzendariarekin elkartu ginen. Azken honi jakinarazi genion egoera honen aurrean langileok bizi dugun kezka, eta eskatu genion enpresaren aurrean bitartekaritza lana egiteko, eta erakunde bezala, gauzatu nahi izango luketen edozein neurriren inguruan, gardentasunez eta egiazko negoziazioarekin joka dezatela.

Bilera horren ondorioa izan zen Eusko Jaurlaritza gertatutakoaren eta gertatu behar zuenaren jakitun zela. Aitortu zuten sektoreko enpresa batzuk krisia hobeto kudeatu zutela eta horregatik, Tubosena baino posizio hobea zeudela. Beste ondorio bat izan zen ezin dugula ezer espero Eusko Jaurlaritzarengandik ehundaka langileri eragiten dion enplegu suntsiketa eta lan-baldintzen prekarizazioaren aurrean.

Beste behin guztiz okerra izan den kudeaketa baten ondorioak langileek jasatea da bilatzen dena. Taldearen zuzendaritzak etengabe ateratzen ditu zenbaki eta emaitza txarrak, baina LABen badakigu zenbaki horien atzean izkutatzen dena, itzelezko eraginkortasun falta, langileek euren lanpostuekin ordainduko dutena. Trapagarango lantegirako iragarri dira kaleratzeak, baina ziur gaude taldeko beste lantokietan ere bide berdina jarraituko dela.

LABek ez gaude prest egoera hau besterik gabe onartzera eta horregatik mobilizaziorako deia egingo diete langileei, enpleguaren eta lan-baldintza duinen defentsan.

Eusko Jaurlaritzari galdetzen diogu ia noiz arte jarraituko duen beste alde batera begiratzen eta patronalarekin batera lerrokatzen, industria sektoreko enplegua suntsitzen jarraitzen duten bitartean.
 

 

 

Emakume-kate bat egin dugu Gasteizko Legebiltzarreraino, talde politikoek soldata arrakalaren arazoari hel diezaioten eskatzeko

LABek Emakumeen Batzarra egin du gaur Gasteizen, Villasuso Jauregian. Bertan, martxoaren 8ko greba feministari atxikimendua eman diote bertaratutakoek eta, besteak beste, emakume eta gizonen arteko soldata arrakalaren arazoa izan dute hizpide. Hain zuzen ere, bilera amaitu ondoren, bildutakoek emakume-kate bat egin dute Aihotz plazatik Legibiltzarreraino, “Gure lanak balioa du 7.680 euro gutxiago. Emakumeok* planto” lemapean. Behin Legebiltzarrera iritsita, idatzi bana erregistratu dute ordezkaritza duen talde bakoitzarentzat, soldata arrakala gainditzeko ekimenak Legebiltzarrean landu ditzaten.

Garbiñe Aranburuk adierazpenak egin ditu, emakume-kateari hasiera eman aurretik. LABeko idazkari nagusiak egoeraren berri eman du. Hain zuzen ere, pasa den otsailaren 1ean, guztiz ez nahikoa iruditzen zaigun genero desparekotasuna eta lan merkatuaren inguruko Legez Besteko Proposamena onartu zuen Eusko Legebiltzarrak alderdi politiko guztien aldeko botoarekin. Jaurlaritzak 6 hilabeteko epean ekintza plan bat aurkezteko konpromisoa bereganatu zuen eta sindikatuak, patronalarekin batera, mahai baten bueltan eseri ginen arrakalaren inguruko eztabaida egiteko. Lehenengo bilerak gure kezkak biderkatu besterik ez ditu egin. Confebaskek ez du auziari benetan begiratzeko inolako asmorik eta Jaurlaritzak ez du Confebaskek urratsak eman ditzan patronala estutzeko inolako borondatetik. Hitz hutsak, eztabaida antzu bat egiteko. Hori da ikusi genuen bakarra.

LABeko ordezkariek 250 enpresa baino gehiagotan sartu dugu soldata arrakala aztertzeko eskaera. Estatistikek bistakoa egin dute arrakala dagoela eta handia dela baina gure helburua atzean dauden arrazoietara jotzea da. Arrazoi hauek aztertu eta azalaraztea. Hori baita benetako neurriak hartzeko modu bakarra.

Horregatik Legebiltzarreko talde guztiei, alde batetik Jaurlaritzari azterketa hauetan laguntzea eta jasotzen ditugun emaitzak arrakalaren planean aintzat hartzea eskatzen diegu eta bestetik Lan Harremanetarako Kontseiluan burututako bilkurara eraman genituen aldarrikapenak bereak egitea:

• Confebaskeri enpresetan soldata arrakalaren ikerketa bermatu dezala. Azterketaren ondorioz arrakala gainditzeko egiten diren neurriak sustatzeko konpromisoa bereganatu dezala.
• Berdintasun planak egitearen derrigortasuna enpresa guztietara zabaldu dadila, 250 langile edo gutxiago eduki arren.
• Kontziliaziorako eta korresponsabilitaterako* benetako neurriak hartu daitezela.
• Administrazioan aitatasun baimena amatasun baimenarekin parekatzeko hartu den neurria enpresa pribatuetara zabaltzea eta derrigorrezkoa egitea.
• Zerbitzu publikoen garapena ziurtatzea. Murrizketa guztiak atzera botatzea eta azpikontratazioarekin amaitzea frogatua dagoelako eragin zuzena dutela emakumeengan. Publikotik betetzen ez diren zaintza lan guztiez emakumeak arduratu behar dira oraindik orain.
• Zaintza lanen aitortza politikoa, ekonomikoa eta soziala.
• Etxeko langileentzat lan baldintza duinak eta zaintzarako dirulaguntza berdinak
• Zaintzarako sistema publikoa
• Zaintzeko, ez zaintzeko eta zaindua izateko bermatuko diren neurriak martxan jartzea, unibertsalak eta singularrak
• Haur eskolak doakoak izan daitezela
• Negoziazio kolektiborako eskubidea ziurtatzea hori izango delako neurri eraginkorrak lan merkatuan inplementatzeko bidea.
• Estatalizazioaren kontrako neurriak hartu ditzala.

Aldarrikapen hauek guztiz baliagarriak dira arrakalaren kontrako ekintza plan bat egingo bada. Legebiltzarreko talde guztiei eskatzen diegu soldata arrakalaren eztabaidan sakontzea, arrakalaren atzean dauden arrazoiak zeintzuk diren azalaraztea eta instituzioetatik arrakala gainditzeko borrokan urrats eraginkorrak ematea. Beraien esku dago arrakalaren auziari dagokion dimentsio politikoa ematea eta borroka honetan konpromisoak hartzea ekimen instituzional eraginkorrak bultzatuz. LAB prest dago benetako bidea bat egin dezagun elkarlanean aritzeko.

 

 

 

Enplegu publikorako gaitasun osoa duen geure lege bat proposatuko dugu gaurko Lakuako bileran



Gaur aurkeztuko diguten testuan jasoko den erantzukidetasun printzipioaz gain, LABek proposatua hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak Madrilen esanetara eta neoliberala den lege aurreproiektua inposatzeko estrategiarekin jarraituko duelakoan gaude. Era berean, negoziazio kolektiboaren eta jendartearen benetako errealitateen gainetik pasatuko da.

Gaur, Euskal Enplegu Publikoaren Legearen inguruan aritzeko “negoziazio” mahaia deitu dute EAEko Mahai Orokorrean. Pasa den udazkenean jaso genuen aurreproiektu proposamena eta abenduaren 26 bitarte alegazioak egiteko aukera izan dugu. Tarte honetan guztian Gobernuak bilera bakarra deitu du, beraien ustez nabarmentzekoak diren atalen inguruko aurkezpen xalo bat emateko.

Lege aurreproiektuak gabezia handiak dituela salatu izan dugu hasieratik:

• Estatuko legediaren garapen soil batetara mugatzen da, Langile Publikoen Oinarrizko Estatutu (EPOE- EBEP) delakoaren ildo berdintsua jarraitzen du. Legebiltzarrak izan dezakeen gaitasun legegileari uko egiten zaio eta honek zerbitzu publikoak estatuaren etengabeko injerentzien menpe kokatzen ditu.
• Horren harira euskal administrazioetako langileak behin-behinekotasunera kondenatzen ditu. Legeak ez ditu etengabeko enplegu eskaintzak arautzen; honek estatuan ezartzen diren birjartze tasen menpe uzten gaitu.
• Murrizketen aroari amaiera emateko neurriak ez ditu barneratzen. Langile publikoek galdutako hainbat eskubide legez arautzeko aukera aproposa dauka Jaurlaritzak, hitzetatik ekintzetara pasatzea alegia. Murrizketak gustuko ez dituztela esan baina berauek aplikatu eta betikotu ez da jarrera onargarria.
• Legeak daukan helburu nagusia ikuspegi merkantilista txertatzea da. Estatuan barneratzen ari diren irizpide neoliberalen eskutik, pribatizazioak sustatu, lanpostuak amortizatu eta langileen erabateko mugikortasuna aurreikusten du Legeak. Administrazioei erabateko aldebakartasuna eman nahi die legeak, esparru pribatuan lan erreforma ezberdinek egin ohi izan duten bezala. Aipatzekoa da negoziazio kolektiboaren eskubidea ez dela erabat errespetatzen Lege aurreproiektuan; akordiotara iristeko beharra ez dio ezartzen administrazioari.

• Zerbitzu publikoen kalitaterako oso garrantzitsuak diren gaiak garatzeko aukera ezin hobea galdu da. Lan osasuna, zerbitzu publikoak euskalduntzea eta aukera berdintasunaren aldeko apusturik ez da Legean antzematen.

LABk argi ikusten du aurreproiektu honek ez diela erantzuten euskal zerbitzu publikoetan dauden beharrei. Legea erabat subordinatua dago eta ikuspegi merkantilista garatzeko aurreikusia dago. Gure ustez gaitasun legegile osoa garatzea beharrezkoa da eta horren harira hainbat proposamen egin ditugu.

• Erosahalmenaren berreskurapenerako xedapen iragankor bat proposatu dugu.
• Negoziazio kolektiboa aurrekontu estaldurari ez lotzea eskatu dugu.
• Gaixotasun arruntengatik bajak %100 osagarria legez jasotzea.
• Ordezkapen guztiak lehen egunetik egitea.
• Ikuspegi merkantilista eta adiskidekerian oinarritzen diren neurri guztiak ezabatzea.
• Zuzendaritzen hautaketa prozesuak gardenak eta langileen parte hartzearekin egitea.
• Behin-behinekotasunari aurre egingo dieten neurri zehatzak, horien artean existitzen diren bakanteen
kobertura bermatzeko etengabeko enplegu publiko eskaintzak arautzea.
• Subrogazio eskubidea langile guztientzat.
• Gaixotasunen jarraipenerako kudeaketa publikoa izatea – mutualitaterik ez!
• Zerbitzu publikoak euskalduntzeko neurriak – funtzio publikorako sarbidean euskara ezagutza
bermatzea.
• Klausula feministak, administrazioetan ere gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasunean aurrera
pausoak eman daitezen.

Gai honetan bereziki kokatu nahi genuen gure arreta. Azken egunetan Gobernuak iragarri du Legean erantzukidetasun irizpideak txertatuko dituela, aurkeztutako aurreproiektuan ez bezala. LAB sindikatuak aurkeztutako alegazio sortaren artean erantzukidetasun neurri zehatzak planteatzen ziren. Guretzat garaipen bat izan da Gobernuak bere burua neurri horiek onartu behar izatera ikustea. LAB sindikatuarentzat estrategikoak dira erantzukidetasuna bezala gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasuna ahalbidetzen dituzten neurriak enpresa eta administrazio guztietan kokatzea. Gobernuari eskatzen diogun bakarra, propaganda alboratu eta benetan neurri hauek garatzerako garaian LABek planteatutako bidetik egin dezan.

Honekin batera, guk egindako gainontzeko proposamenak ere gauzagarriak direla uste dugu. Zerbitzu publikoen defentsan benetako geure lege bat negoziatzeko borondatea besterik ez da behar. Zain gaude ea hurrengo bileretan gobernuaren jarrera zein ote den. Hala ere orain arteko aldebakarreko jarrera albo batera utzi beharko du, mahaiaren gainean jarri duten Lege aurreproiektua ez baita gure ikuspegiz onargarria.

Bileraren osteko irakurketa
Aurreikusi bezala, Jaurlaritzak ez du gaitasun legegile osoa erabili nahi, eta Madrilgo Enplegu Publikoaren legea garatzera mugatuko da.

Bestalde, aurreproiektuaren bertsio berriak aurreko asteetan Jaurlaritzak iragarritako erantzukidetasun proposamena gezurtatu egin du. Orduan Erkorekak aitatatasun eta amatasun baimenak 18 astez eta transferiezinak iragarri zituen, eta testuak ez du transferiezintasun printzipioa jasotzen, eta baimena16 astera mugatzen jarraitzen du.

Bileraren aurretik LABek elkarretaratzea egin du Lakuako egoitzaren ondoan, eta komunikabideei dagoeneko adierazi die bileratik eta proposamenetik espero zuena, bai eta LABek egindako zuzenketa proposamenen berri (goiko testua).

Zoritxarrez gure aurreikuspenak bete dira, eta testu berriak aurrekoarekiko nabardurak baino ez ditu jaso, mamira heldu gabe: negoziazio kolektiboak ukatuta jarraitzen du, fidatzekoa ez den administrazio baten konpromisoak, murrizketak atzera botatzeko asmorik ere ez… Bajen osagarriak %100era lehen egunetik ordaintzea posible eta beharrezkoa da LABen ustez. Eusko Jaurlaritzak bere eredu neoliberalarekin jarraitzen du, zerbitzu publikoak jendartearen mesedean jartzea baino.

LABek borrokan jarraituko du, planteatzen dituen proposamenak gauzagarriak direlako. Hori bai, borroka oraindik luzea eta nahasia da. Bilera antzu hauen ondoren Jaurlaritzak alde bakarrez onartuko duen proiektua parlamentura joango delako, non honezkero aukeratu duen gehiengo politikoarekin onartzeko asmoa duen. Esan bezala, ez gara geldirik egongo eta langileak adi egotera eta mobilizazioetara deituko ditugu.

 

 

 

Kontzertua eta Konbenioaren 140. urteurrena: itxaroten dugun ospakizun bakarra bizi-baldintza duinak eskuratzea bermatuko duten instituzioak izatea da

140 urteren ondoren gutxi daukagu ospatzeko euskal langileok. Itxaroten dugun ospakizun bakarra euskal herritarroi bizi-baldintza duinak eskuratzea bermatuko duten euskal instituzioak izatea da, eta guk geuk gure instituzio propioak erabaki ahal izatea. Hori bermatuko duen estatu propioa eraikiz ospatuko dugu.

EAEko kontzertu ekonomikoaren eta Nafarroako Konbenioaren 140. urteurrena da gaur. Egia esan, euskal kontzertu-konbenioa estatuak euskal lurraldeetan egindako inposizioaren hondakin foralak baino ez dira.

Kontzertu-konbenio estatuari onartzen diogun zerga da, indarrez esatu horren parte izateagatik eta honen bidez, Hego Euskal Herriko herritarrok Estatuak politika ekonomikoaren norabidea erabakitzeko duen aldebakarretko gaitasunaren arabera egitea erabakitzen dituen gastuak ordaintzen laguntzen dugu (AHT bezalako azpiegituren finantzazioa, bankuak salbatzeko zorpetzea, errege-etxea, ejerzitoa, etab.). Euskal administrazioek gastu guzti horien %7,24a ordaintzen dugu.

Kontzertua eta Konbenioaren aldebikotasuna estatuaren diru funtsetara Kupoaren portzentaia bideratzea da, baina hau zehazten duten arlo konpetentzialeko oinarrizko erabakiek Estatuaren esku daude. Arlo fiskalean ere ez dugu gure sistema fiskal propioa artikulatzeko gaitasuna nahikoa. Konstituzioan jasotako lurralde arteko armonizazioak gure interesentzako onena izan litekeen zerga esparru egokiena erabakitzeko burujabetza eragozten digu.

Iaz lortutako Kupoaren birnegoziazioa menpekotasun honen betikotzea izan da, eta zorrean daude atzerapenen itxurakeriaren pean, euskal lurraldeetako konpetentzia estatalengatik urtero gehiago ordaintzea.

Gainera, Kontzertua eta Konbeniotik eratorritako baliabideak ez dira modu ekitatiboan banatzen euskal jendartean. Kapitalen errentek dituzten pribilegio fiskalek, onartzen diren zerga ihes eta iruzur fiskalak aberatsenak are gehiago aberastea ekartzen dute, eta gero eta zabalagoak diren herri sektoreen prekarietate eta jendarte-bazterketaren arrekala areagoatzea-
 

 

 

Kataluniako Intersindical CSC sindikatuari gure babes osoa adierazi diogu

0
Gaurko egunarekin jakin izan dugunez, gaurko egunarekin Kataluniako Intersindical CSC-ren egitekoa zen epaiketa apirilaren 25 arte atzeratu egin da.

Egoeran honen aurrean Euskal Herriko LAB sindikatutik honakoa adierazi nahi dugu:

Lehenik eta behin Kataluniako Intersindical CSC sindikatuari gure elkartasuna adierazi nahi diogu. Gure babes guztia helarazi nahi diegu eta behar duten guztirako gure laguntzan berresten gara. Intersincal CSC-k LAB sindikatuan bidaide bat dauka.

Gure iritziz epaiketa hau Katalunian Estatu Espainiarraren errepresioaren ondorioz ematen ari den askatasunen murrizketa baten testuinguruan kokatzen da. 155. artikuluaren aplikazioa eta Katalunaiko autogobernuaren indargabetzea, Kataluniako zilegizko gobernuaren parte baten eta ANC eta OMNIUN-eko lehendakarien auziperatzea, kartzelaratze edota erbesteratzea, 27 i més kasua eta abar luze bat Katalunian gertatzen ari
denaren adibide garbia dira.

Gure iritziz epaiketa honekin ez da Intersindical CSC sindikatua bakarrik epaitu nahi. Epaiketa hau Kataluniako arazo laboral eta sozialen aurrean erantzun duen Sindikalgintza alternatiboaren kontrako abisu garbi bat da. Azaroak 8ko Greba Orokorraren kasuan Intersindical CSC sindikatua grebaren deitzailea izan zen eta grebaren arrakasta eta jendearen erantzun masiboa ikusirik Espainiar Estatuak bere vendetta partikularra kobratu nahi du.

Sindikalgintza alternatiboa eta 78ko erregimena historiaren zakarrontzira botako duen aldaketa politiko eta sozialaren alde borrokan ari garen eragile politiko eta sozialak Kataluniako herriaren kontrako eraso berri honen aurrean, kasu honetan sindikalgintza alternatiboaren kontrakoa, ezin gara besoak gurutzatuta gelditu.

Horregatik LAB sindikatutik ozen eta garbi eraso berri hau salatzen dugu, eta Kataluniako aldaketa politiko eta soziala erreprimitu nahi dutenei ozen esaten diegu Kataluniako herriaren eskubide laboral eta sozialen eta askatasunaren aldeko borrokan parean izango gaituztela.

 

 

 

Zenbait kasutan udal eta foru administrazioko langileek bertan behera utzi dituzte lanuzteak, herritarren segurtasuna bermatzeko

Gaur, otsailaren 28an, lanuztea eta mobilizazioak deituta zeuden EAEko Udal eta Foru administrazio guztietan. Alabaina, elurte batekin esnatu gara eta hala errepideetan nola hiri eta herrietako kaleetan kaosa sortu da eta emergentzia planak aktibatu dira udal askotan. Honek eragin du, batetik, lanuztera deituta zeuden langile asko lanera deituak izatea, eta beste batzuk lanera ezin izan dira joan.

Bilbon deitutako mobilizazioa.

Azken bi hilabeteetan, sektorean hamaika batzar eta kontzentra egin dira, udal askotan langileek aldarrikatu dituzte gure eskakizunak, udal batzuetan zenbait aldiz gainera. Batzarrak egin dira eta hiru herrialdeetan gaurko lanuztearen eta mobilizazioen aldeko jarrera nabarmena ikusi dugu leku gehienetan. Hala eta guztiz ere, honelako egunetan herritarrei arreta berezia ematen dieten gure lankideek, herritarrei mugimenduak errazteko kaleak garbitu egiten duten gure lankide askok herritarren alde egin dute hautua gure eskubideen aldarrikapenaren kaltetan, eta lanuztea egin beharko luketen egunean lanaldi luzeagoa izanen dute seguru asko.

Egoera honen aurrean, gure lankide askok ahalegin berezia egin beharko dutelarik herritarrei laguntzeko, eta beste asko Babes Zibiletik eman diren aholkuei jarraiki etxean geldituko direlarik, LAB sindikatuak uste du gaurko deituta zeuden mobilizazioak ezin direla behar bezala gauzatu eta hurrengo egunetan aztertu beharko dugula beste data batzuetan egitea.

Hernanin egindako protesta.

Zoriondu nahi ditugu langileak bi aldiz: mobilizazioen alde erakutsi duten jarreragatik, eta egun honetan zerbitzu publiko eta herritarren alde egiteagatik. Nolanahi ere, leku askotan langileek kontzentrazioak egin dituzte eta deituta zeuden mobilizazio batzuk gauzatu dira, beste toki askotan bertan behera uztea erabaki dutelarik eta leku batzuetan birmoldatu egin dituzte deialdiak.

Guzti hau honela, LAB sindikatuak uste du ez dagoela gaurko deituta zegoen lanuztearen jarraipen bat egiterik, ez zenbatzerik, eta deialdi nagusiak gauzatu ezin izan badira ere txalotu nahi ditugu leku askotan kontzentrazioak egiteko eta kaleetan aldarrikapenak jartzeko egin duten ahalegina. Hernani, Andoain, Oiartzun, Bilbon eta herri askotan kontzentrazioak egin dira.