2026-10-02
HomeIrakaskuntzaHaur EskolakGrebara deitu dute Haurreskolak Partzuergoko langileek

Grebara deitu dute Haurreskolak Partzuergoko langileek

EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko sektore ezberdinak protestan ari dira joan den ikasturteaz geroztik, lan baldintzak hobetzeko aldarriarekin, LAB, ELA eta STEILAS sindikatuon ekimenez. Bada, azaroan zehar, sektore bat hasiko da borrokan astero, eta Haurreskolak Partzuergoko langileen txanda izango da egunotan. Hain zuzen ere, ostegunerako grebara deitu dute, eta agerraldi bat egin dute egingo dituzten jarduera guztien berri emateko.

Haurreskolak Patzuergoko borroka astea diseinatu dugu, honako jarduerekin:

– Bihar, hilak 7rako: gure eskaerekin bidalketa masiboa egingo diegu Hezkuntza sailburua den, Cristina Uriarteri, eta Haurreskolak Partzuergoko gerentea den, Maite Larrañagari.

– 8an: Gure ikasleen adinak eta haurreskolen funtzionamenduak ez dutenez uzten kontzentrazioak edota ekimen bateratuak egiteko aukerarik, ebakuazio simulazioak egingo ditugu haurreskola guztietan.

– 9an: GREBA. Eibarren, Haurreskolak Partzuergoaren egoitza parean, kotxe karabana eta elkarretaratzea egingo dugu.

– Astean zehar, borroka paisaia mantenduko dugu,… eta 10ean, bereziki, Haurreskoletan amantalak eskegita (kanpoan edo barruan), beltzez jantzi edota larrialdietako txalekoa jantzi…. Eta abenduaren 12an sektore guztietan greba deitu dugu.

Sindikatuon ustez, ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritza azken urte luzeetan inposatzen ari den murrizketak eta hezkuntza politika errotik aldatzea eta honek guztiak eraginda egungo hezkuntza publikoan sufritzen ari garen egoerari buelta ematea.

Hezkuntza Sailari eta Haurreskolak Partzuergoari dei egiten diegu sektorea aintzat hartu eta benetako negoziazio prozesu bat abian jarri dezala, lan-baldintzak hobetu eta egungo Haurreskolak Partzuergoak dituen behar eta erronkei modu egokian erantzuteko.

Erantzunik gabe
Pasa den ikasturtean EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko sektore ezberdinetan eta bereziki Haurreskoletan jarraipen handiko greba eta mobilizazioak burutu genituen, ikastetxeak, langileak, haurrak eta familiak azken urteetan pairatzen ari garen egoera larria salatu eta egoerari buelta emateko ezinbestekotzat jotzen ditugun neurriak plazaratu asmoz.

Eusko Jaurlaritzak eta Haurreskolak Partzuergoak, ordea, oraindik ez diete gure aldarrikapenei erantzunik eman. Sektore ezberdinetako Negoziazio Mahaiak deitzeko ariketa formala egin duen arren, egoera larri honi buelta emateko inolako neurri zehatzik ez du ezarri mahai gainean.

Azken hilabeteetan plazaratu moduan, LAB, STEILAS eta ELA sindikatuon ustez ondorengoak dira Haurreskolak Partzuergoari dagokionez, kontutan hartuta 2009tik lan hitzarmena eta soldata izoztuta ditugula, egungo egoerari irtenbidea ematen hasteko adostu beharreko neurriak:

-Kudeaketako eta Hezitzaile langileen Lanpostuen Zerrenda eta egonkortasuna bultzatu. Haurreskolak Partzuergoko langileon behin-behinekotasun tasa % 41ekoa da, kudeaketa langileena %100ekoa.
-Geletako ratioak berdintasunean oinarritutako irizpideekin aplikatu.
-Ordezkapenak bertaratze orriarekin ez baldintzatu.
-Lizentzia, baimenak eta txanda egunak ordezkatu. Egin ezean lankideen lan karga handitzen da eta zerbitzuaren kalitatea, berriz, kaskartu.
-Haurreskola txikietan familia guztiei 8 orduko zerbitzua eskaintzea.
-Koordinazio liberazio orduak irekita dauden gela kopurua izatea erreferentzia.
-Koordinatzaile ordeak plusa proportzionalki jasotzea (hilabete batera heldu ezean).
-Erretiroa erraztu, errelebo kontratuarekin akordio batera heldu. Gaurko errelebo kontratuen araudiaren aplikazioa 2018ko abenduaren 31n amaitzen da.
-Bajak lehen egunetik %100ean ordaindu.
-Eroste ahalmena berreskuratu.
-Dekretu bidezko ordezkoen araudirik ez! .
-Haurreskolen doakotasuna.

Eta hezkuntza publikoko gainontzeko sektoreen aldarrikapenekin bat eginez:
-Hezkuntza inbertsioa handitzea (gutxienez Europar Batasuneko bataz bestekoa, progresiboki %6ra iritsiz).
-LOMCE Euskal Herriko gure ikastetxeetatik ateratzea eta honen moldaketa hutsa den Heziberri bertan behera uztea.
-Hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera uztea, egungo desorekak gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izan dadin (kohesio soziala, integrazioa, aniztasuna, berdintasuna, hezkidetza oinarri).
-Ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen euskarazko murgiltze eredua garatzea.
-Balizko Hezkuntza legearen aurrean sindikatu, hezkuntza eragile eta herritarron parte hartzea eta iritzia aintzakotzat hartzea.

Orain arte Eusko Jaurlaritzak eta Haurreskolak Partzuergoak ez dute proposamen hauen inguruko benetako negoziazio asmorik agertu. Hau dela eta Hezkuntza Sailak eta Haurreskolak Partzuergoak greba eta mobilizazio dinamika mantentzea beste biderik ez digute uzten.

Irailetik aurrera mobilizazio ugari burutu ditugu eta gaur Haurreskolak Partzuergoko hezitzaile eta langileok hasiera emango diegu, Unibertsitatez kanpoko Irakaskuntza publikoan burutuko diren borroka asteei.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.