2026-01-16
Blog Page 854

Indarkeria matxista lan munduan ere oso presente dagoela ohartarazi dugu

Garbiketako langile bat erasotu zuen gizon baten aurkako epaiketa egin dute gaur. Emakumea bere lanpostuan zegoenean pairatu zuen erasoa. Bada, epaiketa egin bitartean, LABek elkartasuna adierazi dio langileari, eta elkarretaratze bat egin dugu epaitegien kanpoaldean, Bilbon, “Lanean indarkeria matxistari ez. Libre izan nahi dugu” leloarekin.

LAB sindikatutik, garbiketa langile batek lanean zegoen bitartean jasandako eraso matxista gogor salatu nahi dugu.

Emakume langilea atari bat garbitzen zegon bitartean, irainka hasi zitzaion gizon batek eraso egin zion. “Destorbu emakumea, ez duzu ezertarako balio!” esan zion gizonak, eta bortizki bultzatu zuen hormaren kontra, besoan lesioa eraginez. Eraso honek eragindako ondorio fisikoetatik aparte, izan dituen kalte emozionalengatik bajan egon behar izan du.

Egoera hauek guztiak alderantziz pentsaezinak badira ere, emakume langileek beraien lanpostuetan, oraindik ere, tratu txarrak pairatzen dituzte. 

Emakume langileak, eraso sexista jasan zuela ohartu zen bezain pronto, salaketa ipintzea erabaki zuen horrelako egoerak zigorgabe gera ez daitezen, eta indarkeria matxista lan munduan ere presente dagoela ikustarazteko.

LAB sindikatuak argi du eraso hauek bizi garen jendarte matxistaren ondorio zuzenak direla. Badira egoera batzuk egun pentsaezinak, imajinaezinak iruditu ditzakegunak, baina inpunitate osoz gertatzen ari direnak lanpostuetan. Errealitateok egunero gertatzen ari diren arren, ezkutuan eta ikusezin gordetzen dira, pairatzen duten emakumeak erabateko babesgabetasunean utziz. Datu ofizialek eta estatistikak egoera hauek azalarazten ez badituzte ere, gure bizitzako bestelako eremuetan bezala, indarkeria matxista lan munduan ere oso presente baitago.

Gaurkoan, botere judiziala ere salatu nahi dugu, erasoa falta arin bezala epaituko baitu. Baina zer espero dezakegu emakumeak justizia honengandik, oraindik egun eraso matxistak pairatzen ditugunean kriminalizatzen jarraitzen bagaituzte eta gu izan behar bagara erasoa gertatu dela frogatu behar duguna? Zoritxarrez, botere judiziala emakumeonganako indarkeria mantentzeko beharrezko laguntzailea jarraitzen du izaten eta libre izateko dugun eskubidea ez digu bermatzen.

Bukatzeko, egunero beraien lan postuetan emakume izateagatik indarkeria matxista pairatzen duten milaka emakumeoi gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu. Bada garaia jendarte mailako ardura hau onartu dadila eta jendarteari eta erakundeei hertsatu nahi diegu, errealitate anker honen aurrean, ezikusiarena egiteari utz diezaiotela.
 

 

 

Hitzarmenaren aurreakordio ona lortu da Perfil en Frío enpresan, langileen borrokari esker

0
Perfil en Frio-ko (Condesa taldea) langileek, urrian eta azaroan zehar eginiko sei egunetako grebari zein mobilizazio ezberdinei esker, blokeatuta zegoen negoziazioa zabaldu eta enpresa aurreakordio on bat sinatzera behartu dute.

Hiru urteko iraunaldia izanen duen akordioak KPI-ari lotutako soldata igoera eta, horrekin batera, hiru urtean zehar 20 orduko lanaldi jaitsiera ere jasotzen ditu, besteak beste. Nabarmentzekoak diren bestelako elementuak: arbitrajearen derrigortasun eza eraisketaren aurrean, malgutasunaren jaitsiera edota 6-10 kontratu mugagabe egiteko konpromisoa enpresaren aldetik. Aurreakordioa langileen gehiengo handi batek babestu du, berriki egindako batzarrean.

LAB sindikatuaren ustez, lortu den aurreakordio horrek langileen eskubideak eta lan baldintzak hein handi batean hobetzeko bidean kokatzen ditu eta, horregatik, borrokan agertutako batasunagatik goraipatu nahi ditugu. Determinazio handiz jokatu dute eta zalantzarik gabe horrek eman die zilegitasuna eta indarra aurreakordio hori lortzeko.
 

 

 

Lanuzteak egingo ditugu Gipuzkoako Posta zerbitzuko lantoki guztietan

0

Gipuzkoako Postan ordezkaritza dugun sindikatu guztiok, LAB, CCOO, ESK, UGT eta ELAK, bi orduko geldialdi partzialak egitera deitu dugu, astelehenetik ostiralera, 2017ko azaroaren 16tik 2017ko urtarrilaren 31 arte. Geldialdi hauek Gipuzkoako Postan lan egiten duten langile guztiei eragingo die, bai laboralei eta bai funtzionariei.

Geldialdi hauekin hainbat urtetan lanpostuen murrizketan ematen ari diren gehiegikeriekin bukatu nahi dugu. Izan ere, Zuzendaritza, SEPIren (Industri Partaidetzaren Elkarte Estatala) menpeko dena, murrizketa handiak ari da ezartzen enpresa publiko honetan. Lanpostu hutsek, baimenek, bajek, e.a., sortzen dituzten hutsuneak gehienetan ez dira betetzen, eta horrek eragina du bai langileen plantilan jasaten ditugun lan-kargak gehitzearekin, eta nola ez, urtetik urtera hondatzen ari den Posta zerbitzu publikoaren kalitatearekin.

Ikusten dugunez datozen hilabeteetan egoera hau okertu liteke; izan ere, e-Commercen kanpaina dela eta, paketeria asko ugarituko dela jakinarazi baitute. Gainera, gabonetako kanpaina ere gainean dugu eta urtarrilean egunak hartzeko baimenak ere pilatzen ari dira. Hori guztia kontuan hartuta, Postako langileak geldialdi hauek egiten hasi dira lanpostuak betetzeko hutsuneak dauden lantoki guztietan: Kontraturik ez dagoen tokian, geldialdiak egongo dira.

 

 

 

Zerbitzu publikoen pribatizazioa salatu dugu Bermeon

Bizkaian jarraitzen du Ekimen Ibiltariak, "Lan duina, bizi duina" aldarriarekin bueltaka. Bermeora iritsi gara gaur, eta zerbitzu publikoen pribatizazioa salatu dugu; Osakidetzan ematen diren pribatizazioak, besteak beste. Era berean, udal zaharren egoitza hizpide izan dugu, pribatua eta publikoaren arteko gatazkaren adibide, eta arazo hori langileen lan baldintzen eta herritarrek jaso beharko luketen kalitatezko zerbitzuaren kalterako dela berretsi dugu.

Dinamika ibiltaria Bilbora iritsiko da bihar, eta larunbata arte geratuko da bertan. Hain zuzen ere, aldarrikapen eta jardueraz betetako egitarau zabal bat prestatu dugu hiribururako.

Biharko aurreikusitako jarduerei dagokienez, hiriko auzoen arteko ezberdintasunek langileon bizi eta lan baldintzetan duten eragin zuzena azaleratuko dugu. Hala, goizean zehar, auzoetan material banaketa eta furgonetarekin bira egingo dugu.

Arratsaldean, berriz, 17:00etatik 19:00ak bitartean, prekarietatearen aurkako gunea egokituko dugu Errekaldeko plazan. Karpan hainbat euskarri eskuratu ahala izango dira, eta hitzartzeak ere aurreikusi ditugu: LAB Pentsionistak arloko kide Karlos Ruizek hitza hartuko du, Oskar de los Bueisek Errekaldeko eskubide sozialen aldeko dinamika aurkeztuko du eta LAB Jangelak arloko Yolanda Formosok "Jantokitik jangelara" dinamikari buruzko azalpenak eskainiko ditu.

Era berean, protestarako tartea izango da. Osasun etxean elkarretaratze bat egingo dugu.
 

 

 

Garbiñe Aranburu: “Langileok zilegitasun eta eskubide osoa dugu sortzen dugun aberastasuna nola banatu erabakitzeko”

Euskal Herriko Eskubide Sozialaren Kartan gauden eragileok ekitaldi bat egin dugu gaur Gasteizen, Mendizorrotzan, “Aurrekontu burujabe, sozial eta parte hartzaileen alde!” leloarekin. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk hitza hartu du, besteren artean. Sindikatuko ordezkariaren hitzetan, Eusko jaurlaritzak 2018rako aurkeztutako aurrekontuak “ez dira burujabeak, ez dira sozialak eta ez dira parte hartzaileak”.

Aurrekontuak zein testuingurutan aurkeztu dituzten azaldu du lehenik Garbiñe Aranburuk. Inboluzio bikoitzaz hitz egin behar dela aipatu du: soziala eta politikoa. “Krisi ekonomikoa esparru sozialean inboluzioan sakontzeko aitzakia paregabea izan da. Erreformak eta murrizketak bata bestearen atzetik inposatu izan zaizkigu, konstituzioa bera erreformatu zuten zorraren ordainketa guztiaren gainetik jartzeko. Orain arduradun instituzionalek eta baita patronalak ere, mezu lasaigarriak bidali nahi dizkigute. Errekuperazioaz hitz egiten digute, hazkundea bereganatzen dutenek, xoxak poltsikoratzen dituztenek. Prekarietate eta pobreziaz hitz egiten jarraitzen dugu hemen gauden sindikatu eta mugimendu sozialok, baita herritarren gehiengoak ere”, adierazi du.

Testuinguru politikoari ere egin dio erreferentzia: “Inboluzio politikoaz hitz egin behar dugu. 155.en artikuluarekin urrats bat harago joan da Estatua, birzentralizazioaren aldeko apustu argia agerian geratuz. Estatuak herri katalana eta bertako instituzioen aurka errepresioa erabili du. 155. artikulua, Espainiako Estatuaren norabide autoritarioaren adierazlerik nagusiena izan da. Guztiak balio du, Espainiaren batasuna mantentzeko. Batasun hori guztiaren gainetik dago, baita horretarako eskubide zibil eta politiko oinarrizkoenak ere zapaldu behar badira”.

Demokrazian bizi garela eta bide baketsu eta demokratikoetatik proiektu politiko guztiak bideragarriak direla askotan entzun izan dugula ekarri du gogora, eta baieztapen hori Katalunian gezur biribila dela agerian geratu dela salatu du: “Espainiako Estatuak ez du erabakitzeko eskubidea ez onartzen, ez errespetatzen. Eta guk erabakitzeko eskubidea nahi eta behar dugu. Eraldaketa sozialik ez dago, bizitza erdigunean jarriko duen eredu ekonomiko eta sozialik ez dago, erabakitzeko eskubiderik gabe, burujabetzarik gabe”.

Ildo honetan, LABeko idazkari nagusiak jakinarazi du aurrekontu proiektuak ez dituela oinarrizko eskubideak bermatzen: “Osasuna, hezkuntza, babes soziala edota etxebizitza bermatzen ez dituzten aurrekontuak dira. Aberastasun banaketa orekatuagorik ekarriko ez duten aurrekontuak dira. Berriro ere, EAJren gobernuak aurrekontu neoliberalak nahi ditu. Elite ekonomikoen neurrira eginiko aurrekontu proiektua aurkeztu dute berriro ere”.

Diru bilketaren afera ez dela konpontzen azpimarratu du Garbiñe Aranburuk, eta ez dela behar dugun zerga erreformarik egiten aipatu du. Hain zuzen ere, zorraren ordainketak lehentasuna izaten jarraitzen du:

-Zor publikoa amortizatzeko erabiliko duten dirua kenduta, hazkundea %1ean, BPGren hazkunde aurrikuspena baino nahiko beherago, urri.

-Politika publikoetara bideratuko den dirua ez da nahikoa, zerbitzu publiko eta prestazio sozialetan izandako murrizketak mantentzen dira.

-Enplegu eta politika sozialetara doan dirua oso urria da. Aurrekontuen %0,7 bakarrik.

-Aurrekontu hauek genero ikuspegia ez dute kontuan hartzen, zaintza lanek aitortu gabe jarraitzen dute.

-Garapen ekonomikoari dagokionez, AHTak jarraitzen du apustu nagusiena izaten eta bertara bideratzen da diru gehien.

Gainera, aurtengoak ere ez dira aurrekontu parte hartzaileak: “Langileoi hitza eman ezkero, aurrekontu hauek ez ziren posible izango. Aberastasuna langileok sortzen dugu gure lan indarrarekin, eta gero eta zati handiagoa eramaten du kapitalak. Langileok zilegitasun eta eskubide osoa dugu sortzen dugun aberastasuna nola banatu erabakitzeko. Eztabaida eta erabakien parte izan nahi dugu”.

Akordioei dagokienez, EAJ PSE eta PPren babesa bilatzen ari dela kritikatu du LABeko idazkari nagusiak: “Testuinguru politikoa kontuan hartu gabe eta ohiko negoziaketa moduan planteatu nahi du aurrekontuen akordioa, baina badakite ez gaudela ohiko testuinguru batean. Guretzat ez da bateragarria, erabakitzeko eskubidea defendatzen duela esaten duen alderdi batek, erabakitzeko eskubidea, inboluzio demokratikoaren bidetik ukatzen duten alderdiekin akordioak egitea”.

Hau guztiagatik, aurrekontu hauek atzera bota behar direla adierazi du. “Jarraitu behar dugu, salatzen, mobilizatzen eta interpelatzen. Badago aberastasun nahiko eta beste aurrekontu batzuk posible direlako”.

Ekitaldia amaituta, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko, bertaratutakoek boto txartelekin bozkatzeko aukera izan dute, aurrekontu sozialak nahi dituztela adierazteko. Ondoren, manifestazio bat egin dugu eragileok, aurrekontu burujabe, sozial eta parte hartzaileak aldarrikatzeko.
 

 

 

Jaurlaritza eta Aldundiko ordezkari gorenak Sidenorrek Basaurin duen instalazio berrien inauguraziora joan izana salatzen dugu, prekarietatean oinarritutako eredua balioztatzeagatik

0
Honakoa galdetzen diegu Jaurlaritza eta Aldundiko arduradunei. Honetan datza zuen industria-politika, hauxe al da zuen ekonomia eredua? Hori al da gure herriko gehiengo sindikalak eta sozialak kontuan hartu barik, ezarri den ekonomia eredua, CONFEBASKek agindu duen eredu ekonomikoa, gero eta txiroago bihurtzen gaituena?

LABek salatzen du, Urkullu lehendakaria, Arantxa Tapia Ekonomia Garapen eta Azpiegituren Sailburua eta Unai Rementeria, Bizkaiko Ahaldun Nagusia bertan zirela, Sidenorrek Basaurin dituen instalazio berrien inaugurazioaren harira egin zen ekitaldian, erabateko prekarietatean oinarritutako eredua balioztatu dela.

• Basauriko Sidenorrek azpikontratatu dituen langileak 300 baino gehiago dira. Hauek gutxiago irabazten dute, baldintza okerragoak dituzte eta lan-egonkortasuna txikiagoa dute. Hots, Basauriko lantokiko beharginen %30a edo azpikontratatuak dira.

• Sidenorreko Zuzendaritzak behin-behinekotasuna darabil, metodo moduan, behin-behineko kontratuak dauzkaten langileen baldintzak malgutzeko eta kaskartzeko. Ohikotzat finkatu dira. Sidenorren egin ohi diren kontratuen %15a baino gehiago behin-behinekoak dira.

• Behin-behinekoak eta azpikontratatuak ez direnei, prekarietatea esparru-akordioetan ezartzen zaie prekarietatea, honela behin eta berriz okerrera egiten dute langileen baldintzek.

• Hau gutxi balitz ere, Sidenorrek sustatzen duen kontratazio-eredua ez da batere gardena eta “entxufismoa” bultzatzen du, hainbat sindikaturi lagunduz. Sindikatu horiek ezinbestekoak dira enpresan ezarri den lan eredua betikotzeko.

• Hortaz, gure ustez, Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiak, ordezkari gorenen partaidetzaz, balioztatu egoin dute enpresa eredu hau. CONFEBASKen eredua balioetsi dute. Industria-eredu horretan, patronalari uzten zaio gero eta gehiago irabaz dezan, beti ere gu guztiok, langileok, baldintza kaskarragoetan eta diru gutxiago irabaziz gaudenean, are gehiago lan egitearen lepotik.
 

 

 

Ez gara enpresa batzordean hartutako akordioaren parte, Gasteizko Udaltzaingoaren gatazkaren diagnosiarekin ados egon arren

Nabarmena da udaltzaingoaren plantila txikiegia dela. Bete gabe dauden lanpostuak, ordezkatzen ez diren bajak eta lan hitzarmenak araututako zenbait eskubide gozatzeko dituzten mugak, ukaezinak dira. Udaltzaingoaren plantilak dituen arazoak, berezitasunak berezitasun, orohar gainontzeko udal langileek dauzkaten arazo berberak dira: udal langileen behin-behinekotasun tasa %40a baino altuagoa da; 2006tik ez dugu lan hitzarmenik sinatu; bi urte daramatzagu udal gobernu honekin akordio bat lortu nahian… Baina Udal Gobernuak bere burua ezgauzatzat jotzen du honi irtenbidea emateko. Soilik Madrilgo Gobernuak baimentzen diena egin dezakete: estatuko aurrekontuek ezartzen duten soldata, eta larriagoa dena, plantila langile finkoekin betetzeko behar diren lanpostu guztiak deitzeko debekua.

Horren ondorioak dira bai Udaltzaingoan baita beraien aldarrikapenen aldeko mobilizazioak hastear dauden beste kolektibo batzuetan ere sortutako gatazkak. Bi urte luze daramatzagu lan hitzarmenaren alde borrokan eta konponbide orokorra bilatzeko gaitasun eza agerikoa da.

LABek sustatzen duen polizia ereduaren arabera udaltzaingoak udal plantilaren parte izan behar du, gainontzeko langileen eskubide berberekin, eta beraien iritziz egokiak diren neurri guztiak aurrera eramateko eskubidea izan behar dute. Baina gaur egungo egoeran, Estatuaren Segurtasun Indarren Legearen eta Euskal Poliziaren Legearen arabera, udaltzaingoak ez dauka grebarako eskubiderik. Honen ondorioz, aldarrikapenak lortzeko erabili ditzaketen borroka moldeak ez daude normalizatuta. LABek bultzatzen duen Udaltzaingo ereduan zerbitzu erabat zibila izan beharko luke honek, aipatutako Legeekin inongo loturarik gabe.

Honengatik guztiagatik, LABek adierazi nahi du zenbait aldarrikapenekin eta gainontzeko Langile Batzordekideek egindako diagnosiarekin ados egon arren, ez garela hartutako akordioaren parte. Presioa egiteko neurri irmoak hartzearen alde gaude, udal langilegoaren aldarrikapenekin eta herritarrekin bat eginda. Azken finean, neurri hauek Rajoy jaunaren baimenik gabe negoziazio mahaira udal plantila osa dadin ahalmena izateko beharra ekarri behar dute.

Zenbaitetan hartu behar izaten ditugun neurriek, greba kasu, herritarrengan eragozpenak sortzen dituztela jakitun gara. Baina uste dugu ez dela gauza bera gure lan-indarrari balioa emateagatik herritarrek nolabaiteko ondorioak pairatzea edo negoziazio mahaian akordioak lortzeko ezintasunagatik herritarrak jopuntuan jartzea.
 

 

 

Etorkin langileak eta arrantza, hizpide, Ondarroan

Ondarroara iritsi da gaur “Lan duina, bizi duina” Ekimen Ibiltaria, eta etorkin langileak eta arrantza izan ditugu aldarrikapengai. Hala, gure eskaintzaren berri eman eta elkarretaratze bat egin dugu herrian, kaian bertan.

Bermeon izango da bihar dinamika ibiltaria. Sanjuanportale inguruan egongo gara goizean eta Lameran, arratsaldean. Zerbitzu publikoen pribatizazioa salatuko dugu eta kontserba lantegiekin lotutako ekimenak egingo ditugu.

Asteazkenean, berriz, Bilbora iritsiko da karabana, lau egunez bertan egoteko. Hain justu, hainbat jarduera, aldarrikapen eta protesta egingo ditugu Bizkaiko hiriburuan, larunbata arte.
 

 

 

Eskola jangelen inguruan defendatzen dugun eredua azaldu dugu Zaragozan

LAB jangelak Espartidero eskola publikoan izan da, Zaragozan, Estatu mailan iaz sortutako Eskola publikoen jangeletako plataformak antolatutako Topaketan. Plataforma honen helburu nagusia: eskola jangeletako ereduaren aldaketa. Estatutik joandako hainbat kide elkartu eta elkartrukatu ditugu lurralde bakoitzean jangelen inguruko errealitatea zein den. Hemen dugun antzeko eredua dute, azpikontratak, elikadura multinazionaleen eskuetan, lan publikoa desagertzen doa eta eskoletan bertako sukaldeak ere desagertzen ari dira. Guztia catering bihurtzen ari da, diruz familientzat garestiago izanik. Familiek eredua aldatzearen beharra ikusten dute.

LAB Jangelak arlotik gure ereduaren azalpena eman dugu, hiru zutabetan oinarrituta dagoena, eta hiruak batera joan behar direnak: elikadura burujabetza, jangelen eredu aldaketa eta lan arloa.

Espartideroko eskolan autogestioari esker catering eskolatik kentzea lortu dute eta bertako sukaldea, bertako elikagai ekologikoak edukitzea. Sukaldea“in situ” jartzeko, familien kudeaketa eta finantziazioaz egin da.

Ondorio bezala esan dezakegu, Estatu mailan leku guztietan jangelen aldaketaren beharra dagoela.