2026-09-08
Blog Page 853

Elkarretaratzea Michelinen, azken kaleratzeen kontra

Gaur martxoaren 27an Michelineko langileek kontzentrazioa egin dute azken kaleratzeak salatzeko. Enpresak Langileen Estatutuko 52.d artikulua aplikatu du (kaleratze objektiboa lanera faltatzeagatik) kaleratze hauek egiteko eta honen aurrean, kontzentrazioa deitu du Enpresa-Batzordeak.

Pasa den astean, ezohiko bileran Michelingo enpresa-batzordeak 3 langileren kaleratzeak aztertu zituen, enpresak Langileen Estatutuko 52.d artikulua ezarri zuelako, ha da, gaixotzeagatik kaleratu zituen. Honen aurrean, batzordeak erabaki zuen enpresaren Zuzendaritzi idatzi bat bidaltzea berauek berronartzea eta aipatu artikulua ez ezartzea eskatuz, txanda-aldaketarekin batera kontzentrazio bat deitzeaz gain. Horrela, hamarnaka langilek egin dute bat deialdiarekin, protesta bilkuran parte hartuz.

LABen ustez oso larria da Michelinek hartu duen neurria, langileak kaleratu dituelako gaixorik egote hutsagatik. Michelingo langileek eta are gehiago azpikontratetakoek osasun arazo ugari izaten ari dira lantegiak (lan-istripuak, estrés termikoa,…) eta enpresaren zuzendaritzak, arazook konpondu beharrean, zigortu egiten ditu bajan egoteagatik.

Hori dela eta, LABek honelako neurrien aurka jarraituko du borrokan eta zentzu honetan, ekimenak planteatzen jarraituko dugu enpresa-batzordean eta baita langileei ere, gure osasun eta eskubideen defentsan.
 

 

 

Mugak Zabalduz Karabanarekin egin dugu bat

Pasa den larunbatean, martxoak 24, Mugak Zabalduz Karabana aurkeztu zen, Euskal Herria zeharkatuko duena apirilaren 28tik 30era. Hendaian hasi eta Bilboko Portuan amaituko da Karabana hau, eta ibilbidean zehar, besteak beste, pertsona migranteen zentroak, atzerritartasun legeak eragindako arrazismo instituzionala edota gerrari loturiko industria salatu nahi dira. LABek ere Euskal Herrian fokoa jartzen duen ekimen honetan parte hartuko du, izan ere, inoiz baino beharrezkoagoa da errefuxiatu eta migranteen eskubideen alde mobilizatzea.

Europar Batasunak aurrera daraman migrazio politikak eta politika ekonomikoek milioika pertsona pobreziara eta esplotaziora kondenatzen ditu. Horren efektuak ez dira soilik mediterraneoan edota Europako mugetan ematen; Euskal Herrian ere oinarrizko eskubideen urraketak konstante bat dira. “Eskubide guztiak pertsona guztientzat” leloa errealitate bihurtzeko oraindik ibilbide luzea geratzen zaigu eta zentzu horretan, errefuxiatuen eta migranteen aferari aurre egiteko, Karabana hau beste pausu bat izango da.

LABek langile klasearen alde borrokan jarraituko du, edozein delarik bere jatorria edo arraza. Migranteak eta errefuxiatuak lan esku merkea baino gehiago dira; Euskal Herria langileok osatzen dugun heinean, errefuxiatuak eta migranteak herri hau eraikitzeko ezinbesteko indarra dira.

Inor ez da ilegala! Eskubide guztiak pertsona guztientzat!

 

 

 

Erabakitzeko Euskal Esparrua defendatu eta garatu behar dugu

Kolektibitate esparruko patronal elkarte batek (FEARS) EAEn, gure lan hitzarmenak estatu mailatik jasaten dituzten erasoetatik babesteko, sortutako Akordio Interprofesionala inpugnatu du, baliogabetzeko helburuarekin, horrela estatuko lan hitzarmenak eta lan baldintza prekarioak gurean inposatzen jarraitu ahal izateko.

Inpugnazio honek Euskal Herriko langileen lan baldintzak okertzea bilatzen du, estatu mailako hitzarmenak aplikatzeko bidea garbituz, eta beraz patronalak inposatu eta erakundeek babesten duten lan eta bizi eredu prekarioa bide ematera dator.
Inpugnazio honek Akordio Interprofesionala zalantzan jarriko balu, ondorioak oso larriak izango lirateke. Lehenik eta behin, Lan Harremanetarako Euskal Esparrua ere zalantzan jarriko luke, hau da guk gurean gure egoera propioari aurre egiteko beharrezkoak diren tresnak izatea galaraziko luke. Bigarrenik, herri honetako langileon erabakitzeko eskubidea ukatuko luke. Hirugarrenik, estatalizazioa eta langileen prekarizazioari bide emango lioke. Eta azkenik, langileok, hauteskunde sindikalen bidez, emandako ordezkaritza sindikala baliogabetuko luke, estatuan eta estatu mailako ordezkaritzaren arabera erabakiko liratekeetelako berton aplikatuko liratekeen lan hitzarmenak.

Jaurlaritzak Akordio Interprofesionala defendatzea exijitzen dugu, langileok gure hitzarmenak eta lan baldintzak defendatzeko tresna den heinean, eta inpugnazioa ahalbidetzen duten lan erreformen atzean dauden PP eta PSOEtik aldentzea, horrelako jarrerekin euskal eremurako erasoak soilik daudelako.

Confebask ere interpelatu nahi dugu, Akordio Interprofesionalaren sinatzaile den heinean, bera defendatzeko. Horrekin batera bere jarrera bikoitza ere salatu nahi dugu, inpugnazioa aurkeztu duen FEARS patronala ere CEOEko bazkidea da Confebask moduan, eta ez beraz Confebaskek gure eremua jipoitzea ahalbidetzen duen estatu mailako patronal baten barruan dago.

CCOO eta UGTren jarrera ere salatu nahi dugu. Arin irten direla defendatzen dutela esaten, baina beraiek dira, beraien sinadurekin, ahalbidetzen dutenak estatu mailako hitzarmenak gure hitzarmenen kontrako erasoak egin ahal izatea. Gainera beraiek izan ziren Ostalaritzako akordio markoa (Akordio Interprofesionalaren helburu berdina zuen tresna, baina ostalaritzako sektoreari mugatua) inpugnatu zutenak, eta beraz euskal eremuaren kontra, gure erabakitzeko eskubidearen alde eta estatalizazioaren alde agertu zirenak.

Azkenik, LABetik, erabakitzeko eskubidearen alde gaudenok Lan Harremanak eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua defendatzera dei egiten ditugu. Horrekin batera, Akordio Interprofesionalaren sinatzaile guztiak, baita Eusko Jaurlaritza ere interpelatu nahi ditugu, estatuko eragileen injerentziarik gabe bertako eragileen artean adostutako akordioak defendatu ditzaten. Horretarako, eta injerentzia besterik ez dakarren estatuari menpekotasunari aurre egiteko, gai honetan ere eskuduntza eta gestio osoa behar dugu, autonomismotik burujabetzara pasatzeko urratsak ematea baita herri honek hurrengo hilabeteetan duen erronkarik handiena.
 

 

 

Hiru orduko lanuzteak egin dituzte Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek

Apirliaren 17an eta 25ean ere egingo dituzte lanuzteak.

Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek lanuzteekin jarraitzen dute. Mobilizazio bat egingo dute gaur Bilbon, enpresa batzuk interpelatzen; Aztertzen Servicios Asistenciales eta Servicios Sociales Integrados enpresak, hain zuzen ere. Zerbitzu publiko hauen kudeaketa eta enpresen jarrera mahai negoziatzailean salatu nahi izan dute horrela. Gogoratu dute langileek 6 urte daramatzatela eros ahalmena galtzen.
 

 

 

Euskaltelen 100 lanpostu arriskuan daudela salatu dugu

Langileek arriskuan dituzten euren lanpostuak Euskaltelek ez duelako subrogazioa baldintzen pleguetan jasotzen.

Euskaltelek lizitazio prozesu bat ireki du telemarketing enpresentzat. Esleipenak ezagutarazi dira eta enpresen arteko kromo trukearen ondoren, 100 lanpostu baldintzatuko dira, eta betetzen dituzten langileak kaleratuak izango dira.

Langileek arriskuan dituzten euren lanpostuak Euskaltelek ez duelako subrogazioa baldintzen pleguetan jasotzen. Horrela, langileek guztiz galtzen dute euren aintzinatasuna, enpresa berri batean zerotik hasi behar izaten baitute, hori kontratatzen dituztenean, gehienetan gertatzen ez den zerbait.

LABen arabera, beharrezkoa da benetako eta borondatezko subrogazioa izatea, euren baldintza prekarioak hobetzeko, baina Euskaltel eta bere azpikontratak (Indra, Lanalden, Xupera, Ibermática edo GSS) oso eroso daude egoera honetan.

Horrela, hain prekarioa den sektore honetan (soldata baxuak, lanaldi partzialak, lan erritmo biziak…) egonkortasuna eskatzeko, elkarretaratze bat egin dugu gaur, Zamudioko teknologia parkean, Euskaltelen egoitzaren aurrean.
 

 

 

Dei egiten dugu Bizkaiko metalgintzako mahaian erantzunkizunez jokatzera

0
Gaur egin da Bizkaiko Metalgintzako Hitzarmenaren mahai negoziatzailearen hirugarren bilera.

Bilera honetan, beste behin ere, argi utzi du patronalak zein den bere jarrera:

– Ez dio uko egiten lan erreformak ematen dizkion aukera eta tresnei metalgintzako langileen lan- baldintzak are prekarioagoak bihurtzeko.
– Uko egiten dio lanaldia murriztu eta malgutasuna mugatzeari.
– Uko egiten dio sektoreko langileek azken urteotan galdu dute eros-ahalmena erosteari, hau da,
planteatzen du ahaztu egin behar ditugula soldata-igoerak hitzarmenik eduki izan ez dugun
urteetarako.
– Uko egiten dio azpikontratetako langileen subrogazioa onartzeari. Gogora arazi nahi dugu
azpikontratazioa dela lan-baldintzen prekarizazioaren arrazoi nagusietakoa.
– Beste alde batetik, patronalak “gehiegikeriatzat” jotzen dituen langileen baja medikoak mugatu
nahi ditu, hau da, gaixotzeko eskubidea mugatu nahi du.
– Erraztasunak nahi ditu ere enpresetako ordezkaritza sindikala mugatu ahal izateko, hau da,
langileon antolaketa eta borrokarako gaitasunak mugatu nahi ditu.

Azken batean, jarduera industriala inoizkorik gehien handitzen ari den garaiotan (argitaratutako azken datuen arabera 2018ko urtarrilean aurreko urtean baino %17 gehiago fakturatu zuen indutriak) eta enpresen irabaziak gora egiten jarraitzen duten bitartean, patronalak inolako lotsarik gabe planteatzen du lan- baldintzek are prekarioagoak izan behar direla.

Aipatu nahi dugu CCOO eta UGTk , gaur egindako bileran, ez diotela uko egin berriro ere eragin mugatuko akordio bat sinatzeari. Sindikatu hauei adierazi nahi diegu ez dutela sektoreko langileen gehiengoa ordezkatzea eta sinatzen ari diren hitzarmenik urruti daudela langileen lan-baldintzak hobetzetik eta bizi- baldintza duinak bermatzeko, sindikatu hauek Bizkaiko Eraikuntzako Hitzarmena sinatu dutenean gertatu den bezala.

LABen azken bileran aurkeztu genuen plataforma defendatzen jarraitzen dugu, enpleguaren sorrera, prekarietatearen kontrako borroka eta sektorearen demokratizazioari begirako neurriak proposatzen dituena. Negoziazioa posible eta beharrezkoa dela uste dugu eta horregatik, dei egiten dugu negoziazio mahaian, diskurtso ideologikoetatik harago, erantzunkizunez jokatzera eta sektore langile guztientzat hitzarmen duina lortzeko benetan balioko duten neurriei ekitera. Bizkaiko metalgintzako hitzarmen duina posible da.
 

 

 

Elkarretaratze bat egin dute Garbialdiko langileek

0

Bilera egin dute enpresarekin, Lan Harremanen Kontseiluan. Aurretik, protesta egin dute.

Pasa den abenduaren 5an hasi zituzten asteroko mobilizazioak Garbialdi eta Foru Aldundiko garbitzaileen arteko hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko borondatearekin.

Hitzarmen hau 2012. urtean hasi zen negoziatzen eta ordutik hona, hainbat aldiz salatu duten langileek enpresaren inmobilismoa, bere interes falta eta, oro har, mahaian erakusten duen fede txarra. Enpresaren eskaintza honakoa da: egunean 0.14€-tako soldata igoera lanaldi osoa dutenentzat. Eta hori, partzialitateak gogor jotzen duen sektore honetan.

Langileek salatutakoaren arabera, "negoziazio honetan enpresak adarra jotzen digula sentitzen dugu. Etengabe saiatzen ari dira batzarrak atzeratzen, aitzakia zoroak argudiatuz. Ez dutenez negoziazioa seriotasunez hartzen, langileak mozorratuta agertu dira gaurko mahaira".
 

 

 

Antolatu eta borrokatzeko deia egin dugu indarkeria sexistaren aurrean

Azaroan, LAB sindikatuak elkarretaratzea egin zuen epaitegi aurrean, emakume langile batek, bere lanpostuan zegoen bitartean gizon batek egindako erasoa salatzeagatik egiten ari zen epaiketan gure babesa adierazteko. Jakin berri dugu, epaia atera dela eta eta erasotutako emakume langileari arrazoia aitortu diotela. Erasotzaileari isuna eta epaiketako kostak ordainarazi dizkiote.

Epaiaren arabera, argi geratzen dela emakume langilea erasotua izan zela eta gainera, erasotzaileak eramandako lekuko bakarrak gezurra esan zuela erasotzailea lagundu nahian.

LAB sindikatuak emakume langile honek egindako bidea goraipatu nahi du, eta egoera hauen aurka borrokatzearen eta salatzearen garrantzia azpimarratu. Badakigu bidea ez dela erraza. Askotan horrelako erasoak benetan gertatu direla frogatzeko traba handiak aurkitzen ditugu, egun oraindik ere legeek, lan munduak edo eta jendarteak indarkeria sexistarekiko duen konplizitatearen ondorioz.

Halere, oztopoak oztopo, emakumeak planto egiteko garaia heldu dela argi erakutsi dugu, besteak beste, pasa den martxoaren 8ko Greba Feministan. Ez gaude egoera hauek guztiak onartzeko prest eta gogoz borrokatuko dugu hauen kontra.

Bide honetan, lan munduan zein jendartean zapalkuntza heteropariarkala eta honek sortzen duen indarkeria sexistaren kontra gogor borrokatu nahi duen ororentzat, bidelagun izango da LAB sindikatua.

Azkenik, lan munduan eraso sexistak pairatzen ari diren milaka emakumeoi dei egin nahi diegu honen aurka antolatzeko eta borroka egiteko. Ez lan munduan ez inon, indarkeria matxistarik ez!

 

 

 

Hainbat sindikatuk Kataluniako salbuespen egoera salatu dugu

0
Elkartasuna helarazi diogu Kataluniari.

ELA, LAB, STEILAS, Confederación Intersindical Galega, Sindicat COS, Intersindical CSC, CSI Asturies, CUT Aragón, CUT Galiza, Intersindical Alternativa de Catalunya, Intersindical Canaria, Intersindical Valenciana, SAT Andalucía eta STEI Illes Balears sindikatuok sinatutako oharra:

Sindikatuok, Katalunia, País Valenciá, Galiza, Euskal Herria, Kanariar irlak, Andaluzia, Asturias, Illes Balears eta Espainiako estatuko langileriaren ordezkari moduan eta berriro Kataluniako gertakarien aurrean, honakoa adierazi nahi dugu.

Gaur egun Katalunian bizitzen ari den egoera benetako salbuespenezkoa da politikoki, estatuaren jarduera antidemokratikoengatik, guztiok ezagutu arren egoerari larritasuna kentzen ez dioten iragandako garaiak oroitarazten dizkigutenak.

Pasa den ostiralean, Llarena epaileak Kataluniako gobernuko eta erakunde  soberanistetako 12 kide kartzelara bidali zituen, eta Marta Rovirak erbesterako bidea hartu behar izan zuen kartzelara sar ez zezaten. Eta hau gutxi balitz, atzo martxoaren 25ean, Alemaniako poliziak Puigdemont Presidenta atxilotu zuen, Espainiako estatutik bideratutako nazioarteko atxilotze aginduaren ondoren.

Idatzi hau sinatzen dugunon iritziz aipatu gertakariak oso larriak dira eta denbora gehiegi da Espainiako estatuaren makinaria errepresiboa urrunegi joan zela.

Kataluniako herriaren aldarrikapen zilegia aterabide adostu eta elkarrizketatu bat adosteko Kataluniako instituzioekin eztabaida abiatzeari emandako ezezkoari alternatiba, Konstituzioaren 155. artikulua ezartzea izan da eta errepresioa, urriaren 1eko erreferendumean izandako 1.000 zauritu baino gehiagorekin, ANC eta Omnium-eko presidenteak edo Kataluniako Governeko kideak kartzelaratzea, beste batzuk erbestera joa dute bitartean, azken atxilotua Kataluniako herriak aukeratu duen azken presidente zilegia izatearen larritasunarekin. Azken honi gainera, ukatu egin zaio berriro President izateko aukera, parlamentuaren gehiengoaren borondatea bera aukeratzea zenean. Gertatutakoa gaitzetsi egiten dugu eta geu ere mehatxatuak sentitzen gara, Espainiako estatuak errepresioa bere forma anitzetan erabiltzen duelako: enbargoak, prozesuak, kartzela edo erbestea; Kataluniako herriaren borondate politikoaren adierazpenaren erantzun bezala, hautesontzietan erakutsia, Autodeterminaziorako Erreferendum baten alde, eta edozein kasutan, marko autonomikoa gainditzearen alde.

Uste dugu Kataluniako buruzagiak jazartzen ari direla euren ideiak askatasunez eta demokratiko osatutako instituzio politikoen egoitzetan adieraztegatik, legalitatearen eta herri katalanak eman dien eman dien zilegitasunari jarraiki, inongo momentutan sedizio edo errebeldia deliturik egin gabe. Salatzen dugun indarkeria bakarra Espainiako estatuak aurrera daramana da, polizial eta judiziala, ezegokia gutxiengo demokratiko batzuk dituen estatu baten.

Errepresioarekin hasi zen, urriaren 1eko erreferendumeko 1.000 zauritu baino gehiagorekin, ANC eta Omniun-eko presidenteen eta Kataluniako Governeko kideen kartzelaratzeekin jarraitu zuen, besteek erbesterako bidea hartu behar zuten bitartean, etengabeko inputazioak eta Anna Gabriel CUPeko militantearen erbestea… eta azkenik, azken 13 atxiloketak eta Marta Roviraren erbesteratzea, indarrez kargugabetua izan zena eta ondoren Espainiako estatuak berriro President izatea eragotzi ziona, Kataluniako herriaren gehiengoaren borondatearekin osatutako parlamentuaren borondatea President aukeratzea zenean.

Guzti honek argi erakusten du Espainiako gobernuak ez duela borondaterik eztabaida eta adostasunerako konponbide bat aurkitzeko, instituzio katalanek adierazitako aldarrikapenak erantzungo dituena. Esaten ziguten ideia eta proiektu politiko guztiak zirela defendagarriak bide baketsu eta demokratikoetatik, baina Kataluniako Prozesuak zerbait agerian uztena badu, guzti hori egia ez zela da.

Horregatik, kartzeleratutako kide guztien askatasuna eskatzen dugu, erbesteratuen itzulera, 155. artikulua indargabezua eta instituzio katalanak lehengoratzea. Eta Kataluniako herriak urriaren 1eko erreferendumean eta abenduaren 21eko hauteskundeetan egikaritutako herri-borondatea errespetatzea.

Amaitzeko, gure elkartasun guztia eskaintzen diegu errepresaliatu guztiek eta Kataluniako herri osoari momentu latz hauetan, eta dei egiten dugu errepresioaren gogortze hau errefusatzeko, eta herri katalana eta bere ordezkari zilegien defentsan deitutako mobilizazio guztietan parte hartzera. Kataluniako herriaren ondoan gaude guztiok.