2026-04-10
Blog Page 853

Kalera irten dira berriro Alfako langileak

0

Hurrengo egunetan administradore konkurtsalek garatzen ari diren likidazio plana langileen eskuetan izango da. Hori gertatu ostean, enpresa komiteak planaren azterketa bat egin eta balorazio bat helaraziko du. Bitartean, mobilizazioekin jarraitzen dute; gaur, Eibarko Urkizun, egindako elkarretaratzea adibide. Beste protesta hauek dituzte aurreikusita egunotarako: urtarrilak 19, 13:00etan, elkarretaratzea Donostian, Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean; eta urtarrilak 22, 20:00etan, elkarretaratze bat Eibarko Ipurua futbol zelaiaren kanpoaldean.

Hauxe da Alfako enpresa batzordeak kaleratutako oharra:

2017ko abenduaren 27an epaileak Alfa Precision Castingen (APC) likidazioa onartu ondoren, Greba Batzordeak bilerak izan ditu Eusko Jaurlaritzarko Industria Sailarekin eta administradore konkurtsalarekin.

Eusko Jaurlaritzarekin izan genuen bilerari dagokionez, Industria saileko zuzendariak argi utzi zuen inbertsore batzuk benetako interesa erreala dagoela APCren inguruan. Gure aldetik, aurreko eskaerak berretsi genituen, lanpostuen eta etorkizuneko proiektu industrial baten aldeko apustua egin dezaten.

Azken hilabeteotan EAEko hainbat enpresa likidazio prozesu batera iritsi dira, ehundaka lanpostu suntsituz. Eusko Jaurlaritzak eta Instituzio Publikoek paper aktiboagoa izan behar dute hemengo industriaren defentsan. Horregatik eskatzen diogu bitartekaritza lan serio eta garden bat egitea enpresa honen etorkizuna bermatzeko.

Administradore konkurtsalari dagokionez, gure eskaerak mantentzen ditugu:

• Enpresa lote bakar batean saltzea.
• Lan postuen subrogazioa.
• Kaleratze traumatikorik ez egotea.
• Jarraitu nahi ez duten langileen indemnizazioa hobetzea.
• Prozesu guzti hau irizpide garden eta objetiboak jarraituz egitea.

Gogorarazten dugu egoera honen errudun bakarrak hiru pertsona direla: Jon Ander Buenetxea, Iñaki Uzkudun eta Jorge Agirrebeña. Hartzekodunen hitzarmen bat indarrean zegoen bitartean, zorrak ordaindu beharrean, 2.289.092 euro banatu zituzten hiruren artean. Diru hau Industrias GOLen salmentaren ondorioz “prima” moduan banatu zuten. Gainontzeko diruarekin ez dakigu zer egin zuten, baina SPRIk argitaratutako informazioaren arabera, 22 miloi eurotan saldu zen Industrias GOL.

Abenduaren 11tik langileak greba mugagabean aurkitzen dira, jarraipena oso ona izaten ari da eta langileek borrokan jarraitzeko asmoa daukate.
 

 

 

Mobilizaziora deitzen dugu Bilboko portuko istripuan hildako langilearen heriotzaren aurrean

LABek babesa ematen dio Noatumeko langileek eta zamaketariek deitutako mobilizazioari eta bertan parte hartzeko deia egiten du. Bihar osteguna izango da, urtarrilaren 18an, 13:45etik 14:00etara Noatum enpresako aparkalekuan, portu barruan.

Gaur goizeko 9ak inguruan langile bat hil da lan-istripuz Bilboko portuan. LABetik gure babes eta elkartasunik zintzoena erakutsi nahi diegu bere senideei, auzokideei eta hildakoaren gertukoei, eta baita ere langileei orokorrean.

2018a hasi zenetik 3 dira gutxienez euren lanpostuetan edo hauen ondorioz hildako langileak, 1 Bizkaian eta 2 Gipuzkoan.
Hildakoa Erandion kokatutako GERPE S.A.ko enpresako langilea zen eta garabien mantenu lanak egiten ari zen portuan, azpikontratatuta, NOATUM enpresarentzat.

Beste behin, azpikontrata bateko langile baten heriotzaren aurrean gaude. Langile hauek lan-baldintza prekarioagoetan egiten dute lan eta ondorioz, zaurgarritasun handiagoarekin eta euren oinarrizko eskubideak galduta.

Kaitik gertu zegoen garabi baten mantenu lanak egiten ari zirenean, langilea fenwick batean zegoen, garabiaren kableak eusten zituena. Ezagutzen ez diren arrazoiak medio, makina itsasora erori da langilea barruan zegoela eta hau hil egin da.

Langile honekin 3 dira honezkero 2015etik hona Santurtzin kokatuta dagoen Bilboko Portuaren instalazioetan hildako langileak. Honek argi uzten ditu zeintzuk diren langileak babesteko portuan hartzen diren segurtasun neurriak.

LABetik arreta jarri nahi dugu lan-istripuen atzean dagoen lan arriskuen prebentzio falta, are larriagoa istripuz 3 langile hil diren instalazio batzuetan. Bilboko Portuko agintaritza da portuko segurtasunaren azken erantzulea eta Asier Atutxa da bertako presidentea, Eusko Alderdi Jeltzaleko kargu politikoa.
 

 

 

#ArgentinaNoCaminaSola #ArgentinaEzDagoBakarrik

0

Irlandako No time for love abesti ezagunak erraten zuen bezala ez dira garai gozoak pairatzen ari Argentinan momentu honetan. Macri eskuindarra gobernura iritsi zenetik, herrialdea gatazka etengabe batean murgilduta dago, eta politika neoliberalen inposaketa, errepresioa eta eskubide sozial eta laboralen urraketak eguneroko ogia dira.


Argentinak gure elkartasuna behar du eta ezin dugu bakarrik utzi. Historikoki kanpotik bertara joandako guztiei elkartasun osoz bere ateak ireki zizkion herrialde honek elkartasun hori bueltan jasotzeko beharra dauka eta horregatik ezin gara besoak gurutzatuta gelditu gertatzen ari den guztia ikusita. 

Bertatik jasotzen ditugun berri eta argazkiak ikaragarriak dira. Ez dago asterik Macriren gobernuak herri sektore eta langile klasearen eskubide sozial eta laboralen kontrako neurririk hartzen ez duenik eta hori gutti ez balitz diktadura garaiko genozidei baimenak ematen dizkie kartzelatik atera daitezen. Macrik parlamentuan jasotzen dituen babesekin lortzen duen gehiengoa erabiltzen du neurri guzti hauek aintzinera ateratzeko, baino ez du inolako zalantzarik egiten neurri guzti hauek onartuak direla bermatzeko Argentinako herriaren kontrako errepresio gordinena erabili behar badu.

Solasten ari garen guzti honen adibideak gehiegi dira hain denbora guttirako. Alde batetik Patagonian Maputxe herriaren eta orokorrean jatorrizko herrien existentziarako eskubidearen kontrako errepresioa dago. Azken hilabeteetan errepresio honen ondorioz Santiago Maldonado eta Rafael Nahuel erailak izan dira. Bertze alde batetik Macriren gobernuak martxan jarritako erreforma ekonomiko eta sozial guztiak daude MMEren gailurrean manifestarien kontrako errepresio bortitzarekin batera, sektore publikoaren pribatizazioa, Etchekolatz bezalako genozidei emandako baimenak, sindikalisten atxiloketak eta auziperatzeak eta abar luze bat solasten ari garenaren adibide dira. Neoliberalismo basatienaren errezeta zaharrak dira. 

Horregatik guztiagatik Argentinako herriari eta langile klaseari gure elkartasuna luzatzen diogu, eta herrialde horretan gertatzen ari denaren kontrako salaketa oihua egiten dugu. Argentinan gertatzen ari dena txoko guztietan entzun dadila eta borrokan dagoen Argentinako herriak bakarrik ez dagoela ikus dezan nahi dugu. Egia da ez dela maitasunerako garaia Argentinan, baino egia da aldi berean borrokarekin errealitateak aldatu daitezkeela. Hasi gaitezen bada Kataluniako L’Estaca abestiak erraten zuen bezala indarrez tiraka denon artean bota dezagun.
 

 

 

Bizkaiko bulego eta langeletako langileek manifestaziora deitu dute biharko

Bihar, urtarrilak 18, 19:00etan, manifestazio bat egingo dute Bizkaiko bulego eta langeletako langileek, Plaza Zirkularretik abiatuta. Otsailaren 1ean, berriz, greba eguna egingo dute. "Mobilizazio hauek ez dira egitarau baten amaiera, hasiera baino ez da. Greba deialdi honetatik aurrera, mobilizazio dinamika areagotuz joango gara, gure helburua lortzeko: herrialdeko hitzarmen duin bat", jakinarazi dute.

Badira jada sei urte hitzarmenik gabe daudela Bizkaiko bulego eta langiletako langileak. "Argi izan behar dugu, historiak ere horrela erakutsi digulako, soilik borrokatzen lortuko dugula gure helburua den Bizkaiko bulego eta langeletako hitzarmen duin bat sinatzea. Asko gara, 22.000 inguru zehazki, helburu honetan bat egiten dugunok. Beraz, joan gaitezen elkarlanean aurrera, kalera, herrira auzora, lantegietara eta ozen adierazi dezagun ez gaudela prest hitzarmenik gabe denbora gehiago egoteko. Gure indarrean sinetsi eta egoera iraultzeko unea iritsi zaigu", adierazi dute langileen ordezkariek.
 

 

 

Bilbon ere aurkeztu dugu Lorea, Osakidetza eta Osasunbideko asistentzia taldeen ratioak antolatzeko lege proposamena

0

Lorea egitasmoa aurkeztu dugu gaur Bilbon, atzo Iruñean egin bezala. Hain zuzen ere, egitasmo horrek proposatzen du lege bidez ezartzea Hego Euskal Herriko osasun zerbitzuen (Osasunbidea eta Osakidetza) asistentzia taldeen ratio argi batzuk, pribatizazioei eta prekarizazioari ateak ixte aldera. Lorea edo gisako legeren bat onartzea aitzindaria litzateke Europan.

Gaizki arauturiko ratio batzuek ateak irekitzen dizkiete zerbitzu publikoen pribatizazioei eta prekarizazioari. LABen ustez, ratioen gaiak oinarrizko garrantzia du, ratio egokiak arautzeak ekarriko baitu erabiltzaileek merezi duten zerbitzua jasotzea eta langileak arreta hori aurrera ateratzeko moduan egotea.

Lege bidez ratio horiek ezartzeak ahalbidetuko du enplegu duin eta egonkorra izatea eta osasunak jasaten dituen pribatizazio eraso etengabeen aurrean blindatzea.

Lorea proposamena aitzindaria litzateke Europan, osasun ratio asistentzialak ezartzen dituzten hiru araudi legal baino ez baitaude mundu osoan; modu partzialen egiten dute gainera, kolektibo bakar bat kontuan hartuz. 

OADAT Osasun Arretarako Diziplina Anitzeko Taldeak antolakuntza berriaren zutabe izango dira. Hauek oinarrituko dira taldekako lanean eta lan taldean lorturiko helburu asistentzialetan. Hauen bidez, ratioak lan talde osoari egokituko zaizkie, ezein kategoria profesionalik salbuetsi gabe. Hartara, Loreak lan kargen banaketa zuzena ezarri nahi du; langileen egonkortasuna ziurtatu nahi du; behin-behinekotasuna eta prekarietatea bukatu nahi ditu; eta kalitatezko arreta bermatu nahi du, irizpide politikoak, garaian garaikoak edo antolakuntza irizpideak alde batera utzita.
 

 

 

Garbiñe Aranburu: “Eredu sindikal desberdinen gainetik, elkarlanean sakondu behar badugu, bakoitzak bere posizioak mugitu behar ditu”

0

LABeko idazkari nagusia Euskal Telebistako "Ahoz aho +" saioan izan da, Saioa Martija kazetariaren galderei erantzuten. Hainbat gai jorratu ditu elkarrizketan; Akordio Interprofesionala, EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko gatazka, aldaketa soziala eta politikoa, erabakitzeko eskubidea eta euskal presoen afera, kasu. ELArekin sakondu beharreko aliantzei buruz ere hitz egin du, eta nabarmendu du eztabaida batzuetan sakondu egin behar dela, elkarlanaren bidea eraginkorra izateko.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “langilego osoaren egoera hobetzea helburu izanik, iruditzen zaigu horrek eskatzen duela norbera bere zilborretik atera eta aliantzen aldeko apustua egitea. Zentzu honetan, guk apustu garbia egiten dugu ELArekin aliantza horretan sakontzeko, baina egia da, azken hilabete eta asteetan, kezkarako elementu batzuk ere ikusten ari garela”.

Hain zuzen ere, kezkarako elementuak elkarlana ulertzeko moduan sortu direla esan du LABeko idazkari nagusiak: “Eredu sindikal desberdinen gainetik, elkarlanean sakondu behar badugu, bakoitzak bere posizioak mugitu behar ditu”.

Garbiñe Aranbururen esanetan, “ELAren aldetik batzutan dugun sentsasioa da elkarlana ulertzeko modua beraien eredua inposatzea dela; beraiek patrimonializatu nahi dituzte greba eta mobilizazioak, eta guk hori ez dugu ontzat emango, ez da hori langileek behar dutena”.

Konfliktibitatean sakontzeko bideari buruz galdetuta, LABeko idazkari nagusiak azpimarratu du prekarietatea borrokatzea eta langileen lan baldintzak hobetzea dela erronka: “Borrokara jotzea ez da inoiz helburu bat, ondorio bat baizik; langileen lan baldintzak hobetzea da xedea”.

Aldaketa soziala eta politikoaren beharraz ere hitz egin du, baita erabakitzeko eskubideari buruz ere. “Guretzat kontraesan bat da erabakitzeko eskubidea defendatzen duela dioen alderdi batek akordioak egitea erabakitzeko eskubidea ukatzen duten horiekin”, adierazi du Garbiñe Aranburuk.
 

 

 

Osakidetzak “negoziaziorik gabeko” Mahai Sektoriala egin du

0

Gaur ikusi dugun negoziatzeko borondaterik eza ikusita, LABek egoera hau eta bere arduradunak publikoki salatzeko kanpaina abiatuko du hurrengo asteotan.

Uda baino lehen Osakidetzako zuzendaritzak egin zuen proposamena urtetan blokeaturik egon den negoziazioa martxan ipintzeko ameskeria hutsa izan da. Beste behin ere, gaur asteartean, negoziatzeko punturik aurreikusten ez zuen Mahai Sektorial batera deituak izan gara. Izan ere, gai-ordenak martxan dauden prozesuei edota inposaturiko erabakiei buruzko informazioak baino ez zituen jasotzen. Ondorioz, esan dezakegu Osakidetzak ez duela hitza betetzen eta negoziazio baztertzen duela.

LAB sindikatuak azken hilabeteotan behin eta berrio aldarrikatu du negoziatzeko egutegia martxan jartzeko. Egutegi honetan lehentasunez honako gaiak jaso beharko lirateke: langile kopurua eta enplegua sortzea; pribatizazioen errebertsioa; eta lan eskubideak berreskuratzea eta garatzea. Modu zehatzean, Osakidetzari exijitu diogu Lan Baldintzen Akordio berri baten negoziazioa (oraingoan 2009tik prorrogatua izan da) eta Funtzioen Dekretu baterako prozesua ere, kolektibo bakoitzaren funtzio zehatzak zeintzuk diren argi uzteko beti ere, lantaldeko eskemaren barruan. Halaber, Eusko Jaurlaritza eta Osakidetzari osasun sisteman ratioen Lege baterako prozesua abiatzeko gonbitea luzatu diegu. LAB honen inguruko egitasmoa landu du, LOREA izenekoa (Ley de Ordenación de Ratios de Equipos Asistenciales), egunotan publikoki aurkezten ari dena.

Beste aldetik, gaurko bileran inposaturiko gain-ordenako puntuz puntu egin dugun irakurketa honakoa da:

• 2014-15 EPEa: lotsarria da EPE prozesua burutzeko 4 edo 5 urte itxaron behar izatea. Gainera, ondoriorik ez dagoenez, plaza batzuk bete gabe geldituko dira etorkizunerako balizko EPE baten zain. Logikoena plaza guztiak esleitzea izango litzateke, hautagaiak soberan daudelako.

• Leku-aldaketak: izena emateko epea pasatu da, baina oraindik ez daukagu egutegi argirik. Txarrago ezin da egin.

• 2016-17 EPEa: esan behar dugu EPE inposatua eta gutxiengo sindikalarekin adostua izan dela. Ez da plaza nahikorik, ez dago hurrengo EPE baterako bermerik eta, honetan ere, ondoriorik gabe, plaza asko bete gabe geldituko dira. Guk 2011an plazaratu genuen EPEak egiteko eredu berria defendatzen jarraitzen dugu, eta oinarri bezala EPE batetik bestera gainditu dutenen nota mantentzea dago (behin-behinekoen EPEz EPE sufritu behar duten errusiar erruleta hori arindu nahian). Honi buruz Osakidetzak aurkeztu duen zirriborroak ez du jasotzen gure proposamenaren mamia.

• 68 urteko erretiroa: hau ez da pertsonal falta konpontzeko bidea. Neurri ez eraginkorra izateaz gain, denboran zein eskubide sozialetan atzerapauso izugarria dela iruditzen zaigu. Gazteen %16 langabezian egonda, gehienetan enplegu prekarioan eta emigratu behar duten milaka gazterekin, erretiroa atzeratzea lotsagabea da.

• Garapen Profesionalari buruzko sententziaren behin-behineko gauzatzea: LABen jarrera argia da kontu honetan. Garapen Profesional eredu hau inoiz ez dugu ontzat eman, baina Osakidetzak langileei aitortu behar die dagokien maila eta dagokien dirua eta eredu berri bat negoziatzeko bideari ekin.
 

 

 

Soldata eta lan baldintza duinak eskatu ditugu EHUko irakasle eta ikertzaileentzat

0

Soldata eta lan-baldintza duinak irakasle eta ikertzaile guztiontzat, horixe aldarrikatu dugu gaur LAB eta STEILAS sindikatutako ordezkariok Lakuako atarian, Euskadiko Unibertsitate Kontseiluaren eta Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluaren bilera aurretik.

“Jaurlaritza, UPV/EHU itotzen ari zara” eta “Irakasle eta ikertzaileen soldata eta lan baldintzekin iruzur eta diskriminazio gehiagorik ez!!” lelopean, gaurko elkarretaratzearekin salatu nahi izan dugu Jaurlaritzaren jarrera unibertsitate publikoko langileriarekin, eta zehazki, irakasle eta ikertzaileekin:

• EAEko aurrekontuetan, Jaurlaritzak ez ditu unibertsitate-plangintzan aurreikusitako inbertsioak egiteko diru-sarrerak bermatu.

• Abenduan, UPV/EHUren Gobernu Kontseiluaren eta Gizarte Kontseiluaren erabakien kontra eta Unibasq-en konplizitatearekin, 279 irakasleren C osagarriak ordaintzeko beharrezkoa zen ebazpena geldiarazi zuen, ordainketa urtebetez atzeratuz. Osagarri horiek antzinatasunarekin lotuta daude eta hainbat irakasleren soldata irakaskuntza ez unibertsitariokoekin parekatzeko eta duintzeko bide bakarra da, azken urteotako izozketaren ondorioz.

• Gogoratu, 2011, 2012, 2013 eta 2014 urteetan Jaurlaritzak ez zuela osagarrien deialdirik atera. Horrek eta soldata-murrizketek eragin handia izan zuten irakasle eta ikertzaileen soldatetan eta erosahalmenean, bereziki gazteen eta sartu berriengan. Ez da ahaztu behar Unibertsitatea dela, Euskal Hezkuntza sistema publikoaren baitan, irakasle berriei soldata maila baxuena eskaintzen diena

• Behin-behineko irakasleek aitortuta duten bosturtekoak ordain daitezen bidea emango lukeen 41/2008 dekretuaren aldaketa eta aurrekontu-partida ez ditu bideratu, hainbat epaik jarrera hau diskriminatzailea dela azaldu badute ere.

• Antzera, aipatu dekretua aldatu behar da behin-behineko irakasleei seiurtekoak ordaintzeko, sententzia batek berriki agindu duena bete ahal izateko.

 

 

 

Ratioen antolamendurako lege proposamen bat osatu dugu osasungintzarako

0

LAB sindikatuak Lorea izeneko egitasmoa aurkeztu du gaur Iruñean, eta, bihar, Bilbon egingo dugu agerraldia, Osasunbidean ez ezik, Osakidetzan ere heldu beharreko eztabaida bat izanik. Hain zuzen ere, egitasmo honek proposatzen du lege bat egitea osasun langileen ratio asistentzialak ordenatzeko. Zentzu honetan, Lorea eztabaidarako proposamen bat da. Enplegu duina eta asistentzia kalitatea bermatuko dituzten osasun asistentzia taldeetarako langile ratioak ezarriko dituen Lege aitzindaria da.

LAB sindikatutik eztabaida bat ireki nahi dugu jendartean, behar dugun osasun ereduaren inguruan. Horretarako, proposamen ireki bat egiten dugu egungo eredua berriz pentsatzeko eta erronka batzuk markatzeko, etorkizunean asistentziaren eta lanaren kalitatea ziurtatuko dituztenak.

Gure proposamenak ratio lege bat planteatzen du, argi eta garbi ezarriko duena artatu behar den populazioarekiko profesional kopurua (osasun arlokoak eta bertze arlo batzuetakoak). Pazientearen zaintzak gure osasunaren ardatz egituratzailea izan behar duen gisa berean, osasunak zerbitzu publikoen kalitatea ziurtatu behar baitu. Hala, ratio lege bat ezartzeak enplegu duin eta egonkorra ziurtatzea ahalbidetuko du eta pribatizazioen mehatxuen aitzinean blindatuko du gure osasuna.

Hain zuzen ere, Loreak, Asistentzia-taldeen Ratioen Antolamendurako Lege proposamenak, honako elementu hauek jasotzen ditu:

-Lan kargen bidezko banaketa zehazten du.
-Langileen egonkortasuna bermatzen du.
-Behin-behinekotasunarekin eta kontratu prekarioekin bukatzen du.
-Politika, antolakuntza edo sasoiko irizpideen menpe ez dagoen arreta ziurtatzen du.

Lorea LAB sindikatuaren proposamen bat da, gizarteari egina. Egungo osasun eredua eraldatu nahi baitugu, profesionalen lan baldintzetan eta pazienteen zaintzan ekitatea sustatuz. Egungo osasun sistemaren hondatzea bukatu behar dugu, prekarietatea bukatu behar dugu, murrizketen politikak bukatu behar ditugu.